kontaktua

Pastoreak bidekurutzeetan batzea - Berriz
01:21 min - Data: 2016/07/06

Lehen pastoreak bidekurutzetan juntetan ziran etxera orduan; bedarrik be ez zan ernetzen. Lau edo bost juntetan ziran; mendira joaten ziran guztiak: kontuak kontau eta tertulia itzela egiten eben. Horren kontura makina bat bronka entzun ebazan. Aita etxean itxaroten egoten zan gaztaia egiteko eta gauean hamaika eta erdietan etxera esneak hotzituta. Urrinago joaten ziranean gauekoa eta goizekoa biaje baten ekarten eben, goizean. Baina gauetan etorten ziranean, mutilzahar bi juntetan ziran, sekula prisa bakoak, eta halako baten etxera. Gero, ordu batak edo dana dalakoa gaztaiak egin orduko, beharrak egin egin behar ziran-eta. Biharamonean atzera lehengo lekura ardi-batzen.

Elbira Zipitria - Bilbao
01:15 min - Data: 2016/07/06

Elbiraren ikastolea txiki-txikitxua eta iluna zan. Bigarren pisua zan. Fermin Calbeton kalean egoan; kale estua zan. Iluna izan arren, argitasuna berak eukan, andereñoak berak. Elbira Orion jaio zan. Euskaldun itzela zan, eta persona bezala, beharbada, apurtxu bat gogorra hartu-emonetan; baina umeakaz, haurrakaz, guztiz aldatzen zan. Argitasuna eukan arpegian, eta umeak adi-adi egoten jakozan begira-begira. Gauza garrantzitsua da harek Bizkaia miresten ebala; eta idatzita itxi ebalako dago Bermeon, Mañun, hilobiratuta.

Goizalde baten auzokoak bila etorri jakozan, andra bat partoan egoala eta txarto egoala abisetan. Joan zanean, umea topau eban amaren ganean, kordoia saman buelta bi emonda egoala. Umea itoten egoala konturatu zan, ja baltzituta egoan. Ebagi eutsan kordoia baina amarretako kordelik topau ezinda ibili ziran. Artaziak eta kordela eskatu ebazan zila amarretako. Gero mutil ederra izan zan.

Txopoa sanpedroetan - Berriz
00:37 min - Data: 2016/06/29

San Pedro bezperan txopoa altzetan eben. Urtetik urtera gorde egiten dabe. Lehenago urtero ipinten eben barria. Puntan lorak eta adornoak ipinten deutsiez eta bezperan egiten dabe dantzariek entsaioa, kaleko jantzita baina txilinekin. Bezperan txopoa altzau eta dantzea, besterik ez da egiten.

Gurdiaren kantua - Mendexa
01:03 min - Data: 2016/06/22

Antxina soinu joten eben gurdiek. Ardatzean egurrezko astoak eukiten ebazan. Ardatzak bueltea hartzen daben lekua. Arotz zahar bat ekarri eben Berriatuatik, harek eukian zelan ipini soinua gurdiari, ardatzak bueltea egiten ebanean. Gero burdinazko astoak ipinten ebezan eta hareek ez eben zaratarik egiten. Zeozer sartzen eben tartean, txanponen bat-edo, ardatzeak bueltea egikeran soinua jo eragiteko.

Sanjuanetako ohiturak - Urduliz
01:29 min - Data: 2016/06/22

Sanjuanadea egiten eben. Kantau be egiten eben: "San Juan bagileko artoak eta gariak askan gordetako, zapoak eta sugeak surtan erretako. San Juan bagileko". Iturrira teilan brasa-hautsa eroaten eben urte guztian urak aguantau dagian. Soloetara be, parajeko soloetara be teilan hautsa eroaten zan han be kosetxa onak koiuteko. Bertan ixten zan teilatxua, hautsa bota barik. Leizarra be ipinten zan etxeko atean. Leizarraren errama handi bat ipinten zan eta han amarrauta ipinten ziran berakatzak, kinpulak, arto-landaratxuak eta landaratxu guztiak ondo amarrauta eta loratxuakaz adornauta. Gero orkilla bategaz ipinten zan atean. Han sartu leizarra eta han egoten zan harik eta sikatu arte. Sikatzen zanean surtan erretan zan. Iturrietan-eta be leizarra ipinten zan.

Etxeen izenak - Zornotza- Oromiño
00:49min - Data: 2016/06/15

Etxeei Goitiak esan izan deutsee beti. Eskrituretan Zugazagoitiabekoa, Goikoa eta eurena accesoria a Zugazabeitiabekoa edo a la principal. Printzipala ha beheko etxea da. Eurenari Goitia esaten deutsie eta han beheko etxe bakarrari Behetia. Besteak, handik aldean Zugatza eta han goian dagozan etxe biak Zugatzagoitiak. Eskrituretan igual beste izen bat agertuko da baina euren ohiturako izenak horreek izan dira. Goitikoak, Behetikoak, Zugatzak eta Zugatzagoitiak.

Burtzoia - Berriz
01:37 min - Data: 2016/06/15

Umetan praka laburrakin ibilten ziran, eta hamalau-hamabost urtegaz (mutilak pixka bat eginda-edo), eskolea ixterakoan ipinten ziran luzeak. Praka luzeakin ibilteko deseetan egoten ziran, eurakin edozein lekutara joateko. Artean belaunak beti urratuta, apurtuta, eukiten ebezan, etxean egineko burtzoiakin ibilten ziran-eta. Burtzoia goitibehereari esaten eutsien. Eskolara ekarten ebezan eta gero hareek, atzera, gora eroan behar. Etxean egiten ebezan oholak eta untzeak sobran eukiten ebezan-eta. Hankak urratuta eta eperdiak apurtuta; prakak zulatuta eta eperdia bistan.

Txilibituak egitea - Atxondo
00:54 min - Data: 2016/06/08

Leizar erramakin egiten ebezan txilibituak. Zulo batekoak izaten ziran. Oso erraza da egitea. Orain udabarrian urak igon egiten deutso leizarrari, eta kutxilo kirtenaz jo-jo egin azala, apurtu barik, eta azala osorik ateraten da. Buelta erdia emonda askatu egiten da. Gero egiten jako ahoa eta arnasa-bidea. Hori egin eta ostean, txistuaz busti, azala barriro sartu eta bere lekuan jartzen jako. Zuloa eta arnasa-bidea daukanez txistua egiten dau.

Berdela harrapatzea - Bermeo
01:43 min - Data: 2016/06/08

Berdela asko atrapetan zan baina orduan ez eban ezer balio. Gehiena Alfara joaten zan. Gaur egiten da baina orduan ez zan berdela aprezietan. Berdela amuagaz, ezer ipini barik atrapetan da. Berdela arrain tontoena da. Sei amu bota itsasora eta sei berdel gora. Atxina eskuz eta orain aparejuagaz. Orain arraina gora datorrenean despesketako traste bat daukie, arraina kubiertara jausi daiten. Tope bat iminita dago orain, ze berdela asko atrapetan da, toneladak atrapetan dira. Eta behar dan moduan saltzen ez dan lez, personako eta eguneko bost mila kilo da topea. Barkuan bost persona badagoz, hogeta bost mila kilo. Ordu bi edo hiruan egiten da topea eta gero etxera datoz bueltan topera beteta. Kupoa betetan danean gobernuak ez deutse ixten urteten gehiago.

Arreoa - Sopelana
00:46 min - Data: 2016/06/01

Arreoa egiteko, izarak kasurako, Bilbora joan dendara eta diruaren arabera metroka erosten ziran. Perkala, beheko izaretarako gogorragoak, ordinariotxuagoak, eta ganerako finagoak. Horreek bordetako izaten ziran. Orduan metro bi eta erdiko luzerakoak, ze orduan koltxoia lanazkoa zan eta ez zan oingo lez afo lotzen. Koltxoiak ganera, sasoi honetan paluagaz jo behar izaten ziran.

Txakolina - Zamudio
01:51 min - Data: 2016/06/01

Mahatsa lehenengo batu eta gero zapaldu egiten eben. Kutxilloagaz edo artaziakaz ebagi eta batzen zan. Oiloen lekuan daukien zementuzko aska baten zapaltzen zan garaua, atxina abarkakaz eta gerora katiuskakaz. Zapaldu ostean eskuko prensara pasetan zan eta txakolina egiten zan; eta gero, egurrezko barriketara bota. Urte ingurua egiten eban barrikan. Urte horretan, hile bi garrenean-edo, trasbasau egiten zan beste barrika batera. Barrikeari azpian saskileria egiten jakon, ha kendu, barrikea garbitu eta atzera botaten zan hara. Barrikan beste hamabost egun edo hilebete euki zarratuta eta gero enbotilleu egiten zan. Botilak tabernatik ekarri, garbitu eta urte batetik bestera gorde egiten ziran. Trasbasea egiten zanean, beste barrika baten gordeten zan txakolina.

Itsasoak konpondu - Busturia
00:58 min - Data: 2016/05/25

Hemen itsasoa bertora arte egon da beti, eta hori aberatsa izan da. Beheko jenteak itsasoetan artoak-eta hartzen ebezan antxina. Lehenago munak egiten ebezan hor, egiten eben euren terrenoa zarratu. Danak batu eta danen artean egiten eben, zohiak atera, eta zohiakaz munak egin. Baina itsaso handia etorrenean apurtu egiten eban. Apurtzen zana konpondu behar eben, eta horretarako danak alkartzen ziran haxe beharra egiteko.

EHgaz harremana - Gernika
00:47 min - Data: 2016/05/25

EHgazko hartu-emona karten bidez egiten zan. Telefonoa orduko denporatan karua zan. Orduan gehien-gehien kartak, sarri-sarri. Hondino amamak bizi ziran, aitari be sarri dirua botaten jakon... Urteetan ez ziran hona etorri. Ama gaixotu egin zan, aita be gitxi ikusten eben, beharren ibilten zalako... Han ez egoan Gizarte Segurantzarik, gaur egunean hobeto dago kontu hori.

Bolatoki tradizionalak hiru txirlo eukazan aurrean eta atzean ohola. Kanalekoan bide estua dago txirloetaraino zuzenean, eta bolea oholaren gainetik jausi ezkero, ez eban balio. Tradizionala zabala da, eta txirloak atzean dagoz ezkutauta; bolea bueltan sartu behar da txirloetara. Beti egon izan da boloetarako tradizinoa. Jai-toki guztietan egoan bolatokia: Elizondon, Urdaiagan, Zengotitan, San Fauston… Jentea batzen zan lekuetan baegoan bolatokia.

Copyright 2010. Lege Oharra