kontaktua
2017.11.24

BER-, BIR- aurrizkiaren emoia (lehen idazketa)

Jarduera edo ekintza bat birritan egiten danean berregiten dala esan ginei. Horretarakoxe dogu ber-/bir- aurrizkia euskeraz. Zerbait bigarrenez, berriz edo barriz gertatzen danekoa adierazoteko, ekintza-adierazle dan hitzaren aurrean erantsirik.

Mitxelenak ituan aparau eban orain dala aspaldi, gure berdin hitzaren atzean –eta jardungai dogun ber-/bir- aurrizkiaren atzean azken baten–, ber hitza egokela, Ekialde bazterreko euskeran (zuberotarrez eta behenafarreraz) beregaina dan hitza. Batzuetan izen baten aurrean (ber gizona, ber gauza, ber lekuan, ber denboran), beste batzuetan aditz jokatu erlatibo baten ondoren, berariaz subjuntiboaren (etor dadin ber).

Ber hitzaren esangurea latineko ipse hitzaren berbera da, gazt. “mismo”, berariaz izenari aurretik dautsanean. Sintaxi aldetik gogoan hartzekoa da ber horren aurre kokatze hori: izen edo izen sintagma bati deragionean, ber gisan, ber denboran, ber bertsuak, ber bihotza erako sintagma egiturak eregiaz.

Sintaxiaren aurre-kokaera hori da, azken baten, ber-/bir- aurrizki bihurtzeko prozesuan eragile nagusi. Oinarrian hitz elkarketa prozesu soila izan da, aurre-lekuan dan hitz monosilaboa aurrizki bihurtzeko bidean.

Euskal izenordain eta erakusle bihurkariak bere, ber horren inguruan bilbatu ditu gure euskereak. Izenordain erakusle bihurkariak: bera, oinarrian ber ha, eta horren gradu hurbilak: berori eta berau, hori eta hau erakusleei aurretik ber datxekela. Eta ber horren errepikaz garatu izan diranak be bai: berbera, berberau, berberori. Mitxelenaren hitzetan “ipsissimus”, gazt. “mismísimo”.

Bere izenordain posesiboa bere genitibo era zahar bat baino ez da besterik: ber + -e.

Leku-denpora adberbio bihurkari diranak be bai: bertan neutroa eta berton hurbila, eta honen errepika-egitura diran berbertan eta berberton.

Bera, eta honen segidako diran berau eta berori, izenordain izatetik atze-determinatzaile izatera etorri dira, izenaren ondoko kokagunera, adjektibo kategoriaren leku berera: pertsona bera, etxe gorri berbera.

Eta leku-denpora kasuetan honakoak eregi dira: leku berean, urte berean, etxe berekoak, egun berekoak, herri beretik urten, auzo berera ezkondu. Baina berean, bereko, beretik, berera ereduko formen ondoan, sartaldeko euskera modernoan beste taiu honetakoak be garatu dira: beratan, beratako, beratatik, beratara. Izenaz lagunduta: zelai beratan jokatu, taberna beratara joan, fabrika beratatik urten, eskola beratako ikasleak.

Berdin adjektiboaren –bizkaieraz, bokala edegiaz bardin bihurtu dan horrren– oinarrian be egitura konposatu bat dago, ber + din (dadin) aditz aoristoa dogu, horretatik eratorria dala berdintsu (bardintsu) aproximatiboa. Ildo beretik eregi da bertsu adjektiboa (ia berbera, bardin antzekoa), guk sartaldean beretsua esango gendukena.

Ber-, eta bokalaren itxiduraz bir-, aurrizki bihurtu diran ezkero, prozesu edo kontzeptu bat berriz (edo birriz) edo birritan egitea; hau da, bikoiztea edo bigarrenez egitea. Esanguraz, aurrekoaren hurrekoa, baina ez berbera.

Erromantze-hizkuntzetan re- aurrizki reproduktiboaren ingurune semantikoa hartu dau euskeraz ber-/bir- horrek. Hitz kategoria diferenteakaz: izenak eta aditzak dira kategoria nagusiak, baina ez bakarrak.

Izen kategorian eragin berezia euki dau esparru semantiko batzuetan. Senidetasun eremuan, aitita-amamak edo aiton-amonak hartzen baditugu ointzat, horreen aurreko belaunekoak izentetako, hor garatu dira: birraitita eta birramama batetik, eta birraitona eta birramona bestetik. Halanda be, ume txiki batek bere birraitita edo birramamari nekez deituko deutso: Birraitita! Birramama!. Eurei berbaz zuzentzeko orduan, Aitita! edo Amama! Deituko deutse sarriago. Halan da Arratiako usuan, adibidez.

Aitobe eta amandre be erabili izan dira aitita-amamak izentetako Bizkaiko sartalde-euskeran. Gaur egun aitobea barik aitua entzuten da, egiten dan apurra. Eta amandrea, ugazabandra dan amama bategaitik esan izan da, eukiak edo propiedadeak dituan eta batez be familian aginpidea daukan amama bategaitik, estatusa. Eta horren gainean eregiak dira birraitoa eta birramandre, Azkuek Orozkon lekukotu izan dituanak, baina Nerbioi ibarrean zabalago dabilzanak (edo izan diranak), ziur asko. Añibarrok bere hiztegian beren-beregi aitatzen ditu hitzok, birraitita-birramama esangureaz, baina birraitobe klasikoa gizonarentzako.

Senidetasunaren beherengo mailan be, loba izenaren gainean eregia dan birloba be hor dogu eremu semantiko berean. Añibarroren esanean, “biznieto” esangureaz. Izan be, Añibarro arratiarrarentzat llobea deritxo, bai “sobrino”, bai “nieto” dalakoari, bizkaieraz orohar lobea eta gainerako hizkeretan iloba deritxonarentzat. Birrarreba jaso eban Azkuek Leintz-Gatzagan erdi-arrebea esateko.

Nekazaritza esparruan bere badira bir- aurrizkidun hitzak. Landara, labore eta ingurukoak dira ondokoak: birbedarra deritxo bigarrenez ebaten dan bedarrari leku batzuetan (bibelarra Urrestillan). Birlorea deritxo bigarren loreari, eta horretatik sortua da birlorau aditza, Lekeitio aldean hainbat entzuten dana: Birlorauta zagoz, edanak poztuta edo pispilduta dagoan bati esanda. Birzaia, zai labore-azalaren gainean eregiriko hitza (‘remoyuelo’ gaztelaniaz) ezaguna da baserritarren artean. Birrazia, solo baten bigarrenez bota edo ereiten dan hazia, gitxiago entzuten da berez, baina Arratia aldean batu eban Azkuek. Beronek jaso eban birrarto hitza be, aurreko urtean solo horretan artoa, edo artoaren aurretik garia erein dan soloan hurrengo udabarrian ereiten dan artoagaitik esateko.

Eguraldi eremuan birtargi izena emoten jako Markina inguruan, hodei arteko argiuneari, ostarte izenaren baliokidea. Beharbada bitarte argi batetik datorke, esanguratik hurragoa dirudi.

Gizarteko errito, ekandu edo ohituren eremuan be badira bir- aurrizkidun izenak. Halan birrezkontza, bigarrenez-edo egiten dan ezkontzea adierazoteko, eta aurreskua dalako euskal dantzak, birresku ohi deritxo dantzarien soka-ilara horretan aurrerengo eta atzerengo doazenen aurrekoaren posizinoa adierazoteko.

Aditz kategoriako hitz batzuk, izenetatik zuzen eratorriak dira (birgizen > birgizendu), beste batzuk ez. Edozelan be ugariak dira bir- aurrizkidun aditz kategoriako berbak; zaharrak batzuk, baina sorkuntza modernoa dabenak hainbatxu. Berbiztu, berpiztubirbiztu aldaera be daukan aditza– erlijino kontestuan erabili izan da oparo, Jesusen berbizte edo berbizkundea gai-ardatz dala, berariaz. Baina pertsona bat be egon daiteke birbiztuta, bizituta edo bizibarrituta. Berrerosi aditza be, berariaz erlijino giroan gazt. ‘redimir’ esangureaz erabili izan da: pekatariak berrerosi, baina osteango inguruneetan be bai.

Sukaldaritza girokoak dira sarri birberotu eta birregosi. Gaztaina birberotuak dakar Azkuek, baina janaria atzera berotzea adierazoteko, edo “erre, tostau” esangureaz be, bizkaiera-gipuzkeretan ondo ezaguna da.

Ortu edo solo beharrari lotuta erabili izan dira birraldatu eta birlandatu aditzak, landarak zimentera batetik atera eta ortuan sartzen ditugunean, berbarako. Eta birloratu (edo birlorau), lorea botaten daben arbola, labore, bedar eta flora motako loradunen kontura erabili ohi da; bigarren lorea botatea, udagoienean edo negurantz, berbarako. Birrerne, edo Añibarrok dakarren erara birterne, gazt. “retoñar”, eremu semantiko berean erabilia dan aditza dogu. Lugintzari lotua dogu birrindu aditza be, bir-irindu jatorriz, eta esanguraz urun-urun, zehe-zehe egin adierazoteko.

Eta aurreko horreei beste hainbat gehitu leikioez. Tradizinoz ezagunak ditugun bat edo beste gehigarritzat aitatzeko, honangoak: birsortu, birriztu (bizitu), birretsi, birlotu edo birjaio.

Zenbakien eremukoak ditugu berbat (norbera), Iparraldean erabilia berariaz; berrogei eta berrehun, guztiok darabilguzanak, eta birmila –ahoz gaur egun Arratia-Nerbioi inguruan hondino be entzuten dan brimila–.

Lexiko-sorkuntza modernoan, zientziakoetan zein jakintza esparru orokorrean, ber-/bir- aurrizkiak bizi barria hartu dau, eta era guztiz naturalean eta guztiz ulergarrian finkatu dira barra-barra darabilguzan hainbat eratorri. Halan: berrantolatu, birmoldatu, birziklatu legezko aditzak, edo berrinaugurazino izena, kasurako. Aurrizkia bizibarritzen jakin dau euskera modernoak, kultura esparru osoan eta hedabide sareetan. Osasunaren seinale.

Bizibarritze-ahalegin hau lehendik etorren, batzuetan idazleen edo bertsolarien bidez, beste batzuetan hiztegigileen eraginez. Birsortu (edo bersortu) idazle bat edo bestek izkribuz erabili daben aditza da, eta birsaldu Larramendiren hiztegian dakusku lehenengo antzean. Birjausi Mogelegan agiri da lehenengo antzean: “Zer izen emoten jako pekatu mueta oni? –Bir jausteko pekatuba, edo pekatura ostera biurtutia” (CrIc 155). Esanguraz kidea dan berterori proposatu eban Larramendik “recaer” esangurarako, osteko hiztegigile batzuk berrerori bihurtu dabena.

Etorkizunean be bir- aurrizkiak (eta kasu batzuetan ber- aldaera zaharrak) egiteko oparoa izango dau sortu daitezan edo ordaina emon beharreko hainbat kontzepturi erantzuteko. Halan izan bedi.

 

Iturriko

2017-11-17

Esatekoak 0
Ikusita: 74
2017.11.17

Aurrizkien paradisua gorantz

Euskeraz aurrizkibidea, prefijazinoa, urria eta mugatua da, atzizkibidea edo subijazinoa oparoa eta ugaria dan legetxe. Azkueren berbaz esanda: “Son escasos los de nuestra lengua, y es posible que antiguaente no tuviese ninguno” (Morf. 42).

Eratorkuntzarako aurrizkien artean lau aitatzen ditu Azkue gurea: ber-, bir-, ez- eta len- (lehen-). Eta lau adibidegaz on egiten dau laukuntza hori: berrogei, birraitoa, ezbehar eta lenarri (lehenarri). Ondo begiratuta, hiru dira gehiago, lau baino; ber- eta bir- bat diralako berez; aurrizki beraren aldaerak.

Lafitte lapurtarrak, Iparraldeko euskalkien gramatikarik on eta osoenaren egileak lapurtarrak eremu zabalagoa eskeintzen deutso euskerearen aurrizkibideari eratorkuntzan. Maileguzkoak be aintzat hartzen ditu, halan arra- aurrizkia (arrerosi, arrabildu, arraseme) eta des- (desegin, destenore). Eta basa- bera be aurrizki modura aurkezten deusku (basamahasti, basamiriku, basahalge), aurre-hitz modura baino gehiago.

Gaur egungo euskerearen ikuspegitik ez gaitu horrenbeste kezkatzen, ea euskal hizkuntzak  antxinatean aurrizkirik ebanentz ala ez ebanentz, ezpada aurrerantzekoan, hitz barrien sorkuntzarako aurrizkibideai eskaini beharreko lekua zenbaterainokoa datekean. Zenbateraino bihurtu behar ditugun aurrizkiak emonkor edota zenbateraino destolestu eta luzatu daiteken aurrizkion garakuntza terminologia barrian.

Ezin da ukatu, euskal aurrizkien ibilbideari mesede handia egin deutsala erromantze-hizkuntzak inguruan izateak, eta honeek euskeran mendez mende eragin deutsen ikutua. Iparraldeko tradizinoan arra- errepika-aurrizkiak lexiko-sorkuntzan izan dauen garakuntza uste baino ugariagoa izan da, ez bakarrik maileguzko hitzei aurre-erantsirik (arrapostu), ezpada euskal hitz zahartzat ditugunei dautsela (arrapiztu, arramona). Hegoaldeko eta berariaz sartalde-euskeran bir- edo ber- aurrizkiaz adierazoten ditugun hainbat kontzeptu arra- aurrizkiaz atondu ditue ekialdean. Paralelotasun hori agiri dabe behintzat hainbat hitz eratorrik: arrapiztu / berpiztu, arraseme, arralaba / birloba, arraitona / birraitona, birraitita eta halan beste gehiago.

Horrek ez dau kentzen, ostera, ekialdean be bir-/ber- aurrizki bikoteak dauen ekoizte-indarra. Ber-, bir- aurrizki garbiak dira berrehun edo birrogoi (berrogei) zenbakietan, baina ber horrek hitz autonomo gisa jokatzen dau Iparraldean, gaztelaniazko “mismo” esangureaz. Izan be, aurrizki izatera baztertu dan ber-/bir- horren oinarrian ber hitza da, -a mugatzaileaz (edo horren atzean dagoan ha erakusleaz bat eginik bera hitza garatu dauena.

Ber hori atzean dala garatuk dira halaber adberbioa edo orober (guzti berberak) zenbatzailea. Eta aurrean dala sortuak dira beste asko: berbat zenbatzailea, berhala/berehala adberbioa.

Eta ber hitza bereiz edo hitz autonomo gisa erabilia da Iparraldean hainbat hizkeratan: ber gisan, etor dadin ber, edota -tsu atzizki aproximatiboa lagun dauela, bertsu, bertsua (bardintsua, bardin antzekoa).

Ezeztapen edo kontrako esangura adierazle gisa, des- eta ez- aurrizkien artean be antzeko bikoiztasuna agiri da. Mailegu jatorrikoa dogu des- eta euskal etorki zaharrekoa ez-. Baina bixeok ditugu hor eremu semantiko berean alkarren lehian. Batzuek ezezagun dinoena, besteek desezagun; batzuek ezbardin, besteek desbardin; batetik desordu edo destenore ditugu eta bestetik ezordu, batetik destokitu eta bestetik ezlekua. Arau mailan bataren edo bestearen alde egin ohi da, tradizino idatzia eta ahozko erabilera edo bizitasuna kontuan dirala, baina hortxe iraun dabe lehia estuan hainbat gune semantikotan eta aspalditik.

Izen beregain izatetik aurrizki edo erdi-aurrizki izatera etorri dira beste batzuk.

Horreetarikoa da erdi bera, gaztelaniaz “semi-” edo “medio” hizki edo hitzen esangura eremua betetera etorri dana. Oin-hitzari guztiz eratxikirik ez dogu idazten, marratxoaz edo bereiz idatzirik baino, baina beronen funtzinoak aurrizkien beretsuak dira: erdi-jainko izena, erdi-gor edo erdi-zoro adjektiboak, erdi ondo edo erdi-lo adberbioak edota erdi mozkortu edo erdi zoratu aditzak  erdi-aurrizki honen adibide adierazgarriak dira.

Azkuek len- (lehen-) be aurrizki gisa aurkezten deusku, gorago esan danez. Hau be aurrekoaren gisakoa da. Berorren hiztegian agiri diran batzuk baino ez erakustearren: lehensortu edo lehenseme “primogénito”rentzat; lehenabendu, zemendi edo azaroarentzat; lehengau, gauaren lehenengo orduentzat; edota lehengusu, literalki lehen gusua, “primer primo”.

Urrun barik dabilz aitzin eta aurre izenak be aurrizkien esangura eremuan. Iparraldeko tradizinoan hitz ezagunak dira aintzinsolas (liburuetakoa) edo aitzin-bidari “precursor”. Aurre hitzak hitz-sorkuntza modernoan garapen dezentea ezagutu dau: aurrelan, aurrikusi eta beste.

Gain eta goi batetik, eta behe bestetik lexikografia modernoan arrakastaz darabilguz hitz-sorkuntzarako. Gainartu, gainbalio, gainegitura edo gainirabazi ditugu batetik. Goijakintza edo goimaila bestetik. Eta behe- horregaz sortuak dira behatz, bebarru tradizinokoak zein gaur egungo beste asko.

Maileguz bi aitatuko ditut aurrekoen osagarri, beste eremu semantiko baterako: anti- eta kontra-. Antisorgailua garatu dogun antzera erakarri ditu euskera modernoak kontrajarri, kontraesan eta beste asko.

Aurrizkibidearen gain-gaineko azalpentxu honegaz aditzen emon gura ditugun ideiak, bi dira funtsean. Batetik, aurrizkiak ez dira euskerearen areriotzat jo behar, purismoaren zaletasun gehiegiak eroanda. Euskereak era naturalean beregandu behar dituala, gaurkoak zein etorkizun diranak. Bestetik, eta bide beretik, hitz autonomo batzuk, aurrizki modura edo erdi-aurrizki modura erabilteko joerea hartu dabenak, ondo baliatzen ikasi behar dogula, etorkizunean gure hizkuntza indartsuago eta malguago bihur dadin. Gurpide estu-medarregi batetik eroan beharrean, daroaguzan aurrizkiok bidezabal edo bidebarri batetik. Nasaiago eta erosoago ibiliko gara geure hizkuntza bitarte dala.

Iturriko

2017-11-17

 

Esatekoak 0
Ikusita: 79
2017.11.10

EgoteAGAITIK eta EgoNAGAITIK menderagailuak

Gaitik, bizkaiera klasikoan gaiti (eta gaur egun be holantsu Bizkai sartaldeko hizkeretan) postposizinoa dogu berez, denporearen joan-etorrian hiztunok atzizki bihurtu doguna. Eta euskera arautuan be bere aurreko berari jagokon sintagmari (izen edo aditz ingurukoa izan) eratxikita idazten doguna.

Bizkaieran gaiti(k) horrek beregaintasun handiagoa erakutsi dau erdi-ekialdeetako hizkeretan baino, eta idatzi orduan be XIX. mendean zehar be idazleek, edo banan, edo aurreko sintagmagazko loturea marratxoaz adierazota idatzi izan dabe. J. M. Zabalaren adibide bi, horren frogagarri. Bata: “eta santu asko gaiti bere liburuak alantxe dirauskue”, eta bestea: “eurai, euren aurrean ta eurak-gaitik berba eginik”.

Lotura estuagoa erakutsi dau tradizinoan be, erakusleekin erabili izan danean: honegaitik, horregaitik, hagaitik, mod. haregaitik. Ohar bedi hon-, hor- har- erakusle-oinen gainean eregi izan dirala erakusle kausalok, eta ezagunak izan arren gure artean absolutiboaren gaineko eraikuntzak (haugaitik, horigaitik, hagaitik), askoz apalagoak dirala erabileraz zein tradizinoz.

Izen sintagma bati dautsanean -gaitik markak, kasu absolutiboaren gainean lotu izan jako sartalde eta erdialdeko hizkeretan, orohar. Izenordainekin: norgaitik (berbaz nogaitik), zergaitik (berbaz zegaitik), gugaitik, zuekaitik (tradizinoz zuek gaitik). Zenbatzaileekin: numeralekin: bategaitik, bigaitik, hogeigaitik, ehunegaitik, eta zehaztugabeekin: askogaitik, gitxigaitik, horrenbestegaitik, hainbategaitik. Izenekin, mugatzaile barik: edozein gauzagaitik, mugatzaile singularraz: ardureagaitik, mugatzaile pluralaz: arazoakaitik.

Ekialdeko tradizinoan -en gen. atzizkia izan da izen sintagma edo inguruko kategoriak  postposizino zaharragaz (gatik, gatikan) batzeko lokarri: horrengaitik, zuengatik, zerengaitik, arrazoirengatik-arrazoiaren-arrazoiengatik. Izan be, postposizino zaharkituekin zein indarrean dagozanekin, -ren genitiboaren (edo -re gen. Zahar) lokarri papera funtsezkoa gertatu da funtzino-marken garakuntzan. Soziatibo kasuan bertan, -gaz sartaldekoaren bardinean -rekin garatu da, -re gen. eta kide-n postposizino zaharra bateratuz. Sartaldeko tradizinoan bakanago garatu da -regaz edo antzekorik.

Baina gatozan aditz kategorian -gaitik markak garatu dituan egitura eta balioetara.

Aditz ezjokatuetan, aditzizenari dautsala sortua da emo-te-agaitik, eta aditz partizipioaz sortua da emon-agaitik. Lehenengoetatik abiatuko gara.

Lehenengo egin beharreko oharra da, bizkaierazko tradizinoan zein ahozko erabileran, -teagaitik markako mende-perpausak askoz urriagoak dirala -tearren markakoak baino, baita kausalitate balioa adierazoteko be. Eremu semantikoz hur-hurrekoak izakeran bata eta bestea, -tearren askoz indartsuagoa da sartaldean, -teagaitik markaren erabilgunea mehatsagotuz. Gipuzkerazko tradizinoan, eta ekialdekoetan orohar, joerea alderantzizkoa da: -tearren gipuzkeran ezaguna da, baina sartaldean batez be, eta beronen balioa helburu-zentzuko mende-perpausetara mugatzen da, eta kausazkoetan nekez erabilia da. Gainerako guztian, eta guztirako, -teagatik edo aldaeraren bat erabilten da.

Sartaldeko euskalkian -teagaitik markak dauen erabileraren ispilu egokia dogu Mogel idazlea. Gipuzkerazko idatzietan (sartaldeko gipuzkera da ohi darabilena) askoz erabiliagoa da -tearren baino, eta batez be kausazko balioaz darabilen arren, helburuzkoaz be bai: “Ori geiegi gauzak ponderatzea da gu beldurtzeagatik”. Baina funtsean ia sinonimo modura darabiltza bata eta bestea, balioak be, kausa eta helburua, nahasian dirala. Gipuzkeraz idatzi eban ondoko esaldi honek erakusten dau ondo asko baliokidetasun hori: “baina gaurko erromes ebiltariak beste asmoekin dabiltza, erriak ekusteagatik ta olgatzerren galanki nasaitasun andiena artean”.

Sartaldeko tradizino idatzian kausa objektiboa adierazoteko balioaz erabilirik agiri da gure idatzietan -teagaitik menderagilua. J. Mateo Zabalaren adibide bi ekarriko ditut hau erakusteko. Bata: “Eta zelangoak izango ete dira, arako dirua edo gauzea epetan ta itxaronean emoteagaitik beste bagarik, urtean edo ilean onenbeste daroenak?”. Bestea: “Egin daroe askok eta askok testigantzetan, informazinoetan, alkate-aurreetan eta alangoetan, besteari kalte ez egiteagaitik, edo mesede ekarteagaitik guzurra eta eztana emoten dabeenak”.

Ezezkako mende perpausetan, salbuespen barik ia esan daiteke, ez aditzizen atzizkituaren ezkerreak kokatzen dala: ez esatagaitik. Salbuespenik egotekotan, Txorierri aldeko berbetan ohi dan postposizino erabilera izan daiteke: esan eztearren esaten dan modura, esan ezteagaitik esatea, baina nekezago erabilten dala esango neuke.

Aditz partizipioaz garatuak dira joanagaitik, ibiliagaitik ereduko aditz menderatuak. Eta arren mende-markagaz jasoten dan antzera, balio kontzesiboa izan ohi da nagusi. Halan: Zuk hori pentsauagaitik, besteek beste eretxi bat euki leie.

Ezezkako kontzesiboetan ordena biak dira ezagunak: ez emonagaitik zein emon ezagaitik.

Aditz partizipioari ezezka eransten jakonean -gaitik funtzino-markea, ordena bi ditugu lehian, aurrez aurre; biak ondo dokumentatuak eta batean edo bestean erabiliak.

Bata, ez ezeztapen-marka, aditz egitura osoaren ezkerrean ipinten danekoa: ez emonagaitik, ez egonagaitik, ez ibiliagaitik. Hau da egiturarik zaharrena berez, eta tradizino idatzi klasikoan nagusi agiri dana.

Bestea, ez + gaitik baturik, ezagaitik postposizinoa garatzen danekoa. Gau jakina da, sartaldeko euskereak, eta hizkera horretako hiztunek, joera indartsua erakutsi dabela ez ezeztapen hitzaren gainean eratorkuntza garatzeko eta postposizinoak sortzeko. Horreexetarikoak dira: eza (ez + -a), ezaz (ez + -az), ezik (ez + -ik), ezean (ez + ean), ezta (ez + eta), ezteko (ez + -teko), eztearren (ez + -tearren) eta beste gehiago. Estrategia bera erabiliz garatu ditu euskereak (sartaldekoak, berariaz), ezarren (ez + arren).

Ezagaitik postposizino modura erabilita eregitako mende-egiturea ez da horren bazterrekoa, ez baztertzekoa. Tradizino idatzian ondo dokumentaturik egonaz gainera, gaur egun berbaz indartsu eta emonkor agiri dan egitura da.

Semantikaren aldetik, esangura eremu bietan erabilia da, gainera: kontzesiboaz zein kausazkoaz.

Balio kontzesiboa dario Zabalaren ondoko esaldi honi: “ta esan bear dozu zeinbat bider izan zatekean, beti jausi ezagaitik”. Horren lekuan eroso sartuko litzateke: jausi ez arren. Idazle berorren bigarren egitura bat, balio kontzesiboduna: “Zer da eskatu ezagaiti? Nai eskatu, nai eskatu ez, emon bear jakaz konfesoreari egin direan pekatu mortal guztiak”.

Kausazko esangurea dario idazle berorren beste pasarte honi: “pekatu mortalean bizi dira, bear dana jakin bagarik errietan paretan direan mediku-ofizialeak; edo leen iños beekien bere, liburuai autsa kendu ezagaiti, aaztuten itxi izan deutsenak”. Hor, kendu ezagaiti horren baliokide genduke: kendu izan ez deutselako. Kausa esangurakoa dogu idazle beronen hurrengo hau be: “Ta nondi konfesadu bearko eztau jaubeak edo jagoleak, auntzari edo solo-beiari bear dan ardurea artu ezagaiti, onek landara gazteetan edo soloetan egin izan dituzan kalteak?”

Erlijino sunda handia darie, -teagaitik, -agaitik menderagailuen erakusgarritzat ekarri ditugun testu klasikoei, baina dana dala, daukagun gramatika helburuari erantzuteko eraz datozalako usterik onenaz ekarri ditugu.

Iturriko

2017-11-10

Esatekoak 0
Ikusita: 82
2017.11.03

EsaTEARREN eta esanARREN helburu-kausaren artean

Atzizki zaharretarikoa dogu –rren euskeraz, baina orokorrean –arren itxuraz darabilgu ia beti. Arren hitz bakun modura be ezaguna dogu: ha erakuslearen gainean eregia dogu arren. “Mesedez eta arren” esapidea gaur be bizi-bizi dago, osagai biak sinonimoak dirala balio enfatikoa hartzen dabela, berbarako, erreguzko eskari bat egin gura dogunean. Beste esangura gehiago be baditu arren horrek, hemen aitatuko ez ditugunak.

Idatzi honetan alboan lagako ditugu baita, izen, adjektibo edo kategoria nominal edo pronominalekin atzizki gisa agiri danekoa: pozarren, itxurarren, zeure ederrarren eta ildo horretakoak.

Aditzizenaz –edota partizipioaz‑ kausa-helburuen eremu semantikoan agiri daneko esparrura mugatuko dogu gaurko gure jarduna: esatearren eredukoetara, eta –gaitik atzizkiaz darabilguzanakaz sortzen dan alkarren lehia edo zeingehiagoka agirian ixtea.

Aditzizenari eransten deutsagunean atzizki hau, era diferentetara agiri da gure tradizinoan. Era nagusia, eta gaur egun ohi darabilguna, -tearren dogu –edo -tzearren, aditz partizipioa -tu tipokoa danean, gaurko arauen bidetik‑: egotearren, ibiltearren, parkatzearren. Aditzizenari erantsi jakon atzizkia, kasu honetan -arren da, -a- mugatzaile zahar izoztua erdian eta -rren atzizkia atzean dala.

Baina aditz partizipioek erromantzetik mailegaturiko amaiera-atzizkia dabenean, -au (-adu zaharra) edo –idu (amau edo segidu aditzen kasua), sartaldeko idazle klasikoetan nagusiro agiriko dan amaiera -etarren dogu, gaur egun be hondino berbeta batzuetan entzuten dana: parka(e)tarren, sinest(e)arren. Baina nagusi dira gaurko sartaldeko hiztunen artean pentsetearren (edo pentsatearren kostaldean) tipoko ereduak. Azken baten, denporearen joanean, -tearren atzizki-egitura nagusitu da besteen aldean. Eredu klasikoa, -etarren, Pedro Astarloaren hurrengo esaldi biotan agiri jaku garden. Bata: “Itxiko zeunkezala beste zeregin guztiak mai atara ez uts egin edo faltetarren”. Bestea: “Egingo dabee pekatu onelakoak, leenengoan jakin arren euren ofizioa, aztuten badabe euren alperkeria eta nagitasunagaitik, edo ez estudietarren”.

Eta ezin aitatu barik itxi hirugarren atzizki-aldaera bat be, -terren, aldi zaharretan askoz ugariagoa zana, baina XIX. mendean be hondino bizi-bizi dirauena ‑eta ahozko berbetan gaur egunera arte be leku batzuetan baietz esango genduke‑. Aldaera zahar horren bereizgarria da -a mugatzaile barik txertatu jakola aditzizenari: -te + -rren. Berez arkaismoa dogu –rren atzizkia, -arren atzizkiaren aurrean, eta aditzizenari dautsala bardin –terren, -tearren atzizkiaren aurrean. Eta bizkaieraz ez eze, gipuzkeraz be agiri da arkaismo hori. Mogelek bere gipuzkerazko dotrina baten honelan idazten dau: “Il dezu zeure etsaia, edo aur bateatugabea, bekatua estaltzerren”. Bizkaieraz be bardin idazle berorrek: “Emoten deustazu ogi zati au mesedez, borondate bakarraz, ondoguraz, edo estalduterren zure lapurretea?”.

Atzizki hau, -rren, kausa edo arrazoi-emote baliokoa da berez eta jatorriz. Bizkaierazko testu zahar eta klasikoetan sarri agiri da zerren, kausazko mende-perpausen hasieran, erdi eta ekialdeko tradizinoan zeren agiri dan legetxe. Adibide zahar bi. Mikoleta bilbotarraren gramatikako dialogoan holan dirautso jaunak morroiari: “Indazu jazten, zerren gura dot jaigi”. Bertso Bizkaitarrak deritxoen bertso-txortako ahapaldietariko batek beste hau dakar: “Gauza au, neure iritxian, / fundaetan da inbidian, / zerren garean ezagunak / gu erreinu guztian”. Itaun-galderetan be agiri da noiz edo behin, baina nekez. Itaunetan, zergaitik (edo zegaiti) erako hitzak dira nagusi; hau da, -gaiti(k) postposizinodunak. Baina batean zein bestean kausa edo arrazoi-emote esangurea da nagusi, itauna zein erantzuna izan.

Kausa-helburuen arteko mugak lausoak dira berez be, endemas gramatika mailan. Bermeoko hiztun peto-petoei sarri entzun deutset zetako erabilten, kausazko mende-perpaus baten hasieran, gutariko beste batzuk zegaitik ze erabiliko genduken kontestu berberean. Kausa esangurea izaten da nagusi, igaroko jazoerei buruz gabiltzanean, eta helburu zentzua gailentzen da, etorkizun edo gertakizun diran ekintza edo prozesuei buruz gabiltzanean. Gaztelaniaz be “por” preposizinoa balioz bikotxa dogu; arrazoi beragaitik.

Mendeko perpaus bat aditzizenaz eregiten dogunean, aditzaren aspektua bururagabea izan ohi da; ez burutua. Emoteko, emotekoan, emotekotan, emotekotzat zein emotearren etorkizunari begira dagoz gehienetan, ez igarotako edo amaitutako ekintzei. Arrazoi hori be tartean dago, emotearren ereduko mendeko aditzak zertarako helburu-itaunari erantzuten askoz sarriago agertzeko, zergaitik kausa-itaunari baino.

Kausa-helburuen eremu semantiko horretan –tearren eta –teagaitik atzizkiak biak lehian gertatu izanak be eragin dauela pentsau lei atzizki bien arteko eremu partiketa bat, -tearren helburu zentzurako eta –teagaitik kausa zentzurako. Ondo dakigu zentzu-erdibanatze hori beti holan jazoten ez dana, baina joera nagusia hori dala esan lei. Mogelen adibide bi ekarriko ditugu, bata helburu zentzukoa gehiago dana eta bestea kausa zentzukoa gehiago. Helburu zentzua dauka lehenengo honek: “Baina guraso onak, bat ondo baino obeto ipintearren, eztau aztu bear guztien gurasoa dala”. Kausa zentzua agiri dau beste honek: “Zerren bestelango gaixo-ikustetan baino aloger edo bearsari geiago emoten bajatzu odola ateratearren, bildur izateko da diru gureak azi edo geitu ez degizan odola aterateko premiñak”.

J. Mateo Zabalaren ondoko esaldi biok be argi darakuse –tearren markaren helburu zentzuaren pisua. Bata: “Gurasoak euren umeen kontra egongo dira txakur eginik, orreek oin onean imintearren eta ondo ikustearren egin zituezan lukurreria eta tratu okerrakgaitik, eta eurai gustu emotearren laketu eutseezan gauzaakgaitik betiko galduak izan bearko dabeela-ta”. Bigarren honetan helburuzko mende-perpaus bi, menderagailu diferentedunak, baina esanguraz kideak: “gaixoa ez larritutearren, estututa deungagotu eztedintzat, ondo artuko eztaben barria ez emotearren, batek bere esan gura ezteutso iltera doianik”.

Helburu zentzuaren esparru zabal horretan be, adizlagunaz eregitako menderagailu bat baino gehiago dira lehian, berariaz emotearren eta emoteko. Aditzizen egitura biotan dago helburutasun ikuspegia, baina -teko helburu generiko edo neutroagoa dan bitartean, -tearren helburu markatuaren adierazle da; helburutasun zuzenduagoa, fokalizatuagoa, intentsidade handiagokoa adierazoten dau. Kausa-helburu kontzeptuak biak dira berean.

Aditz partizipioaren gainean darabilgunean -zinoan be nagusiro balio kontzesiboa hartzen dauen arren, kausalidade zentzuak be burua agertzen dau noiz edo behin. Gaur nekezago, baina tradizino zaharrean gehixeago. Mogelen ondoko esaldi horretan ezezkako perpausan gorde da balio kausazkoa: “Zer esango litzate, entzungo balitz baserritar batek bedeinkatuten dabela maila, ez jakinarren barberu ain apaindu ta Madrilen urteak egin dituanak?”. Ez jakinarren aditz menderatu horren esangurea ez dakialako aditz menderatuaren berbera da. Denporan atzerago jota, Barrutiaren gabon-antzerkian aurkituko dogu barriro: “Pobrero jaio zara, Jesus dultzea, ediro ezin arren ostatu obea”. Ediro ezin arren hori, idoro / aurkitu ezin izan dozulako mende egituraren baliokidea da. Aditz partizipioaren gainean arren erabiltea, berariaz ezezkako perpausan, egitura bakana da, gitxitan agiri dana, baina arren postposizino atzizkitu horren azpian datzan kausazko, arrazoi-emotezko balioa azaleratzen dau.

Atzizki honen ezezkako egitura nagusia ez emotearren sintaxi eredukoa da: ez marka aditzaren ezkerrean dala. Baina bada bitxitasun bat, bizkaieraren sartalderengo alderdian ez marka hori –tearren atzizkiaz bat eginik agiri danekoa, biek batera eztearren postposizinoa garatzen dabela. Egitura horixe agiri jaku ondoko perpaus bietan. Zeanurin entzuna honako esaldia: “Inbitazinorik pagau eztearren, egiten dau, etorri ez”. Eta Txorierrian entzunikoa da bigarren hau: “Luzatu eztearren, ez ditut kantauko kopla guztiak”.

Bego gaurkoz honenbestegaz.

Iturriko

2017-11-03

Esatekoak 0
Ikusita: 94
2017.10.27

Bizkaiko literatura: Bedita Larrakoetxea

BENITO LARRAKOETXEA (Zeanuri 1894-Oñati 1990)

Benito Larrakoetxea, edo Bedita, berak sarritan darabilen moduan, Zeanurin jaioa dogu 1894an. Letrango ordenako fraile egin zan. Altsasu eta Oñatin ikasi abaderako, eta Meza Barria 1917an emon eban Gasteizen.

Hortik aurrera irakasle ibili zan batez be, 1936an gerra hasi zan arte. 1937an, Bilboko ume talde bat Britainia Handira eroan eben, eta hareekaz joan zan Aita Bedita. Han urtebete inguru emon eta gero, Uruguayra bialdu eben, eta barriro be aldatu behar eta Argentinara joan zan, 1972an Euskal Herrira bihurtu arte.

Aita Beditak asko idatzi dau euskeraz. 1926tik 1928ra bitartean Euskal Esnalea aldizkarian grekotik itzulitako testutxoak argitaratu ebazan.

1928an, Euskal Esnaleak berak egindako Itzaldiak izeneko argitalpenean Gorbeia’ko gaztagintzea izenburuko hitzaldia atara eban.

Baina Larrakoetxea’tar Beditaren lanik handiena Shakespeare idazle ingeles ospetsuaren antzerkiak euskeraz ipintea izan da. Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu ebazan Macbeth (Macbeth), Lear Errege (King Lear) eta Ekatxa (The Tempest), 1957, 1958 eta 1959an.

Horrez ganera, Shakespeareren Komediak A eta B izeneko liburuetan haren 14 komediaren itzulpena atara ebazan, eta Odol Antzerkiak A eta B liburuetan beste 13 antzerki. Amaitzeko, Dramak izeneko liburua gogoratuko dogu, 10 antzerki dituena, 462 orritan. Azkenengo liburu guztiok Gasteizen argitaratuta dagoz 1974 eta 1977 bitartean.

Shakespeareren antzerki gehienak bertsoz eginda dagoz, errima ondo jagonda, hizkuntza erreza baina guztiz aberatsean eginda. Ez da behar makala, ez, Beditak hartu ebana! Kopurua ezeze, beharra zelangoa dan be ikusi behar da, eta duda barik, Shakespeare ez da euskeratuteko errezenetakoa, ez horixe!

Hona hemen Larrakoetxea’tar Beditak grekotik euskeratutako ipuintxo bat, Euskal Esnalea aldizkarian 1927an argitaratua.

LUGINA, MUTIKOA TA ESKILASOAK

Gaztañak batuta Azaroa edo Azilla heldu zan bere leiakaz, eta lugin bat bere soloan galazia ereinda zutunik egoan hazia jagoten, eskilaso nabar-karrakada-gogaikarridun-talde gogorra ta bela-mika solo-hazi-aztertzaileak solora etorten jakozan-da.

Luginak habaila makurdun mutikoa eukan laguntzat. Eskilasoak, baina, “ekak habailori” entzuten ohituta egozan-da, zaharrak mutikoari habaila eskatzen eutsanean harriak jaurtin baino lehen iges egiten eben.

Luginak, baina, beste bide ala antze bat asmau eban, eta mutikoari deituta esan eutsan: “Hi, txotxo, txori jakintsuen adiskide izan behar joguk; beraz, hareek datorkezanean nik ogia eskatuko dauskat, hik baina ez eidak emon ogia, habaila baino”. Etorri ziran atzera be eskilasoak eta galazia aztertu eta jaten eragoioen. Luginak orduan, itunbenaren arauz, ogia eskatzen dau eta eskilasoak ez dabe igesten; mutikoak barriz habaila damotso harriz beterik. Zaharrak jaurtiten dauz burrundadaka habailako harriak eta bata buruaren erdi-erdian joten dau, bestea iztarrean, eta haragokoa sorburuan; enparauak alde-egin eben solotik.

Durdureak urten eutsen bidera eta zer jazoten jaken itandu eutsen eta eskilaso batek esan eutsan: “Igesi gizon-enda gaiztoagandik, alkarri gauza bat esanda beste bat egin daroe-ta”.

Esatekoak 0
Ikusita: 87