kontaktua
2017.04.28

ZATOZ! Adizki trinkoen agindu-indarra

Aginduak emoteko era diferenteak dagoz euskeraz, beste edozein hizkuntzatan legetxe. Aditza agirian dala emondako agindu-perpausez jardungo dogu, berariazko arreta jarriaz aditz trinkoaz egindakoetan.

Aditz trinkoaz, jakina, joko trinkoa onartzen daben aditzekin. Beste guztiekin, ez dago beste modurik aditz konposatuaz egitea baino. Zatoz hona!, emon nei agindua, etorri aditzak joko trinkoa daukalako. Saldu eizu auto zahar hori!, agindu-perpausan aditz konposatua beharko dogu gura nahi gura ez, saldu aditzak ez dauela onartzen joko trinkorik.

Joko trinkodun aditzetan, era bitakoak ditugu: nor erakoak eta nork erakoak. Eta batzuen eta besteen erabilerak guztiz bestelakoak dira.

Lehenengo tipokoak –da erakoak– hartzen baditugu, honetariko adizkiak sortzen dira: zagoz, zatoz, zoaz (zu), hago, hoa, hator, habil (hi), edo zagoze, zatoze, zoaze (zuek). Horretara garatuak dira esaldiok: Zu pertsonaz: Zatoz hona, mesedez!. Zoaz hara apur baten! Zabilz kontuz! Zagoz geldi! Hi pertsonaz be sarri baliatzen gara, hitanoz dihardugunean: Hago isilik! Hoakit ondotik! Habil kontuz! Edo Etxepareren bertsoz: “Euskara, habil mundu guzira!”. Edo Legoaldiren askoz oraintsuagoko beste hau: “–Hator orain neugaz beste burdi batera, beste zati bat eratsiko deuat oindino, asebeterik gelditu haitentzat” (Grimm). Eta zuek pluralaz: “Trankil, mutilak; zagoze ardura barik. Neuk konponduko dot arazoa”.

Bigarren tipokoak –dau erakoak– erabiliz sortuak dira egizu, ekarzu (ekatzu), emoidazu adizkiak, edo aditz klasikoagoak erabiliz, indazu, entzuzu. Euskera modernoan adizki transitibook -izu amaieraz (edo -izue, -ik atzizkiez, dagokionean) markatzen ditugu orohar: entzuizu, eroaizu, ekarrizu, jakizu, esaizu. Garibaik jasoriko errefrau batek dinoanez; “Ekark, idia edo begia”.

Hirugarren pertsona bati zuzenduriko agindua emoteko eredu zaharra b- aurrizkiduna da. Da tipoko aditzekin eregiak dira: bego/begoz edo betor/betoz. Bakanago entzunak dira, beioa/beioaz, eta nekez entzun edo irakurriko da bebil erako adizkirik, berez ezagunak izan arren. Dau tipoko aditzakaz ditugun aginte erako adizki trinkoak bakan be bakan erabiliak dira: bentzu/bentzuz, oraindino be bizi dana (agolinean egonagaitik) zaharrak dira guztiz: bekar/bekaz.

Hirugarren pertsonako adizkiok, gaur egun, berorika dihardugunean baino ez dira bizi leku askotan. Lehenago abade jaun bati gonbita egiteko modu bat izan zeitekean: Jauna! Betor gurera bazkaltzera!. Edo entzuteko eskaria egiteko: Jauna! Bentzu berorrek orain esango dodana.

Hirugarren pertsonako aginduetarako be erabilten dira, batez be hizkera jasoan, eta ekialdean gehiago, sartaldean baino: Beude gauzak bere lekuan! Sartaldean zaharkituak dira gaur egun, hizkera jagian erabilteko ez bada. Baina herri-herrikoak ziran lehenago. Ondoko ume-kantuan agiri dan bego adizkia lekuko: “Txalopin txalo, / txalo ta txalo, / katutxua mizpila ganean dago. Badago, bego. / Bego, badago. / Zapatatxu barrien begira dago”. Adizkiok bizitasuna eta herrikotasuna izan daben beste adierazgarri on bat da Aitagure zaharreko hizkera: “Betor gugana zure erreinua”.

Hirugarren pertsonako adizkion bidez emoten dan agindua, dana dala, leuna da, gomendioa edo erregua da gehiago, agindu-agindua baino.

Agindu zorrotzak emoteko 3. pertsonarako subjuntiboko adizkiak erabilten ditugu. Halan: Dagoala bere lekuan! Doala pikutara! Dabilzala geldiro! Datorrela arin! Datozala neure aurrera! Daroela nonora! Edo Mogelen elaberriko atso bentereak, jausi, laban egin eta mankauta zelaian zetzan lekutik egin eban sokorru  larria: “Dakardela barberua!”. Aoristoko adizkiez emondako aginduzko adizkiok -la atzizkiaz markatzen ditugu beti eta hutsik barik. Bakanago entzuna bada be, izan aditzagazko aginduak be erabilten dira (Mungialdean entzun ditut nik behinik behin): “–Urlia haserre ei da. –Dala gura badau. Niri bost ardura!”.

Lehen pertsonako aginduak, norbere buruari edo norbera tarteko dan taldeari zuzenduak diranean, -n atzizkiaz markatzen ditugu. “Nagoan isilik!” esaten ekian gure auzoko atso batek, inoren txarrak kontetan hasi eta erdi-esan bakarrik egiten ebanean, dana osorik esan beharrean. Gaztelaniaz: Me voy a callar. Pluralean be sarri entzuna: “Gagozan isilik. Ea zer dinoan!”. Lehen pertsonako aginduzko adizkien artean ezagunena eta zabalena joan aditzaren pluralekoa dala pentsau lei: Goazen! adizkia, beste leku batzuetan Goiazan! esaten dana.

Gaur egun, ostera, gero eta gehiago entzuten eta idazten dira, aditz egitura konposatuak trinkoon ordez: Geldi egon zaitez! Joan zaitez hemendik! erakoak. Horreek be zuzenak dira, jakina! Hiztunok errazago joten dogu eurotara, erregularragoak diralako; hau da, joko konposatua baino onartzen ez daben aditzen modukoak. Eta adizki trinkoak gero eta baztertuago daukaguz, irregularrak diralakoan.

Nik bestetara egiten ditut kontuak: adizki trinkoak hainbat laburragoak dira, osagai bikoak baino; aginduak arinago emoteko erraztasuna eskaintzen dabe. Eta horrezaz gainera, tradizinoaren lur maminean sartuago dagoz. Zergaitik ez euron alde jokatu, ahal dogun guztian?

 

Iturriko

Esatekoak 0
Ikusita: 162
2017.04.20

LotsaBAGAtik lotsaBAKOra lotsaBAGATU edo lotsaBAKOTU

Lekeitioko itsas kantu ezagun baten berbak dira: “Seineru gaizto lotsabagia, / beti itsasorako deidxa, / andra ederrak ohian itxita / txaputxeruen kontura. / Trabola trabola trabola / dxudxia / itsasorako treotzaria”.

Lotsabaga esaten da hondino be Bizkai ekialde eta erdialdeko leku askotan, bizkaiera sartaldean lotsabako eta gainerako lurraldean lotsagabe danarentzat: lotsabaga bat, lotsabageori!, lotsabageok!.

Sartaldeko euskaran baga hitza izan da, zahar eta klasikoetatik gehiago, ekialderago gabe danaren ordaina. Gipuzkeraren eremu zabaletan bage (bae) esaten da oraindino hitzez, batasun zaharragoaren lekuko: bat + -ge.

Baga atze-hitz edo postposizinoa konposaketako bigarren osagai bihurtu da –edo nahi bada, parasufijo– euskerazko hitz-sorkuntzaren ibilian. Izaki edo kualidade bat eukana –dun atzizkiaz markatzen bazan, haren eztasuna, edo eza eukana baga atze-osagaiaz markatzen zan: diruduna # dirubagea, jabeduna # jabebakoa, zentzunduna # zentzunbagea. Kirikiñoren hitz-kontrajartze bigaz erakutsirik: “Zu, jatorriduna, ta ni, jatorribakoa, gara” (Abarrak), “eskoladunen artean baino eskolabakoen artean notin buru obedunak egon leitekez” (Abarrak II). Adjektibo kategoriako hitzak sortu dira horretara era irregular batez, adberbio funtzinoaz be erabili izan diranak.

Euskerearen erdi eta ekialdean bage zaharra gabe bihurtu zan aspaldi: lotsagabe, bai adjektiboetarako, bai adberbioetarako: lotsagabea izan edo lotsagabe portatu.

Euskerearen sartaldean, baga zaharrak bide bi hartu diru. Adnominal eta adjektiboak garatzeko, bagako klasiko-modernoa: bako adjektibo eta adnominaletarako, bagako erdibidetik igaro ondoren, eta barik adberbioetarako, bagarik zubia igaro ondoren. Hitza formaz bikoiztu egin da sartaldean, beraz. Ezeren ardurarik ez dauena, lehen ardurabagea zana (eta dana leku batzuetan) ardurabakoa bihurtu da adjektibo kategoriaz eta ardura barik bizi da adberbioarenaz. Gatzik ez berakatzik ez daukana, lehen gatzbagea zana, gatzbakoa bihurtu da batetik, eta gatz barik bizi izatera etorri da bestetik.

Lotsabaga finkatu bada hainbat lekutan, eta ez lotsabako, era zaharreko, taiu zaharreko lexikalizazinoa jasan dauelako da.

Izenen gainean eregiten badira be sarrien baga/bako-dun eratorriok, aintzat hartzekoak dira beste kategoria batzuen gainean eregitako ereduak be. Aditz partizipioak dira besteon artean ugarien antzekoak, izenen ondoren. “Ardao garrantzubakoa” edo “esne mindubakoa”. “Genero saldua eta saldubakoa”. “Emakume ikasia eta ikasibakoa”. “Sein jaioa edo jaiobakoa”. “Arrautza egosia edo egosibakoa”. “Aragi gazitua edo gazitubakoa”. “Erabagi ondo pentsaua edo pentsaubakoa”, eta horretariko zenbat gura eregi geinkez.

Zenbatzaile batzukaz be erabiliak dira, normalean bereiz idatzirik: asko bako, gitxi bako, lar bako, bape bako.

Kualidade batzuk adierazoteko, edo hobeto esanda, kualidade-eztasun batzuk aditzen emoteko, maiztasun handikoa da bako osagarriaren laguntza. Batzu-batzuk zertzelatuko ditugu jarraian, ezer agortzeko asmo barik:

Goiburuan aitatu dan lotsabaga/lotsabako bikotea, Kirikiñoren pasarte honetan hanpadura-indar bereziaz dirauena: “‑Geiztoa, bai!, barriro be esango jonat; hazalako. Gizona be jo egiten don eta! ‑Aitearen! Hau da emakumearen lotsabakoa! Gizona joten dodala? (Abarrak).

Zeozerk amairik, akaburik edo azken ertzik ez dauela aditzen emoteko, esan daikegu azkenbakoa, amaibaga/amaibakoa, akabubakoa edota neurribaga edo neurribakoa dala.

Zerbaiten behar besteko ardurarik ez daukanagaitik, esan daiteke dala: ardurabakoa, sustraibakoa edo zuzterbakoa edo ganorabakoa. Edota leba edo ardura gitxi deutsagun gauza bat dala-ta, lebabako edo ardurabako kontua dala. Edota neke gitxi emoten dauen zeregin edo lan bategaitik, nekebakoa edo arina izan dala.

Norbait edo zerbaiten kideko, ereduko edo mailakorik ez dagoala aditzen emoteko, esan leiteke: bardinbakoa/bardinbagea, parebakoa dala.

Zentzunez eskas dabilen bati, ondo esanda legoke, zentzunbagea edo zentzunbakoa dala, adinbagea edo adinbakoa adin gitxikoa dala be esan daikegun moduan.

Ezeren bildur ez danagaitik esan daiteke dala: bildurbagea edo bildurbakoa, ikarabagea edo ikarabakoa, edota partitibo eta guzti, bildurrik bakoa edo dardararik bakoa.

Norbait zeozeren errudun joten dogun bitartean, errurik ez dauenagaitik esango dogu errubakoa edo hobenbakoa dala, edota ezeren kulparik bakoa.

Esker ona deuskunaz eskertsua edo esker onekoa dala esango dogun moduan, esker txarrekoa danagaitik eskerbakoa edo eskerbagea dala esan daiteke.

Sinistea edo fedea dauena sinisteduna edo fededuna dan moduan, zerbaiti sinesterik edo federik emoten ez deutsanagaitik esango dogu sinistebakoa edo fedebakoa dala.

Pertsona anker bat dala-ta esan daiteke errukibakoa dala.

Kemen gitxi daukanagaitik esan daiteke, adorebakoa, odolbakoa, nerbiobakoa edo ketoa dala.

Eroapen gitxi dauen bategaitik esan geinke epebakoa, artebakoa, pazientziabakoa, eroapen bakoa, edota urduria eta errea dala.

Ikasketak edo eskolea dauenagaitik, ikasia edo ikasiduna, edota eskolatua edo eskoladuna dala esaten dan moduan, horretarikorik ez dauenagaitik esango dogu eskolabakoa edo ikasibakoa dala, edota eskola edo ikasi gitxikoa. Kirikiñoren berbaz: “Ai, orduan badakit guk eskolabakoa esan oi doguna da analfabeto”.

Izakeran edo jokabideetan gatzik ez berakatzik ez dauen bategaitik esan daiteke gatzbakoa, graziabakoa dala, edo gatz edo grazia gitxikoa.

Usterik gitxien danean jazotakoren bati buruz esan daiteke, kasurako, ustebako heriotzea gertatu dala.

Hutsik egiten ez dauenagaitik esan daiteke utsbakoa edo hutsbagea dala, akatsik ez dauenagaitik akatsbakoa dala esan geinken moduan.

Zorioneko edo zoriontsu izan daiteke bat, eta halan ez dan edo ez dagoana zoribagea edo ditxabagea dala esaten zan lehenago: “Nire ditxabagea!”, inoan Peru Abarkako Madalena benta-ugazabandreak, laban eginda jausi eta mankatu eta ostean.

Esaera zahar batzuetan untzeturik be gorde dira bako osagaidun adjektiboak. Horreetariko polit bat, Zamarripak gogorazoten deuskun hau: “Arran minbakoa sasian usteldu zala da esakunea”.

 

Bako, aurreko izenagaz alkarketa estuan ezeze, banango egituran be sarri darabilgu, postposizino edo atze-hitz modura. Alde horretatik, barik libreagoa da sintaxi aldetik bako baino, baina honek be postposizinoen sintaxi libreagoa garatzeko bidea eskaintzen dau sarritan. Horregaitik beragaitik, bako hori eransten jakon aurreko gramatika egiturak konplexuagoak gertatzen dira batzuetan, eta ondoko honeetariko batzuk izan leitekez:

-       Aurreko izenari -ik partitibo-atzizkia dautsala: /Iz + -ik + bako/. Halan: Txarrik bakoa. Bape lotsarik bako jentemodua. Ezeren bildurrik bako mutila. Inoren ardurarik bako andrea. Zamarripa txorierritarraren esaldi batzukaz on egin dogu dinoguna: “Gaur berton urten eragingo neuskie, eta lauoinean urten eragin be, baina geldiunerik bako arineketa ikaragarrian”, “beti negarrik bako poz baten bizi izatea”, “begiratutea utsa da, begiratute utsa, asmo txarrik bakoa danean”, “Bizkaiko izenik bako erri baten bizi zan”. Eta Kirikiñoren beste bategaz osotu: “Nire besoa ta azkorea, barriz, bata makala ta bestea zorbatzik bakoa dira.”.

-       Izen eta adjektiboaz osoturiko sintagma bati laguntzen be agertu leiteke bako hori. Dotrinetan sarri aitatzen dan “damu on bako konfesinoa” esaldia balia bekigu eredutzat.

-       Izenlagunaz lagunduriko izen baten ondoren. Sermoilari baten hitzetan: “Gatxen usain bako onak”. Edo: “Inoren gatx bako biraoak”.

Izen kategoriako hitzak be erraz garatzen dira baga edo bako osagaiez lagundurik, adjektiboarena baino askoz neurri apalagoan izanda be. Baten batzuk aitatuko ditugu. Bidebaga (bidebako) dogu klasikoetariko bat. Mogelen berbaz: “Espaiña naiz Siriako arma-gizonak egin baleuste bidebaga damugarriren bat, igarokorra izango zan enetzat” (PAb). Ustebaga/ustebako bikotea be –batuz ustekabe– hedatua eta ezaguna dogu guztiz, sarritan adnominal gisa (ustebako) edo adberbio gisa (ustebagean): “Nok esango leuke Landetako baserrian imini jatala, uste-ustebagean sartuta, oillanda ta usakumezko errea.” (Mogel).

Gaur egungo berbetan bizitasun handia darakus egitura honek, tradizinoko lekukotasun urriak gorabehera. Janbakoa, jan-ezaren esanguraz: Janbakoak ez dakar gauza onik! Dirubakoa, dirurik ezaren esanguraz: Dirua txarra dala esaten da baina, dirubakoa be ondo tristea da, gero! Zamarriparen hitzez: “diru bakoa beti da txarra”. Jaio zan ezkero ama ezagutu ez eban andra zahar bati neuk entzuna: Zuek ez dakizue ondo, amabakoa zer dan!

Bako osagaiaz eregitako adjektiboen gainean hainbat aditz sortu dira. Horreetarikoa dogu azkentsu aidean dabilen armabakotu/armagabetu bikotea, aditzizen modura armabakotze/armagabetze gehiago erabilia, gaztelaniazko “desarme” izenaren ordainez. Tradizinoan sustraituagoa dogu lotsabakotu. Artean beste portakizun bat eukan bategaitik behin baino sarriago entzun da: Aspaldion garbi lotsabakotuta dago, gero!

Izen barriak be eregi geinkez –keria edo –tasun atzizkien bidez. Sustrai edo zentzun gitxigaz eginiko ekintza edo hartutako erabagi bategaitik erraz entzungo zenduen: Ikaragarrizko zorakeria, itzelezko zentzunbakokeria urliak egin dauena! Eta ezetsi edo gaitzestekoa, egite bat ez eze, jarrera bat, joera bat edo izaera bat be izan daiteke. Ditugun eginbeharretan ardurabakoa danari arpegira egotzi leio: Zure ardurabakotasunak ez dauka akaburik!

Halan bazan, ez bazan, sar dedila kalabazan, eta urten daiela Derioko plazan.

Iturriko

2017-04-21

Esatekoak 0
Ikusita: 177
2017.04.12

Armaginak

Eibartarrak goiztarrak izan dira industria-langintzetan, txirrinduak dirala, josteko makinak dirala, motorrak dirala, eta danaren gainetik armaginak izan diralako. Ibar estua eta luzea, eremuz urria, baina jente bizi, eragin eta ekinaren sorlekua; ekimen handikoa. Bizimodua aterateko, irudimena bizitu behar. Armagintza izan dau Eibarrek, herri eta erbeste aspaldiko denporetatik ezagun eta erreferentziazko bihurtu dauen langintzea.

Gaztelaniaz villa armera izena emon izan jako, eibartarren armagin langintza horregaz baliatuta. Kirol kontuan Astelena pelota-lekua izan dau beste ikurretariko bat, eta azken aldion futbolean be gorengo mailara diranetik, futbol taldea be armagin bihurtu da, eta futbolariak armaginak, bardin da bertako hurrekoak edo urrunetan jaioak diran.

Atzizki modura -gin atzizkia zaharra eta nonnahikoa dogu, hitz barrien sorkuntzan -gile atzizki bikuna eta seguruenik berankorragoa ernaltsuago agertu bada be gure aldian, berariaz hitz barrien sorkuntzan, batez be erdialdeko hizkeretan irabazi dauen nagusitasunagaitik.

Atzizki bion arteko lehia hitz eratorri askotan da ezagun: ongin/ongile, gaizkin/gaizkile, berbarako.

Esangura bereko eratorri sinonimo bi ditugunean atzizkiotariko bategaz eginda, jeneralean -gin agiri da bazterretan –bizkaieran edo Iparraldean sarritan– eta -gile erdialdean. Joerea hori da behintzat: behargin esaten da sartaldean eta langile erdi- eta ekialdeetan.

Lan oin-izenaz eratorri biak sortu izan dira, langin eta langile, baina denporearen joanean bigarrena nagusitu. Bestetik, lana esateko, behar izena be lehian sartu zan aspaldi. Esanguraz bereziak izan arren lehenagoan, denporeak bardindu egin zituan euren esangura nagusiak; eta kontzeptu bera adierazoteko, “trabajo”, bata edo bestea erabilten dira han edo hemen; biak leku berean nekez. Lan egiten dauena langile bihurtu da, eta behar egilea behargin.

Langin eratorri zaharra, ostera, eremuz murrizturik bizi da, baina guztiz ito barik horraitino. Hondino be bizi da, eta bizi leiteke, lanbide bateko “ofiziale” adiera zaharraz. Arabako lautadan, Landucciok dakarrenez, gizon langina esaten zan, ofizioduna adierazoteko. Langin obraria esaten zan Iruñerrian be “cofradía” esateko. “Langinak, prestitu jateko aginak”, inoan Bilbo aldeko berbetan aspaldiko RS-ko errefrau batek be (204). Gipuzkerazko idatzietan be –Goierri eta Urola aldeko hizkeretan– langin ondo agirian daukagu. Otxoa Aringo, Ordiziko apaizak honelan idatzi eban bere dotrinan: “Bere kriaduai eta langinai zor zitzaten soldata edo jornala, pagatu zeikealarik, eutzi ote zien tenpora luzean pagatu bage”. Lizarraga Elkanokok, Iruñerriko hizkeren lekuko segurua zanak honako errefraua jaso euskun: “Nolakoa langina, alakoa lana”, eta dotrina-liburuetariko baten, pasarte baten, beste hau: “Langin gaistoendako lan guziak dire gogor latzak”. Iztueta zaldibiarrak “beren erriko langin maisuak” aitatzen ditu, “ofizialeak”, esateko berba batez. Eta Xabier Munibekok, Azkoitian erroturik, beste taiu batez darabil langin, adjektibo kategoriaz, bere Gabon Sarietan: “Aitzur, burdin-ara ta / golde biurturik, / nekazari langinak / ongi giaturik”.

Lanbide esparrurako, izenen gainean eregirik, atzizki emonkorra gertatu da, eta ez gitxi tradizinoko edo lehenagotik datozan lan-jardueretarako. Jarduera batzuetan ziharduen ofiziodunak guztiz ezagunak ziran lehenago. Ikazkinaren lanbidea, ikatz egitea, langintza gogorra; basoan egon behar luzaroan txondorra jagoten; eta jatekoa halamodukoa: Ikazginaren lapikotoa, handia baina harroa, zan Arratiako esakerea. Harginak, harria lantzen ekienak, etxe edo eraikuntza bat egin orduan langin estimaduak ziran. Etxegintzari atxikirik bizi ziran teilaginak be, teila bako teilaturik nekez egon eitekelako.  Iturginak ziran ur-ekarte azpiegituren egileak: iturrien, hodien eta enparaduen. Artzainak gaztaeginak edo gaztanginak ziran halabeharrez, bizimodua aterako baeben. Bizargina edo bizargilea eritxon barberu ofiziodunari. Dirugin faltsoentzat heriotza zigorra egoan. Lugin eta luebagin izenak be emon jakoz nekazariari, gaur nekez entzunak badira be, ekialdean laborari deritxonari. Zamargin edota narrugin jarduera be ohikoa zan lehenagoko gizartean. Esaera zaharrak dinoan lez: Ze langintza zamargin; bizarrak bizarra eragin, edota: beharrak beharra eragin. Gerragin izenaz ezagutzen ziran lehenago, gerora “gudari” edo “gudukari” lez izentau izan diranak.

Metala lantzen ebenen artean ezagunenak burdinea lantzen ebenak ziran kontizu: errementari, “arotz”, burdingin edo burnigin eta sugin izenaz be ezagutuak. Otxandioarrek euki dabe sugin onen ospea, eta Martin(txo) mito-pertsonaiak be sugin onaren entzutea eukan. Bada esaera bat, Zeberion jasoa: “Egur eskarmentadua, sugin ona”. Burdineaz egiten ziran untzeak be, eta langintza horretakoei untzeginak esaten jaken: “Errementaria, untzegin begigorria”, Zeberioko esaera baten arabera. Baina metal finagoak be baziran, urrea eta zidarra, hatan be. Eta metal preziatuon langinei urreginak eta zidarginak eritxoen. Durangoko “plateru” eta koplari ospetsuei zidarginen izena be egotzi izan jake.

Zura lantzen dauenari zurgina ohi deritxo Nafarroa aldean, sartaldean “arotz” izenaz ezagutzen bada be. Basoan egurra egiten dauenari egurgin deitu izan jako sarri. Halan aztertu zituan Joxe Miel Barandiarangok “Egurgin eta ikazkinen txabolak”, bere ikerlantxo baten.

Pintatzeko edo margotzeko ofizio dabenei pinturagin be esan izan jake, izen ezagunago bihurtu badira be pintore edo pintatzaile hitzak ofizio honetakoentzat.

Iztueta zaldibiarrak tonelginak, zapataginak eta beste ofizio jakinak zerrendatzen ditu bere Dantzen liburuan: “Itxas gizonak, dendalariak, tonelginak, ermentariak, zapataginak, eta beste gainerako anaikide edo kofradiak zituztenak, nork bere langintzako done edo santuen egunetan, egin oi zituzten guziz dantza aundientsu anitz eta txit pozkarriak”. Idazle berberau da, medikuak izendatzeko, osagile ezagunagoaren ondoan, sendagin eratorri bikaina be sarriro darabilena.

Kapaginak be baziran, antza, soinerako kapak egiten ebezanak. Iztuetak kantatzen dauen ofizioa: “Gozo edo mina / Martin danbolina, / arturik berekin / Errikardorekin / dantzari arina / omen da kapagina,/ Juan Martin; / nik ori ongi jakin.”.

Zuzenbidearen arloan, legeak egiteko ardurea dabenei legegin izena emon izan jake, gaur gehiegi entzuten ez dan berbea. Frai Bartolomeren lekukotasun bi; bata: “Egia da, legeginak libretan ditue peria batzuk, tratu bakotxeko auzi bat izan ez dedin”. Bestea: “Augaiti Jaungoikoaren aginduak eta munduko legeginenak ez dira bat.”

Emakumeen ofizioak be ez dira atzetik geratzen. Joskin edo joskilearena dogu beharbada emakumeen lanbiderik ezagunena. Ogigin eta bitxiginarena be andrazkoena sarriago. Esaera zaharrak dinoan lez: Maria bitxigina, sua da ogigina. Ezkontzaginak be emakumeak izaten ziran batez be. Bogadaginak be andra sufrituak gehienetan. Gure sermoilari batek behin aitatzen dau urlia bategaitik: “Zan au ama pobre, mee, bogadagin baten seme”. Emaginarena izan dogu ezinbesteko jarduera gure gizarte zaharrean. Lardizabalen Testamentu Zaharreko historiako hitzak gogorarazoaz: “Faraonek gizonari gogoak eman al dizaiokean asmorik gaiztoena artu zuen. Israeltar emakumeai aurgiteko orduan laguntzen ziezten emaginai agindu zien, sabeletik irten eta bereala aur-seme guziak il zitzatela, alabak baizik biziarekin inor utzi gabe”.

Atzizki honegaz, -gin atzizkiaz, izen kategoriez gainera adjektiboak be oparo sortzen dira euskeraz. Ongin entzun eta idazten zan lehen sarri, gerora ongile nagusitu bada be. “Adierazo egiezu gure ongin guziai gure borondate ona”, idatzi eban Xabier Maria Munibekoak bere Gabon Sarietan. Ongile hitzagaz txandaka ongin be sarri darabile Mogeldarrek. Alegietariko baten, honelan: “Dakus katigu dagoala bere ongina, edo leoe, len gatxik egin ez eutsana”. Eta horren antonimoak, kontrako esangurak azaltzeko, gaizkina dogu ezagunena, gaitz/gatx adjektiboaren gainean, eta horren erdi-bikia dan gaiztagin, gaizto adjektiboaren gainean. Frai Bartolomek pasarte hau itxi euskun idatzirik: “Juezak aginduko baleutsa gaisginari, ze lapur, ze gizon-iltzaile, ze gaiskin izango litzateke, guztiak esango ez litukeana?”. Eta gaurko berbetan, Uribe hegoaldeko herrietan sarri entzuten da txargina. Hurreko esangurea dau, kalte izenaren gainean sortu dogun kaltegin berbeak be.

Gorago aitatu dan gerragin, gerra egitetik bizi dan gizakia adierazoteko ezeze, beti gerran dabilenaren kualidadea adierazoteko be erabilten da. Auzkina, beti auzitan edo auzi bila dabilenagaitik esaten dan modura. Eta bakegina, ostera, gerraginen artean bakeak egiten dabilen arartekoagaitik esan leiteke. “Ta guztiok dakargu geugaz amaren sabeleti, arako “fomes” esaten jakon arimearen kontrako gerragin andia”, idatzi eban Frai Bartolomek.

Norbere kapritxoak edo gura dauen guztia egiten dauenagaitik burugina dala esan ohi da; eta norbere buruzalea, ni-zalea danagaitik be burugina dala esaten dabe Markinaldean. Emakumeen erruki handirik ez eukan, edo aurreretxi sustraitsuak bazituan behintzat, harako sermoilariak, idatzi ebanean: “Badaukazu emazte barritsua, zitala, temosea, alperra, burugina, ardurabagea, errazoe minberak arpegian esaten deutsuzana, bere adiskidiai zuri baino arpegi argiagoa erakusten deutseena... sinistu daikezu zeuk ezkondu orduko beragaz egin zenduzan pekatu loien kastigua dala.”

Frai Bartolomeren esaldi bategaz amaiera emongo deutsagu jardun honi: “Urreginak edo zidarginak sutan ugar guztiak kenduten deutsazan legez urreari ta zidarrari etxura ederra euki dagien, alan Jaungoikoak gatxagaz, penagarriagaz ta naibageagaz garbituten ditu bere adiskiden arimak pekatuak ezarritako ugarretati”.

Iturriko

2017-04-12

Esatekoak 0
Ikusita: 159
2017.04.03

Zuriz, Zuririk eta Zuri

Zuriz eta zuririk, edo baltzez eta baltzik, biak erabilten ditugu, leku batean edo bestean, zelan jantzita edo ze koloreko jantziak soinean dirala adierazo gura danean. Adizlagunak, edo hobeto esanda, adberbioak dira funtzinoz, perpausan horrelan darabilguzanean.

Hirugarren egitura bat be bada, aurreko biokin lehian: zuri jantzita, zuri hitza mugagabe dala. Eta hirugarren hau be artez-zuzen erabilia da, dudatzaka.

Izen kategoriako hitzak, predikatu funtzinoan jantzi legezko aditzakaz darabilguzanean, mugagabez markatzen ditugu. Aratosteak zein Inauteriak oraintsu joan dirala, nori ez jatorkoz akordura marro jantzi, koko jantzi, errabi jantzi… edota, askotariko mozorroak erabili ohi diranez, andra jantzi, gizon jantzi, monja jantzi, fraile jantzi edota dana dalako erara marrotu.

Baina kolore-izenak kategoria bikotxekoak izan ohi diranez –baltz, gorri, zuri, marroi…–, bitzuen sintaxiak onartzen ditue. Zuriz jantzita doana erropa zuriz edo kolore zuriz doa. Eta zuri jantzita doana, zuri kolorez edo zuri-jazkeraz. Horrexegaitik onartzen ditu, hatan be, zuriz, zuririk eta zuri, “jantzi” aditzaz lagundurik.

Janzkeraren gainean erabilten dira sarrien zuriz eta zuririk, edo baltzez eta baltzik. Instrumentalak (-z) zabalago eta ugariago erabilia dirudi, baina hedaduraz -ik adberbiala be Ipar eta Hego erabilia izan da.

Baltzik jantzita joatea, berariaz emaztea, senarra edo etxeko hur-hurrekoren bat hil ondoren, lege izan da; luturik joatea eta baltzik joatea bat zan. Eta hurreko senideak be ilunik jantzita. Gauzak hain aldatu dira ze, gaur gorririk be bardin-bardin joan daiteke hileta-eleizkizunera hildakoaren etxekoa, eta zuririk joateko be batzuetan ez da asko beharko.

Iparraldeko tradizinoan beltzik egotea, tristerik egotea izan da gehiago. Elizanbururen Solferinoko itsua poesiako ahapaldi ezagunak ondo darakusanez: “Ene herrian gazte lagunak / kantuz plazara dohazi, / eta ni beltzik etxe zokoan, / irri egiten ahantzi”.

Zuririk edo zuri-zuririk joaten ziran neskatotxoak lehenengo jauna-hartzera. Eta ezkontzara be zuririk dama gazteak, gizonezkoak ilunik sarriago joiazan bitartean. Begiak zuririk be esapide ezaguna dogu, gaztelaniazkoaren antz-antzekoa. F. Bilbaoren Ipuin-barreka-n esaten danez: “Baju-bajutxuan hasi, apurka-apurka ahotsa loditzen joan, itzelezko tronpeteria atera, eta honetan... rra!, eskuak zabalik eta begiak zuri-zuririk ipiniaz, isil-isil geratu”.

Gorririk be ezagun samarra da kolore kontuan. Aitatu barri dogun idazleari jasoa da hau be: “Osterantzean ez uste nire bizkarra bakarrik, zeuen matrailok be gorri-gorririk aurkituko dozuez

behingoan”. Baina gorri, soineko barik edo haragiak agirian dirala esateko be badarabilgu. Narrugorrian edo narrugorritan esan ohi da gure artean, eta biluzgorririk ekialderago. Eta holan huts-hutsik, gorririk, haragiak agirian edo bilozik esangureaz leku askotan esan ohi da.

Urdinik agiri dala zerua entzunda, behingoan ulertuko genduke, hodeirik ez lainorik ez dagoala ortzian. Eta kolore-gamatik asko aldendu barik, zerua dala-ta errazto entzungo ditugu baita, argirik eta ilunik adberbioak. Mikoleta bilbotarrak orain dala mende batzuk idatzi eban dialogo baten barruan: “Zerren nik dakust argirik zerua”.

Argirik eta ilunik, argitasun fisikoaz gainera, giza barne egoerea adierazoteko be sarri erabilten dira. Norbaitek gogoa argirik edo ilunik daueneko egoerak guztiz alderantzizkoak dira.

Baltzez eta baltzik ez ditugu beti testu-ingurune beretan erabilten. Baltzez, zuriz edo horiz pintatu geinke horma bat, baina nekezago baltzik edo zuririk. Bestetara esanda, baltzez, zuriz eredua ingurune ugariagoetan darabilgu askozaz, -ik atzizkiduna baino. Baina kontrara, baltzez ereduak erraz estaltzen edo ordezkatzen ditu baltzik adberbioaren inguruneak. Kalera zuririk urteten dauenagaitik errazto esan ginei zuriz (jantzita) urten dauela. Edota abadeak, lehenago gaur baino sarriago, erroiak lez baltzez zein baltzik ibilten zirala paseoan, sarritan brebiarioa eskuetan ebela.

Jantzi aditzaren eremukoak kenduta, zerez kasua da mila bider ugariagoa aditz askori laguntzen. Baltzez edo zuriz estaldu leiteke horma bat, itsusi badago edo desitxuroso erakustea gura ez bada. Gorriz eta zuriz apaindu geinke gela bat, kanpo-jentea etxera hurreratu baino lehen. Zuriz jantzita irudikatu izan dira aingeruak be sarri. Edo begiak zuriz gora dirala egon daiteke bat etxunda aratinik, zeinda hilda balego legetxe, arrainak be itsasoan zuriz gora agiri izaten diran antzera. Zuriz begitantzen ditu Lazarraga poetak be zaldunak bere olerkietariko baten: “Zaldunik asko ekusi neben, / guztiak oriz janzirik”.

Koloreetatik haruntzago, argiz eta ilunez maiztasun handiko adizlagunak dira, egunari eta gauari jagokezala sarri entzunak. “Argiz etxera!” edo “Egun argiz etxera!” mila bider etxetan entzun dogun gurasoen aholkua dogu. Eta gurasoen esana gorabehera, sarri ilunez etxera.

Etxeratzen bagara argiz etxera, nahiz eta ilunez joan ohera, hurrengo egunean tenple hobean egongo gara ilunez jagi eta argiz lanean hasteko.

 

Iturriko

2017-04-03

 

Esatekoak 0
Ikusita: 184
2017.03.24

Milia LasturKO, Marina ArrazolaKO eta Ama Birjina Karmengoa

Orain dala urte eta erdi inguru idatzi genduan Bizkaieraren Ataria honetan, gaur jardungai darabilgunaz beste idatzi labur bat, “Andra Mari Begoñako eta San Antonio Urkiolakoa” izenburuaz, eta oraingo honek ordukoaren segida edo osogarri izatea baino ez dau beste asmorik.

Gaur egungo izen-deitura egitura askoren atzean nor-nongoa izendatze-sistema bat daukagu euskaldunon artean. Gaztelaniazko “apellido” kontzeptuarentzat deitura nagusitu da aspaldion, baina aranatarren abizen be bizi-bizi eta indarrean dago hondino, esanguraz harean bereizirik agiri diran bitartean goitizen, izengoiti langoak, “apodo” esangurea gehiago dabela. Gipuzkera eremuan erabili izan dan izelonbrea be hitz bitxia da egituraren aldetik, gaur baztertuxe geratu bada be; izen + lonbre (nonbre) hitz konposatuaz, geminadu semantikoa deritxon tipokoaz zizelkatu dan izena.

Gaur egungo deitura diralakoen artean, euskaldunon kasuan, leku-izenak dira asko eta asko; etxea, auzoa, herria edo nongo-hango eraikuntza bat oinarri hartuta sortuak. Busturia, Muxika, Agirre, Mitxelena deiturak leku-izenak dira oinarrian. Araba aldeko deitura asko bikotxak dira, ostera: noren semea eta nongoa, kontzeptu biak batzen dira deitura konposatu berean: Ortiz de Zarate, eskribauek gaztelaniaz finkatu daben deitura bikunaren atzean dagoan identifikatze-modua ez da besterik, Urlia Ortiren semea eta Zarate herri edo lekukoa dala baino.

Jente edo pertsona euskaldunen izen-emote bideak gaztelaniaz legeztatu ziran bere aldian gure artean. Horregaitik, bada, euskaldun askoren izen-deiturak alkartzeko de preposizinoa agiri da: Antonio de Irala edo Vicente de Arana adibidez.

Nor nongoa dala esateko, de gaztelaniazkoaren euskal ordain zuzena –ko leku-genitiboko atzizkia dogu. Eta -ko atzizki hori, -a mugatzaileaz lagunduta, deitura-izen batzuetan lexikalizaturik gelditu da, -koa edo -kua modura.  Ezagunak ditugu, beste askoren artean, honetariko deiturak edo leku-izenak. Atzizki-aldaera -kua dabela finkatuak dira: Arakua, Barrainkua, Bereikua, Bulukua, Mañarikua, Milikua edo Trabakua izenak. Eta aldiz, -koa edo -ngoa atzizkiaz eihoak dira: Bengoa, Barrenengoa, Upaingoa, Aldekoa edo Etxegoikoa.

Baina hiztun euskaldunen tradizino bizian, orain dala mende batzuk ofizialki legeztatu eta “betikotzat” finkatu ziran Urlia baten jatorri-izen, deitura-izen bihurtuak gorabehera, bizirik eta indarrean iraun dau, era ez-ofizialean izan arren be, Urlia hori identifikatzeko nongoa dan adierazoteko sistemeak, eta sarritan, gure herri eta nekazari gizarteetan, deitura ofizialak baino indar gehiagogaz. Halan, Agustin edo Agustina izeneko gizaseme edo andrakume bat, euren aitaren Madariaga abizenaz bateatu eta erregistratu baeben eleizako bateo-liburuan, Agustin Abauntzako edo Agustina Zorrotzeko izango ziran auzoko eta herrikoentzat, bata Abauntzan eta bestea Zorrotzen bizi baziran.

Erregistro bidez deitura-izenak egonkortu baino lehen be hataraxe zan. Nor bat ezagun bihurtzeko Nongo batez osotzen zan. Gure agiri eta idatzi zaharrean agiri diran ezagunenetariko batzuk aitatzearren: Milia Lasturko, Gipuzkoako Itziar herriko Lastur auzoko torreko anderea zana izendatzeko, edo Marina Arrazolako anderea, Erdi Aro beranduko eresi zaharretan agiri diran emakume-izen bi aitatzearren. Edo Peru Abendañoko, Errodrigo Zarateko edo Jaun Asensio Gebarako, oinaztar-ganboarren arteko liskar odoltsuetan parte izan ziran zaldun ezagun batzuen izenak aitatzeko.

Amabirjinea Arantzazuko atxartean agertu jakon artzaintxuari be Errodrigotxu Baltzategiko deritxo erromantze zaharretan. Santu-santa izen batzuk be horrelantxe izendatu dira idazle batzuen testuetan. San Inazio Loiolako eta Done Peri Deustuko, berbarako. Euskal mitologiako pertsonaia batzuk be antzera, Mari Anbotoko seinalagarri dala. Andra Mari edo ama birjina batzuk be beste horrenbeste. Ezagunak dira Andra Mari Begoñako edo Birjina Arantzazukoa, eta baita Ama birjina Karmengoa be, urrunago joan barik.

Herri-pertsonai ezagunak edo literatura idatzian agertu eta literario bihurtu diranak be badira, egitura honen arauz aitaturik agiri diranak. Nork ez ditu ezagun, dantza-kopletan behin eta barriro kantatzen dan Matxalen Busturiko neskatoaren gorabeherak? Nori ez jakoz hurreko egiten Peru Dubako pertsonai zelebrearen koplak, bere herritxutik Bilboko Barrenkallera makailotan, makailoa musutruke eroateko ustean datorren arloteari burlazahar jarriak? Edo nork ez dau entzuna Mogelek Peru Abarka elabarrian protagonista nekazariak bere buruari emoten deutsan izena: Alan derist Peru Landetako dirautso Maisu Juan barberuari, Landeta izeneko baserri eder baten bizi dala gogorazoten deutsala.

Izen-deituren gai honek hari luzea dauenez, matasa borobil mardul bat egiteko modukoa, hurrengorako itxi daigun gainerakoa.

 

Iturriko

2017-03-24

Esatekoak 0
Ikusita: 150