kontaktua
2018.12.14

-IK atzizkia Ezeztapenaren eremuko sintagmetan (lehen idazketa)

Atzizki partitiboaz, -ik atzizkiaz markaturik darabilguzan izen edo adjektibo sintagmak nor-IS baten forma bereziak dira. Baina ez dabe, ez kasu aparteko bat, ez funtzino aparteko bat ordezkatzen: beti be nor sintagma baten forma bereziak dira, baina funtzino berbera daukie perpausan.

Zehaztasun hau gogorazotea beti dator ondo, ze gure gramatika batzuetan, ospe eta izen handikoetan be, kasu aparteko lez tratatu izan da deklinabideko paradigmetan partitiboa. Egia da, morfologiaren aldetik diferentea eta berezia dala, baina perpaus barruan nor-IS baten sintaxi funtzino berbera beteten dau, eta ez beste funtzino bat.

Sintaxi alderditik ikusita, -ik atzizki partitiboak –a/-ak mugatzaileen edo bat-batzuk zenbatzaileen egiteko hur-hurrekoa beteten dau: izen edo adjektibo sintagma baten determinatzaile izatearena.

Egia da, semantikaren aldetik, -ik horrek ez dauela ezer mugatzen, ez determinatzen; justu kontrakoa, desmugatu edo indeterminatu, zehatzago esanda. LagunIK, etxeRIK, txikiRIK, txarrIK dinogunean, informazino bi emoten dira:

a)      Batetik, numeroaren bikoiztasuna aldentzen da: bat eta gehiago-ren arteko banakuntza galdu egiten da, bien partiketa, erdibitza ezabatu, neutralizatu: ez bat, ez asko. Gramatikan [+/- sing] markakoak ohi dira.

b)      Bestetik, ezaguntasuna guztiz aldentzen da: lagun, etxe, txiki eta txar diralako izakiak ezezagunak dira guztiz; mugagabeak, zehaztubakoak. Gramatikan [-det] tasuna daroela esan ohi da.

Partitibodun Izen Sintagmen funtzinoak

Izen sintagma batek, -ik atzizki partitibodunak, oinarrizko funtzino bi bete leikez esaldi-perpausan:

-Subjektuaren funtzinoa, perpaus horretako aditza nor erakoa, iragangaitza, danean. Halan: LagunIK ez da agertu batzargelara.

-Objektu zuzenaren funtzinoa, perpaus horretako aditza nor erakoa danean, iragankorra. Halan: LagunIK ez dogu ikusi batzargelan.

Ze aldaketa gertatu da esaldi horretan, baiezka egotetik ezezka egotera aldatu danean? Ze aldaketa gertatu da nor-IS (izen sintagma) horren barruan? Baiezka emonda, esaldiok honakoak izango ziran: Lagunak agertu dira batzargelara. Lagunak ikusi ditugu batzargelan.

Determinatzaileari jagokonez, -ak mugatzaile plurala erabiltetik -ik determinatzaile partitiboa erabiltera.

Aditz kopulatibodun esaldien salbuespena

Nor izen sintagma dagoan esaldiko aditza lokarri-aditza danean, kopulatibo deritxogun horreetarikoa danean, ez da gertatzen -a/-ak > -ik aldaketa; ez dago izen sintagma barruan eraldatzerik.

Baiezka formulatu daigun: Liburua aberasgarria da edonorentzat. Bardin deusku liburua ezaguna dan zein edozein liburu dan. Ezezka berridatzi nahi izan ezkero esaldia, ezin izango genduke -ik partitiborik txertatu hor. Gramatika arauz okerrekoak lirateke hurrengo aukera biok: *Liburu-RIK ez da aberasgarria. Liburua ez da *aberasgarri-RIK.

Laburrean esanda, zuzenak dira hurrengo esaldi eredu biok. Subjektu funtzinoan: Jenterik ez dabil gaur kalean dagoen hotzaz. Objektu funtzinoan: Amak ez dau gaur ogirik erosi, asti barik ibili dalako. Baina okerrekotzat joko genduke izan aditz kopulatibo edo lokarrizkoaz eregiriko hurrengo hau: Ez da *mesedegarririk egun osoan jan-edanean ibiltea. Ezta be, aditzizenaren gainean txertaturik agiri dan hurrengo hau be: Berba egin behar danean isilik *egoterik ez da komenigarri izaten.

Atzizki partitiboa onartzeko baldintza nagusiak

Gramatika eta semantika alderdiko baldintza jakinak bete behar ditu izen sintagma batek eta bera daroan perpausak, bideragarri izan dadin partitiboaren eraldaketa. Hara zeintzuk, labur:

IS batek -ik partitibo-atzizkia onar dezan, gramatika eta semantika alderdiko zenbait baldintza bete behar ditu. Hala ez izatera, ez da bideragarri partitiboaren transformazioa. Gorago aitatu diranez gainera, hara zeintzuk:

- Izen eta adjektibo kategorietako hitzek onartzen dabe berez, eta nekezago osterantzeko kategorietakoek.

- Zenbatzaile kategoriako hitzei berez ez jake eransten partitibo-atzizkirik. Eta gertatzen diran kasuak, salbuespenezkoak dira, orohar.

Baietzetik ezetzera esaldia aldatzean, hara zelan gertatzen dan:

Nahikoa daki => Ez daki nahikoa

Hainbeste ikasi dau => Ez dau ikasi hainbeste.

Aski da egindakoa => Egindakoa ez da aski.

Lagun gitxi ditu => Ez ditu lagun gitxi.

Lan asko egin dau => Ez dau lan asko egin.

Zenbatzaileon artean salbuespenik agiriena asko dogu. Izan be, asko => askoRIK eraldaketa ohikoa da hiztunen artean. Hala esaten dira:

Ez daki asko-RIK (baina Ez daki asko be bai).

Asko-RIK ez da behar (baina Asko ez da behar be bai).

- nor-IS horrek, gorago aitatu dogun lez, balio zehaztugabea edo indefinitua euki behar dau. Semantikoki zehaztua edo ezagutua bada izen edo adjektibo sintagma hori, ez da bideragarri partitiboa txertatzea. Ondoko ezezkako esaldi bion artean:

Lagun-A ez da etorri

Lagun-IK ez da etorri

Lehenengoan laguna ezaguna da, lagun jakina da. Bigarrenean edozein lagun izan daiteke.

- IS-nor batek, transformazinoa jasan aurretik onartu leikezan determinatzaileak honeek dira: -a / -ak, bat / batzuk. Baina marka hutsa be (Ø marka) izan daiteke, hain zuzen aditz lokuzinoetan sarritan daukaguna.

Baina ostera, transformazinoa ezinezkoa da IS batek balio zehaztua edo ezaguna dauenean. Hau da: -a / -ak [+def], -ok hurbila, edota erakusleak: hau, honeek, hori, horreek.

- Aditz multzoak /Izen + egin/ erakoak diranean, gehien-gehienek partitiboa hartzen dabe ezezka edo galdezka dagozanean. Halakoak ohi dira: berba egin, barre egin, negar egin, huts egin, putz egin eta beste asko. Adibidez:

Ez eban berbarik egin batzar osoan.

Ez egizu negarrik egin.

Baina badira beste aditz lokuzio batzuk ostera, egitura lexikalizatuagoa dabenak, eta partitiboari lekurik egiten ez deutsienak. Halakotzat jo leitekez: hots egin, hitz egin, hitzartu, antzeman…. Euretariko batzuk, lexikalizatze gradu handikoak izanaz gainera, batera idazten dira.

Izen konposatu batzuk, /ez entzun, ez ikusi + egin/ erakoak, gai dira partitiboa hartzeko. Jose Antonio Uriarte idazlearen esaldi honetan, esaterako: “O Jaungoikoaren semearen ama! Ez egiezu arren nire erreguei ezentzunik egin” (Marija)

- Baina ezin dabe partitiboaren transformazinorik onartu behar izan (edun) erakoek, ezta  egitura predikatiboa daben aditz multzoek: hotz izan, gose izan erakoek.

Zor izan:

Dirua zor deutso. => Ez deutso dirurik zor.

Zorra izan (euki), bai ostera:

Zorra deutso eta horregaitik dago kezkaturik => Ez deutso zorrik eta ez dauka zertan kezkatu.

Akatsik ohikoenak

- Sarri jazoten da, aditz kopulatibodun perpaus barruan,  berariaz da (izan) aditzaz eregia danean perpaus hori, analogiaz okerreko bidea hartzea. Baiezka bada: Asko edatea ez da ona, ezezka ezin da bideratu: Asko edatea ez da *onik. Ez eta: *Asko edaterik ez da ona.

Ez da osasungarria goizaldetan kanpoan ibiltea esango dogu, baina ez: …goizaldean kanpoan *ibilterik.

Ondo esana dago: Osasunarentzat ona da bazkaritan ardao apur bat edatea, baina ez … ardao apur bat *edaterik.

Hizlari bati entzundako hurrengo hau, erabilera okerreko horren erakusgarri argia dogu: “Ezinezkoa da kalitate *onik *gauzatzerik”. Atzizki partitibo biak dagoz oker erabilita. Ezinezkoa da aditz multzoaren aditza, da, kopulatiboa dalako batez be, eta atzean dituan kalitate ona eta gauzatzea nor-IS biak horren eraginpean dagoz. Era zuzena ondokoa genduke: Ezinezkoa da kalitate ona gauzatzea edo bermatzea edo jagotea, hainbeste -ik edo –rik barik.

- Ezezkako perpausen azpian baieztapena izkutatzen da batzuetan, baiezkako perpausa. Horren adibide dogu ondoko esaldia: “*Argirik besterik ez zeukan paradisu hark”. Esaldi horretan -ik atzizkidun sintagma bi dira. Bigarrena, berezkoa: besterik ez zeukan. Lehenengoa, ostera, oker erabilia; azpian baiezkako perpaus bat datzalako: argia eukan, besterik ez eukan.

- Aspalditxu da, gure artean agiriko leku zarratuetan (taberna, kafetegi eta enparaduetan) erretea galerazo zala, eta iragarkiak ipinten hasi ziranean, danetarik ikusten zan hasieran. Halantxe, erreteko debekua iragarteko, leku batzuetan idazten eben: Ez dago erretzerik, aditzen emoteko han ezin zala erre. Baina egotegi barruan erre eitekela iragarteko, horren kontramezua, justu kontrako adierazpena egiteko, idatzirik ipini izan da: Hemen badago erretzerik. Bigarren hau, baieztapena, lehenengoaren, ezeztapenaren, kalko garbia da, baiezka emonda: ez dago > badago. Baina kalko okerra, desegokia gure ustez. Aukera hobeak badira. Bat: Hemen erre leiteke. Baina ez ahal dala, …erre ahal da. Beste bat: Hemen erreteko baimena dago, edo esanguraz antzekoa danen bat.

Galde-perpaus orokorretan eta batzuetan nor-zer tipoko galdera partzialetan -ik partitiboak daukan papera, eta mende-perpausetan, berariaz baldintzazko, erlatiboko eta denporazkoetan jokatzen dauena, hurrengo baterako itxiko ditugu, ez gehiegi luzatzeko. Honenbestean bada gaurkoa.

 

Iturriko

2018-12-14

 

Esatekoak 0
Ikusita: 39
2018.12.07

Ari izan, ibili, jardun… Iraupen-aspektua aditzetan (lehen idazketa)

Zeozer egiten, zeozertan ekitea adierazoteko, aditzaren iraute-aspektua aditzen emoteko, egitura bat baino gehiago ditugu euskeraz, sarritan eukalkitik euskalkira, hizkeratik hizkerara aldatzen diranak, edota esangura berezitasunen arabera, bizikide diranak.

Esku artean darabilgun egitekoaz itaun egiteko era diferenteak dagoz. Jarduera moduaren arabera, itaun egin geinke: Zertan zabilz? edo: Zertan zagoz? Hizkeren edo eskualdeen arabera: Zertan ari zara? Zertan diharduzu? Zeri dautsazu? Eta baita be: Zeri daragoiozu? edo Zertan daragoiozu? Eta, orain momentuko ekitea ez danean: Zeri ekin behar deutsazu? Zeri ekingo deutsagu?, edo: Zeri ekin deutsazu orain artean?

Ari izan

Bizkaieraz landa, ari izan aditza da orokorrena prozesuaren aspektu-alderdi hau adierazteko, dialekto eta hizkera ia guztietan. Momentuko, hitz egite uneko gertaera adierazoteko: ari dira: “Zertan edo zer egiten ari dira?”. Lehenagoko momentu bateko gertaera adierazoeko: ari izan dira:Ikasten ari izan da lehengo urte osoan.” Gertakizuneko aspektua, ariko dira markatzen da: “Kantatzen ariko dira berandura artean.” Aditz-izena aritze egituraz gauzatzen da: “Horretan aritzea komeni al da?”.

Partizipio burutuaren era nagusia ari izan bada be, bada analogiaz sorturiko bigarren era bat, aritu, tradizino laburrekoa idatzian, baina berbaz asko hedatu dana.

Aditz konplexu honen (ari izan) aspektu egitura, edo berez ikasi, edo ondo beregandu ez dauenarentzat, erraza izaten da erabilera okerretara jotea. Ikastetxe bateko ordezkari bati berbaz jasoriko esaldia da ondokoa: “Ikasleak atsedenaldian futbolean aritzen dira”. Sasiko aditza da *aritzen dira hori, edo iraganeko *aritzen ziren. Aukera bi dira onargarriak: momentuko futbol-jokoaz badihardugu, ari dira; eta sarritakoaz edo ohikoaz bagabilz: ari izaten dira.

Analogia bidez sortu dan aritu partizipioa erabilita, zuzen sortzen dan aditz perifrasia da: aritu dira. Baina zer esateko? Orain momentuan ari dirala? Ala lehenago ari izan dirala? Bigarren honen aspektua markatzen dala gehienik esan daiteke, entzuten dan kontestuen arabera.

Gertakizuneko aspekturako egitura zaharra eta nagusia, ariko dira izanagaitik, gero eta gehiago entzun edo irakurten da: ari izango dira. Bigarren hau zuzentzat jotekoa da berez, gurako / nahiko / beharko dau edota biziko da egitura nagusi orokorren ordez, gura izango, nahi izango, behar izango edo bizi izango zuzenak lirateken moduan. Baina izango horregaz eregitako aditz perifrasiok ez dira nagusiak, ez lehenestekoak; saihesteko erabilerak dira. Lehenengoak dira gomendatzekoak. Kasu honetan, ariko dira.

Ibili

Lehenengo eta behin gogorazo behar da, sartaldeko euskerearen, eta neurri baten erdialdekoaren, markak dirala -ten ibili, -ten egon tipokoak. Ekintza edo prozesu bat jardunean edo iraunean egotea adierazoteko beste egitura bi, -ten ibili eta -ten egon dira. Lehenengoa, dinamikoa, eta bigarrena, estatikoa. Berbazko esaldi ohiko bi ipinteko: Umeak olgetan dabilz eta Jatetxean afaltzen dagoz. Ibili eta egon aditzak trukatuko bagenduz, beharbada ez leukie ondo joko: *olgetan egon zein *afaltzen ibili. Zein dan horren arrazoia? Olgeta edo jolaste jarduerari ibili lango aditz aktibo bat joakolako berez, eta jate, afaltze jarduerak egonean egiten ditugulako, ez ibilian.

 

Ibili aditzaz mobimentua, zirkina, eragina adierazoten daben prozesuak markatzen dira. Zeozer egiten edo zeozertan ekinean dabilen bati egiten jakon itauna izan ohi da: Zertan zabilz? Eta erantzuna, izen batez erantzuten bada: beharrean, lanean izan daiteke; edota izen konposatu bidez: artajorran.

Baina gehienetan aditz-izen inesiboaz emoten jako erantzuna, -ten atzizkidunaz.

/Izen + aditzizen/ egitura konposatuaz erantzunda: mahats-batzen, piper-kordatzen, gaixo-zaintzen, hazi-ereiten, barri-zabalantzen… nabil.

Aditz-izen mende-perpausaz emoten bada erantzuna, izan daiteke.

Gure tradizinoan ugari eta sendo lekukotua dan egiturea. Mogelen testigantza bi ezarriko ditugu erakusgarritzat: “Gu gabilz kate eta katigutasun lotsagarri bat urratuten, arnasa baketsu ta nasaitua bilatuten”. “Joan zan baso atan ardiak zainduten ebillen mutil bategana”.

Egon eta euki

Aditz-izen inesiboari atzean dago, egoan, egoten da, egoten zan moduko aditza erantsi ezkero, prozesuaren egonkortasuna, irautea adierazoten da gehiago; prozesu estatikoa. Gaztelaniaz “estar + gerundio” egiturei jagoke -ten egon euskerazkoa, aurreko -ten ibili gaztelaniazko “andar + gerundio” egitureari jagokon antzera.

Egitura bitzuk kalkotzat jotea, eta batzuen ustean baztertzea, ekarri ohi dau batzuetan honek, baina, bildurrok eta susmo txarrok baztertuta, naturaltzat eta aiututzat epaitu beharrekoak dira gure ustez; konplexu barik erabiltekoak. Tradizino idatziak sendoro bermatuak diralako bata eta bestea.

Entzuten, ikusten legezko aditzak egon aditzagaz darabilguz sarri. Halan: “Esaizu esan beharrekoa, entzuten nago eta”. Klasiko moderno baten gutun bateko berbak: “Uste dot ze entzuten nagoala berorren agotik” (Balentin Berrio-otxoa).

Jan, edan legezko aditzak be egon aditzagaz darabilguz ia beti. Mogelen alegi baten, otsoak bildotsari dinotsazan erasozko berbak: “Zetako loitu deustazu ura edaten nengoan artean?”.

Euki aditzak hartzen deutso ordea egon aditzari, prozesuaren subjektu aktiboa jokoan sartu gura dogunean. “Odola irakiten daukat” esan geinke, “Nire odola irakiten dago” esan ordez. Mogelen esaldi bategaz on eginda: “Nire biotza erreten daukat”.

Ibili eta egon, bata zein beste

Badira prozesu batzuk, ibili edo egon aditzagaz, bata zein besteagaz buztartzen diranak, edo leitekezanak, eta ezbaia sortzen da batzuetan, zein hobeto ekantzen dan esangura jakin baterako.   Ikasten dabil edo Ikasten dago, biak dira erabiliak eta entzunak.

Normalean, esanguraz arean diferenteak izan ohi dira, aditz bera ibili edo egon aditzagaz buztartuta: Ikasten nago, dinoanean batek, momentu horretan ikasten ari dala esan gura dau. Ikasten dabil dinoanean, beharbada luzaroagoko jarduera bat aditzen emoten dihardu; halan: Ingeniaritza ikasten dabil unibertsidadean.

Edan aditzagaz, esan geinke: Urlia ardaoa edaten dago, edanean, edate egoera baten dagoanagaitik. Baina bestetik: Orain be edaten dabil, esan geinke, gelditu barik edaten diharduala adierazoteko; edate dinamikoa, gehiegizkoa beharbada. Eta sarritako edo luzaroko edatea bada be, esan geinke: Beti dabil edaten. Egunero dabil edaten. Gelditu barik dabil edaten.

Jardun aditzak be prozesuaren iraute ikuspuntua adierazoten dau, aditz-izen inesiboaren ondoren agiri danean. Aditz egitura ohikoenak izan ohi dira: dihardu, ziharduan, jardun dau, jardun eban tipokoak. Bizkaieraren ekialdean dau aditz honek, bai tradizinoz, bai gaur egun, erabilerarik handiena.

Itauna: Zertan dihardu? Erantzuna askotarikoa izan daiteke: berbetan, jaten, lanean, pintatzen…

Mogel idazlearen lekukotasun bi. Bata, aditz perifrastikoaz: “Badira baserritar, bizar egiten jarduten dabenak”. Bestea, aditz trinkoaz: “Arrotasun andi bategaz baziarduen jasoten torre au”.

Jardun aditz honen esangurea, kontestu askotan, “berba egin, berbaz ekin” adierakoa bada be, berez eta jatorriz askoz zabalagoa da, “edozertan, edozein ekintzatan” jardun leike pertsona batek.

Jarraitu eta segidu aditzak be prozesuaren iraute aspektua markatzeko asko erabiliak dira; lehenengoa idatziz gehiago, bigarrena berbaz. Mogelek, bere alegietako baten, arranoaren eta azeriaren alegian, honelan idatzi eban: “Azeri gaixo, ta besteti gaistoak, ikusirik ezin euskiola ezer arranotzarrari, jarraitu eutsan illeteaz ta palaguaz eskatuten bere umeak”. a

Jarraitu aditzaren eremu semantiko zaharra, “norbaiten edo zerbaiten atzetik joatea” dan arren, gaztelaniazko “seguir” aditzaren balioa erantsi jako, aldi modernoan gehituz joan dala. Horregaitik beharbada, segidu mailegua biziro erabilia da berbetan, idatzirako baztertuxe egon arren gaur egun. Ekintzaren iraupeneko adibide arruntak dirateke: Segidu irakurten. Segidu jenteari poz apur bat emoten.

Ekin aditzak beste ingurune askotan estaltzen dau aditz prozesuaren iraute aspektua. “‑‑Zertan ekiten deutso? ‑‑Perretxiko-batzen ekiten deutso zapatu-domeketan”.

Eutsi aditzaren joko trinkoak be beteten dau berbeta batzuetan iraupen-aspektu hau. Lekeitio aldean-eta, hondino entzuten da hiztunen onen ahotik honetariko esaldiak: Horretan dautse. Zertan dautse? Bide beretik ondo esanda dagoz: Idazten dautse. Irakurten dautso.

Eragon aditzaren jokoa aitatuko dogu gaurkoz azken. Gaur egun Nerbioi aldeko herrietan eta Zeberio aldean entzuten dana, baina lehen Arratia aldean be entzuten zana. Eragon aditzaren jokoan, 3. pertsonako adizkiak dira ezagunenak: daragoio orainean, eragoion iraganean: jaten daragoio, idazten eragoion, zertan daragoio?

Aditzaren aspektu iraunkorraren gai honek hari askoz luzeagoa dauka berez. Gure helburua, ezagunak ditugun marka batzuk aitatzea izan da, iturriaren emoia agortzeko asmo barik.

 

Iturriko

2018-12-07

Esatekoak 0
Ikusita: 40
2018.11.30

INOR, EZER, INON, INOIZ, EZELAN E-/I- aurrizkidun izenordain eta adberbioen eremua

Norbait/nonor eta inor, zerbait/zeozer eta ezer, nonbait/nonon eta inon, noizbait/nozonoz eta inoiz hitz bikoteak ‑edo hirukoteak, bi batetik eta bat bestetik‑ alkarren osagarri diran izenordain eta adberbioak dira, zehaztugabeak, eta jatorriz nor, zer, non, noiz itaun-hitzetatik datozenak.

Gaur egungo erabileran, norbait-nonor, zerbait-zeozer, nonbait-nonon eta noizbait-nozonoz sinonimo garbiak eta oso-osokoak dira, salbuespentzat hartzen bada nonbait adberbioak perpaus markatzaile modura dauen erabilera berezia; hau da, perpaus prozesu bat ziurtasun oso bakoa dala adierazoteko darabilgunekoa: Etorri da nonbait dinogunean, antza, dirudienez marken balioko esanguraz darabilgu.

Idatzi honen helburua, sail bi honeen arteko bigarrenaren erabilera deskribatzea da, inor ereduko zehaztugabeena, hain zuzen.

Osoko baieztapen modura, esan daiteke inor, ezer saileko hitzok baieztapenik eza adierazoten daben perpausetan azaltzen dirala: ezeztapena, itauna (bai-ez eredukoa), menderakuntza batzuk (baldintza, erlatiboko, denporazko mende-perpausa batzuk)

Morfofonetika alderdiko zehaztasun aitagarri bat: inor, ezer izenordainek –eta amaiera bereko sail horretako beste guztiek‑ atzeko –r galtzen dabe berbaz sartalde euskeraren ia eremu osoan, beste kontsonante bat darionean. Idatziz inork, ezerk, baina berbaz inok, zek; soziatiboan inogaz, ezegaz. Leku-denpora kasuetan: inogan, inogana, inogandik, inoganako ditugu inor izenordainaren gainean; baina ezer izenordainagaz, idatziz ezertan, ezertara, ezertatik, ezertako diranak, berbaz ezetan, ezetara, ezetatik, ezetako dira orohar.

 

Ezezkako, itaunezko eta baieztapenik ezaren inguruneak

Perpausa ezezka emona datorrenean, orokorrean toketan diran markak inor, ezer eredukoak dira. Eta bai-ez erako itauna dogunean, itauna era zabalean, edegian egiten danean be, beste hainbeste.

Inor horren azpian nor guzti-guztiak sartzen dira; hau da, “edonor, nornahi”.

Ezezkako perpausan erabilten da gehienetan, ezeztapen hau beti-beti agirian egon ez arren. Batzuetan estarian egon ohi da. Kontestu ezagun batzuk ipiniko ditugu: Inor ez dator. Inork ez daki ezer. Inorentzat ez dauka ezer. Inogaz ez dau egiten berbarik. Inorenera ez goaz aurretik deitu barik. Inogaitik ez lei horrek ezer egin. Frai Bartolomeren esaldi bat: “Ezin inok euki legi sua kolkoan, soinekoa erre bagarik”.

Ezezkako esaldiotan sarri erantsi ohi jako inor izenordainari –eta bardin ezer, inon eta inoiz kideei‑ bere/be lokailua. Halan eregiak dira: Inor be ez edota banandurik ez (…) inor be sekuentziak: Inor be ez da agiri # Ez da agiri inor be.

Ezeztapena estaldurik edo mozorroturik egon daiteke ingurune batzuetan. Aditz nagusia eragotzi, debekatu, galarazo, ukatu edo horretarikoren bat danean sarri jazoten dana. Halan:

“Egun baten egoala Democles eritxon beste bere labangillen artekoa, errege onen (...) gauza guztien jaubetasuna ta errege-jauregi edo etxeen edertasuna gogoraerazoten, ukatuten ebala, izan zala inor ta inos dontsuagorik (...)” (JAMog PAb).

 

Inor izenordainaz eregiriko ezezkako egitura ohikoak dira, goikoez gainera, inor barik, inor bako erakoak be. Halan: Tristea da inor bako etxea. Inor barik bizi izan da beti; laguntasunik arean be ez.

Itaun edo galde perpausak be, bai-ez tipokoak, baieztapenik ezaren eremuan sartzen diranez, honelakoetan be inor eredua da nagusi. Itaun horretan nor posible guztiak sartzen dira, direnak eta ez direnak. Adib.: Inor badator gaurko batzarrera? Inork ikusi dau gurekorik? Inori kalterik egin deutsazu? Inorentzat badauka berba onik? Euki dozu inogaz haserrerik? Itaun-perpausok, ete modu-hizkia tartean dala be sarritakoak dira: Ete daki inork hemen gela barruan gaua ala eguna dan? Gura ete dau inork pattarrik? Beste horrenbeste al hizkiaz: Al daki inork / Ba al daki inork zenbat balio dauen auto horrek? Itaun-esaldiotariko batzuk “erretorikoak” izan ohi dira, baina inor, ezer...erabilteko joerea bardin-bardina da.

Baldintza perpausetan be berezko erabilerea dau: Gurekorik inor ikusten badozu, emoiozuz goraintziak.

Erlatiboko egitura batzuetan be bai. Mogelen hau, kasurako: “Inori kalte egin gura deutsanak, erakarriko dabela kaltea bere burura“ (Ipuinak).

Inor izenordainak, baten bat izenordain lehiakidearen gerizea jasaten dau batzuetan; hizkera batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Halan, tradizinoz inor erabili izan dan inguruneetan, honen ordainez, baten bat izenordaina entzuten da; hari lekua kendu deutso. Itaun perpausean eta baldintzazko mendekoan erabilitako esaldi bi, Durangoaldean entzunak, lekuko: “Ikusi dozu baten bat kalean, ala?”, “Egon zaitez adi, ea baten bat (inor) badator”.

 

Ezer izenordaina da sail honetakoen artean ugariena eta emonkorrena. Oro har, aurrekoaren ingurune beretsuetan agiri da. Paradigma nagusiko formez gainera –ezer, ezerk, ezeri, ezegaz, ezegaitik…‑ leku-denpora kasukoetan da oparoa: ezertan, ezertara, ezertako… eta berariaz bere/be lokailua ondoren dabela.

Ezezkako perpausean dituan adibide batzukaz on egingo dogu: Ezer ez da behar. Ezerk ez deutso eragiten horri. Ezeri ez deutso bildurrik. Ezegaz ez da konformetan. Ezertan ez sartzea hoba dozu. Hori ez dozu ezertarako. Ezergaitik be ez dau gura.

Itaun edo harridurazko esaldietan: Ezeren ardurarik hartu dau inoiz horrek? Ezertako balio dau? Ezegaz konformetan ete da!

Baldintza-perpausak dira, behar bada, ugarienak, ezetapenaren ondoren, eredu honetako izenordainen erabileran: Ezer behar badozu, eskatu. Larrazagak XVI. mendean: “Onegati zuk ezer gura badozu erri aetarutz, esan egidazu”. “Ezertan nik bazaitut enojadu, nagotzu sekulako penaetan”

Denporazko mendekoan: Ezer gura dauenean, txilioka hasten da. Erlatibozkoan: Ezer behar dauenak, deitu daiala.

Ezer izenordearen ildo edo segida berekoak dira: ezer be ez > ezebez eta ez (…) ezer be > ezebe. Adibidez: Ezer be ez eutsien emon # Ez eutsien emon ezer be (ezebe). Bigarren hau da ugariena eta hedatuena.

Adizlagun edo adberbio funtzinoko marka ugari sortzen da ezer horren oinaz: ezertan (ezetan),

Inon (inun) leku adberbioa be ezezkako inguruneetan da nagusi: Inon ez dago holakorik. Inondik ez da ikusten troka hori. Ez joan orain inora, bazkalordua da eta. Inondik ez da agiri. Inon ete dago horrentzako moduko mutilik? Esapidetzat hartu daiteke inondik inora, leku erreferentziaz baino gehiago balio modalaz erabilia: Harek ez lei inondik inora guzurrik esan!

Be juntagailuaz indarturik sarritan: Inondik be ezin lei igarri. Inora be ez goaz. Inongoa be ez da.

 

Inoiz adberbioaren ezezkako ereduak: Inoiz ez dira inora joaten. Inoiz be ez da horrelakorik ezagutu hemen. Itaun perpausan: Inoiz jan dozu hemengo piperrik? Joan ete da inoiz lobak ikustera? Baldintza perpausan: Inoiz joaten bazara Eskandinabiara, eroaizuz erropa lodiak.

 

Inoiz adberbioa

Itaun perpausan: “Ikusi ete dau bera inoiz inork belaunikatuta holantxe, belauniko, egon behar izan dauen lekuan?“ (Zamarripa Firi-firi), „Eskatu al deutsat inoiz ogirik berorreri, ugazaba?“ (Firi 155)

 

Ezelan sartaldean eta inola erdialde eta ekialdeko hizkeretan dira modalidade zentzuneko adberbioak. Sarriroen bere/ere lokailuen laguntasunaz erabili ohi dira: ezelan be / inola ere. Mañarikoren lekukoa: “Barriro be joan ziran, eta barriro be hori jazo jaken; ezelan be urik ezin ekarri”.

 

Baiezkako eremuko erabilerak

Inor izenordainaren berezitasunetariko bat da, baiezkako perpausetan be erabilia izatea, era murriztuan bada be. Mende-perpausetan berariaz. Halan:“Modu askotara jazo leiteke, inor iltea; pekaturik egin bagarik” (Frai Bartolome).

Baina sartaldeko euskeran, inor izenordainak, tradizino zaharrean eta ekialdeko hizkeretan beste izenordainak bete dauen eremua beretzera heldu da. Eta baiezkako perpausetan erabilera honek indartsuagoa dirudi berbaz, idatzizkoan baino; baina honetan be bai.

Baiezkako erabilera garbiak dira, inor izenordaina beste tradizinokoaren erabilgune berean agiri daneko hurrengook: “Norberak txarto egin eta inori errua bota”. “Norberarentzat hartu onentxoena eta inorentzat hondakinak!”. “Norberak gura ez duena inori emon”. Domingo Agirreren ondoko pasarte honek islatzen dau garbiro erabilera hau: Soinean dauzkazun prakak inorenak dituzu, eta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nahi zenduke?” (Garoa).

Genitiboko inoren dogu sarri-sarri darabilgunetarikoa: “Inoren lepotik bizitzen polito daki horrek”. “Inoren kontura edatea gustetan jako”. Juan Bautista Eguzkitzaren Gizarte Auzia saioko esalditxo hau eraz datorren esaldia da argigarri gisa: “baltsazaleak inorena artzeko beti dagoz prest”.

 

Inoiz (inoz) dogu baiezkako perpausetan erabilgune naturala garatu dauen beste sail honetakoa, adberbioa kasu honetan. Zer diferentzia egon ohi da kasu horretan noizbat-nozonoz eta inoiz denpora-adberbioen artean? Ez dago erabateko diferentziarik; zertzelada kontuak dirala esan daiteke: inoiz horrek nozonoz horrek baino “gitxiagotan”, “aukera urriagoetan” aditzen emoten dauela esan lei. Horregaitik, behar bada, errepikaturik darabilgu batzuetan: inoiz-inoiz bai….

Berbeta arrunteko esaldiak dira ondokoak: “Inoiz ikusi zaitu kalean, baina urruntxotik eta ez zaitut agurtu”. “‑Izan zara inoiz Oizen? ‑Inoiz bai, baina orain dala denbora asko”. “Inoiz egon gara orain baino barregarriago”. Literaturako pasartetxu bat, aurrekoaren indargarri: “Badakit ondo, Eladitxo, zu aberatsa ta ni nekezalea gareana, […] baina nekezaleak inoz aberastuten dira” (J.M. Etxeita).

Zamarriparen ondoko esaldi honetan, inoiz eta zeozer biak batera erabilirik agiri dira, kontestu berean, baiezka: —Entzun egingo henduan hik inoiz zeozer han, Sondikan eta inguruetan, Portugaleteko atsoakaitik.” (Zamar Firi 180).

 

Inoiz edo behin adb. konposatua be, esapide gisa ugari erabilia da aldi modernoan: “Inoiz edo behin, problema gatx nahi gramatikako ikertzeren bat, zitala bera, egiten eben” (E. Erkiaga).

Genitiboaz eregitako egitura barruan maiztasun berezia erakutsi dau: inoizko denporan, inoizko alditan, inoizkoren baten ereduko formuletan. Halan: “Inoizko denporan halakorik jazo baledi, kontuan izan orain dinotsudana”. Edo tradizino klasikoan eta modernoan: “Inosko alditan ikusi eneutsan almendra garau bat” (Añibarro). “Iñozko alditan deitu / egin baiño len erderaz, / jausi zaiteze txuntxurrok danok / arroetara tuterras” (Arrese-Beitia).

Inoizko + -en graduatzailea be graduatze egitura ezaguna da gorengo konparazinorako, inoizkorik ondoen, inoizko txartoen eta halakoetan. Zamarriparen adibide hau lekuko ona: “Eta haraxe joan gara biok, bakotxa hiru hankaren ganean, inoizko edertoen.” (Firi-firi 160)

 

Inon (inun) leku-adberbioak, ostera, ez dauka inor eta inoiz bere sailekoak daukien moduan, eremu propiorik baiezkako perpausetan. Inon agertzekotan baiezka, mende perpausetan –baldintzazkoetan eta erlatibokoetan berariaz, eta aditzizenaz eregitako batzuetan izaten dau girorik egokiena. Adibide gitxi batzukaz, berbaz ohiko-ohikoak diran batzukaz, on egingo dogu dinoguna: “Inun egotekotan, hementxe topauko dozuz horrelako liburuak”. “Inun ikustekoak, hementxe ikusten dira“. “Inun diranak bota deutsaz arpegira”.

 

Iturriko

2018-11-30

Esatekoak 0
Ikusita: 61
2018.11.16

NORTZUK – ZERTZUK – ZEINTZUK -ZU hizkidun izenordain anitzak

Galde-izenordainetan, nor, zer eta zein hitz-marka nagusien albo-zerrendan nortzuk, zertzuk, zeintzuk ipini ohi dira; bigarrenok, duda barik, anitzak, askorakoak. Morfologia konplexua dabe: izenordain soilari -zu plurala-hizki zaharra gehiturik, eta -zu horren atzean hondino be beste plural atzizki bat, -ek mugatzailea.

Eboluzino fonetiko argia jasan dabe hirurok. Batetik, -zu zaharra -tzu bihurtu da, frikari izatetik afrikari izatera: nortzu-, zertzu-, zeintzu-. Eta bestetik, -ek mugatzailearen laburtze fonetikoa, -k soilera etorririk: nortzuek > nortzuk, zertzuek > zertzuk, zeintzuek > zeintzuk. Gaur egun, bizkaieraz zein euskara batuan, azken forma honeek ditugu arauzkotzat hautu diranak.

Nor, zer eta zein izenordainak, berez, ez dira ez baterakoak ez askorakoak; numeroari jagokonez, neutroak dira. Bardin esan daiteke: Nor izan da?, edota: Nor izan dira etorri diranak? Edo: Zer izan da hori?, edota: Zer izan dira horreek zaratak? Eta bardin hirugarrena: Zein izan da hori esan dauena?, edota: Zein izan dira zarataka ibili diranak?

Bizkaieraz baino gehiago, gipuzkeratik ekialderantz agiri da garbiago galde-izenordain soilen bakantasuna, numeroagazko neutro izate hori. Baina aldi klasikora atzera jo ezkero, edozein euskalkitan, bizkaiera barru, topau leitekez nor dira, zer dira, zein dira ereduko egiturak. Mogelen gipuzkera-bizkaieretako hiru adibide emongo ditut Bat: “erri guziak ezagutzen ditu nor diran, nola darabilten etxea”. Bi: “Zein dira Jangoikoaren amorioko seiñale edo ezaubideak?”. Hiru: “Zer dira karidadeko edo errukitasuneko egite edo obrak?”.

Baina euskerea, ibili-ibili, aldatzen eta inguruetara egokitzen joan da. Eta euskerearen sartaldean, ez bakarrik bizkaieran, baita sartaldeko gipuzkeran be (Urolan eta Goierrin berariaz) nortzuk, zertzuk eta zeintzuk izenordain anitzak garatu dira, gaztelaniaz be “quienes” eta “cuales” garatu diran antzera. Gaztelaniak -(e)s atzizkia pluralerako hartu dauen lekuan, sartaldeko euskereak -tzu(e)k hartu dau, halako garakuntza paraleloa bailitz lez.

Sartaldeko hiztunontzat, beraz, itaun-izenordain anitzak azkenengook dira argi eta garbi: Nortzuk izan dira atea jo dabenak? Zertzuk esan deustezan, akordura be ez dot ekarri gura. Zeintzuk dira goizaldean kantetan ibili diranak?

Beste era batera esanda: nor dira, zer dira, zein dira, lehen orokor izanak, sartaldean  zaharkitu egin dira, eta euren lekua nortzuk dira, zertzuk dira, zeintzuk dira eredukoek hartu dabe; bigarren sailekook orokortu dira sartaldean.

Bigarren sail honetakoak, argiro gogoratu beharra dago, zaharrak dirala. Egia esan, sartaldeko euskeran ezagutzen diran testurik zaharrenetatik dagoz ondo dokumentaturik. Baina hiru izenordainon artean agirien eta ugarien azaltzen dana zeintzuk da, bai testu zaharretan, bai klasikoetan. Nortzuk eta zertzuk urriagoak dira testu zaharretan, baina ez horraitino berandukoak.

Zeintzuk izenordaina, idatzirik zaharrenetan, itaunetan baino gehiago, erlatiboko perpausen buruan agiri da, izenordin anaforiko gisa. Halan Lazarragak XVI. mendean: “Silberok eta Doridok leengo berbaok enzun egien orduan, utra atsegin andia artu eben euren biotzetan, zeinzuk bertati, nork bere espiluak eta ezpatak arturik, joan zirean konfusioko etsera”.

Baina XVII. mendean bertan nortzuk eta zertzuk itaun-perpausetan erabiliak dira argiro. Halan, Amilleta Antzuolakoak nortzuk eta nortzuek batetik, eta zeintzuk eta zeintzuek bestetik, behin baino sarriago darabilz. Lehenengoak: Nortzuek eoden?. Nortzuk juzgaduko gaitu?. Nortzuek dira biziak?. Bigarrenak: Zeintzuk dira?. Zeintzuek dira remedio orreek? (6).

Eta XVII. mendean bertan, bardintsu Kapanaga mañariarrak: “Zeinzuk dira merezimentu geiago dabeenak?”.

Bada beste sintaxi bitxiago bat, oraindino be Elgoibar aldeko berbetan (hango lekukotasunak ditugu behintzat) bizirik dirauena, eta zeintzuk, zertzuk legezko izenordainen egitura konposatua islatzen dauena. Idazle beronen beste esaldi baten agiri da garden: /zein + izen + -tzu-k/, non zein galde-determinatzaile kategoriaz izenaren aurrean kokatua dan eta -(t)zu-k izen horri atzizki gisa erantsita: “Zein gauzatzuk lagunetan jakuz mandamentu oneek gordeetako?” egiten dau itaun Kapanagak.

Eta oraintsuragoko klasikoetara etorrita, Mogelek be on egiten dauena, sarriro gainera: “Ze penitenziatzuk dira onak […]?” darabil bere dotrina luzean.

Zeintzuk izenordainaren garapena, beste biena baino handiagoa izatearen arrazoietariko bat, erlatibo perpausak eregiteko izenordain anaforiko gisa euki dauen erabileran datza batez be. Erlatiboko mende-perpausa, gure tradizino klasikoan, beronen buru egiten dauen izenaren aurrean ipini ordez, izenlagunen posizinoan, buru-izen horren atzean kokatzen da, aposizino egituran, buru-ordezko zein edo zeintzuk dala. Sintaxi horrexetan ezagutu dabe zein eta zeintzuk izenordainek, batez be tradizino klasikoan, hedakuntzarik handiena.

Sartaldeko gipuzkeraren lekuko ona dan Lardizabalen esaldi bat: “Gero bere epai edo sentenzia bi errudun aien kontra eman zuen; esan zien, zer kastiguak beretu zituzten, zeintzuek orain ere gugan badiraute”; “eta Saragandik aldegitean, oni ere esan zion; zure anaia dalakoari milla zillar diru eman diozkat, zeintzuekin oial bat erosiko dezu, zere burua estaltzeko, munduak jakin dezan, ezkondua zerala.”

Izenordain kategoriakoak izan arren oinarrian galde-hitzok, aurre-determinatzaile gisa be aloso erabili izan dira, bai tradizinoan, bai gaur. Nor eta nortzuk da izen bategaz batera gitxien erabili izan diranak. Baina ezagunak dira, halanda be, honetariko esaldiak: Nor Jangoiko izan da hori esan dauena? Nortzuk deabru dira horreek?

Zer eta zertzuk batetik, eta zein eta zeintzuk bestetik, askoz ugariagoak dira aurre-determinatzaile gisa. Zertzuk anitza berez darabilgu, ia berban-berban: Zertzuk gauza dira entzun dozuzanak? Zeintzuk emakume izan dira kalean ikusi dituzunak?

Klasikoen artera bihurtuta, hara Mogelen esaldi hau. “igaroen jakee denporia zertzuk moda direan konteetan”.

Bego gaurkoz honenbestegaz, hurrengo baten osoago eskeintzeko gogoz.

 

Iturriko

2018-11-16

Esatekoak 0
Ikusita: 99
2018.11.09

NORBAIT, NONOR eta BATEN BAT alkarren lehian

Pertsona-izenordain zehaztugabeen artean hiru aitatuko ditugu hemen: norbait, nonor (nor edo nor) eta baten bat.

Morfologiaz diferenteak izanagaitik, balioz eta esanguraz batera datoz testuinguru nagusietan, gazt. “alguien, alguno/a” dalakoan. Euron egiturak hurrengoak dira:

Norbait, nor galdetzaileaz eta -bait hizkiaz osotua. Sartaldeko euskeran badau aldaera zahar bat, oraindino bizi dana, norbaist, atzizkitzat -baist aldaera dauena. Jatorriz osagai banangoak ziran, eta gure idazle klasikoek behin baino sarriago bereiz idatzi izan ditue: nor bait. Eta bikuntza horren ondorio garbia: nor lehen osagaia deklinatzen zan, eta ostean ipini -bait hizkia. Halan, Etxeparek norkbait ergatiboa darabil inoiz: “Nork bait ere egin deraut malizia handia”, hurrengoentzat eta gaurkoontzat norbaitek dana. Eta bizkaierazko klasiko batzuek noribait (nori + bait) be badarabile. Beste kasurik, egitura modu horregaz, nekez dokumentatzen da.

Noribat eta nori bait, loturik edo banan idatzirik, bizkaierazko klasiko batzuen artean behin baino sarriago agiri dan erea da, eta hori XIX. mende barruan. Markinaldeko idazle klasikoen artean norbaiti dogu era nagusia, baina noribait zaharrak be bizirik dirau, eta halan agiri dabe Mogelek eta hurrengo bat edo bestek. Honek: “Ernegu berbak noribait ezartea” darabil behin, eta “adorazinoia norbaiti emonaz” beste behin.

Norbait egituraren bikoiztasuna ezagun da, ez bakarrik aitatu ditugun nork-bait edo nori-bait egitura deklinatuon izaeran. Baita pluraleko formatzat garatu izan dan norzuk-bait (nortzukbait) izenordainaren morfologian be. Halan darabil P. Astarloak: “Badakizu barriz, norzukbait direala murmuralariak, edo batuten direanean daukeela projimoaren kontra dongaro esateko ekandua.” (UD II).

Dana dala, bitxitasunok gorabehera, nagusi da gure tradizinoan, kasu-hizkiak (-k, -i, -en) zein pluraleko -zu zaharra atzean izenordainaren atzean ipinteko joerea: hau da, norbait konposatu finkotzat hartuta. Halan, norbaitzu XVI. mendean bertan lekukoturik daukagu Landucciren glosarioan. Eta gure klasikoen artean nagusi izan dira, gaur diran legetxe, kasu-marka atzean darabilen formak.

Norbait, norbaitek, norbaiti, norbaiten, norbaitentzat, norbaitegaz / norbaitekin, norbaitez, norbaitegaitik dirateke kasu-marka ohikoak. Eta leku-denpora kasuetan: norbaitegan, norbaitegana, norbaitegandik, norbaiteganako, ohikoenak.

Sintaxia

Norbait baiezkako perpausetan erabili izan da tradizinoz, zerbait legetxe. Erabilera modernoa dirudi itaun-perpaus orokorretan norbait edo zerbait erabiltea, oinarrian gaztelaniaz “alguien” eta “algo” erabili ohi diralako galde-perpausetan, eta horren analogiaz sartu izan dalako euskeran be joera hori.

Gaur egungo erregistro formaletan sarritxo irakurri edo entzuten da norbait edo zerbait izenordainen interferentzia itaun perpausetan. Halan, gazt. “¿Tiene alguien algo que alegar?” euskeraz emoteko: “Badauka norbaitek zerbait esateko?” edo “Badauka norbaitek kontrakorik?”. Euskerearen joera zaharra, horrelako itaun perpausetan, inor eta ezer izenordainak erabiltekoa da. Aurreko esaldiok erabilita: “Badauka inork ezer esateko?”, edo “Badauka inork kontrakorik?”.

Nonor edo nor edo nor

Izenordain konposatu honen morfologia berezkoa nor edo nor da, zer izenordainarena zer edo zer dan moduan, edo non adberbioarena non edo non dan moduan. Baina nor edo nor egitura klasikotzat daukagu gaur, horren era batua, kontraktua, nagusitu dalako hiztunon artean: nonor, hiztun batzuk ô luzeaz noonor hondino ahoskatzen dabena.

Historiaren aldetik zaharragoak dira euskera osoan norbait ereduko egiturak nor edo nor eredukoak baino. Ez hori bakarrik. Esanguraz be norbait eta nor edo nor ez dira izan gauza bera. Lehenengoa forma neutroa izan dan moduan, gazt. “alguien” horren baliokidea, nor edo nor izenordain zehaztugabe markatuagoa izan da esangurearen aldetik; beharbada, gaztelaniazko “alguno que otro” konplexuaren baliokidea. Hau da, gaur egun nor edo ha darabilgunaren baliokidea.

Nor edo nor, zer edo zer, non edo non eta noiz edo noiz egitura konposatuak izenordain edo adberbio adierazkor modura sortu izan dira: izenordain edo adberbioa egitura errepikatuaz, edo juntagailua lokarri dala.

Eta lehen behintzat, euretariko bakotxak hartzen eban erlazio-hizkia, kasu honetan be normalean -k ergatiboa edo -i datiboa: nork edo nork, nori edo nori. Urrunago joan barik, betoz argitzera Mogelen lekukotasunok: “Ez nau ni esan dan gauzak ezertan artuten, esango dau nok edo nok beregango” (CO 209), “Nik egin neban beste tranpa modu bat, dino nok edo nok” (CO 267).

Baina euskera modernoan konposatu finko bihurtu da nor edo nor klasikoa, nonor ahoskaturik, eta balioz edo esanguraz be norbait izenordainaren baliokide bihurtu da orohar, eta bizkaeraren eremu askotan honi lekua kendu deutso. Hau da, leku batzuetan norbait esaten da eta beste batzuetan nonor.

Nonor izenordaina gaur egun erlazio-marka bakarraz atzizkitzen dogu. Oinarrizko kasuetan: nonork, nonori, nonoren, nonogaz, nonorentzat, nonorgaitik. Eta leku-denporazkoetan: nonogan, nonogandik, nonogana, nonoganako.

Dana dala, argitu daigun norbait-nonor lehia horretan, bigarren horren ordezkapena ez dala horren indartsu agertu sartaldeko euskerearen eremu osoan. Eta bestetik, nonor horrek berbaz daukan bizitasuna ez dauela hainbestean erakusten eredu formalean. Esan gura da, nonor berbaz darabilen askok norbait erabilten dauela idatziz.

Baina ez dabe oreka bera jagoten zerbait eta zeozer (zer edo zer klasikoa) izenordainek. Zeozer askoz zabalago eta indartsuago bihurtu da euskal eremu zabaletan, sartaldean ez eze, erdialdean be, nonor, nonon edo nozonoz legezkoen ikusian.

Baten bat, bat edo bat

Aurreko biakaz lehian agertu dan izenordain zehaztugabea dogu bat zenbatzailearen inguruan bilbatu dan hau. Berez morfologia bi dira, banangoak.

Baten bat, zenbatzailea –en genitiboaz atzizkiturik eta bat bigarren osagaitzat. Edo bestela esanda, zenbatzaileari –en bat osagaia erantsita. Berez edozein zenbatzaileri –en bat edo bat soilik erantsi ezkero, zenbaki zehatza zehaztugabe bihurtzen da: bost bat edo bosten bat, hamar bat edo hamarren bat. Eta baten bat, eredu horren arabera garatu dan izenordain modernoa da.

Baten bat izenordaina dala sendo markatu beharra dago; hau da, ez dau onartzen bere ezkerrean izenlagunik, ez erlatibo perpausarik. Sintagma berak bakarrik osotzen dau. Halan, esaten dogu: Baten batek ardao gehiago gura badau, eskatu daiala. Edo: Baten bati ez jako hori ondo begitandu. Edo: Baten bategaz joan da kalera.

Baina gaur egun, baten bat hori determinatzaile lez erabilteko desbidea sortu edo garatu da. Halan entzun edo irakurten da batzuetan: *Entzule baten batek dei egin gura badau, oraintxe da momentua. Edo: *Borondatea daukan baten batek dirua ipini gura badau, nork hartu ez da falta.

Aukera zuzenak besteok lirateke: Entzuleren batek… edo: Borondatea daukanen batek.

Laburbiltzeko: bat eta –en bat determinatzaile izan ohi dira, izen bati (entzule bat, entzuleren bat) edo erlatibo perpaus bati (borondatea daukan bat, borondatea daukanen bat) dautsela.

Baten bat izenordain konposatua ez da zaharra. XX. mendean loratzen da gehienbat. Kirikiñoren adibide bat: “ta otu jakon, baten bat urten litxakela bere atzean” (Kirikiño). Gaur egungo beste bat: “Hango esnetegia baten baten esku itxi eban, antza, eta bera urtean pare bat bider edo joaten zan” (Pedro Mari Goikoetxea, Oskar).

Bat edo bat zaharragoa eta klasikoagoa da baten bat baino. Gitxi erabilia, halanda be, gure literatura idatzian. Mogelen adibide bat gipuzkeraz: “ekarri beza bat edo bat” (CC 2). Zamarriparen bigarren bat: “bat edo batek... edo gehiagok / egingo leuskit mar-mar-mar” (Kili-kili). Bat edo bat horrek berbazkoan be ez dau hedadura handirik hartu. Ez dago indarrean gaur egun. Inguru batzuetan entzuten dana, erdibideko forma bat da: baton bat, idatziz edozelan be baztertu beharrekoa.

Eta pluralean zein forma jagoke baten bat edo bat edo bat izenordainei? Hiru egitura agiri dira zabu-zabuka: baten batzuk, bat edo batzuk eta batzuk-batzuk.

Baten batzuk da sartalde euskeran gehien erabilia, eta tradizino idatzi zaharrik ez handirik euki ez arren, berori da gomendagarriena.

Bat edo batzuk be zuzena eta erabilgarri da, baina oihartzun eta geriza laburrak dituala esan daiteke.

Batzuk-batzuk, gaur egun bateraturik batzu-batzuk ahoskatzen danak, gipuzkera eremuan (sartaldeko gipuzkeran esango neuke) bizirik da oraindino be, baina sartaldetik aldendu dala dirudi; edo hobeto esanda, baten batzuk eta bat edo batzuk egiturek ordezkatu eta zokoratu dabe.

Baina batzuk-batzuk izenordain pluralak klasikotasunaren lilurea dauka bere alde, oraindino be bizirik irauteaz gainera. Urri agiri da literatura idatzian, baina argiro lekukotua dago. J.A. Mogel eta Mateo Zabala ekarriko ditugu testigu; bata ekialdeko bizkaieraren eredua, eta bestea sartaldeko bizkaierarena.

Peru Landetakok Maisu Juani dinotso, bidez doazala kontauko deutsazala errefrauren batzuk: “Urten daigun etxeti, ta gura badozu, esango deutsudaz batzuk batzuk” (PAb).

Zabalak, bere sermoietariko baten holan dino: “aditu bear dozuez ogeta lau orduak, gaberdi baterik eta beste gaberdira, guztiak dakien legez, eta ez eguna barreatuten ta zabalduten dabenetik gaua ilundu[ten daben] artekoa, batzuk batzuk egin daroen legez”.

Gaurkoz bego honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-11-09

 

Esatekoak 0
Ikusita: 101