kontaktua
2012.07.27

Bizitzako ohikuneak VII Ezkontza

Belazinoa ezkontzako erritoan sartzen zan lehen.

Ezkontzak bi atal eukazan lehenago: ezkontza bera, eleizako ospakizuna alde batetik, eta ezteiak edo ezteguak, haren osteko jaia bestetik. Lehenengoak ez eukan gaur egun daukan besteko garrantzirik. Eleizkizuna behar egunean izaten zan, konbidau gitxigaz, lana ia eten be egin barik. Ezkontza egunean bertan edo handik gitxira bazkaria egiten eben, etxeko seme edo alabaren ezkontidea etxean hartzea ospatzeko, edo etxera etorrena andrazkoa izan ezkero, etxekoandre barriari ondo etorria egiteko.

Ezkontzeko ez egoan urtesasoi jakinik, bizimoduak berak edo lanaldiak agintzen eban. Ahal zala ez ziran Garizuman ezkontzen ezta abenduan be, eleizak ez ebalako onartzen belaziorik ez ezkontzarik halako egunetan.

Ezkontza gehienbat neska eta mutil gazteen arteko kontua zan. Gazteria zan ezkongaiekaz batera eleizarantz joaten zana, musika eta suziriakaz, eta alaitasun giroan. Lekukoak be ezkonlagunen artean aukeratzen ebezan. Gero bateoko aitabitxi-amabitxiak, eta azken urteotan gurasoek hartu dabe betebehar hori.

Denporeak aurrera egin ahala, gaztez osaturiko ezkonlagunen taldea beste gizatalde batzuekaz osatuz joan zan. Hasteko, etxeko senideez gain urrunagoko senitartekoak be eurakaz batera agertzen hasi ziran.

Jazoera garrantzitsu guztiekaz gertatzen zan moduan, bazkaria atontzen eben, eztei-bazkaria, etxean egiten zana. Batzuetan, ezkontza egunean bertan egin beharrean, eztei-bazkaria hurrengo domekan egiten zan, eztei-bidaia labur baten ostean. Egun horretan familia barriaren eleiz hilerria edo jarlekuaren jabetza hartzen eban, eleiz hartzea, eta aurrerantzean, etxe barriko hildakoei eskaintzak egiteko ardura hartzen eban etxekoandre gazteak.

Ezteguak egun batez edo bi-hiru egunez luzatzen ziran, beti be, sendiaren mailaren eta diru-baliapideen arabera. Bezperan animaliak hiltzen ziran eztei-bazkarirako atontzeko. Auzokoen laguntzaz, etxeko emakumeek prestatzen ebezan jakiak eta jantokia. Berrogeta hamarreko hamarkadtik aurrera eztei-bazkaria etxetik kanpo egin izan da, jatetxeetan.

Ezkontzaren bidea aukeratu ezkero, seme-alabak izatea etxearen eta leinuaren jarraipena ziurtatzen eban bedeinkapen gisa hartzen izan da. Ezkondu barik geratzen zana (mutilzaharra edo neskazaharra), etxera lotuta geratzen zan eta etxekoen artekoa zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1498
2012.07.20

Bizitzako ohikuneak VI Ezkongaiak

Aspaldi igandeko paseoaldi, dantzaldi eta erromerietan baino ez eben eukiten neska-mutilak alkar ikusteko aukerra. Ez euken beste unerik bakarrik egon ahal izateko. Gaur egun maitasun harreman bati hasiera emoteko burubidea bai mutilarena bai neskarena izan daiteke. Lehen, ostera, lehenengo urratsa mutilak emoten eban, zuzen-zuzenean neskeari jakinaraziz edo errekadua botata. Hori egiten zan mutila lotsatia znean, edo mutilzaharra zanean. Errekadua era bitara egiten zan; lagunen eta etxekoen bidez (batez be amaren bidez), beti izaten zan konfiantza osoko personea. Errekadua eroaten ebanak, erantzuna ekarri behar izaten eban.

Beste batzuetan kasamenteru edo ezkontzaginarengana jotzen eben. Halakoak neska-mutilak alkartzeko trebeak izaten ziran benetan. Tartekari honeek arazoren bat egoanean erabilten ziran: edadeko personea izatea, akats fisikoduna, gaisorik egotea, fama txarrekoa izatea, edo pobre izatea.

Ezkontzaginek feria egunak aprobetxatzen ebezan tratuak egiteko, egun horretan baserritar guztiak herrian batzen zirala-ta. Batzuetan persona jakin batengana joten eben, mutilaren gustokoa zanarengana; baina beste batzuetan mutilak edo familiak ezaugarri batzuk emoten eutsezan eta berak topatzen eban personarik aproposena. Ondo konpondu ezkero ezkondu egiten ziran, osterantzean, beste baten bila hasi. Herriak gaur egun baino askoz bakartuago egozanez eta herritarrak eurak be gitxi ibilten ziranez batetik bestera, herri bereko edo alboerrietako bikoteen arteko ezkontzak ziran ugarienak.

XX. mendearen hasieran gurasoak konpondutako ezkontzak be egiten ziran:

•Askotan gurasoak etxe onekoak eta familia dirudunak zirenean euren estatus edo mailari eutseko edo hobetzeko ahalegina egiten eben, horregaitik gutxienez euren maila bereko laguna topaten ahalegintzen ziran.

•Seme-alaba gabeko ezkonduak, bakotxaren aldeko loba bat hartu eta ezkondu egiten ebezan, euren etxeak aurrera segitzeko.

•Osaba-lobak ezkontzea be nahiko arrunta izan da. Ameriketatik etorten ziran aberatsak be harrapatu guran ibilten ziran gurasoak.

•Truke-ezkontza: mutila alabaren baten eskua eskatzen etorten zanean, etxeko zaharrena ez bazan, eta zaharrena ezkondu barik baegoan, ezezko erantzuna emoten jakon, eta nahi baeban nagusiena prest egoala esaten jakon.

Ezkontzaren aurretik, prestakuntzak egiten ziran.

DEIUNEAK (Ezkon-deiak, eleiz-deiak, geierak, deionak...): Eleizako pulpitutik, bikote batek ezkontzeko gogoa daukala azaltzen da, eta ezkontza hori ospatzeko inork eragozpenik badauka horixe da jakiteko momentua. Herri gehienetan deiuneak ezkontza aurreko hiru domeketan egiten ziran. Batzuetan, kasu berezietan, hiru aldiz egin beharrean, behin egiten zan: ezkongaiak alargunak zirenean, abadea izandakoren bat ezkontzen zanean, neska haurdun egoanean...

Batez be mutilek, ezkontzaurreko agurra egiten eben, lagun artean bazkaria eginez. Lagunek, bestalde, koplatu egiten ebezan ezkongaiak etxaurreetan, toberekin esaterako.

ARREOA ETA EZTEI-BURDIA: Dotea: Gizonak edo emakumeak ezkontzara ekarten dauan dirua edo patrimonioa da. Gehienetan etorkinak, hau da, kanpotik etxera etorrenak ekarten eban. Batzuetan dotearen barruan ganadua be sartzen zan. Arreoa: Emaztegaiak prestatzen dituen gauzak dira: izerak, mantelak, erropak, toallak... horreek guztiok berak egiten zituan gazte-gaztetarik hasita amaren edo ahiztaren baten laguntzaz. Horretaz aparte neskak, logelako altzariak be ekarten ebazan. Mutilaren arreoa: aizkora, atxurrak, kodaina...

Arreoa-eroatea eztei-burdian egiten zan. Ez egoan egun zehatzik hori egiteko, deiune garaian hasita eta tornaboda egin arte. Dana dala, gehienetan ezkontza bezperan egiten zan. Arreoa etxe barrira eroatea erritoa izaten zan. Egun horretarako bai burdiak bai idiak dotore ipinten ziran, buztarrian txilinak, eta gainean ardi-narrua edo azkonarraren narrua. Ahalik eta zarata gehien ataraten ahaleginduten ziran mundu guztiari barria emoteko. Gauza guztien gainean, ohea, gorua eta espilua eroaten ziran. Etxera heltzen zirenean arreoaren erakustea eta errekuentoa egiten zan, gauza guztiak banan-banan aitatuz.

Esatekoak 0
Ikusita: 1802
2012.07.12

Bizitzako ohikuneak V Gaztaroa

Nerabezaroan neskato-mutikoek haurtzaroko jolasak apurka-apurka alde batera itxi eta hamasei-hamazazpi urteko neska-mutil egin arte haziz joango dira. Gaztaroari jagokon adin-tarte horretantxe egongo dira harik eta sasoiko neska-mutil egin arte.

Gaztaroan sartzean janzkera eta orrazkera bera be aldatu egiten eben gazteek. Lehengo mendearen erdira arte sasoi horretan hasten ziran mutilak praka luzeak janzten eta neskak txirikorden eta trentzen ordez ulea luze ixten. Mende hasieran buruan koloretako painelua janzten hasten ziran (ezkonduak zuria, alargunak baltza).

Sasoi horretan eskolea itxi eta lanean hazten ziran mutilak, morroi edo lanbideren batean ikasle. Neskak etxeko zereginei erantzuten ikasten eben.

Gaztaroaren beste ezaugarrietako bat izango da maitasun kontuetan hastearena: errondak eta neska-mutilen arteko lehenengo hartu-emonak, jaiak eta dantzaldiak sexu bietako gazteek bat egiteko gune aproposa izango dira.

Mendearen hasierako hamarkadetan eguneroko zereginek, (iturrira uretan joatea, askotan neskentzat arratsaldean urteteko aukera bakarra), taldetan egiten ebezan lanek eta urtaro bakotxaren amaierako zereginek (arto-zuritzea, gari-jotea, linu-igurtzia…) alkar ikusteko aukera emoten eutsien gazteei. Eleizako ospakizunetarako urteera be une aproposa zan horretarako. Neskak ahalik eta ondoen preparetan ziran, mutilak portikuan itxaroten egoten ziralako. Mutilak beti egoten ziran prest bidean apur baten laguntzeko.

Baina bat egiteko, erlazionatzeko eta hartu-emonak hasteko unerik aproposena domeketako dantzaldia zan. Hara joaten ziran gazte guztiak jantzirik dotoreenakaz (askotan baserritik abarkakaz urten eta plazara heldukeran zapatak ipini), auzoko herrietako jaietara eta erromeriara joaten ziran modu-moduan. Leku batzuetan beste herri batzuetako jentea b etorten zan, eta horrek hartu-emonak erreztuteko aukera emoten eban. Garizuma garaian ez zan dantzaldirik egoten, galazota egoan, eta horren ordez domeketan paseoaldiak egiten ziran.

Horregaz lotuta dago neska laguntzea. Jolasaren ostean, mutilak neskatoari etxera laguntzen eutsanean alkarregaz ebiltzan seinalea izaten zan. Batzuetan, etxekoak edo herrikoak enterau ez eitezan, plazatik banatuta urteten eben eta gero lekuren baten geratu eta alkarregaz egiten eben bidea.Alkarregaz hasteko modua izaten zan mutilak neskeari galdetzea etxera laguntzea nahi dauan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1926
2012.07.05

Bizitzako ohikuneak IV Haurtzaroa

Lehenengo jaunartzea 50eko hamarkadan.

Haurtzaroan, hasiera-hasieratik umea amari lotuta egongo da; haur besoetakoa da eta amak bularra emonez elikatuko dau. Titia hartzea urte bi inguru irauten eban, eta inoiz gehiago be luzatzen zan, pentsatuz holan ama ez zala barriro haurdun geratuko. Umedun geratu ezkero, amak bularra emoteari itxi egiten eutsan emakume haurdunaren esnea ona ez zalakoan.

Umea hazteko zama arintzeko, familiako beste emakumeek laguntzen eutsien eta, sarritan, auzoko seintzain gazte batek. Dirudunen etxeetan neskameak eta inudeak eukiten ebezan.

Lehenengo txantxurrak, haurraren lehenengo haginak, sasoi barri baten hasiera adierazten eben. Umearen elikatzeko ohiturak aldatu egiten ziran eta ibilten eta berba egiten hasten zan. Bakarrik egindako lehengo pausoak eta lehenengo berbak poz eta alaitasun-iturri izaten ziran etxekoen artean.

Haginak sei edo zazpi urtegaz jausi orduan, zentzuduna izeneko adin-maila barria hasten zan. Sasoi horretako jarduera nagusia taldeka jokatzea izaten zan. Adin horretatik aurrera jokorik gehienetan sexuen arabera banatzen ziran. Jolasaren osagarri, urteek aurrera egin ahala indar handiagoa hartzen joian eskoleak be.

Haurtzaroko une horretan hogeigarren mendearen hasieratik Lenenengo Jaunartzea edo Komuninoa ospatzen izan da. Hori gertaera garrantzitsua izaten da umeentzat, umea izatetik arduraduna izatera pasatzen dalako. Mende hasieran hamabi-hamalau urtegaz egiten zan, eta edade horretan persona nagusitzat hartzen ziran, gazteen mundura sartzen ziran eta kasu askotan eskolea itxi eta beharren hasten ziran.

Geroago, Pio X.aren agindu baten ondorioz, komuninoa egiteko edadea aurreratu egin zan, zazpi urtegaz egin izan da. Horrek eztabaida handiak sortu zituan eta Gipuzkoan eta Iparraldean batez be, komunino bi egitea erabagi zan, Komunino txikia, zazpi urtegaz, eta Komunino handia, 12-14 urtegaz. Bigarren hau garrantzitsuagoa izaten zan. 50-60ko hamarkadatik aurrera leku guztietan egingo da komunino bakarra.

Komuninoko jantziari jagokonean, antzina ez zan trajerik erabiltzen. Erropa barriak egiten ziran, egunerokoak baino hobetxugoak, aurrerantzean jai-egunetan eta erabilteko modukoak. Familia lutoa euki ezkero, baltzez jantzita egiten eben, eta mutilek besoko baltza eroaten eben. 30-40ko hamarkadatik aurrera, herri txikietan beranduago, komuninoko trajeak erabilten hasi ziran, jantzi zuri luzeak neskak, eta marineruenak mutilak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1542
2012.06.29

Erregelak San Pedroetan

Erregelak dantzatzen Berrizen.

Erregelak, Soka-dantza, Elizateko aurreskua. Izen guztiok dantza bera izendatzeko dira. San Pedroetan egiten izan da, baina gerora beste jaiegun batzuetara zabalduta dago. Jatorria Bizkaian badauka be, Arabako zenbait herritara be heldu da.

Dantzak bost zati daukaz: aurrez-aurrekoa, abarketak, erregelak edo ingurutxoa, banako zaharra eta eskasak edo zortzikoa. Erregeletako atala, era berean, beste zati bitan bereizita dago; aurreskua eta atzeskua. Horreek biok, beste dantza askoren moduan, kantau egiten ziran. Holan errazago zan dantzarientzat dantzan ikastea.

Meza nagusiaren ostean egiten zan dantzea, herriko agintariak bertan zirela. Zortzi dantzari izaten ziran, eta garrantzitsuenak aurreskularia eta atzeskularia. Alkateak eta alkateordeak urte horretan ezkondutako andrazkoen artean bi aukeratu eta euren omenez banako zaharra egiten eben. Goizeko ekitaldia orripeko, arin-arin edo porrusalda eta biribiltekagaz amaitzen zan.

Arratsaldean, behin eta barriz errepikatzen zan soka-dantza, orduan agintaririk barik. Dantzariek eurek euretara aukeratzen ebezan ikusleen artean omendu beharreko neskak.

Hona koplak:

Abarketak urratuta
zapatarik ez
Bemeon gelditu naz
oinetako minez.
Hauxe dok egia
zortziko barria.
Hiru txiki arduarekin
librako ogia.

Ardautxuak parau gaitu
dantzari bai eta koplari,
ez gaituk mutiltxuok egarri
ez eta egoki.

Neronen afezinoa
beti dok tabernarako
bestela gure finak
eskean beharko.

Ezin faltadu,
kondezinotxuak bere
onak ditugu.
Goizean joaten gara
tabernara eta
arratsean berandu etxera
gero joaten gara.

Atzo eta gaur,
harainegun bere bai,
hiruretan izan da,
gure herrian jai,
baina horigaitik, hi!
Betor ardoa
edan dezagun eta gero
gogoz dezagun alegrez.

Erropatxu zaharrak eta
eztarriak garbi
zorra dogu franku baina
harturenak gutxi.

Bart gure auzoan
ziraden hasarrez,
bai batzuetan geu bere
baita orain bere,
gogoz dezagun alegrez
alegrementean
egongo garean artean
leku batean pitxarra aldean
gure fina biharkoz jagok
ospitalean.
Tra tralailaraila lalalalara
trialalarailalai.

Esatekoak 0
Ikusita: 1777