kontaktua
2012.06.19

San Juan bagilean

San Juan jai handia da, udako solstizioaren adierazgarria. Eguzkia goren dagoan sasoia adierazten dau, egunik luzeena eta gaurik laburrena. Gure herri literaturaren bitartez, jakituria zabala hartu dogu honen ganean. Hona esaera batzuk:

Egunik luzeena San Juanena; gaurik luzeena, Santa Luziena.

San Juan eguna, argitu orduko iluna.

San Juan, nekez etorri ta azkar joan.

Gaur da San Juan, bihar «juan zan».

Eguzkiak San Juanetan dantza.

San Juanek esku batean suba eta bestean uda.

Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan.

Udara, San Juanetatik San Pedrotara.

Horrez ganera, ortuko generoaren eta eguraldiaren gorabeherak guztiz presente dagoz esaeretan:

San Juan euri gabie, urte ogi gabie.

San Juan (Donibane, Jondone) euritsu, urtea ogitsu.

San Juan, artoa eta ogia kanpoan.

Gure artean San Juanetan hainbat ohitura zabaldu dira: bezpera gauean sua egin eta gainetik salto egitea, zuziak hartuta ortu-soloetan kantuak eta errezuak esatea, uragaz lotutako ohiturak, lora-sortak ateetan ipintea… Halakoetan, gainera, konjuru moduko errezitaduak eta esaldiak botatzen dira:

San Juan Bautistaren izenean salto (jauzi)!

San Juan bezpera, sarna a fuera. Ogie ta ardoa etxera. Atso zaharra gangelpera. Neskatxa gaztiak txokolate hartzera.

San Juan bien, sarna (azteria) fuera! San Juan Bautistaren izenean salto!

San Juan goixeko inontzagaz ankak busti ezkero, gatxak kendu.

San Juan, San Juan, viva San Juan,
artoak eta gariak gora, viva San Juan,
subeak eta zapoak erre, erre, erre, viva San Juan.

Gaur dala, biar dala Doniane,
etzi San Juan biaramone,
gure soloan lapurrik ez
badagoz bere erre beitez.

Esaldi egin horreetariko batzuk kantu-txatalak dira, kantutik aparte soltean osotasun modura geratu diranak.

San Juanetako kantuak be badagoz, Bizkaian zehar nahiko zabal. Aldaera hau Resurrección Akuek Cancionero Popular Vasco lanean dakar.

San Juan bagilean
denpora ederrean,
hamalau atso tronpeta joten
motrailu baten ganean.

Udan udan udan
San Juanetan
dantzan eingo dogu
ifar-haizetan.

Lirio lora ederra
jaio da bagilean
lora ederrez beterik dago
Pazkua-maiatzean.

Udan, udan, udan…

Maiatzean lirio ederra
baia orain bagilean
hirukotxa ederrago da
Pazkua-maiatzean.

Udan, udan, udan…

Gure ortuan ginda-lorea
San Juanetan heldua,
San Juanak baino lehenago
gure usoak batua.

Udan, udan, udan…

Beste hau Emilio J. Donadok Otxandio, Oleta, Gatzaga, Legutio eta Ubideko euskal herri-kantak liburuan argitaratua da.

San Juan de la Portaletaña
zapatu arratsaldian
hamalau atso tronpeta joten
motroilo baten gainian.

Urra, urra, urran
San Juanetan!
dantzan eingo dogu
ipar-haizetan.
Ujuju!
San Juanera goaz gu.

Hasierako esaldia San Juan ante Portam Latinam ei da jatorriz, herriak ahoz horretara bihurtua.

Esatekoak 0
Ikusita: 2879
2012.06.15

Bizitzako ohikuneak III Amaren erditze ondoko denboraldia (puerperioa)

Lehengo gizartean, erditzea eta gero, eleizan-sartzea izeneko erritoa egin arte, ama ezin zan etxetik atera. Eleizara domeka eta jai-egunetan joan beharra be parkatu egiten jakon. Ohitura hau aspaldikoa da; Moisesen legearen arabera, umea izaten eban emakumea lohi geratzen zan, eta berrogeigarren egunean bedeinkazinoa hartu arte, ezin zan eleizara sartu.

Ordurarte, ama barria, gaixotzat hartzen zan, horregaitik bisitan joaten ziranak, batez be emakumeak, indarberrituteko ardau gozoa, txokolatea, gailetak, eta oiloa eroaten eutsien. Oilo-salda, indarbarritzeko oso ona ei da. Baina askoren esanez, “andrak kaldue eta gizonak ollue”.

Denboraldi horretan emakumeak ezin eban etxeko lanik egin, ezin zan uragaz ibili, ez bururik garbitu... Horregaitik beti izaten eban familiako beste emakume batzuen laguntza. Herri batzuetan ezin eban etxetik urten, eta agindu hau zorrotz beteten zan, leihora be ez ziran urteten. Beste herri batzuetan etxetik kanpora bai baina eleizara ez.

TEILA BURUAN. Aspaldi galdutako ohitura. Emakumeak derrigor etxetik kanpora urten behar ebanean, laguntzarik ez ebalako... erropa eskegiten, egur bila... etxeko teilatuko teila bat eroaten eban buru gainean, eta ez eben kentzen etxera barriro sartu arte. Teila hori etxearen sinboloa zen, eta era horretara ez eben agindua apurtzen.

ELEIZAN SARTZEA. Hirurogeiko hamarkadara arte, ama barriak eleizan sartu aurretik bedeinkazino berezia hartu behar eban, post-partum bendizinoa. Ama eleizara joaten zan emaginak edo auzokoren batek lagunduta, eta horrek eroaten eban umea besoetan. Abadeak eleizako atera urteten eutsan ama barriari, berak kandelea piztuta eskuetan daukala. Abadeak ama bedeinkatuten eban eta estolea ipinten eutsan eskuaren gainean. Gero eleizara umeagaz sartu eta mezea entzuten eben. Kandelea ofrenda legez eleizan ixten eben.

Lehengo gizartean, jaiotza barriaren ospakizuna amaren erditze osteko aldia amaitzean egiten zan. Esan dogunez, egonaldi hori eleizan sartzea izeneko ohikuneagaz amaitzen zan eta gero jai giroko otordu batez ospatzen zan, ermakariak, martopilak, atsolorra edo andraikustea. Horixe izaten zan erditzen laguntzen ebenei, eta erditu ostean opariekin ikustera joandakoei eskerrak emoteko modua.

Esatekoak 0
Ikusita: 1626
2012.06.05

Bizitzako ohikuneak II: Bateoa

Lehen, umeak jaio eta gitxira bateatzen ebezan, batzuetan jaiotako egunean bertan. Euskal Herrian onarpen zabaleko ohitura erlijioso horren oinarrian sineste hauxe dago: umea bateoaren bitartez kristau egin eta jatorrizko pekatutik garbi geratzen da. Eta beste alde batetik umea bateatu baino lehenago hil ez daiten, bere arima linbora joan ez daiten.

Horregaitik jaio orduan umea txarto egoala ikusi ezkero, gehienetan partereak edo etxekoren batek bateatzen eban, komunioa egindako haur batek be egin eikean, “etxeko bautizoa” egiten zan. Etxe guztietan egoten zan ur bedeinkatua erabilten zan horretarako. Gero umea bizirik atera ezkero, barriro egiten zan behar dan moduko bateoa eleizan, egun batzuk igaro eta gero.

Umea bateatu aurretik egoten ziran prebentzioak:

-Euskal Herri osoan batu dan sineskerea da, bateatubako umeari ezin jakola mosurik emon, oraindino kristaua ez dalako, bedeinkatu barik egoalako eta jatorrizko pekatuagaz lohituta egoalako. Horregaitik be, leku batzuetan bateoa eleizako atarian egiten zan, bedeinkatubako ume hori eleizan ez sartzearren.

-Kutunak eta ebanjelioak. Halakoak umea begizkoaren kontra babesteko erabilten ziran. Poltsa txiki batzuk ziran, batzuetan bihotz formadunak eta umearen erropetara lotuta edo samatik eskegita ipinten ziran. Poltsatxuaren barruan gauza desbardinak sartzen ziran. Kortezubin: ogi bedeinkatua, ikatza eta oilo-korotza. Nabarnizen: umearen tripa-zilaren zatitxua eta ikatza. Telleriarten: san Juan egunean bedeinkatutako lora sortaren zatitxuak. Ebanjelioetan, ebanjelioetatik hartutako paper zatiak eukiten ebezan.

Dana dala, batzuetan umeek begizkoa eukiten eben, umeak egun osoa negarrez emoten eban, apurka-apurka gero eta makalago eta ahulago ipinten zan, eta kasu batzuetan hil. Hori osatzeko modu bi egoten ziran. Erlijiosoa, eleiza edo santutegi berezi batzuetara eroatea: Deustuko San Felicisimo edo Bilboko Begoñako basilikara. Magikoa. Herri gehienetan egoten zan begizkoaren kontrako erremedioa egiten eban andraren bat. Hauxe da prozesua.

-Umea lepoan hartu eta izara edo manta bategaz tapau.

-Sartagin baten eztainua eta plomua urtuten jarri.

-Inork ulertzen ez ebazan esaldi batzuk esan, eta urtzen zanean umearen ondoan egoan palangana batera bota. Umea gaixorik egoanean amasari sekulako puntak urteten eutsien. Ostera, osatuta egoanean, nahasketa taloaren amasaren moduan geratzen zan.

Batzuk hau guztiau sorginkeria zala esaten eben, eta ez ziran holango gauzak egitearen aldekoak.

Bateoagaz lotutako ohitura bi

BOLOAK: Bautizuaren ostean aitabitxiak karameloak, konfiteak, intxaurrak eta azken urteetan txanponak botaten ditu. Umeak beti pozarren egoten ziran bautizoakaz. Herri batzuetan, batez be eskola eta eleiza ondoan egozanean, umeei eskolatik urteten ixten eutsien boloak hartzen joateko. Umeak portikuan egoten ziran itxaroten, eta aitabitxiak ezer botaten ez baeban, kantu hau esaten eutsien: “Padrino cagau que a mi no me han dau, si cojo al chiquillo lo tiro al tejau”.

BENTURAKO UMEA: Lehengo mendeko lehenengo hamarkadetan jasotako ohitura da. Familia baten bi edo hiru seme-alaba jarraian hilten ziranean, besteren bat jaio ezkero ez jakon aitabitxi eta amabitxirik aukeratuten. Umeagaz eleizara joaten zirenak, bautizoa portikuan izaten zanez, eleizatik urteten eben lehenengo andra eta gizona aukeratzen ebezan, edo bestela bidean aurkitutako baten bat aukeratzen eben. Holan egin ezkero ume hori ez zala hilko pentsatzen zan, eta era horretara bateatutako umeei askotan Bentura izena ipinten eutsien.

Esatekoak 0
Ikusita: 1556
2012.05.30

Bizitzako ohikuneak I: Jaiobarriak

Bizitzako ohikuneak, egoera aldaketako erritoak edo egoera aldaketako ohikuneak, adin maila batetik besterako igaroaldia adierazteko ohikuneei esaten jake, edo gizarte, politika edo erlijino-maila barri batera igarotean egiten diran ospakizunei.

Erritoak mailaka agertzen dira eta euron sekuentziak bizitzaren prozesua osatuko dau helduarora arte: jaioberriak, haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, ezkongaiaroa eta ezkontzaroa.

Jaiobarriak

Umetxuaren sexua jakiteko egiten ziranak: gaur egun dagozan bitartekoakaz laugarren edo bosgarren hilabeterako badakigu jaioteko dagoan umea neska edo mutila izango dan. Baina horretarako modurik ez egoanean be, egoten ziran umearen sexua igarteko bide edo sineskerak:

- Amaren triparen formeagaitik:
tripa biribila = neskatoa         Tripa aurrerantza = mutila
Tripa handia = mutila              Tripa eskasa = neskatoa
Tripa altua = mutila                 Tripa bajua = neskatoa

- Amaren aurpegiko mantxak:
Aurpegi garbia = neska         Mantxak = mutila

- Bota gureak, bihotz errea, molestiak = neskatoa; Haurdunaldi ona = mutila

- Ilargiaren eraginaren arabera:

Ilbeheran haurdun geratu ezkero = neska          Ilgoran = mutila
Iretargi betea = mutila           Iretargi barria = neskatoa

Jaioberriakaz lotuta dago haurrei umeen jatorriari buruz emoten jakezan azalpenak, edo umeen sineskeraren arabera asmatutakoak. Orain dala gitxira arte, umeen jatorria, gai tabua zan, sekula be umeen aurrean aipatzen ez zana, eta gauzak diran moduan azaldu beharrean edozein azalpen emoten jaken euren jakingura hori aldetik kentzearren.

-   Zikoinak, Parisetik. Umea trapu edo izara baten batuta ekarten dau mokotik eskegita, eta beti gabaz, gero tximiniatik sartu eta sehaskan ixten dau. Hau da umeen artean egon dan sineskerarik zabalduena, batez be Nafarroan eta Araban, herrialde bi honeetan zikoinak egoten direlako. Bizkaian eta Gipuzkoan beranduago sartu zan sineskera hori, 50-60ko hamarkadetan. Geroago telebista eta marrazki bizidunen eraginez, guztiz zabalduta egon dan sineskera da hau.

-   Emaginak (partoan laguntzen eban andreak) edo medikuak ekarrikoa. Sineskera hau aurrekoa baino zaharragoa da. Emaginak edo partoan laguntzen eban beste edozeinek: medikuak, enfermerak, praktikanteak... ekarten eban kaja baten sartuta.

-   Zerutik ekarriak. Hau da azalpen guztietatik zaharrena. XX. mende hasieran, umeak zerutik etorten zirela be pentsatzen zan, aingeruak edo Jaungoikoak ekarten zituela.

-   Ume barria erosi. Batez be Nafarroan jaso da sineskera hau. Umea jaioteko egoanean, gurasoak euren seme-alabei, dirua aurreratu dabela eta ume barria erosiko dabela esaten eutsien. Uri handietan erosten ziran: Iruñean, Donostian, Bilbon.

-   Etxe inguruetan aurkitu: Lekua beti aitaren lanbidearen araberakoa izaten zan. Artzainek artzain-bordan aurkitzen eben, ikazkin eta egurginek mendian edo basoan; arrantzaleek, itsasoan, sare artean.

Gaur egun, bai etxean eta bai eskolan informazino gehiago emoten da, eta urte batzuk euki orduko gitxi gorabehera jakiten dabe umeak nondik datozan. Horregaitik aurreko azalpen guztiak, 70eko hamarkadan galtzen hasi ziran.

Joan dan mendearen erdi aldera arte, emakumeek etxean bertan eukiten ebezan seme-alabak, herriko emaginaren, senitarteko emakumeen eta auzokoen laguntzaz. Erditzea etxeko gertaera zan eta emakumeek baino ez eben bertan parte hartzen. Medikuari partoa gatxa zanean edo arazoak egoten zirenean baino ez jakon deitzen.

Erditzeagaz amaitzeko bitxikeria bat: XX. mende hasieran, batzuetan emakumeak umea ohe gainean izan beharrean, aulki berezi baten edo bere senarra, edo beste andra baten altzoan jesarrita ekarten eban umea mundura. Kasu batzuetan orduetan egoten ziran postura horretan. Era horretara partoa erraztu egiten zala pentsatzen zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1427
2012.05.24

Bizente Sarria (1767-1835)

Bizente Sarria 1767an jaio zan Etxebarriko eleizatean, Bilbo ondoan. Horrek esan gura dau Bizkaiko klasiko nagusiak baino gaztetxoagoa dala. Juan Antonio Mogel 1745ean eta Pedro Antonio Añibarro 1748an jaioak dira, beraz, belaunaldi hori baino hogei bat urte gazteagoa dogu Sarria.

Horrezaz ganera, Sarria egon zan San Frantziskoko komentuan Pedro Astarloa be egon zan. Pedro Astarloa Bilbon Gabon egunez egiten ziran Gabon-kanten egilea izan zan hainbeste urtetan.

Beraz, esan daiteke ez dala hutsetik hasi, bazituan aurretiko fidagarriak, baita ordena barruan be.

Bizente Sarria lekuko ezin hobea da XVIII. mendean Etxebarri eta Bilbo inguruetan egiten zan euskerea ezagutzeko.

Ospakizun handietan, jai ospetsuetan misinoak egiten ziran herrietan, eta halakoetara sermolariak ekarten ziran. Horreetarikoak, josulagunak Espainiako erreinuetatik aldenduak izan ziran ezkero, frantziskotarrak ziran ekinzaleenak edo gogotsuenak.

Sarriaren sermoiok euskeraz dagoz, arrazoi bigaitik. Alde batetik sermolari zehatzak eta finak ziralako, gero esango zituen sermoiak idatziz ipinten ebezan. Eta bestetik, behin idatzita, pleguetan ipini eta gorde egiten ziran, ze gai edo motibo euken, eta gero beste batzuk be erabilten ebezan sarritan.

Bizente Sarriarenak, berak idatziak gehiago izango ziran, baina gorde diranak berak Ameriketara eroandakoak dira. Eta pentsau lei zeozegaitik eroango ebazala, berak estimadu eukiko ebazalako edo. Horri eskerrak, eta hango biblioteka edo administrazinoari eskerrak gorde dira sermoiok. Hak idatzitako sermoi batzuk, euskerazkoak zein gaztelaniazkoak, Berkeleyko Bancroft Liburutegian gorderik dagoz.

Xabier Altzibarrek emon eban lehenengoz sermolari honen barri, berari zor deutsagu euron ezagupidea. Gerora, Josu Bijueska lankidea Santa Barbarako unibersidadean irakasle egoala-ta, hari eskatu geuntsan kopia bat zuzenduteko.

Bizente Sarria (1767-1835). Sermoitegia izenburuagaz haren testuak batzen dituan liburua atondu eben Nagore Etxebarriak eta Ainara Apraizek. Labayru Ikastegiak Jarein bilduman argitaratu eban liburua 2009an.

Liburuan, testuak gaurko grafian aurkezten dira. Horregaz batera, bertan datorren CDan jatorrizko moduan dagoz. Berehala ikusten da testuok gaurko grafian irakurrita bape gatxak ez dirana aituteko.

Euskereari jagokonez, Etxebarriko euskereak gehiago joten dau Nerbioi ibarrerantz Arratia alderantz baino.

Esatekoak 0
Ikusita: 1304