kontaktua
2018.04.20

Balio DAIAN ala Balio IZAN DAIAN?

Bada eleiz kantu ezagun bat, berariaz Aste Santuan, eta lehenago gure herrietan egiten ziran Garizuma aldiko misinoetan sarri kantetan zana, hasierako berbak honeek dituana: Erdu pekataria, erdu eleizara. Horren ahapaldietariko batek hau dino: Ez egon pekatuan, ez egon luzaro, damu IZAN EZ DAIZUN, alperrikan gero.

Damu izan, beharbada lehenago damu eun (edun), aditz lokuzinoa dogu, aditz konposatua, damu izen mugagabeaz eta izan (edun) aditz guztirakoaz eregia. Eredu honetako aditz multzo asko ditugu euskeraz, batzuk guztiz ezagunak eta ugariak, zaharrak izateaz ostean: behar izan, ahal izan, gura izan edo nahi izan… Beste batzuk modernoagotzat dagozanak: balio izan, merezi izan, falta izan…

Honetariko aditz multzoez aurreko idatzi bitan jardun genduan: lotsa izan eredukoez (2017-12-29) eta zor izan eredukoez (2018-01-05), hau da, izan iragangaitzaz eta izan (edun) iragankorraz eregitakoez. Oraingoan, aditz multzook laguntzaile aoristoaz jokatzen ditugunean daben portakizunaz gogoeta egin nahi dogu, labur baino ez bada be.

Egite erako laguntzaileagaz batera darabilguzanean, da edo dau erakoaz, izen edo adjektibo atalaren –bizi, falta, gatx, lagun…– eta laguntzaile jokatuaren artean izan partizipio osagaia tartekatzea edo ez tartekatzea aspektuaren araberakoa ohi da:

- izan agiri bada, aspektu burutu edo perfektoa adierazoten da.

- izaten agiri bada, aspektu ez-burutu ohiturazkoa adierazoten da.

- Geroko edo gertakizuneko aspektua adierazoteko, aukera bi dira: batzuetan izango tartekatzen da, baina beste askotan (gehienetan, esan leiteke) –ko atzizkia zuzenean izenkiari eranstea nahiko izango da.

- Aditz perifrasi barruan izan agiri ez bada, aspektu puntukaria danaren seinale.

Honetara zerrendatu daitekez lau ereduok, kasurako falta izan aditz multzoa lagun hartuta:

Falta da: oraintxe momentuan.

Falta izan da: igaroa edo joana dan aldi baten: lehenago.

Falta izaten da: sarri, behin baino sarriago, batzuetan, aldiro...

Faltako da / Falta izango da: geroan, etorkizuneko aldi jakin baten.

Aoristo erako adizkiaz laguntzea be jazoten da batzuetan: dadin / daian, bedi / eizu, daiteke / leike, baledi / balei tipokoez. Horrelakoetan ze erabilera ditugu aukeran, eta zein gomendio edo hautu egitea komeni da?

Aurreratu daigun, gomendiorik ziurrentzat izan tartekatzea joten dogula. Izan sartu ezik, lehen osagaitzat aditza ez dan kategoria bat onartzen gagoz (izena edo adjektiboa, orohar), eta hori berez ez dator bat euskal aditzaren eta aoristoko laguntzaileen erabilera ohikoagaz: dadin, bedi… ez ohi darabilguz euskeraz, ez bakarrean aditz autonomo gisa, ez aditz kategoriako ez dan beste kategoria bategaz batera. Izan tartekatzeak aditz nortasuna autortzen deutso aurreko osagaiari: balio soila barik, balio izan bikotxa, lotsa soila barik, lotsa izan bikotxa. Bestalde, izan aditza, bakarrean zein lagun gisa erabili, neutroa dogu aspektuaren aldetik: aspekturik gordeten ez daben adizki aoristoekin zein aspektu burutua daben adizkiekin buztartu leiteke bape arazo barik.

Baina hizkuntzaren pragmatikara etorrita, teoria horregaz beti bat ez datozan joerak badirala autortu beharra dago. Jo daigun, erruki izan aditz multzoa: erruki izan daigun litzateke teoria mailan gomendagarriena. Halanda be, izan bagako aditz perifrasiak behin eta barriro azaltzen jakuz gure tradizinoan. “Erruki zakiguz” errezu formula ezaguna dogu adibide garbi bat. Errukitu aditzaz errukitu zaitez gugaz esango gendukena, zu guri erruki izan argumentu-egituraz eta aditz multzoaz eregi izan da gure tradizinoan, baina izan barik.

Eta herri literaturan be eredu beronegaz, izan barik eregitako aditz perifrasiak ez dira falta.  Txanton Piperri-ren herri kantu ezagunaren lehen ahapaldia lekuko: “Txanton Piperri hemen dago, / limosna on bat baleuko. / Kantau bihar dot, / baldin ahal badot, / neure sabelen gosea, / erruki dedin jentia” (Txanton Piperri).

Eta gure literaturara jo ezkero, beste horrenbeste: “Jaungoikoak erruki ditzala gaxo oek” (Gregorio Arrue), “Erruki zazute alkar” (Mendaro Txirristaka), “Jainkoak erruki beza Erin gaxoa” (Lizardi).

Baina J. Mateo Zabalak, hutsik barik erruki izan aditz multzo osoa darabil horrelakoetan: “ta elexara etozanai erregututen, arren ta arren Jangoikoari eurakgaiti eskatuteko, euren erruki izan zidila”.

Bildur izan aditz lokuzinoaz, ostera, zailago gertatzen da izan saihestea aoristoko adizkiekin. Bildur naz edo bildur ginan berez-berez eregiten ditugun moduan, nekezago erabiliko genduke: bildur gaitezen edo bildur dadin. Ezinbestean eskatzen dala dirudi izan sartzea: bildur izan dadin, bildur izan leiteke, bildur izan baledi, bildur izan zaitez.

Hobe izan, zabal dabilen aditz lokuzinoa dogu. Izan barik eregia da ondoko errefrau hau: “Zeuk bazeunka, hoba zeunke” (Mogel). Eredu berekoak ditugu: Hobe balitz, egingo neuke. Hoba genduke, holan balitz. Baina nekez eregiko genduke: hobe dadin, hobe daiteke, hobe bedi ereduko aditz perifrasirik, ezpada: hobe izan dadin, hobe izan daiteke, hobe izan bedi garatuko gendukez geure hiztun senak aginduta, euskal gramatikak on egingo leukez.

Gose izan edo egarri izan aditz multzoak hartuta be bardin jazoten da. Gose naz, egarri nintzan, gose balitz, egarri balira berez-berez darioez gure ezpanei, baina laguntzaile aoristoaz izan tartekatzea eskatzen deusku geure barru gramatikak: Gose izan ez gaitezan, egarri izan ez daitezan, gose izan leitekez, egarri izan baleitez…

Beste aditz multzo batzukaz sarriago suertatzen da izan hori saihestea, laguntzaile aoristoa gorabehera. Baina gure gomendioak lehenean dirau: izan tartekatzea hobe genduke, hainbarik lotzea baino.

Laburzurrean, honenbestegaz askotzat itxiko dogu gaurkoa.

 

Iturriko

2018-04-20

Esatekoak 0
Ikusita: 40
2018.04.13

DABIL eta IBILTEN DA aditz egituren arteko lehia Trenez DABIL egunero ala Trenez IBILTEN DA egunero? (lehen idazketa)

Euskeraren estilo liburuetan dabilen auzi puntuetariko bat da, aditzak era trinkoa daukanean, ea zilegi danentz adizki trinko hori erabiltea, aditz prozesua maiztasunez, ohikotasunez jazoten dala adierazoten dan kasuetarako. Adibide gisa, “Trenez dabil egunero” moduko esaldietan, dabil erabiltea badaezpadakotzat jo behar ete dan, eta “Trenez ibilten da egunero” erabili behar dalakoa gomendatzea edo finkatzea.

Egia da, adizki trinkoak perpaus nagusian darabilguzanean, gehienetan edo sarriroen une horretan berean jazoten diran prozesu edo ekintzak adierazoteko ohi darabilguzala: Olgetan dabil. Geldi dago. Hor dator. Etxera daroa. Suertea dauka. Hemen dakardaz….

Eta egia da halaber, adizki trinkoak indarrean dabezan aditzek euren egitura perifrastikoaz adierazoten dabela, orohar, prozesu habitual edo ohikoa: Hemen egoten da. Hona etorten da. Kanpora joaten da. Txantxetan ibilten da. Gose izaten gara. Borondatea eukiten dau. Pisu astunak eroaten ditu...

Baina adizki trinkoak aspektuaren aldetik, momentuko aspektu puntukariaz gainera, eremu zabalagoa hartzeko gai dira erabilgune edo testuinguruaren arabera. Eta horren adigarri garbia daukagu, maiztasuna edo ohikoa dan prozesua adierazoteko, aditz egituraz aparte beste markaren bat lagun danean esaldi barruan ohikotasun hori markatzeko. Jo daiguzan batzuk: ohi modala, beti, sarri, egunero, hilero, urte guztietan… edo beste horretarikoren batzuk.

Ohi hitz modalaz hasiko gara. Ohi hitz modala atzeraka joan da sartaldeko euskeran. Lexikalizaturik –hau da, hitz segida finko zabalagoaren barruan estalirik– dirau egitura batzuetan: ohi dan lez (berbaz ohidalez) eta ohi dan lezko edo ohi dan lango (berbaz ohidalezko eta ohidalango) dira sartaldeko euskerako ezagunenetariko bi. Baina gaurko hiztunen artean nekez entzuten dira ohi dauka edo etorri ohi da erako aditz egiturak, euskera jasoan edo landu antzekoan ez bada.

Baina auzi puntua beste hau da: ohi maiztasun aspektuaren adierazle izanik, zelan buztartzen da dabil adizkiagaz, berez aspektu puntukaria euki beharrekoa, gramatika joera nagusien arabera. Baina hizkuntzaren erabilera errealean ohi dabilz eta ibili ohi dira (ekialdeko sisteman ibiltzen ohi dira), biak dira emaitza naturalaz, lekukotasunei men egiten badeutsegu, egitura zuzenak.

Euskerazko tradizino klasikoak apur bat azterka egitea nahiko da, nahia eta gehiago  adibide aurkitzeko ohi+ adizki trinkoaz eregiak, bai orainean, bai iraganean. M. Larramendik bere hiztegian dakarren esaera bat, lekuko: “la costumbre hace ley” honelan dakar euskeraz: “Oiturak legea oi dakar”. Ohi dakar horren balioa gaztelaniazko “suele traer” aditzaren berbera da.

Zer esan gura dau horrek? Dakar adizki trinkoa aspektuaren aldetik testuinguru horretan, puntukari/ez-puntukari aurkaritza kontuan, neutroa dala, markatubakoa. Aditz egitura horretan ohi hitz modalak markatzen dau aspektu habituala, adizki trinkoa bere horretan gelditzen dala. Gramatika lege zaharrak ez gaitu behartzen hor dakar, ekarten dau aldatzera.

Aditz trinkoagazko egitura lexikalizatu bat aitatu dogu gorago: ohi dan lez, ohi dan lango. Horren atzean ohi da aditz egitura daukagu, ohi modalari da aditz trinkoa eransten deutsagula. Izan be, ohi da segida hau dogu gure tradizinoan beste era honetako egitura ugarienetako bat.

Milia Lasturkoren eresi zaharrean dokumentatua XVI. mende goiztarrean: “Gizon txipi sotil baten andra zan. / Atearte zabalean oi zan. / Giltza porra andiaen jabe zan. / Onra andi asko kunplidu jakan”.

Oraintsuagora etorrita, bizkaiera klasikoaren sorrera aldira, XVIII. mende akabu eta XIX. mende hasierako testigantzak dira Mogelek eskeintzen deuskuzan batzuk. Izan eta ibili aditzen adizkiak dira sarriroen darabilzanak ohi modu-marka honegaz. Peru Abarka obrakoak dira lekukotasunok: “or oi zabiltzee zeuben jakituria usteaz”, “lepo ganean niri igorzten oi dabil”, “zelangoa oi dan baserrietxeko janlekua”, “Alan oi dabilz, inok ezertako gura ez dituala”, “Gabaz ere oi dabiltza eizan bezala”, “galondoetan oi dabilen epertxua“.

Aditza perpausan denpora-adberbioz lagundurik agertu leiteke. Eta prozesuaren maiztasuna, ohikotasuna adierazoteko batzuk dira: sarri, beti, egunero, momentu guztietan, egun guztietan, urte guztietan… Auzia hau da: adizki trinkoak ezinezkoak ete dira horretariko adberbio edo adizlagunakaz batera esaldi berean? Hiztun naturalen berbazko emaitzetara bagatoz, berez-berez darabilezala horretariko egiturak ohartuko gara.

Beti adberbioagaz normala da adizki trinkoen erabilera. Adibide batzuk: Beti dauka zeresana. Beti dabil txantxetan. Beti dator berandu eskolara. Mutiko hori beti dago gurean sartuta. Iraganeko adizkiaz: Beti egoan zelataka. Beti ebilzan zirika. Esangura aldetik, beti adberbioak jarraiko denporea adierazoten dau gehiago, aldiro edo aldizkakoa baino gehiago. Horretan datza, besteak beste, adizki trinkoakaz bateragarri izatearen arrazoietariko bat.

Baina -ten atzizkidun aditz perifrastikoaz be berez-berez jalgiten jakuzan esaldiak dira: Beti egoten da geuri itxaroten. Beti ekarten dau sariren bat umearentzat. Beti eroaten dau semea Santi Mamiko futbol zelaira. Egitura bien arteko diferentziarik egotekotan, ohiko prozesuaren enfatizazioan egon daiteke: egoten da, ibilten dira ereduagazko esaldietan prozesuaren ohiko-izaera markatuagoa dala.

Sarri adberbioa beti baino markatuagoa da berez aspektu habituala adierazote kontuan. Horregaitik, beharbada, adizki trinkoaz barik, -ten atzizkidun perifrastikoaz esaldia atontzeko joera handiagoa ohi dauka: Sarri etorten da autoagaz. Sarri eukiten ditu konbidaduak etxean. Sarri eroaten dau alabea zinera.

Egunero, astero, hilero, urtero adberbioen azpian be maiztasun perzepzinoa datza; aditz prozesua behin eta barriro jazoten dalakoa agirian dago mezuan. Halanda be, hiztunen erabilereari bagagokoz, adizki trinkoaz uste baino sarriago agiri dira berbeta naturalean: Egunero doa lanera. Astero dator gurera. Egunero dakarsku ogia etxera. Urtero dakar ardaoa Nafarroatik.

Halanda be, nagusi eta ugariena aditz konposatuagazko egitura dala esango genduke: Morroi hori sarri etorten da gurera. Egunero-egunero joaten da gau-eskoletara. Ahal dauen guztietan eroaten deutso amari oparitxoa.

Ondorio guztiz garbirik ateraten erraz ez badago be, onargarritzat joko neukez nik, maiztasun adberbio edo adizlagunekin batera adizki trinkoa darabilen egiturak. Eta arrazoitzat hau emongo neuke: dago, dabil, daroa adizkiak aspektu puntukariaren aldetik neutroak edo erdi-neutroak dira, eta egoten da, ibilten da, eroaten dau perifrastikoak aspektu habitualaren aldetik markatuak dirala.

Hainbat aditz dira, sasoi baten adizki trinkoak ezagutu eta onartu izan dabenak, baina hiztunen aho-mihinean usadioa galdu dabenak. Gure arteko ezagunenak, ikusi, entzun eta ezagutu dira. Hor dakustaz ama-alabak honantz etorten esatea normala zan lehenago gure artean, momentuko ikustea aditzen emoteko. Baina, behin dakustaz galdu ezkero, ikusten ditut bihurtu da hiztunontzat aspektu bien adierazle: puntukariarena eta habitualarena.

Bego gaurkoa honenbestegaz, hurrengoan hari-matasareari tenka ekiteko moduan.

 

Iturriko

2018-04-13

Esatekoak 0
Ikusita: 61
2018.04.06

HaGAZKOA konponduko dot neuk

Euskera idatziaren erabilerari buruzko estilo liburu baten oraintsu irakurri dogu aholku bat: “'har-ekiko' gutxiago, eta 'har-enganako' gehiago”. Eta horrek zer pentsau emon deusku; halan ete dan eta halan komeni dan.

Aurreratu daigun hasteko, harekiko horren bizkaierazko kidea hagazko dala, eta harenganako formaren kidea haganako. Bigarren honetan apenas dagoan diferentziarik, -ren- genitibo hizkia sartu edo ez sartu kenduta. Itxura aldeko zehaztasuntxu hori kenduta, esangura mailan ez dago bape alderik.

Gaurko idatzian, -agazko eta –arekiko horretan zentratu gurago dogu, -aganako hori zeharbidez aitatuta.

Lege bat dago ziurra esangura alorrean: eremu semantiko murriztuagoa hartzen dabe –agazko edo –arekiko atzizkien bidez izen sintagma bi alkartzen diranean, -agaz edo –arekin adizlagun gisa esaldian darabilguzanean baino. Balio semantiko markatuagoa eta murritzagoa gorde ohi dabe –agazko eta –ekiko atzizkiek, euren jatorriaz dagoan –gaz eta –ekin adizlagun-atzizkiek euki ohi dabena baino.

Gramatika kategoria diferenteetan eta funtzino diferenteetan erabilirik agiri dira –gazko eta –ekiko gure tradizinoko idatzietan.

Izenlagun kategoriarena da behinengoa, adizlagun soziatiboari –ko leku-denporazko genitiboa darraiola. Halakoxeak dira, beharbada, ugarienak, bai izen bizidunakaz zein bizigabeakaz.

Beronen esangurea, batzuetan instrumentala da, berariaz izen bizigabeen gainean eregita dagoanean: uragaz egindako bateoa aditzera emoteko, uragazko bateoa sintagma konplexua garatu da: “Odolezko bautismo onek bardin balio deutse persona nausiai ta umiai. Alan santa Emerenzianak, uragazko bautismua artu bagarik irago eban martirioa” (Frai Bartolome). Edo atzamarragaz sagrarioko atea odoltzea adierazoteko: “Sagrarioko ateari egin bear oi jakozan atzamarragazko zazpi odolduteak.” (Frai Bartolome).

Bizidunakaz, pertsonakaz, laguntasun esangurea, konpainiazkoa, azaltzen da atzizki honegazko izen sintagmetan: Jesusegaz bat egitea nominalizatzeko, Jesusegazko bat egitea garatu da: “Espirituzkoa ta graziazkoa da, bada, neure entzula onak, Jesusegazko bat egite arimako au.” (Frai Bartolome).

Añibarroren beste eredu pare bat eskeiniko ditugu, persona biren arteko hartuemona edo lokarria adierazoteko balioaz erabiliak. Bata: “Jarraitu egizuz, gaur bere, nigazko ardura alegiñezkoak”. Bestea, idazle honen Esku-liburua-tik jasoa, 1821eko argitaralditik, zeinetan J. Mateoren eskuaren ikutua nabaria dan: “Ezkondua bazara, emen gogora eikezuz zeure lagunagazko aserrealdiak, deungaro esakaak, esku-joteak, eta onelangoak”.

Pertsona-izenakaz erabiliak, eta askoz oraintsuagokoak, dira ondoko pasarteok, Lino Akesoloren luma bardinbakoak isuriak: “Iztuetagazko eztabaida edo erremuzkadatxoa geroago dator, hamabi edo hamahiru urte geroago” (IG, I), “Azkue bere Hiztegi andia ateraten Frantzialdean zala jazo zan Aranaren heriotzea, eta Aranazale ez zan arren, Hiztegiaren barruan itxi euskun heriotzorrek emon eutsan mina, eta Aranagazko oneretxia: euskalari sakona, tamalez gazterik galdua” (IG, I), “Horixe zan, ta ez besterik, zuri ezarri deutsudan Azkuegazko urritasuna” (IG, I).

Adjektibo kategoriako be bihurtu daiteke izen bat –agazko atzizkiaren eratorkuntza bidez, eta holantxe agertu leiteke batzuetan izen baten atzean kokaturik. J. Mateo Zabalaren idatzietan behin baino sarriago agiri dan juramentu guzurragazko izen multzo erdi lexikala dogu sintaxi honen erakusgarri garbia: “zeinbat juramentu guzurragazko egin daben”; “Beste batek dauko biraoak, aiñenak, juramentu guzurragazkoak botateko ekandua”.

Mugatzaileaz nominalizaturik dirau beharbada biziroen atzizki bikotx honek: -agazko, mugatzaileaz -agazkoa bihurtzen dala. Eta hiztunen ezpanetan, askoz sarriago entzuten da persona-izenordain eta erakusleei dautsela, izen arruntei baino. Hau joera bat da gehiago, eta ez gramatika eskakizuna. Atzizkiaren erabilgunea murrizten doalako joera bat. Eta maila semantikoan be ezagun da balio jakin batzuetarako erabilia dala batez be. Batzar edo hitzordu baterako mandatuak egin behar badira, batek esan leio besteari: “–Zuk deitu urliari eta sandiari. –Eta Pedrori? –Ez arduratu Pedrogaz. Hagazkoa egingo dot neuk”. Horren azpian sarri “ardura, betebehar, enkargu” edo antzeko ideiaren bat datza. Azkuek Latsibi elabarrian dakarren pasarte bat jatort erara: “Paper hauxe emoiozu jaun horri ta berorrek eskuratuko deutsun erantzundakoa ekarri neuri lehenbailehen. Jaun horren izena eskutitz-azalean daukazu. Jatabera joan orduko hobeto izango da beragazkoa egitea”. Hau da, beragaz bete beharreko mandatua.

Pertsona-izenei eta erakusleei loturik dauen maiztasuna aitatu dogu, azpian gizaki bategazko zerikusia datzala: zugazkoa, nigazkoa, gugazkoa…, hagazkoa, horregazkoa... ugariak dira hondino be hiztunen ezpanetan, eta azpian datzan esangurea, “hartu-emonaren” ingurukoa izan ohi da sarri. Hagazkoa egin esapidearen azpian, hagazko zorra edo betebeharra dago batzuetan.

Izen bereziakaz be, persona-izenakaz, maiztasun handiagoz erabilia dirudi, izen arruntakaz baino. Azkuek Latsibi elabarrian dakarzan biok, esaterako: “Aintzat eta ontzat hartu eutsezan osaba-lobak bere burutasun ta asmoak; ez, horregaitino, Pedro Viñasegazkoa.”; “Zu han zaran bitartean, nik neure adiskide Ortiz de Treviñogazkoa egingo dot”.

Izen arruntakaz be erabilera normala ezagutu dau gure tradizinoan, Frai Bartolomeren pasarteok ondo agiri dabenez: “Ogi salzailleak ta ardao salzailleak erregalu lodiakin juezagazkoa eginda, besteai nai dabeen pisu ta neurrikoa emonda, burla egin”. Idazle beronen beste adibide bategaz argibidea osotuko dogu, ezkontza batzuen izaera medio dala: “Dotea ez galduteagaiti, ugazabagazkoa ez galduteagaiti, andikiagazkoa ez galduteagaiti, ezkonduten da inos maite izango dabela sinistu ezin daben lagunagaz.”.

Adizlagun funtzinoaz gitxiagotan agiri da –agazko bizkaierazko tradizinoan. Askoz ugariagoa da –ekiko markaren erabilera funtzino horretan. Honen esangurea, gazt. “en relación con, en referencia a” marken hurrekoa da. Frai Bartolomeren pasarteok on egiten dabe adizlagun funtzino honen erabilgarritasuna, bata izen bizidunaz, bestea bizibakoaz. Bata: “Ta pensau, ea zer direan lurreko andi ta aberats guztiak Jesus zeruko erregeagazko.” Bestea: “Egia da, Jesukristo geure jaunagan sinistutea ta ari darraikon guztia dan legez txito barria euskereagazko, geure kristinautzako gauza barri askoren izenak bere barriak dira”.

Askoz oraintsuagokoa dogun Lino Akesoloren hurrengo hau be bide berekoa dogu: “Horregatik ez eban galdu Husserlek beragazko eukan ondoeritxia.” (IG, II)

Gipuzkerazko tradizinoan hainbat ugariagoa da –ekiko atzizkiaren adizlagun funtzinoa ; ez tradizino klasikoan bakarrik, baita oraintsukoan be. Edozelan be, idazleen luman beti dario halako klasikotasun edo hizkera jasoaren sundea –ekiko honi. Klasikoetara bihurtuta, atzera be Mogel eta haren idatziak dakarguz aurrera, adizlagun funtzinoaren erabilera on egitera: “Ikusi ditugu leenagoko erakasteetan umeen ta gurasoen eginbide edo obligazioak alkarrekiko”; “Onen gaiñean itzegin da leenagoko doktriñan, aitatu diranean umeen obligazioak gurasoakiko”.

Eratorkuntza-atzizki bihurtzeraino heldu dira kasu batzuetan, bai –gazko, baina batez be –ekiko, hitz barri sorkuntzan. J. A. Antonio idazlea izan genduan honetan be, lexiko-sorkuntza garapenean, aintzindarietariko bat. Guzurragazko juramentua darabil idazleak, gaztelaniaz “perjurio” deritxonaren ordainez: “Justiziaren aurrean egin ezpadabe guzurragazko juramenturik, aurrera iragoten dira asko esamina geiago egin baga”, eta korputzagazko pekatua, gaztelaniazko “pecado carnal” adierazoteko: “Eta neskatilla serbitzaria jausi bada bein bakarrik korputzagazko pekatuan etxeko ugazaba edo semeaz, urten beiar ete dau etxe atati?”.  Pekatu moten artean, idazleak aitatzen dauenetariko bat sentiduekikoa da, honako pasarte honetan: “ta milla lekutan erakusten da Eskritura Santuan, debekatuak daudela mutil ta neskatx utsen bekatuak ere, korputzez ez ezen, baita pensamentuz, itzez, gogoz ta sentiduekikoak ere.”. Kapanaga abade mañariarrak askoz lehenago finkatu eban, gaztelaniazko “carnal” adierazoteko, aragiagazko eratorria: “zelan egin daben pekatu mortalen bat, naiz aragiagazkoa, naiz dala benganzakoa”.

Idazle beronek bultzaturiko beste eratorkuntzetariko bat guztiekiko genduke, gaztelaniazko “público” adjektiboaren ordezkotzat. Hara esaldia: “zerren beti dabiltza joan ta etorri, dabiltzan erri guziak berentzat dauzkeela erri egoki ta artu gabe, ta daukate ofizio publiko edo guziakikoa, ta ala egiten da obispo jaunak dakitela”.

Dantza lotua edo neska-mutilen arteko baltzioa adierazoteko be mutil-neskatxekiko hitz-konposatua proposatzen deusku idazle beronek: “Erakutsi baziño alabari txikitxotik, zein kaltegarriak diran ibillera, jolas, jostatze naasi mutil neskatxakikoak, gorroto artuko zien”.

J. Mateo Zabalaren idatzietan be –agazko atzizki bikotxaren bidez markatzen dira pekatu mota jakinak, gogoagazkoak, berbeagazkoak eta eginagazkoak, gaztelaniazko dotrinetan ezagunago jakuzanak “de pensamiento, palabra y obra” izendapenez. Idazlearen hitzez: “jakinak jakinak legez, dudazkoak dudazkotzat, gogoagazkoak, berbeagazkoak ta eginagazkoak aintzakotzat, batek beretzat egiten dituzan legez”. Autore beronek darabilzan adjektibo eratorriak dira baita, gorputzagazko eta arimagazko, gaztelaniazko “corporal, espiritual” kontzeptuetarako, debozinoaren izaeraz diharduala, ondoko pasartean: “Deboziño au modu bitakoa da, gorputzagazkoa eta arimagazkoa”.

Amaiera emoteko idatzi honi, eta –agazko(a) atzizkiak gaurdaino erakutsi dauen bizitasuna erakusteko, zer hobarik herri-jakintza barrutiko esaera bat hona ekartea baino. Arratia aldean edo entzuniko esaera bat dogu, ezkontza moten kontura urlia batek emoniko epaia. Edadeko lekuko baten esanean, hiru ezkontza mota ei dagoz: “Gaztea gazteagazkoa, jainkozkoa. Zaharra gazteagazkoa, deabruzkoa. Zaharra zaharragazkoa, mokordoa”. Halan bazan, ez bazan, sartu bedi kalabazan, eta urten daiala Derioko plazan. Beti ez da holan izango, segurutik, baina esakera zahar horretan sendo eta zindo erabilirik agiri dira –agazko guztiak.

 

Iturriko

2018-04-06

Esatekoak 0
Ikusita: 40
2018.03.23

MedikuaRENERA ala medikuAGANA?

Behin baino sarriago tokau jat entzutea (eta sufritzea) “*Medikura noa” –eta ikasle euskalduntzat gela barruan izan dodan jente gazteagandik be bai inoiz–, neure hiztun senak besterik agintzen ebala: medikuarenera esango neukela normalean, edo medikuagana, gitxienean be.

Berez ez dinogu gauza bera -(r)enera edo -(ren)gana esan. Albertogana (edo Albertorengana) goazala dinogunean, beragaz, pertsona horregaz egotera goaz, hau edonon egonda be. Albertorenera goazala dinogunean, haren etxera goazalakoa jatorku burura.

Toponimian apur bat azterka egitea nahikoa da, gure inguruan zenbat etxe-izen ditugun, -ena atzizkia dabenak euren izendapen jasoan, baina hiztunon ezpanetan -ene bihurtu diranak, mende bat edo bi lehenagotik behintzat. Abadena/Abadene, Sakristauena/Sakritauene, Peru(r)ena/Peruene, Matiena/Matiene, Dendariena/Dendariene…, izen batzuetan pertsona-izena agiri dala (Anton, Maria), beste batzuetan lanbide edo ofizio izena (abade, errementari, dendari, sakristau, maistru).

Bizkaiko –erdi eta sartaldeko inguruetan berariaz– genitibo-atzizki izoztua -ena izan da, erabilieren puruz -ene bihurtu dana. Izan be, etxe-izenok ez ditugu gitxi baino, ez dira erabilten etxeak ze izen dauen jakiteko: Martin baten etxea Martinena dala jakiteko, eta bai ostera, urlia non bizi dan, edo nora doan, edo nondik datorren, edo nongoa dan jakiteko. Eta halan erabili izan ditue hiztunek: MartinenEan, MartinenEra, MartinenEtik edo MartinenEko formak, adierazte preminen arabera. Eta halantxe finkatu da, erabiliaren porazuz, MartinENE, hiztunen eta herrikoen usarioan, MartinENA jatorrian zana.

Nafarroa aldean, eredu bereko izenen ondoren, -arena izen arruntakaz eta -(r)ena izen bereziakaz finkatu dira nagusiro. Halantxe ArginARENA, ArotzARENA. Eta horretatik eratorria da -(r)enea, leku-denpora kasuetatik finkatu dan aldaera: ErrandoNEA.

Atzizki horren bidez, -en edute-genitiboa, -a mugatzaileaz lagundurik, etxe-jabe izan danaren izena –sarrienetan aspaldiko jabea, gaur bertan bizi diranak be zein izan zan ez dakiena– aitatzen da, eta -ena atzizkiorrek urlia horren etxea dala identifikatzen dau. Eredu honetako etxe-izenetan atzizki izoztua da, baina esangureak berean dirau: noren edo haren etxea.

Baina euskal eremu batzuetan, -ena barik -kua –gaurko ereku landuan -koa litzatekena– erabili izan dabe, pertsona-izenei lotuta –izen bereziak zein arruntak izan honeek–, noren edo zeinen etxea dan aitzen emoteko. Azkuek bere Morfologian argibide hau itxi euskun:  "Sakristaukoerrementariko llaman en Elgeta, Azpeitia, Mondragón y Bergara a las moradas del sacristán y herrero: sakristaukoan en casa del sacristán,  errementarikora a casa del herrero" (Morf 122). Baina, ofiziodunen izenakaz ostean, pertsona-izenakaz be eredu bera jagoten da hondino be bizkaiera ekialdeko eta gipuzkera sartaldeko parajeetan gitxienez: Kondekua izan daiteke kondearen etxea edo Milikua, Milia izeneko bat bizi izan zan etxea.

Baina, onomastikaz haruntzago, gramatika arruntean dirau bizi-bizi -en genitibo atzizki honek, urliaren etxea adierazoteko.

Maiztasun handiko erabilerea dau pertsona-izenordain pluralakaz –gurean, zuenean–, eta erakusle pluralakaz –hareenean, horreenean, honeenean–. Plurala erabili izan da eta erabilten da, hain zuzen, etxea etxekoena, etxeko guztiena dalako pentsaerea dagoalako euskal hiztunon gogoan.

“Gurean ez da pasetan, beste etxe batzuetan pasetan dana”: gure etxean aitzen emoten da. “Zuenean aspaldi egon barik nago. Joan beharko dot halakoren baten”: zuenean eta zuenera, zuek bizi zareen etxeagaz lotuta dagoz.

“–Gurekorik ikusi dozu inor hiletan? –Ez, zuenekorik ez dot pentsetan inor egon danik.” Gurekoa eta zuenekoa, gure etxekoaren eta zuen etxekoaren adierazle dira.

Hareenean be dana beharrizanean dagozala pentsetan dot”. Esan gura da: hareen etxean. “Horreenera ez joan badaezpadan, edozein berba txar arpegira bota ez deizuen be”: horreen etxera, ulertzen dogu.

Senidetasun eremuko izenakaz be igarri-igarrian da ugaria -en atzizkia, leku-denpora kasuren baten atzizkia darraiola. Halan, berez-berez erabilten ditugu honetarikoak:

Amamarenera bialdu eban amak Txanogorritxo”. “Aititarenean orain ez da inor bizi, bera pasa dan urtean hil zan eta.” “Izekoarenetik nator, mandatu bat egiten joan beharra euki dot eta”. “Gure lehengusinearenean Gabonetan hondino be intxaur-saltzea egiten dabe”.

Sistema hau orokorra dogu gure euskal sistema barruan, eta pertsonei jagoken edozein izenegaz joateko arazorik ez dago berez, baldin urlia horren etxe, egoitza, bulego edo egontoki bat badakar. Medikuarenetik datorrela esan lei batek; edo medikuarenean egon dala, edota medikuarenera doala.

Lehia antzekoa sortu da euskal erabileran -enera eta -agana/-engana marken artean. Psikologoanera doala dinoanak ondo baten esan dauela esango genduke, baina psikologoagana entzuten da beharbada gehiago. Biak dira zuzentzat jotekoak, gure eretxian. Bien arteko esangura muga non dagoan esaten ez dago beti erraz, ostera.

Txorierri aldean behin baino sarriago entzun dot honako errezitadua: “Ai ene, ai ene, hagineko miñe, medikuaiñe. Ai ene, ai ene, bidxotzeko miñe, nobidxuañe.”. Euskera landuan, bata medikuagana da eta bestea nobioagana. Bardin esan leiteke nobieagana.

Pertsonen arteko hartuemona nagusi izaten da gehienetan, eta horrelakoetan -gana, -gandik dira ohikoenak: zuzendariagana, idazkariagana, langileengana darabilguz ohituraz. Baina pertsona bat bizi dan etxera edo lan- edo jarduera-egoitza dauen lekua bada adierazo gura dana, gomendagarriago ikusten dogu -enean, -enera, -enetik eta -eneko erabiltea. Baita, atzizkiok erabilteko ohitura gitxi daukagun izenakaz be. Esate baterako: Alkateanera joan (bulegoa izan daiteke); irakaslearenean azterketa berrikustea eskatu (bulegoan izan daiteke); lorazainarenetik etorri, Domusantu egunerako lora-txorta bat erosita.

Oraintsuan ikusi dogu Bilboko Arte Eder Museoan erakusketa bikain bat, izenburutzat euskeraz honetara ebana: “MichelangeloTIK ArcinboldoRA”. Pintore historiko ospetsu bi horreei, batari -tik eta besteari -ra ipintea argudiatzeko, pintore horreek bizi izan ziran garai, denpora edo aldia adierazo gura zala emon da arrazoitzat; horrelan zilegitzat jo leitekelakoan.

Ez neukez gomendagarritzat joko ZesarrETIK Carlo MagnoRA edo HitlerETIK PinochetERA tipoko ereduak, nahiz eta pertsona-izen bion atzean euren aldia edo garaiaren oihartzuna egon.

Leku edo espazio eremutik hur erabilirik ikusi ditut, ostera, honetarikoak: MogelENEAN berba hori ez da agiri. Edo: AxularrENETIK jasoriko hitza da hau. Edo: Bihur gaitezan barriro LeizarragaRENERA. Edute-genitibodun marken ostean ulertzen ditugunak, idazleon testuak, idatziak dira. Baina ulergarri gertatzen dira guztiz.

Eta denpora eremura zergaitik ez erakarri -enean, -eneko ereduko atzizkiak?Ezinezkoak ete dira era honetako segidak? MichelangeloRENETIK ArcinboldoRENERA eredua ez al dogu zilegitzat jo beharko?

Die Gedanken sind frei.

 

 

Iturriko

2018-03-23

Esatekoak 0
Ikusita: 142
2018.03.16

SaguA eta katuA ala Sagu eta katuA

Izen arruntak, sintaxi funtzino berean dagozanak, juntaduraz alkartzen ditugunean eta halako izen kate bat sortu ‑edo bide beretik adjektibo kate bat, adberbio kate bat, zenbatzaile kate bat, edo osteango hitz kategoria bi edo gehiagoren arteko katea‑, zein da sintaxi aldetik segidu beharreko estrategia? Mugatzaile edo osteango determinatze-markak ezabatu guztiak, azkenengoa agirian itxita? Funtzino-markak, kasu-markak, aurreko guztiak ezabatu, akaburengoa itxita? Ala juntaturiko izen sintagma edo gramatika-unidade guztiak markatu, bakotxak, jagokozanak agirian dituala?

Aurreratu daigun, estrategia bat baino gehiago dirala gramatikaren aldetik, bide bakarrik ez dagoala. Eta aukera diferenteen artean, badira batzuk (noiz edo behin idatziz edo entzutez agiri diranak) okerrak diranak, agramatikaltzat jo beharrekoak, baina beste batzuk gramatikaz zuzenak, eta estiloaren arabera bata edo bestea hobestera joten dogunak.

Izen juntatuen gramatikaren barruan, eta juntagailuaz josten diranetara mugatuko gara, beste juntagailuakazkoa (edo, ala, nahiz, zein…) bazter lagata. Juntagailu marka guztien artean, izan be, eta dogu funtsezkoa, emendioa adierazoten dauen aldetik eta markarik gardenena, bestetik.

Aukera anitzak dira puntu honetan, unitateen alkarketan gertatzen diran aldagarriak ugariak diran neurriak. Eta zuzentasuna baino gehiago, egokitasuna edo komenigarritasuna hartu behar dira kontutan, aukera bata edo bestea hartzeko orduan.

 

“Horreek biak txakurraren eta katuaren moduan dabilz beti” esaldian, gramatika-markak agirian dira guztiz: txakurr-a-ren eta katu-a-ren. Mugatzaile singularra jagoke biei, eta -en edutezko genitiboaz markaturik dagoz biak. Hori berori beste era laburrago bitara ‑edo agian hirutara‑, esan daiteke gramatika zuzenaz.

Bata, lehenengo izen sintagmari atzizki-marka guztiak kenduta; honeek bigarren edota azkenengo osagai juntatuan bakarrik agiri dirala: “Horreek txakur eta katuaren moduan dabilz”.

Bigarren aukera, izen biren artean bakarrik gauzatzen danean juntadura, alkarketa-legea aplikatzea, eta juntagailua ezabatuz eta determinatze-markak, agiri diranean be, atzenean bakarrik ipintea: “Horreek txakur-katu dabilz”. Edo adibidez aldaturik: “Horreek senar-emazte-ak dira”. Azkenengo honezaz ez dogu jardungo oraingoan, hitz-alkarketaren arloa ez baita oraingo jardungaia.

Hirugarren sintaxi bat be aitatuko dogu, elipsi partzialean oinarritua, zeinetan -a edo -ak mugatzaileari eusten jakon izen juntatuetan, baina funtzino-atzizkia eliditzen dala. “Izeko-a eta osaba-akaz joan da partidura”. Hirugarren hau da gitxien erabilia, eta geuk be gitxien gomendatzen doguna.

 

Gramatika-marka guztiak agirian dituan juntadura eredua da ohikoena eta hedatuena hiztunentzat, eta idatziz be halan dala esan daiteke. Absolutiboan, -a mugatzailea da soilik marketan dana: Asto-a, txakurr-a eta katu-a. Baina soziatiboa hartzen badogu, kasurako, mugatzaile eta funtzino-atzizkia: asto-a-gaz, txakurr-a-gaz eta katu-a-gaz. Badira idazleak (eta hiztunak be), izen kateatu guztiei banan-banan markak ipintea, enumeratzeari indar emoteko darabilenak; izen juntatuetariko bakotxari indar eta adierazkortasun berezia emoten deutsegula. Baia hiztunen ohiko erabileran ez da, behar bada, horrelako intentzino berezirik era horretako egituretan.

 

Batzuetan izen juntatuak, batzuk singularrez eta beste batzuk pluralez gertatzen dira esaldian, mezuaren esangureak halan eskatuta. Horrelako kasuetan, mugatzaileak agirian ipintea ia ezinbestekoa da, eta edozein kasutan be ziurrena; bape elipsi barik; esangurea zehatz adierazo gura bada, behintzat: alaba-ak, lagun-ak eta emazte-a.

 

Elipsi partziala inon aplikatzekotan, izen singular-pluralak juntadura-kate berean gertatzen diranean egin daiteke, egitekotan be. “Andre-a eta ume-akaz joan da bazkaltzera” edo “Izeko-a eta osaba-akaz joan zan Parisera” ez gendukez okertzat joko. Normalagotzat eta gardenagotzat onartuko genduke, halanda be, honelako kasuetan, atzizki-marka guztiak agirian darabilzan egitura: andreagaz eta umeakaz eta izekoagaz eta osabakaz.

 

Mugatzaile-marka eliditzeak sekuentziako izen guztietan (salbu azkenengoan) suposatzen dau, markak aldean daroazan azkenengo izen juntaduak agintzen dauela aurreko guztien determinatze-izaera: akaburengoa singularra bada, aurreko guztiak bardin, eta ha plurala bada, aurrekoak, beste hainbeste. Ume eta gurasoentzat izan dira opariak. Gazte eta zaharren artean izan da tirabira. Otso eta bildotsaren alegia.

Kontestuz, halanda be, batzuetan besterik ulertu leiteke: Andra eta umeakaz joan da Peru oporretan badinogu, andrea ulertuko genduke, gure kulturan poligamiarako ohiturarik ez dagoalako.

Badira izen batzuk, aita, ama tipokoak, arruntak izanik, izen berezien gramatikaz darabilguzanak; mugatzaile barik. Horretarikoetan, seguruena, izen juntatuetariko bakotxa markatzea da gure ustez: Aitari eta amari, aitagaz eta amagaz, aitarentzat eta amarentzat. Baina praktikan besterik be ikusten da; idatziz gehiago; entzutez arraroago da.

 

Funtzino-marken elipsia desegoki gertatzen da kasu batzuetan, agramatikala dala esateraino ailegau barik. Umetan, gaztetan, handitan... inesibo mugagabeak ohikoak dira denpora-marka legez bere kontestuan. Juntadura aplikatu ezkero, bitxi eta bakan gertatuko litzateke: “Ume, gazte eta handitan ez dira gauzak bardin ikusten”. Ezinbestean erabiliko genduke , ostera: “Umetan, gaztetan eta handitan…”. Adberbiotze prozesu bat gertatzen dala esango neuke, zeinetan atzizki-markak eliditzeak ez daukan biderik.

Antzera jazoten da -z instrumentalaz eregitako juntadura-kateakaz be: “Oinez, zaldiz eta zalpurdiz joian jentea erromeriara” esango genduke zalantza barik, eta ez gengokez eroso, esan behar bagendu: “Oin, zaldi eta zalpurdiz…”.

 

Azken apunte bat, eta juntagailuaz izen bikotea juntatzen danean, bata eta bestea soil-soilik darabilguzaneko kasuaz. J. Mateo Zabalaren adibide bi hartuko ditugu lagungarri. Bata: “Atxurlariak ez dago or, negu ta uda, otz eta bero, soloan, basoan, izerdia dariela?”. Bestea: “bai gizonak, ta bai emakumeak gau ta egun, eta esan lei jai ta aste, negu ta uda, nai euri, nai aterri, nai ekatx, beti arrastaka, beti amurraturik, euren buruak tresna eginik, narraz darabiltzala”.

Azken esaldiotan eta juntagailua da gramatika-berme bakarra: pluraltasunarena. Funtzino sintaktikoak ez dau hartzen marka propiorik; testuinguruak argitzen dau zein funtzinotan agiri dan.

 

Bego honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-03-16

Esatekoak 0
Ikusita: 102