kontaktua
2017.06.30

Erakusleetatik adberbioetara

Berbazko euskerea (eta edozein hizkuntza) idatzizkoa eta, batez be, tradizinokoa baino aldakorragoa dana gauza agiria da, eta gure tradizino idatzian eredu bateratu samarrak ezagutu ditugun moduan, berbeta bizian, lurralde batean edo bestean, egitura barriak eta bereziak be sortu izan dira. Hizkuntzaren aldakortasunak hainbat gehiago eta handiagoak gertatzen dira euskeraren bazter eta ertzetan, bizkaieran eta zuberotar hizkeretan euskeraren kasuan batez be.

Erakusleen sintaxian erdiratu gura dot sintaxi aniztasun hau gaurko idatzian, bizkai- edo sartalde-euskeran jazo diran barrikuntza batzuez ohartarazoteko.

Nork ez dau entzun behin edo behin Bizkai inguruko bati esaten: Hori gizona jota dago, edo horrek andreorrek burua galduta dauka, edo Honi umeoni kokoteko on batzuk emon ezik, gainea hartuko deutsu.

Erakusle kategoria izen sintagmari aurretik ipinteko joerea bizkai euskeran aspalditik dator. Frai Bartolome etxebarritarra dala esan lei, sintaxi horren arrastorik zaharrenak itxi deuskuzana; izan be, idazle hau ahozkotasunetik hurrago dago idatzian, beste edozein klasiko baino. Gitxitan baino ez darabil halanda be. “Bada, eurak erantzunda, eurak lagunduta ta eurak eskuetan artuta jaio zan a seina bautismoan graziara” (Bart Ikasik III, 79).

Arazoa zein izan da Frai Bartolomerentzat edo bizkai euskerea darabilenentzat? A bokala izenaren atzean agiri danean, noiz dan mugatzaile artikulua (-a) eta noiz erakuslea (a) erraz bereizteko modurik eza. Ondoko adibidea kasurako: “Ontziaren puntako senaileak esaten dau, ontzi a ze erreinutakoa dan”.

Erakuslea izen sintagmari aurretxoan kokatzeko joerea bizkai euskeran orokortu egin da apur-apurka, eta hirugarren gradutik lehen eta bigarren gradu hurbiletara be hedatu da. Eta absolutiboan edo ergatiboan erabilten bazan lehenengoetan, beste kasu guztietara ere zabaldu da, orio orbana zabaltzen dan antzera.

Zelan finkatu da sartaldeko ahozko erabileran erakusledun izen sintagmaren egitura modernoa? Sintagma bikotxaren bidez: ha mendia, hori etxeori edo hau andreau esaten dogunean, izen sintagma paralelo bi ditugu alkarren ondoan: lehenengoa hau, hori edo ha izenordainak ordezkatua eta bigarrena /Izen + mugatzailea/ egituraz osatua. Bigarren sintagma lehenengoaren aposizino funtzinoan dala. Lehenengoak, erakusleak, seinalatzen dau zein dan (hurreko edo urrunagokoa) eta bigarrenak eduki semantikoa bereganatzen dau.

Bizkaiera barruan joera bi dagoz eredu horren barruan: bizkaieraren erdi eta sartaldean erakusleak bakarrik markatzen dau hurbiltasun-urruntasun gradua: hau andrea, hori etxea; eta bizkaiera ekialdean, ostera, bigarren sintagmako mugatzaileak be erakuslearen gradua zaintzen dau; gradu-akordioa gordeten dau: honeek gazteok, horreek umeok, honek sorginonek, horri etxeorri e.a.

Sartaldeko hizkeretan sistema osora hedatu da egitura barri hori eta gaur egun ondoko eskema honen arabera darabilgu gitxi gor behera. Kasu batzuk azalduko ditugu:

3gn. graduan:

Ha etxea                                       hareek etxeak

Haren etxearen                              hareen etxeen

Hagaz etxeagaz                             hareekaz etxeakaz / hareekin etxeakin

1ngo. eta 2gn. graduan:

Hau etxeau / hau etxea                   hori etxeori / hori etxea

Honek etxeonek / honek etxeak       horrek etxeorrek / horrek etxeak

Honi etxeoni / honeri etxeari            horri etxeorri / horreri etxeari

Honen etxeonen / honen etxearen     horren etxeorren

Honegaz etxeonegaz / honegaz etxeagaz     horregaz etxeorregaz

Eta leku-denpora kasuetan zelan ekandu da sistema barri hau? Egitura berari jarraituz, leku-espazio eremuan tokauko liratekenak, ondokoak gendukez: honetan, horretan, haretan tipoko erakusleak. Baina singularrari jagokonez, euskal hizkuntzak gurago izan dau adberbioetara jo. Leku-espazio eremurako inesiboan garatu diranak: 3gn graduan, han etxean, 2gnean hor etxean eta lehenengoan, hemen etxean edo hemen etxeon, hizkeren arabera.

Sartalde-euskerako sintaxi moderno hori zehaztasunez eta goiz samar deskribatu ebana, R. M. Azkue izan genduan. “Barbarismo”tzat joko dau harek joera hori; baztertu beharreko joeratzat, beraz. Kasu absolutiboan eta ergatiboan erabilten dala, dino, gehien, erakusle arrunten kasuan: ha etxea, hak etxeak edo hau etxeau, honek etxeonek tipoko ereduak. Baina leku-denpora kasuetan adberbioen bidez lortu dauela, gehitzen dau, hedakuntzarik handiena:

“Así, en caso pasivo y activo, donde no hay desinencia declinativa como en estos tres ejemplos, el barbarismo fluye espontáneamente. Su brote es más trabajoso con desinencias. Si se trata de nombres locales suelen recurrir a los adverbios demostrativos de lugar emen, on, an. Por etxe onetan en esta casa, se oye emen etxeon, y en Guernica sin el demostrativo o: emen etxean; por zubi orretatik desde el puente, ortik zubitik; por kale atara, ara kalera.” (Morf. 442-443.or.)

Leku-adberbioen ondoren denpora adberbioen garapena dau berbagai Azkuek:

“Si se trata de nombres de tiempo, los barbarizadores recurren  a adverbios de igual especie: orain ahora, orduan entonces. En vez de urte atan en aquel año, se oye orduan urtean. Por il onetan en este mes, no recuerdo sin embargo haber oído orain ileon. ¿La locución gaur egunean hoy en día (egungo egunean de los vascos orientales) , será producto de barbarismo? (…)

Añadamos que el pueblo, que casi nunca habla el castellano, incurre rara vez o nunca en tales  barbarismos. En la canción de ronda dedicada a San Agueda, cuando en una casa reciben algún presente, como huevos, chorizos o dinero, cantan: Etxe onetako ugazaba jaunak / urrezko bizarra dauka, el señor amo de esta casa tiene barbas de oro, y a ningun cantador, que sepamos, se le ha ocurrido decir emengo etxeko ugazaba jaunak.” (Morf II, 443).

Erakusle singularren kasuan garatu da adberbioen garapena, hatan be.

Leku adberbioetan: hemen, hor, han inesiboan; hona, horra, hara adlatiboan, hemendik, hortik, handik ablatiboan, eta hemengo, horko, hango leku-genitiboan. Halan sortuak dira: han mendian (mendi haretan), hor errekan (erreka horretan), hona etxera (etxe honetara), horra landara (landa horretara), hortik bidetik (bide horretatik), hango etxeko (etxe haretako).

Era intentsiboetara be hedatu da: hementxe etxean (etxe honexetan), hortixek bidetik (bide horrexetatik), honaxe ezkaratzera (ezkaratz honexetara).

Eta zer esanik be ez bihurkarietara: bertan lekuan (lekuan bertan, leku beratan), bertako etxekoa (etxe beratakoa).

Pluralerako, ostera, erakusleei eutsi deutse berbazko hizkerak: honeetan etxeetan/etxeotan (etxe honeetan) lehen graduan, horreetan kaleetan/kaleotan (kale horreetan) bigarrenean, eta hareetan mendietan (mendi hareetan) hirugarrenerako.

Birraipuzko formen artean aitatu leitekez: bertan lekuan (leku berean), bertara solora (solo beratara) edo herriko bertakoa (herri beratakoa).

Denpora adberbioakaz be estrategia bera garatu dau hizkuntzak, baina gradu bigaz batez be: orain eta orduan. Gradurik hurbilenerako oraingo (oingo) adnominala garatu da: aste honetan esan ordez oraingo astean, edo hile honetatik esan ordez oraingo hiletik, eta hile honetako esan ordez oraingo hileko (soldatea).

Era intentsiboak erabili ezkero, aste honexetan esan ordez oraingoxe astean, edo hile honetakoa esan ordez oraingoxe hilekoa.

Urruneko denporarako orduan garatu da batez be. Egun haretan esan ordez orduan egunean. Urte haretakoa esan ordez orduko urtekoa. Eta era intentsiboa aplikatu ezkero, urte harexetan esan ordez orduantxe urtean, edo egun harexetakoa esan ordez ordukoxe egunekoa.

Bigarren graduagaz beste aukera bat garatu beharra euki dau hizkuntzak. Egun horretan esan ordez hor egunean, edo hile horretakoa esan ordez horko hilekoa.

Birraipuzko erakusleak, erreflexibo diralakoak, bertan ereduko adberbioakaz ordezkatuak dira: Egun beratan edo berean esan ordez bertan egunean eta ildo horretako beste hainbat. Eta pluralean, egun beretan esan ordez euretan egunetan edo bertan egunetan.

Labur esanda, idatzirako ez ditugu bultzatzen ezelan be ahoz garatu diran sintagma egitura bikotx honeek, baina ez dira txartzat edo desarautzat jotekoak be. Bizi beitez euskera biziaren eremuan.

 

 

Iturriko

2017-06-29

Esatekoak 0
Ikusita: 294
2017.06.21

Bizkaikarra, bizkaiar jentea, talde bizkaitarra

Eratorkuntzazko atzizkia dogu –tar edo –ar atzizkia. Era zaharra –ar dogu, kontsonante gorraz indarturik –tar bihurtu dana. Eratorkuntza-atzizki asko dira euskeraz itxura-bikoiztasuna dabenak: -asun/-tasun, -eria/-keria, -oi/-koi, -era/-kera, -eta/-keta, -ada/-kada, -izun/-kizun, -ari/-tari eta beste gehiago. Atzizki hori indartzeko kontsonante gorra (-t- / –k-) erantsi ondoren, era hori da gehienetan nagusitu dana. Herri-berbetan eratorri asko dira hainbarik erantsiak be: okerreria, osasuna, lapurreta…, nahiz eratorriotariko batzuk eredu finkatutik baztertuak izan, gitxituak edo gitxienduak diralako.

Izen bereziakaz, leku-izenakaz, sarri darabilgun atzizkia dogu -ar/-tar. Eta hor sortzen da era edo itxura bikoiztasuna. Hiztuna zein dan edo nongoa dan, lezamar edo lezamatar, bermeotar edo bermear, elorrioar edo elorriotar, ibarrangeluar edo ibarrangelutar esango dau.

Baina leku-izenik gehienak, edo batera edo bestera egiten dira. –ar atzizkiaz ebagiten: nafar/napar (baina baxenafartar), donostiar, errenteriar, durangar, getariar, zumaiar, motrikuar, azkoitiar, bergarar, lekeitiar, gernikar, arratiar eta orozkoar (badira orozkomar esaten dabenak be).

–tar atzizkiaz ebaten dira, ostera: lapurtar, zuberoatar (xiberutar), bilbotar, ondarrutar (ondarroatar), eibartar, elantxobetar, garaztar (Garazi) eta beste askotza luze bat.

Atzizki hau ahoskeraz leundurik agiri jaku leku-izen batzukaz, honeek –n edo –l amaieradunak diranean, eta –dar bihurtzen da. Halangoak dira, kasu baterako: irundar, iruindar, baztandar, lekuindar, ataundar, beasaindar, errezildar edo usurbildar.

Beste atzizki-itxura bat be lehian sartzen da Uribeko merindade zaharreko ipar edo hegoko eskualdeetan: -ztar aldaera, batzuetan –oztar bihurtzen dana. Herri edo paraje batzuetan bertakoei honetara deritxe. Butroialdean, kostaldean berariaz: sopeloztar, berangoztar, getxoztar, barrikoztar, bakioztar; Txorrierri aldean, leioztar, erandioztar, sondikoztar, loiuztar, zamudioztar edo derioztar; eta Arratia aldean: dimoztar, zeaniztar (zeanuriztar), i(g)orreztar, lemoaztar, zeberioztar, billaroztar, arteaztar edo arantzazuztar.

Pentsa lei ze, -iz atzizkidun leku-izenak ugariak izanik Bizkai lurraldean, eta horretarikoen eratorkuntza –iztar izanik, horren analogiaz garatuak diralako goiko zerrenda horretakoak. Eta egia da, nongoak diran esateko, horretara darabilguzala: fruiztar, gamiztar, urduliztar, laukariztar (laukriztar), laukiztar (laukiniztar) eta urruntxoago joanda, berriztar edo zarauztar.

Azkenez bada beste atzizki ezagun bat, -ko, leku askotan –tar horren lekua beteten dauena, bigarren hau erabili be egiten ez dalako. Mungia ondoan dagoan Jatabe herrikoei (izen ofizialez Maruri-Jatabe) itaunka ibili ginen behinola horren gainean, eta bardin zan itauntzea, nondarra edo nongoa zan, Jatabekoa (hobeto esanda, Jatabeko) erantzuten eben ia danak. Jatabarrak edo jatabearrak ezaguna eben, baina ozta-ozta, nekez erabilten eben. Eta herriko euskerea galdua dan Arabako lurraldean bizi dan bategaitik arabarra dala esatea toketan bada be, hiztun bati errazago urtengo deutso Arabakoa dala esatea. Eta Amurrion bizi dana nondarra da, amurriorra ala Amurriokoa? Tradizinoko berbeta galdua dan lekuetan seguruago ibilten gara Amurriokoa dala esanda.

Laudion galdua dan arren, ez haren etxekonean dagoan Orozkon, eta hemen laudioztarrak deritxe hondino be hangoei.

Baina gramatika alderditik begiratuta, zein kategoriatakoak dira bizkaitar, gipuzkoar, europar, amerikar edo errusiar legezko hitzak? Izenak dira? Adjektiboak dira? Adnominalak dira? Bitarikoak dira? Osterantzeko zeozer dira?

Hiztunen ezpanetan daben erabilera maiztasunaren aldetik, kasurik gehienetan izen kategoria da nagusi. Kualitate-izenak, zelanbait esateko, adjektiboaren kualitate ezaugarri hori erantsirik daben izenak. Gizakien eremuan darabilguz gehien. Asturiarrak Asturietako jenteari deritxo gehiago, hango behi edo ganaduei baino, nahiz behi asturiarrak be gure artean guztiz ezagunak izan diran.

Horregaitik, bizkaitar, arabar, herritar, kanpotar dinogun bakotxean, lurralde horretako jenteaz ari gara ia beti. Bizibakoakaitik beste jokabide bat hartzen dogu hiztunok. Araba-zozoa deritzo zozo (txori) mota bati. Bermeo-bedarra, Lekeitio-bedarra edo Txomin-bedarra esaten jako Bizkaiko nekazarien artean, soloetan ernetan dan bedar mota ernegugarri bati. Toletikoak deritxe herri batzuetan iko mota bati, Toledo-ikoak osorik.

Erromar, greziar, herritar taiuko hitz eratorriak izen garbiak dira erabilera batzuetan. Baserritarrak, baserriko jenteari deritxe, eta kaletarrak, kaleko jenteari. Izenondoz lagundurik agiri dira batzuetan, gainera, euren izen-izatea sendotuz. Halan, Mogelen alegietan basotar gaixoa esanez aitatzen da basoko sagua. Arsenio eritxon eremutar santua aitatzen dau beste behin, “ermitaño” esanguraz.  Bere eleiztar nekazariak aitatzen ditu beste baten, “feligrés” adieraz.

Gaur egungo terminologiak finkatu ditu euskeraz Europar Batasuna, Sobietar Batasuna, Amerikar Estatu Batuak eta horretariko hainbat. Eta nire eretxiz, horreetan hiru kasuotan europar, sobietar eta amerikar izen kategoriaz bakarrik onartu leiz aurre posizino horretan, eta azpian ezkutatzen dan kontzeptua honakoa da, sintaxi hori onargarri izatekotan: Europarren batasuna, sobietarren batasuna eta amerikarren estatu batuak. Baina aurre posizino horretan agiri dala, ezin da arrazoitzat emon, adjektiboa edo izenlaguna dala. Hor oker sintaktiko bat dagoala esango neuke.

Adjektiboaren kategoria jagoke berez eta jatorriz–tar atzizkidun eratorriei. Halan da hori, nahiz eta maiztasun gitxikoak diran euskeraz /Izen + Adj(-tar)/ egiturak. Adjektibo-izate hori argiroen salatzen dauen argudioa, berorren balio semantikoa da. Sarritan norbaiten jatorria adierazoteko badarabilgu be, beste askotan zein pentsamolde edo eretxiren aldekoa dan adierazoten dau –tar horrek. Hau da, gizaki baten kualitatea, zelakotasuna, zeren edo zeinen aldekoa.

Eremu semantiko nagusi bi estaltzen ditu, edo estaldu leikez, -tar atzizkiak, kontestuaren arabera. Lehenengo eta nagusi, nongoa dan, edo zehatzago esanda, zein dauen jatorria urlia batek. Eta bigarren, aldekotasuna; zeinen edo zeren zalea edo aldekoa dan.

Bizkaitarra, lehen adieran, Bizkaikoa dana da, izatez edo jatorriz. Eta bigarren adieran, bizkaitarren aldekoa; gudu aurrean, abertzale edo nazionalistei esaten eutsen bizkaitarrak, esaterako.

Adjektiboaren kategoria ohi dauka –tar atzizkidun eratorriak, aurretik izen bat daukanean. Mogelen adibide batzuekin on egingo dogu dinoguna: lagun baserritar bat darabil behin. “Ondo esan dau gizon bizkaitarrak” darabil beste behin. “Berba-aurrekoa irakurle bizkaitarrari” prologatzen dau Mogelek bere Konfesino ona liburutxoa. Eta kristau dotrinan sartuta, gaztelaniaz “pecados capitales” aitatzen diranak, “pekatu burutarrak” ordainaz euskeratzen ditu gure idazleak.

Bego gaurkoz honenbestegaz. Ez genduzan segurutik asetuko ez bizkaitar jentearen, ez gipuzkoar idazleen, ez herritar irakurleen, ez kanpotar jakingurakoen nahigura guztiak, baina hurrengoan gehiago eta hobeto.

 

 

Iturriko

2017-06-22

Esatekoak 0
Ikusita: 275
2017.06.09

EZA, EZAK, EZAGAZ, EZTA ezeztapen atzekariak

Aurreko idatzian ez arren, ezagaitik eta ezteko aditz postposizino-markak, eta euren inguruko bat edo beste, aitatu genduzan labur. Oraingo honetan, aurrekoaren bideari jarraiki, ez markaren oinaz eregitako beste postposizino batzuk jorratzea dogu asmotzat. Abiapuntutzat eza hartuko dogu, ez + -a mugatzaileaz eregitakoa.

Ez ezeztapen hitzaren gainean garatutako funtsezko kategoria izena da: ez > eza. Adiera diferenteak ditu: “Eza zer dan zuek ez dakizue, gerratik ez dozue ezagutu eta. Eza benetan be tristea da, gero!”, gerraosteko gosete gorria ezagutu ebenek honetariko berbak mihinean euki ditue sarri; eztasuna, gabezia esanguraz. “Gure eza danean zer izan behar ete dau zuen bizimoduak!” guraso zaharrek euren ondorengoei esan izan deutsiezan berbak; biziaren galera esanguraz.

Baina postposizino lez sarriago entzun eta erabili izan da eza hori. Izenakaz, batzuetan lexikalizaturik (ondoeza), beste batzuetan -ik partitiboaz hari dautsala: indarrik eza, gogorik eza, osasunik eza…

Emon eza, ez emona eta emon ez izana ereduak

Partizipioko mende-perpaus konpletiboak eregiten dira hiru era horreekaz. Aditz partizipioaren ondorik, sintaxi mailan dauen hedakuntzarik funtsezkoenak ditugu eurok, ezezkako mende-perpaus konpletiboak garatzeko. Hiru ereduok aditz prozesuaren aspektu burutua markatzen dabe, eta /ez + aditzoin + -tea/ eta honek sartalderengo bizkaieran dauen aukera-eredua, / Partiz + eztea/, aspektu bururagabea dabenak dira.

“Sentitzen dot lehenago deitu eza” edo “lehenago deitu ez izana” amaitutako ekintza baten adierazle dira. Eta bardin: “Harritzekoa da lapurreta hori Bilbo erdi-erdian izan eta inork ikusi eza”.

Hiztun eta idazle askok gaur egun zailtasunak ditue aspektu bien artean: ez joana, joan ez izana, joan eza aspektu burutuaren egiturak eta ez joatea aspektu bururagabea. Neutralizatze-joera nagusitu da hiztun-idazle askoren artean bigarrenaren alde, (ez) -tea egituraren mesedetan, eta bigarren hori ohi darabile danerako. Gaztelaniaz “ir” eta “haber ido” bereizi izan diran zehaztasun beraz erakutsi izan dabe euskal hiztun sendoek be bataren eta bestearen arteko aspektu diferentzia: Penea da lehenago etorri eza. Asko da gero gugaz akordau ez izana! Eta bestetik: Sentitzen dot zuri ez ezer tokatzea.

Damutu eta damu izan aditzak dira mende-perpaus konpletiboa aditz partizipio burutuaz sarrien agiri dabenak. Mogelen lekukotasun bi: “damu dau alan orditua” (CO), “ez jako inori damutu zu maitetua” (Paskal). Gogoan izan, aurrekoaren esangura hurrekoaz, dogu beste bat. Mogelen alegietako adibide bana, baiezka eta ezezka: “Itxok bada! Gogoango dok niri bazkaria ukatua”, “Abe arteetan abia eginda aziko ditut umeak; ez jat gatxik egingo, ta gogoango dozu nosbait nire esanak ez egina” (Ipuinak). Baina beste aditz edo aditz multzo asko dira partizipio burutuagazko konpletiboa onartzen dabenak: “oentzat da gauza astuna denpora alperrik igaroa” (Mogel).

Emon ezak, emon ez izanak eta ez emonak dira ergatiboko mende-egiturarako diran aukerak. Absolutiboa baino gitxiago erabilia izan arren, erraz azaleratzen dan egitura dogu hau be. Ezak postposizinoaz esan geinke: “Aita zana luzaroago bizirik ikusi ezak emoten deust lastimarik handiena”. Edo Frai Bartolomeren berbaz: “Ak dakaz gogora, gurari deungak goitu ezak dakazan kaltiak”. Baina hirugarren egitura, ez emonak tipokoa, ugariagoa da orohar gure tradizinoan: “Esan bai, baia lotsa onean; ez deungaro, guztiz bere gurasoak esana edo agindua pekatu gauzaren bat eztanean, eta bai urteak edo ain burutsu ez izanak eragiten deutsena” (J. M. Zabala).

Genitibo edutezkoazko ezezkako egitura, ezaren postp.duna, urria da gure tradizinoan, berbaz berez-berezkoa izan leitekena. “Lo behar dan moduan egin ezarena / egin ezaren ostea da daukazun debilidadea”, berban-berban euskal hiztun batek esango leukena. Frai Bartolomerena da ondoko lekukotasuna: “Gurari deungak goitu ezaren lelengo kaltea da, norbera gurari txarren agindupean geratutea.” (Ikasik II).

Emon ezagaitik, ez emonagaitik

Kausazko mendekotasuna adierazoteko be sintaxi biak ditugu aukeran: ezagaitik postp. aditz partizipioaren ondorik, edota -agatik atzizkia partizipioari dautsala, ez marka aurretik dauela.

Lehenengoa, bigarrena baizen zilegizkoa da, balio semantikoaz aparte. Urriagoa da kopuruz testuetan, baina erabilia edozelan be. Kausa balioa gorde ohi dau batez be testuetan. Lekukotasunak ez dira falta. Mogelek darabilzan bi honeek: “Euren jakineza jatorke, bada, ikasi gura ezagaiti”; “Dakuse esku ta oinak adore baga sabela; onen gatxagaz jan ezagaiti eurai bere jausi jakeezala indarrak; ta au il ezkero eurak bere il biarko ebeela” (Ipuiñak). Honen loba Juan Josek darabilen beste hau: “ta neke gitxi bat artu ezagaitik datoz atzeratuak euskeran”. Edo J.M. Zabalaren hirugaren hau: “jagoleak auntzari edo solo-beiari bear dan ardurea artu ezagaiti onek landara gazteetan edo soloetan egin izan dituzan kalteak?”.

Dana dala, bigarren sintaxia da zabalen eta ugarien dabilena. Idazle beronek, urrunago joan barik. Zabalaren lekukotasun bi: “bildur balira, bear ez eginagaitik aserre andia sortuko dala”; “eta egiten ezpadituez ez jakinagaitik, gurasoena izango da erru guztia”.

Emon ezagaz eta ez emonagaz ereduak dira bizkaiera tradizinoan maiztasunik handienekoak. “Zer irabazten dozu nire esana egin ezagaz?” itaundu leikeo gurasoak, esangina ez dan bere umeari. Frai Bartolomeren idatziak egitura honen harrobi aberatsa ditugu. Adibide bigaz on egin daigun esandakoa. Batean ezezka eta baiezka emona agiri da partizipio perpausa: “Ta kalte andia daukat, zuzen irabaziko nebana irabazi ezagaz, ta galduko ez nebana galduagaz, ari emon neutsalako.” (Bart Ikasik II)”. Ezezka emonak dira ondoko partizipio perpaus biak: “Enbusteruari entzuterik emon ezagaz ta sinistu ezagaz gordeko dozu bake santua ta adiskidetasunaren lege sagradua.”.

Ezaz postposizino instrumentala mehatsago agiri da sartaldeko testuetan, ezagaz lehiakide izan dauelako eremu instrumentalean. Baina bizkai euskerearen sortaldetik ekialderantz ugariagoa da. Frai Bartolome etxebarritarraren lekukotasuna balia bekigu: “Deskuiduan izan arren bere, ustez uste bagarik izan arren bere, bere ardurabagatasunez ta osoro begiratu ezaz egin badau eriotzia, pekatu da” (Ikasik I). Edo Mogelen beste hau: “Nortzuk uts egin daroe euren gurasoei obediu ezaz?”.

Bigarren sintaxia eredua be, /ez + Partiz + -az/ dalakoa, ohikoa da gure tradizinoan: “belu etozan, ezin jan ta ezin edan ebalako, indarrik ez eukijaz” (Mogel Ipunak).

Etorri ezta eredua da azkenengo aitatuko doguna. Adizlagun funtzinoko partizipioak ezezka emoteko be egitura diferenteak ditugu lehian. Bat, barik (gabe) postposizinoaz eregiten doguna, eta gehien darabilguna: “Neuk ezer esan barik egin deust errekadua”, “Inork agindu barik egiten ditu bere zeregin guztiak”. Horren atzean zelan itaun modala dago. Hau da egiturarik neutroena, zelanbait esateko.

Ez esanda eta esan ezta (ezda) aurrekotik harean diferenteak dira esanguraz, baina euron bion artean bardinak. “Zer galtzen dozu ez joanda?” edo “Zer irabazten dozu joan ezta?” mende-perpausetan gauza bera esaten gagoz. Hiztunen usadioak dira ezbardinak. Baina bizkai euskeran aspalditik ondo sustraitua dago ezta postposizinoa, berbaz leku askotan ezda ahoskatzen dana. Euskera modernoan, bizian, indar handia irabazi dau ezta postposizino honek, beste ez- ereduko posposizinoekin gertatzen dan antzera. Kirikiñoren esaldi hau lekuko: “Nori burura etorri lekio bihar arteko ostatua eskuetan euki eta dirua jokatzea, sakelean txanpon bat euki ezta?” (Abarrak). Klasikoagoa dogun J. M. Zabalaren testigantzea da hurrengoa: “zeure ekandu zitalari indarra emon zeuntsalako, arako lelengo burua agertu ebanean ezi ta azpiratu ezta”.

Hautazko beste egitura, /ez + Partiz + -ta/ dalakoa, zabalagoa eta zaharragoa da orohar. Ez bakarrik ekialdeko euskalkietan. Bizkaieran bertan be bai. Halan darabil behin baino sarriago Zabala bilbotarrak. Bat: “agindurik dagoana ez eginda egiten direanak”. Bestea: “soinari ta oinari bear leukeena ez emonda kalte andia ekarten deutseenak”.

Erantsi daigun, ezta postposinoa gure tradizino idatzian gehiago agiri dala, testuinguru ugariagoa dauela, aditz partizipioaren ostean gura eta nahi aditz modala dagozanean. Mogelen ondoko esaldi honek erakusten dauenez: “gorrotoan, tratau nai ezta ta areriotasunean luzaro egon direanak”.

Hurrengo baterako itxiko ditugu ez ezeztapenaren gainean garatutako beste postposizinoak, gaurkoz inor gehiegi nahikotu gura ezta, mamur-mamur eginda emoteko euskerazaleari gramatika ora trinko hau.

 

Iturriko

2017-06-09

Esatekoak 0
Ikusita: 321
2017.06.02

EZ ARREN, EZTEKO, EZTA eta beste bitxikeria batzuk

Hor Txorierri edo Butroi aldera bazoaze eta bertako euskaldunzaharrakaz barriketaldi bat egin, berehala entzungo dituzue honetariko aditzizenak ezezka: esan ezteko, jan eztekotan, saldu eztea erakoak, beste paraje batzuetan nekezago entzuten diranak. Berbaz sarri-sarri entzuten diran moduan, idatziz mehatsago irakurriko dituzue. Arrazoi bigaitik batez be: batetik, gure tradizino idatzian, klasiko zahar zein modernoan, nekez aurkitzen da horrelakoen errasturik, eta bestetik, gaur egungo euskera landuan aditzizenak ezezka emoteko eredu finkatu bat egonik, horretara joten dabe gaurko idazle zein esatariek, berbazko erabilerotara baino gehiago.

Azterka ibilita, P. Zamarripa sondikostarra eta M. Zarate lezamarraren idatzietan idoro ditugu lekukotasun banaka batzuk. Zamarripak eztea darabil behin, berbazko biren arteko alkarrizketa bat beren-beregi imitatu guran: «—Bai, jaune, ezta nahikoa ba, errentak emon eragiteko estutu eztea? (ez estututea?)» (Kili-kili), eta badaezpadan, norbaitek ulertu ezerako parentesi barruan erantsi deutso ezezkako aditzizen estandarragoa. Zarate lezamarrak Ipuin antzeko alegi mingotsak liburuan, bizkaieraz ondu eban bertsinoan hatan be, idatzi eban behin: “‑Zer egiten dozue, ba? Ezer ere ez. Eta ezer egin eztekotan, alperrik zagoze hemen– Antzerkik.”.

Zein fenomeno sintaktiko gertatu da hor? Aditzizenari jagokon atzizkia, -te, aditzoinari zuzen eransten jakona, ezezkako perpausa eregiteko ez ezeztapen hitzari erantsi jako partizipioaren ondorik: ez etor-teko zana etorri ez-teko bihurtu da. Horretara postposizino bat garatu da Txorierriko euskeran: ez-te osagai bikotxaren gainean funtzinoari jagokozan markak eransten jakozala: /Partiz + eztea / ezteko / eztekotan/ edo eredu horretako beste eraren bat garatuz.

Arren hitza, gaur aditzaren atzizki edo postposizino modura darabilguna, aditza ezezka emona dagoanean ez markaren bidez, aditz egitura menderatu hori taiutzeko ordena bi dira: /ez egon arren/ eta /egon ez arren/. Sartaldean bigarren ordena da nagusi, lehen eta gaur. Ordena horren eboluzinoaren atzean be lexikalizazino prozesu bat dago, ezarren postposizinoaren sorrera. Banan edo bereiz idazten ditugu gaur: ez arren, baina lexikografiaz zein semantikaz hitz bat eta bera dogu ezarren, eta gure tradizinoan be sarri batera idatzirik agiri dira. Barrutia eskribauaren lumaz on egin daikegu eredua: “Merezidu ez arren parkazinoa, / bakigu zeu zarana piadosoa”. Añibarrogan berretsirik dakuskuna, ezarren batera idatzirik hatan be: “zerren, gogo au artu ezarren goxean, etzan onei ez jarmoteko, ezpada batagan ardurea ifinirik, bestean zur egoteko” (Lora Sorta). Frai Bartologan beste horrenbeste: “Eriotzako ordu artean ez dozu jakingo, zu ibili zarean dantza ta piesta orreetan, zu zareala medio, besteak zeinbat pekatu mortal egin ditueen, zuk igarri ez arren ta aintzat euki ez arren” (Olgeta).

Urruntxoago joanda, aditza bera eliditurik be berez-berez erabilia da ez arren hori. Frai Bartolome etxebarritarraren esaldi hau lekuko adiutua dogu: “Ta esaten badau inok, leen ez arren, orain usetan dala, ta ez dala pekatu abadeak eta praileak alan ibiltea, Trentoko Konziliuak deklarauta ta aginduta dauka, abadeak eta prailiak piestetara ta dantzetara ez joateko” (Olgeta).

Aditzizenaren gainean eransten dogunean arren, ostera, /ez + Aditz + -tearren/ egitura da nagusi eta zabalena, sartaldeko euskeran be. Halan tradizino idatzian, zelan gaurko berbeta bizian. “Osasuna behar dan moduan ez jagotearren etorri jako gaixoa”.

Bada, halanda be, egitura bitxi bat Añibarrori irakurri deutsaguna gitxi batzuetan, eskema honen arabera: /Aditzizen + ez arren/, gaur (dakigula) entzuten ez dana eta tradizino idatzian be noiz edo behingoa dana. Idazlearen Lora Sorta liburutxutik jasoak dira adibideok. Lehenengoa: “eta idoroten dira ama asko (…), neke gitxi au artutezarren (artute ez arren), emoten dituenak azteko euren seintxoak beste andra inudeai” (Añib LoraS 50). Bigarrena: “Dituanak esku artean osagarri bigun, erraz ta onak, baldin ilten bada, artutezarren, egotzi begio errua bere buruari”. Txorierri eta Butroialdeko hiztun zahar askok gaur egun be bestetara esango leukie hori: hartu eztearren.

Gaitik postposizino atzizkituagaz be ordena-eredu bikotxa daukagu, aditz partizipioari ezezka dautsanean. Nagusia eta hedatuena bata: /ez + Partiz + -agaitik/. Sartalderengoa, bestea: /Partiz + ezagaitik/. Bigarren kasuan ezagaitik batera idazten da, aditz partizipiotik bereiz. Postposizino gardena da hau be.

Gaitik postposizinoak aditzari erantsi leikion balioa bitarikoa izan daiteke: kontzesiboa edo kausazkoa. Lehenengoaren adibide izan daiteke: “Ni etorri ezagaitik ez kezkatu; beste batzuk etorriko dira”. Gaztelaniazko “aunque” horren baliokidea zelanbait. J. Mateo Zabalaren berbaz: “eta esan bear dozu zeinbat bider izan zatekean, beti jausi ezagaitik.”

Bizkaierazko klasikoetan ordena biak agiri dira, ez egonagaitik eta egon ezagaitik, baina lehenengoa hainbat ugariago bigarrena baino. Eta gatx da esaten bakotxa zein baliogaz. Kontzesiboaz zein kausazkoaz azaldu leitekez bata edo bestea.

Mogel markinarra dogu salbuespena, beharbada. Haren idatzietan ordena biak agiri dira, baina balio banangoaz gehienetan. Lehenengoa balio kontzesiboaz ohi darabil: “Nekearen nekez, apaindu gurearen apainduz, iñoren bitxiakaz bada bere, jantzi da ederto, nor dan bere guraso garbia igarten erraz ez izanagaiti.” (Peru Abarka). Azeria eta mahatsaren alegian, mahats-mordak arrapau ezinik bost ahalegin egin ondoren azeri leihatuak, honetara emoten ditu euskeraz gure idazleak haren kontsolu-berbak: “Ez dagoz oraindino elduta mordo oneek; gatx egingo leuskede garratzak dagozala jango banitu; ta alan ez deust damurik emoten ez janagaiti”.

Bigarren ordena, ezagaitik postposizino dala, kausa edo arrazoi-emote balioaz erabili izan dabe gure klasikoek. Mogel berak “Esku, oin ta sabelarena” alegian dakarren pasartea, lekukorik bikainena: “Dakuse esku ta oinak adore baga sabela; onen gatxagaz jan ezagaiti eurai bere jausi jakeezala indarrak, ta il biar ebala sabelak; ta au il ezkero eurak bere il biarko ebeela”.

Gaurko idatzi honetan hiru postposizino honeetaragino heldu gara. Hurrengorako itxiko ditugu gainerakoak. Aitatzeko geratzen diranen eza edo bakotasuna ez dau irakurleak gehiegi sentiduko, jakinik hurrengoan jorratuko dirala geldiroago.

 

 

Iturriko

Esatekoak 0
Ikusita: 293
2017.05.26

“Gura al dok ibili NADIN makilaka eta hagaka?” Aditz subjuntiboaz eta -n atzizkiaz eregitako mendeko konpletiboak

Atalburuko itaun-esaldi hori Pedro A. Barrutia XVIII. mendeko Arrasateko eskribauaren antzerki-lanetik, Azkuek “Gabonetako Ikuskizuna” bateatu eban obratik hartua da. Aditz subjuntiboa, ibili nadin, mende-perpaus osagarriaren aditza da, beraren gainean gura al dok aditz nagusia dauela, itaun-perpaus baten burua.

Gura izan aditz lokuzinoaren agindupeko aditz subjuntiboa –n atzizkiaz markatua dago, eta ez –la atzizkiaz; ez darabil nadila, eta bai nadin.

Ibili nadin, aginte-perpaus bakun baten ardatz be izan daiteke. Norbere buruari emondako aholkua edo ohar egitea danean: Ibili nadin kontuz badaezpadan! Eta pluralari aplikatu ezkero: Egin daiguzan bakeak!.

Mende-perpaus lez, ibili nadin izan daiteke helburuzko esanguradun perpausa be, “zertarako” itaunaren erantzun-ordaina. Esaterako: Senarra gelditu da umeak zaintzen etxean, neu kanpotik apur baten ibili nadin edo neuk kanpoan haize freskoa hartu daidan.

Esaldiaren testuinguruak erraz bereizten laguntzen deusku gehienetan, ibili nadin erako mende-perpausaren atzean “zer” ala “zertarako” itauna dagoan; hau da, osagarria ala helburuzkoa dan.

Lehen bazan euskeran, bai Iparraldeko tradizinoan, bai bizkaiera sartaldekoan, helburu zentzu hori markatzen eban marka berezi bat, aditz subjuntiboari eransten jakona, -ntzat atzizkia, harrezkero berbeta bizitik aldendu dana, edo -n atzizkiaren mesedetan neutralizatua gertatu dana. Atzizki bikotxa da -ntzat, -n eta -tzat atalez osatua. Ekialdean baino sartaldean luzaroago iraun dau bizirik, eta sartalderengo Bizkaia euskeran, XX. mendearen ateetara arte iraun dauen Laudioko euskeran iraun dauena, harik eta hau galdu dan arte. Eta gure Bizkaia sartaldeko klasikoen artean, bai Añibarrok eta bai Zabalak, euren idatzietan barra-barra darabile -ntzat atzizkia aditz laguntzaile subjuntiboakaz. Ez helburua adierazoteko bakarrik, ezpada helburu zentzu horri indar gehiago, enfasia emoteko. Añibarroren idatzietatik jasoa da ondoko pasartea: “Esan dodazan lapurkeriok laburki, orain noa erakustera zeaka, bakotxa berez ta zabalera geiagoaz, guztiok ondo ezautu daizuezan; bein edo bein begi itsuok argitu, esku zitelok estu, ostuteko maiña gaisto ori kendu daizuentzat”. Eta J.M. Zabalarenean irakurria da beste hau: “Ortulau onak bere landarai garbitu ta kendu bear izaten deutsez lurraren pareko lakatzak, burutik indar obeagaz azi ditezentzat”.

Bai gatozen perpaus osagarri-konpletiboetara. Nadin eta nadila adizki ereduak, biak agertu leitekez mendeko osagarrietan. Bien artean egon ohi dan diferentzia, aditz nagusiaren esparru semantiko banangoen araberakoa da: esan-agindu eremua eta nahi izan-komeni izan eremua, zeozelan laburbilduta.

“Amak, ezkondu nadila / neure moduko batekin, / dotea emongo deustala / oiloa bost txitarekin” dino kantu- eta dantza-kopla tradiziozko batek. Ezkondu nadila, amak esana (edo agindua) da. Ezkondu nadin izan balitz aditz konpletiboa, amaren borondatea adierazoko leuke aditz nagusiak: gura dau, nahi da edo haren gogoa da, esaterako.

Aditz menderatu bien artean bada beste diferentziarik be. Berba baten esanda, daitela/dedila eredua orokorragoa eta indartsuagoa da daiten/dedin baino. Batetik, eta batez be, erdialdeko hizkeretan –gipuzkeran, orohar– bigarren eredua ia guztiz aldendua dalako erabileratik, eta nahi izan aditz multzoen azpiko perpaus osagarriak –tea erara nominalizaturik egiten diralako gehien bat. Eta bestetik, bizkaieran eta sartalde hizkeretan be, gura izan/nahi izan aditzaren azpiko adizki subjuntiboak be –la atzizkiaz markaturik agiri diralako sarri. Ondorioz, hiztuna edo idazlea zertara ezean, nora jo ezean gelditzen da batzuetan, -n ala –la zein erabili behar dauen ez dakiala.

Paulo Zamarripak bere gramatika didaktikoan labur garandu zituan artezbideak geure egingo ditugu (Gramática Vasca, Gaubeca, ed. 1928, 183 or.):

“Las flexiones del presente absoluto y pretérito imperfecto absoluto de subjuntivo (…), de suyo, sin necesidad de que le acompañe ningun sufijo, llevan equivalencia de “que” y hasta de “para que”.

Llevan equivalencia de “que”, siempre que sean regidas de verbo que signifique “querer”, “desear” o algo por el estilo.

Y equivalencia de “para que”, en casi todos los demás casos.

Ni joan naiten gura dau. = Quiere que vaya yo.

Ni joan naiten egiten dau ori. = Ha hecho eso para que me vaya yo.

Pero estas mismas flexiones, siempre que fueren regidas de verbo que signifique “decir”, “mandar”, o algo así por el estilo, expresan la conjugación “que” con el sufijo la.

Ni joan naitela dino. = Dice que vaya yo.”

Baina askoz lehenago, XIX. mendearen erdia baino lehenago, J. Mateo Zabalak finkatu eban argiro bere gramatikan erabilera bikotx hau, esanez:

«Trozo 5. Subjuntivos regidos del verbo gura j nai. 22. Los subjuntivos regidos del verbo gura o nai tienen dos particularidades. La 1ª que regularmente a sus artículos se les deja intactos sin quitarles la n final, ni añadirles la partícula la, aunque tambien pueden usarse con esta.

Subjuntibo konpletiboaren atzizkia -n daben (edo onartzen daben) inguruneak zertzelatuko ditugu lehenengo.

Bizkaiera klasikoaren jarraibide nagusia ondo islaturik dagoala deritxagu Añibarroren esaldi honetan, zeinetan nazu darabilen aditz nagusitzat, gaur nahi dozu idatziko gendukena: “Nazu, limosnagille izan dedin; apaindu-ederturik ibilli eztidin; murmuratu eztagian; kristiñau bizitza egin dagian?” (Misionari I 346). Itaun perpaus baten barruan sarturik agiri da hor mende perpausa. Izan be, konpletiboaren gaineko perpausa, eta aditza, itaunka dagozanean, errazago bideratzen dira eredu honetako konpletiboak. Mogelen Peru Landetako testigu: “Gura dozu, bada, geure gosaria alkarregaz artuta urten daigun laurok basoetara?” opeste-galdera zuzentzen deutso Maisu Juan ilustratuari. Gura dozu galderazko aditz egituran dago mezuaren ardatza, galdegaia. Antz-antzekoa dogu, bestetik, atalburutzat hautatu dogun Barrutia eskribauaren galde-perpausa be.

Baina aditz nagusia –gura izan, nahi izan, ona izan…– ezezka daben esaldietan hondino ugariagoa da –n atzizkidun subjuntiboa mendeko konpletiboetan. Adibide klasiko bi eta oraintsuagoko bat hautatu ditut hori erakusteko. “Ez dau gura Jaungoikoak inor kondenau dedin, ezbada guztiok salbau gaitezan” (Frai Bartolome). “Ta ez dau aren onasun altuak gura, lurrekok inori gauza onetan ukitu dagion.” Etxeitarena bestea: “Zure gurasoak ez dabe nai ni lako nekazale bategaz ibili zaitezan” (Josetxo). Añibarroren hirugarren honek be, bere mezu ernariaz aparte, ederto darakus egitura honen usadioa: “Zer bada; ganadu ar-emeak batu ditezen gura eztozuenean, idoroten dozue modua aparte eukiteko; ta beste onenbeste egingo eztozue zeuroen seme ta alabak aparte eratzoteko ta kondenatu eztitezen?”.

Baina aditza baiezka dagoala be eurrezean ditugu eredu honetako esaldiak gure klasikoen artean. Eta mendeko konpletiboa galdegai izatea be sarri gertatzen da horrelakoetan. Ohartu, bestela, Zabalaren esaldi honi: “Au zeuek ebatzi dagizuen gura dot nik.” Hor zeuek genduke galdegaia, eta klasikoetan gitxitan ikusten dana: mende perpaus osagarria aditz nagusiaren aurrean kokaturik idatzi deusku.

Aditz nagusia izan lokarri aditzaz eregia danean, izen edo adjektibo bat ondoan dauela, erraz bideratzen dira –n atzizkidun konpletiboak. Horrelakoetan –la baino samurrago jako euskal gramatikari –n hautatzea. Pedro Astarloaren esaldi hau, berbarako: “Au demoninoaren asmoa da etxea modu baga, nok begiratu baga egon dedin.” Baina egitura horretakoen artean ugari-ezagunena hobe izan aditz multzoa da. XVII. mendeko bilbotar idazle-gramatikariak, Mikoletak, honelan idatzi eban dialogo baten: “Obe da nik dinodan guzurra, ze ez urteak”. Esaldi horretako dinodan adizkia gaur egungo esan daidan bera dogu, subjuntiboko konpletiboa, baina aditz konposatuaz barik, aditz trinkoaz eregia. Aspaldirik zaharkitua egonagaitik, gure hizkera zaharraren eredu bikaina, ulertzen ez hain gatxa gaurkoentzat be.

Beste aditz nagusi batzuk be badira, mendeko osagarrian –n atzizkia ondo joakenak. Bat edo beste izentauko ditut. Itxaron aditza: “Eta ezta itxaron bear premina eldu dedin azken kabura, bada orduan berandu dator sokorrua ta erremedioa” (Añibarro). Itxi aditza: “Ai neure Jauna, itxi egidazu esan daizudan Lazaroren arrebakaz: Maite dozuna gaisorik dago” (J. A. Uriarte).

Bildur izan aditz lokuzinoak agindurik datorrenean mendeko osagarria, hau sarritan –n atzizkidun adizki subjuntiboaz eregiten da, eta ezezka maiztasun handiz. Mogelek Peruren ahoz bere aldiko barberuen kontra agertu eban salakuntza zorrotza, lekuko: “Zerren bestelango gaixo-ikusteetan baiño aloger edo bearsari geiago emoten bajatzu odola ateratearren, bildur izateko da dirugureak azi edo geitu ez degizan odola aterateko preminak”.

Iturriko

2017-05-26

Esatekoak 0
Ikusita: 310