kontaktua
2018.07.13

HAINBAT, HORRENBAT, HONENBAT Zenbat / Hainbat Konparatze markak

Bat zenbatzailea edo beste zenbatzailea bigarren osagai modura hartuta, eta honen, horren, hain lehen osagaia dala, gramatikan zenbatzaile zehaztugabeen kategorian sartzen diran hitz konposatu txorta bana garatu dira: batetik, hainbat, horrenbat, honenbat dalakoa eta bestetik, hainbeste, horrenbeste, honenbeste dalakoa.

Ez dago esan beharrik, -beste osagaiaz osotuak dirala ugarienak eta edonongo euskeran zabalen dabiltzanak, eta -bat osagaiaz eregiak, urri-mehats erabiliak, gero eta urriago eta mehatsago denporearen joanean, eta forma batzuk hizkera askotan guztiz aldenduak.

Oraingo idatzi honetan -bat osagaidunez jardungo dogu labur, -beste erakoak hurrengorako lagata.

Txorta bakotxa honen-, horren-, hain- hurrenkeraz azalduta agiri bada be gramatikarik gehienetan, guk atzekoz aurkeztea gurago izan dogu, hau da, zabal eta ugarienetatik hasita urrien edo bakanen erabiliak diranetara: hainbat, horrenbat, honenbat, hurrengorik hurrengo.

Berez konparatiboak dira, bai hainbat eredukoak, bai hainbeste eredukoak, gaztelaniazko “tan, tanto, tantos” tipokoen kideak. Baina euron konparatze-balioa makaltzen joan da denporearen ibilian, neurri baten behintzat.

Hainbat, zenbat zenbatzaileaz korrelazinoan azaltzen da sarri konparagarriak egiteko: zenbat... hainbat.... Halan: zenbat behar dozun, hainbat eskatu. Baina sartaldean, dana dala, hainbat horren lekua hainbeste markak hartu dau gero eta gehiago.

Konparatze hori goranzkoa izan ohi da sarri, -ago atzizki gehitzailea lagun dala: zenbat... -ago, hainbat... –ago. Frai Bartolome eta Lardizabal lango idazle klasiko biren adibideez on eginda: “Ez dago dudarik, neure entzula onak, gauza ona izan ezkero, zeinbat andiago, ainbat naiago ta maiteago” (Bartolome); “zenbat geiago esan, ainbat aren indarra goragotzen da” (Lardizabal). Aldi modernoan, zenbat / hainbat korrelazino-markak eta juntagailuaz indartzeko joerea nagusitu da: zenbat eta…, hainbat eta… Halan: Zenbat eta gehiago esan, hainbat eta txarrago.

Baina korrelazino-egiturez ostean be, bai –ago, bai –en atzizki konparagarriakaz batera behin baino sarriago ikusiko dogu. Batetik: hainbat okerrago, hainbat txarrago, hainbat hobeto. Bestetik: hainbat arinen, hainbat lasterren, hainbat gehien.

Bizkai euskeran baino gipuzkeratik ekialderantz askoz gardenagoa da hainbat horren konparatze-zeregina. Iztuetaren Kondairako pasarte biotan, adibidez: “Otsozar gaitzgilleak, basoak ugariago ziran denpora doatsu aetan ainbat ezpada ere, ardi-jabeak nai baino geiago agertzen dira Gipuzkoako mendietan.”, eta: “Lurrarekin burruka ari oi diran nekazariak eta baso eremuetan ikatzgintzan diarduten langilleak ainbat neke izerdizko egiten dabenik, eta maizago egarritzen danik ote da besterik?”.

Hainbat zenbatzaile zehaztugabe soil legez erabilia da bizkaierazko tradizinoan gehienbat: “asko, anitz” eta “nahikoa, polito, dezente” marken erdibideko balioaz, gitxi gorabehera. ­Zenbat kostau jatzu? –Hainbat; uste baino gehiago.

Gure klasikoetan konparazino aztarrena badau hondino hainbat honek, baina konparatze-erreferentziarik agiri ez dala. Barrutiaren pasarte bat: “Iregi bidi lurra, iruntsi nagi. / Sekula ainbat pena eztot eugi”. XIX. mendekoa dogun Pedro Astarloak pasarte honetan darabilen baliotik hurrago dago gaur egungo sartaldeko erabilera, konparagarri balioetatik baino: “Liburu onetantxe dauka euskeraz, berorrek anbat lan, neke, izerdi, gaubela, ibilera, eta ainbat eriotzako arriskuz zaindu daben legea”. Baina oinarrian hor datza, gaztelaniazko “tanto” horretan legez, konparagarri izatea. Idazle beronen hurrengo pasarteak darakus garbiro, hain, hainbat eta hainbeste esanguraz eta sintaxiz kide hurrekoak izan dirala gure tradizinoan: “Alan neure kristinauak, ezta mirari Jaungoikoa ain aserraturik egotea; ainbat gatx, ainbat lan, ainbeste neke, ainbeste gerra gure ganera bialdutea, bere izen santua oin azpian zapaldurik darabilenen ganera”.

Hainbat marka, zenbatzaile numeral bategaz, eta juntagailua tarte dala be erabilia izan, gaur egun “eta piku” darabilgunaren balioaz. Barrutiaren honek on egindako egitura: “Salsatako zeruak kakin zeinbat intsaur jo ziran, / Liau lau bere, liau lau bere, ondo nago kontuan, / salsa jaiten iru motrallu pedazadu nituan, / Liau lau bere, iruntsi ditu eunda ainbat gaztaña”. Gaur egun be guztiz gomendagarria egitura hau, maileguetara joten ibili beharrik barik.

Horrenbat, sartaldeko tradizinoan gitxi erabilia izan da, baina halanda be, bizirik dirau hiztunen artean. Neuk Mendatan jasoa da ondoko erabilera itaun-erantzun kontestuan: “Zenbat kosta jatzu: mila hogerleko edo? - Bai, horrenbat.” Konparagarritzat erabilia da bete-betean hor: horrenbat: horrexen beste inguru. Otxolua mundakarrak horrenbaten darabil balio beretsuaz, hau da, adberbioturik: “Bai, pizka bat; ez da, bada, holan esateko pisua bere: amabi kintal, horrenbaten.” (Ipuin-Mipuin)

Gure sartaldeko klasikoen artean be urria da horrenbat, baina erabilia, halanda be. Adierazarria da, edozelan be, Mogel markinarrak, gipuzkeraz diharduanean darabilela zenbatzaile hau: “Baina euskal errietan ez dago orrenbat gari”, “Ez nuen, Jauna, nik uste orrenbat kalte zegoanik janean”.

Eta beste hainbeste jazoten da honenbat zenbatzaileaz be. Mogelek gipuzkeraz darabil, baina bizkaieraz ez: “zor dituela onenbat meza”, “emateko urteoro onenbat diru”, “Ez dute infernuko gaizkinak onenbat eskubide”.

Sartaldeko euskeran denporan guztiz atzera jo behar da honenbat eta horrenbat idatziz ondo dokumentaturik ikusteko. Lazarragaren erabilerak dira gardenenak. Darabilzank aldaerak: oneinbat, orreinbat (orrinbat). Izenaz batera sintagman: “Udabarri guztiz alegerea, / maiatzeko lora ederraena, / ze indazu beti oneinbat pena”, "‑Oi, nox zenbiltzen / orrinbat gatxez munduan?" (45r)

Gipuzkerazko tradizino klasikoan, ostera, bai honenbat, bai horrenbat ondo sustraiturik agiri dira, batez be Beterritik ekialderantz. Agirre Asteasukoa dogu horren lekuko egokia: “Baiña non ta nor da, nere kristauak, egungo egunean, bere anima salbatzeko egiteko andi onetan onenbat kezka ta izerdi artu nai duena?”, “Ta nondik zuri, nondik niri onenbat ontarte, edo mesede?”.

Gaurkoz honenbategaz asko dalakoan, itxi deiogun arloari.

 

Iturriko

2018-07-13

Esatekoak 0
Ikusita: 35
2018.07.06

“Partidua hasi ORDUKO gola sartu” Lehentxuago eta gerotxuago zibu-zabuan

Bizkaia Irratiko entzule batek oraintsu egindako itaun bat atxakia hartuta idatzia da lantxu hau. Entzule horri gogor egin jakon esaldi horren mezua. Beraren erabileran eta buruan, “partidua hasi orduko” zan esatea lez: partidua hasi baino lehen edo partidua hasi aurretik. Bestetara esanda: hasi orduko denpora-marka erabilita, bere euskal senean, kontraesan bat egoan futbol partiduaren inguruan: lehenengo partidua hasten da eta gero gola sartzen da. Gola sartu dabe bada perpaus nagusiaren prozesua, ezinezkoa da denporazko mende prozesua, partidua hasi, lehenago edo arinago gertatzea. Hiztun horrentzat orduko postposizinoa oker erabilita egoan, orduko horren esangurea, harentzat, baino lehen edo aurretik marken bardintsua dalako.

Baina partidua transmititzen egoan esatariarentzat, partidua hasi eta batera gola sartu ebela iragarri gura ebanarentzat, ostera, hasi orduko guztiz era zuzena zan, orduko horren bitartez beste denpora erlazino bat adierazo gura ebalako: ekintza-prozesu bi bata bestearen atzean, baina segidu-segiduan gertatu zirala; alkarren jarraiko ekintza biren ia bat-batekotasuna. Bigarren hiztun honentzat, hasi orduko esatea zan hasi eta batera, hasi eta berehala, hasi eta segiduan esatea legetxe.

Orduko denpora postposizinoak bizitasunik gehien erakusten dauen eremua euskerearen sartaldea bada be, eremu osoan izan da gitxi-asko erabilia, eta sartaldeaz kanpo era berezi batez lapurtera eremuan, baina erdialdean eta nafar hizkeretan ere bai gitxi-asko.

Zein izan da orduko marka horren eboluzino semantikoa, aditz partizipioaz batera darabilgunean? Tradizinoari eta erabilerari ohartzen bagatxakoz, argiro dakusku, gaur dituan balio bion artean prozesu bien jarraikotasuna adierazoten dauena dala zaharrena eta eremuz zabalena, tradizino idatziari bagagokoz; prozesu biak bata bestearen atzean, jarrai-jarraian jazoten dirala adierazoteko marka izan dala: mendeko prozesua lehenengo, eta nagusia ostetxuan, ia bat-batera. Errefrau ezagun batek on egiten dau garbi denpora oreka hau: “Abenduko eguna, argitu orduko iluna”.

Lazarragaren lekukotasun apurrak be argiak dira esangura aldetik. Bata: “Bada bere aek ondo begiratu orduko, salbaje biak arrebatadu zituen Sirena ta Silbia, zeinzuk utra laster ta erroitu andiaz eroan zituen florestati beera, Silberok eta Doridok remediorik emun al baga”. Bestea: “Ordu askotan, oi ta, bear dau / iregi bere polsea. / Semerik badeu, esaten jago: / — Aita, egidak jakea. / Ari jakea egin orduko, / alabeorrek gonea. ” (42r).

Denpora-balio horrek bere horretan dirau hizkera guztietan ‑bizkaiera barru dala‑ denpora luzean. J. A. Mogelek berak be adibiderik gehienak esangura horretakoak ditu. Adibide bi. Bata: “Aotik atera orduko [biraoa], gomutau ta kontura zan”. Bestea: “Zer egin daroagu erre-usaina sentiu orduko?”. Esangurak garbiak dira: atera eta batera, sentidu eta batera.

Baina idazle beronen beste adibide batzuk beste denpora-oreka baten adierazle dirudie. Bata: “Erein orduko garia oraingo euskaldunen lurrean, onek saratu bear dau”. Bestea: “Emoidazu laztan bat urten orduko emendi”.

XIX. mende hasieratik indartzen eta hedatzen joan da lehentasun esangura hau, baina ez dator guztiz bat baino lehen, aurretik marken balioakaz; mendeko ekintza nagusikoa baino lehenago gertatzen da, baina aurre-aurretxoan, denpora-tarte guztiz laburra bien artean dala.

Frai Bartolomeren ondoko adibideok be esangura hauxe on egitera datoz. Bata: “Askotan, geu kontuan jausi orduko, doa gure pensamentua uste ez dogun lekura”. Bigarrena: “Zer egiten dau sugeak? Inor akordau orduko, ixilik eztena sartu, berenoa ezarri, ta gaixotu, ta il”. Baina idazle beronen beste pasarte batzuetan ostera, ez dirudi denpora-erreferentzia bera gordeten danik, bata-bestearen jarraikotasuna baino: “besteak berba bat esan orduko, erremuskadeagaz atzera sartuten deutsala”.

Esan daiteke denporaren joanean, bigarren balio hau zabaltzen eta sartaldeko hiztunen artean nagusitzen joan dala. Hori da arrazoia, gaur egungo hiztunik gehienentzat bitxi gertatzea hasieran aitatu dogun esaldi hori: Partidua hasi orduko gola sartu dalakoa.

Baina gaurko hiztunen artean apur bat aztarrika hasi ezkero, berehala loratuko dira euron ezpan artean honetariko esaldiak be. Gernikaldeko Ana Oar-arteta lankideak Ajurian jasoak diran bi ekarriko ditut lekuko. Bata: “Erropak eskegi orduko euria hasi dau”. Bestea: “Neuk bueltea hartu orduko berbetan hasten dira ikasleak”. Barrutiko auzoan egin ditudan itaunketa batzuen erantzunak be bide berekoak izan dira.

Halako bidekidetasun antzeko oreka bat agiri da /Partizipio + orduko/ egituraren balio bien artean: balio zaharra oraindino indarrean dala ezagun da, balio barriagoa, modernoa, nagusi agertu arren.

Sintaxiaz ohar labur batzuk

Mende perpausaren atze-marka modura agiri danean, orduko honek egitura diferenteak ditu aukeran. Hiru edo lau, gitxienez. Egiturarik ohikoena eta hedatuena, aditz partizipioagazkoa da: esan orduko. Ezaguna dau bigarren bat be, baina mehats erabilia, aditz jokatuagazkoa, -n atzizkia adizkiari dautsala: datorren orduko. Bada hirugarren bat, -te aditzizenaz eregia, eremuz eta erabileraz murritzagoa: joatorduko, ikustorduko, egotorduko. Eta badau laugarren bat, denporearen barruti horretan, aditza eliditurik dala: leku izenekin, -ra adlatibodun adizlagunaz: etxera orduko, hara orduko. Eta denpora- edo ordu-izenakaz, absolutibo kasuaz: seirak orduko, zortzirak orduko, urte akabua orduko.

Aditz jokatuaz darabile gure idazle batzuk, klasikoak berariaz. Esangurea, denpora-sekuentzia, aditz partizipioagaz dauen berbera: ekintza biren arteko berehalakotasuna, bata-bestearen jarrai-jarraiko izatea. Mogelen pasarte bi. Bata: “Zagoze bada prest ta sendo, arerioakaz eskuetara etorri bear dan orduko” (PAb). Bestea: “Baietza emon eban orduko Democlesek, agindu eban Dionisiok ipini egiela gizon axe urrezko oe baten”. J. Mateo Zabalaren beste hau ildo berekoa dogu: “nik ezteutsat gatxik opa, baia bera dakusdan orduko odol guztiak irakiten deust”. Eta bardin Astigarragaren hau be: “Konfesau zan ordukoxe geratu zan berba barik, ta ezer entzun ez ebala, eta euki ezkero bere gorputza subil bat legez denpora zati baten, ondo surtuta beukazan bere arimako almonak edo potentzijak, il zan.” Gaur egungo berbetan ez dirudi erabilia danik, edo gitxi entzuna da behintzat.

Aditz jokatuagaz ezagunagoa eta erabiliagoa da, berbaz be, -n orduan egiturea: kanpaiak joten dauen orduan eta baten bat ilten dan orduan. Kasu honetan, prozesuen arteko denpora-orekari jagokonez, aldi berekotasuna datza azpian; denpora berean gertatzen dira ekintza biak.

Orduko postposizinoa aditzizenari dautsala, esatorduko, emotorduko, ikustorduko… ereduaz, Arratia eta Nerbioi aldeko ibarretan erabilten da hondino be, baina sustrai zaharrak ditu berez. Añibarroren idatzietan be agiri da noiz edo noiz: “Ave Mariak jotorduko orazinoak” darabil behin, eta: “Itxadon egizue, bada, santutasun ta bertutezko frutua, zein dan fruturik egiakoena, eta eztozue gitxi egingo, irabazten badozue ilte orduko”, idazten dau beste behin.

Gaur egun be bizi-bizi dirau ibar biotako berbetan. J. Manu Etxebarriaren Gorbeia inguruko ipuin-esaunden bilduman badira hainbat lekukotasun. Kastrejanako zubiaren ipuinekoa dogu hau: “Ta orduan (…) kukurrukuarena kantatorduko esan eutsien egingo ebela zuria”. Zeanuriko bati entzuna dot beste hau: “Bialdu eiozu mezua beharretik joatorduko”.

Aditzizenagazko egitura honek mende-perpausaren lehentasuna adierazo ohi dau: baino lehen, aurretik marken baliokidea dogu.

Aditza agiri ez danean, edo orduko izen kategoria bati darraionean, honako egitura banangoak erabili ohi dira.

Batetik -ra orduko. Espazio edo leku adierazle diran izen edo adberbioakaz: hara orduko, mendira orduko. Bada esapide bat, agindu edo mandatu bat, joan-etorri edo eroan-ekarri bat arin egin behar danean erabilten dana: Hara orduko hemen. Hona orduko han. Aditzik ez da agiri, baina azpian mogimentu-aditz bat datza: joan, ailegau… Esangura nagusia, berehalakotasuna ohi da, ekintza biak segidu-segiduan egitearena. Baina beti ez da hain argia: lehenagokotasuna adierazoten dala dirudi beste testuinguru batzuetan. Mezara berandu joiazanakaitik idatzi eban gure Mateo Zabalak: “Abadea euren begira ez, ta eurak ara orduko, edo emon zan mezea, edo bai beintzat igaro”.

Aditzizena adlatiboan dala, -tera orduko egituraz garaturiko esaldiak be ezagunak dira, eta idazle batzuen erabileran polito erabiliak. Frai Bartolome etxebarritarra dogu kasurik agiriena. Auzi eta pleituez diharduela darabilzan pasarte bi. Bata: “Ara emen (…) ze mendi gatxa, altua ta aldapatsua igaro bear daben auziaren errazoiak, juezak erabagia emotera orduko”. Bestea: “Ta orduan bere, bideti etxera biurtuta, kontuak obeto ateraten badituzu auzitan astera orduko, nekez garbatuko jatzu”. Egitura horren esangurea, baino lehen markaren berbera.

Aditz partizipioagaz atze-marka lez, orduko ezeze, ordukoxe adierazkorra be ezaguna da; gaur egungo berbeta batzuetan be baietz esango neuke. Eta hiztunek, orduko klasikoaren ondoan ordukoxe garatu badabe, denpora-sekuentzien anbiguidadea kentzeko izan da: ordukoxe markaren bidez ekintza bien jarraikotasuna, berehalakotasuna zaindu gura izan dabe hiztunek. XIX. mendeko frantziskotar sermoilari eta idazle baten pasartea dakargu aurrera: “Ikusi ordukoxe bere gorputza bere arimeagaz batera ikaragarrizko ziega atan, jarraituko deutso konturik eztaukan demoninoen banda batek, ta ezarten direala bere ganian suge bibora amurratuak legez, ezarriko deutse euren berenoa bere zentzun guztietan ta penauko dabee ezin esaneko moduan”.

Gaurkoz bego honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-07-06

Esatekoak 0
Ikusita: 69
2018.06.29

“Heu haz hi mozoloRIK ASKO, txatxar buruhandiori!”

Mikel Zarate idazlea (1933-1979), abade egin eta lasterrera, Mallabiko Gerea auzoan egon zan aldi labur baten abade-zereginetan, handik lasterrera Txorierriko bere jatorri parajera hurreratu arte, orduko Derioko Seminarioan bertako ikasle gaztetxuen, abadegaien, arduradun-irakasle izateko. Hantxe emon zituan ondoko urteak, hil aurretxura arte, hondino gaztetasun lerdenean heriotzeak jo baino lehen.

Derion egoala idatzi eban bere lehen elabarria, Haurgintza minetan (1973), Euskaltzaindiaren nobela saria irabazi ebana. Elabarri horretan txertatu eban pasadizu baten kontura dator aitamen hau. Idazleak herriko berbaz entzun ebana batura ekarrita sartu ebana, eta hainbat aldiz kontetan berari entzun geuntsana; Geria aldeko mutiko batek berari esana, hurrean; lotsabagatasun handiko berbak, orduko sasoian mutiko zoztor batek abade jaun bati aurpegira esateko: “—Hi, Enrike: Mozolua ikusi duk? —Heu haiz hi heu mozolurik asko, txatxar buruhaundi hori! —erantzun dio berehalaxe Mozoluk.” Gereako orduko mutiko euskaldun berabetekoaren berbakeran bizi-bizi egoan atzizki partitibodun egitura hori –mozolorik asko‑, gramatika gauzen barri barik mutikoari berez-berez urten eutsana, pentsaurik edo susmaurik berari adar-joka edo burlazahar ebilkolakoa gure Mikel, honi eskarmentua emon guran edo.

Edozelan be egitura neutroagoa zatekean: Heu haz hi mozoloa! erantzutea, heu haz hi mozolorik asko! baino. Aurrean solaskide ebanaren mozolotasuna putzitu gura eban mutikoak mozolorik asko erabilita, bestetara baino.

Gaurko hiztunen artean, beste egitura zahar askoren antzean atzeraka doan egiturea, tamalez, baina halabeharrez.

Asko zenbatzailea da kategoria horretako hitzen artean, beragaz batera doan izenari (edo izen sintagmari) –ik partitiboa sarrien datxekana. Eta asko zenbatzailedun izenari –ik erantsi ezkero, haren edukiaren neurria, zenbatekoa, hanpatu egiten da, asko izatea ugariagotu. Guztion ezaguna dan esker-emote formula baten, eskerrik asko dalakoan, tinkoturik geratu da egitura hori. Ez da agiri, ostera, esker mila edo esker anitz formuletan, honeetan be mila eta anitz zenbatzaileak azaldu arren.

Ordena diferenteak onartzen ditu izen partitibodunaren eta asko zenbatzailearen arteko egitura horrek. Funtsezkoena, goian ipini dogun berori: /Iz + -ik + asko/. Egitura honek bizirik dirau oraindino be, batez be edadeko jentearen artean, euskaldun sendoen kasuan. Muxikako alaba bati, andrazko bati, neuk entzuna da hurrengo hau: “Hórrek badekie suberterik asko munduen!”. Denporan apur bat atzerago jota, herri poesian azterka hasten bagara, erraz idoroko ditugu ondoko honangoak, batez be dantza-kopletan. Bat: “Bilbon barberurik asko, / endemas Barrenkallean, / neu bere haraxe noia / buruan min dodanean”. Bi: “Harako zeuk gure ta / neuk ez neuenean, / berba labanik asko / zeunkan zuk minean”. Hiru: “Soloan nagonean / eguzki berotan, / neure pentsamentua / lekurik askotan.”.

Graduatzaile bat, guztiz, erdian dala be erabilia izan da egitura hau. Pedro Astarloaren esaldi hau lekuko: “Gauza bi onexekaitik egiten oi dira ezkontzarik guztiz asko, geienak ez esaterren” (P.Astarloa, UD I, 257)

Baina alderantzizko ordenaz be sarri aurkituko dogu. Batzuetan /asko + Iz + -ik/ egiturapean. Eta gehiagotan, /asko da + Iz + -ik/ erara.

Lehenengoaren adibide bikaina dogu eresi zaharretan agiri dan ahapaldi hau: “Gomizek asko lagunik, / zabal arabaarrik, / giputz ondo ederrik, / bizkaitar urduri gogorrik”, zeinetan hiru sintagma kateatu jarraikoetan markatzen diran izenak –ik partitiboaz, beti be askotasuna edo ugaritasuna hanpatzeko.

Bigarrena, asko izan aditz lokuzinoaren inguruan garatua, zabalago erabili izan da, bai berbetan, bai tradizino idatzian. Mogelen adibide batzuk datoz era-erara berau azaltzeko, izan be idazle klasiko honek berariaz maite eban egiturea dogu hau: “Asko da berbarik, ta ekin daiogun aurrean daukagun oni” dirautso Maisu Juanek Peruri, berba egiteari itxi eta jaten hasi daitezan. Aurrekoaren antz-antzekoa da hurrengoa be, hau Peruren ahoan: “Asko da soinurik; amaitu daigun pitxar ondoko ardaoa, ta Jangoikoari eskerrak emonda, goazan oera”.

Denporan atzerago jota, jaso daigun Barrutia eskribauaren esaldi hau be: “Asko da lorik! Esna zaitez!”.

Beste zenbatzaile batzuk be maiztasun gehiagoz edo gitxiagoz erabilten dabe partitibodun sintagmak eregiteko.

Erdi zenbatzailea adjektibo kategoriaz darabilgunean, erdia singularraz edo erdiak pluralaz, honi jagokon izenak sarri hartzen dau –ik partitiboa: Honegaz biderik erdia eginda daukazue. Etxerik erdiak arrakalatuta ikusten ziran. Jenterik erdia erbestekoa zan plazan. Teilaturik erdia jausi beharrean dauka etxeorrek. Mundurik erdia estu eta larri dabil, gerrak dirala-ta.

Paulo Zamarripa idazlea maisu izan genduan idazten zein gramatika-argibide adiutuak eskeintzen. Berari jasoriko adibidea dakargu: “Bostgarren paperaren erdia be baltzitu dogu, irakurlea. Paperaren erdia eta paperik erdia.

Nahikoa modernoagoa da zenbatzaile modura asko baino, baina hau be sarri darabilgu beronen ondoko izenari -ik dautsala. “Gaurkoz nahikoa da beharrik! Bihar segiduko dogu.” Edota ordena neutroaz, -ik nahikoa dalakoaz: “Barrerik nahikoa egin dozue gure kontura eta zoaze haize freskoa hartzen!”.

Gehiegi eta larregi zenbatzaileak be inoiz agiri dira partitibodun sintagma baten ondoan: “Larregi daukat minik” dino Peru Abarkako bentereak.

Gitxi be maiztasunez erabili izan dan zenbatzailea dogu. Mogelen esaldi bat ekarrita: “Gitxi izan dira San Agustinek baino amodio geiago Jangoikoari izan deutsanik” (Konf.On).

Ugari hitzari be, zenbatzaile dan neurrian, partitiboa eroso joako: “Baneukan zer barrizturik eta zer eginik ugari” (Tomas Gerrikagoitia).

Franko/franku zenbatzaileaz be bai batzuetan: “Burukominik franko emon deusku arlo horrek!”.

Beste zenbatzaileari dautsala be sarri erabilten da baiezkako perpausetan. Hori besterik da erabilten da, beste gauza bat, bestelako zerbait dala marketako. Mogelek zaldi eta astoaren alegian darabilen pasarte honi ohartu gakiozan: “Arik urte batzuk igarota, izan eban astoak ugazaba obago bat, zeinek emon eutsan obeto jaten, ta bear gitxiago eragin, zerbait gizendu ta bear egiteko indartu zedin. Besterik jazo jakon zaldijari”. Aditzen emoteko, guztiz kontrakoa gertatu jakola zaldi harroari.

Zenbatzailerik agirian ez dala be, harridurazko perpausetan berariaz, izenari edo adjektiboari –ik eranstea nahikoa izaten da balio hanpatzailea esaldiari emoteko. Bakotx zenbatzaile adjektiboa da partitiboaz sarri darabilgunetariko bat, herri berbakeran batez be. Badago bakotxik! Ikusten da jentemodu bakotxik domeka iluntzetan kalean! Edo Zamarripari berari hartu deutsagun hau: “Horrek esaten dau guzur bakotxik!”.

Adjektibo konparatiboakaz be, -ago atzizkidunakaz, erraz azaleratzen da partitiboa, beti be harridura perpausetan: Badago hori baino hobarik hemen! Txarra dala dinozue baina, bada txarragorik, mutilak!

Edozelan be, baiezkako perpausetan –ik atzizkia gehitzen deutsagunean izen edo adjektibo bati, ez dogu egiten –eta ez da egin behar‑ baieztapena adierazoteko bakarrik, ez da –ik txertatu behar baieztapen neutro bat espresatzeko. Partitiboa sartzea adierazkortasunaz eta hanpaduraz lotuta dago: edukiaren askotasuna adierazoten da gehienetan, eta harridura edo exklamazino ingurunean erabilten da. Bestetara esanda: -ik partitibodun sintagmak markatuak dira. Euron azpian askotasuna edo ugaritasuna datza funtsean.

Ez da bardin: Badira horretarako arrazoiak, edo: Bada horretarako arrazoirik esatea. Bigarren esaldiaren bidez, arrazoirik asko eta lar daukagula esaten gagoz; lehenengoan adierazpen neutroa, markatugabea egiten ari gara.

Ez da bardin: Bihar euria egingo dau esatea, edota: Bihar egingo dau euririk!. Bigarren esaldiaren azpian, sekulako euritzak egingo ditualako mezua dago.

Partitibo-atzizkiak kantitate eremuan, aitatu ditugunez gainera, erabilera asko eta ugariak ditu, baina gaurkoz honenbestegaz askoko da.

 

Iturriko

2018-06-29

Esatekoak 0
Ikusita: 74
2018.06.22

Sanjuan bezperea

Euskal Herriko bazter guztietan, ekainaren 23an San Juan bezperea ospatuko dogu. Kristauek egun hau San Juan Bateatzailearen jaiotzagaz lotu arren, ospakizunaren jatorria askoz be atzerago bilatu behar dogu. Udako solstizioagaz eta eguzkiagaz lotuta dago; hau da, udeari ondo etorria emoteko egiten zan. Sasoi honetan dira urteko egunik luzeenak eta gaurik laburrenak; horregaitik esaten da "egunik luzeena San Juanena" dala.

Erritu asko eta era askotakoak egiten dira egun honetan; danak antxina eguzkiaren omenez egiten zirenetan oinarrituta. Errituak, alde batetik, indarbarritzaileak izaten dira; eta bestetik, babesa eskatzeko, bai personentzat, bai solo eta ganaduentzat.

Naturako hiru elementu dira nagusi: sua, ura, eta landareak. Sua da sinbolorik ezagunena eta zabalena. Iluntzean, auzo eta herri guztietan, suteak egiten dira eta jentea inguruan batzen da eta suaren gainetik salto egiten dau, indarbarritzeko eta azaleko gaixotasunetatik babestuta egoteko. Orain hamarkada batzuk, horrez ganera, gari-txortak biztu eta soloetara joaten ziran, suagaz soloak lapurrengandik, sorginkerietatik eta pizti txar guztietatik babesteko. Konjuruak esaten ziran: "San Juan bagileko, denpora ederreko, artoak eta gariak kaxan gordeteko, zapoak eta sugeak surtan erreteko. Gora San Juan!".

Beste erritu batzuk uragaz lotuta dagoz, egun honetan, erreka, itsaso eta iturrietako urek indar berezia hartzen dabelako. Horregaitik ohikoa zan eguzkiak urten aurretik, erreketan bainatzea, bedar ganean garoa hartzeko oinutsik ibiltea, gari-soloetan biluzik ibiltea, edo baraurik iturrietako ura edatea.

Landarak eta lorak, ostera, ekatx eta justurietatik babesteko erabilten dira. Horretarako sanjuan lorak edo sanjuan txorta izeneko erramilletea prestetan zan bedar, lora, gari eta arto landara, berakatz, kinpula eta abarrez. Txortea bedeinkatu eta kamaran gordeten zan harik eta ekatxa etorri arte. Orduan bedar batzuk hartu eta surtara botaten ziran eta etxe ke horregaz lurrintzen zan.

Horrez ganera lizar erramak eta elorri zuria be ipinten dira etxeko atearen alboetan eta soloetan, babestuta egon daitezan.

Esatekoak 0
Ikusita: 42
2018.06.15

EderrIK eta galantIK (lehen idazketa)

Atzizkia, -ik edo –rik aldaerez erabilia, berau dautsan hitz oina kontsonantez edo bokalez amaitua dan, huts-ik edo zoro-rik, izen deklinabideko ablatibo zaharraren marka bera da formaren aldetik, baina gramatika funtzinoaren aldetik beste balio bat garatu dauena aspaldi zaharretik.

Soiltasunez esanda, adberbio funtzinoak edo kategoria lexikalak sortzen ditu gaur mintzagai dogun –ik atzizkiak.

Emonkorrena eta malguena aditz partizipioekin dauen erabilera da: emon-ik, ikusi-rik, gaitasuna daukana –ko atzizki genitiboa erantsirik funtzino adnominalak beteteko: agindu-riko berbea, esan-iko egiak. Adberbio funtzinoko egitura gramatikal konplexuak garatzen dira beronen bidez, perpaus menderatuak, balio semantiko anitzak eskeinirik, modua eta denporea, besteak beste.

Baina zuberotarrez berbarako, sintagma predikatiboak markatzeko be bai: Gizona joan-ik da. Beste hizkera batzuetan esango litzatekena: Gizona joan-a da, edota sartaldean beste honetara: Gizona joan-da edo etorri-ta dago. Gramatika eta funtzino erabilera zaharra dogu, edozelan be, zuberotar hizkeretakoa: bidea egin-ik da, gainerako hizkeretan galdua edo bakandua dana.

Baina adjektibo kategorietan, edo honen hurreko diran izen edo aditz partizipioakaz, garatu dauen balioa dogu oraingoan aztergunea: bizi > bizirik, ero > erorik, bete > beterik eredukoena.

Gramatika liburuetan –ik honi eratorkuntza atzizkien trataera emon ohi jako: adberbio kategoriako eratorriak sortzeko euskereak sortu dauen mekanismo bat dala, azken baten, -ki, -ro edo –ka diran modura. Eta beronen esangura esparrua moduarena izan ohi dala, modalidadea, zelakotasuna adierazotekoa.

Oinarrian halan da izan, baina beronen berezitasunak ditu, dana dala. Atzizki lexikala dala baino hobeto esanda legoke, lexikal-gramatikal bitarikoa dala; bestetara esanda, erdi-lexikal, erdi-gramatikala dala, baina ez osoro lexikala. Zertan oinarritzen dogu adierazpen hori?

a) Errepika egituretan darabilgunean, -ik bigarren osagaiari bakarrik eransten jako, eta ez lehenengoari, beste batzuk ohi diran modura. Geldiro-geldiro esaten dogun moduan, ez dogu esaten *bizirik-bizirik, ezpada bizi-bizirik. Atzizkia –ka danean, aukera biak dira zilegi: salto-saltoka edo saltoka-saltoka. Baina –ik atzizkiagazko errepika-egituretan lehenengo osagaia soilik darabilgu beti eta bigarrena bakarrik markatzen da atzizkiaz. Halan ohi da bete-beterik, huts-hutsik, isil-isilik, itsu-itsurik, oso-osorik, zabal-zabalik edota beste edozeinegaz.

b) Atzizki graduatzailea, -txu/-txo hartzen daben adjektiboei be arazo barik eransten jake –ik atzizkia: isiltxurik, kasurako: “Ixiltxurik lotsatuta etxeti joan bearrian, eztena aterata, burua jasota, begi gorriak edegita, usigi gura izan eban gizona, suge esker dongakoak” (Mogel, Ipuinak).

c) Gramatika unidade konplexuagoei atxikirik be erabilten da –ik adberbiala. “Burua makurrik joan da”, “Belarriak apalik urten dau” ereduen atzean perpaus adberbial bana dago: burua makur dauela, belarriak apal dituala. Mogelen pasarte hau be adierazgarri bikaina da: “asten da oinak arinik artutera aurrean ekusan gizona” (alegia).

d) Maileguzko adjektiboakaz, eta horren zaharrak ez diranakaz, erabili izanak salatzen dau atzizki honen bizitasun eta emoi ugari zaharra eta zelanbait berorren gramatikaltasun zaharra. Mogelek darabilen umilderik, berbarako: “ta biurtu biarrean umilderik beragana, joatea gero beste konfesore bategana, esateko gura dana”. Lazarragaren poesian ugari-ugariak dira mailegu-adjektiboakaz agiri diran atzizkidun kasuak: librerik: “Librerik eta ardura baga / oi ta dirade ebili”; “egon joazen tristerik”, “ezkon bazatez eongo zara / ardia legez mansarik”; “Bere laztana dakusenean, / ebili utra graberik”; “Mila ta bosteun / urte alkarri erantzi, / irurogeta / lau geiago ganeti / da jaio zala / Jaun zerukoa justorik”; “Suori barriz, / oi, beti soberbiorik” (48v).

Ugariagoak dira bigarren osagaitzat hutsik dabela erabilten diran egiturak: burutsik, oinutsik / ortozik, arkondara-hutsik, mauka-hutsik / manga-hutsik, bilusik/bilosik. Azpian datzan egiturak izen-adjektibo multzoak dira: buru huts, oin huts, arkondara huts, mauka huts, bilo huts. Honetarikoen lexikalizatze gradua askoz handiagoa da, dana dala.

Adjektibo askok portakizun gramatikal bitarikoa dabe adberbio funtzinoan: hitz soil mugagabea eta –ik atzizkiduna. Bitasun horren arrazoiak beti ez dira bardinak. Arrazoi diferenteak egon leitekez horren atzean.

Kontestu gramatikalen arabera bata edo bestea erabilten da hitz batzuekin: gordin eta gordinik. “Hau okeleau gordin dago hondino; ondo erre barik”. Baina “Arraina zein okelea, gurago dau gordinik jan, erreta baino”. Gazte eta gazterik: “Urteak gorabehera gazte dago hondino”. “Gazterik ezkondu zan. Gazterik hil zan. Gazterik joan zan Ameriketara”.

Beste hitz batzuen kasuan, zahar-barri edo zaharkitu-moderno diferentzia dagoala dirudi era bataren eta bestearen artean. Triste mailegua gaur egun horretara darabilgu gehienok adberbio gisa: “Triste dago. Triste bizi izan ziran ama barik. Triste dauka barrua, gizona hil jakonetik”. Baina gure koplategian ezagunak dira beste honeek be: “Tristerik nago tristerik, ez daukat adiskiderik, adiskide txarra baino, hoba dot bizi bakarrik”, edota: “Tristerik nago tristerik, ez daukat alegrantzirik, bostehun urteko agure bat / ohian daukat neuk gaixorik”.

Esangura banangoak ezkutatzen dira beste kasu batzuetan era bien artean, bizi eta bizirik kasurako. “Ardao apur bat edanda, bizi ikusi dot dantzan”, hau da, bizitasun handiz. “Arnasa estua dauka, baina hondino bizirik dago”, hau da, ez dago hilda.

Atzizkiak zeharo lexikalizatuak dira hitz jakin batzuk, eta adberbio gisa halan erabili ohi ditugu beti (edo ia beti). Zutik edo zutunik (zutinik) esaten dogu, baina nekez *zutun edo zut, atzizki barik. Hutsik dagoala etxea esaten dogu, baina ez huts dagoala. Baraurik joan behar izaten zan lehenago komulgetara, baina ez *barau.

Alper eta alperrik biak dira ezagunak, baina adberbio legez bigarrena nagusitu da: “Alperrik da zuri esatea, ez dozu kasurik egiten”. Baina errefrau ezaguna da: “Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du”.

Gaur berbaz ez darabilguzan edo mehats darabilguzan -ik atzizkidun adberbio batzuei, edo hainbati, zahartasun sundea dariela esan geinke. Bermeon entzuna da: “Ze alabatxi! Hordirik zatoz oin be goizaldeko orduetan?”. Hordirik adberbio zaharkitua da, baina hordi hitza bera be bai. Gaur egun gazterik guztiz ezaguna dan moduan, zaharrik ez hainbeste; baina klasikoetan ohikoagoa zan: “Arkituten zan leoe bat zaarrik, gaixorik, erkindu ta adore bagarik” (Mogel). Beste adibide batzuk: gosez dagoana goserik dagoala, gortuta dagoana gorrik dagoala, norbaiti harrera hotza egitea esateko, hotz-hotzik hartua izan dala; soineko bat garbigailuan sartu ezkero, garbirik geratzen dala eta halako beste hainbat.

Adberbio batzuk, lehen –ik atzizkiaz erabilten ziranak, edo mugagabez edota beste atzizki batzukaz erabiltera etorri dira: gorrik barik gortuta, samurrik barik samur, duarik barik duan, argalik barik argal

Amaiera emoteko, poesia generoan era honetako adberbioek euki daben oihartzun zabala nabarmendu gura neuke, “ederrik eta galantik” formula ezagunaren bidez ezagunak diran ahapaldi biren bitartez: “‑Itsu gaisoa, nondikan zatoz, / nondikan zabiltza / bide galdu onetati? / ‑Kirrin kirrin kirrin kin. / Lengo batean nik ikusi det / zure emaztea ederrik eta galantik. / kirrin kirrin kirrin kin."” (Azkue CPV, Orio). “Gure ortuan sagarra loran, /  Donianeko eldurik, / aren azpian uso bi dantzan / ederrik eta galantik.” (Azkue CPV, Legutio).

Esatekoak 0
Ikusita: 60