kontaktua
2011.10.24

Hizkuntzeagaz olgetan

Sasoi baten berba-jokoak euria eta hotza egiten ebanean denpora-pasarako erabilten ziran. Gaur egun, ostera, umeen ahoskerea, lexikoa eta buru-argitasuna aberasteko, izan be, laso eta geldian egiteko olgetak dira eta.

Denpora-pasok izan ohi dira aurreko hitzaren azkenengo silabea eta hurrengoaren azkena batzea, aldrebeskeriak, errima barregarriak, aho-korapiloak edo hizkera kriptikoak erabiltea.

Aho-korapilo en artean daukagu esaterako:

 

Akerrak adarrak okerrak ditu,
adarrak okerrak akerrak ditu,
okerrak adarrak akerrak ditu.

Goratxuago hizkera kriptikoa aitatu dogu, baina zer da? Hitz egiten dabilzala, silaben artean beste silaba bat tartekatzea (beti bera edo aurreko silabaren bokalari eutsiaz). Normalean pi, ti, pe edo te izaten dira. Umeek gustukoa dabe ingurukoek ulertzen ez daben moduan berba egitea. Honakoak euskeraz nahi erderaz egin izan dira. Esaterako:

 

Arratsaldean amagaz Bilbora joango gara.
Aparrapatsalpadepeanpa apamapagazpa Bilpiboporapa jopoanpagopo gaparapa.
Aperrapetsalpedepeanpe apemapegazpe Bilpeboperape jopeanpegope gaperape.

Horreezaz ganera, alkarrizketa itxurakoak be badagoz. Ikusi daigun eurotariko bat:

 

– Kukurruku!
– Zer biozu?
– Buruan min.
– Zeinek egin?
– Oilarrak.
– Nun da bera?
– Basuan.
– Zer egiten?
– Txotxak batzen.
– Txotxak zetako?
– Sua eiteko.
– Sua zetako?
– Abadiarentzako.
– Abadia zetako?
– Gure arima salbatu ta zerura joateko.

Barregarrien artean honakoak daukaguz, kasurako:

 

– Bihar artio!
– Egon xutik eror artio!

        ***

Trilili ala tralala!
Kantu guzien ama da.
Nik ogi eta xingarra,
hik idi baten adarra.
Trilili ala tralala.

– Baratzian porru!
– Tripan mila debru!

        ***

Intziri ta intziri!
Astoaren putza hiri,
behiaren esnia niri.
Zirri-mirri!

Etniker Euskalerria. Juegos Infantiles en Vasconia.
Bilbao: Labayru Ikastegia, 2006, 589-626 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 1427
2011.10.18

Haur-jolasak II. Ostonduten

Ezkutaketan egiteko hainbat modu dago. Hamen bat. Betetzailea hormeari begira ipini eta berrogeta hamarrera edo ehunera arte zenbatuko dau. Amaitu orduan, honen antzeko formulak abesten dira, herririk herri ezbardinak badaitekez be:

 

Kiriketan, koketan,
eperrain xokuetan,
nere ondoan altxatzen denak
berak beteko du. Kirik?

 

Beste umeak bien bitartean ostondu eta, betetzaileak kirik? esatean, hondino ezkutau barik badagoz eko, eta prest badagoz kirik esaten dabe. Orduan betetzailea euren bila hasten da.

Esatekoak 0
Ikusita: 1326
2011.10.10

Bitoriano Gandiaga (1928-2001)

Bitoriano Gandiaga bizkaitar poeta handiaren jaiotza gogoratuko dogu. 1928ko urriaren 8an jaio zan Mendatan.

Olerkigintza dogu idazle bizkaitarraren produkzino literarioaren zutabe nagusia. Hainbat argitalpen itxi zituan poesiakaz horniduta. Elorri (1962) liburuagaz ekin eutsan B. Gandiagak bere obra oparoari eta haren ostean Hiru gizon bakarka (1974) eta Uda batez Madrilen (1977) liburuek lau haizeetara zabaldu eben poetaren izena.

Bigarren liburuaren bitartez heldu zan Gandiaga batez be publiko zabalarenganaino. Hedatze horretan laguntza handia izan zan 70eko hamarkadan euskal kantariek, euren kantuak moldatzean, erruz erabiltea liburuko poemak.

Geroago, Denbora galdu alde (1985) eta Gabon dut anuntzio (1986) opetsi eutsazan Gandiagak euskal irakurlegoari. Eta Ahotsik behartu gabe (1997) liburuagaz itxitzat laga eban Gandiagak, bizi zala, argitara emon eban liburu-sorta.

Zorionez, baina, liburu honeek euren segida izan dabe. Izan be, 2004. urtean Adio poemarioa emon eben argitara, eta urtebete geroago, 2005eko udagoienean, Elkar-Labayru-AEF argitaletxeek Mendatako idazlearen olerki argitarabakoak emon zituen argitara, lau liburu ederretan emon be: Biziminez, Euskalminez, Izadiminez eta Jainkominez. Hamaika poema-liburu doguz, beraz, B. Gandiagaren obra poetiko mardula osatzen dabenak.

Ha ta guzti be, prosaz be hainbat idatzi eban, eta hori batu eban Iñaki Sarriugartek Hitz lauz idazten izenburupean (Labayru Ikastegia, 2006).

 

ESPERANTZARI leiho bat

Zabaldu omen diote

Bizi ahal ote den

Ikusteko ere.

Baina apenas

Ikusi duten

Esperantzarik.

Desilusio usai bat

Erten omen da leihotik.

Esatekoak 0
Ikusita: 1923
2011.10.03

San Migel

San Migel iraileko jairik handienetakoa dogu. Irailaren 29an ospatzen da, hego-haize sasoian, halakoai sanmigel haizeak be esaten jake eta.

San Migel gurtzen daben ermitak harri edo meteorito antzekoen esaundakaz lotuta dagoz kasu askotan. Euskal Herrian ospetsuena Aralarkoa da.

Bizkaira etorrita, ostera, Ereñosarrekoa eta Arretxinagakoa ditugu ezagunenak. Lehenengoan harrizko sarkofago bat dago, alderdi baten ganean hiru harri dituena. Arretxinagakoan hiru harri dagoz, bitarte bat itxiten dabenak. Handik igaroten dira neska edo mutil-lagun bila dabilzanak.

Folkloreagaz lotuta, Arretxinagakoan, hau da, Xemeinen, San Migel gauez dantza berezi bat egiten da, mahaiganekoa esaten deutsiena. Mahaiaren ganean egiten da, hatan be. Mahaia Xemeingo udaletxekoa da, erakundeetako lehenagoko mahai luze horreetariko bat, alkatea mahaiburu dagoala. Txandan-txandan dantzariak mahai ganera igon eta dantzan egiten dabe, kantu honegaz lagunduta:

Horra hor goiko harestitxu baten

Kukuak umeak egin ditu aurten

Kukuak egin amilotxak jan

Haxe bere kukuaren zoritxarra zan.

Dantza amaitutakoan, alkate dagoanak dantzariari basobete ardau emon eta hurrengoak igoten dau mahai ganera.

Folkloreagaz zerikusia dauka Iurretako dantzarien jardunak be. Iurretako dantzariak entzute handia dauke antzina-antzinatik. Herriko zaindaria San Migel da Iurretan, eta orduko jaietan Bizkaiko dantzak eta erregelak egiten ditue. Fama hori Durangaldeko beste leku batzuetan be badauke, Garai eta Berrizen kasurako. Baina hainbestekoa da Iurretakoen entzutea dantza-kopletan be aitatzen da. Hona errepertorioko batzuk, Azkuek Euskalerriaren Yakintza lanean batutakoak (IV alea, 50. or.):

Aita San Migel Iurretako

Zeru altuko lorea

Agura zaharrak dantzan ikusi

Ta hak egiten jok barrea.

Garaiko plazan otea lore

Ermuan asentzioa

Dantzan ikasi gura dabena

Barruetara beihoa.

Aita Juaniko, seme Periko

Zer dogu aparitako?

Orio-aza gozo-gozoa

Arto beroaz jateko.

Kazuelatxoan intxaur-saltsea

Txarra morkoan txunpletin

Eragin eta beti eragin

Atsoak bauke zer egin.

Argazkia: José Ignacio García Muñoz. Labayru Ikastegiko Argazki Artxiboa.

Esatekoak 0
Ikusita: 1734
2011.09.25

Jatorduak I Armozua

            Euskal Herriko jatorduak, leku gehienetan legetxe, eguneko ordu nagosiei lotuta egon dira aspaldirik. Halan, hiru izan dira jatordu garrantzitsuenak: goizekoa, eguerdi partekoa eta ilundekoa edo, beste berba batzuekaz esanda, gosari edo armozua, bazkaria eta afaria. Denporeagaz, baina, etxean etxeko ekonomiaren eta gordeta eukiten zanaren arabera, beste jatordu txikiago batzuk be gehitu dira, esaterako, hamarretako edo hamaiketakoa edo arrasti parteko meriendea. Jatorduak urte sasoiaren araberakoak izaten baziran be, normalean ondoko tarteetan izaten ziran, eta dira: armozetakoak goizeko seiretatik zortzi eta erdiak arte, bazkaria ordu batetarik ordu bi eta erdiak arte eta afaria zazpi eta erdietarik bederatzi eta erdietara. Gaiagaz lotuta, polita da Zornotzan kriada ebilen neskato bateri batu jakon esakunea: “Nahiz dala udea, nahiz dala negua, goxeko zortziretan armozu ordua.” Geuk bost jatordu bereiztu eta euren ganeko informazinoa batuko dogu hona.

                Goizean, berez, hiru jatordu egiten izan dira. Lehenengoa, goizetikoa, barausi edo barauskarria da, hau da, baraua apurtzeko egiten dana. Ez da armozuagaz nahastu behar, horren aurretik hartzen dalako. Normalean, ogi zati edo kuskur bat eta graduazino altuko likore bat hartzen ziran barausteko: lehenengo likorea edan eta ostean jaten zan ogi zatia leku gehienetan, baina Portugaleten, esaterako, nahastean jaten ebezan, ogia erdibitu eta hara botaten eben anis eta orujo kopatxu bat. Beste leku batzuetan, ogirik ez eukienean, galletak jaten ziran.

                Jagi eta segiduan hartzen zan barauskarria, baina etxeko guztiek barik, beharrean joan behar ebenek hartzen eben. Bermeon, esaterako, marinelek goizaldean portuko beharretara joan aurretik egiten eben, fotá izeneko ogi zatia eta koñak, orujo edo anis kopea hartuta.

                Ondino be halango barauskarriak egiten dabez batzuek, esaterako, neguan kaleko obretan ibilten diran beharginek; dana dala halango beharginen ohiturea barauskarria tabernan hartzea bihurtu da. Etxean be, apurka-apurka kafeak ordezkatu ebazan likore gogorrak.

                Armozua da goizeko jatordu nagosia eta bere ardatza esnea izan da eta ondino be bada. Esnea, baina ez zan hutsean hartzen, ezpada zopakaz edo morokilagaz. Zopa klase bi egiten ziran esneagaz: talo-zopak eta ogi-zopak. Lehenengoak jateko, arturunagaz eginiko taloa esne beroa daukan lapikoaren ganean itxi eta zatitu egiten zan. Ogi-zopak, barriz, gari urunagaz eginiko eta aurreko egunetan gordetako ogi zatiakaz egiten dira ondino be. Ogia zabaltzeagaz batera, taloa bera desagertzen hasi zan eta, beragaz, talo-zopak.

                Belaunaldi barriagoek ekarri dabe, bestalde, armozuan tostadak edo mantekilleagaz edo mermeladeagaz bustitako ogia jateko kontua eta barriagoak dira, ondino, ingelesen ohiturak imitetan oin nongura hartzen diran laranja-ura edo gariagaz egin eta esneagaz batera jaten diran zerealak. Barauskarriagaz pasau zan moduan, ganera, gero eta gehiago zabaltzen dabil etxean barik tabernan armozatea, tartean kafesnea, kruasanak edo antzeko opilak.

                Zopez aparte, morokil edo arto-zukua be hartzen zan. Arturunagaz eginiko amasea da morokila: irakiten dagoan uretan gatz apur bategaz bota eta egurrezko goilareagaz eragin eta eragin egin behar jako harik eta amasa lodi batek urten arte. Morokila hotzituten itxi eta esne bero-beroa botaten jakon ganean jan aurretik. Leku batzuetan, ganera, azukrea be botaten izan deutsie. Estomagurako jateko on eta betegarria izan bada be, jende askok taloa gurago izan dau askotan.

                Armozuan bestelako gauzak hartzea, etxeko egoerearen araberakoa izaten zan. Halan, kafea erosteko beste ditu egon ezkero, erosi eta kafesnea hartzen zan. Txarria hil ostean be, txarriki nahikoa euki ezkero be, ohikoa zan armozuan sarteneko edo txarriki frijidua jatea.

                Hain zuzen be, txarrikiakaz, arrautzakaz edo sardinazaharren bategaz egiten ziran hamarretakoa eta hamaiketakoa. Jatordu barriagoak badira be, sano zabaldu dira azken hamarkadetan. Izenek eurek esaten daben moduan, goizeko hamarrak eta hamaikak bueltan hartzen ziran etxean nahiz etxetik kanpo. Halan, solora beharrean joan behar ebenek goizetik eroaten eben hamarretako edo hamaiketakoa solora bertara, jatordua helduta han bertan jan ahal izateko, etxera bueltau barik.

Esatekoak 0
Ikusita: 3151