kontaktua
2017.03.24

Milia LasturKO, Marina ArrazolaKO eta Ama Birjina Karmengoa

Orain dala urte eta erdi inguru idatzi genduan Bizkaieraren Ataria honetan, gaur jardungai darabilgunaz beste idatzi labur bat, “Andra Mari Begoñako eta San Antonio Urkiolakoa” izenburuaz, eta oraingo honek ordukoaren segida edo osogarri izatea baino ez dau beste asmorik.

Gaur egungo izen-deitura egitura askoren atzean nor-nongoa izendatze-sistema bat daukagu euskaldunon artean. Gaztelaniazko “apellido” kontzeptuarentzat deitura nagusitu da aspaldion, baina aranatarren abizen be bizi-bizi eta indarrean dago hondino, esanguraz harean bereizirik agiri diran bitartean goitizen, izengoiti langoak, “apodo” esangurea gehiago dabela. Gipuzkera eremuan erabili izan dan izelonbrea be hitz bitxia da egituraren aldetik, gaur baztertuxe geratu bada be; izen + lonbre (nonbre) hitz konposatuaz, geminadu semantikoa deritxon tipokoaz zizelkatu dan izena.

Gaur egungo deitura diralakoen artean, euskaldunon kasuan, leku-izenak dira asko eta asko; etxea, auzoa, herria edo nongo-hango eraikuntza bat oinarri hartuta sortuak. Busturia, Muxika, Agirre, Mitxelena deiturak leku-izenak dira oinarrian. Araba aldeko deitura asko bikotxak dira, ostera: noren semea eta nongoa, kontzeptu biak batzen dira deitura konposatu berean: Ortiz de Zarate, eskribauek gaztelaniaz finkatu daben deitura bikunaren atzean dagoan identifikatze-modua ez da besterik, Urlia Ortiren semea eta Zarate herri edo lekukoa dala baino.

Jente edo pertsona euskaldunen izen-emote bideak gaztelaniaz legeztatu ziran bere aldian gure artean. Horregaitik, bada, euskaldun askoren izen-deiturak alkartzeko de preposizinoa agiri da: Antonio de Irala edo Vicente de Arana adibidez.

Nor nongoa dala esateko, de gaztelaniazkoaren euskal ordain zuzena –ko leku-genitiboko atzizkia dogu. Eta -ko atzizki hori, -a mugatzaileaz lagunduta, deitura-izen batzuetan lexikalizaturik gelditu da, -koa edo -kua modura.  Ezagunak ditugu, beste askoren artean, honetariko deiturak edo leku-izenak. Atzizki-aldaera -kua dabela finkatuak dira: Arakua, Barrainkua, Bereikua, Bulukua, Mañarikua, Milikua edo Trabakua izenak. Eta aldiz, -koa edo -ngoa atzizkiaz eihoak dira: Bengoa, Barrenengoa, Upaingoa, Aldekoa edo Etxegoikoa.

Baina hiztun euskaldunen tradizino bizian, orain dala mende batzuk ofizialki legeztatu eta “betikotzat” finkatu ziran Urlia baten jatorri-izen, deitura-izen bihurtuak gorabehera, bizirik eta indarrean iraun dau, era ez-ofizialean izan arren be, Urlia hori identifikatzeko nongoa dan adierazoteko sistemeak, eta sarritan, gure herri eta nekazari gizarteetan, deitura ofizialak baino indar gehiagogaz. Halan, Agustin edo Agustina izeneko gizaseme edo andrakume bat, euren aitaren Madariaga abizenaz bateatu eta erregistratu baeben eleizako bateo-liburuan, Agustin Abauntzako edo Agustina Zorrotzeko izango ziran auzoko eta herrikoentzat, bata Abauntzan eta bestea Zorrotzen bizi baziran.

Erregistro bidez deitura-izenak egonkortu baino lehen be hataraxe zan. Nor bat ezagun bihurtzeko Nongo batez osotzen zan. Gure agiri eta idatzi zaharrean agiri diran ezagunenetariko batzuk aitatzearren: Milia Lasturko, Gipuzkoako Itziar herriko Lastur auzoko torreko anderea zana izendatzeko, edo Marina Arrazolako anderea, Erdi Aro beranduko eresi zaharretan agiri diran emakume-izen bi aitatzearren. Edo Peru Abendañoko, Errodrigo Zarateko edo Jaun Asensio Gebarako, oinaztar-ganboarren arteko liskar odoltsuetan parte izan ziran zaldun ezagun batzuen izenak aitatzeko.

Amabirjinea Arantzazuko atxartean agertu jakon artzaintxuari be Errodrigotxu Baltzategiko deritxo erromantze zaharretan. Santu-santa izen batzuk be horrelantxe izendatu dira idazle batzuen testuetan. San Inazio Loiolako eta Done Peri Deustuko, berbarako. Euskal mitologiako pertsonaia batzuk be antzera, Mari Anbotoko seinalagarri dala. Andra Mari edo ama birjina batzuk be beste horrenbeste. Ezagunak dira Andra Mari Begoñako edo Birjina Arantzazukoa, eta baita Ama birjina Karmengoa be, urrunago joan barik.

Herri-pertsonai ezagunak edo literatura idatzian agertu eta literario bihurtu diranak be badira, egitura honen arauz aitaturik agiri diranak. Nork ez ditu ezagun, dantza-kopletan behin eta barriro kantatzen dan Matxalen Busturiko neskatoaren gorabeherak? Nori ez jakoz hurreko egiten Peru Dubako pertsonai zelebrearen koplak, bere herritxutik Bilboko Barrenkallera makailotan, makailoa musutruke eroateko ustean datorren arloteari burlazahar jarriak? Edo nork ez dau entzuna Mogelek Peru Abarka elabarrian protagonista nekazariak bere buruari emoten deutsan izena: Alan derist Peru Landetako dirautso Maisu Juan barberuari, Landeta izeneko baserri eder baten bizi dala gogorazoten deutsala.

Izen-deituren gai honek hari luzea dauenez, matasa borobil mardul bat egiteko modukoa, hurrengorako itxi daigun gainerakoa.

 

Iturriko

2017-03-24

Esatekoak 0
Ikusita: 219
2017.03.10

GoazeLA goazeLA helduko gara norabait

Aditz trinkoek, bai orainean, bai iraganean ezagutzen daben maiztasun handiko egitura bat, -la atzizki adberbialaz lagundua danekoa dogu. Bidean dator esaldia bidean datorrela bihurturik, edo etxean dago, etxean dagoala bihurturik.

Aditz-atzizki hori, -la, bitarikoa dogu funtzinoz. Sarrien, konpletibo edo osagarria: etxean dagoala uste dot. Baina, hori baizen ugaria ez bada be, gerundio balioko adberbiala: etxean lo egoala hil zan. Bigarren honezazkoa izango da gaurko jarduna.

Zeintzuk dira aditz jokatua –la gerundiozkoaz eta denpora zentzunekoaz darabilguzan testuinguru nagusiak? Batuk-batzuk aitatuko ditugu.

Denpora asko da ereduko perpaus buruen mendean darabilgunekoa dogu ohikoenetariko bat. Mendeko aditza konposatua izan ohi da gehienetan. Baina trinkoa be bardin, erara datorrenean. “Urte asko da urik edan ez dodala saldan ez bada”, erantzun eutsan Maisu Juanek Peru Landetakori bentan bazkaltzeko egozala. Mogel dogu aurreko esaldiaren idazlea, hurrengoena dan legetxe. Beronek ondutako alegietariko baten, Atzeri eta Otsoarena dalakoan, azeriaren ahoan honako berbak ipinten ditu otsoari zuzenduak honen ostenlekua zan leizazuloaren aurrean, non honek eukazan moltsoturik “ahariki, ardiki, erbiki ta eperki asko”, otsoa amarruz atzipetu gurarik: “Neure Jauna, egun asko da ikusi ez zaitudala, ez alkarregaz egon ez ibilli gareala. Damu emon deust onek; agaiti nator, zuk zegaz, edo agaz poztu al bazinai nire biotz jausitua.” (Ip 30).

Mogelen esanean, urte asko da eta egun asko da dira perpaus buruak. Herri-hizkeran, sarri, denpora asko da esan ohi da, edota itaunka aurkeztua bada, zenbat denpora da. Berbarako: “Badakizu zenbat denpora dan alkar ikusi ez dogula?”.

Egitura hauxe da hain justu, mendeko aditz jokatuari –la atzizkia erantsi ala –netik ipini, idazle eta esatari batzuk zertara ezean galgatzen dituana. Denpora aldetiko mezua bietan antz-antzekoa ohi dalako. Noiztik dan urte asko, denpora asko… edo noiztik diran egunak, asteak, hileak, urteak edo mendeak.

Baina bada ertz bat, -la erabili edo –netik erabili, diferentea dana. Mendeko aditza –la atzizkiaz marketan dogunean, igarotako denpora-aldi osoa kontenplatzen da gehiago, denporearen igaroa edo iraupena, eta aldiz, -netik darabilgunean, abiapuntuan ipinten dogu arreta, prozesuaren hasierari adi gagoz batez be, ez denpora-igaroteari. Halan esan ginei: Etxera etorri zarala hiru hilabete dira eta ailegatu zarenetik (eta hona) ikusi be ez gara egin. Gaztelaniaren erreferentziak lausotzen deusku batzuetan bataren eta bestearen arteko diferentzia, bietan izan ohi dalako “desde que” preposizinoa. Hiztun arruntak ez dau horrelakoetan labankadarik egiten, berez urteten deutsalako noiz bata eta noiz bestea erabili. Oraintsuan irratiz entzuniko zorion-emote baten hitzak lekuko: “Gaur dira berrogeta hamar urte ezkondu zirala. Zorionak biei” (Bizkaia Irratia).

Ondoko mezuan, oraintsukoa hatan be, –netik agiri da mende-perpausan eta ez –la: “Egunotan 80 urte bete dira EGUNA egunkariak lehen zenbakia atera zuenetik. 1937eko urtarrilaren 1ean plazaratu zen lehenengoz, gerra bete-betean, eta sei hilabete beranduago, ekainaren 13an, argitaratu zen azkenengoz, hain zuzen ere soldadu faxistak Bilbora sartu baino sei egun lehenago.” Atzizki hori, -netik,erabiltearen giltza aditz nagusian dago. Perpaus buruan daukagun enuntziatua hau da: 80 urte bete dira. Urteak betete hori zein momentutik hasita dan kontenplatzen da hor. Perpaus burua izan balitz, ostera: larogei urte dira, orduan mendeko aditzari –la erantsiko jakon eta era honetara formulatu: “80 urte dira EGUNA egunkariaren lehen zenbakia kaleratu zela”.

Baina ostera, hedabide baten oraintsu entzundako beste esaldi honetan, -netik atzizkiaren ordez gustura sartuko genduke –la. Hau da zorioneko esaldia: “Badira hilabete batzuk, Perurenaren izena bolo-bolo dabilenetik”. Berformulaturik: “Badira hile batzuk, Perurenaren izena bolo-bolo dabilela”.

Mendeko aditza partizipio burutuaz (-tu erakoaz) agiri da aurreko esaldietan. Baina bardin agertu daiteke –tzen tipoko bururagabeaz be. Berbarako: “Urte asko da Alemaniatik Bilbora udaro etorten dala”. Ohikoa edo sarritakoa dan prozesuaz mintzo jaku horrelakoetan mendeko aditza. Sekula izango ez dogun kasua da mendeko aditza –ko etorkizuneko markaz erabilirik. Ezinezkoa, edo arraroa behintzat, egingo litzakigu honetariko bat ontzat jotea: “Urteak igaroko dira Peru *etorriko dala”.

Aditz trinkoaz markaturik be bardin azaldu daiteke mendeko perpausa, gitxienetan jazoten dan kasua izan arren. Orainean zein iraganean. Halan: “Denpora asko da zure barri ezer ez dakigula” edo “Urte asko dira honantz ez datorrela”. Eta iraganean: “Urteak eta hamarkadak ziran, erremindurik egoan gizon ha mendeku bila ebilela”.

Bigarren testuinguru bat, honako beste hau da. Denporea igaro bitartean jazoera bat denpora tarte horretan gertatzea.

Hau aditz trinkoekin agertzen da sarrienik. Aditz trinkoetan maiztasun handikoak izan aditzaren adizkiak ohi dira: dala, zala, dirala, zirala legezkoak, denpora balioaz eta funtzino adberbialaz erabiliak. Baina beste batzuk be bai. Halan: joan, etorri, ibili, eroan, ekarri eta beste batzuen adizkiak: doala, ebilela, datorrela, daroala, ekarrela legezko adizkiak.

Mende-perpausaren prozesuak dirauen bitartean gertatzen da ekintza nagusia. Gaztelaniazko gerundioaren hurreko zentzu eta aspektua dabe eurok. Datorrela: ‘viniendo’, ‘según viene’. Ebilela: ‘andando, según andaba’. Paulo Zamarripa abade, idazle eta gramatikar sondikoztarrak zertzelatzen deusku polito baten egitura honen erabilera:

“Las flexiones de presente y pretérito imperfecto de indicatico con el sufijo -la, pueden tener valor de gerundio equivalente a al y verbo sin conjugar o a según y verbo conjugado.

Etxetik natorrela ikusten dot. = Viniendo de casa (al venir de casa, según vengo de casa), le suelo ver.

Etxetik nentorrela ikusi neban. = Viniendo de casa (al venir de casa, según venía de casa), le ví.

Neuronek entzun eta bildua da Urdaibai aldean ondoko esaldia, gutariko edozeinek bardin-bardin esan leikena: “Urteizu ointxe, aterri dala”. Honen antzeko testuinguruetan, gaur egungo askoren joerea, ostera, da, era automatikoz aterri dan bitartean idaztekoa, batez be idatziz. Horretan agiri da, besteak beste, idatzirako hartuta ditugun automatismoak ez datozala beti bat hiztunok ditugun berezko erabilerekin.

Aitatuta dogun Mogelen erabilera batzuek on egingo deuskue egitura hau. Baiezkoan: “Ainbeste soinoko bitxidunez eta ori astegun buruzurian bidez zabiltzala?” (Peru Abarka), “artu eban erbi bat, abian lo egoala” (alegia), “Iturri baten edaten egoala basauntza, ikusi eban uretan bere adarren kerizea” (alegia). Ezezkoan: “Etorri zan ona, neu etxean ez nenguala, mutil lotsagaiztoko bat” (Peru Abarka).

Aditz konposatuakaz be bardin adierazo leiteke bitarte-denpora horren nozinoa, baina –tzen atzizki bururagabea daben partizipiodun aditzakaz. Halan: “Neuk neure begiekin ikusten nebala hondatu zan barkua” esan daiteke, aditz trinkoaz beste era honetara berridatzi daitekena: neuk nekusala edota neu ikusten nengoala.

Bada hirugarren egitura bat, -la aditz-atzizki denporazko-gerundiozko honen inguruan bilbatua, hiztunok sarri darabilguna eta bere aparteko izatea be daukana. Denporazko adberbio egiturak sortzen ditugu orain dala, gaur dala ereduko multzoen inguruan. Halan garatuak dira ondorengo honeek, esaterako: Oin dala urte asko. Oin dala hainbat denbora. Oin dala astebete. Oin dala bost hilabete. Oin dala hiru egun. Oin dala bost minutu. Adberbio-multzoaren guna sarrien orain/oin izan ohi da, baina ezaguna da gaur be egiteko horretan berean. Egiturea hau da: /Orain/oin // gaur + /dala + IS/. Lekeitiar bati entzuniko esaldi hau, adigarri: “Lekeition antzarrak bizirik ipinten zirala zenbat urte izango dira ba? Hon dala hogei urte?” (2013).

Egitura honek desbideratze nabarmenak be ezagutu ditu –“desnaturalizazinoak” esan geinke‑ gaur egungo erabilera batzuetan. Hau da behin baino sarriago dantzuguna edota irakurten dana: *Oraintxe bost minutu dala. *Orain bost egun dela.

Goazela goazela egingo dogu bidea, aurretikoek be dabiltzala dabiltzala egin izan daben antzera.

 

Iturriko

2017-03-10

Esatekoak 0
Ikusita: 1089
2017.03.03

“Zeure osasunERAKO eta neure barruRAKO”

Norako kasuari deklinabidean izen diferenteak emon jakoz. Destinatiboa deritxoe gaur sarri: helburuaz edo xedeaz loturik dagoalako beronen esangurea, eta arrazoi berorregaitik adlatibo xedezkoa edo antzeko izendapenak be emon izan jakoz. Adlatibo finala be deitu izan jako marka honi.

Eremu semantiko diferenteetarako erabilia danez, batzuetan izan daiteke norako, beste batzuetan noizko eta beste batzuetan zertarako edo zertako. Eta hiru itaun-hitzotan ohartu geinkenez, lehenengoan -rako atzizkia agiri da, bigarrenean, ostera, -ko soila, eta hirugarrenean bietara: -rako edo –ko.

Hortik ateraten dana da adizlagun destinatiboa eregiteko atzizki egitura bi ditugula, behinik behin; lehenengoa, ezagunena eta orokorrena, bikotxa: -ra adlatiboaz eta -ko adizlagun-atzizkiaz eregia, eta bigarrena bakuna, -ko atzizki soilaz ordezkatua.

Argi itxi beharreko puntua da, -ko atzizki hori hor ez jagokola genitiboari; ez darabilgula izenen adnominalak markatzeko kasu horretan; -ko hori adizlagun-marka dogu, destinatiboko marka zaharra. Eta -rako, esangura horretarako marka barriagoa, -ra adlatiboa lagun hartuta eregi izan dana.

Atzizki-bitasun horren arrazoiz ditugu euskeran hainbat aldaera bikotx. Batez be adberbio kategorietan, eta osterantzeko adizlagun batzuetan. Itaun-hitzetan zertarako eta zertako (edo zetako) biak dira ezagunak eta erabiliak. Bitasun horretan bai jazoten da batak izatea indarra eta erabilera handiagoa eta besteak urriagoa. Halan, betiko erabiliagoa izan da (eta da) betirako baino. Beste denpora-adberbio batzuetan oreka handiagoa egon ohi da. Bitasun horren kasu garbiak dira, besteak beste, geroko eta gerorako, atzoko eta atzorako, etziko eta etzirako, luzarorako eta luzaroko.

Beste hitz batzuen kasuan, hitz zaharretan berariaz, eta adberbio kategoriakoetan, -ko soila agiri da: oraingo, gaurko, sekulako, daborduko, dagoeneko, aurtengo, beste batzuen artean.

Baina osteango adberbioakaz eta adberbioen hurreko adizlagunakaz, denpora eremukoak izanda be, -rako erabilten da. Berbarako: goizerako, arratsalderako / arrastegirako, iluntzerako, gauerako, ordurako, hurrengorako, datorren urterako, lehengo asterako.

Izenordain eta erakusleak be hizkera askotan onartzen dabe –ko adizlagun destinatiboaren funtzinoan, -rako erregularraren ondoan. Zertako (zetako) ez da bakarra. Sartaldeko hiztun batek errazto esan lei: “Danak ez gara kapazak edozetako, baina zeozetako danok daukagu abilidadea”.

Badira, bestetik, destinatiboko atzizki biak onartzen dituen hitzak, edo hitz kategoriak, baina bata eta bestea sintaxi diferenteaz eta ingurune diferenteaz darabilezanak, edota balio banangoaz; era biak bizikide izan ohi dira hitz beraren atzizki modura, baina bakotxak bere arlo-txatala beteten dauela, batak besteari enbarazu egin barik. Kasu hori dogu ordu denpora-izenarena. Orduko postposizino lez ohi darabilgu, izenei edo aditz partizipioei laguntzen, eta ordurako, aldiz, adizlagun edota adberbio gisa. Lehenengo kasua: Zu etorri orduko ailegauta egon dira beste guztiak. Laurak orduko hemen egon behar dozue. Eta bigarrena: Ordurako etorten ahalegindu zaiteze guztiok. Zu orain hamazazpi urte jaio zinan, baina ordurako hilda egon zan zure aitita.

Aditz jokatuakaz be bitasuna agiri da: daneko eta danerako, dagoaneko eta dagoanerako, datorreneko eta datorrenerako. Baina itxura bitasun horren atzean, gehienetan edo ia beti, esangura aldetiko banangotasuna ezkutatzen da; balio bereiziak gorde ohi ditue batak eta besteak. Etorri daneko, bat-batekotasun zentzunaz darabilgu sarritan, etorriaz batera, etorri eta berehala. Halan: Irakaslea atean agertu daneko isildu dira ikasleak. Eta danerako, ostera, dan momenturako, dan unerako balioaz darabilgu gehiago. Halan: Zatozenerako prest eukiko dot afaria.

Aditzizenaren gainean be –ko soila (-teko) da erabilera nagusia, baina aldamenean badau beste aukerea be, -rako (-terako). Baina hor be egitura bien balioak bide banatatik doaz. Arratsaldeko hirurak eta hondino bazkaltzeko gagoz. Hau da, bazkaldu barik. Zuk halan dala dinozu, baina hori ikusteko dago hondino. Hau da, ez dogu ikusi, ikusi barik gagoz. Batzuetan, barriz, denpora aldetiko berehalakotasuna adierazoten dau –teko horrek. J. Mateo Zabalaren esaldi hau lekuko: “alantxe egiten deutse ilteko dagoanari bere eriotzea urreratuten jakola esan gura dabeenak”.

Aditzizena -tzerako tipokoa danean, noizko, ordurako denpora-nozinoa datza azpian. Zu etorterako beste guztiak etorrita egozan. Eredu hau, dana dala, bakana da sartaldean; ugariagoa erdi eta ekialdean.

Izen eta adjektibo kategoriakaz darabilgun funtzino-marka destinatibo nagusia –rako dogu, jakina. Etxerako behar egin, eta ez kanporako. Onerako zein txarrerako, gauzak diran moduan dira. Baina –ko atzizkia be agiri da noiz edo behin izen kategoriakaz, batez be idatzi zaharretan. Errefrau pare bat, dinoguna on egitera datozanak. Isasti historiagileak bilduriko errefrauetariko bi. Espazio eremukoa bata: “Gibeleko on dena bareko gaizto” (Para el hígado lo que es bueno, para el bazo es malo)” (45 znb.). Denpora eremukoa bestea: “Nor bere tenpirako, arbia abendoko” (Cada cosa para su tiempo, el nabo para (el) adviento)  (64 znb.).

Denpora eremuko izenakaz pentsa lei beranduagora arte iraun dauela –ko destinatiboak. J. Mateo Zabalak XIX. mendean ondo sarturik, ondoko honen moduko esaldiak itxi deuskuz idatzirik: “diruak korrian onenbeste denporako emoten dituezan askok”. Korrian, diru mailegatze kontuan, interesagaz ordaintzeko esan gura dau; eta honenbeste denporako, guk hainbeste denporarako esango gendukena adierazoteko.

Baina aurrekoez ostean, bada esangura esparru jakin bat, denporearen barruti zabalaren barruan, sartaldeko berbetetan –ko atzizkiaz era erregularrez markatzen dana: ordua adierazotekoa, ze ordu dan esateko. Halan esan daroagu: ordu batetako, ordu bietako, hiruretako, lauretako, bostetako, seiretako, zazpiretako, zortziretako, bederatzietako zein hamarretako, euskerearen sisteman nagusi dan ereduaren ondoan. Hau da: ordu bietarako, hiruretarako e.a. Orduerdiak eta ordu laurenak emoteko be morfologia bera erabilten dogu: hiru t’erdietako, sei t’erdietako, zazpirak eta laurenetako edo zortzirak lauren gitxiagotako.

Badira beste esangura esparru batzuk be –tako mugagabeaz sartaldean askok ohi darabilguna. “Zer dago armozutako?”. “Sasoiz etorriko naz bazkaritako”. Eta nork ez dau ezaguna harako herri-kantu baten kopla hau? “Aita Periko, seme Juaniko, zer daukazu afaiteko?

Azken ohartxo bat sintaxiaz. Sintaxiaren eta esangurearen alderditik begiratuta, bai norentzat benefaktiboak, bai norako destinatiboak, gitxi-asko zerikusia dabe nori datiboko kasuagaz. Modu batera edo bestera aditzaren prozesua eurengana zuzendua dago, nori-ren kasuan era zuzenagoaz, eta beste bien kasuan era zeharrekoagoz. Diferentzia nagusia da ze, nori kasuak aditzagazko akordioa eskatzen dauela, eta beste biek ez, ez eskatu, ez onartu.

Hurrengorako guztiok ikasi geinkela gaurko honetatik deritxat. Oraingo eta geroko.

 

Iturriko

2017-02-03

Esatekoak 0
Ikusita: 363
2017.02.24

“Enea NEURETZAT, / zurea BIOENZAT.” (RS 445)

Hamaseigarren mende hondarreko (1596) errefrau bilduma ezagunetik aterea da goiko errefrau hori. Gaurko erara esanda: nirea neuretzat, zurea biontzat (445). Beranduxeagokoa dan Oihenart zuberotarraren Proverbes bilduman beste hau dogu: “Erkida, berho xoriendako” (Oih. Prov 501), aditzen emoteko bere esanetan, jabe bat baino gehiagorena dan ereindako solo batetik txoriek etekin hobea ateraten dabela.

Errefrau bakotxaren atzean funtzino-marka bera dogu, aldaera banagaz. Lehenengoan -entzat, bestean -endako. Euskal deklinabidean kasu hori era diferentetara izendatu izan da. Gaur egun gramatiketan zabalen dabilen izendapena benefaktiboa dala esan daiteke, eta maila didaktikoan, ulerterrazagoa dan norentzat kasua. Baina bada beste izendapen bat, gitxienez XIX. mendearen aldi goiztarretatik datorrena eta oraintsura arte indarrean izan dana kasu honentzat: destinatiboa.

Baina norentzat kasu horretatik hur bada beste kasu bat, norako –edo nahi bada zertarako–, izen berori, destinatibo dalakoa emon izan jakona, eta izenkide izate horrek nahastea sortu dau gramatika mailan. Ignacio Omaetxebarria gernikarrak 1959an atera eban Euskera liburuan, gaztelaniaz honetara bereizten zituan: “destinativo” etxe-a-rentzat, jaun-a-rentzat kasuentzat eta “destinativo local” etxe-rako kasuarentzat. Baina erratubideak ez ziran guztiz aldendu horretara be. Halanda ze, gaurko ikuspegitik, biak banangoan aditzen emoteko, benefaktiboa ohi deritxo –entzat atzizkiari eta destinatiboa deritxo –rako kasuari.

Gaurko idatzian -entzat horretara zuzendu nahi dogu geure aditasuna.

Kasu bikotxa dogu: -en genitiboa eta –tzat prolatiboaren bakuntzaz sortua, norako kasuko –rako be –ra adlatiboaz eta –ko atzizkiaz garatukoa dan legetxe.

Aldaera nagusi bi ditu. Bata da –endako, -en genitiboaz eta –tako genitibo mugagabeaz sortua. Eta bestea da –entzako, non hiru atzizki alkartzen diran: -en + -tzat + -ko.

Halan bada, hiru era dira, norentzat, norendako eta norentzako, kasu honetarako. Baina marka orokorrena eta nagusia, euskal hizkera guztietan eta tradizinoan, -entzat dala esango dogu. Bigarrena, -endako, baztertuagoa da, batetik Iparraldeko tradizinora, eta bestetik bizkaieraren sortaldeko hizkeretara, Leniz-Deba ibarretara gaur egun, baina Durangoaldera eta Arabako lautadara be bai lehenago. Eta azkenez -entzako era hirukotx hori eremua irabazten joan da denporearen joanean eta euskerearen sartalde osora zabaldu da. Ahozkoan indar handia hartu dau, baina idatzizko tradizinoan eremu murritzagoan erabilia izan da.

Norentzat edota zerentzat ulertu daiteke dala kasu hau; hau da, gizaki-izenakaz zein hainbakoakaz, bizidun zein bizibako diran izen orogaz erabili daiteke. Izan daiteke, andrak > andrentzat, astoa > astoarentzat, mahaia > mahaiarentzat edota Bizkaia > Bizkaiarentzat.

Benefaktibo izena ez jako alperrik ipini, ze berorren ekarri semantikoa hori da: lotzen jakon izenaren mesedetan edo faboretan dala zeozer adierazotea. Mogelen esaldi hau izan bedi argigarri. Maisu Juanek bazkaria ordaintzeko eta neskameari saritzat ixten deutsan diru hondarra dala-ta: “Ona emen sei erreal, ta iru lauko geratuten direanak ixten ditugu Fraiskarentzat burukorratzetarako”. (PAb 27). Zerbait nori emoteko dan adierazpena egoten da sarri kasu horren azpian. Bela eta azeriaren alegian, idazle beronek idatzitako pasartea lekuko: “Beleak eskatuten eutsan bere gaztaia; baina azeriak erantzun eutsan, etzala eztia egin astoarentzat, ezda gaztaia bere astabarro edo tontotzarrentzat.”

Aspalditik datorren gramatika tradizino baten eretxia da, -rako bizibakoentzat dan moduan, -entzat bizidunentzat bakarrik dala edota biziduntzat tratatzen diranentzat. Lehenengoaren kasuan, norako bizibakoen eremurako dala egia da; eremu semantiko murriztua dauka –rako horrek, lekua, denpora edo ekintza dala: etxerako, urterako, beharrerako. Baina –entzat atzizkiaren kasuan ez daukagu horrelango murriztapenik. Bardin esan daiteke familiarentzat zein gorputzarentzat. Mogelek jasoriko errefrau batek on egiten dau dinoguna: “Gose onarentzat ez dago jaki dongarik”, gaztelaniazko “A buen hambre no hay pan duro” errefrauaren kidea. Osasunaren kontura darabil atzizki hau beste pasarte honetan: “Osagarri makal, indarbagako, luzabideak dakarrezanak, ta bardin osagille nagi, baldan ta ardura gitxikoak, ez dira benetan egoki ta adiutuak neure gatxarentzat”. Mikoleta bilbotarrak beste berbok darabilz osasunaren kontura: “Zerren dinoe doktoreak, goxeti jaigitea dala ona osasunentzako.” Hau da, gaur leku askotan esango genduken modu-moduan. Frai Bartolomeren idatzietatik hautu dogun beste pasartetxo honek be balio deusku: “Aberastu gurearentzat tratua okasinoia da. Andigurearentzat dirua okasinoia da”.

Izan dira proposamen bat edo beste, -entzat eta –entzako, biak erabili ahal izateko araubidea ondokoa dala. Adizlaguna danean, -entzat. “Norentzat erosi dozu ardaoa? Aitarentzat”, eta adnominala danean –entzako. “Aitarentzako ardaoa da erosita daukadana”. Asmo hori polita da eta logika handikoa, baina alderdi batetik egiten dau erren: ez dala inon bere bigarren egitura hori erabilten.

Adnominal modura –entzako erabili izan dan eta leku batzuetan hondino be erabilten dan kontestua, -a mugatzailea beregantzen dauenekoa da. Mogelek eleiza katolikoa euskeraz esateko guztientzakoa idatzita itxi euskun: Eleiza Ama santa guztientzakoa edo katolikea. Gaur egunean be Markinaldean bizirik dirau hondino sintaxi eder honek: Honeek kokoteok zeuentzat eta guretzat hartu ditut. Zuentzakoak hartu dozuz?.

Norendako, zerendako era horri buruz azken ohar bi. Labayru Fundazio honek, lehenagoko Ikastegiak, 1989. urtean oker ez banago, Derioko Ikastaroak sortu zanetik hogei urte beteten zituala hots egiteko, lema honegaz iragarri eban hurrengo Ikastaroa: “Hamar urte euskerarendako”. Lema horren bidez gure euskeran sustrai zaharrak daukazan –endako atzizki horren bidez gure euskerearen sustrai zaharrez omen egitea bilatzen zan bide batez. Eta aitatzekoa da, gaur egun Durangoaldean erabilten ez bada be, XVII-XVIII. mendeetan eurrezean erabilten zala. “Uste dauela daroeala dote andi bat umeendako” idatzi eban behinola Kapanaga mañariarrak. Eta askoz antxinatikoagoa da, ganboar-oinaztarren arteko liskar odoltsu zaharren oroimenaren hondar legez geratu diran eresi zahar kopla bat: “Ala Zalagarda / Zalagarda mala, / Zalagarda gaizto / Oiñaztarraondako”.

Idatzi dodan hau zuendako, irakurle guztiondako da, baldin irakurteaz esker onik emon ahal bazeuntsoe.

 

Iturriko

2017-02-24

Esatekoak 0
Ikusita: 362
2017.02.17

“LasturrERA behar dozu, Milia”

Batek etxetik “urten dauela” esateko, etxetik atera da esaten da leku askotan urten/irten/erten erabili ordez, eta “urten” esaten dan lekuetan be “andreak etxetik atera dau“ esaten dakie. Atera aditza ate izenari -ra atzizki adlatiboa gehiturik sortua da, euskeran zaharra dan egitura bat sustrai dauela: norbait atera da horren atzean “atera joan|abiatu|zuzendu” datza, eta etxetik “atera dau” horren atzean “atera eroan” dauelako idea dogu oinarrian.

Goiburuko esaldian, Milia Lasturkoren eresi-ahapaldi batetik jaso dan horretan adierazoten dana da: “Lasturrera joan|etorri behar dozu, Milia”.

Berba baten: nora adlatiboko -ra atzizkia leku-izen bati dautsala eta izan aditzaren adizkia darraiola, mobimentu zentzuneko aditz-ekintza bat adierazoten da. Gehienetan “joan”, beste batzuetan “etorri” balioaz.

Leku-denpora kasuetako atzizkiak, bai non eta bai nora, ezagunak dira euskeraz izan aditzagaz lagundurik, mobimentu-aditzen balioaz erabilita. Non izan zara gaur goizean? itauntzen dogunean, norako osterea egin dozun itauntzen gagoz, nora egin dozun joan eta etorri. Plazan izan naz eta ezagunik ez dot ikusi dinogunean be, plazara joan eta etorri egin izana aitzen emoteko darabilgu. Non izan aditz-lokuzino hori gaur be bizi-bizi dogu euskal hiztunen artean.

Nora da Matxalen? edo Etxera nintzanean erako esamoduak, ostera, bakanago bihurtu dira gaurko hiztunen artean. Horreen lekua hartzera gaurko hiztunen artean beste aukerok etorri dira: Nora joan da…? eta Etxeratu nintzanean. Leku-izen bereziakaz be bardin jazo da. Bada Bizkaiko ume-kantu ezagun bat, “Katuen testamentua” bilduman Labayru Fundazioak jaso ebana (21 or.), eta Oskorri taldeak kantatu: “Txinkirrin kitxin atzo nintzen Bilbora, txinkirrin kitxin tomate berdetan”. Gaurko hiztunontzat errazago da: berandu Bilboratu nintzan bart esatea, berandu Bilbora nintzan bart baino. Halantxe bada, gaurko hiztunon eguneroko berbetan zeharo bakandu dira honelako klasikotasun dirdira daben egiturak, baina oraindino guztiz aldendu ez diranak, adin batetik gorako eta ibar jakin batzuetako hiztun sendoen artean. Dinogun hori on egiteko, dakarguzan hona oraintsuko lekukotasun batzuk.

 

Artibai aldekoak dira erabilerok. 1925ean argitaratu zan W. Rollo-ren Markinako hizkeraren gaineko monografia ezagunean, atze partean dagozan etnotestoen artean, Marixe Kobaukoren ipuinaren narratzaileak honako esaldia darabil: “[Igozko ikazkina] ikeztoira zanien, ara nun bere gaiñien zier goitik pasetan dan Marixe sue darixola”. “Ikaztobira zanean [ikaztobira ailegau zanean], hara non bere gainean zehar goitik pasetan dan Maria sua dariola”.

2000. urtean argitara zan Auspoa bilduman Tomas Gerrikagoitia bolibartarraren Arantza eta larrosa bizi-oroipen liburua. Geure egunotako idazle-kontatzailea dogu, beraz. Kontatzaile honentzat eguneroko esate modua izan da hau: “amaren arpegi gozua urriñera ikusi neban, eta, aita itxi urrin atzera eta bere besuetara nintzen” (17 or.) gogorazoten deuskuz umetako akorduak. Kontatzaile honen erabilera ugarien artean etxera nintzan da ohikoena. Adibide bat: “Etxe guztia astinduta, atestaua agiria egiten ebizan, ni etxera nintzaneko” (229 or.). Beste egitura interesdun batzuk: hara nintzan (hara joan nintzan), hurrera zanean (hurreratu zanean), kaminora nintzan (kaminora heldu nintzan), eta leku-izena aurrean dauela: Sondikara nintzan (Sondikara ailegau nintzan).

Denpora-izenakaz be, erabileraz urriagoa izan arren agiri da: “Uda azkenera ginan; da, bihar bitartetxue aprobetxatuez, Urkiolara juan ginan, amaren promesa betetera, etxera nintzanetik beti esaten egoan eta.” (117 or.)”.

Jabier Kalzakortak Markinan amari oraintsuan jasoa da hirugarrena: “Haren parera nintzanean…”, haren parean subertau nintzanean, adierazoteko. Eta Lekeition neuronek entzuna da beste hau: (Urlia) itxasora da.

Herri-literaturan, batez be hitz neurtuz edo errimadun jeneroetan, errastu ugaria itxi dau egitura honek. Errefrau batez abiatuko gara. Euskeraren sartaldean guztiz ezaguna dan bategaz. Jose Luis Lizundia euskaltzain-lagunak Abadiñon entzuniko erara: “Errezoie dekozu, baiña kartzelara biozu”, kartzelara behar dozu (joan beharra daukazu). Hara behar dozu, egitura zahar ezaguna dogu, aspaldiko idazleetarik irakurri doguna. Mogelen idatzietan era berberean agiri da: “Maixu Juan! Gauza bat esan biar deutsut. Olara biar dogu, ta bazuaz zeure soiñoko bitxidun ta ederrakaz, urtengo dozu sartu zinialako damubaz”, dinotso Peruk barberuari. Nahi edo gura aditz modalakaz lagundurik be era berberean erabili izan da.

Izan aditz iragankorraz be behin edo behin agiri da. Mogelen ildoari jarraituz, azeriek inoiz ardiak jateraino be heldu dirala esateko: “badira azeri zaar, azi ta bein ardi aragija sabelera dabeenak”, sabeleratu dabenak.

Adberbio galdetzaileaz lagundurik be, galdera erretorikoak egiteko, behin baino sarriago agiri da gure klasikoetan. Mogelenak dira: “Nora dira zure limosnak?”. “Nora da harako buru harrotu ta jasua?”, “Nora da zure antzinako amore itsua, egon ezin zinala bera ikusi gabe?”. Mogelek, alegien bertsinoan, da eta dau laguntzaile bitzukaz eregitako ereduak opa deuskuz: “O aaldi jaun ta aberatsa! Nora ditu berorren antxinako zidar ta urria erijuen tresnaa? Nora da arako buru arrotu ta jasua? Nun da orduko mardotasuna?”.

Herri-literaturako kopla zaharretarik beste eredu bi.  Lehenengoa, Ana Juanixe deritxon baladan, Bermeon jasoriko bertsino baten agiri dan hau: “Despedida gabien bere / txorruetara ginian. / Urragorrizko dxodxia bere / imini notsan bularrian”. Bigarrena, dantza-kopla bat Abadiñoko sanblasetako erromeria gogoan: “San Blas pasa dan urtean / Abadiñora nintzen ni, / denpora txarrak emonda / ondo ez nintzan ibili” (Arratiako Artean jasoa).

Egitura honen garapen sintaktiko bikaina darabil Aita Larramendik bere Andoaingo sermoian: haratzen diranak, hara iristen diranak adierazoteko: “anima aratzen diranak, zerura baino lenago, antxe garbitu bearrak diradela beren pekatu larrien ta barkatuen kutsuetatik, ariñetatik ere, elur malota baino xuriago, orrako zeru urdin puska horiek baino xarmagarriago egin artean”.

Eta klasikoen hariari tenka, ezin aitatu barik itxi Lardizabal zaldibiarra. Honek, bere Testamentu Zarreko eta Berriko Kondaira liburuan egitura honen erabilera mordoa agiri ditu, askotarikoak eta baliotsuak, eta bere aldiko hizkera biziaren agergarri bikainak.

Gure klasikoen bideari jarraituz eta gure herri-berbatan hondino guztiz galdu barik dagoan egitura hau erabilteko gonbita euskerazaleoi, behinolako sermoilariaren berbak ahotan hartuz, zerura gura badozue, bestera bide okerretik dabiltzan askok presidioetara beharko dabelako.

 

Iturriko

2017-02-17

Esatekoak 0
Ikusita: 347