kontaktua
2017.01.04

“Iguzu gaur geure EGUNEANGO ogia”

Guk geure denporan ezagutu ditugun “Aita Gurea”ren euskal bertsinoetan ez dogu ez entzun ez errezau goiko izenburuan ipini dogun hori modu berberean. Bai seguruago: “emoiguzu gaur geure eguneroko ogia” edo hurreko esaldi moduren bategaz.

Batetik iguzu aginteera-adizkia dogu, zahar gelditu dana, emoiguzu ezagunagoa nagusitu dan bitartean. Hondino be Gipuzkoako partean txukun entzuten dira honako agur-formulak: Gabon digula, jaunak! Edo: Egun on dizuela guztioi! eta antzekoak. Formula gisa iraun dabe, baina *in aditzaren beraren jokoa zahar egina da aspaldi. Aspaldiko euskeran entzuten ziran agintezko adizkirik gehienak, indazu, iguzu, indak eta beste hainbat ahazturan galdu ziran sekulako. Baina iguzu adizkiak luzaro iraun du bizirik, eta euskara osoan, batez ere Aita Gurearen errezu testuetan.

Antzeko zerbait jazo da eguneango edo egunean-eguneango adnominal zaharragaz be. Aspaldiko eguneango ogia, azken mende biotan batez be, eguneroko ogia bihurtuz joan da. Baina halanda be, XIX. mendean barrena sartu eta ostean, eta hainbat osterago be, normaltasunez erabilia izan da eguneango hori; hau be Aita Gurearen errezu-testuan gehienbat, baina horrezaz ostean be bai. Eguneango eredu hau bizkaierara mugaturik egon da ia beti. Gipuzkeraz behin irakurri dogu, baina Mogelen lumaz. Peru Abarka-n Txorgori artzain giputzari eraso deutsan Aita Gurearen bertsinoak oso-osorik gorde dau esapide hori: Egun iguzu gure eguneango ogia. Gainerakoetan egunoroko agiri dala esan daiteke.

Jatorriaren aldetik, oinarritutzat emoten da eguneko adnominalaren azpian eguneango datzala. Adberbioetan da ezagun-ezagun inesibo-genitiboen arteko sakoneko bakuntza hori: -n inesibo zaharraren eta -ko genitiboaren artekoa. Ez dago erreparatu baino hurrengo bikoteei: non/nongo, hemen/hemengo, orain/oraingo, orduan/orduango. Horreetan agirian gorde dana estarian egon ohi da izen kategoriako hitzetan. Leku-izen batzuetan be –gero deitura bihurtu izan dira horretarikoak sarritan– inesiboaren (batez be -n zaharraren) eta leku-genitiboaren bakuntza agirian dago: Bengoa, Bengolea izenen kasua.

Adberbioetan bere horretan gorde da arkaismo hori, bardin leku esparruan edo denpora eremuan, zein osterantzekoetan: hon/hongo, han/hango, aurten/aurtengo, egun/egungo, ostean/osteango, artean/arteango eta beste gehiago. Baina hitz kategoria nagusietan (izen-adjektiboetan) atzeraka joan da, harik eta -ko genitibo-atzizkia bere soilean geratu dan arte, atzizki bikotxa, -ango/-ngo, desagertarazoaz edo bazterrarazoaz.

Izen kategoriara etorrita, leku-espazioaren eremuko -ango tipoko atzizkiak bakan agiri dira gure izkribuetan. Ezagunak diran pare bat aitatuko ditugu. Bata Mondragoeri su-emotea gogorazoten dauen kantuan agiri dana: “Ganboarrok su emaitean / asi dira, ta onegaz urten daude beralan / oñeztar barruangoak,/ zein erre ez zitezan”. Barruan egozan edo barruko oinaztarrak, esan nahi da.

Bestea, Lazarraga poetaren ahapaldietariko baten: “Konjuraetan oi ta deutzut / gorputzeango aragiok, / nigana manso dakarkezula / zeure begitxo linda biok”. Hemen be, gorputzeango horren esangurea gorputzeko adnominalaren berbera da.

Inesiboa bizidunetarako garatu dan -gan atzizkiaren gainean be erantsi izan da -ko, bakuntzaren ondorenez –gango sorrarazoaz. Baina -gango atzizki-bikotx honek badau berezitasun sintaktiko bat: sintagma funtzino diferente bi ordezkatzen agiri dala gure testuetan: adnominal funtzinoaz eta adizlagunarenaz.

Añibarrok pertsona-izenordainaz darabil banaka batzuetan atzizki hau. Adibide bi: “Nik galdu dot zure seme izatea, baina zuk ez nigango aitetasuna”. Bestea: “berbarako, umiltasuna, Jaungoikoaren alderako maitetasuna, beragango esperantza ta uste bete betea, gorputz-arimako garbitasuna edo beste onelangoren bat”.

Mogelek, ostera, atzizki bikotx hau adizlagun funtzinoaz darabil, helburuzko esangureaz hatanbe: beregango, eurakgango edo niregango moduko adizlagunetan, batez be norbere buruagaz berba egite kontua aitzen emoteko edo norbere kolkorako zeozer esate kontua danean: “Ez leuke esango beregango: –Onelan bein eskubak ezarri ta banatu nabenak zer egingo ez deust gero”?

Adizlagun adberbiotua dan berban-berban esapide errepikatuaz be berban-berbango garatu da. “Berban berban darabil guzurra ahoan” esakera ohikoa dogu gaur be, baina ez hainbeste Frai Bartolomek darabilen adnominal hau: “Emeti agiri da, kristinaubak, orrako berban berbango guzurtegijori guztiok ta bakotxa diriala pekatubak”.

Ostean adberbioaren gainean eregiriko osteango adnominala be aspaldi zaharrekoa da, baina gero be oparo erabili izan dana eta gaur egun be bizirik dirauena, berariaz Lea-Artibai inguruan (ostiengo, ostingo). Lazarragarena da neurtitz atal hau: “eta osteango beste berbaen artean egion erregutu legiola konpania Silbero egoan aposentura joaten”. Eta Juan Jose Mogelena geroago garreneko beste hau: “Alperrik nekatuko da gizona Jangoikuak izentautako bidiaz ostiangorik zerurako billatuten”.

Denpora eremuan, goian esandako lez, eguneango dogu maiztasunik gehieneko hitza. Baina ez bakarra. Besteok be han-hemen irakurri ditugu: gabeango (gau), asteango (aste), urteango (urte). Erabiliak izan diran seinale. Beste denpora-izen batzuen errastua nekezago topetan da: hileango (hile), goizeango (goiz), arratseango (arrats), neguango (negu) edo udango (uda), berbarako. Baina horrek ez dau esan gura erabili izan ez diranik. Gaur hilero, goizero edo arratsero esango gendukezanak –ango markaz adierazoko ziran segurutik lehenagoko aldietan, sartaldeko euskeran behintzat.

Eguneango, asteango, urteango formek ez eben iraungo bizirik, eguneko, asteko edo urteko esangurea euki balebe. Aldirokotasun edo maiztasun zentzun berezi horretarako berezitu diralako iraun dabe batik bat, nahiz eta horretan be galtzaile subertau diran luzarora eguneroko, asteroko, urteroko formen mesedetan. Eta luzaroago bizirik iraute hori Pater Noster errezuko formuleari be egotzi leikeo apurren bat. Betolazaren XVI. mende hondarreko dotrinan (1596) datorren “emon egiguzu egunean eguneango gure ogia” edo Olaetxeak 1763ko bere dotrinan dakarren “emon egiguzu gaur geure eguneango ogia” belaunez belaun esan eta irakatsi dira sartalde-euskeradun lurraldeko familiarik apalenetan be.

Gabeango agiri da, Xahok bere kantutegian jaso eban bizkai amodio-kopla zahar baten; egitura bitxia benetan: “Zizpurua da neure / gabiango lua, / negarra, egunezko / mantenimentua”. Gabeango loa: gaueroko, gau guztietako loa.

Asteango be behin baino sarriago agiri da, batez be dotrina gaietan. “Mundua danik gorde bear izan da asteango jaiegun bat”, gogorazoten deusku Añibarrok. Eta errepikaturik be sarri, bai lehen eta bai oraintsuan. Ipiña eta Ipiñatarrren barri liburuskatik jasoa da ondokoa: “Astean-asteango diruak poztuta, (...) hara beharrean joateko zaletasuna gehiagotuaz joan jaken”.

Urteango autortza edo konfesinoa egitea lege zan kristinauentzat lehenago. Halango itaun erretorikoaz gogorazten deusku berau Añibarrok: “Etxeko agintariak badirautsu, jaiegunean mezarik ez enzuteko, urteango konfesiñoa ez egiteko; obedituko zeunskio?”.

Denpora-izenok egitura errepikatuaz agiri dira sarri aspaldi-aspaldirik. Adizlagun gisa inesiboan halantxe ohi darabilguz gaur be, aldirokotasuna adierazo gura dogun bakotxean. Egunean-egunean, astean-astean, hilean-hilean, urtean-urtean lokuzinoaz balietan gara sarri hiztunok, adierazkortasun handiagoa erantsi gurarik seguruen, egun guztietan egitura neutroaren ordez.

Halantxe jazo da –(e)ango atzizkidunaz be. Egunean eguneango ogia agiri da dotrina zaharretan sarri. Edo Frai Bartolomeren berbaz esanda: “Soin jasoa, soin garbia, soin ona, (daukanak) soin ondraua Jesusen mai santurako. Baina ez soin nasaia. Ez soin jausia ta edegia. Ez soin arroa ta aixetsua. Ez soin armatua ta bilostua. Ez soin barregarria. Ez monoen soina. Ez egunean eguneango moden soina.” (Bart Ikasik III, 216).

Astean-asteango egitura errepikatua be gure klasikoetan irakurri geinke: “Emeti dator bada, pensakizuna, ta ez gitxi balio deuskuna, geure astean asteango edo sarriagotako eginbear altu ta nausi bati kobru emoteko” (Frai Bartolome).

Urtean-urteango be autore beragan: “Au da, neure kristinaubak, urtean urteango domeketako ta jaietako asierea ta eginbearra.” (Frai Bartolome).

Egitura honetakorik adizlagun funtzinoaz behin be ez dogu jaso; ez behintzat Mogelek bere idatzietan darabilen beregango lakoxerik. Adnominal funtzinoaz agiri da ia beti -ango erlazio-hizkia, goiko adibideetan ondo frogatu danez. Halanda be, hondar-erabilera izanagaitik be, merezi dau aitatzea behinik behin izenondo gisa dauen erabileratxoa be; adjektiboaren kategoriaz, izenaren eskuman kokaturik, honegaz sintagma osotzen dauela. Erregistratu ditugun adibideak bakanak badira be, ondo agiriak eta erakusgarriak dira, eta aintzat hartzekoak.

Aita Gure zaharrean be behin edo behin ogi eguneangoa eredua agiri da eguneango ogia erregularraren aldamenean. Kapanagarenean, urrun joan barik: “geure ogi egunean eguneangoa emon iguzu”.

Añibarro dogu eguneango honi onurarik gehien antzean ateraten deutsan idazlea, eta adjektibo modura erabilirik be bai. Halan: “baldin seme au sartu bada konbentuko nobiziaduan, larga bear dau habitu santua, bere bearra badabe aita edo amak mantenu eguneangoa irabazteko; ta premiña estuan igaro artean ezin profesatu ta fraidetu liteke”. Eguneroko janaria adierazoteko darabil mantenu eguneangoa, izen-adjektibo egitura finkoa balitz legez.

Idatzi honi amaiera emon baino lehen, gogora ekarri daigun halako berpiztealditxoa be ezagutu dauena atzizki honek, batez be gerraosteko idazleren batzuen artean. Gaur egun eskela edo hedabideetako hilberrietan itsatsirik geratu da harako “gorpu aurreango” mezea hain herritako hain eleizatan eta hain ordutan egingo dalakoa.

Eta berariaz Leintz-Deba inguruko idazleen eskutik oraintsuko idatzietan be irakurri leitekez hondino honangoak: hilean-hileango jornala edo urtean-urteango ospakizuna. Eta ibili beitez. Zergaitik ez?

 

Iturriko

2016-09-16

Esatekoak 0
Ikusita: 423
2016.12.23

“Ez dozu zer ipini dudarik”

Gaur egun beste era batzuetara esan eta entzuten dira, gaztelaniazko “no tienes que poner en duda” edo “por qué poner en duda” ereduko esaldiak. Erderaz “no tiene que ser así” edo “por qué ser así” euskeraz esateko, sarriago entzun edo irakurriko dogu gaur euskeraz: Ez dauka zertan holan izan edo Ez dauka holan izan beharrik. Eta baleiteke, euskera txatxarragoan emonda dagoan beste hau be entzun edo irakurtea: *Ez da zertan halan izan behar.

Baina euskerazko tradizino zahar eta klasikora bagoaz, nekez irakurriko dogu ez zertan ez beharrik hitzakaz lagunduriko partizipio perpausik. Eta bai ostera, beste eredu honetan edo antzeko baten oinarriturik: Ez dau horrelan zer izan.

Barrutia eskribauaren Gabonetako ikuskizuna (Acto…) antzezlanean aingeruak berba honeekaz sinistarazoten deutso Andra Mariari seina erneko jakolako barri ona,: “Ez dozu zer efini batere dudarik, / ezta zeruarentzat inposiblerik”. Ez dino ez: zertan ifini, ez ifini beharrik.

Denporan atzerago jota, gure errefrautegi aspaldirengoan, 1596ekoan, badogu egitura beronen beste errastu bat, eta bikotxa baten faltan: “Elli doillorrean ezta zer autu, / ta bizar gorritan gitxi zer sinistu. // En ruin ganado no hay que escojer, / y en barba roya poco que creer” (384).

Aditz nagusia ezezka emona agiri da honeetan: ez dago, ez da, ez dauka edo ildo horretako aditzak izan ohi dira, mende perpaus legez zer galdetzaileaz eta aditz partizipio soilaz eregiriko egitura dabela. Zehar galdera perpausak dira berez, baina aditz laguntzailerik ez ohi da agiri; partizipio soila besterik ez.

Oraintsuko idazleetara etorrita, XIX. mende hasierara, J.A. Mogel dogu gure klasikoen artean egitura honen eredu bikain bat, nahiz eta Agirre Asteasuko, Frai Bartolome eta belaunaldi horretako beste idazleetan be egitura hau bardin-bardin agiri izan.

Madalena benterea laprast eginda behera jausi eta manketan danean Peru Abarka elabarrian, eta sokorruka eta barberu eske hasten danean, berehala urteten dau Maisu Juanek aurrera, esanaz: “Ezta zer ekarri barberurik; neu naz barberurik asko!”.

Mogelen beste honetariko pasarte batzuk: “Ez dago zer bildur izan gaurko egunian”, ez dago zertan bildur izan esangureaz. “Eztauka zaldiaren biurrerari zer egin, bere erru baga il edo galduten bada”, ez daukala zaldiaren kalte-ordaindik zertan bihurtu ugazabari, aitzen emoteko. Eta hirugarren bat: “Beraz eztago zer penitenziarik egin”, gaur esango gendukena ez dagoala zertan penitentziarik egin.

Gure klasikoen egitura hau guztiz aldendua danik esaten ez nintzateke ausartuko, eta idatzirako behinik behin, erabilgarritzat joko genduke, baina zertan galdetzaileagazkoa be aintzat hartuta, jakina.

 

Esanguraz harean diferenteak dira, baina egitura bere-berekoak ondoko besteok be, beti be aditz nagusia ezezka emona dala eta zehar galdera perpausa aditz partizipio soilaz eregia. Halangoak dira, berbaz hain sarri erabili ohi doguzanok: Ez dauka zer ikusi. Ez dago zer esan. Ez dauka nork emon.

Baina arazoa da, goiko esaldien esangurak adierazoteko, egitura bitxi samarrak irakurten dirala batzuetan: ez du ikustekorik ezer, badu ikustekorik eta horretarikoak. Azken honeek, gramatikaz zuzenak ez diranik ez neuke esango, baina bai hiztunok nekez darabilguzala eta tradizinoak be nekez on egiten dituala.

Galdetzaile bat (zer ohi da normalena) eta aditz partizipio soila (ikusi, egin, esan…) dira hor mende perpausa osotzen dabenak, aditz nagusia ezezka edo baiezka (ez dauka / badauka, ez dago / badago, ez da / bada…) agiri dala. Baina beti be, bai aditz nagusiak eta bai galderazko mende perpausak subjektu bera dabela, edota pertsona bera bietan agiri dala. Hori da arrazoia, hain zuzen, aditz laguntzailerik agirian ez izateko.

Honelako egiturok zabal dabilz euskeran: ez dakit zer pentsau be, ez dauka nora joan, badauka nork gobernau… eta bardin ezezka: ez dauka zer ikusi. Edozelan be, mendeko aditz horrek ez dau mugatzailerik beregantzen, ez –a mugatzailea, ez –ik partitiboa. Halanda ze, ez gagoz behartuta esatera: Ez dauka zer ikusirik edo Badauka zer ikusia. Nahikoa dogu, batean zein bestean, zer ikusi soila erabiltea, mugatzaile barik.

Mugatzailea erabili ahal izateko, zer ikusi egitura binangoa barik, zerikusi izen konposatua behar dogu, zeresan, zeregin eta beste antzeko batzuen erara sorturiko izen konposatua. Orduan bai, batera idatzita dagoanean, zer esan > zeresan, izen kategoriako hitza sortzen da eta orduantxe onartzen ditu -a, -ik edo beste determinatzaile bat. Eta esan geinke: Horrek zerikusia dauka beste honegaz edo honek ez dauka beste ezegaz zerikusirik.

Egitura okerrak dira, gure eretxian, ondokoa langoak: *Zer ikusi dauka horrek nik esandakoaz? Zuzena beste hau litzateke: Zer dauka zer ikusi horrek…? Zuzentzat jo leiteke beste hau be: Zer zerikusi dauka horrek…? Baina kasu horretan zerikusi izen lexikal osotzat hartu behar da, zer galde-determinatzaileagaz sintagma osotzen dauela.

 

Aditz laguntzailea behar ez dala eta behar ez dan ingurunean sartu beharra da gaur egungo akats zabalduenetariko bat. “Ez dakit zelan esan” egitura sinplea daukagula, zertan aditza behartu “zelan esango dodan” laguntzaile eta guztikora? “Neuk erakutsiko deutsat zelan berba egin” esan daikegula, zertarako laguntzaileaz hornidu: “zelan behar egin behar dauen?” esatera behartuta?

 

Idatzi honi akabera emoteko, Zamarripa txorierritar idazle eta gramatikari zolia jatorku gomutara. Maisu izan genduan herri-berbetako hainbat esapide edo modismo azaleratzen eta idatzira eroaten. Eta jardunean darabilgun puntu honegaz zerikusi zuzena dabelakoan, bere Manual del vascófilo bardinbakoan jaso zituan, eta hiztunontzat guztiz ezagunak diran esaldiak dakarguz hona: Zer egin ezean. Nori emon ezean. Zein hartu ezean. Eta kontestu honegaz argitu: “Eguraldia be zer egin ezean dago”.

Zer ikusi, ha ikasi. Bajagok, mutilak / neskatilak, non eta zer ikasi!

 

Iturriko

2016-12-23

Esatekoak 0
Ikusita: 414
2016.12.16

BiKUNTZAko bizimodu estua

Atzizki hau, -kuntza, aurrez pentsa leiteken baino ugariagoa da gure tradizino idatzian, oraintsuan edo azken hamarkadetan ezagutu dauen hitz-sorkuntza indar barritua edo aurrerakuntza bazter itxita be.

Euskera kultura-hizkuntza lez garatzen eta hedatzen joan dan ginoan, kultura-hitz barrien sorkuntza be bizituz joan da, eta eratorkuntza prozesu horretan atzizki hau izan da mesedetuenetariko bat. Izan be, euskal edo jator usaina darie beronegaz sorturiko eratorriei, batetik. Eta zentzun dinamiko baten adierazle diran izen abstraktoetarako ondo ekantzen dan atzizkia dogu, bestetik.

Jakina da badituala lehiakideak be -kuntza atzizkiak. Hitz edo berba hartzen baditugu oin-hitz modura, hizkuntza eta berbakuntza garatu dira, baina bi horreen aldamenean badira beste batzuk: hizketa eta hizkera batetik eta berbakera, berbeta, berbaikune bestetik. Ibili aditzaren gainean eregia da ibilkuntza, lehiakide dituala ibilkune, ibilketa eta ibilkera, zein bere adiera edo zehetasun bereziakaz.

Hizkuntza eta berbakuntzaren antzeko kideko eratorriak beste gehiago be badira. Halan, antolatu eta eratu aditzen gainean sorturiko antolakuntza eta erakuntza izenak.

Euskerazko zientzia-izen moderno asko sortu dira -kuntzari esker. Medikuntza arloan ebakuntza, adibidez, edo urigintza (hirigintza) arloan eraikuntza.

Hazi aditzean oinarrituak dira hazkuntza guztiak, besteak beste abelazkuntza. Eta hezi aditzaren gainean eregia, hezkuntza. Ikasi aditzean, ikaskuntza, eta irakatsi aditzean, irakaskuntza. Ikertu aditzean, ikerkuntza. Prestatu aditzean, prestakuntza. Barritu/berritu aditzean –eta ez horren jatorriko adjektiboan–, barrikuntza /berrikuntza, gitxi batzuk izentetearren.

Gaur egungo gai eta jakintza arlo diferenteetan dago ondo ordezkaturik atzizki hau. Dala irakaskuntza, dala ekonomia, dala filosofia, edo bardin artea.

Baina jo daigun atzera azterren zaharragoen bila. Azarri (ausartu) aditz zaharretik garatua da azarkuntza (ausardia), gure errefrau zaharretan agiri dana: “Azarkuntzeak bildurra uxa bez, ze ilteko edo biziko gudura goakez” (RS 165).

Zemai izen zaharragotik garatua dan zematu aditzetik eratorria dogu zemakuntza izena be, zemai edo mehatxuak egiteko berbazko egintza adierazoten dauena. J. Mateo Zabalaren idatzietan ugaria: “iragarteko ze gorrotogarriak dituzan seme-alaba gaisto, gurasogin gogorrak, egiten deutsez kontrako zemakuntza itzalak”. Juramentuetan lau eratakoak dagozala gogorarazoten deusku idazle berorrek: “Lau modutakoa da juramentua: baieztua, edo baiezkoa, zematugina / zemakuntzazkoa edo amenazazkoa, biraozkoa eta aginduzkoa.” Añibarrok “juramento conminatorio” erdal kontzeptuaren ordaintzat dakarsku berori.

J. Mateo Zabala bilbotarra dogu atzizki honi emendioa ondoen antzekoa ateraten deutsana, baina artean Mogelek eta Añibarrok be polito ustiatu izan dabe euren idatzietan. Hiruron testu marapiloko hariari tenka eginez, hainbat kontzeptu abstraktu adierazoteko izen eratorkuntzagaz topo egingo dogu. Abede ordenaz aitatuko ditugu batzuk. Arkuntza, presentzia adierazoteko: “Sinistu egidazue, guztizko kalte negargarriak etorri dira, gurasooak umeen arkuntzan (parean) alan eginagaiti”. Haserrakuntza (haserrekuntza), haserre edo haserretu hitzen gainean sortuak dira, artean batez be Mogelek eta Añibarrok darabilen hitza, baina ugarien idazle bilbotarrak horraitino; ondoko pasarte zorrotz honetan zehatz txertaturik: “Kanpora bada, biraoak, kanpora juramentu alperrak, kanpora aserrakuntzak ta ordikeriak, kanpora berba loiak, zantarkeriak ta seigarreneko guztia”. Atzerakuntza be taiu zaharreko izena dogu, baina ez gaurko adieran, ezpada “retraimiento, desgana” zentzunean. San Pabloren hitzetan: “Jaunak, zeuek dakizue Asian sartu nintzanetik, zer ta zelan egin dodan zuen artean egon nazan aldi guztian; zelan izan ez dodan atzerakuntzarik zeuei Jangoikoaren bidea erakusteko”. Berbakuntza eta hizkuntza izenen gainean eihoriko eratorriak dira (berba eta hitz), batzuetan “lengua, lenguaje” esangurarik orokorrenaz: “Euskaldunak bagara, zetarako berba egin ez geure asaben berbakuntzan?” abertentzi eta epai zorrotza zuzentzen deutse Mogelek herritar euskaldunei. Beste batzuetan berbaldi, alokuzino edo diskurtsoa zentunaz darabil: “Alexandroren berbakuntzia bere gaixotasunian adiskide ta osagileai”. Baina berbakuntza, berbeta modu, berbakera, “modo de hablar” adieraz agiri da beste idazle batzuetan: “Biraoa, berbakuntza gaiztoa, kanta soinu loiak ta berba zantar desonestuak ta ain lotsagarriak…” (Añibarro). Bilakuntza dogu, gaur nekez, baina gure klasikoetan sarriago agiri dan beste berba bat, baina esangura espezifiko bategaz, gaur “azterketa, esamina” esango gendukenaz, batez be kontzientziako bilakuntza kontzepturako. Egikuntza, hau be gaur mehats erabilia, “hazaña” adierarako erabilia da: “Sein-jokoak izango dira orduan geure begietan erreinuetako gorabeerak, gerrak eta osterantzean erregeak eskuartean erabili oi dituezana egikuntzarik andienak eta mundu zabaletik atxina ikusi doazan jazokerarik astunenak” (J. Mateo Zabala). Estukuntza hitza baino “estura, esturasun, esturaldi” eta oin bereko beste batzuk zabalago dabilz gaur, baina ez jat ukatuko eratorri bikaina danik, idazle beronen honango pasarte bietan kasurako: “Zure adiskide batek bear dituz eun dukat bear-ordu edo estukuntza baterik urteiteko”; “Baia onelango estukuntzetan estuak leku emoten badau, oba da abade maisuari lizentzia eskatutea, ta gero bere baiezkoagaz bear egin”. Gertakuntza eta jazokuntza izenak be gaur bakan entzunak dira, gertaera, gertakizun, gertaldi, jazoera eta honangoak zabal dabilzan bitartean. Bilbotar idazlearen adibide bana: “Eneunkio bein bere azkenik emongo onen ganean jazo direan gertakuntza edo exenpluak esan gura banituz”. “Entzun, gurasoak, zeuen bildurgarrirako san Jeronimo andiak dakarren jazokuntza [jazoera] arrigarria”.

Eratorri gitxi entzunak dira beste honeek be: Gurakuntza (“naikunde ta gurakuntzak goiturik). Ibilkuntza (“munduko zorakerietatik, ibilkuntzetatik”), gaur ahaztuxe, ibilera, ibilkune, ibilketa, ibilaldi hitzen mesedetan. Larrikuntza (“estutasun ta larrikuntza andiak”). Luzakuntza (“penitentzia egiteko erabili nituzan atzerapen ta luzakuntzak”).  Gaur baztertuxe ditugu era berean batzakuntza eta bilkuntza hitzak, batzar, bilkura, bilera eta beste batzuen mesedetan.

Hainbat eratorri zahar, gaur be zabal dabiltzanak dira. Gorago aitatu dogun haserrekuntza dogu horreetariko bat. Errakuntza dogu beste bat, tradizinoan zein gaur zabal dabilena. “Zeinbat errakuntza ta oker-uste ez da izaten” pasartean sinonimo eta guzti argitzen deusku idazle bilbotarrak beronen esangurea. Eta bide beretik, kobekuntza, okerkuntza eta prestakuntza.

Azkenekoz zenbakiekin eregiriko eratorriak aitatu nahi neukez. Bakuntza, batzakuntza eta bikuntza zehazki. Bakuntza, “unión, alianza” esanguraz lekukotua dogu ekialdean: “Ta kongregazio ta kofradi, kofradeen ta kongreganteen noizean beingo bilerak, bakuntzak eta juntak dituena.” (Mendiburu), baina Azkuek Orozkon neska-mutilen arteko bakuntza erregistratu deusku, ezkontza edo hurreko esanguraz. Batzakuntza izenaren atzean batzan eta batzandu hitzak ditugu, sartaldean guztiz ezagunak, eta gure idazleetan ondo lekukotuak. Neska-mutilen gau-bigirak dirala-ta darabile behin baino sarriago gure sermoilariek izen hau: “Izan doaz bigirak, gauetako mutil-neskatilen arteko batzakuntzak, erroldak, oletara batuteak” (J. Mateo Zabala).

Bikuntza, lehenago, etxe edo teilape berean bizi ziran auzo edo familiakaitik erabilten zan: “baita bere litxurrerietan dabiltzazanak, emen artaburu batzuk ostu, an gari puska bat, bestean kabilla batzuk; edo bikuntzako lagunari orain abiko arrautzak, guero oilo bat eta alan. “Bikuntzan biziteak gure artean oirantsura arte beste esangura bat euki dau. Etxe edo baserri berean guraso zaharrak eta euren seme edo alabearen familia, senar-emazte gazteak, etxe horretara ezkonduta bizi diranean, baserrietxe horretako irabazi guztiak erdibana egin behar ditueneko kasua. Etxea pobrea bazan endemas, bikuntzan bizitea estukura handikoa izaten zan. Gaur ahazturik gagoz ia bikuntzako bizimodu horregaz. Baldin etorkizuneko ekonomia larrialdiren baten atzera horretara ez bagaroaz.

 

Iturriko

2016-12-16

Esatekoak 0
Ikusita: 367
2016.12.09

"Txakurrak txakurkirik ez dau jaten"

Errefrau moduko esaera hau entzun neutsan aspalditxu Mendatan neure hurreko bati, etxeko eta senideen artean alkarri kalterik ez jakela egiten aitzen emoteko. Azkuek beste era honetara jaso eta idatzirik itxi euskun: “Otsoak otsokirik ez dau jaten” (68 znb. EY, III). Itzulpen eta guzti: “carne de lobo”. Nork bereak edo beretarrak nekez kaltetu (edo jan) ohi dituala aitzen emoteko.

Txakurkia eta otsokia ez dira, egia esan, gizakiok janaritzat ditugunak, baina -ki atzizki horregaz erakarri ohi ditugun izen asko ditugu geure lexikoan, “janari” eremukoak, eta “okela, haragi” arlokoak zehatzago, ugaritasun edo kopuruari jaramoten badeutsagu behintzat.

Jakia ez da edozein jateko leku askotan (Lekeition, berbarako), janari sendoa, elikadura sendokoa baino (txitxi eta okelea gehienbat).

Horregaitik darabilgu hain sarriro -ki atzizkia hainbat haragi-mota izendatzeko. Txarrikia edo saiheskia edonon eta edozeinen ahoz entzun daitekezan berbak dira. Tripakia be guztiz ezaguna, leku batzuetan tripakailuak, tripotxa, erraikia, hestekia edo sabelkia edo beste moduren batera esaten badeutse be.

Baina euskera osoan barrena errepertorio askoz ugariagoa jaso geinke -ki atzizkidun haragi gauzen artean. Zerrendatu daiguzan batzuk. Ardi eta ahuntz artean sartzen bagara, hor idoro geinkez aharikia, ahunzkia, ardikia, azurikia, bildoskia, zikirokia eta gehiago. Ganaduetan sartzen bagara, hor idoroko ditugu behikia, txahalkia, zekorkia, zekenkia eta beste. Txarrikortan edo txarritokian sartzen bagara, hor daukaguz txarrikiagaz batera urdekia, txarri haragia adierazoteko, eta haren parte estimaduak izan ohi diran saiheskia, solomokia, urdaikia, odolkia eta enparadu. “Odolkiak ordainetan” entzun ohi da Gipuzkoan berban berban, euskera sartaldean “odolosteak ordeaz” darabilgunaren parean. Azpikia esaten jako leku batzuetan (Bermeo), erderaz “falda” deritxonari.

Hegaztietara bagoaz, oilakia, eperkia eta txorikia jatorkuz berehala gogora. Nekezago entzungo dira zozokia, birigarrokia, egaberakia, galepekia edo pospolinkia, baina behin entzun ezkero, edonork ulertuko leuke eta estimau be sartaginean. Erbikia be ezaguna baizen estimadua da, untxikia be izan daiteken moduan. Ez hainbeste, ostera, katukia, erbia edo konejua dalakoan sakatzen ez bajaku platerean behintzat. Arrantza-herrietan amuzkia esaten deutse amuari, itsasoan arrainak harrapetako ipinten jakon jaki-pusketari.

Mogel idazle handiak hitz-joko ederrez itxi euskun untzeturik –ki honen esparru semantiko hau bere alegietariko baten: “Otsoak batu zituan ahariki, ardiki, erbiki ta eperki asko bere lezara, berak gogoaak emon ahala egun askotan jateko”.

Beste janari mota batzuekaz be zabal dabilen atzizkia dogu -ki zorionekoa. Eratorri batzuetan zentzunik generikoenaz darabilguz. Halan, arrainkia edozein arrain jakirentzat darabilgu, dan motatakoa dala. Baina atunkia, atun espeziekoen haragiarentzat, ostera.

Barazkia ohi deritxo eremu zabaletan, sartaldean “ortuari” eta ekialdean “egoskari, eltzekari” esaten jakonari. Baratzak emoten dauen edozein jateko. Kasu honetan, haragia barik, berdura gauzea. Esnekia be, esneaz eginiko edozein janarirentzat baliokoa da, gaztelaniaz “lácteo” ohi deritxan guztirako.

Metaletarako be erabili izan da apurren bat –ki atzizkia, zein metal mota dan adierazoteko. Burdinkia izan daiteke ezagunen antzekoa, baina ezagunak dira era berean suharrikia (cuarzo), tupikia (cobre), zidarkia/zilarkia edota urrekia. Aurreko horreei beste material-izen batzuk erantsi ezkero be, erraz ulertuko gendukez zer diran leiarkia eta beste.

Zur, egur, arbola eta landara munduan dauka atzizki honek beste harrobi txiki bat. Zura zer dan dakienak, badaki zurkia zer dan, eta bardin egurretik egurkia, abarretik abarkia, adarretik adakia edota ebaten dan egur zati bategaitik esaten dan epaikia. Arbola mota diferenteetara bagoaz, eta batez be zein zur edo material darabilgun ohe, mahai edo makila bat egiteko aitzen emon gura dogunean, eurrezean eta librero erabilten ditugu, harako ate ha gaztainakia dala, horrako ohea intxaurkia edo eltzaurkia, akulua hurreskiz edo hurrizkiz egina dala. Bide horretatik sortuak dira harizkia/hareskia, ezpelkia, sagarkia edota arkaziari esateko leku batzuetan entzuten dan arantzakia (Morga).

Tresna, tramankulu, eta batez be soineko arloetara be errazto hedatu ditu atzizki honek atzaparrak. Estalgi edo estalki dogu horreetariko bat, guztiz ezaguna. “Alaba umaginari ama estalgi” dino gure errefrau zahar batek (RS 111), eta bilduma berorretako beste batek beste era honetara dakar berba hori: “Lapiko ezin dana estalgi litzate, ze edozeinek dauko bere lekua bete.” (RS 69). Iragazkia/irazkia izen ezaguna da, esne edo isurkariak irazteko ontziari, iraztontziari esateko. Lokia be hitz ezaguna da, ontzi baten orakarria seinaletako. Mogelek aitatzen dituan lanabes-izen batzuk, gaur erabilera urria edo galdua dabenak: belaikia, lakazkia, itxoroskia edo ujaikia. Ezagunagoa jaku itsuskia, ginarrea edo erratza be esaten jakona, ze lanabes hori egiteko erabilten dan zura edo materiala dago horren atzean, erderaz “brezo” deritxona.

Ipingia deritxe leku batzuetan, praken edo soinekoetan eransten dan txaplateari, adabakia edo adabarria be izena jakonari. Beroa jagoteko soinekoetan be ugaria da atzizki hau: berokia, tapakia, buruzkia, estalkia, abrigukia edota janzkia orokorrean, izen ezagunak dira arlo horretan.

Eta atzizki honi akabera emoteko, gatozan azkenez gizakion eremura, hor be emonkorra dogu-eta atzizki hau. Handikia esan ohi jako goi-familia bateko kideari, “magnate” esatea lez; handien kastakoa adierazoten da –ki horregaz. Aberaskia dala esaten dogu, aberatsen artekoa dala esateko. Baina bide beretik, astakia badinotsagu norbaiti, astoen kastakoa dala-ta bera iraintzen gagoz. Aldi baten asko entzunak ziran giza-izenetan modu honetako eratorriak: abadekia, frailekia, maisukia tipoko izenak. Funtsean, estatus batera hondino ailegau barik dagozala adierazoteko. Halan esan ohi jake norbere seme-alaben lagunai suinkia edo errankia, koinatukia edo koinatakia. Nahiz horretarako –gai konposatu-hitza arauzkoagoa eta jasoagoa dan, -ki horregaz nahastau da herri-hizkeran, neutralizazino egoera bat sortuaz. Horretara bihurtu dira senargai eta andragai batzuk herritarren ezpanetan gizonki eta andraki.

Luze joko leuken arlo zabala dan ezkero –ki atzizki honena, bego gaurkoz bere honetan.

 

Iturriko

2016-12-09

Esatekoak 0
Ikusita: 457
2016.12.02

EuriANTZ. Ume ANTZ …

Antz izen-hitz emonkorra gertatu da euskeran, erdi eta sartaldeko hizkeretan batez be, baina ekialderantz be zabaldu dituelarik bere hegoak.

Gaur ahaztuxe eta baztertutxe dau antz izen-hitzak “azterren, errastu, lorratz” esangurea, eta zabalena eta gehienontzat ezagunena, “itxurea”, gazt. “parecido” dalakoa dogu. Esangura honen arabera sortua da herri batzuetako ahuntz-erderan esaten dan “antzeko-parecido” adjektibo-hitza.

Konparazinoak egiteko darabilgu batzuetan, ezezka: “Antzik be ez! Antzik be ez da! Antzik be ez dauko! Antzik be ez daki zure beste”, gaztelaniaz “ni punto de comparación” esatea lez. Antza emon be sarri darabilgu, norgehiagoka eta lehiaketetan kasurako, konparagarri gisa: “Irabazi ez arren, antza emon deutsagu sikeran”, edo ezezka: “Antzik be ez deutso emon: hogeta bi eta bost geratu dira” (pelotaka).

Antza euki, norbaiten edo zeozeren tankera, taiua edo itxurea daukala esateko ezeze, sarri darabilgu mende-esaldi baten buru modura. Antza dago edo antza dauka, dirudi, esan lei (ze) aditzen balio hurrekoaz agiri ohi dira, erderazko “parece que” horren ordainez; batzuetan atzetik –la atzizkidun esaldia darraiola, eta beste batzuetan antza horri aurretik –n atzizkidun aditz erlatiboa dautsala: “Euria dakarren antza dauka” edo “Euria egiteko antza dauka”, edo bardin: “Denporeak hoberantz egingo dauen antza dauka”. Aditz osagarria lagun dauela: “Horrelako begi urtenakaz niri begiratuteko, antza dago sekula ez nauela aurrean ikusi”. Dinogun hau ez da alperreko kontua, ze aditz lokuzino lez antza euki/antza egon honek emendio handia, errendimentu oparoa eskeintzen dau mende-perpaus oinarrizkoak garatzeko. Horretara ez daukagu zertan beti emoten dau horretara joten ibili beharrik, gero eta sarriago jazoten dan moduan, “parece que, se conoce que” esangurako egiturak sortu gura ditugun bakotxean.

Perpaus adberbio gisa darabilgun antza jorratzea be ez da gure oraingo asmoa. Sartaldean ugariak dira: Bai, antza. Ez, antza. Badaki, antza. Ez doa, antza... ereduko esaldiak, zeinetan “dirudienez, itxurea, hurrean, aurki” marken sinonimo gisa oparo entzuna dan; ez hainbeste idatzian.

Berariaz jorratu gura dogun puntu bat, antz izena hitz konposatuen bigarren osagai gisa darabilgunekoa da. Egitura batzuetan lexikalizatuago, beste askotan era libreagoz.

Izen, adjektibo, adberbio eta beste kategoria batzuekaz erraz garatzen ditugu honetarikoak. Izenakaz: “Ume antza dauka. Azeri antza agiri dau. Txori antza dauka arpegian”. Adjektiboakaz: “Gorri antzekoa da. Txiki antza hartu deutsat. Gaizto antza dauka galanta! Triste antza igarri deutsat”. Eta adberbioakaz antz hori adizlagun bihurtzen dogu: antzean. “–Zelan gabilz ba? –Ondo antzean esan beharko. Makal antzean dabil aspaldion”.

Adjektibo eta adberbioakaz darabilgunean, graduatzaile modura jokatzen dau antz osagaiak, samar, asko, garbi, galant eta beste hitz batzuk legetxe. “Aspaldion lelo antza hartzen deutsat” bati, dinogunean, lelo osotzat ez bada, erdi lelotzat hartzen dogula esaten gagoz. Norbait guapo antzekoa dala badinot, guapo-guapoa barik, guapo samarra  edo guaporantz gehiago daukala dala esaten gagoz. Janari bategaitik esan geinke, gazi antza daukala edota gozo antza.

Gizakietara etorrita, begiak urten beharrean dituan pertsona bategaitik eraz esan geinke, zoro antza dauakala. Edo zahar-gazte edadetu bategaitik, gazte antza daukala, edo gazteegi zahartu dan bategaitik, itzelezko zahar antzak hartuta dagoala.

Koloreetara etorrita be, gorri antzekoa da edo gorri antza daukala dinogunean, gorriskea dala esaten gagoz. Eta bardin urre antza edo beste kolore baten antza.

Eta adberbioakaz be graduatzaile gisa darabilgu batzuetan: “Txarto be ez, ondo antzean”:

Eguraldi kontuan egonkortu da -antz bigarren osagai lez hainbat izenetan. “Gaur euriantza dago” Edo: “denporeak euri antza dauka” normal esaten ditugun esaldiak dira. Edurrantza, hotzantza, neguantza be ezagunak ditugu. Ilunantza be halantxe. “Egun guztian itsasoan ta ilunantzagaz portura”, “Erromerian ilunantzera batuten dira”; Eusebio Maria Azkuek idatzitako bertso-ahapaldiak dira. Eta bada beste bat, ostantza, aspaldi zaharretik jatorkuna: “Argi-izarrak urten dau / zeruan goian ostantzean” kantetan dau Mondragoeri su emon eutseneko eresi zaharrak. Ostrantza deritxo beste leku batzuetan, egunsentiari edo goizabarrari. Ostantza, ilunabarrari deritxe Gipuzkoako itsasaldean, Getarian esaterako.

Leku-espazio kontuan be agiri da antz hori konposaturik. Sutantza esaten deutsie Oinati aldean sutondoari: “Etorri bedi sutantzera!” esan eutsan behinola Azpilletako Ursulak fraileari. Baina suantz edo sutantz esaten diran moduan, ezaguna da etxeantz be, etxe ingurua edo etxe buelta adierazoteko. Eta beste horrenbeste urantz. “Urantzera etorri”, ura dagoan ingurura hurreratzea da.

Gizakien arloan be emonkorra dogu antz. Lexikalizaturik dagoana, beharbada, gizantza. Joxe Migel Barandiaranen berbak dira, Isturitzeko leizezuloan idorotako hazurrak dirala-ta: “Isturitzko hezur batek dauzkan giza-antzeko irudiak”.

Baina hortik gorakoan konposatu libre modura agiri da sarriago: “Berba egikeran abade antzak ditu”. “Begi ederrokaz aingeru antza dauka neskatila horrek”. “Gizon antzik be ez dauka”. “Begiak urtenda eta, zoro antza dauka itzela!”. “Txarri antzak hartuta dago aspaldion”: Arrese-Beitia poetaren ahapaldi honetan beste eredu bikain bat: “”Begira egiozu, / dauka artzain antza, / arpegiko azala / baltzerana dauka”.

Euskeraren Egunaren inguruan gagozala, poz antzean igaro daiguzan egunok.

 

Iturriko

2016-12-02

 

Esatekoak 0
Ikusita: 496