kontaktua
2018.03.09

NoRAKO da, etxeRAKO dira

Ezaguna da euskereak -ra atzizki adlatiboaren gainean, ia beti –tu aditz-atzizkia gaineratuta, aditz barriak sortzen dauen malgutasuna; esanguraz, beti be, mobimentu-zentzuna darien aditzak. Aditz lexikalizaturik ezagunena, behar bada, atera da –kasu honetan -tu atziki barik aditz bihurtua–. Atera da dinogunean, jatorriz eta berez, atera joan, zuzendu, bideratu da esaten gagoz. Atea, barruaren eta kanpoaren arteko munarria da, etxearen eta kanpoaldearen artekoa. Atera da dinoana, urten esaten dago, atearen irudia bitarteko erabilirik.

Izen konposaketan be erabilia da -ra adlatibodun adizlaguna, batez be bide lango hitzak bigarren osagaitzat hartuta: “Agure lepomakur / oilandazalea, / nok erakutsi deutsu / gurera bidea?” (dantza-kopla).

Etxera sartzen dana, kanpotik barrura datorrena, etxeratu egiten da. Kasu honetan etxera adizlagunari -tu atzizkia datxekala eregi da aditza. Eredu hau dogu aditz “barriak”, kontestuak eskatu ahala era librean sortzeko euskereak dauen baliabide naturala: haratu, noratu, kanporatu, barruratu, alboratu, eskolaratu, eta bardin leku-izenei dautsela: bilboratu, bakioratu.


Baina atera da eredu “klasikoak” berean dirau hondino; -tu atzizkirik erantsi barik aditz egiturak sortzen. XIX. mendean aurreraturik idatzi zituan Mateo Zabala bilbotarrak honako pasarte biok; bata: “etxekorik etzan iñor izan domekan beluko mezatara”; bestea: “Bere artean egiten dau non ta non egon dan, non ta non zer egin daben, eta araxe da bertati”. Nori ez jako ezagun ondoko errefrau hau be, hondino sarri entzuten dana: “Arrazoia dozu, baina kartzelara behar dozu”.

Atzizki adlatiboa, -ra, marka emonkorra gertatu da semantikaren aldetik, zeren atzizki soil horren bidez garatu dan aditz egitura laburrak ez dauka joan legezko –edo zuzendu, bideratu, jo legezko– mobimentu-aditz baten preminarik, norakoa, norabait jotea adierazoteko. Bide laburra eta pragmatikoa euskal hizkuntzarentzat.

 

Nora izan aditz lokuzinoa gaur be bizirik dago gaurko hiztunen artean, baina berariaz prozesuaren aspektu burutua, perfektoa, izan aditz partizipioaren bidez markatzen danean: ‑Nora izan zara? Dendara izan zara ogia erosten? –Ez, dendara ez naz izan; errio hegalera izan naz, burua apur bat askatzeko. Gaur berbetan bizirik dagozan egiturok, joan-etorri balioaz erabilten ditugu: Dendara izan naz, edo Goizean mendira izan naz dinoana, dendatik eta menditik atzera etorrita dago: joan-etorri ostera osoa adierazoteko darabilguz eurok.

Nekezago erabiliak dira, ostera, lehenagoko lez, gaurko hiztunen artean, nora zara, hara naz, mendira dira ereduak, honeek bere aditzaren aspektu burutuaren adierazle izan arren. Kasu honetan norabaiteko mobimentua bakarrik kontenplatzen da. Barrutia eskribauak honelan idatzi eban behinola: “Puntu onetan oera naiz da, enaiz ondo berotu” (Acto).

Iraganean jazoriko joakerea adierazoteko, izan aditzaren iraganeko adizkia baino ez da behar: “Gau atantxe beratan / neure aita il zan. / Naibagez jardinetik / nora ete nintzan! / Ama penaz beterik / saminduriik dana, / beti beti negarrez / oraintxe bizi da” (Matxango. Aboitizen bertsoak)

 

Are bitxiago gertatzen dira noratzen da ereduko aditz-lokuzinoak, lehenagoko idatzietan noiz edo behin irakurten diranak. Larramendik honelan idatzi eban Andoainen egindako sermoi baten egitura hau: “anima aratzen diranak, zerura baiño lenago, antxe garbitu bearrak diradela beren pekatu larrien ta barkatuen kutsuetatik, ariñetatik ere, elur malota baiño txuriago, orrako zeru urdin puska horiek baiño txamagarriago egin artean” (Larram. Andoain). Haratzen diranak, hara joaten diranak; -tzen aditz-izenaz aspektu bururagabea markatzen dala.

 

Gertakizuneko, futuroko aspektua -rako atzizkiaz markatu izan da honelangoetan; gaur hizkeratik galdua (ustez behintzat), baina tradizino idatzian ondo sustraitua. Larramendi berak, honako itaun erretorikoa darabil bere Azkoitiko sermoian: “Zer egingo det bada, edo norganako naiz? Hau da, nogana joango, zuzenduko naz?

Gaur egungo hiztunon ikuspegitik zalantza sortu daiteke mezuaren zentzuaren aldetik norako da edo etxerako dira esaldien aurrean. Adlatibo helburuzkoaren zentzuaz interpretatzen ditugu gaur horretarikoak, gaztelaniazko “para” preposizinoaren antzeko lez, norako eta etxerako adizlagun funtzinoko sintagma lez. Baina azaltzen dihardugun egiturearen esangurea galduxe geratzen da; hau da, nora da, norako da aditz-lokuzinoen bidekoa.

Azken adibide pare bategaz on egin eta sendotu gura neuke -ra izan egiturako aditz-lokuzinoen gertakizun aspektua -ko atzizkiaz markatzen daneko egitura. Gure idazle klasiko ezagun birenak, eta biak eleiz dotrina girokoak. Lehenengoa: “badator Jangoikoaren eguna ta meza labur bat estu-estuka ta itu-ituan entzunda, ta bera debozinoe baga, uste dabe zerurako direala” (J.A. Mogel). Bigarrena: “Maria santisimeari asko gura deutsanak, ondo agiri dau zerurako dala” (J. Mateo Zabala).

 

Bego gaukoz honenbestegaz.

Iturriko

2018-03-09

Esatekoak 0
Ikusita: 111
2018.03.02

BizkaiAN eta ArabAN? ala Bizkai eta ArabAN be bai?

Izen bereziak juntaduraz alkartzen ditugunean, eurei jagokezan funtzino-markak izen guztiotan agertu behar dabe? Ala azkenengoan ipinita nahiko da? Zalantza eta ezbai horri argi apur bat emoteko ahalegintxoa da honako hau; izan be, idazle, kazetari, esatari, irakasle eta euskera teknikari asko zibi-zabuan ohi dabiltzalako sarri, zein hobetsi erabiltea edo erabili beharra suertetan danean.

Adibide zehatzen bidez gaia mahairatuta: Araba, Bizkai eta GipuzkoaKO lurraldeak eredua zuzentzat jo daiteke? Ala juntaturiko izen berezi bakotxa markatu behar da? Hau da: ArabaKO, BizkaiKO eta GipuzkoaKO lurraldeak ereduari lehentasuna emon behar jako? Biak dira ontzat emotekoak? Biak dira gomendagarri? Ete da gramatikaren aldetik zuzen beteten ez dan arauren bat?

“Izen berezi” kontzeptupean hainbat eremu semantiko diferente barrutzen diran ezkero, leku-izenetara mugatuko dogu oraingo idatzia. Giza-izenak eta osterantzekoak zeharbidez eta argigarri modura baino ez ditugu aitatuko oraingoz.

Eta juntadurari jagokonez be, eta emendiozkoaz gauzatzen dana hartuko dogu aintzat, edo juntagailuaz edo bestelakoez josten diran izen sintagmenei oratu barik.

Aurretiaz esan daidan, arazo laban irristakorra dala puntu hau, arau bat finkatzeari begira, tradizino idatzian adibideak baterakoak eta besterakoak badiralako, baina halanda be, joera nagusia zein eta zergaitik dan argitu gura genduke, eta hizkuntzaren erabilera pragmatikoan zer jazoten dan eta analogiaren indarra zenbaterainokoa dan neurtu.

Gramatika teoriaren aldetik, izen berezi juntatuetariko bakotxari funtzino-marka eranstea da ziurrena; ez da dudarik. Baina pragmatikaren aldetik bide laburrari, elipsiari, leku emoten deutsagu batzuetan, funtzio bereko unitateen zerrenda edo enumeratze horri arintasuna eta bizitasuna emoten jakolakoan. Hor dago untzea.

Gramatikaren ikuspegitik, bai leku-izenak, bai pertsona-izenak, eta bai osterantzeko batzuk be, esanguraz mugatuak dira berez. Mugatzaile beharrizanik ez dabe, pertsona-izenordainek ez daben antzera. Bilbo, Patxi, gu hitzek ez dabe behar eta ez dabe onartzen -a mugatzailerik, eurek izendatzen dabena ezagutua izan dadin. Bilbo edo Durango –nahiz eta izen horretako hiru edo izan munduan barrena– aitatzen dogunean, uri jakin bategaitik darabilguz, Peru edo Miren izenak berbara dakarguzanean be pertsona jakin bategaitik darabilguzan moduan; nahiz eta izen horretako pertsona asko izan hortik atxina. Salbuespen nagusia, Bizkai-A legezko leku-izenetan datza; izaki bakarra (lurraldea) izendatzeko erabili izan arren, -a mugatzaileaz beregantzen dabelako, izen arrunten modura.

Kasu absolutiboan darabilguzanean leku-izenok, funtzino-marka apartekorik ez dabenez, arazo barik lerrokatzen ditugu: Ondarroa, Deba eta Motriku. Arazo berezia darakuse –a mugatzailedun leku-izenek. Izenen juntadura lerrokada baten horreetarikoak agertzen diranean, -a eta guzti ipinteko ohitura dago: Bizkaia eta Gipuzkoa, Mañaria eta Izurtza, Markina eta Mallabia, Ermua eta Eibar. Hor ez dago arazo handirik gramatika aldetik: izen arrunt eta bereziak juntadura-katea eregi ezkero be, bardin jokatuko genduke: Peru eta emaztea, Maritxu eta gizona, Bilbo eta alboerria / alboerriak.

Kasu absolutiboaz osteango kasuetan zelan jokatzen dogu, zein da euskal hizkuntzaren joerea? Giza-izenetan, kasu-markak guztietan eta bakotxean ipintea toketan da berez: Peruk eta Mirenek (esan dabe hori) eta ez *Peru eta Mirenek. Gramatika arrazoia beti da bat: izen sintagmak juntaduraz alkartzerakoan, bakotxari jagokon mugatzailea eta kasu-marka eliditzeko erabagia hartzen badogu, biak eliditu behar ditugu, edo bestela biak agirian itxi: emazte, seme eta alabeagaz (joan da oporretan) edota: emazteagaz, semeagaz eta alabeagaz…. Gramatika arauz ez da lege, mugatzailea itxi guztietan eta kasu-marka eliditu egitea; hau da, *emaztea, semea eta alabeagaz.

Peru eta Miren, mugatzailerik agirian euki ez arren, izen arruntek behar daben -a mugatzailea hartu ez arren, semantikaren aldetik erantsita baleroe lez da. Halan bada, eurei esaldian jagoken kasu-marka ezin da ezabatu berez, ez batean, ez bestean. Ondorioz, ergatiboko funtzinoaz agiri badira, -k atzizkia erantsi beharko jake biei: Peruk eta Mirenek. Datiboaz bada: Peruri eta Mireni. Benefaktiboaz: Perurentzat eta Mirenentzat. Edo eta soziatiboaz: Perugaz eta Mirenegaz.

Baina tradizinoko idatzietara bagoaz, behin baino sarriago idoroko ditugu marken elipsia daben juntadurak, bai giza-izenetan, bai leku-izenetan. Etxeitaren Josetxo elebarriko pasarte bat: “Sabasek, hurrengo domekan eurakaz bazkaldutera joateko baietza emon eragin eutsen Dari da Josetxori”. Baina idazle berorrek, obra beratan, ergatibo-marka banagaz juntaturiko giza-izenak agiri ditu: “Sabasek eta Darik barre asko egieben neskatila aren esakerakaz, da Josetxo gizajoa zerbait lotsatuta egoan”.

Pertsona-izenordain edo erakusle-izenordainetara bagatoz, askoz zorrotzago beteten da legea. Ni, zu, gu, hau, hori… juntaduraz alkartu behar ditugunean, sintagma-unidade guztiek daroe aldean euren funtzino-marka: ergatiboaz: zuk eta nik, harek eta honek; datiboaz: zuri eta niri, honi eta horri; benefaktiboaz: zuretzat eta guretzat, harentzat eta horrentzat; soziatiboaz: zugaz eta nigaz, inogaz eta ezegaz. Ez gendukez bideragarritzat joko ondoko segidak: *zu eta niretzat, *zu eta honegaz, edo: *gu eta horri.

Leku-izenen kasura etorrita, mutatis mutandis, berez gramatika-lege bera aplikatzea toketan da. ArabaKO eta BizkaiKO bertsolarien txapelketa hartuko genduke zuzenagotzat, elipsiduna baino; hau da: Araba eta BizkaiKO… txapelketa.

Baina analogia bidez jokabide pragmatikoa sartu da saihetsetik, eta hori ez da oraintsuko kontua, aspalditik datorrena baino.

Elipsia errazen eta ugarien aplikatzen dan kasua -ko leku-genitiboarena dala pentsa daiteke, baina –an inesiboaz zein bestelako leku-kasuez gerta daiteke. Mogelen erabilera bat aitatu leiteke, elipsi joera horren froga modura: “Neure biotzeko pozik andienagaz ikusi dot, zelan zabaldu direan milla bat liburu Naparroa, Gipuzkoa ta Bizkaian.” (Konfesino ona).

Idazle beronek, edo juntagailuaz alkarturiko adizlagun adlatiboak, guztiak –ra atzizkiaz markatzen ditu, ostera, beste pasarte honetan: “promes bat joateko, edo Lezora, edo Aranzazura, edo Urkiolara, edo beste ermitaren batera” (Catequista).

Oraintsuagora etorrita, Domingo Agirre idazlearen elipsi joerea askoz biziagoa da hondino, leku-izenei jagokenez. Erreparatu pasarte luze honi: “hor daude Durango, Elorrio eta Ermutar elizkoiak, han dabiltza Billarreal eta Otxandioko langile irmeak, haruntzago Bilbotar apainak eta Bergara, Tolosa, Azpeitia-azkoitiar atseginak; hemen Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleak; aldean Zeanuri, Billaro, Dima eta Larrabetzuko nekazariak...” (Garoa).

Elipsi joera hori pragmatikotzat joko dogu, analogia bidez eta marka-eliditzeak testuari eransten deutsan zalutasuna eta zolitasuna bilatzeko idazle batzuk ohi darabilen estrategiatzat. Eta susma daiteke, leku-izen biren arteko juntaduran baino gehiago gertatzen dala hiru izenetik gorako segidetan.

Baina horrek ez dau ukatzen lege nagusia. Itaunketa labur bat eginez, hiztun seguruak diran batzuei itaunduz frogatu uste dot lege eta joera nagusia, atzizki-markak leku-izen bakotxean ipintea dala hiztunen berezko joerea. Pentsau barik eta berbeak emon ahala: Lekeitioko eta Ondarroako jentea ala Lekeitio eta Ondarroako jentea?. Lehenengoa da hiztunei mihinera jatorken lehenengo aukera, bigarrena txarto dagoala esatera ausartu barik. Eibartik eta Elgoibartik jente asko batzen da Markinara eria egunean hobetsiko leukie, eta ez Eibar eta Elgoibartik… Era berean, Berriatura eta Ondarroara sarri joaten gara erabiliko leukie lehenago, Berriatu eta Ondarroara baino.

Frai Bartolomeren juntadura-segida bat guztiz ezaguna bihurtu da euskal literaturan: Bizkaian eta Probintzian erabili eban behin baino sarriago, Bizkaian eta Gipuzkoan adierazoteko, baina, dakidala, ez *Bizkai eta Probintzian.

Baina Etxebarriko seme, senak agindu ahala idazten eban idazle handi honen beste adibide batzuk gehituko ditut:

- Inesiboan: “Alan uste dot, ta jazo jat Naparroan, Kiputzetan ta Bizkaian, eldu nazan lekuetan.” (IkasikI), “Nik izentau bagarik daki jenteak ondo, onetariko ermita asko dagozana Bizkaian ta Probinzian.” (Olgeeta)

- Leku-genitiboan: “Baina Bizkaiko ta Probinziako piesteetan au ta utsa bat dira.” (Olgeeta), “Bizkaiko, Gipuzkoako ta Montaineetako baso artetan sartuta ezkutau ez zireanak, galdu zirean.” (Ikasik II)

Ondorio nagusia: funtzino-marken elipsia aplikatzeko orduan, muga nagusia, izen kategoriaren izaeran datzala: izen bereziak, eta leku-izenak euren barruan, mugatuak dira izaera semantikoz, eta nekez onartzen dabe elipsia.

Pertsona-izenordainen zorrotzago beteten da lege hori, leku-izenetan eta giza-izenetan baino: ni, zu, gu eta hori legezko hitzak mugatuak diralako berezko izaeraz.

Batzuetan eta besteetan, beraz, emendiozko juntaduraz alkartu nahi edo behar ditugunean bi, hiru edo gehiago, eurotariko bakotxa markatzea da seguruena.

 

Iturriko

2018-03-02

 

Esatekoak 0
Ikusita: 114
2018.02.22

ASKO lagunek hori baleki…

Asko zenbatzaileaz, zeharka, 2016-03-31ko Bizkaieraren Atarian jardun genduan, izenburua: “Askorik, nahikorik, hainbesterik… Zenbatzaileak -ik partitiboaz bai, gero?” eban idatzian. Harako idatzian, zenbatzaile zehaztugabe diran hitzei, ezezkako edo itaun perpausetan -ik aplikatzea ez dala orohar gramatikaz bideragarri ez gomendagarri baieztatzera gentozan, eta hiztunen usadioan salbuespen nagugia asko zenbatzailearena gertatzen dala autortzen genduan: askorik ez da behar, askorik ez dago, askorik ez daki moduko esaldietan.

Asko zenbatzailea, esangura bi edo hiru diferenteak beregandu leikezan hitza izanaz gainera, gramatika-kategoria diferenteez azaldu daitekena be badala autortu daigun lehenengo. Izenordaina, batzuetan: Askok ez daki hori. Izen multzo baten determinatzailea, beste batzuetan: Jente asko batu da. Kontu zahar asko entzun dira.

Adjektibo kategoriara be makurtzen da batzuetan, -a mugatzailea lagun dauela: Askoak eta askoak batu ziran jaialdira. Izen kategoria be izan leiteke, hau be -a mugatzaileaz: Askoak eta larrak ez dakarre mesederik. Gitxia eta neurria hoba izaten da jate kontuan. Kantitate-adberbio modura sarri darabilgu: Gure mendietatik asko ibiliak dira neska-mutilok.

Graduatzaile kategoriaz be hizkera batzuetan franku entzuten da, samar, samarra erabiliak diran antzera, berariaz Artibai, Deba eta Urola aldeko hizkeretan. Adjektiboei laguntzen: “Eder askoa da ardao hori”. “Guapo askoa zara”. Adberbioei eragiten: “Ondo asko pasau dogu”. Domingo Agirre ondarroatarrak honako lekukotasuna eskeini euskun: “Mariak, zuek bezela, laster askoan igaro zituan bere gaztetasuneko egun loratsuak” (Sermoiak).

Asko zenbatzailea, izen edo izen multzo bategaz batera agiri danean, haren atzean da ia beti, “anitz” esangurea gordeten dauela: gazte asko, ume txiki asko, behar asko. Hori da lege nagusia, salbu ekialdeko hizkeretan. Anitz izen multzoaren aurrean erabilia dan eremuetan, haren ordez asko darabilenean, berezko joerea dabe sintaxi berbera, aurre posizinoarena, hari ezartea: Anitz urtez > asko urtez.

Baina kontua da, gipuzkera eta bizkaiera euskalkien eremuetan be, bai tradizino idatzian, eta bai gaurko berbetan be –berbaz edozelan be mehatsago erabili izan arren–, izen multzoaren ezkerrean kokaturik erabilteko joerea zaharra da, aspaldikoa. Baina aurre posizinoan agiri danean, bai tradizino idatzian, bai ahoz, esangura berezia beregantzen dau; atze posizinoan darabilgunean dauenaz bestelako balioa.

Mogelen Peru Abarka-n esaldi ezagun bitan agiri da sintaxi hau, eta R. M. Azkuek, obra honen gaztelaniazko bertsinoa emokeran, ‘edozein, beste edozein’ edo horrelatsuko esangurea autortu eutsan asko horri esaldi biotan. Bata zan: “Ze gizon galanta asko nekezalek jazten dituan muetakoak erabilteko!”. Bestea: “Asko nekezaleri esan bazeuntsa, etzenduan urtengo emendi beste barberu edo zauri-osagillaren baten premina baga”. Baina Mogelek berak be, “hainbat” esangureaz darabil beste obra edo idatzi batzuetan aurre-posizinoko asko hau: “Ez dabe asko aberatsek kontu ateraten, zelan errenteruak pagau bear dituen amarren-primiziak”. Hor jagokon esangurea ez da, ezelan be, anitz, “mucho” dalakoa.

Itxura baten klasikoa dirudian aurre posizinoko sintaxi horrek bizirik dirau gaur egun be. Baina sintaxi horregaz ez dauka ez “anitz”, ez “nahikoa, aski” esangurarik. Goian aitatu diran esangura bien artean zabuka dabilela esango neuke. Batzuetan, “edozein, beste edozein” esangurea dau; eta askoz sarriago “hainbat” edo horrelatsuko balioa. Sintaxi honegazko erabilera, gaur egungo hiztun zeheen artean (adin batetik gorakoetan, berariaz) zabal dabil Bizkaiaren sortaldetik Gipuzkoarantz: Durangoalde, Deba-Leniz, Urola eta Goierriko hizkeretan entzun ohi da gitxienez, eta inguru zabalagoetan, seguru asko.

Han-hor-hemen neuk jasoak dira honetariko esaldiak. Abadiñon eta Iurretan, ikasle izan ditudan bertako lekukoengandik –eta honeek euren gurasoetatik– jasoak dira lehenengo esaldiok. Eurotan asko zenbatzaileak edozein zehaztugabearen hurreko balioa dauka: ‘Asko gizonek hori baleki’ (= Baten batek hori baleki...) (Abadiño). “Asko lekutan esaten badozu hori... igual hartzen zaitue aurrean!”. “Asko pertsonak entzungo baleu hori...”. “Asko modutan aurkitu ezkero eta ertzainak agertu...”. “Asko lekutan aurkitu ezkero gasolina barik, txarto pasau behar!” (Iurreta).

Gipuzkoako hizkera diferenteetan batuak dira bigarren esaldiok: “Ezin da asko lekutan holakorik esan!” (Lazkao). “Baziran orduan asko kasurik egiten ez zienak elizari, baina oso nabarmenak izaten ziran haiek!” (Usurbil). “Asko gaztek ba al zekik ba zer nahi duen!» (Urrestilla).

Zenbatekoaren kontzeptua beti ez dator bat zenbakarri edo kontagarri izateagaz. Izen asko dira neurgarri modura hartzen ditugunak, baina ez dira ezinbestean kontagarri. Jentea neurtu geinke asko edo gitxi esanda –edo hainbat, hainbeste eta halako zenbatzaile zehaztugabeak erabilita, baina multzoa, piloa kontenplatzen da, ez zenbat diran zehatz. Baina ostera, ume, kipula edo ibaiak zenbaki bidez kontau edo zenbatu geinkez.

Asko zenbatzaileak eremu bietako izenak hartu leikez aise. Gari asko dinogunean, gari piloa esaten gagoz, eta gari gitxi dinogunean, gari apurra. Baina aldiz, lagun asko dinogunean, pertsonen zenbateko handia adierazoten gagoz, nahiz zehaztasunez adierazo ez. Euria, energia, beroa, denporea… neurgarriak dira, baina orohar ez ditugu zenbatzen, zeharkako neurriz ez bada (litroak, graduak, kilobatioak…)

Aditzagazko komunztaduraz da azkenengo oharra. Asko zenbatzaileaz, aditzagazko akordioa singularrez egiteko joerea da nagusi. Bai izen neurgarriakaz –jente asko batu da–, baina baita zenbakarriagaz be gehien bat, nahiz eta honeekin ez beti. Bigarren kasuan akordio sistema biak dagoz indarrean, eta biak dirala onargarri esan daiteke. Singularrezkoa, beharbada, gomendagarriena: Ume asko doa ikastolara. Huts asko egin dot azterketan. Baina pluralezkoa be barra-barra darabilgu, eta nekez epaitu geinke akats lez: Asko gaisotu dira negu honetan gure lantegian.

Bego honenbestez.

 

Iturriko

2018-02-22

Esatekoak 0
Ikusita: 86
2018.02.16

Egin AHAL dana egin AHAL bada, ondo goaz

Ahal, esanguraz “ahalmen, ahal izate, botere” adierazoten dauen izen bat, izen kategoriakoa izateaz gainera, aditz jokoan be funtzino eta esangura garrantzitsua hartzen dauena da. Aditz jokatuen modalidadea markatzeko berezitu ditu hizkuntzak, eta eboluzino horren bidez izen kategoriako izatetik aditzaren osagai “modal” izatera etorri dira.

Ahal modalaren sail berekoak ditugu, bakotxa bere esangureagaz, honako besteok be: behar, nahi, gura, uste, gogo eta, harean diferentea dan arren, zelanbait baita ezin marka be.

Idatzi honetan ahal modalidade-markaz jardungo dogu soilik, ezezkako ahalmena adierazoteko darabilgun ezin marka hurrengo baterako lagata. Ahal markak berak eskeintzen dau ertzik asko, zehaztasunak emoteko.

Ahal –edo al, aal hegoaldeko tradizinoan–, potentzial edo ahal izate zentzuaz aparte, beste balio batzukaz be agiri dan modu-marka dogu aditz jokoan. Balio optatiboa edo desirazkoa, uxala markaren hur-hurrekoa, gertakizuneko partizipioaz: Egongo al zara bakean!. Zalantzadun galdera adierazle, itaun perpaus barruan, gaztelaniazko “acaso, por ventura” adberbioen hurrekoa: Ez al dozu jakin etorriko zala? Baietz uste neban. Oraingoan ez ditugu jorratuko modalidade balio biok be.  Gatozan, bada, ahaleraren modalidea adierazoteko ahal darabilguneko kontestuetara.

Ahalerazko modua aditz jokoaren bidez adierazoteko, aditz multzoari ahal txertatzea, aukeretariko bat da, beste batzuen artean. Aditz laguntzaileen bidez adierazoten da ahalera sarri be sarri, “ahalerako adizkiak” deritxegunen bidez: joan daiteke, etorri leiteke, esan daikegu, eroan geinke... ahalerazko aditzak dira. Eta ahalerazko aditz paradigmako adizkiakaz lehian, ahal hitz modalaz eregitako aditz multzoak ditugu: esan ahal dana, egin ahal danean, eroan ahal badozu…

Baina euskerearen erdi eta sartaldeko hizkeretan, kontestu sintaktiko (eta semantiko) banangoen arabera egiten da sistema bataren eta bestearen erabilera. Muga eta baldintza jakinak eskatzen ditue egitura batzuek eta besteek. Ahal hitz modala aditzean txertatu ohi dan kontestu eta baldintza horreek zehazten saiatuko gara ondoko lerrootan.

Aditz trinko bategaz batera nekez erabilten da ahal modala. Dator edo daki adizki trinkoei ahalera modalidadea erantsi nahi bajake, ez da eregiten euskeraz *ahal dator edo *ahal daki ereduko egiturarik. Ez eta mende perpausan be, *ahal badator edo *ahal dakiena eredukorik. Aukera nagusi bi, edo hobeto esanda hiru, ditu hizkuntzak ahalera kutsua bermatzeko.

Bata, tradizino zaharrekoa eta gaur galduxea, -ke atzizkiaz markatzea: datorke, dakike. Baina gertakizun aspektua da horretan nagusi, ahaleraren gainetik: “Dakianak artzaiten / dakike emaiten. // ‘Quien sabe tomar sabrá dar’.”

Bigarrena, adizki trinkoa perifrastiko bihurtzea. Ahal, orohar, menderakuntzan txertatzen da honelakoetan. Dator > etorri ahal danean, etorri ahal bada, jakin ahal badau, jakin ahal dauen guztia.

Eta hirugarrena, ahalerazko adizkiez baliatuz, aditz perifrastikoa garatzea. Egitura hau batez be perpaus nagusietan edo –la atzizkidun osagarrietan garatzen da: etorri leiteke, jakin leitekela deritxat.

Edozein kasutan be, ez dogu gauzatzen prozesu baten ahalera-izaera: Etxera *ahal goaz ereduko aditz egituren bidez. Esateko era normalak besteok dira: Etxera joan geintekez. Eta ahal sartuta: Etxera joan ahal garanean joango gara.

Gakiozan aspektuaren alderdiari.

Orain momentuko ahal izatea, bururagabea deritxona markatu nahi bada, eta esaldi nagusia bada, normalean ez dogu ahal markaren bidez egiten, euskerearen sartalde eta erdialdeko hizkeretan behintzat. “Yo me puedo ir ahora” adierazo nahi badogu, usadioz euskera darabilgunok, ez gure tradizinoko idazleek, ez darabilgu: Ni orain joan ahal naz. Darabilguna da ahalerako adizkia: Ni orain joan naiteke, edo neinteke. Bata zein bestea, ze euron arteko bereizkuntza semantikoa aspaldi neutralizatua dago gure hizkeretan.

Mendeko osagarrian, -la atzizkiaz markatuan badago ahalera egitura hori, orduan be ahalerazko adizkietara joko dogu. Ni orain joan naitekela uste dot. Nekez erabilten dogu: Ni orain joan ahal nazala uste dot.

Gainerako menderakuntza guztietan, bai ostera: Joan ahal garan guztiak. Joan ahal bagara. Joan ahal garanean. Joan ahal garalako. Baita –la adberbialaz eregitakoetan be: Egin ahal dozula, ez egitea ez dago ondo.

Iraganeko bururagabean beste hainbeste gertatzen da. Egun horretan etorri ahal ziran edo Momentu haretan ekarri ahal genduzan nekez erabilten ditugu. Iraganean, momentu jakin baten gertatzen ari dan prozesuaren ahal izatea adierazoteko be, ahalerareko iraganeko adizkietara joten dogu orohar: Egun horretan etorri eitekezan edo momentu haretan ekarri geinkezan hobesten ditugu hiztunok.

Desbideratze badaezpadakotzat joko gendukez gaur egungo gure hizkera sistemaren arabera (sartalde eta erdialdeko hizkerez dihardut), kalean entzuten diran honen antzeko esaldiak:

- Joan ahal naiz. Joan naiteke hobetsiko genduke.

- Egin ahal da. Egin daiteke edo leiteke hobetsiko genduke.

- Nik badakit neska horrek lan hori egin ahal dauela. Beste hau hobetsiko genduke: ...egin leikela/lezakeela edo ...egin daikela/dezakeela.

Aspektu burutua, amaitua edo perfektoa adierazoten dogunean ostera, izan txertatzen dogu aditz perifrasian, eta ahalera adierazoteko ahal izan multzoaz baliatzen gara. Horretara, orainaldiko burutuak lirateke: joan ahal dira, ekarri ahal izan dogu, ikusi ahal izan dira edo emon ahal izan deutsat. Eta iraganean be bardin: ikusi ahal izan ziran edo eroan ahal izan genduzan.

Ohiturazko aspektua, habituala be deritxona, ahal izatea barruan dala, ahal izaten multzoaz adierazoten dogu: ikusi ahal izaten dira, irabazi ahal izaten dogu eta eredu horretakoak erabiliz.

Gertakizuneko aspektua, futuroa dalakoa adirazoteko, ahal izango egituraz baliatzen gara Pirinioz hegoaldeko hizkerarik gehienetan, eta ahalko, orohar, Iparraldeko eta nafar hizkeretako ezaugarria dogu. Egin ahal izango dira edo eroan ahal izango ditugu egiturez baliatzen gara sartalde eta erdialdeko hizkeretan. Egin ahalko dira eta eraman ahalko ditugu tipoko perifrasiak ekialdeko, berariaz Iparraldeko, hizkeretakoak dira.

Aoristoko aditz laguntzaileak (*edin, *ezan, egin...) be onartzen dabe berez ahal hitz modala, baina gaur nekez erabilten da, tradizino klasikoan ohikoa izan arren.

Subjuntiboko adizkiak ohi dira batzuetan:

- “Erosiko ditut topau al daidazan basko edo kiputzeko liburuak” (Mogel). Gaur egun egiteerako adizkiaz ordezkatuko genduke: …topau ahal ditudan…

Ahalerazko adizkiak ohi dira beste batzuetan:

- Itaun perpaus bat: “Guzurra esan al baleite gauzaren baten intenzino onagaz, inok pekatu egin bagarik?” (Kapanga). Gaur egungo sisteman itaun hori beste era honetara egingo genduke: Guzurra esan leiteke…?

- “alan azaldauko neuskezuz beste gauza asko euskera garbian, begiakaz ikusi al deitekezan zan, azur edo mamin gauzeetan” (Mogel). Gaurko usadioan ahal hori ez genduke txertatuko: …ikusi daitekezan…

Ahal aditz perifrasian sartzen dogunean, laguntzaileak iragangaitza edo iragankorra izan behar dauen, izan ohi da beste zalantza puntuetariko bat. Aditz perifrasi barruan ahal sartzeak ez dau baldintzatzen aditz laguntzailea da edo dau tipokoa izatea. Aditz nagusiak agintzen dau laguntzailearen izaeran, ez ahal hitzak. Halan bada: joan ahal izan dira, baina ez joan ahal izan dau; etorri ahal baziran, baina ez etorri ahal baeben.

Egia da, hainbat lekutako herri-berbetan, egiteerazko laguntzailea dau erakoa, transitiboa erabilteko ohitura dagoala. Halan: Joan ahal badot esaten da leku batzuetan, eta ez joan ahal banaz. Zuzenak dira egiturok herri-berbeta mailan, baina ez arau mailan. Araua, tradizioaren bidetik finkatu da beti be, eta tradizino idatzian ez dago horretan zalantza izpirik.

Bego gaurkoz honetan, ahal aditz modalari buruzkoa.

 

Iturriko

2018-02-16

Esatekoak 0
Ikusita: 149
2018.02.09

Hemen dira Aratusteak

Hemen dira aratusteak, inauteriak. Asteburu honetan nonahi egongo dira ospakizunak, erromeriak eta mozorroa

Aratusteak ez dira bardin ospatzen leku guztietan. Bizkaian bertan, hainbat herritan ez dira ospatu be egiten izan oraintsura arte. Baina leku batzuk berezkoa dabe era batera ospatzea, era bateko mozorroa egitea, era bateko pertsonaiak ateratea...

Denporeagaz aldatzen doa jaia eta ospatzeko modua. Bideo honetan hainbat jakingarri.

https://www.youtube.com/watch?v=cbFHVE4BMVo

Esatekoak 0
Ikusita: 138