kontaktua
2011.12.13

Gabon-mukurra

Gabonak bere badatoz eta... Hori berori esaten eban batek San Juanak igaro eta hurrengo egunetik hasita. Izan be, batzuentzat urtea ziklo handi bitan banatzen da. Eta egia esan behin sanjuanak pasauta konturatu barik heltzen dira Gabonak, denporeak igarri be egin barik egiten deusku ihes esku-artetik.

Kontuak kontu, Gabonak datozela-ta ohitura zahar honen ganean gauzatxu pare bat esango dogu. Atxina, Gabon-mukurraren usadioa nahiko zabala zan gure etxeetan. Enbor horrek izen asko daukaz: Gabon-mukurra, Gabon-zuzia, Gabon-subila, Subilaro-egurra, Olentzero-enborra...

Gabon-gauerako beren beregi prestetan zan enbor handia, toki batzuetan udagoienean basoan hartu eta idiakaz etxera eroan eta gero, estalpean gordetan zan Gabon gaueko surtan erretako. Sarritan gau osoan egoten zan sua izetuta, egunetan egoten ez zanean.

Enbor horren errautsek indar eta balio apartekoa euken etxekoak zein etxe-abereak gatxetatik jagoteko eta babesteko. Herri batzuetan etxe-abereak errautsen ganetik pasetan ebezan, ezbeharrak eta zoritxarrak uxatzeko. Etxea be gabon-mukurraren keagaz lurrinduten zan eta errautsak soloetara botaten ziran kurutzearen irudia eginaz.

Gaur egun, oraindik beheko sua edo txapa dagoan lekuetan enbor horren oroimenez familiako bakotxak errama txiki bat botaten dau surtara.

Esatekoak 0
Ikusita: 1417
2011.12.13

Marijesiak

Gabon inguruan kantuan egitea ohitura da, eta errondan kantuan ibiltea be bai. Erronda horreetariko bat Gabon aurreko egunetan hasi eta Gabon egunean berean amaitzen dana da. Marijesiak izena da zabalen dabilena, baina beste izen batzuk be badaukaz: Abendua eta Kebonikoak.

Bizkaian lehen zabalago egon ei da ohitura hori, eta kantuaren arrastoak orain be han eta hemen ezagunak dira edadeko jentearentzat. Baina errondan kantau Bizkaiko leku jakinetan egiten da. Gernikan, Arteagan eta Ean orain be bederatziurrena egiten dabe, Gabon egunez amaituta. Ostera Ibarrangelun, Lekeition, Ariatzan, Gorozikan, Mendatan eta Iurretan Gabon egunean bakarrik.

Lekukotasunak jasota dagoz Mungialdean eta Arratian be, baina ez etxerik etxe errondan ibiltekoa, kantua baino.

Kantuan historia santua (Adan eta Ebagandik hasi eta Jesusen jaiotzera arte) kontetan da, eta bederatziurrena egiten danean, hiru txanda dagoz, lehenengo lau egunetan kopla batzuk kantetan dira, hurrengo lau egunetan beste batzuk, eta abenduaren 24an beste batzuk.

Leku batetik bestera aldaerak dagoz formatan. Batzuk makilakaz doaz (Santagedatan moduan) eta beste batzuk ez, soinuagaz laguntzen dabe kantua edo bape barik, normalean bakarlariak abesten dau lehenengo eta taldeak gero erantzun. Eskean be ez dabe danak egiten.

Testuetan aldaera asko dagoz. Hona dakarguna, Gernikaldean jasoa da. Labayru Ikastegiak argitaratutako Urte sasoiak bildumatik atera dogu, Oles ta oles izeneko liburutik.

 

GABONAK DIRA ETA

Gabonak dira eta
edegidazu ateau
ikusi daigun
jaio dan infantea.

Maria Jose, Jesus Maria.

Abendu santu honetan
Kristoren jaiotzean
kontentuaren handiz
guztiok poz gaitean.

Maria Jose, Jesus Maria.

Adan formadu izan zan
lehenengo lurrean,
pekatu egin eban
paraisu eternalean.

Maria Jose, Jesus Maria.

Behar zala bialdu
lurrera aingerua
erremediatzeko
Adanen pekatua.

Maria Jose, Jesus Maria.

Trinidade altuko
bigarren personea
transformadurik dago
Belengo portalean.

Maria Jose, Jesus Maria.

Herodes erregea
falso traidorea,
zerren damu eban
Jesusen jaiotzia.

 

Maria Jose, Jesus Maria.

Herodes koitadua
burladu zaitue
Erregeak joan dira
zu ikusi gabe.

Maria Jose, Jesus Maria.

Hiru Errege Magoak
hain bide luzean
ostatu hartun eben
hain etxe pobrean.

Maria Jose, Jesus Maria.

Meltxorrek urrea,
Gasparrek intzentsoa,
Baldasarrek eroiela
mirra preziosoa.

Maria Jose, Jesus Maria.

Astoak arrantzea,
idiak arnasea,
halan berotzen eben
jaio dan infantea.

Maria Jose, Jesus Maria.

Belengo portalean
estalpe batean
jaio da Jesus ona
abereen artean.

Maria Jose, Jesus Maria.

Esatekoak 0
Ikusita: 957
2011.12.07

'Kontizu' lokailua

Berba hau ahozko hizkerari jagoko idatzizkoari baino gehiago. Berbaz kontixu aldaera da ezagunena. Kontu egizu era jokatuaren laburdura dala esan daiteke. Berbakune edo makulu-hitz moduan be erabilten da sarritan.

Perpaus-marka lez, esan leiteke, antza edo holako esangurea emoten deutso esaldiari. "Batera zein bestera egin, bardin" adierazoten dau beste batzuetan. Posizino malgua dauka; aurre, atze edo barrukoa:

  • Kontizu, hemen ez dogu ezer egiten eta goazan etxera. (= esan leiteke)
  • Kontizu, atzo ez eban inora urten egun osoan. (= antza)
  • Kontizu gaur bape ez naz joango unibersidadera. (= azken baten ez naz joango, antzera izango da)

Erantzun laburrean:

  • —Atal guztiak begiratu ditu? —Bai, kontizu. (= “bai, itxurea”)
  • —Erantzun hori emonda, amak ez deutso gogor egin? —Ez, kontizu. (= “ez, itxurea”)

Graduatzaile balioa be badauka, herri-esakeretatik eta autore zaharren testuetatik ikusi daitekenez: ia ezer be ez, ia inor be ez, ia inon be ez, ia inoiz be ez... Baina ia bardin, ia beti... baiezko esaldietan.

 

  • Arrautza bi emonda kontizu; ba, oin bape emon ez deutsudala kontau eizu. (Esaera zaharra)
  • Zeure idazki jakingarrija / idatzi zeustan orduan, / hitz hain sakonak igartiarren / sarija agintzen zenduan, / hamabosteko epiaz. Baina, / igaro zan hau behinguan; / eta ni, barriz, hasikeran lez, / kontixu bardin nenguan. (B. Enbeita)

Moduren baten beste batek dinoanagaz bat zatozala adierazoteko, eta baietz edo ezetz modu laburrean erantzuten danean be kontizu erabili leiteke indargarri lez.

 

  • —Hemendik harakoagaitik oinez joango gara. —Bai, kontizu.
  • —Batekoarren ez deutsegu ezer esango. —Ez, kontizu.

Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren
jarraibide liburua. Bigarren pausuak.
Bilbao: Labayru Ikastegia, 2005.

Esatekoak 0
Ikusita: 1371
2011.11.30

Sutondoan

Lehenago sua zan etxearen gunea. Ganera beste alde on asko zituan: etxekoai beroa emon, etxekoen eta animalien jatekoak prestau eta berotu, erropak edo norbera garbitzeko ura berotu. Inkesta guztietan jaso da ezkaratza, sukaldea, sutea dala etxeko gelarik garrantzitsuena. Zorrotz hartuta, sukaldea sua egin eta jatekoa prestetan dan txokoa da. Sua hain izan da etxearen bizigarri, XVI. mendeko esaldi batek holan dino: Su bako etxea, gorputz odol bagea.

Gauean ez zan sua amatatzen, kontrara baino, biztuta eukiteko ahalegina egiten zan. Horretarako enborrak kendu eta txingarrak hautsagaz estaltzen ziran.

Barandiaranek batu eban etxeko sua beti izetuta egotea arbasoen gustukoa zala, gauean etxera etorten zirela sinesten zan eta. Siniskera horregaz lotuta dago gauean hautsak batukeran, eskuaz hiru kurutze egin eta esaldi hau esatea:

Nik sue biltzên

Aingerûk etxên sartzên,

Etzên etxekôk bedeinkatzen.

XX. mende hasieran Azkuek Zeanurin antzeko bat batu eban:

Sua batzean

Sua batzean

Infernuko guztiak

Gure etxetik urteiten

Mille aingeruk sartu egiten.

 

Atlas Etnografikoko Casa y familia en Vasconia aletik moldatua.

Argazkia: Luis Manuel Peña. Labayru Ikastegiko Argazki Artxiboa.

Esatekoak 0
Ikusita: 968
2011.11.23

Jatorduak III. Meriendea

Meriendea, hamarretako eta hamaiketakoa legez, apurka-apurka zabaldu da azken hamarkadotan. Etxean gordetan eukiten zan jeneroa meriendetan zan normalean, gauza handirik ez: gaztai zati bat, txorizo muturren bat, frutea… Hainbat etxetan, bestalde, esneak eukiten eban bitsa gorde egiten zan eta meriendetako ha ogi ganean botaten zan azukre apur bategaz. Erleak eukezan etxeetan ezti apur bategaz bustitako ogi-zatiak jateko ohiturea egon zan. Etxeko ume eta gazteei gehien gustetan jaken meriendea, baina, txokolatea izaten zan, nahiz eta aldi baten eskasa izan bakotxari toketan jakon errazinoa: ontza bat emoten jakon ume bakotxari eta, halanda be, pozik ibilten ziran.

Jente nagusiagoa be meriendetan hasi zanean, jateko berezitxuagoak preparetan hasi ziran, esaterako, makailao errea: makailao zatia txapa edo beheko suko parrillaren ganean ipini, erre orduko handik kendu, zatitu eta ganetik orio gordina botata eta ogi zati bategaz jaten zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 878