kontaktua
2015.12.04

Ibilbideak herri-ondarea ezagutzera emoteko

Herri ondarea batzea eta hurrengo belaunaldiei transmititzea da Labayru Fundazioaren egitekoen arteko bat. Transmisino hori egiteko hainbat bitarteko erabilten dira: liburuak, liburuxkak, argazkiak, eskolan lantzeko material didaktikoa.

Azken aldian, ostera, herri gero eta gehiagotan beste bide bat hartu dabe herri-ondare edo herri-jakintza ezagutzera emon eta zabaltzeko, ez bakarrik herritarren artean, ostantzekoen artean be bai: ibilbide bat herrian markau eta haren ganean bideo labur bat egin.

Helburua herri ondarearen transmisioa modu ludiko eta atsegin baten egitea da; eta ondare hori herritar guztien artean ahalik eta gehien zabaltzea. Bideootan era askotako informazioa erakusten da: toponimia, ohiturak, herriko bizimodua, herriko bazterrak, denboraren joanean izan diran aldaketak... Herrien lehena eta oraina ezagutzeko aukera ederra emoten deuskue.

Ibilaldi luzeago edo laburragoak egin daitekez, auzoetatik edo urigunetik irten barik; basoak eta mendiak zeharkatuz... Edozelan be edonork egiteko moduko ibilaldiak erakusten dira eta joan ahala ikusten diran lekuen ganeko barri interesgarri erakusten da bertan.

Batzuetan, herrietako irudien osagarri, bertako lekukoak alkarrizketatzen dira, eta euren testigantzak bideoetan txertatuta agertzen diranez, lekukotasuna askoz interesgarriagoa da.

Orain arte, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan, Bedia, Berriz, Busturia eta Getxon egin izan dira, Youtuben erakusgai ipinten doaz eta oraindik etorkizun handia daukan egitasmoa da.

Ikusentzutekoak indar handiagoa hartzen dau eta norberaren herrian be ezusteak hartu daitekez.

Esatekoak 0
Ikusita: 718
2015.11.12

San Martin eta txarri-beharrak

San Martin zemendiaren 11an ospatzen da. Egun hori lotzen dogu txarri-hilteakaz; izan be, gitxi gora behera hortik hasita otsailera bitartean izaten da etxean txarria hilteko sasoia.

Txarria hiltea gauza handia izan da etxerako, gaur beste jateko ez egoanean batez be. Baina horrek behar asko Dakar. Holan azalduta dagoz beharrok Bedia. Bizimodua eta ohiturak (Labayru Ikastegia-Bediako Udala, 2013) liburuan.

“Txarria hilteko jente taldea batzen zan etxean, eta gehienetan auzokoren bat izaten zan matarifea. Txarria hil, odolustu, erre, garbitu eta zabaldu egiten zan. Mantilea eta gibela ateraten jakon lehenengo-lehenengo, eta gero tripak. Gibelori beharren ibilitako gizonek jaten eben prijiduta, andrek errekan hesteak garbitzen ebezan bitartean. Txarri-beharrak ondo bereiztuta egozan eta hesteak garbitu, eta mortzilak eta txorizoak egitea andren zeregina zan. Hesteak mortzilak egiteko aprobetxetan ziran.

Mortzilak txarria hilten dan egun berean egiten dira. Bai orduan eta bai gaur egun modu berean egiten dira. Horretarako bezperatik hasten da jeneroa prestetan: arroza, porrua eta kinpulea egosi lehenengo. Hareri piper baltza, gindillea eta perexila egin, eta txarriaren koipea txikituta nahastau. Ordurako txarriaren odola hotzituta dagoanez, odola bota maseari eta horregaz hesteak betetan hasi.

Lehenengo aiteternoa betetan da, hau da, hestearen amaiera, aho bakarra daukana. Gero heste lodiak eta azkenengo meheak. Txarri-afarirako be estimaduena aiteternoa da, eta gero heste lodiakaz egindakoak.

Hesteak bete enbudo txiki bategaz egiten dira, eta zatian-zatian kordelagaz lotu baina beti erredondoan, hiru-laugaz txortak eginda. Egin ahala galdarostu egin behar dira, hau da, uretan egosi, ur horretan porrua botata. Egosteko, denporea behar da; meheak ordu erdi inguru, lodiak hiru ordu lauren edo, eta aiteternoa buelta bian egosten euki behar da. Bitartean orratzagaz pintxau egin behar dira, hesteak errementau ez daian. Eta pintxau orduan odolik ez urteteak, eginda dagoala esan gura dau.

Mortzilak jateko prest dagoz holan, eta hurrengo egunean auzokoei banatuten jakez, gihar zati bategaz batera hurrekoenentzat. Auzoen artean mortzila truke hori egiteak, denpora baten, jatekoa luzatzeko modua emoten eban, baina alkarren artean konparazinoak egiteko be bai, zeinenak gozoago egozan. Orduan ohiturea herriko handikiei be mortzilak eroatea zan: medikuari eta maisuari kasurako.

Txarria hil eta hurrengo egunean, lehenengo erdibitu eta gero txikitu egiten da. Solomoa, saiheskiak eta pernilak apartauta, ganerako giharrea eta okelea xehetu eta horregaz txorizoak egiten dira. Okela kiloko 26 gramo gatz bota, piper txorizerua eta berakatza nahastau eta masa hori hesteetan sartuta egiten dira txorizoak. Etxean batzen diran piperrak txorizoetarako gordeten dira, txarria hil orduan eukiteko. Osterantzean erosi egiten dira.

Txorizoak luzean lotzen dira, arra baten luzeran gitxi gorabehera, eta tira osoa eskegiten da sikatu daitezan. Suetea izaten da horretarako lekurik onena, lehenago behintzat halan zan, beheko sua egoten zanean. Hamabost bat egun behar izaten dira gitxienez sikatzeko, baina eguraldiaren arabera gehiago be izan daiteke. Gero, konserbetako, txarriaren koipea urtu eta koipe horretan gordeten ebezan lehen, berenberegi horretarako egozan tinakoetan. Oraintsuago, koipearen ordez orioa erabilten hasi ziran. Luzarorako barik, egun batzuetarako baino ez zanean, txorizoak gari edo arto artean sartzen ebezan.

Garaitiko txarrikiak: urdaia, saiheskiak, hazurrak, belarriak eta patak… gatzetan gordeten ebezan, gazun-askan, urte guztian irauteko.

Pernila sikatzeko ixten zan. Gatzetan euki hile pare baten, gero uretan gatza kendu, piper maminagaz ondo igurdi, botikea ipini hazur ondoan eulirik joan ez eikion, eta azkenik eskegi egiten zan kamaran. Halanda be, askotan umedadea sartzen jakon eta kokoak urteten eutsan. Horregaitik, etxe batzuetan azkenean pernila be txorizotarako txikituten dabe.

Txarri-hankak, tripak, belarriak eta musturrak (morroak) karnabaletarako preparetako ohiturea egon da.”

Esatekoak 0
Ikusita: 614
2015.02.02

San Blas eta Santa Ageda

SAN BLAS

Zezeilaren 3a, San Blas eguna. Oihartzun zabaleko eguna euskal lurraldeko leku askotan. Durangoaldearen erdian dagoan Abadiñokoa da entzuterik gehien dauenetariko bat, batez be euskera bizi dan lurraldean. Baina Arabako lurraldean, Aiarako Laudiokoak be bere entzutea dauka eta goi lautadan Dulantzikoak be bai.

San Blasek leku guztietan dauka eztarriko gatxak eta minak kentzeko doaia eta birtutea. Horregaitik bedeinkatzen dira eleizetan egun horretan sanblas kordelak, gero bederatzi egunez samatik eskegita euki behar diranak, edo eztarriko mina kentzeko, eztul eta katarroak uxatzeko, edota sano dagoanari holako gatxik etorri ez dakion.

Egun horregaz zerikusia daben errefrauetan behin baino sarriago agiri dira honako berbak: eztula, doministikuna, arnasarik hartu ezina, ito beharrik egotea. Hara batzuk:

“San Blas, ito arte arnas” (Urdaibai)

“San Blas Abadiñon ta eztul Durangon.” (Lezama)

“San Blas! Bedeinkatutako haria saman ipini eta eztulak blast!”

“San Blas, doministikuka ito behar naz.” (A. Zavala, 2557)

“Idiek eztula egin eta “San Blas!”; aitonak eztula egin, eta “itoko al haiz, ba!” (D. Inza, 164)

Santuaren izena, Blas, monosilaboa eta indar handikoa da, errima joko gihartsua eskeintzen dauena blast hotsitzagaz edo haz adizkiagaz. Hitz-joko horreetariko baten sustraitua da desira txarreko beste hau be:

«San Blas, mañana más, pasau mañana tragauko al as!» (Iurreta).

Ganadu feria eguna izaten da jai hori leku batzuetan. Baina ganaduagaz batera, txarriki eta beste jaki batzuen salmenta eguna be bai. Laudion txarria egiten dabe zotzetara egun horretan eta odolosteak egin eta saldu be bai. Baserritarren eguna zan lehen batez be. Abadiñora, Bizkaitik ez eze, Gipuzkoatik eta Arabatik be jente handia batzen zan. Bide luzeok oinez egiten ziran lehen, negu gorrian, sarritan euriari eta edurrari jarkita, beheak guztiak basatza bihurturik egozala.  Horrek oihartzuna gogorazoten deusku erromeri kopla zahar batek:

“San Blas pasau dan urte bi,

Abadiñora nintzan ni;

denpora txarrak emonda

ez nintzan ondo ibili”.

Eguraldi txarra aitatu dogu: euria, uriolak, edurra, bisutsa… ez dira falta Kandelario, San Blas, Santa Ageda inguru horretan. Gogoratu honango esaera zaharrak:

"Kandeleraz bildurra, Santa Agedaz edurra"  (Azkue, EY, 1736)

“Kandelario, elurra dario; San Blasek lagunduko dio.” (A. Zavala, 1764)

Ganadu-tratuak ez ziran falta izaten egun horretan. Eta negutik udabarrirako bidean, patari zaharrak saldu eta gazteak erosteko momentu ona zalakoa be bai. Hara asto zaharra eta asto barria akordauazoten deuskun errefrau honen esana:

“Santa Luzietan galtzen dan astoa, San Blasetan erosten da gazteagoa” (A.Zavala, 2621)

Santa Ageda

Usu zaharrekoa da Santaiageda kantetan etxerik etxe edo auzorik auzo gazteak ibiltea. Bizkai inguruan Santageda kantetanibiltea esaten jako usu honi. Gipuzkoa aldean Santa eskea entzuten da.

Aranatarrek, hor XIX. mendearen lehen hamarrekoetan garbi usaineko kantu-berbak eta doinuak bultzatu ebezanetik, beste hauspo bat emon eta giro barri baten sartu eben ohitura hau. Santa Ageda bihurtu zan deun Agate, eta aintzaldu eta holako berba hanpatu barrizaleakaz apaindu eben kantuaren testua.

Tradizinoko santageda koplak laukoak dira, lauko luzeak, 10 silaba lehenengo eta hirugarrenak eta 8na bigarren-laugarrenek, bikoiztiek. Tradizino zaharreko beste eske-kopla askoren antzera.

Tradizinokoetan gai biren inguruan bilbatzen dira koplak. Batetik, kantuz ibilteari bere arrazoia emoten deutsan Santa Agedaren bizitza eta martirioa. Bestetik, etxe batera, familia batera kantari-aldrea hurreratzen danean, familia horretako kideai koplak eskaini eta sariaren eskea egitea.

 

Ataungo kopla txortea oinarritzat hartzen badogu, hara zelan gogorazoten deuskuen kopla-kantariek, etxe batera hurreratzean, kantuaren motiboa Santageda bezperan:

“Santa Ageda, Ageda / bihar da santa Ageda, / bihar da santa Ageda ta / gaur haren bezpera gaba”

Ondoren Santa Agedaren martirioaren istoria kontetan jaku koplaz kopla. Siziliako Kataniako alaba hori, zelan oinaze gogorren artean hilteko agindua emon eban Kinziano, Palermoko enperadoreak, edo erregeak. Enperadoreak beretzako nahi neska gazte hori, eta Agedak ezetza emon, ukatu, kristau legean:

“Baina ez zegon larrosa hori / Kinzianorentzat egina, / zeru altuan eukan senarra, / Jesukristo gure Jauna”.

Ataungo bertsinoarekin jarraituko dogu. Zahar usainekoak dira beste saileko koplak, zeinetan etxeko guztiak banan-banan koplatzen diran, azkenean sari eskea egiteko. Lehenengo etxeko jauna edo nagusia.

“Zaldiz da eleizaratzen, / zilarrez oferendatzen, / handik etxera datorrenean / urre-silan da jarritzen, / txokolatea hartu artean / handikan ez da jeikitzen”.

Hurrengo, etxekoandrea:

“Baratzan eder txermena, / ondotik gora lerdena,/ etxekoandrea kopla dezagun / nagusiaren hurrena”.

“Udaberrian zeina dan eder / lino txikiaren hazia, / etxe hontako etxekoandreak / guziontzat badu grazia”.

Ondoren, etxeko semea edo oinordekoa, "nagusi gaztea":

“Usoak dira kotara,/ nire begiak lotara,/ nagusi gaztea oraintxe goaz / berorren koplaetara”.

“Soroan eder goldea,/ soinean kapa morea,/ etxe hontako nagusi gaztea / ondo gizontxo noblea”.

Etxeko alabea hurrengo:

“Eder intxorren kordena,/ halaxen degu ordena,/ andre gaztea kopla dezagun / nausi gaztearen hurrena”.

“Etxetik hasi eta plazara / harriz daukazu galtzara,/ Mikaelaori jai haundietan / ateratzen da dantzara”.

“Gonea dauka josteko,/ jai haundietan jazteko,/ zazikriada balio ditu / etxea gobernatzeko”.

Agur-despedidako koplak azkenez:

“Izenetan dan ederrena da / nire jendeak, Mikaela,/ gu hemendik bagoaz eta / gauon Jainkoak diela”.

 

Sopela inguruan –eta beste leku askotan, jakina– kantau izan diran usadiozko koplakaz osotuko dogu Ataungo tradizino ederraren beste alderdia. Izan be, badira este hainbat zertzelada be kopla-kantetan diharduan taldearen protokoloaren inguruan, leku batean ez bada, bestean agiri ohi diranak.

Herriko alkateari baimena eskatzea toketan da lehenengo:

“Alkate jaunaz egondu gera / atzoko arratsaldean, / libertadea emonik deku / ibilitzeko bakean”

“Ez bagabiltzez bakean, / geure buruen kaltean, / sartu kartzela batean eta / gaur urtebete artean”.

 

Etxeko jaunari eskeinitakoak honetara kantetan dira Uribe-kostako erara:

“Errekaldean lizarra, / zeru goiean izarra, / etxe honetako nagosi jaunak / urregorriz dau bizarra”.

“Urregorriz dau bizarra eta, / diamantezko espalda, / berori bezain gizon prestaurik / herri honetan ez ahal da!”.

Etxekoandrea izan ohi da sari-emoilea, eta hari zuzenduak dira palagu-lausegurik gurienak:

“Etxe honetako etxekoandrea / andre ona ta noblea, / eguno bere ez dau bialdu / limosna barik pobrea”.

edo bigarren partea beste era ezagunago honetara dala:

“bidean gatoz informaturik / zelan dan limosnerea”.

Bigarren kopla eder honetan laudatzen da areago etxekoandre "zabala":

“Etxe honetako etxekoandrea / hamar gonaren jaube da, / Pazko goizean jantziko dituz / hamar gona bere soinean”.

Etxeko "zaldun gaztea" koplatzen da hurrengo:

“Hortxe goian madari, / erramak dituz behera adi, / etxe honetako zaldun gazteak / hamalau urre txintxarri”.

“Hamalau urre txintxarri eta, / zazpi damaren eguzki, / hareek danak holan izanik, / gehiago deituz merezi”.

“Udabarrian urteten daude / erreka munan bitxiek, / hareetxek baino politago dira / (Maritxu) zure begiek”.

 

Etxeko neska gaztearentzako koplak be ugariak baizen ederrak izan ohi dira, poesiaz beteak:

“Hortxe goian idie, / haretxen begi argia, / elaztunetik pasa leiteke / (Maritxu) zure garrie”.

“Hortxe goian bost ardi, / hiru jantzan ta bi adi, / etxe honetako (Ana Marik) / merkatariak hamabi, / merkatariak hamabi deitu, / zein elejidu eztaki”.

Azkenean sari-eskea egitea da usu. Halangoxe kortesiaz egiten zan Sopela aldean:

“Okaran txiki garauz betea, / aurten da zeure urtea, / bost ogerleko emon ezkero/ urte guztiko bakea”

“Emotenba’ozu, emoizu, / emote’ezbadozu, esaizu, / beste batera joateko bere / hemen belu ein be(ha)r daku”

Borondate txarreko zekenentzako be eukiten eben gordeta kopla zakarren bat, komeni ez diranak esateko be.

“Etxe aurren hazurra, / etxe atzean hazurra, / Santagedak emon deitzula / kakapirri ta eztula”.

Kirikiño idazleak onduak izan behar dabe gaur gure kaleetan eta urietan askoz gehiago entzuten diran besteok. Hitzak behintzat. Euroi jagoken doinuak badauka eleiz girokoaren antza. Edozelan be koru batek, bakarlari eta guzti, kantetako pentsaturik onduak dagoz. Euron melodia patxadatsuagoa da, gozoagoa, geldiroagoa. Herri tradizino zaharrari halako goratasun bat, duintasun bat emon guraz ondua. Baserri girotik kale girora, urira erakarri gurako tradizino bizibarritua. Guztiz ezagunak gu guztiontzat beronek hitzak:

"Aintzaldu daigun Agate deuna / bihar da ba Deun Agate /Etxe honetan zorion hutsa / guztiok euko al dabe".

"Deun Agatena batzera gatoz / aurten be igazko berberak,/ igaz lez hartu gagizuez ta / zabaldu zuen zakelak"

Ez dirudi eguraldiak asko lagunduko dauenik Santagedaz, baina atsotitz zaharrek horren abertzentzia egina deuskue lehenagotik:

"Kandeleraz bildurra, Santa Agedaz edurra"  (EY, 1736)

“Kandelario, elurra dario; san blasek lagunduko dio.” (A. Zavala, 1764)

 

Iturriko

2015-02-04

Esatekoak 0
Ikusita: 1908
2014.06.19

Sanjuanak

San Juan bagilaren 24an ospatzen dogu. Orduan da udako solstizioa, egunik luzeena eta gaurik laburrena. Sasoi honek, neguan Gabonakaz bat eginda pasetan dan moduan, hainbat siniskera eta ohitura ditu inguruan. Ha ta guzti be gehien-gehien suagaz lotzen dogu jai hori.

Sua bezpera iluntzean egiten da, etxeko landan, edo auzuneko soloetan, edo herrian gaur egun. Gero ta leku gehiagotan egiten dala esan lei, baina lehen soloakaz lotutako siniskeretan oinarrituta egoan. Suaren ganean salto egiteko ohitura egon da, zuziak hartuta soloetan kantuak edo esakera batzuk esatea be bai. Batzuk konjuro modukoak dira, soloak lapur, zapo eta sugeetatik libre egon daitezan.

Atari honetan bertan dagoan Herri ondarearen katalogoan, han hor hemen herriz herri batutako batzuk ekarriko ditugu hona

Busturian batutakoak:

“Doniene ta Doniene
gaur dala, bihar dala Doniene,
etzi San Juan bihamone,
gure soloan sorginik ez,
badago bere erre beitez”.

“San Juan de la porta latina
larunbat arratsaldean,
hamalau atso tronpeta joten
motroillu baten ganean.
Urra, urra, urra sanjuanetan,
jantzan egin behar dogu ifar haizetan,
ujuju, San Juanera goaz gu.
Ujuju, zantzotxu bat bota behar dogu”.

Beste hau Berrizen batukoa da:

“San Juan, San Juan,
arrautza bi kolkoan,
beste bi altzoan,
sorginak eta lapurrak erre, erre,
artoak eta gariak gorde, gorde.
Biba San Juan!

San Juan, San Juan
nik ez dot besterik gogoan,
gure soloan lapurrik be ez,
sorginik be ez,
badagoz, badagoz, erre beitez.
Biba San Juan!”

Maruru-Jatabekoa da hurrengoa:

“San Juan Bagileko,
zapoak eta sugeak erreteko,
artoak eta gariak gordeteko,
San Juan Bagileko.”

Zamudion be antzera:

“San Juan bagilean, denpora ederrean,
artoak eta gariak gorde, sugeak eta zapoak erre.
Biba San Juan, etxean eta kanpoan!
Gaur dala, bihar dala Doniane Kruz, etzi San Juan biharamona.
Gure soloan sorginik ez, badago be erreko dira.”

Esatekoak 0
Ikusita: 1664
2014.02.28

Aratuste janariak

Aratusteetako janariez itaun egin danean hor eta hemen, lekukorik gehienek aldi horretako janari berezitzat aitatu dabena tostadak izan dira. Baina gehitu daigun, tostadak Gabonak amaitu osteko beste egun seinaladu batzuetan be egiten dirala: Kandelarioetan, esate baterako.

Horrez ganera, leku askotan Karnabaletan jateko gordeten ziran txarri-patak, belarriak, musturra e.a. Gero etorriko dan barauzaroari kontrajarrita, inauterietan asko jaten da, eta ez neurriaren aldetik bakarrik; janari koipetsuak eta astunak izaten dira, baita gozokiak be.

Puntu honetan, inauteri-egunak ezeze, aurreko ospakizunak be kontuan hartu behar dira. San Anton, Kandelario, San Blas, Santa Ageda… janariak bedeinkatzeko eta eske-errondak egiteko egunak dira. Bedeinkatze horren helburua ez da besterik, osasunarentzat onuragarri izan daitezala eta etorkizunean janaririk eza ez dedila gerta.

Inauteri egunetan, hau da, eguenetik martitzenera bitartean, lurralde guztietan ohikoak izan dira eske-errondak. Halakoetan etxeetan txorizoak, arrautzak, txarrikia eta antzeko sariak emoten eutseezan errondariei, afari on bat alkarregaz egiteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 902