kontaktua
2011.05.30

Ipuinetako formula bereziak

Hainbeste urtean, etxerik etxe eta gizaldiz gizaldi sutondoan kontuak kontetako ohiturea egon da eta horreek hasi edo amaituteko formula asko erabilten izan dira, bai esaldi moduan, bai kopla moduan. Hona ekarriko doguz, kontu-kontari dabilzanek sano erabilgarri dituen formula batzuk. Badira batzuk beti-betikoak, esaterako, «behinola», «bazan behin», «behin batez», «hala bazan edo ez bazan, sartu dadila kalabazan eta urten Derioko plazan»...). Ikusi daiguzan orain gitxiagotan entzundako batzuk.

Ipuin hasierak

• Oingo denporan lehengo lez, horma-zuloak karakolez.

• Munduan asko lez, arto-koskolez...

• Zeruan urdina, lurrean bedarra, itsasoan ur-tantak eta basamortuan harea.

• Antxina, bedar, txori, abere eta patariek euren berbetea ahaztu baino lehentxoago...

• X zanak kontetan ei eban...

Ipuin amaierak

• Sinistu gura dauenak
bertara joan eta ikusi dagiala;
neuk dinotsuet hau egia dala
gari heldua berdea ez dan bezala.

• Eta egia ala guzurra,
begi bien artean sudurra.

• Egia, errotan gari barria; Antziolako ohe azpian aingeru buruzuria.

• Hareek han eta gu hemen, gure kontuak Flandesen; gure txepetxak bizkarrean hazurra, eta gure ipuin guztia guzurra.

• Halan bada, halan bedi.

• Eta nik kontau deutsuet
mendiak niri kontautako moduan,
halan izan edo ez izan
zuen bihotzak ipuin hau
entzun dagian.

• Eta ondo bizi izan baziran, ondo hil ziran; orduan han nintzan eta oin hemen.

Esatekoak 0
Ikusita: 814
2011.05.23

Aditz partizipioa (II) - Burutubakoa

Burutubako ohiturazko aspektua marketako mendebaldeko euskeran -tzen, -ten, -tuten, -etan, -ketan markak zabal dabilz, baina euretatik hiru aintzat hartuko ditugu batez be idatzirako: -ten, -tzen eta -etan.

-TEN, -TZEN edo -ETAN erabili behar dogun jakiteko aditz partizipioaren amaiereari begiratu behar deutsagu. Hona hemen bizkaieraz erabilteko proposatzen ditugunak:

Aditz partizipioak honeetariko amaiera bat izan ezkero: -TEN

-A, -E (1) , -I, -O

-L

-N

-SI, -ZI

-STU, -ZTU (1)

-TSI, -TXI, -TZI

-IDU (2)

ateraten, lagaten, beteten, erreten, ibilten, ipinten, erasoten, jazoten.

hilten

egoten, esaten, igoten, jasaten, emoten.

hasten, ikusten, jausten, hazten, hezten, irazten.

abesten, jolasten, ahazten, bilozten, errazten, orrazten, zorrozten.

goresten, onesten, jasten, erexten, ixten, janzten, igurzten.

horniduten, eskribiduten, leiduten, koiuten...

(1) Amaiera honetako aditzakaz onargarria da -TUTEN atzizkia be, batzuetan zentzuaren argigarri izan daitekelako: egosi > egosten / egostu > egostuten.

(2) Erromantzetiko -IDU amaierako aditzetan -IDUTEN eredua da zabalena bizkai euskeran eta berau hartuko da aintzat eredu idatzirako: abrozidu > abroziduten, sufridu > sufriduten ... Sentitten, sentidetan, sentitan... erakoak be entzun leitekez leku batzuetan.

Aditz partizipioak amaiera honeek euki ezkero: -TZEN [/ -tuten]

-TU / -DU
silaba bikoak

-TU / -DU
enparaduak

-TSITU, -TZITU

batzen, hartzen, sartzen, galtzen, heltzen, kentzen, saltzen...

apurtzen, parkatzen, ezkontzen, zapaltzen...

hutsitzen, baltzitzen, hotzitzen, satsitzen, altsitzen.

Aditz partizipioak amaiera hau euki ezkero: -ETAN

-AU (1)

nahastetan, izentetan, pasetan, miazketan...

(1) Erromantzetiko -ADU > -AU erako aditzakaz, idaztorduan -AU hobetsiko dogu, -TU amaierak be erabili leitekezan arren: errezau / errezatu, kantau / kantatu, kobrau / kobratu .
          . Amaieran -AU erabilten bada, horrek -ETAN eskatuko dau aditzizenean 4 . pagau > pagetan, kantau > kantetan.
          . Amaieran -TU egin ezkero, horrek -TZEN eskatuko dau. pagatu > pagatzen, kantatu > kantatzen.

 

AREJITA, Adolfo, LEGARRA, Hiart eta OAR-ARTETA, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia; BBK Fundazioa, 2002, 264-265 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 930
2011.05.16

Erlea: siniskerea eta ohiturak

Erleak sano garrantzitsuak izan dira gure artean, alde batetik energia asko emoten dauen elikagaia, eztia, eta bestetik kandelak egiteko argizaia emoten dabelako. Biak, bai eztia bai argizaia sendabide lez erabili izan dira urteetan. Halan ba, erleok errespetuz tratau izan dira, hain modutan ze erleei zuzentzeko formula eta errezitadu zahar askotan errespetuzko plurala (zuek) erabili izan dan.

Konturako, etxean baten bat hil ezkero, erleei esan egin behar izaten jaken, ezpabere erlauntzea be hilten zan, batzuen ustez; beste batzuk dinoenetik, hori esanda hildakoarentzat argizai gehiago egiten eben. Hildakoaren senitarteko edo lagunen batek emoten eutsen barria eta horretarako honekaz esaldiokaz balietan ziran:

 

  • Halakoa hil da eta egin ezazu argizari gehiago! Azkar, azkar!
  • Zuen nagusia zendu da baina ordaina ukanen duzue.
  • Hil dala etxean urlia eta egin dezazuela ezko ugari argizaria egiteko haren salbamenduaren alde.

Argizaia kandelak egiteko erabilten da eta kandela horreek babesleak ei ziran. Kandelario egunean bedeinkatutako kandelak, esaterako, ekatxa egoanean ixetzen zituezan, eta halan etxekoak —personea zein piztia izan— oinaztuetatik babesten ei ziran.

Euskeraz erlea berbea insektua bera izentetako erabilteaz ganera, singularrez erabili ezkero erlerik garrantzitsuenari, erreginari hatan be, edo erlekumeko erleei esateko be erabilten da. Eta hortik dator erlekume berbea.

Erregina barria jaiokeran, erleek beste kolonia bat egitea erabagiten dabe. Horretarako erregina zaharrak, erle behargin eta erlamando batzuekaz batera, alde egiten dau. Erazko lekua topau arte erlauntzaren inguruan egoten dira eta jaubeak orduan adi ibili behar izaten dau iges egin ez daien. Sasoi baten, harri bi alkarren kontra joaz edo txalo eginaz erlekumea hurreko arbola batera joango zalako ustea egoan.

Erlekumeek erlauntzatik iges egiten ebenean, jaubeak jarraitu egin behar izaten eutsen. Halan berea zala egiaztetan eban.

Erleak arbola edo zuloren batera joan ezkero, labana edo aizkoraz gurutze bat egiten zan jaubea eukala adierazoteko. Gehienetan seinale hori errespetetan bazan be, horregaz lapurrei beharra errazten jaken.

Iparraldean, erlekumea herri-lurretan egon ezkero topetan ebanarentzat zan, baina lur horrek jaubea baeukan, lurraren jaubeagaz tratua egin behar izaten eban erlekumea topetan ebanorrek. Horrezaz ganera, erlekumea aterateko arbolea bota behar izan ezkero, jaubeari ordaindu behar izaten jakon.

Etniker Euskalerria. Ganadería y pastoreo en Vasconia,
Bilbao: Labayru Ikastegia, 2000, 821-872 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 763
2011.05.09

"Komuninoa egin dozu eta orain handia zara"

Lehenengo jaunartzea haurtzaroko lehenengo egoera-aldaketako ohikunea zan

Aurten komuninoa egingo daben umeak, aspalditik dagoz maiatzaren zain, hilabete honetan izango dalako haurtzaroko gertaera garrantzitsuenetako bat.

Ilusino eta zirrara handiz itxaroten dabe egun seinalaua. Egun horretan eurentzako izango dira opariak, egun bakar baten erabilteko beren-beregi erositako traje dotoreak jantziko dabez; azken baten, eurak izango dira egun horretako protagonista bakarrak.

Antzina, ostera, ez egoan oparirik, ez egoan traje dotorerik, eta gitxiago egun bakar baterako egindakorik. Kasu batzuetan komuninoa hartzeko arropa barriak egin arren, aurrerantzean domeketan eta jai-egunetan erabilteko modukoak izaten ziran beti. Antzina ez egoan ospakizun berezirik, askotan komuninoa astegunean egiten zan, goizean lehenengo orduko mezan, eta ospakizun nahiko eta sobra izaten zan etxean edo sakristian bertan emoten eutsiezan txokolatea eta barkiloak gosaltzea.

Baina erlijino aldetik adierazten dauenaz gain, lehenengo jaunartzeak beti izan dau aparteko zentzu berezia, batez be komuninoa gaur egun baino beranduago egiten zanean (12-14 urte bitartean). Lehenengo jaunartzeak, haurtzaroaren amaiera eta gaztaroaren hasiera markatzen eban. Askotan entzun ditugun "komuninoa egin dozu eta orain handia zara" edo "orain gizon egin zara" moduko esaldiek argi eta garbi adierazten dabe egoera aldaketa. Bestalde, mutilak praka laburrak alde batera itxi eta praka luzeak jazten hasten ziran, eta hori pausu garrantzitsua zan eurentzat, horrek erakustenen ebalako haurren eta gaztetxoen arteko desbardintasuna.

Askotan edade horretan eskola ixteko garaia eta lanean hasteko unea heltzen zan. Horregaitik, komuninoa egitea bizitzako lehenengotako egoera-aldaketako ohikunea zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 811
2011.05.03

Aditz partizipioa (I) - Burutua

Aditz partizipioa burutua danean, holangoxe aditzak bereiztu behar doguz mendebaldeko euskeran:

  • -E eta -A amaieradunak: bete, erre, gorde, bota, laga...
  • -O amaieradunak: eraso, jazo, igaro...
  • -I amaieradunak: ekarri, etorri, ibili… -I amaieradunen artean badira azpimoltso batzuk:

-SI, -ZI amaieradunak: josi, ikasi, ikuzi, irazi...
-TSI, -TZI, -TXI amaieradunak: eutsi, ederretsi, iruntsi, eratzi, igurtzi, eretxi, itxi...
-GI amaieradunak, batueraz -KI amaierea daukienak: eregi (eraiki), edegi (ireki), erabagi (erabaki), ebagi (ebaki), jagi (jaiki)...

  • -N amaieradunak: emon, egon, esan, joan, urten… Beste euskalkietan -o egiten diran batzuk -on egiten dogu bizkaieraz: igon.
  • -TU / -DU amaieradunak: aitatu, gogaitu, hartu, sartu, heldu, saldu... Amaiera horretako aditzen artean be azpimoltso batzuk egin geinkez:

-STU / -ZTU (-ITU): egostu, ahaztu, poztu, zehaztu, mehaztu…
Berba silaba bakarretarik datozan aditz batzuetan bikoiztasunak ditugu: hustu / hutsitu, sastu / satsitu, balztu / baltzitu, hoztu / hotzitu, puztu / putzitu... Halanda be: haustu (hauts bihurtu), altsitu, hatsitu, gazitu

  • -AU amaieradunak: Erromantzetik eratorritakoak dira: (ADU > AU). Euskera zaharrean: errezadu, pentsadu... egiten ziran aditzak aspaldirik -au egiten dira. Halan: aparau, errezau, ezkutau, harrapau, izentau, kantsau, kobrau, miazkau, nahastau, olgau, pagau, pasau...
  • -IDU amaieradunak: (-ITU > -IDU) erromantzetik eratorritako aditzak dira: abrozidu, leidu, eskribidu, korridu, hornidu, sufridu, serbidu... Moltso horretakoa dogu koiu aditza, bilakaera berezia izan badau be.

Euskera batuan, bizkaierazko -AU eta -IDU atzizkien lekuan -ATU eta -ITU finkatu dira, eta azken hamarkadotan, batuari hurreratu guran edo, bizkai euskeran be joera horri jarraitu izan jako gehienbat. Gaur egun, ostera, bizkai euskeraren bereizgarri diran -AU eta -IDU amaierak hobestearen aldeko jarrera nagusitzen doa.

Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua.
Lehenengo pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia, 2002, 263-264 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 929