kontaktua
2011.06.29

Balentin Berriotxoa santua

Garagarrilaren 4an Balentin Berriotxoaren eguna ospatzen dogu, aurten ganera jai-eguna da. Balentin Berriotxoa Elorrioko santua dogu, eta santu euskalduna ganera. Aspaldian argitaratu zituan liburu baten Labayru Ikastegiak Balentinek amari euskeraz idatzitako eskutitzak, eta horixe gogoratuko dogu.

BIOGRAFIA

Balentin Faustino Berrio-Otxoa Arizti Elorrion (Bizkaia) jaio zan 1827ko zezeilaren 14an. Aita be, Isidro, elorriarra zan jaiotzaz (1801-1875); ama, Maria Monika (1797-1869), barriz, gipuzkoarra, Antzuolakoa.

1840-45 bitartean monja dominikarren herriko komentuko ‘monagilloa’ izan zan, eta hortik jatorko dominikar egiteko gogoa. Ha ta guzti be, lehenengo Logroñoko Eleizbarrutiko Seminariora joan zan 1845ean. Baina, Balentinen ikasketa- eta egoitza-gastuak ordaintzeko beste dirurik ez eukela eta, etxera bueltau behar izan eban eta aitari arotz-lanetan laguntzen jarri.

Balentinek Erromara oinez joatea erabagi eban, Aita Santuaren bitartekotza eskatzeko asmoz. Baina, usterik gitxienean, Logroñoko Seminarioko zuzendaritzak, Balentinen ospe eta entzute onak aintzat harturik, dei egin eutsan ikasketei barriro ekiteko. Handik aurrerakoak ikasi eta 1851ko bagilaren 14an abade egin eta lehenengo mezea emon eban.

Abadetzak ez ebala beteten eta, 1853an Dominikarren Ordenak Toledon Ocaña herrian eukan komentura joan zan. Ikasi beharrekoak ikasi eta zin-hitzak esan eta gero, fraile egin barriak Cadizeko portuan Asia Ekialdean misinoetan jarduteko bidea hartu eban 1856ko abenduaren 27an, beste zazpi lagunegaz batera.

Filipinasko uriburuan, Manilan, sei hilebete Tonkingo hizkuntza eta ohiturak ikasten emon eta gero, gaur egun Vietnam izenaz ezagutzen dogun parajera abiau zan 1858an. Tonkinera heldu eta lasterrera, hogeta hamalau urte eukazala, gotzain izentau eben eta lehenengotan laguntzaile hasi zan. Izendapena egin eta hilebetera, obispo titularra giltzaperatu eta martirizau egin eben. Halan, Balentinen lepora etorri zan esparru zabal bateko buruzagitza. Hiru urtez hainbat eta hainbat erasoaldi eta egoera penagarri bizi izan eta ostean, bertako agintariek preso hartu eta 1861eko zemendiaren 1ean samea ebagi eutsien.

Berrio-Otxoaren entzutea aspaldikoa zan, horregaitik hil egin ebela jakin zanean, atsekabe handia etorri zan Elorriora eta Bizkai osora. Ha ta guzti be, Elorrioko herriak, Bizkaiko agintariakaz eta dominikarrakaz bat eginda, bide luzeari oratu eutsan. Hiru dira bide horretako mugarriak.

Hiruretarik lehenengoa 1886ko bagilekoa da; urte horretan, Balentinen gorpuzkinak ekarri ebezan Elorriora. Bigarrena, barriz, 1906ko maiatzaren 20koa, Pio X.a aita santuak beato edo dohatsu egin eban elorrioarra. Hirugarrena eta azkena, urte horretako bagilaren 19koa, Joan Paulo II.ak santu izentau ebanean.

EUSKERAZKO GUTUNAK

Badakigu Balentinek hizkuntza asko ekizana, baina amagaz euskeraz egiteko ohitura eukala argi geratu da hari bialdutako gutunetan. Guganaino hogei gutun heldu dira euskeraz idatzita, euretarik hamazortzi amari egindakoak, bakarra gurasoei, eta beste bat Ocañan ezagutu eban monja euskaldun bati.

Testuotan ikusten da etxetik ekarren euskera sendo eta trinko baten jaube zala gure elorriar eleizgizon dontsu eta idazlea. Amagaz ez dau euskera landua egiten, ahozkotasunetik askoz hurrago dago literariotasunetik baino. Baina horregaz ez dogu esan gura euskeraz irakurri bakoa izango zanik. Baleiteke etxetik bertatik edo Elorrioko gaztetxotako bizimodutik ezagutu izana euskerazko idatziak, eleiz debozinoko liburutxoak edo.

Gutunik gehienak hizlauzko estilo garbian idatzirik egon arren, badira bertso-neurri eta puntuan goitik behera onduak be. Bertsozale agertzen da gure idazlea, baita ama be, antza. Kartearen amaierea dau gogozkoena bertsoetarako, bertso tankeraren eraginaz akabu indartsua emoteko. Halan, kasurako, V.ean:

«jakin bei badaukala Logroñuko Seminarijuan Seme bat mundu onetan desio deutsana grazija ugari,

da zeruan glorija bere Amari.

Balentin de Berrio-Otxoa deitxo berari».

Umore-puntua dau beste ezaugarri bat Balentinek, bere irudiaz barre egiten dau kasurako. Darabilzan bizar luzeak dirala-ta, behin baino sarriago isurtzen ditu zirikadak: «Izanagaitik gizon txikiya,

asi biar dot bizar andiya;

tapatzen danian aurpegiya,

orduan bai ni ikaragarriya» (XVI)

Adibide moduan gutunetako bat ekarriko dogu hona:

 

VIII

Balentin Berrio-Otxoak Maria Monika Ariztiri.

 

Amatxo:

Berorri gusto emotiarren, hartu dot plumia kartia itxi-ta gero lau berba baño ezpadabe esateko, alperrik zeregin andiyak euki. Hemen gizon santuen erdian arkitzen naiz, gau eta egun Jaungoikua alabetan dagoz; gaberdian behin baino sarriago jaiki dira maitinak kantetan, eta Aingeruen ofizioa egiten, eta berorren sabeleko seme bat bere bai berakin batian. Ai, Ama, zer zoriyoneko gaberdiak are[e]k! Berori lo eguan denporan, berorren semia Jaungoikuari erregututen eguan.

Amatxo, haserre ala adiskide gera? Ni behintzat adiskide naz berorregaz. Santa Monikaz meza bat esan neutsan, eta ez neuke gura azkena izan dedin.

Agur Ama, semetxo bat zeruan dauka, beti erregututen berorregaitik; triste daguanian, deadar egin beio, eta bitartekotzat hartu bei bere erreguetan. Euki deigun konfiantza handi bat zeruan guztiok alkar ikusiko gariala. Haraxe ekarriko deutsadaz Indietatik erregalutxo batzuk.

Agur.

Esatekoak 0
Ikusita: 2220
2011.06.26

Aditz partizipioa (III) - Geroaldikoa

-N, -L amaieradunek -GO atzizkia hartuko dabe, gainontzekoek, ostera, -KO. Hil aditzaren kasuan hilgo hobetsiko da, eta erabilten dan lekuetarako hilko ontzat emon. Halan:

 

esan > esango, igon > igongo, urten > urtengo...
ibili > ibiliko, jazo > jazoko...
hil > hilgo (/ hilko).

-AU amaieradunetan, berbaz pageko, atrapeko, ezkuteko... moduko erak be zabal dabilzan arren, ez dira aintzat hartuko eredu jasoan. Horrek bazterturik, besteok idatziko dira: pagauko, atrapauko, ezkutauko...

 

* Ez dira paseko hemendik. ... pasauko...
*Ez gara kantseko esaten . ...kantsauko...

•Aditz lokuzino batzuk:

 

bildur izan
ezagun izan
lotsa izan
zor izan
ahal izan
behar izan
gura izan
bizi izan
falta izan
balio izan
agiri izan
ardura izan
gomuta izan

bildur izaten
ezagun izaten
lotsa izaten
zor izaten
ahal izaten
behar izaten
gura izaten
bizi izaten
falta izaten
balio izaten
agiri izaten
ardura izaten
gomuta izaten

bildur izango
ezagun izango
lotsa izango
zor izango
ahal izango
beharko
gurako
biziko
faltako
balioko / balio izango
agiriko
ardurako / ardura izango
gomutako

 

AREJITA, Adolfo, LEGARRA, Hiart eta OAR-ARTETA, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia; BBK Fundazioa, 2002, 266 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 2208
2011.06.19

Doniane gaua

Gure arbasoek natura-zikloen arabera egiten zituen jaiak. Batez be urtaro aldaketak eta solstizioen etorrerea ospatu izan ditue, negukoa (abenduaren 21ean) eta udakoa (bagilaren 21ean). Bigarren honegaz dago lotuta san Juan eguna, urteko egunik luzeena, eta beragaz udearen, eguzki aroaren hasierea. Egun honetan eguzkiak dantzan urteten dauela uste eben, eta horregaitik mendi tontorrera igoten eben agertzen ikusteko.

Antxinako siniskera, ohikune eta errituen hainbat zantzu dagoz santu eta egun honi lotuta. Euren artean suagaz, uragaz eta landarakaz zerikusia dabenak ziran garrantzitsu eta ezagunenak.

SAN JUAN SUA

Jai honetako sinbolorik ezagun eta esanguratsuenetarikoa. Bezpera ilundean, suak ixetzen ziran herriko plaza, baserri, solo eta bidekurutzeetan. Gaur egun be halantxe egiten da. Suaren inguruan alkartu eta suaren ganetik salto eginez formula bereziak esaten dira: “San Juan, san juan berde, artoa eta garia gorde, txantxikuak eta zapoak erre, biba san Juan berde”. Edo beste hau: “San Juan Bautista, onak barnera, gaitza kanpora, bakea eta osasuna komeni bada. Sarna fuera!”.

Suok indar berezia emoten ei dabe: gizakia gaixotasunetatik babestu eta batez be azaleko gatxen kontra egiteko. Ohituren artean dagoz, alde batetik, abereei errauts ganetik pasau eragitea edo, bestetik, sutan egozan gabilekaz soloetara osteratxu bat egitea lapur, sorginkeria eta pizti txar guztiengandik libretako eskatuz.

URA

Doniane bezperan itsaso, erreka, iturrietako urek, eta baita garoak be, urtean zehar ez daukiezan botere bereziak izaten ei ditue.

Egunak argitu orduko inontza hartzea, bedar ganean ortozik edo garisoloetan bilozik ibiltea eta iturrietan arpegia, eskuak eta oinak garbitzea ohitura zabala izan da Euskal Herrian. Azaleko gaixotasunak (ezkabia, hazteria, legena, etab.) osatzeko edo eritasunok norbera ez kutsatzeko be egiten zan.

LANDARAK

San Juan bezperan txortatxo bat prestetan zan, bedar batzuk, lora, gari- eta arto-landara, berakatz-buru, sagar adar eta abarrez. Hurrengo egunean meza nagusian bedeinkatu eta bueltan kamaran ixten ziran sikatzen. Ekatxa zanean sortako bedar batzuk hartu eta surtara botaten ziran. Urtean zehar erre bako landarak hurrengo san Juan suan erreten ziran.

Doniane egunean mendira joan eta leizar edo elorri zuriaren adarrak ebagi ostean, eguzkiak urten baino lehenago, etxeko atearen albo bietan edo balkoian ipinten ziran etxea eta etxekoak ekatxetik eta tximistetatik babesteko. Urte osoan egoten ziran adarrok ate ondoan eta hurrengo urteko sutean erreten ziran. Hau ohitureau baserri askotan gaur egun be bizirik dago.

Landarak ezeze zugatzak be garrantzi handia hartzen dau udako ospakizun honeetan. Herri askotan leizar edo makal luze adarbakoa ipinten dabe plazearen erdian edo eleizearen aurrean. Mukurra loraz eta landaraz apaindu eta puntan trapu zaharrez edo lastoz egindako txorimaloa ipinten deutsie. Leku batzuetan erre egiten da eta beste batzuetan lorak sikatzen diranean, beste barik kentzen da.

Esatekoak 0
Ikusita: 2408
2011.06.12

San Antonio Urkiolakoa

Bizkaian San Antonio leku askotan ospatzen bada be, entzutetsuena, dudarik barik, Urkiolakoa dogu. Ekainaren 13an da San Antonio Paduakoaren jaia, eta gure inguruan tradizino handia egon da egun horretan, eta ondoko astegoienean, hara joateko. Urkiolako erromerietan, ganera, Bizkaiko jentea ezeze, Gipuzkoa eta Arabakoa be asko batzen izan da, baita Nafarroakoa be.

Egunean berean jaia egiten da eta hurrengo domekan San Antonio txiki edo errepetizinoa.

Lehenago ohitura zabala zan bezpera gauean erromes joan eta eleizan bertan bijilia egitea, Paduako San Antoniok Urkiolan igaro eban gaua oroitzeko edo.

Erromeria horretan maya edo jai-arbola, doniena be esaten jakona, ipinten ei zan aspaldi baten. Ohitura hori zabal-zabal ibili da gure artean, lekutik lekura jaietan, sanjuanetan edo maiatzean egiten zala. Horrez ganera, jasota dago zezenketak egiten zirala eta inguruetako dantzariek parte hartzen ebela.

Gaur egun ospatzen da hondino, mezatan eta dantzarien ikuskizunagaz.

Gure folklorean sano ezagunak dira Urkiolako San Antonioren koplak, hona horreetarik batzuk.

 

Aite san Antonio

Urkiolakoa,

hamaika neska-mutil

buztartutakoa.

 

Askok egiten deutso

san Antoniori,

egun batean joan

ta bestean etorri.

 

Urkiolara joanda

zapatak apurtu,

aite san Antoniok

barriak eingo’itu.

 

Durangon bazkalduta

Mañarian gora,

aldats haundia dago

san Antoniora.

 

Durangon bazkalduta

Txakurzulon gora,

abarka sopitxea

ipurdian gora.

Esatekoak 0
Ikusita: 2734
2011.06.05

Erromeriak

San Juan, San Pedro, Santa Mariñe, Magdalenak, Santiago, San Inazio... heldu dira zorionez udako jaiak eta eurakaz batera parrandarako atxakia. Gaur egun egiten ditugun ospakizunak eta antzinekoak ez dauke alkarren antzik be, eta gitxiago gabaz egiten ditugun jaialdiak eta gau-pasak.

Antzina dantza, erromeria, edo inguru batzuetan esaten dan legez, jolasa, era bitakoa izaten zan; batetik, domekaro (Garizuman eta Aste Santuan izan ezik), ilundeko zortzirak edo bederatziak arte, abemariak jo arte egiten zana; eta bestetik, jaiegunetan eta herriko jaietan gauerdira arte egiten zana.

Erromeria gazteen bilgunea izaten zan, lagun barriak ezagutu eta betikoak ikusteko aukera ederra. Neskak hamahiru-hamalau urte beteta joaten hasten ziran, eta mutilak hamabost-hamaseigaz. Gaztetxuagoak be joaten ziran, baina bazter baten geratzen ziran ikusten, dantza egin barik. Kontuan izan behar dogu orain dala hamarkada batzuk neska-mutilek alkar ikusteko aukera gitxi izaten ebela, eta horregaitik ez eben erromerietara joateko aukerarik alperrik galtzen.

Jolasa egiteko leku nagusia herriko plaza izan da beti, baina frontoietan, larreetan, eta egun seinaladuetako erromeriak direla-ta, baselizen inguruetan be egin izan dira.

Mende hasieran gehien egiten ziran dantzak; biribilketa, jota edo fandangoa eta arin-arina edo porrusalda izan dira. Dantza solte horreez gain, dantza lotua edo baltseoa be egiten zan, lehenengo neskak nesketara eta gero, lar arrimau barik, neska-mutilak alkarregaz, beti be mutilak dantza eskatu ostean.

Gehien erabiltzen ziran musika-tresnak txistua eta tanbolina; soinua, eta gaur egun berriro be hain modan parau dan trikitrixa eta panderoa izaten ziran. Askotan musika-tresnakaz batera koplak abesten ziran, eta horreetako bat erabiliko dogu honi atzena emoteko:

Hauxe da despedidea,

despedidearen tristea,

agur aita eta ama,

agur neure maitea.

Esatekoak 0
Ikusita: 2247