kontaktua
2011.07.28

San Inazio

San Inazio jai dogu Bizkaian eta Gipuzkoan, bertako patroia dalako. Izan be, ama bizkaitarra eban, kontrara Balentin Berriotxoak ama gipuzkoarra eukan bitartean.

San Inaziok Loiolan dauka etxe nagusia, eta Azpeitian ospatzen da handiroen beharbada, baina Bizkaiko hainbat herritan egun handia da santu horren eguna (Lemoa, San Inazio-Bilbo, Forua, Algorta).

Herrian herriko jaiak gorabehera, San Inazio egunez ohitura dago zenbait menditara joateko be, Gorbeia eta Belatxikietara, kasurako. Bertan mezea entzun, bazkaria eta erromeria egin eta egun ederra izaten da gure bazterretan.

Danetan, hutsik egin barik, oraintsu arte behintzat, santuaren martxea abesten izan da, herri kantu ezagun-ezaguna da-ta. Doinua José María Nemesio Otaño y Eguinok egindakoa da (Azkoitia, 1880 - Donistia, 1956). Hona ekarriko dogu kantuaren letra:

Inazio, gure Patroi haundia

Jesusen Konpania,

Fundatu eta dezu armatu,

ez da, ez, etsairik jarriko zaizunik

inolaz aurrean gaurko egunean,

naiz betor Lucifer deabrua

utzirik inpernua.

 

Zure soldaduak

dirade aingeruak,

zure gidaria

da Jesus haundia;

garaitu ditu zure Konpaniak, etsaiak.

Ez dauka fedeak,

ez kristau nereak,

ez dauka bildurrik

inungo aldetik.

Inazio or dago,

beti ernai dago,

armetan jarria

dauka Konpania,

txispaz armaturik,

bandera zabalik,

gau ta egun gu guztiok

pakea dezagun,

beti gau eta egun.

Esatekoak 0
Ikusita: 1237
2011.07.17

Zeinda

Zeinda ... ...-n

Moduzko konparazinoa eregiteko erabili izan da, batez be autore klasikoen artean, egitura hau. Gaur mehatzago erabilten da horretarako, eta hainbat gitxiago idatziz.

Zin edo juramentuen esparruan euki dau garapen apartekoa.
      "zeruagaitik, zeinda labaina au eskuan daukadan, au olan da" (J.M. Zabala)
      "eztira juramentuzkoak urrengo esaera oneek: zeinda emen nagoan, zeinda kristinaua nazan, zeinda urlia nazan " (J.M. Zabala)

... zeinda ... + Postposizinoa
zeinda ... ...-n moduan

Modua, edo modu-konparazinoa, era bitara marketan da: zeinda aurrekariaz eta moduan atzekariaz.

Gazt. "como si". Ahozko erabilera dau batez be; idatziz nekez aurkitzen da honen lekukotasunik.
      Beti dabil besteen kontura, zeinda besteei dirua berez jatorken moduan.

Ezezka:
      Edozelan darabilez liburuok, zeinda ezer balio ez daben moduan.

zeinda ... ba-... lez

Modua eta baldintza alkartzen dituan egitura da: modua zeinda eta lez marken bidez, eta baldintza ba- aurrizkiaz. Gazt. "como si". Ahozko egitura da idatzizkoa baino gehiago.
      Leku guztietatik ibilten da, zeinda dana berarena balitz lez.
      Beti dabil inori destainaka, zeinda berak dana baleki lez.

zeinda ... ...-t(z)ea lez

Aurrekoaren antz-antzekoa da, baina mendeko egitura aditzizenaz osotua dala. Gazt. "como si". Ahozko egitura da idatzizkoa baino gehiago.
      Andaluziatik orioa ekartea da, zeinda Nafarroatik ardao gorria ekartea lez.

Ezezka:
      Hori da, zeinda lehenengo agindu eta gero bape ez emotea lez.

Batzuetan lez postposizino barik be erabilten da.
      Hori esatea da, zeinda ezer ez esatea.

Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Bigarren pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia, 2005, 341-342 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 1684
2011.07.10

A, a, a ardo gorri naparra

Ardaua edatea jaiegunetako apartekoa izaten zan

Ardaua egiten daben lurralde eta herrietan, Araban eta Nafarroa hegoaldean, betidanik edan izan dabe ardaua ia-ia egunero. Besteetan, ostera, Bizkaian eta Gipuzkoan, ardaua erosi eta ekarri egin behar izaten eben egurrezko kupelatan, burdien ganean, horregaitik iturriko ura zan eguneroko bazkari arruntetan hartzen zan edari bakarra. Sagardaua etxean egiten zan herrietan, ura barik hori edaten eben, urtean zehar egindakoa amaitu arte. Ardaua jaiegunetako apartekoa izaten zan.

Ardaurako dirurik egoten ez zanez, hainbat herritan lanak ordaintzeko erabilten zan, horretara auzolanean egindako beharren truke udalak ardaua emoten eutsien. Ondino be leku askotan jai eta erromeria berezietan parte hartzen dabenek ardaua doan eukiten dabe.

Mende hasieratik aurrera ardauaren kontsumoa zabaldu eta ohiko bihurtu zan, beti be gizonezkoentzat bakarrik baina; emakumezkoak eta gaztetxoak uragaz nahastauta edan behar eben.

Gaur egun jakina da ardaua dala Euskal Herri osoan edaririk zabalduena eta herrikoena. Etxe barruan ez eze, lagun taldeak eta kuadrilak txikiteoa edo poteoa deritzagun herriko tabernaz tabernako ibilbidea be batik bat ardaua edanez egiten dabe.

Dana dala, badakizue, ardauagaz afaltzen dauenak, uragaz gosaltzen dau, beraz, kontuz ibili!

Esatekoak 0
Ikusita: 1895
2011.07.03

Linuaren penak eta nekeak

Neskatilek soloko ataltxo batean linua ereiten eben ezkontzarako arreoa prestatzeko

Antzinako garaietan linugintzak garrantzi handia euki eban Euskal Herrian. Mende hasierara arte linua, ardi-uleagaz batera, oihalak, jantziak, etab. egiteko lehengaia izan zan. Horregaitik neskatila gazteek soloko ataltxo baten linua ereiten eben, apurka-apurka euren ezkontzarako arreoa prestau ahal izateko. Linuaren ardura osoa emakumeena zan; ereitea, zaintzea, eta azkenean haria egitea, baina beti be garaitiko etxeko lan guztiak egin eta ostean.

Linugintzaren prozesua lan nekosoa eta luzea zan, ederto adierazten deusku hori esaera zahar honek: linuaren atsekabeak, amaigabeak.

Linua eskuz ateraten zan susterretik, egun batzuetan soloan bertan sikatzen itxi eta eskutadak edo liñu-balak egin ondoren etxera eroaten ebezan, kamarara. Hurrengo pausua garrama deritxon orraziaz hazia kentzea izaten zan. Gero burdian edo astoaren ganean errekara edo putzura eroan eta beratzen ixten eben hamar-hamabost egunez, linua sasoindu arte.

Hamabostaldia igaro ezkero linu-sortak larrainean eguzkitan zabaldu behar ziran, sikatzeko eta azala usteltzeko. Gero etxeko atarian linarrian zanpatu, hori gizonezkoen beharra zan. Ondoren linua ezpatatu eta trangatu, gero suhasketa etorren, eta amaitzeko orrazketa.

Horrek prest ixten eban linua iruten edo goruetan hasteko, hau da, linu-harigaia hari bihurtzeko, gero horregaz izarak, alkondarak, zapiak, etab. egiteko. Baina “O Pello, Pello!” kantu ezagunak dinoskun moduan, prozesu hau be luze-luzeaa zan. Harigaia irundu, astalkatu, zuritu, harilkatu, irazkitu, pikatu eta josi egin behar izaten zan eta. Hauxe zan antzinako amen eta amamen neguko gauetako jardunik handienetarikoa.

Esatekoak 0
Ikusita: 1709