kontaktua
2011.09.25

Jatorduak I Armozua

            Euskal Herriko jatorduak, leku gehienetan legetxe, eguneko ordu nagosiei lotuta egon dira aspaldirik. Halan, hiru izan dira jatordu garrantzitsuenak: goizekoa, eguerdi partekoa eta ilundekoa edo, beste berba batzuekaz esanda, gosari edo armozua, bazkaria eta afaria. Denporeagaz, baina, etxean etxeko ekonomiaren eta gordeta eukiten zanaren arabera, beste jatordu txikiago batzuk be gehitu dira, esaterako, hamarretako edo hamaiketakoa edo arrasti parteko meriendea. Jatorduak urte sasoiaren araberakoak izaten baziran be, normalean ondoko tarteetan izaten ziran, eta dira: armozetakoak goizeko seiretatik zortzi eta erdiak arte, bazkaria ordu batetarik ordu bi eta erdiak arte eta afaria zazpi eta erdietarik bederatzi eta erdietara. Gaiagaz lotuta, polita da Zornotzan kriada ebilen neskato bateri batu jakon esakunea: “Nahiz dala udea, nahiz dala negua, goxeko zortziretan armozu ordua.” Geuk bost jatordu bereiztu eta euren ganeko informazinoa batuko dogu hona.

                Goizean, berez, hiru jatordu egiten izan dira. Lehenengoa, goizetikoa, barausi edo barauskarria da, hau da, baraua apurtzeko egiten dana. Ez da armozuagaz nahastu behar, horren aurretik hartzen dalako. Normalean, ogi zati edo kuskur bat eta graduazino altuko likore bat hartzen ziran barausteko: lehenengo likorea edan eta ostean jaten zan ogi zatia leku gehienetan, baina Portugaleten, esaterako, nahastean jaten ebezan, ogia erdibitu eta hara botaten eben anis eta orujo kopatxu bat. Beste leku batzuetan, ogirik ez eukienean, galletak jaten ziran.

                Jagi eta segiduan hartzen zan barauskarria, baina etxeko guztiek barik, beharrean joan behar ebenek hartzen eben. Bermeon, esaterako, marinelek goizaldean portuko beharretara joan aurretik egiten eben, fotá izeneko ogi zatia eta koñak, orujo edo anis kopea hartuta.

                Ondino be halango barauskarriak egiten dabez batzuek, esaterako, neguan kaleko obretan ibilten diran beharginek; dana dala halango beharginen ohiturea barauskarria tabernan hartzea bihurtu da. Etxean be, apurka-apurka kafeak ordezkatu ebazan likore gogorrak.

                Armozua da goizeko jatordu nagosia eta bere ardatza esnea izan da eta ondino be bada. Esnea, baina ez zan hutsean hartzen, ezpada zopakaz edo morokilagaz. Zopa klase bi egiten ziran esneagaz: talo-zopak eta ogi-zopak. Lehenengoak jateko, arturunagaz eginiko taloa esne beroa daukan lapikoaren ganean itxi eta zatitu egiten zan. Ogi-zopak, barriz, gari urunagaz eginiko eta aurreko egunetan gordetako ogi zatiakaz egiten dira ondino be. Ogia zabaltzeagaz batera, taloa bera desagertzen hasi zan eta, beragaz, talo-zopak.

                Belaunaldi barriagoek ekarri dabe, bestalde, armozuan tostadak edo mantekilleagaz edo mermeladeagaz bustitako ogia jateko kontua eta barriagoak dira, ondino, ingelesen ohiturak imitetan oin nongura hartzen diran laranja-ura edo gariagaz egin eta esneagaz batera jaten diran zerealak. Barauskarriagaz pasau zan moduan, ganera, gero eta gehiago zabaltzen dabil etxean barik tabernan armozatea, tartean kafesnea, kruasanak edo antzeko opilak.

                Zopez aparte, morokil edo arto-zukua be hartzen zan. Arturunagaz eginiko amasea da morokila: irakiten dagoan uretan gatz apur bategaz bota eta egurrezko goilareagaz eragin eta eragin egin behar jako harik eta amasa lodi batek urten arte. Morokila hotzituten itxi eta esne bero-beroa botaten jakon ganean jan aurretik. Leku batzuetan, ganera, azukrea be botaten izan deutsie. Estomagurako jateko on eta betegarria izan bada be, jende askok taloa gurago izan dau askotan.

                Armozuan bestelako gauzak hartzea, etxeko egoerearen araberakoa izaten zan. Halan, kafea erosteko beste ditu egon ezkero, erosi eta kafesnea hartzen zan. Txarria hil ostean be, txarriki nahikoa euki ezkero be, ohikoa zan armozuan sarteneko edo txarriki frijidua jatea.

                Hain zuzen be, txarrikiakaz, arrautzakaz edo sardinazaharren bategaz egiten ziran hamarretakoa eta hamaiketakoa. Jatordu barriagoak badira be, sano zabaldu dira azken hamarkadetan. Izenek eurek esaten daben moduan, goizeko hamarrak eta hamaikak bueltan hartzen ziran etxean nahiz etxetik kanpo. Halan, solora beharrean joan behar ebenek goizetik eroaten eben hamarretako edo hamaiketakoa solora bertara, jatordua helduta han bertan jan ahal izateko, etxera bueltau barik.

Esatekoak 0
Ikusita: 2693
2011.09.19

Don Domingo Zuluaga Ibarrangeluko euskaltzalea

Ibarrangelun, jaiotetxean bertan, hil da Don Domingo Zuluaga. 96 urte egin barri, esan daiteke azkenera arte ondo egon dala, beharren ekin eta ekin behinik behin.

Biografia

Don Domingo Ibarrangelun jaio zan 1914ko irailaren 18an, eta han hil zan 2010EKO irailaren 22an. Umetan arreba zaharragaz bizi izan zan urte batzutan, gurasoak Ameriketara joan ziran eta. Hamabi urtegaz Seminariora joan zan, Castillo-Elexabeitira lehenengo, lau urte, eta Gasteizko Seminario Nagusira gero, beste bost urte. Seminarioko aldian igaro eban gerra, Eusko Gudarostean komunikazino arloan. Gernikako bonbaketa izan zanean be, handik pasau zan herrirako bidean, itzelezko triskantzea zala bertan.

26 urte zituala, 1940an, egin zan abade. Ibarrangelun meza barria emon eta Iurretara bialdu eben lehenengo. Han hiru urte eginda, Durangora, Santa Anara joan zan. Durangon beste sei bat urte egin ebazanean Ibarrangeluko parrokoak deitu eta herrira bueltau zan 1949an, lehenengo parrokoaren laguntzaile, eta 1970etik aurrera parroko. Ibarrangelun jubilau zan 1989an, berrogei urte herrian abade eginda. Bitarte horretan Akordako parrokiaren ardurea be euki eban 1986-87 bitartean. Omenaldi ederra egin eutsen herritarrek.

Euskaltzalea

Don Domingo Seminarioan ikasle zan denporan ez zan euskerarik ikasten, ezta euskeraz berba egin be. Baina Gasteizen irakasle ospetsuak euki ebazan, don Manuel Lekuona eta don Jose Migel Barandiaran, eta han zaletu zan euskereagaz eta euskal kultureagaz. Han irakurri ebazan lehenengo liburuak euskeraz, eta herri kulturaz Lekuonak irakatsitakoa sustartu egin jakon. Seminarista talde batek, Lekuona buru zala, “Kardaberaz taldea” sortu eben, euskeraren alde egiteko konpromiso moduan.

Iurretan egin zituan hiru urteetan euskal kulturaren adierazpen batzuk lehenengoz ezagutu zituan don Domingok, dantzariak batetik eta bertsolariak bestetik. Hainbeste zaletu zan, bera izan zan aurrerantzean eragile. Durangon dantzari talde ederra osotu eban; Ibarrangelura joan zanean be, dotrina eta musika-eskolaren atxakian, dantzan, txistua joten eta euskera irakatsi eutsen herriko umeei; eta Akordan beste horrenbeste. Berak ikasi behar izan eban horretarako lehenengo, bai dantzan bai txistua joten. Euskereari eta euskal kantu, dantza eta, orokorrean, kultureari duintasuna emotea zan bere ardurea.

Ibarrangelu kantu eta kontu

Don Manuel Lekuonaren esana betez, don Domingo Ibarrangeluko berbetea batzen hasi zan Seminarioko ikasle zala, eta horretan jardun eban hil arteko denporan guztian. Metodologia apartekorik erabili ez arren, intuizino onagaz jokatu eban eta horren emaitza dira Ibarrangelu kantu eta kontu izeneko liburuan batu eta argitaratutako ondarea (Ibarrangeluko Udala-Labayru Ikastegia-BBK Fundazioa, 2009).

Berba, esamodu, esaldi egin eta errefrau corpus zoragarria osotu eban. Eta horregaz batera, kantu, kontu, ipuin, historia, ohitura, pasadizo zoragarriak datoz liburuan, bizkor, zoli eta bizi kontauta. Estilo zuzena, erreza, berbaz esaten dan modura, ahozko tradizinotik harakoa darabil, berbaldun onaren tankeran.

Esatekoak 0
Ikusita: 1227
2011.09.11

Haur-jolasak I: Zotz egiteko formulak

Umeek urte osoan olgetan dabe, baina uda partean dauke horretarako denporarik gehien. Euskalerriko Atlas Etnografikoaren ale oso bat (Juegos infantiles en Vasconia, Etniker Euskalerria, Bilbo, 1993) horri buruzkoa da eta hona bertara batutako joko batzuk ekarriko doguz.

Jolasean hasi orduko zotz egin behar izaten da taldekideak hautu edo joko barruko pertsonaiaren bat edo bestea izateko. Horretarako modu bat baino gehiago dago.

Zeozer erabilita

● Zeozer hori era askotakoa izan da denporaren arabera. Txanpon bat gora bota eta jausten danean ze alde agiriko dan aukeratzen da. Lurreraino jausten itxi daiteke, edo bota dauenak berak eskuan hartu. Talde bakotxeko batek bat aukeratzen dau bota aurretik, eta agirian geratu dana aukeratu dauenak irabazi dau. Leku batetik bestera ezbardin esaten da: kurutx ala pil (Donibane Garazi).

Txanponik ez egoan denporan eskura egozan beste material batzuk erabilten ziran: harri zapal bat, teila zati bat, txaparen bat… Alde bat bustita baeukan ondo, bestela alde baten txu egiten zan eta gero aukeratu legor ala busti (Elorrio) edo idor ala busti (Donibane Garazi) esanez.

● Beste modu bat da eskuetako batean ostontzea zeozer, harri-koskorren bat esaterako, eta asmatzea zeinetan dagoan.

Edo esku batean zotz batzuk sartu, bat laburragoa dala. Jokalari guztiak bana ateraten doaz eta laburrena hartzen dauenak galdu dau. Horreri zotzetara (Zamudio), xotx ala motx (Donibane Garazi) esaten jako.

● Hankak egin edo hanketara esaten da beste hau egiten danean. Talde bakotxetik bana, distantzia batera jarri, eta oina oinarren aurrean txandaka ipinita, alkarregana hurreratzen doaz. Bestearen oina zapaltzen dauenak irabazi dau.

Zotz-egiteko esaldiak

Zotz egiteko beste modu bat kantu antzeko errezitaduak egitea da. Jokalariak korroan jarri eta, bat erdian jarrita, kantua esan ahala erritmoaren arabera banan-banan seinalatzen ditu. Amaiera suertau jakon jokalaria da aukeratua edo baztertua, kasuan kasuan. Horretarako errezitadu batzuk esaten dira. Ezagunena Dona, dona, katona da gaur egun, baina jokoaren arabera, zotz egiteko modu ezbardinak dagoz. Hona adibide batzuk:

 

Zirristi, mirristi,
grena, plata,
olio, zopa,
urun, plerun,
kuik.
Gaztaña, gora, bera,
txipitin, txapatun,
fuera.

 

 

Harriola, marriola,
etxola, kamala,
betria, gliga,
truntxa, muntxa,
errota, kafia,
linyera, kostera!

 

Kañi kañibeta,
zillarra papillonetan,
zillarerebon,
harriketa,
miñoneta,
enterrabona,
ponalapona,
erregerengana,
txirimirikarka,
txiquit edo ponp!

 

 

Aitxa, motxa jerolipan,
hire seme errotan
errota txiki, klin, klan
Katalina bentan, kolentan
txipirripiton Martin zapatón
toca la trompeta lau kiri kon.

 

Azerije miserije kumunikan
zure semea errotam
errotatxurik errotatxure
nenbillela
topau neban erbi bet
jeurti neutsen arri bet
atara neutsen begi bet
ipini neutsen barri bet
zelemiñe kanpo
zelemiñe kanpo
gari buru
gari buru
sipiss…t.

 

Don, don beleron,
gure errijan,
zazpi gizon dantzan,
ni mozkorra,
zu mozkorra
nai dabena
kanpora.

Etniker Euskalerria. Juegon Infantiles en Vasconia.
Bilbao: Etniker Euskalerria, 1993, 191-207 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 3483
2011.09.04

Andra Mariak Karrantzan

Andra Mari eguna sasoi ezbardinetan ospatzen da. Oin da irailekoa (irailak 8) eta Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan da jaiegun. Atal honetara hain famaua dan Karrantza Haranekoaren historia eta horregaz zerikusia daben jaiegunak ekarriko doguz.

Soscañoko parrokia edo kontzejuan (Karrantza Harana) Mirarietako Ama Birjinaren eguna be irailaren zortzian da. Denpora luzez Haraneko jagoletzat hartu izan dabe. Ama Birjinaren irudia egoan eleiza zaharraren ondoan Haraneko jatorrizko kontzejuak batu ohi ziran. Gero eleizea bota eta alboan barria egin eben. Bertan dago gaur egun irudi hori. 1926an, hainbat eztabaida eta matrakaren ostean, Buen Sucesoko Ama Birjina —Sucesoko Ama Birjina—, izentau eben Haraneko jagole.

Tradizinoaren arabera, 1670eko irailaren 18an ardiak jagoten egoan neskatila bati Ama Birjina agertu ei jakon eta Ama Birjinak eleizea eregiteko eskatu eutsan. Handik hur santutegi bat egin zan eta mende batzuk garrenera (1953an), Joaquin Lucarini eskultoreak egindako monumentua ipini zan.

Gaur egun Harana osatzen daben hamasei kontzeju edo parrokietako bakotxak bere jagolearen jaiak ospatzen ditu. Auzokoek eurek ordaintzen dabe: batzartu eta etxe bakotxak zenbat ordaindu behar dauen, nortzuk batuko daben dirua eta zelako ekintza antolatuko dan erabagiten dabe.

Nekazarien mobimentu kooperatibistari esker Haranean beste jai bat ospatzen da: San Isidro. Hori Haraneko abeltzainen jaia be bada.

Horreezaz ganera, Sucesoko jaia dago: irailaren 18an egiten da. Gaur egun Haraneko zaindariaren jai nagusia da, garrantzirik handiena daukana eta luzeena dana. Udalak antolatu eta ordaintzen dau.

Ohiturea da landetara joan, eta familiartean bazkaltzea. Landetan erromeria egon ohi da eta arratsaldean zezen lasterketa. Lehenago montxino errazako txahalakaz (Haraneko basoetan hazten zan erraza erdi basatia) egiten bazan be, oin kanpoko parajeetatik dakarrezan animalia eta toreatzaileakaz egiten da.

 

Irudia: Alfonso Ahedo Arriola. Así es el valle de Carranza
 Ediciones Eguia, Bilbao, 1996.

Esatekoak 0
Ikusita: 1588