kontaktua
2012.01.27

Berba zaharbarrituak: EKANDU

Ekandu, bizkaierako tradizinoan zabal dabilen berbea da, batez be izen legez: ‘usadioa, ohiturea, lege zaharra’ inguruko esagureaz. Azkuek esanguraz bereizi egiten ditu ekandu eta ohitura berben eremuak: "Ekandu, costumbre que afecta a la moral; a diferencia de oitura, que indica costumbre, hábito físico", baina erabilereak ez dau on egiten baieztapen hori. XVI. mendeko atsotitzetan agiri da lehenengoz: “Ekandu gextoa belu anztu doa (RS 156), “Aretxerean artera ekandu gaxtoa arzaiten da” (RS 279), “Ekandu gaxtoari, bernea ausi” (RS 547).

Goiko hiru errefrauotan ekandu gaizto berba-katea agiri da; beste batzuetan, txar, deunga, zital edo antzekoak, eta batzuetan on izenondoa be bai. Gaztelaniaz “hábito” izenak ohi dauen txar sundea dario sarri ekandu hitzari: Ekandu gaiztoen indarrez (Añibarro), ekandu zitala (Pedro Astarloa), kendu egizu ekanduben karga, luurreraino makurturik zaukazan ori (Pedro Astarloa), Orra zegaitik dakuskun, ekandudunak, konfesadu arren, leen legez geratuten diriana (Pedro Astarloa), juramentu egiteko ekandu gaistua (Frai Bartolome), guzurra esateko ekandu galduba (Frai Bartolome)

Mogeldarrak dira aditz legez sarriroago darabilenak. Halan ipuinetan: eretxirik eziko ebala, buztartuten baeban idi baketsu, otzan ta biarrera ekandubagaz, imini eban onegaz buztarri baten (J.A. Mogel)

Gaur egun be aditz legez entzuten da gehiago, baina leku gitxitan eta lantzean behin. Halan, beste herri batera ezkontzen dan bat, han luzaro bizi izanda, bertara ekanduten da. Baina izaten dira sekula ekanduten ez diranak be, batez be eurenaren sustraiak sakon daukiezalako edo herri horretako bizimodu, izakera edo berbetak guztiz bestelakoak diralako.

Aulestian lehenago futbol partiduak egiten izan ditue ekanduek ekandubakoen kontra; herrira aspaldi etorrien eta etorribarrien artean.

Esatekoak 0
Ikusita: 1303
2012.01.19

San Anton abereen jagolea

San Anton negu-neguan ospatzen da, urtarrilaren 17an, eta animalien babesle moduan ezagutzen da gehien. Abeltzaintzak indarra euki dauen lekuetan, etxeko ekonomian eragin handia euki dauen herrietan, santu nagusia izan da eta gora handiz ospatu izan da.

Ohiturea zan egun horretan ganaduari beharrik ez eragitea. Idiak ez ziran ateraten solora, eta errotetan ez zan urunik eihoten astoei beharrik ez eginazoteko.

Ganadu-ermandadeek San Anton ermandadea izena eukien askotan, eta ohitura izan da egun horretan jaia ospatzea edo bazkaria egitea.

Leku askotan ospatzen da eguna, baina bi ekarriko ditugu hona.

Urkiolan hondino be ohikoa da ogia bedeinkatutea mezan egun horretan. Lehenago ura eta orioa be bedeinkatzen ziran, eta baita be ganaduari ipini beharreko arranak. Horrezaz ganera, etxeko abereak jagoteko kandelak eta mezak eskaintzen izan dira.

Lehen ganadu-feria egiten zan

Feria handia egiten izan da eta egiten da Mungian be, baina San Anton eguna baino handiagoa da bertan hurrengo eguna, San Antontxu. Ganadu-feria ezeze ortuariak, makinak eta inguru horregaz zerikusia daukien produktu mota guztiak be egoten dira erakusgai eta salgai. Ospakizun handia egiten da herrian, egunean berean eta asteburuan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1314
2012.01.12

Jatorduak III. Domekaz

Domekea, asteko jaieguna izanik, bazkari bereziko eguna izaten zan. Armozua be arinago hartzen zan (gogoan hartu jente asko goizeko zortziretako mezara joaten zala) eta normalean baino apur bat beranduago bazkaltzen zan. Domeketan, normalean, lapikoko ezbardina preparetan zan: zopea, garbantzuak eta horreekaz egositako okelea tomate edo piperrakaz jaten ziran gehienetan. Lantzean behin, baina, paellea bezalakoak be preparetan ziran. Domeketako postrea be ezbardina eta berezia izaten zan: sagar eta madari erreak, etxean eginiko natilla eta flanak, edo arroz-esnea preparetan ziran.

                Baserrietan, ganera, etxeko abere txikiren bat be hilten zan noizean behin, esate baterako, oilo bat bide batez oilo-zopea egiteko. Hori egin ostean, oiloaren okelea lapikotik atara, zatitu barik badago zatitu, albardau eta frijiduta ataraten zan tomate apur bategaz. Konejuak eta oilaskoak be hilten ziran, baina horreek egun bereziagoetarako (Gabonak, Jaunartzeak…) gordeten ziran normalean.

                Domeketako bazkariaren ostean, ganera, gizon askok kafea eta kopea txokorragaz lagunduta hartzeko ohiturea eukien, etxean zein etxetik kanpo, hau da, tabernan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1256
2012.01.02

Urtebarri

Gabon inguruan errondan kantuan eta eskean ibiltea ohitura dogu, eta ez da jaiegunik hutsik egiten horretan. Gabon egunez Abendua edo Marijesiak dirala, eta azkenengo aldian Olentzero dala, herri gehienetan egiten dira kantaldiak eta eske-errondak.

Herri mailan ez, baina auzunean, auzokoen artean, umeak eskean ibilten izan dira Urtebarri egunez eta Erregenetan. Batean eta bestean, goizean joaten ziran umeak auzokoengana kantuan. Saria gozokiak, intxaurrak edo txanpon batzuk izaten dira normalean. Horretarako, baina, kantuan egin behar lehenengo.

Errezitadu moduko kantuak dira, erritmo bati lotuak. Gaur egun letreak ez dauka zentzu koherenterik, aitamen batzuk aitzeko modukoak diran arren. Bertsino guztiak antzekoak dira, baina guztiz aldakorrak aldi berean.

Urtebarri egunekoa hau edo honen aldaeraren bat izaten da:

Urte barri kari kari

intxaurtxu bi

hiru gaztaine

mari montaine

tiritiritaine

agillando magillando

urtebarri callando

emongo badozu emoizu

zeure begire gauzen artean

berandu egiten jaku

txarri belarri

dekonak ez dekonari

nik ez dekot eta niri

ostantzien txarri buzten belarri

Erregenetakoa, ostera, honen moduko bat zan:

Erregiak datoz

Erregiak datoz

Jesus adoratzen

Jesus adoratzen

gu be hamen gatoz

gu be hamen gatoz

limosnia batzen

limosnia batzen.

 

Apalazio zaldune

hiru Erregen egune

zotzak eta paluek

txori biaren kontuek.

 

Hemen gatoz lau,

kanpak joten bi,

emoizu limosnia

Jaungoikoagaitik.

 

Eup!

Esatekoak 0
Ikusita: 1174