kontaktua
2012.04.26

Felipe Arrese Beitia (Otxandio 1841-1906)

Felipe Arrese Beitia Otxandion jaio, bizi eta hil zan, azkenengo gerra karlistaren denporan Donostian bizi izan zan aldia kenduta. Gaztetan Gasteizen marrazkia ikasi eban, eta lanbidetzat harria eta egurra landutea izan eban.

Otxandion eta inguruetan santugiñe moduan ezagututen eben, herririk herri horretan ibilten zalako. Otxandioko eleizea be, egurrezko gauzetan behintzat, gehien-gehiena berak egindakoa da.

Arrese Beitia bere aldiko gertaera sozio-politikoak eraginda bizi izan zan. Alde horretatik, 1876an Euskal Herriari foruak kendutea da jazoerarik garrantzitsuena. Politikan liberalismoa nagusituten joian, eta hori euskaldunen kontrakoa zan, bai politikan bai erlijinoan. Horrek indar eginda, euskaldun zintzo eta leialak Jaungoikoa eta Lege zaharra, euskereagaz lotuta, helburutzat hartu eben.

Egoera mingarri horrek idatzi asko eragin ebazan. D’Abbadiek be, hegoaldeko euskaldunei aupada bat emoteko edo, 1879an Hegoaldeko lehenengo Lore-Jokoak eratu ebazan. Elizondoko jai horretako literatur atalean Arrese Beitiaren olerki bat saritu eben, “Ama euskeriari azken agurra” izenekoa. Izenburuak berak ondo adierazten dau zer dan olerkia.

Arrese Beitiak asko idatzi dau, eta beste poeta batzuen olerkiak euskeratu be bai. Aldizkarietan eta handik hortik hemetik eukazan poesiak batu eta, 1900. urtean Ama Euskeriaren liburu Kantaria argitaratu zan, eta 1902an Asti orduetako bertsozko lanak.

Handik aurrera be egin dira ahaleginak Arrese Beitiaren idatziak barriro argitaratzeko. Emaitza bat baino gehiago egon dira. Aita Santi Onaindiak Felipe Arrese Beitia, Olerkiak izenagaz haren lan mordoa kaleratu eban, gaika bederatzi ataletan sailkatuta. Eta Euskal Editoreen Elkarteak Eusko Jaurlaritzagaz batera ataraten eban “Klasikoak” bilduman haren lan aukeratuak agertu ziran 1987an Olerki Sorta bat izenburuagaz. 199an Itziar Urrutiak Felipe Arrese ta Beitia: idazlan guztiak izenburuagaz argitaratu eban bildumarik osoena.

Arrese Beitiaren idatzietan gaia bera da garrantzitsuena, zer esaten dan, eta forma, zelan esaten dan, beti be ahalik eta errazen aituteko modukoa izatea gura dauala emoten dau.

Euskera gozoa eta ederra darabil, eta deskripzinoak egiten maisu da.

Euskal Herria eta euskeraren egoerak ardura handia emoten eutsan eta horren ganean idatzi eban behin baino gehiagotan. Foruak, erlijinoa, heriotza eta beste gai batzuk be sarritan erabili ebazan.

Jaungoikoagan eta erlijioan ikusten dau salbazinorako bide bakarra. Era berean, euskera eta Euskal Herriaren sinboloa Ama da, Ama hori zentzu bitan: Ama Birjina batetik, eta ama amatasunaren ikuspegitik ikusita bestetik. Gernikako arbola be behin eta barriro agertuten da haren idazlanetan, gure historia, kultura eta izakeraren sinbolo, arbola sakratutzat, Jaungoikoak berak emondakotzat.

Dana dala, baditu bertso barregarri eta informalagoak be, beti be irakurteko gozagarriak eta errazak, oraindino be, neurri handi baten, gaurkotasunik galdu ez dabenak.

Adibide moduan bertso zati batzuk ekarriko doguz hona, idatzi ebanaren erakusgarri.

ARITZARI
Euskaldun jaio nintzan,
Ta euskaldun azi,
Euskaraz eustalako
Amak erakutsi;
Euskara laztan maite,
Zabiltz nigaz beti,
Euskara il ezkero
Ez dot gura bizi.

ARBOLA BAT
Arbola bat zan Paradisoan
Jaunak apropos jarria,
Mundu guztiak artu egion
Lotsa ta itzal andia,
Bere azpian bizitea zan
Aita Adanen gloria,
Andik kanpora, zer topau eban
Ezpada negargarria? (...)

Arbola bat zan Bizkaian bere,
Neure anaia laztanak,
Zeinen azpian, pozez beterik
Egoten ziran asabak,
Kerizpe zabal artan jarririk
Eginda euren Batzarrak,
Buztarri baga, nasai ta libre,
Bizi ziran bizkaitarrak.

MONA BAT
Intxaur arbolara igon eban
Jatera ale bat moneak.
Agiñak sartu moskolari ta
Latza zalako jaurti ak.
Beste ainbese egin oi dabe
Eroso bizi zaliak;
Edozer bear neke eretxerik,
Laster izten dau nagiak.

Esatekoak 0
Ikusita: 3275
2012.04.19

Haur jolasak III Ume txikientzako jokoak

Ume txikienakaz imitazino jokoak egiten dira gehien bat, eta pertsona heldu baten laguntzaz umeak jolas eginez ikasiko dau soinuak esaten, mobiduten, eta oinez ibilten. Gizakiaren hasierako aldia joko hutsa da, eta helduek umeagaz daukien lehenengo hartuemona jolas-ekintza da.

Umetxuakaz egiten diren lehenengo jokoak, batez be, gorputz atalekaz egiten direnak dira:

- Txalo pintxalo:                     

Txalo pintxalo / txalo ta txalo
katutxua mizperu ganian dago.
Badago bego, bego badago
zapatatxu barrien begira dago.

- Din dan, nor hil da:

Din dan, nor hil da
Peru zapataria.
Zer egin dau? Pekatu,
auzoko txakurra urkatu.
Hori ez dala pekatu.
Txiza pozuan beratu,
ta teila ganean sikatu.

-Arrautzatxoarena atzamarrak erakutsiz:

Honek arrautzatxua ekarri,
honek prijidu,
honek gatza bota,
honek piskat probau,
ta totolo honek dan-dana jan.

- Lehenengotxuori:
Lehenengotxuori,
punta behatzori,
beste guztien artean
txikerra dok hori. 

Bigarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
nagia dok hori.

Hirugarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
luzea dok hori.

Laugarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
bizkorra dok hori.

Bosgarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
lodia dok hori.

Esatekoak 0
Ikusita: 2621
2012.04.13

Hasiak egina dirudi, eginak urregorri

Esakera zahar honek esan gura dau, gauzak egiten hastea kostau egiten dala, baina hasi ezkero amaitzeko gitxiago faltetan dala. Egindakoan, ostera, balio ikaragarria dau.

Parekoak:

—Aitzinetik egina, geroko egina.

—Egina daukanak geroko be badauka.

—«Gero» dionak, «bego» dio.

—Biharko ez itxi, gaur egin ahal dana.

Mikel Zaratek bere lanetan behin baino gehiagotan erabili eban esakerea da. Adibidez, Bizipenen bultzadaz poesia liburuaren sarreran honakoa idatzi eban:

 

Hasi egingo naiz,
hasi,
ereiten letrazko
hazi;
hasi egingo naiz,
hasi,
sortzen letrazko
bitxi,
hasiak egina
baitirudi,
eta eginak
urregorri.

Esatekoak 0
Ikusita: 1829
2012.04.03

Berba zaharbarrituak: zemai

Zemai izena, zematu aditza eta zemaiz edo zemaika aditzondoak dira formarik ezagunenak. Gaur gitxi erabiliak izatearen arrazoia, euron lekua beste berba batzuk bete izana izan daiteke. Halan, berbaz, amenazua, amenazuka edo amenazau maileguzkoak entzuten dira askoz gehiago, eta idatziz, mehatxu eta mehatxatu dira nagusitu diranak. Halanda be, hiztun zaharrek hondino be badakiez honetarikoak esaten: Harri bat hartu eta zeimaika hasi jatan. Edo antzekoak.

XVI. mendeko errefrau zahar bitan agiri da zematu adjektiboa. Bata: Zematuok ogien jala (Los amenazados, comedores de pan) (RS 21). Bestea: Zematuok gehiago, orzituak baino (Más los amenazados que los enterrados) (RS 93).

XVII. mendeko dotrina-liburuan Kapanaga mañariarrak zemai darabil itaun-erantzunetan: P: Nok oneen kontra pekatu egiten dau? R: Zemaia edo agrabioa egiten dabenak, edo zordunari parkaetan eztabenak.

XVIII. mendean zemai darabil Barrutia Mondragoeko eskribauak bere antzerkian birritako aldiz. Bat: Berba gogorrak, mila zemai neuk egitea kunpli da. Bestea zemai egin aditz lokuzino barruan: Zemai Mari Gaboni, Mari Gaboni zemai?

Mende horren akabutik aurrera, batez be XIX. mendeko klasikoen artean benetan ugaria da berba hau. Mogelek zemai, zemaiz eta zematu darabil. Peru Abarka berba-jardunetan behin: Alperrik soldadu erkin, koldar ta guperia zapalduko dozu zemaiz ta agiraka garratzez. Latin klasikoen euskal bertsinoetan beste behin: Dariok ego ta arnasa beste batzuk arturik, bialdu deustaz karta arro ta lotsabagiak, zematuten nabela, jaubetuko dala neure gauzaakaz. Dotrinan be bai: Barre egiten neban, zematuten nendubenian bere aserriaz.

Añibarrok be antzera: ama batek bere ume txikiaz egin daroana: ikaratu, zemaitu, bildurtzen dau, iges eguin gura dabenean; ta onenbestegaz bere besarte ta altzora biurrerazoten dau.

Pedro Astarloak paradisuan Jainkoak Adan eta Ebari eginiko mehatxua gogorazoten deusku: Agindu eutsan ez egijala jan Paradisuben erdijan eguan arbolako fruta edo sagarrik; zematuten ebala, jaten baeban, bertatik ilgo zala.

Gaurko literaturan txertatzeko moduko hitza dalakoan gagoz, berau eta eratorriak: zemaia, zemaiz, zemaika eta zematu.

Esatekoak 0
Ikusita: 1559
2012.03.29

Sorne Unzueta Utarsus (Bilbo 1900-Algorta 2005)

Sorne eskumaldean, atzean, eskolako umeakaz.

 

“Haize gozoak hunkitu egiten nau, baina haize-erauntsiak ez nau botako”

Sorne Unzueta Euskal Pizkundeko giroan kokatu behar da. XX. mende hasierako politika eta kulturako zurrunbiloan, bete-betean ibili zan: mitinlari, eragile, irakasle, idazle…

1900. urtean jaio zan Bilbon, Abandon, eta Concepción izena ipini eutsien. Harrezkero agirietan Primitiva eta Basilia be agertu izan da, baina abertzaletasunaren garra biztu jakonetik Sorne izan da. Basilisa ahizteagaz batera, irakaslerako ikasi eban Solokoetxeko eskolan. Orduan jarri zituan Bizkaiko Foru Aldundiak Auzo-Eskolak, leku apartekoetan bizi ziran umeak eskolatzeko. Eskola horreetako askotan euskeraz irakasten zanez, irakasleak behar ziran eta Sorne euskerazko irakasleen lehenengo promozinokoa izan zan, bera euskaldunbarria zala. Ezkondu arte Errigoiti, Plentzia eta Gorlizeko eskoletan egon zan. Gregorio Erraztigaz ezkondu ostean, Lemoa, Bedia eta Berangon behar egin eban.

Abertzale sutsua izan zan, euskal eskoletako irakaslea eta Emakume Abertzale Batzako sortzaileetakoa. Hizlari be ibilten zan, andrazkoei botoa emoteko eskubidea onartu eutsienean batez be.

Gerra hasi zanean, ostera, erbestera joan behar izan eban. Frantzian egon zan, leku baten baino gehiagotan, 16 urtez. Alemanen okupazino-denporan erresistentzian ibili zan, eta gero Eusko Jaurlaritzak Parisen eukan egoitzan, senarrak Euzko Deya-ko bulegoan behar egiten ebalako, Jose Antonio Agirrek halan eskatuta. Garai horretako gorabeherak Me voy contigo izeneko lanean jasota dagoz, bere esperientzia oinarri dala nobela itxuran azalduta. 1953an itzuli ziran, senarra txarto egoala-ta, hemen hil nahi ebalako. Orduko urteak garratzak izan ziran Sornerentzat, giro politikoak estu hartzen eban eta.

Sorne idazle izan zan, gerra aurreko aldizkarietan hainbat olerki, ipuin eta artikulu idatzi ebazan. Horreek danak batuta Idazlan Guztiak liburua argitaratu eban Labayru Ikastegiak 1997an. Horrez ganera, oso ondo margotzen eban, hainbat koadro eukazan etxean, paisajeak, erretratuak eta, berak eginda, ondo politak.

Idazlanei dagokienez, testu indartsuak dira Sornerenak, sentimentuz beteak eta samurrak, baina labankerietan jausi barik. Emetasuna eta amatasuna agiri-agirikoak dira bere idatzietan. Horregaz batera, naturak aparteko lekua hartzen dau bere testuetan, egoera eta jarrera askoren adierazpide eta irakaspide moduan. Natura jakintsua da, eta ederra. Eta Sornek zentzumenak zoli daukaz naturaren erakusgarriak ikusi eta hareekaz jabetzeko. Inguruaz gozatzen daki, begien aurrean daukan edertasunari erreparatzen, eta konparazinoen bitartez irudi eder-esanguratsuak egiten. Argia-iluna, eguna-gaua, koloreak, maitasuna adierazteko hiztegia ugaria da Sorneren idatzietan, testuak sentitu egiten direla esan daiteke.

Ipuinetan alegi itxurakoak ditu gehien, irakaspen eta guzti. Bere mezua azaltzeko balio deutso horrek, zelako jarrerak, jokabideak edo pentsaerak nahi dituen adierazteko bidea da, ipuin baten bitartez modu atseginagoan esanda. Baliteke irakasle izateak be eragina izatea horretan.

Bere bizitzaren oinarrian familia eta herria egon dira beti barru-barruraino sartuta. Andrazko moduan aurrelari izan da emakumeen eskubideak lortzeko borrokan, baina ez eban ondo ikusten feminismoa. Emakumea familiaren, senarraren eta herriaren zerbitzura dago, ez bere burua erakusteko. Amatasuna da emakumearen zereginik garrantzitsuena, bere esku dago hurrengo belaunaldiei berak izandako baloreak irakatsi eta txertatzea. Berak bost seme-alaba euki ditu, egoera gogorretan aurrera atera behar izan dituanak. Idazlanetan be gai nagusietako bat amatasuna izan dau, ama ume babesbakoen babesleku eta bide-erakusle agertzen dala.

Esatekoak 0
Ikusita: 2261