kontaktua
2012.09.28

Errose Bustintza Mañariko

Errose Bustintza Mañariko ez da oso ezaguna gure literaturan, idatzi ebazan idazlanak aldizkarietan sakabanatuta argitaratu ziralako beharbada. Baina haren testuak leidu ezkero, XX. mendeko idazleen artean klasikotzat hartzeko modukoa dala ikusiko dogu.

Ebaristo Bustintza Kirikiño zanaren lobea izanda, segurutik etxean eukiko eban giroa ikasteko eta irakurteko. Horrezaz ganera, dana dala, bera be aparteko gaitasunagaz agertzen jaku Anboto eta inguruetako tradizinoakaz jabetzeko.

Emakume Abertzale Batzako kidea izan zan eta Euzkadi egunkarian kolaborazinoak argitaratzen ebazan. Ipuinetan da ugariena. Hona bat, Labayru Ikastegiak argitaratutako Ipuinik ipuin Mañarian gora izeneko liburutik hartuta.

Mañariko kereizak

Mañaria nire herritxua, Bizkaian, kereiza-herririk ospetsuena izan da. Bertako kereizak izan be, beste herrietakoak baino ederragoak eta gozoagoak izaten ziran. Hau irakurtean neuk dakidan batek, azkenengo hitzak dirala eta ez dirala, ahopean baino ez bada be zeozertxu baino gehiago esango dau... Baina, adiskide maite horrek jakin bei, gaur honetzaz neure burutik bakarrik ez dodala hitz egiten, antxinako euskaldunakaz batean baino. Ikusi bestela:

Ur ona edaten Iturbegira,
eta kereiza gozoa jaten Mañarira.

Bizkaian kereizak lehenengoz Mañarian ezagutu ei ziran. Bertara lehenengo kereiza-zugatza nondik ekarri zan, edo bertan zelan sortu zan, gauza garbirik ez dakigu, baina. Batzuk esaten dabe, ba, zeruko aingeruak urrezko ontzi baten kereiza-landara eder bat Mugarra txuntxurrera ekarri ebela. Beste batzuk, ostera, behinola Beiti basetxeko atsoak –sorgina ei zan bera– non edo non kereiza-garaun bat hazur eta guzti jan ebala, eta gero, hazur hori hiru egunean urdailean eukita, Munuguruko sasitzan itxi ebala; eta hortik sortu zan landaratik Mañariko kereiza guztiak etorri zirala esaten dabe, eta hori dala-ta, bertako kereizak sundarik gozoena izaten dabela.

Esanok egiak ete diran dinostazu? Egia dala, guzurra dala, gaur horretzaz ezer jokatzekotan ez nago, sarritan esanak, esanak baino ez dira izaten eta. Ikusi dogunez, baina, gure herriko kereizak bere kolkoan gauza miragarriren bat badabe… Kereiza-aldietan, Mañaria, Mañaria izaten zan, gero! Ez dakienak baleki…! Dana dala, bata nahiz bestea dala, esanak eta entzunak alde batera itxita, uste dogunaz hitz egin daigun, Mañariko kereizak lako ederrik, gozorik eta sunda onekorik ludi zabalean be ez dala egiten esaten dogu. Hor dago, ba!

Mañariko kereizak, barriz, antxina, nire aititaren aitaren aldian-edo, ospetsu-ospetsuak ziranez, urre-truke bakarrik saltzen ei ziran. Hori zala-ta, Euskadiko herrietan jentea kereiza-saltzaileak noiz agertuko eskuetan urrea ebela egoten ei zan.

Urre- eta kereiza-tratu horretzaz, gure herritxuan ipuin bat edo beste edesten ziran, eta horreen artean gehien edesten zana Arriduko etxaguna eta txakur gorriarena izaten zan. Ipuin hori, hona hemen laburkiro.

Antxinako urte baten, Mañarian inoiz ez lako kereiza-aldirik handiena izan zan. Urte haretan bertako zugatz guztiak, garaun gorrien zama astuna zutik jasan ezinda, euren adarrakaz lurrari munka aurkitzen ziran. Hori zala-ta, herriko jentea igali gozoari begira ezti-bitsetan egoan. «Aurten, sekulako urre-piloak batu behar joaguz», guztiak aho batez esaten eben; eta hori esanaz, baso eta mendietara joanda herriko kereizen edertasuna goratzen egoten ziran.

Etxe guztietan guraina eta gehiago kereiza baegoan be, baina, Arridu basetxeko etxaguna Jaungoikoak esku zabalez emon eutsanaz arean be ez zan nahikotu. Eta hori zala-ta, egunak joan eta egunak etorri, herriko kereiza guztiak bide okerrez eskuratzeko asmo gaiztoa hartu eban. Eta gure gizona hurrengo gauean, gauaren iluntasuna lagun ebala, auzoetako kereizak ostuten hasi zan; eta geroko gau guztietan bere eginen gaiztoari eten barik ekinda, hilebeteren buruan herriko kereiza guztiak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako herrietan urre-truke saldu ebazan.

Holan, Arriduko etxagunak idi-narru handi bat bete urre-diru etxeratu eban; eta hainbeste urreren artean bere burua ezin gehiagoan aberastuta ikustean, pozez zoratu beharrean aurkitu zan. Bitartean, mañaritarrak lapurra zein ete zan jakin gurarik estu eta larri ibili ziran; eta euren artean askok euren zoritxarra ikusita, negar gogotsu egiten eben. Honetan, kereiza-margodun txakur gorri bat agertu zan herrian. Eta txakur gorri harek basetxe bakotxaren aurrean ahausi egiten eban artean, ahots miragarri batek hitz honeek esaten ebazan:

Arriduko etxagunak
kereizakaz batean,
urrea eta zoritxarra
bizkarra betean.

Hori entzunik, mañaritarrak kereiza-lapurra Arriduko etxaguna zala behingoan igarri eben; eta bere eginen txarrari jagokon zigorra berehala emotea ondoen izango zala-ta, gizon-mutil piloak adaki sendoak eskuetan ebezala, Arridu basetxera arin baten joan ziran. Ordurako, baina, gure gizona bere urre-diru eta guzti nonbaitera joana izan zan eta, bere bila batera eta bestera begi eta belarri ibili ziran arren, bere azterrenik be ezin izan eben aurkitu.

Hurrengo urteko kereiza-aldian, baina, txakurraren ahausi eta garrasiakaz batean etxagunaren ulu eta aieneak entzun ebezan. Arriduko gizona, urrez beteriko idi-narru handia bizkarrean eta txakur gorriaren hagin zorrotzak orpoetan sartuta ebazala, Mugarra hatxean gora eta behera ebilela ikusi eben. Eta geroagoko kereiza-aldi askotan be, gaixoak holan ibili beharra izan ei eban. Ikusi ebenez, kereiza-lapurra bere eginen txarragaitik gogor zigortua izan zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1746
2012.09.21

Alejandro Larrakoetxea Legoaldi (Zeanuri 1892-Markina 1976)

Alejandro Larrakoetxea Zeanurin jaioa dogu. Karmeldarra izan zan, eta fraile izena Aita Hipolito hartu eban. Larrean ikasi eban lehenengo, eta Gasteizen abadetu 1916an. Zuzenbide kanonikoko irakaslea izan zan Begoñan, Calahorran eta Erroman. 1936an bitartekari egin eban EAJko diputatuen eta Vatikanoaren artean. Zeregin horren barri Euzkadi y el Vaticano izeneko liburuan geratu da.

Karmeldarren ordenako Nafarroako buru izan zan 1948-1951 eta 1957-1960 urte bitarteetan, eta gero Vatikanoko artxiboetan ikerlari ibili zan.

Euskeraz idatzitako lan batzuk itxi ebazan, ederrak izan be, danak. Grimm anaien ipuinak jakina da tradizinoko ipuinei lehendik ez euken entzute ona emon eutsiena. “Legoaldi” be zalea antza, eta ipuinok euskeratu egin ebazan eta Grimm Anayen berrogetamar ume-ipuin izenburupean argitaratu Bilbon. Ez dauka urterik baina 1930-40 urte bitartean argitaratu ei zan.

Hona Mikel Zarate zanak zer dinoan liburu honeri buruz: “Itzulpena da, baina euskeratzen eta euskaldunduten ondo daki Legoaldik. Ederto be ederto darabil Bizkaiko euskerea, bere Arratiako usain gozo eta guzti.”

Baina hori ez zan jorratu eban arlo bakarra. Horrez ganera Euzkadi eta Karmengo Argia aldizkarian be hainbat artikulu idatzi ebazan, gizarte egoera, erlijinoa eta eleiza, eta beste arlo batzuk gai hartuta.

Donostian argitaratu zan, 1927an Andra Mariko jaietan Zeanurin egin eban hitzaldi bat. Eta Cervantesen La tía Cornelia lanaren itzulpena be egin eban.

Hona Grimm anaien ipuinetako bat.

 

ZEIN NAGIAGO

 

Nagusi batek iru seme eukazan. Irurak bardin maite ebazan, eta ezekian nor izentau bere eriotza osterako Nagusitzarako.

Ilteko garaia eldu jakonean, deitu ebazan oe-aurrera ta dirautse: “Seme maiteok, adierazo nai dautsuedan zer bat jaukat barruan oldoztuta: zuon artean nagiena, axe izango dok nire ostean Nagusi.”

Ta erantzun eutsan zarrenak: “Olan Nagusitzea neurea da, ni ba, nagiagoa naz nagiagoa! Oian lo natzanean, begietara tantakaden bat jausi badakit, eztot kenduten lotan jarraitutearren.”

Erantzun eutsan bigarrenak: “Aita, Nagusitzea neurea da, nagiagoa naz ni nagiagoa! Sutondoan berotuten nagoanean, lenago izten dodaz beatzak erretan, bernak atzeratu baiño.”

Esan eutsan irugarrenak: “Aita, Nagusitzea neurea da, ni bai ba naz nagia. Urkatu bear banindue eta sokea saman baneunka ta norbaitek sokea ebagiteko aiztoa eskura emongo baleust be, lenago itxiko neunke neure burua urkatuten, eskua sokaraiño jaso baiño.”

Aitak, au entzun ebanean, esan eutsan: “Kontxo! I langorik etxagok, mutil; eu izango az Nagusi.”.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1709
2012.09.14

Santa Kurtze

Irailaren hamalauan Kurutze Santuaren Gorapena ospatzen da gure egutegian, Santakurtze. Bizkaian Galdakaon ospatzen da gora handiz, herriko jaiak orduan dira eta.

Baina Kurutze Santua birritan ospatzen da urtean zehar. Maiatzaren hiruan Kurutze Santuaren aurkitzea eta irailean haren Gorapena. Data horreek esanguratsuak dira herri egutegian, izan be, tarte hori da udako garaitzat hartzen doguna.

Santa Kruz Bizkargikoa esaten deutsie askok maiatzekoari, hango ospakizunaren ospeak horreratatuta. Data horrek ohituretan udako ordutegia hasteko garaia dala gogoratzen dau, eta irailekoak, ostera, udagoiena badatorrela.

Artzainen bizimoduan erreferentzia argia da, kasurako. Maiatzean ardiak mendira igoteko garaia da, bedar berdea dagoan lekuetara, eta mendiko ur garbietara. Eta irailean ardiak barriro baserrira ekartekoa.

Esaeren artean be bada honen aitamena: Santa Krutz maiatzeko, morroiak siesta egiteko; San Krutz agorreko, siesta uzteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 1695
2012.09.04

Eusebio Erkiagaren mendeurrenean (1912-1993)

Eusebio Erkiaga Alastra Lekeition jaio zan, 1912ko irailaren lauan, hau da, aurten ehun urte bete dira. Gaztetako urteak herrian egin ebazan, baina bide profesionalak Bilbora eroan eban, Banco de Vizcayan behar egin eban eta. Dana dala, Bilbon bizimodua egin arren, Lekeitiogaz lotura estu-estua euki eban beti, eta hango berbetea egiten eban atzenera arte.

Euskalgintzan nabarmendu zan Eusebio, ganera euskerarako biderik ez egoan sasoian. Abertzaletasunak bultzatuta hasi zan idazten, artikuluak eta bertso solteak lehenengo, baina idazlan mardulagoak be bai gero.

Hasieran Bizkaitarra, Euzkadi, Eguna egunkarietan idazten eban, lankide zituala Augustin Zubikarai, Jose Maria Arizmendiarrieta eta Manuel Ziarsolo Abeletxe.

Gerrak dana eten ebanean be, txiri-txiri berak han eta hemen Bilboko euskaltzale giroetan parte hartu eban ahal zan guztian. Euskerazaleak alkartearen sortzaileetako bat izan zan, Labayru Ikastegian ohorezko kide, euskaltzain osoa.

Idazle ibilbidean hainbat idatzi itxi dauz, genero guztietakoak ganera, eta itzulpenak be ez edozelakoak. Ezizena erabili eban hainbat lanetan, garaian ohitura zan moduan: Endaitz, Erkiagarre, Eusebi.

Idazlan ia guztiak Labayru Ikastegiak argitaratuak dira. Hona izenburuak:

Nobelak: Arranegi (1958), Batetik Bestera (1962) eta Araibar zalduna (1962), Jaioko dira (1984), Txurio Txoria (1986), eta Irribarrea galtzen denean (1987). Hil ostean aurkitu ahal izan eban Andres Urrutiak Erkiagak itulitako nobela bat, George Simenonen nobela poliziako bat, eta baita argitaratu be Aspaldiko Maigret izenagaz.

Antzerki eta prosa-idazlan laburrak Andres Urrutiak batu zituan Berbalauaren kulunkan izenburuagaz, liburu potolo bitan.

Eta beste hainbeste egin eban Igone Etxebarriak poesiagaz, Goizean eta arratsean Eskubete neurtitz izenburupean batuta argitaratu zituan Erkiagaren olerki guztiak, artean han-hor-hemen agertutakoak eta bakoak.

Horrez ganera, beste olerki liburutxu bi be egin ebazan, bata Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta (1989), Lauaxetari eskeinia, eta Gizonaren aldia (1990), Arizmendiarrietari opatutakoa.

Hain bizitza oparoak ekarri eutsan aitorpenik be, horregaitik bizi zala hainbat sari eta omenaldi hartu zituan: Labayru Ikastegiarena (1985), Lekeitioko herriarena (1988) hango “seme kutuna” izendatu ebenekoa; Eusko Jaurlaritzaren Euskal Letren Merezimenduzko saria (1988), Eusko Alderdi Jeltzalearena (1990), Bizkaiko Foru Aldundiarena (1992) eta Euskaltzaindiaren zilarrezko domina (1993).

Literaturaren osagarri diran beste zaletasun batzuk be baeukazan Erkiagak, danen gainetik musikarena segurutik. Musika-jole ezeze, hartu-emona euki eban musikaririk handienakaz, baita kolaborau be hareen musikari letra ipinten nahiz kontrara: Francisco Bengoa, Juan Cordero Castaños, Felix Ibarrondo, Juan Orue, Francisco Javier Gargallo, J. Anton Larrauri, Rafael Ruiz de Lejarza dira horreetako batzuk.

Esatekoak 0
Ikusita: 2183