kontaktua
2012.10.26

Heriotza-ohikuneak IV: arimaren norakoari buruzko sineskerak

Kristau sinesmenaren arabera heriotzaren ostean, gorputza eta arima banandu egiten dira. Eta kezka handiak egoten ziren arima nora joan dan jakiteko: zerura, infernura edo linbora. Arima era askotara irudikatu da; batzuentzat ikusezina da, beste batzuentzat usoaren irudia hartzen dau, edo argi berezia, edo ke zuria... Gainera arimari zerurako bidea erreztutearren antzina teilatuko teila bat kentzen zan, edo leihoa zabaltzen zan.

Salbazino edo kondenazino seinaleak. Honegaz lotuta sineskera ugari batu dira. Gorpuaren arpegiaren itxuraren arabera, errez eta arpegian irribarrea eukela hilten zirenak librau egiten ziran. Ostera, hilten asko tardatzen ebenak, agonia luzea eukenak eta sufrimentu arpegiagaz geratzen zirenak, edo arpegia desitxuratuta, kondenau egiten ziran.

Beste sineskera zabal bat: heriotza euri-egun baten gertatu ezkero, edo enterruaren hurrengo egunean, edo segizinoak irauten dauen bitartean, salbau egiten da. "Gorputz ona euritsu; gorputz txarra haizetsu".

Egun seinaladuetan hiltea, salbazinoaren seinalea: zapatuetan, Aste Santuko egunetan, Asentzio egunean.

Esatekoak 0
Ikusita: 1613
2012.10.18

Heriotza-ohikuneak III: Azken sakramentuak, Eleizakoak

Gaixoari lagundu orduan, eritasuna arintzeko ezeze, heriotza osterako laguntzeko be bada. Kristau-sinismenaren arabera, hil ostean beste bizitza bat dago, eta horra joateko prestatzeko eleizakoak emoten jakoz, gaixoak aukera euki daian Jainkoagaz bakeak egiteko, eta betiko bizitzara eroango daben Gure Jauna eta Oleazioa hartzeko.

Lehenago Eleizakoak agirian eroaten ziran eleizatik gaixoaren etxeraino. Nafarroako eta Arabako hegoaldean ikusgarriak izaten ziran prozesinoak, eta jentetza handiak hartzen eban parte halangoetan. Gure inguruan etxe guztietatik joaten zan norbait gaixoaren etxera, eskuan kandela bat hartuta, Eleizakoak ekarrezan abadeari harrera egitera.

Bai kasu batean bai bestean, jentearen parte hartze horrek erakusten dau heriotza ez zala norbanakoaren gorabeherea, gizarteko jazoera baino.

Heriotza, herioa

Euskeraz hil aditza adierazteko berba bat baino gehiago erabilten dira: pertsonak eta erleak hil egiten dira. Pizti kaltegarriak (sugeak, zapoak...) akabatu egiten dira, berba hau pertsonentzat erabili ezkero despektiboa da. Etxeko abereak, behiak, ardiak... galdu. Beste abere guztiak tragau egiten dira. Azken hau pertsonentzat be erabiltzen da, bizia modu gogorrean edo bortitzean galtzen danean.

Etxean gertatzen zanean, heriotza egiaztatzeko, modu bat baino gehiago egoten ziran: sur azpitik pospolo bat pasatzea, begien aurretik kandela bat, aho aurrean izpilua jartzea arnasarik botatzen dauen ikusteko... jarraian begiak itxi behar jakoz, besteren bat beragaz eroan ez dagian.

Esatekoak 0
Ikusita: 1467
2012.10.10

Heriotza-ohikuneak II: Iltamua edo agonia, gaubela

Heriotzaren seinale dan kanpaihots nagusia agonia kanpaia da. Gaixoren bat hilteko zorian sartzen zanean agonia-kanpaiak joten ziran, auzokoei eta herritarrei jakinazoteko. Antzina hori gertatzen zanean, auzokoek eta herritarrek, etxeko edo soloko beharrak alde batera itxi, txapela edo burukoa kendu eta eleizara begira jarrita, errezau egiten eben agonian egoanaren alde.

Agonia hitzak, jatorriz burruka esan gura dau. Euskeraz era askotara esaten da: agonia, hiltamua, heriotzeko ordua, akabuko ordua, azken arnasa, hil-arnasa, hil-aginean egon, hilzorian egon, azkenetan egon...

Hiltamuan dagoan gaixoa ardura handiz jagon behar da. Lehenago gaixoa etxean bertan zaindu ohi zan, eta ospitalean gitxi batzuk baino ez ziran hilten. Etxekoak eta auzorik hurrekoenak hartzen eben gaixoa zaintzeko ardurea, senideak eta adiskiderik minenak bisitan joaten jakozan, andrazkoak batez be.

Gaubelak be egiten ziran, otoitz egiteko, batzuetan abadea tartean zala eta beste batzuetan auzokoak edo familiakoak gidatuta. Senideen eta auzokoen arteko haserreak konpontzeko lagungarri izaten ziran batzuetan bisita eta gaubela horreek. Solasaldi ederrak be sortzen ziran gaubeletan, batzuk gelan gaubela egiten eta beste batzuk zeozer jaten eta edaten sukaldean.

Agonia sano luzea zanean, sineskera batzuk egozan hori azaltzeko. Gaixoa baten bategaz haserre baegoan, eta norbaiti kalte egindakoa bazan... pertsona horren parkamena lortu arte ez zala hilten esaten zan. Agonia amaigabea zanean mezak egiten ziran, auzokoen artean dirua batu eta meza enkomendadua egiten zan gaixoak atzera edo aurrera egiteko.

Esatekoak 0
Ikusita: 1275
2012.10.04

Heriotza-ohikuneak I: Heriotzaren zantzuak edo seinaleak

Bizimodu tradizionalean heriotza bizimodu baten amaiera eta beste baten hasiera mugatzen dauen gertaera da. Beraz, heriotza igarobidetzat hartzen da, batetik besterako aldaeratzat.

Gaixotasunak eraginda datorren heriotza aurreko egoerari agonia edo hiltamua deritzo. Prozesu hau berezkotzat hartzen da gehienetan, baina batzuetan heriotzaren arrazoitzat hartu izan dira madarikazinoak (apropos egiten direnak, kandela amatatzen dan neurrian, personearen bizia amatatzea...), begizkoak, edo arerioen majikoak, Herio edo Balbea deritxon jenioa lanean jartzen dabenak.

Heriotzaren zantzuak edo seinaleak

Zantzuetako asko etxeko abereakaz lotuta dagoz. Etxeko animalien; txakur, behi, oilar, eta katuen portaera edo jokabide berezia heriotzaren seinalea da. Txakurra: beti esan da txakurrak heriotza igarteko ahalmen berezia daukala. Euskal Herri osoko sineskera da txakurra gabaz oihuka edo negarrez dagoanean etxeko edo auzoko baten bat hilko dan seinalea dala. Gauza bera esaten da, txakurra hil-zorian dagoenaren gelan sartu eta urten barik egoten danean.

Oilarra: gabaz edo orduz kanpo kukurruku egiten dauanean heriotzaren edo zoritxarraren seinalea da Euskal Herri osoan. Iparraldean, oiloa oilarraren antzera kukurruka hasten danean esaten da. Herri batzuetan oilar hori saldu edo hil egiten zan, edo zoritxarra ez gertatzeko eskubete gatza botaten zen surtara.

Gau-txoriak: gauhontza etxe inguruan hegaz dabilenean, edo kantuan hasten danean, heriotzaren zantzua da. Karrantzan esaten dabe: "cuando el cárabo canta, la muerte levanta". Gau-txoriez aparte, kukua edo usoa etxeko leihoren baten gelditzea be seinale txarra da. Gauza bera esaten da beleei buruz.

Beste era bateko zantzuak, kanpaiakaz zerikusia daukenak dira: eleiz torreko kanpaiak konsagrazinoko txilinagaz batera jo ezkero, edo kanpaiak sagrarioa zabalik egoala joten baeban, edo kanpai hotsa berezia zanean, meza entzuten egoanetako bat hilko zala esaten zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1452