kontaktua
2012.11.28

Heriotza-ohikuneak IX: Segizioaren itzulera

Hileta-eleizkizunaren ostean, jarraigoa, dolukoak behintzat, eleizarainoko bideko ordena berean etxeratzen ziran. Etxeko atarian errito btzuk egiten ziran, esate baterako, karitatezko jan-edana (Araban eta Gipuzkoan), ardaua eta ogia emoten eutsiezan enterruan egondako guztiei, edo defuntuaren aldeko otoitza su baten aurrean (Baxenafarroa). Beraz, heriotzeagaz lotutako erritoak, etxean hasi eta etxean amaitzen ziran.

Etxean, bertako bat galdu izanagaitik mina agertuz, etxekoek eta senideek, anderuek, bazkari bat egiten eben alkartasunean, entierro-bazkaria, defuntuaren eta "aurretik etxetik joandako" guztien alde otoitz eginez. Abadeak edo lehen auzokoak zuzentzen eban otoitza. Bazkari horretan defuntuaren alde limosna emondako guztiak, hau da, mezakoak izaten ziran mahaikide.

Enterruak arratsaldean egiten hasi ziranean, eta herri batetik bestera mobitzeko aukerak erreztu ziranean entierro-bazkariok galdu egin ziran.

Dolua, lutoa

Herri bakotxeko ohiturak aginduko dauen epe baten, etxekoek mugatuta eukiko dabez gizarte-harremanak; ezin izango dabe parte hartu jaietan, jolasetan, ezkontzetan, ospakizunetan, etab. Gizonezkoak ezin ziran tabernara joan. Ezkontzak eta etxeko ospakizunak atzeratu egiten ziran, edo derrigorrez egin behar zirenean ospakizunik gabe egiten ziran.

Hildakoaren aldeko eleizkizun guztietan egon behar dabe bitarte horretan eta, hildakoagaz zelango ahaidetasun-lotura izan, halango dolu edo lutu ezaugarriak agertu beharko dabez jazkeran.

Lehenengotan lutu osoa egiten da, guztiz baltzez jantzita eta gizarte-hartu-emonak guztiz galarazita. Gero luto erdia, edo luto arina dago. Garai horretan erropa baltzak, zuri, grisa eta moreagaz nahasten dira.

Lutoaren iraupena, sepulturan argiak pizten ziran aldiagaz bat etorren. Herrien arabera, bat, bi edo hiru urte. Eta erropei jagokenez, batzuetan bizitza osorako izaten zan, senar-emazteen kasuan, bost urte gurasoentzat...

Esatekoak 0
Ikusita: 1100
2012.11.21

Heriotza-ohikuneak VIII: Hiletak

Kristau legeari jarraituta, hildakoaren aldeko meza gorpua eleizaren erdian zala emoten zan. Hileta-eleizkizunean, luto-bankuak, eleizako lekurik agirikoenak, doluan egozan gizonezkoentzat ziran. Familiako emakumezkoak hilobi sinbolikoaren aurrean, jarlekuan, esertzen ziran, etxe bakotxak eleizan berea eukiten eban eta.

Lehengo mendean estaduaren herri-aginduek debekatu egin eben hildakoak eleiz barrura sartzea, horregaitik zerraldoa eleizpean ixten zan, argiz inguraturik, eta hiru-lau pertsonek jagoten ebela, eleizako ateak be zabalik egoten ziran. Beste leku batzuetan gorpua lehenago enterratzen zan eta gero egiten zan hileta-eleizkizuna.

Batzuetan zerraldoaren ordez katafalkoa jartzen zan eleiz barruan. Egurrezko armazoi bat izaten zan, zerraldoaren lekua betetzen ebana, eta hileta amaieran abadeak bere aurrean otoitz egin eta ur bedeinkatua botatzen eutsan, zerraldoa balitz legez.

Hirurogeiko hamarkadan barriro berreskuratu zan hileta gorpua barruan zala egitea. Gaur egun hori asko galdu da.

Eleizako Erritualeko eleizkizunak bardinak ziran hildako guztientzat. Baina kategoria edo maila desberdinetako hiletak egoten ziran, lehenengo mailakoa, bigarrenekoa eta hirugarren mailakoa. Kategoria hau familiaren mailarekin bat etorren. Aldea izaten zan zenbat abade egon, zenbat argi izetu, kantuak ospe handiago edo apalagokoak egin, eta ondra-mezak gehiago edo gitxiago izatea.

Eleizkizunak ez dira hileta-egunekoak bakarrik. Etxekoek, senideek eta auzorik hurbilenek, dolualdiak irauten eban arteko eleizkizun guztietan parte hartu behar eben. Halakoen artean aitatzekoak dira ondretako mezea, hileta osteko bederatziurrena (geroago hiruurrena edo meza bakarra), eta Nafarroan arimen aldeko hileroko eguna. Dolualdia urteurreneko mezeagaz amaitzen zan, hil eta urtebetegarrenean hiletaren antzeko eleizkizuna eginda.

Jarlekuak, sepulturak

XX. mende hasierako urteetara arte, Hego Euskal Herrian ohitura zan hildakoei eleiz barruan lurra ematea. Etxe edo familia bakotxak eleizaren zoruan eukan lurperatzeko leku bat, hilobi bat. Gerora kanposantu edo hilerriak eleizatik aparte egin ziranean, etxeek aurrerantzean be gorde ebezan euren hil-lekuok eleizetan eta aintzineko hileta-ohikuneak betetzen ebezan bertan.

Hilobi sinboliko hori, defuntuentzako aldare baten modukoa zan, bere argizaiola, zamau eta oihalakaz apaindua, etxeko defuntuen alde otoitz egin eta opariak eskeintzeko.

Sepulturako argiak izitu eta defuntuei eskaintzak egiteko ardura etxeko andrearena zan. Eginbehar hori ezkontzako kapitulazinoetan be jasotzen zan aintzina, eta etxeko hilobiaren arduradun nagusi izateko kargua, sepultura hartze ekitaldiaren bidez egiten zan, aldez aurretik izendaturiko igande bateko meza nagusian.

Etxeko hilobiak garrantzia berezia hartzen eban hileta-mezan eta dolualdiko eleizkizun guztietan. Hildakoaren etxekoek argiak, ogia eta diruak ixten ebezan bertan defuntuaren arimaren alde. Herriko beste etxe batzuetatik ekarritako opariak be han jartzen ziran, etxeen arteko hartu-emonaren adierazgarri.

Sepulturako argiei esangura mistiko berezia emon izan jako, beti be heriotza ostean hildakoaren arimak bizirik irauten ebala sinistuta. Behinolako ogi edo labore oparien ordez, denporea igaro ahala, dirua ixten hasi zan jentea. Abadeari emoten eutsien, hildakoaren aldeko otoitzak (errespontsuak) sepulturan egiteko, hildakoak, horretara, betiko salbamena lortzeko.

Joan dan mendearen erdialdera arte, sepultura edo hilobi sinbolikook izan ziran Euskal Herriko alderdi askotan etxeko hildakoen alde otoitz egiteko errezu-leku bereziak.

Beharbada horregaitik, hiletetan, kanposantuan lurperatzeak garrantzia gutxiago eukan antzina. Zerraldoari hilerrira laguntzen eutsan jarraigoa senide eta auzokoren batzuk osatuta egoten zan. Eta, hildakoari han lur emoten eutsien bitartean, doluko emakumeak edo mindunak eleiz barruan jarraitzen eben hilobi sinbolikoaren aurrean.

Esatekoak 0
Ikusita: 1374
2012.11.15

Heriotza-ohikuneak VII: Hilbideak eta anderuak

Gorpua eleizara eroan baino lehen, auzokoak eta senitartekoak hildakoaren etxean batzen ziran. Abadea etorten zan gorpua altxatzeko.

Anderuak, jasotzaileak, hilketariak, garraiariak, eroaleak…

Herriko ohiturak aurretiaz erabakita eukan auzokoen artean nortzuk eroango eben hilotza sorbalda gainean eleizaraino. Ezkondua zanean, ezkonduek, eta ezkongabea zanean, ezkongabeek. Ez etxekoek ez senideek ez eben aintzina andari-zereginik hartzen, doluagaitik euren leku berezia bete behar ebelako hileta-segizioan. Hildakoa kofradiaren batekoa zanean, kofradia-kideak eroaten eben gorpua, edo hiru-lau baserriren jabea zanean, maizterrak arduratzen ziran. Herri batzuetan horretara dedikatzen zirenak egoten ziran, eta ordaindu egiten jaken.

Antzina gorpua andetan eroaten zan, geroago hasi ziran zerraldoak egiten, eta gorpua zerraldoaren barruan eroaten, baina halanda be andetan eroaten eben. Azken urteetan sorbalden gainean. Beti be hankak aurrera adi dituela, abadeen kasuan izan ezik, kasu horretan burua aurrera dala eroaten dira, baina gero eleizan sartzeko besteak bezala.

Batzuetan baserriak herritik oso urrun egozanean, bideak txarto egozanean edo hildakoak pisu handia eukanean, andariek turnoak egiten ebezan. Horretarako leku jakin batzuk egoten ziran, gehienetan bide-kurutzeetan, eta aldaketa egin baino lehen, errespontso bat errezatzen zan.

Hilbideak

Andariek bide jakin eta aldaezina egin behar eben. Bideok lotzen eben etxea eta eleizea benetan eta modu sinbolikoan. Ibilbide luze eta, inoiz, gatxok, andabideak, kuruzbideak, hilbideak, gorpuzbideak edo eleizbideak deitzen dira. Bide hori erabilten zan eleizeagaz zerikusia euken gauza guztietarako: kurutzea eroan, ezkontzetan, bateoetan...

Bidea itxita egoanean, basaz, sasiak janda etab. alboko lurretatik pasatzen zan, zorbidea egiten zan, eta ezin zen hori egitea inondik eta inora ukatu. Baina gehienetan halakorik ez gertatzeko, bideak konpondu egiten ziran auzolanean.

Segizioa, enterrua, ahokua, gorpulorra...

Hileta-jarraigoak prozesinoan egiten eban bidea. Aurreren eleizako kurutzea joaten zan, auzokoak edo monagiloak daroala, hildakoa eleizaraino gidatzeko. Aldez aurretik, abadea hildakoaren etxera etorten zan, gorpuaren kargua hartzeko eta eleizara eroateko. Horregaitik, zerraldoaren aurrean joaten zan errituzko otoitzak egiten. Ibilbidean zehar hil-kanpaiak joten ziran, gorpua eleizara heldu arte.

Hileta-jarraigoan toki agirian eroaten ziran aintzina sepulturarako opariak; serorak, lehen auzoak, etxeko andreak, edo senitartekoren batek, aurrogiak, olatak eroaten zituen; ezkoandreak argizaria eta argizaiolak sepulturan jartzeko. Halangoak leku berezia eukiten eben segizinoan.

Gaur egun lorak eskeintzen dira, baina hori nahiko barria da, lehenengo hirietan eta gero apurka-apurka herrietara pasatu dana.

Herri askotan gizonezkoen ilada bi joaten ziran zerraldoaren alde bietan, eskuan argizariak biztuta eukezala. Gero eleizan ixten ebezan.

Hileta jarraigoa, senideek eta auzoak hildakoagaz eukezan loturen arabera osotzen zan. Senide odoleko edo erantsiak ondrako taldea osatzen eben eta, senidetasunaren graduaren arabera hartzen eben lekua. Herri batzuetan andrazkoak gizonezko guztien atzetik joaten ziran, nahiz eta etxekoak izan.

Doluko erropak

Zenbat eta senidetasuna hurkoagoa izan, dolu edo lutua hainbat eta ageriagoa zan soineko eta jantzietan, horrek hildakoagaz bakotxak eukan loturea erakusten eban. Lehen auzoak be lutoz jazten ziran.

Gaur egun galduta dagoan arren, aintzina zorrotz bete beharreko legea zan. Hildakoaren etxekoak eta senitartekoak baltzez jazten ziran. Gizonezkoak: alkondara zuria, botoi baltzakaz, traje baltza edo iluna, askotan ezkontza egunekoa. Gainetik kapa baltza ipinten eben, taulerra. Kapa hau antzina domeketako erropea zan, baina gero enterruetarako bakarrik erabiltzen zan. Norberak euki ezean auzokoren bateri eskatzen eutsen. Ohitura hau joan dan mende hasieran galdu zan, Iparraldean berrogeiko hamarkadan. Ezkerreko besoan brazalete baltza ipintea be nahiko arrunta izaten zan.

Emakumezkoak be baltzez jazten ziran, erropa onenakaz, eta gainetik mantu baltzak eroaten ebezan, mantaleta eta kaputxina. Buruan mantilak edo belo modukoak, guanteak. Askotan erropa baltzik euki ezean tintau egiten ziran.

Umeen enterruetan ez zan lutorik jazten, zuzenean zerura joaten zirela esaten zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 928
2012.11.08

Heriotza-ohikuneak VI: Gorpua garbitu eta janztea

Hildakoa jantzi baino lehen garbitu egin behar da, eta horrek beste ritual bat eukan aurretik: horretarako erabiliko dan uretan Erramu egunean bedeinkatutako ereinotzaren hostoak irakingo dira aurretik, edo Doniane eguneko bedarrak, udako solstizioan batzen zirenak. Gehienetan arpegia, eskuak eta oinak baino garbitzen ez baziran be, beste batzuetan gorpu osoa egiten zan.

Hileta-zerbitzuak gaurko eran antolatu baino lehen, auzoko andrak arduratzen ziran, lehenateak gehienetan, edo auzoan horretan lan egiten ebenak, hil-bestitzailea edo emagina, esaterako. Herri batzuetan hildakoa gizonezkoa zanean, gizonezkoak janzten eben, eta andrazkoa zanean andrak.

Gorpua zerraldoan sartu aurretik, ohean etxunda egoten zan, eta ez handitzeko, lurrezko plater baten gatza ipinten zan sabelaren gainean.

Antzina gorpua janzteko gorputz-izara edo hilmisia erabilten zan. Neska gazteek arreorako prestatzen eben gauzakaz batera egiten zan hori. Gero, gerraurrean, nahiko normala zan abitu eta erlijio-adierazgarriakaz janztea, Jainkoaren errukia errazago lortzeko edo. Bizkaian gehien erabili izan dana, frantziskotarren abitua izan da, batez be gizonezko ezkonduentzako, emakumezkoak Karmenen abituarekin. Mutil ezkonbakoak, San Luis Gonzagaren jantziakaz, eta neska ezkonbakoak, Hijas de María, Purisima edo Inmakuladaz jantzita. Geroago hasi zan hildakoa jantzirik onenakaz janzten, gehienetan kolore ilunez, "etxetik urtetakoak", "bidaiaren bat egiteko moduan", askotan ezkontzako trajea, edo domeketako arropa izaten zan.

Zerraldoaren barruan, kurutzea, errosarioa, eta ilen buldak sartzen ziran. Bulden bidez hildakoaren arimaren aldeko parkamen osoa lortzen zan. Buldak etxekoak ekarten ebezan eleizatik, eta zerraldoaren ondoan jartzen ziran mahaitxo baten, etxera etorren jenteak, diruaren truke hartzen ebazan eta zerraldoan sartu.

Kasu batzuetan beste gauza batzuk be sartzen ziran: ikurriña, makilak, musika tresnaren bat, txapela...

Gaubela, begiria

Aintzinako legean hildakoak ez eban bakarrik egon behar. Horregaitik, gau eta egun zaintzen eben etxeko eta auzokoek gaubelan. Hildakoaren etxeko ateak zabalik egongo dira, eta hildakoari otoitz egiten datozenak isilik; horretara hildakoa datzan gela otoitz leku bihurtuko da. Han aldare txiki bat atonduko da, kurutze eta guzti, eta kandelak izetuta inguruan, larunbat santuz bedeinkatutako ura eta ereinotz-orriak dituela. Iluntzean senideak eta auzokoak bertan alkartuko dira errosario luzea errezatzeko. Hori amaitzen danean hasiko da begiria.

Gauean, txandaka zainduko dabe hildakoa auzokoek, ondoan biztuta dagoan kandelea amatau ez daiten kontu handia hartuz. Etxe bakotxetik bat joaten zan. Auzokoakaz batera etxekoak egoten ziran. Txandak egiten ziran, hiru-lau pertsona hildakoaren gelan, batzuk errosarioak errezatzen, eta besteak suetean, berbaz. Begirian egozanei ogia eta ardaua emoten jaken, goizaldeko orduetan kafea eta pattarra be bai.

Lastaira erre

Joan dan mendeko lehenengo hamarkadetara arte Euskal Herri osoan izan zan koltxoia edo lastaira erretzeko ohitura. Koltxoia lastoz edo arto kapatxez beteta egoten zan, horregaitik, lastaira, lastamarraga izena hartzen eban.

Lan hori auzokoen ardura izaten zan, eta etxetik hurren egoan bide-kurutzean egiten zan. Erretzen zan bitartean Aita Gurea errezatzen zan, eta ur bedeinkatu tantakada batzuk botatzen ziran surtara. Horren jatorrizko arrazoia zein dan ez badakigu be, azken urteetan, batez be garbitasun kontuakaitik egiten zan, gaixotasunak ez nahasteko, etab. Errautsak han geratzen ziranez, bidetik pasatzerakoan, jenteak errezau egiten eban.

Gero, muelledun koltxoiak hasi ziranean, ohitura guztiz galdu zan. Baina leku askotan gero be lastoa erretzen zan bide-kurutzean aintzinako ohituraren oroimenez.

Esatekoak 0
Ikusita: 1065