kontaktua
2012.12.28

Inozente eguna eta Gabonzahar

Abenduaren 28an Inozente eguna ospatzen da. Berez, Jesus jaio zala entzutean, Herodesek ume jaiobarri guztiak hiltzeko emon eban agindua dauka jatorrian jai honek. Guk, ostera, bestetara ospatzen dogu. Inozente egunean ohikoa da gure artean inozentadak egitea, hau da, alkarreri adarra jotzeko txantxak egitea. Euskal Herrian, dana dala, ohitura hori bananduta dago, Iparraldean aprilean ospatzen dabe eta.

Horren ostean, Gabonzahar dator, abenduaren 31an. Gau hori be berezia da, transgresiorako tartea izaten izan da. Gure artean zabal-zabal ibili da herriko gazteek baserritarren bateri burdia kendu eta herriko plazan nonbaitetik eskegita jartzea.

Esatekoak 0
Ikusita: 1060
2012.12.20

Santo Tomas abenduaren 21ean

Abenduaren 21ean Santo Tomas ospatzen dogu, leku batzuetan gora handiz gainera.

Santo Tomas Gabonetako zikloaren barruan sartzen da, jaien bezperan dagoalako. Gure irudimenean jai hori azoka edo feriara lotuta dago. Bilbon eta Donostian, kasurako, itzelezko entzutea dauka eta jente asko eta asko joaten da. Gaur egun ikustera doa jentea erostera baino gehiago, baina aldi baten beste zentzu bat eukan feria horrek.

Gabonak hurrean dagozala-ta, baserritarrak Bilbora joaten izan dira ortuko generorik onenak saltzen. Baina ez ortuariak bakarrik, animaliak be bai. Oilo, oilasko, kapoi, antzar eta era guztietako hegaztiak saltzen izan dira halango azoketan, Gabon-afarietako menuan estimaduak izan dira eta.

Behin Bilbora joan ezkero, baserritar askok errentea ordaintzeko aprobetxetan eben biajea. Izan be, baserritar asko eta asko errentan bizi izan dira, Bilbon bizi zan jaube batek herrietan hainbat etxe euki eta errentan eukitea normala zan. Errenta-ordain hori generotan egiten zan zati baten, esan ditugun ortuari eta animalien bitartez, eta dirutan be bai.

Gaur egun aldatuta badago be, baserritar askok eroaten dabez generoak azokara salgai, eta han egoten dira dendetan hainbeste ikusten ez diran gaiak eskura.

Esatekoak 0
Ikusita: 999
2012.12.14

Gabon afaria

Gabonetan ohitura da gure artean familia alkartzea mahai inguruan. Halango egunean afari berezia egiten da eta lehenago be egiten izan da. Etxe askotan gaur egun be eusten deutsie lehengo menuari: orio-azea, makailoa saltsan edo bisigua edo arrainen bat, karakolak, postrerako intsaur-saltsea edo almimera edo gaztaina erreak.

Kantuetan be jasota dago Gabon gaueko afariko menua:

Gabon gabean ohituten dogu

guztiok afari ona;

bixigu, lebatz makallau saltsa

bakotxak berak ahal dauna.

Gero txurrunplinplan

ardau ta pattarra

katuak hartuta

sagu-saguka.

Esatekoak 0
Ikusita: 949
2012.12.05

Heriotza-ohikuneak X: azken aldiko ohituretarako aldaketa

Orain arte ikusitako erritu-sistema honek aldaketa sakonak izan ditu denbora laburrean. Aldaketa prozesu horren unerik garrantzitsuena hirurogeiko hamarkadaren amaieran izan zan, Vatikanoko II. Batzarrak hileten eremura ekarritako barrikuntzen ondorioz.

Berrikuntzak direla-ta, hileta eleizkizunak gorpua eleiz barruan dala egiten hasi ziran barriro, eta zerraldoaren ordez eleiz erdian jartzen ziran katafalkoak baztertu egin ziran. Hileta-ohituretan eragin handiagoa euki eban oraindik hileta-mezak arratsaldez egiteak. Arin zabaldu zan ohitura barri hori, lan mundura etorri ziran ordutegi-aldaketakaz be ondo egokitzen zalako. Holan galdu zan goizeko hileta-eleizkizunaren ostean hildakoaren senide guztiek haren etxean egiten eben otordu edo bazkariaren ohitura.

Beste aldaketa bat be etorri zan, eleizako lur guztia luzetara jarritako bankuekin betetzea. Hori dala-ta, sepulturak kendu egin ziran; eta etxeko hilobiotan difuntuen aldeko argiak eta limosnak oparitzeko ohitura be galdu egin zan.

Aldaketa-prozesu horretan nabarmenen azaltzen da gero eta jente gehiago hiltzea ospitalean edo zaharren egoitzetan. Gaur egun normalena da etxetik kanpo hiltzea.

Egoera barri horretan, antzina etxearen inguruan izaten ziran heriotza-ohikuneak guztiz galdu dira: eleizakoetara joatea, heriotzaren barri emotea, hildakoa janztea, hil-ohea atontzea, auzokoak gaubelan parte hartzea.

Orain hileta-jarraigorik ez dago, eta hileta-jarraigoak oinez egiten eban ibilaldia eta hilbideak edo andabideak guztiz ahaztu dira.

Egoera barri honetan, heriotzaren gertakizuna senideen artera mugatu da.

Ohiturak aldatzeko eragin nabarmena euki dau zerbitzuak merkaturatzea eta eskura jartzea.

Etxekoek eta senideek heriotzaren ostean erabiltzen eben lutua guztiz joan da eta oraindik gehiago baztertu dira gizarte-harremanetarako lege zaharrak ezartzen zituan debekuak.

Hurrengo pausoa be gertatu da honezkero, gorpua erraustea, eta hileta zibilak egitea, eleizan barik.

Esatekoak 0
Ikusita: 993