kontaktua
2013.01.25

Inauteri aurreko jaiak: Zezeilaren 2an, Kandelaria/o eguna

Zezeilaren 2an, Ama Birjinaren purifikazinoaren eguna da, Natibitatetik 40 egunera. Egun horretan etxekoandrak kandelak eroaten ebezen eleizara abadeak bedeinkatzeko. Kandela horreek etxean gordeten ziran urte osorako eta une berezi batzuetan erabilten ziran.

Kandela horreek indar berezia eukiela esaten zan, horregaitik etxekoak aparteko babesa behar ebenean erabilten ziran: ekatxa egoanean, eta arimaren bat agertzen zanean. Halakoetan kandela izetu eta partetxarreko guztiak uxatuten ziran.

Etxekoren bat hilten zanean gaubelan gau osoan argia behar izaten zan eta kandela horreek erabilten ziran, eta gero domekaro etxeko hildakoaren eleizako hilarriaren ganean biztuten ziran.

Kandelario egunean hasi eta inauteriak amaitu arte, etxe askotan tostadak egiten dira, bai ogizkoak zein ahiezkoak.

Kandelario egunean umeak etxerik etxe joaten ziran kantuan eta eskean. Honetara da kantua:

“Kandelerio lerio, hatxari ura dario,

sagarrari madari, eutsi Peru adarrari”.

Esatekoak 0
Ikusita: 854
2013.01.18

Estilo-oharrak I: Gerratea eta Gerraostea

Euskerazko testuetan baino baino sarriago ikusi dot gerrate berbea, toketan ez dan moduan eta lekuan erabilirik; itxura baten, gerra edo gerrea berbea baztertzeko, euskaldunagoa dalakotzat edo gerraoste idatzita.

Kontua da, bata eta bestea diferenteak dirala eta ezin dirala bata bestearen lekuan edo trukean idatzi.

Gerrate erabilten da, gerra denpora esaten dan edo gerra aldi esan leiteken antzera, baina beti be gerra horrek dirauen aldia edo tartea adierazoteko, baina egundo ez dogu hiztunok erabilten, gerra aurrea edo gerra ostea aitzen emon gura diranean. Euskeraz ez da esaten, eta ez dago zuzen esanda: gerrate ostean edo gerrate aurrean. Hor gerra aurrean, gerra ostean esango genduke, bape zalantza barik. Gerra berbea huts-hutsean erabilten da hor, -te barik.

Atzizki hori, -te, ez da bitxi soil eta polit bat, denpora-tarte jakin bat adierazoten dauen atzizki esanguratsu bat baino; zeozer jazoten dan denpora tartea adierazoten deusku, ekintza, prozesu edo gertaera baten inguruan: edur sasoia izan bada, edurte, euriak aldikada baten izan badira, eurite, lehor edo siku aldia izan bada, lehorte edo sikate, eta bide beretik gosete, izurrite, ujolte eta beste hainbat.

Gerra eta gerrate gauza bi dira, eta ezin dabe beste barik batak bestearen lekua hartu. Bere kontestuan baino ez da erabili behar -te atzizkidun eratorria. Zuzen esanda dago, esaterako: “Gerrak euskaltzaleengan eragin zuzena izan zuen”, baina gure hiztun senak ez leuke ontzat emongo: “*Gerrateak euskaltzaleengan eragin zuzena izan zuen” esaldia.

Esatekoak 0
Ikusita: 743
2013.01.11

San Antoneko enkantea Garain

San Anton neguko santua dogu, urtarrilaren 17an ospatzen da eta entzute handia euki dau gure artean, ganaduen babeslea dalako. Ohikoa izan da oraintsura arte animaliak bedeinkatutea eta jatekoak be bai.

Horregaz lotuta, Garain gaur egun be enkante berezia egiten dabe San Anton egunean bertan. Mezea lehenengo, eta ostean, etxeko produktuen enkantea. Herritarrak eurak emondako generoa da subastara ateraten dana: jatekoak, edatekoak, ontziak, etxeko eta soloko tresnak… bakotxak ahal eta gura dauena.

Horreek subastau egiten ditue meza ostean, bertara doazen guztien artean. Batutako dirua, ostera, norbaiteri lagunduteko, Gobernuz Kanpoko Alkarteren batentzat, hondamendiren bat egon dan lekuren batera bialtzeko… izaten da.

Ohitura hori Erdi Arotik ei dator, eta antza danez lehenago leku gehiagotan egiten zan Oiz mendiaren magaleko herrien artean. Gaur egun Garaikoa ezagutzen da, eta eutsi egiten deutsie. Aurten be halan egingo dabe.

Esatekoak 0
Ikusita: 800
2013.01.03

Erregen

Hiru errege magoak Jesuseri opariak eroan eutsezala-ta, gure artean Erregen Egunean opariak egiteko ohitura dago. Bezpera gauean zapatak garbitu eta agiriko leku baten ipinten dira, etxe barruan edo leihoan, erregeak datozenean opariak bakotxari bere zapaten ganean ixteko.

Gaur egun Olentzerok ekarten ditu opariak etxe askotara, baina gure zaharrek Erregenetan hartzen ebezan. Orduan, gehienak gogoratzen dabenez, opari eskasak, baina estimazino handiagaz hartzen ebezanak.

Erregen eguna esaten deutsagu egun horreri; Erregen be bai, bera bakarrik. Eta opariai erregenak.

Lehenago umeak kantuan ibilten ziran etxerik etxea auzoan, honetara:

Erregeak datoz

Erregeak datoz

Jesus adoratzen

Jesus adoratzen

gu bere hemen gatoz

gu bere hemen gatoz

limosnea batzen

limosnea batzen.

Apalazio zaldune

hiru erregen egune

zotzak eta paluek

estudiantien kontuek.

Estudiantia sasi sasi

asko jan ta gitxi ikasi!

Emongo badozu

emoizu

zeure begira gauzen artean

berandu egiten jaku.

Txarri belarri

dekonak ez dekonari

emotea sari.

Esatekoak 0
Ikusita: 1893