kontaktua
2013.02.22

Umeen jokoak I

Izena: jolasa, jolasaldia, jolasketa, jostadura, jostaldi, jostaketa, josteta, olgeta, kirola.

Gizakiak jokoa dau lagun jaio eta gehiago, bizi dan artean. Jokoak emoten jakon baino garrantzi gehiago dauka. Gizartearen ustez jokoa entretenimentua, jolasa, denpora-pasa, dibersinoa, lebabako kontua da... Baina umeen jokoa hori baino askoz bere gehiago da; ikasketa, imitazinoa, saiakuntza, antzezpena, eginkizunak betetea be bada. Azken baten umearentzat, jokoak, helduarentzat lanak daukan beste garrantzi dauka.

Umeak jaioten danetik, eta hasten doan bitartean, bizitzaren ikasketa prozesuan jokoa dau lagungarri. Jokoaren bidez apurka-apurka hasiera baten ulertzen ez dituen helduen jarduerak eta ekintzak onartu eta asimilau egiten ditu, eta era berean helduen mundu horretan integratzen da, azken baten gizarteratu egiten da. Umeak olgetearen bidez gaitasun fisikoak, zein sozio-kulturalak, zein burukoak garatzen ditu. Eta bide batez diziplina-ariketea be bada, ze jokoan galtzen ikasiko dau.

Kultura zaharrean bizitza osoa adierazten da jokoen bitartez: agindua eta zigorra, langintza eta sinesteak, sakratu dana eta ez dana, aurkikuntza barriak eta usadio-ohiturazkoak, norberaren eginbeharrak eta gizarteko eginbeharrak.

Esatekoak 0
Ikusita: 942
2013.02.14

Herri ipuinak

Ahozkotasuna herri-literaturaren ezaugarririk behinena dogu, gizakiok hitzaren bidez espresatzeko daukagun gaitasuna, hitz batez esateko. Kontaketa hitzaren barruan, hitzez, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi ahotik belarrira izan ditugun hainbat kontu, leyenda edo kondaira, eta ipuin ditugu. Kontaketa berbaren barruan hainbat genero sartzen dira. Herri-ipuinari jagokonez, ipuin hitzak euskeraz zentzu edo esangura zabalegia dauka erderaz be daukan moduan. Erderaz zein euskeraz cuento eta ipuin hitzek hainbat berba hesigarri, hainbat zehaztasun euki dabez. Cuentos de vieja zein atso-ipuinak esaten dogunean, ipuin hitzak halako usain edo sunda kirastun bat hartzen dau. Guk kasu honetan herriak jarri dituen sailkapenetik aldenduta, cuento edo ipuin hitzek dauken zentzu zabalari mugarriak edo hesiak jartzeko Cuento maravilloso, edo euskaraz ipuin harrigarria edo miresgarria zer diran azaltzen ahaleginduko gara. Erderaz cuentos de hadas be esaten da, frantsesesko contes de feés (contes merveilleux) edo ingelesesko fairy tales edo direlakoen parera edo hitzez hitzezko itzulpena dala medio. Euskeraz beste modu batera be izendatzen ditu Bernardo Atxagak Amandre-ipuinak. Zer dira beraz amandre-ipuinak

            Hemeretzigarren mendetik hona erabilten dogun hitz konposatu zehatz bat dogu cuento de encantamiento o maravilloso erderaz, ingelesez fairy tale edo alemanez Märchen. Gure euskerazko ordainak, orain arte agertu diran bezalaxe ipuin miresgarriak, harrigarriak edo amandre-ipuinak ditugu. Ipuin folklorikoen barnean amandre-ipuinek sail berezi bat osatzen dabe. Iparraldean, Lapurdin ipuin miragarria izendatzeko erabilten zan hitz bat ixtorioa da, eta ipuinak kontatzen dituena ixtorio-errailea Mayi Ariztiak kontatzen deuskunez. Nafarroa Beherean edo Baxenafarroan Ixtorio-mixterio hitzez, gehienetan ipuin miragarria adierazten da. Sarrera-formula bezala be erabilten da:

Ixtorio-mixterio
Dakienak konda dio

Formula berak badauka luzagarri bat be Pierre DunyPétrék kontatzen dauenez:

Ixtorio-mixterio
Dakienak konda dio
Zaharrak ederkio,
Berriak hobekio,
Dakienak konda dio!...

 

Esatekoak 0
Ikusita: 2188
2013.02.07

Aratoste izena dala-ta

Aratoste, aratuste, aratiste, holantxe mugagabez esaten da eguna izentetako; orokorrean aratoste domekea. Baina ziklo osoa izentetako, pluralaz markatzen da: aratosteak / aratusteak / aratisteak, maileguzko karnabalak edo ekialdeko inauteak edo inauteriak egiten diran moduan.

Larramendik bere hiztegian (1745) aratuzteak agiri dau, iñoteriak, inauteriak eta zanpantzartak izenakaz batera, gaztelaniazko carnestolendas-en euskal ordain lez. Baina lekukotasunik zaharrena dauen berbea aratizte dogu, Arabako lautadan lekututa, Landuchioren Dictionarium Linguae Cantabricae hiztegiak dakarrenaren arabera.

Hataraxe gorde da hondino be bizkai euskerearen bazter bietan: sartaldean —Txorierri eta Uribe Kostako herri batzuetan—, eta batez be ekialdean, Oñatiko eremu baztertuetan. Araotzen aatistiak erabili izan da: “aátiste danak, todos los carnavales” eta “aatistietán, en los carnavales” dakar Cándido Izagirrek.

Añibarrok, 1820 inguruko Voces bascongadas hiztegian, aratosteak dakar bizkaieratzat, Larramendigandik urrunduaz. Aldaera hauxe da, beharbada, bizkaieran zabalen dabilena: aratoste, edo era laburtuaz atoste (Zeanuri). Halan batu da Antzuolan, Eibarren, Urdaibai, Durangalde eta Arratia aldean, besteak beste.

Aratuste aldaereak kostakoa dirudi gehiago. Larramendik, etimologia-interpretazinoa eginez, aratuzteak ezarri ebanaren haritik —aragi uzte—, Azkuek aratuste era horri lehentasuna emon eutsanetik, horri jarraitu jakoz osteko idazle eta lexikografo asko.

Argi dagoana da, euskerearen ekialdean eta sartaldean, bide banatatik garatu dirala Karnabal edo Carnestolendas horreen ordainak: Inaute, Inote, Iote edota Zanpantzart-ak pertsonai-izen batzuetatik erakarriak dirudie. Sartaldeko izenean, gaztelaniazko carnestolendas hitzaren kide zuzena dogu: aragi istea > aratiste.

Esatekoak 0
Ikusita: 812