kontaktua
2013.04.25

Umeen jokoak X: Ume-artisautza

Umeek, lehengo gizartean, kale zein baserrian, eurak egindako jostailuak bakarrik ezagutzen ebezan. Eta horretarako baliagarri izan eitekean edozein gauza erabilten eben.

Gure aitita-amamak ez eukiela zegaz olgau esaten dogunean, gaur eguneko moduko jostailurik ez eukiela esaten dogu, baina eurek edozer gauza hartzen eben eta erabilten eben jolasteko.

Jostailua gaur ezagutzen dogun erakoa, guztiz arraroa zan. Gaur egun jokoren baterako balio daben jostailuak dira nagusi, jostailua bera da garrantzitsuena. Gizarte hartan aldiz, jokoa jostailuaren gainetik egoan, eta jostailua jokorako tresna bat besterik ez zan.

Esaten dogunaren adibide jarri daigun neskatxen artean sano ezaguna zan jokoa, jatekoetara edo dendetara jolastea. Kasu honetan salgaiak era askotako gauzak izango dira, karez zuritutako ura esnea egiteko, belar zabal batzuk izango dira txuletak, harriak izango dira arrautzak, lata zahar bat izango da balantza, etab. Halako jostailu xehe eta soilekin jokoak egiteko moduak oso ugariak ziran.

Gitxi mekanizaturiko gizarte baten, jostailuak egitea bera be joko bihurtzen zan. Zentzun osoz hitzegin geinke ume-artisautzaz, nagusien artisautzaz egin ohi dan moduan.

Umeek eginiko tresnen artean: iturriak (kromoetan ebagiriko irudiak imini, pisua emoteko kristalezko zatiak imini, horretarako biribildu egin behar izaten ziran, eta iturriok patxadaz egitea trebetasun handiko gauza zan). Neskatilek yo-yoak egiten ebezen botoi handi eta kordel edo hari lodiarekin. Sarritan neskatilok andrakilatxoak egiten be jakiten eben, sorkitxoak erabiliz eta jantziak eginez. Tiragomak be urkuluekaz egiten ziran. Batzuk baekien frontoirako esku-pelotak egiten be. Doinu-tresnak be egin izan dira, zuhaitz-adarrekin, edo beste maila baten txistu egiteko albertxigoen hazurrak erabiltzen ziran.

Esatekoak 0
Ikusita: 1224
2013.04.19

Umeen jokoak IX: Izadia jolas giro

Umearen jolas bizitza, gizarte zaharrean, izadia deritzogun horretan egiten zan. Baina lehengo umearentzat hori sano erreza zan. Izadia, arrainez, edo behintzat ugaraxoz eta sapaburuz beteriko erreka zan. Udan kirkilak kantari eta udabarrian loreak ernetan ziran zelai-landetan, sugandilak ezkutautzen ziran harrizko hormetan, saguzaharrak ebilzan eleizpeetan... Bestalde, egun luzeetan ibilaldiak basoan egin eta han txoriek habiak egiten ebezan zuhaitzak topatzea erraza zan.

Izadi hori ez zan baserri auzoetako umeena bakarrik. Edozein uri edo herri handik be baeukan bere barnean edo alboan honetariko izadi arloren bat, eta umeek, orain baino eskola ardura gitxiago eukiela, hor ibilten ziran edo uzta batzen, edo ehizan edo basoak arakatzen.

Umeen eta animalien artean hartu-emon desbardinak sortzen dira. Batzuk errespetuz tratatzen dira, eta ez jakie kalterik egiten; marigorringoa (eguraldiagaitik galdetu, atzamar puntara heltzen danean hegaz eguraldi ona, ostean txarra. Marigorringo, gorringo, bihar eguzkia ala euria egingo?), txirpilotak (arimak zirela pentsetan zan); elaiak (Jesukristori arantzezko koroia kendu eutselako eta euliak eta eltxoak jaten dabezalako). Baina, egia esan, garaitiko gehienekaz, helburua kalte egitea edo hiltea zan. Holako animaliatxoekin: zapaburu, ugaraixo eta zapoekin joko ankerrak egiten ziran. Sugandilei buztana ebagi, kurubio eta erleei atzekaldean erreteko paperak ipini hegaldi deigarriak egin arazoteko, saguzaharrei zigarroak erre eragin...

Izadi ekintza ugarienak: kirkilak edo txirri-txirriak harrapatzea; saguzaharrak iluntzean harrapatu zuhaitz-adar luze orritsuekin, marraskiloekin lasterketak, zeinek arinago egiten dauen ikusteko.

Halako ehiza edo bilaketak aldra edo taldeka egiten ziren, karramarrotan, lapatan, bare edo marraskilotan, mailukitan edo loretan joanez.

Ehiza edo abereekiko joko-ekintzen artean, bat nabarmendu beharra dago: txori-habitan ibiltea. Bizkaian joko honek izen berezia dauka, txori-ikasten. Udabarrian egiten da, gehienetan binaka ibilten ziran, sekula bere ez hiru lagun baino gehiago. Talde itxia izaten zan, eta taldekideei txori-lagun esaten jaken. Izen horrek argi erakusten dau euren arteko lotura. Baina talde horretakoa izateko, aurkitutako habiak isilik gordeten jakin behar zan.

Ekintza horretan baegozan usadiozko lege batzuk, derrigorrez jagon beharrekoak: elaien habiei ez jaken ikuturik egiten. Habiko arrautzak ezin ziran eskuekin ikutu, ze ostean amak gorrotoa hartzen eutsela pentsetan zan. Txorikumeak ezin ziran hartu lumaz jantzi baino lehenago, hegaz egiteko prest egon arte.

Joko horren meritua txori bikotea ondino habia egiten, habiginen, ebilela aurkitzea zan. Ezkutuko ikustaldiak egin prozesua zelan joian jakiteko; arrautzak ipinita egozan (arrautzetan), arrautzetik urtetea (luma-arrautzetan), lumatuta, etab. Gero lagunen artean harro esaten zan zenbat txori-habi aurkitu ebezan, zein txori-motarenak, etab. Baina sekula ez zan esaten habiak non egozan.

Dana dala, beti egozan arauak apurtuten ebezanak, eta batzuk arrautzak apurtuten ebezan txorikumea eginda dagoan ikusteko, habiak lekuz aldatu, beste umeei habiak erakutsi...

Beste ekintza mota bat, norbaiten solo edo ortura sartu, jagonda egoten zan lekuren batera, sagar, kereiza, madari... lapurretan. Sarri arineketa baten ihes egin beharra egoten zan.

Basoko frutuak batzea, neskatilen jokoa izaten zan gehiago; mailukiak, masustak, txarri-okaranak (endrino). Basalorak be biltzen ziran, esaterako txibiritak, koilarrak eta koroiak egiteko edo igarkizun jokoetarako, larrosa orritxoak uretan edo alkoholetan sartuaz kolonia egiteko...

Landareak batzerakoan be ezin zan edozer hartu. Esaterako "sugeen jatekoa" esaten jakona, ez zan hartzen, pozoitsua zala uste ebelako. Hartu ezin zan beste landara bat, umeen berbetan leku askotan "meacamas" deitzen jakona zan. Landara horregaz olgetan ibili ezkero, ume horrek ohean txiza egingo ebala uste izaten zan.

Esatekoak 0
Ikusita: 1233
2013.04.12

Umeen jokoak VIII: Unibersaltasuna eta antxinatasuna

Jokoak, eta kulturako beste arlo batzuk be geureak bakarrik direla pentsetako joera handia dago, eta zeozelan holan da, geure tradizino kulturalaren barruan dagozan momentutik, geure ezaugarriak daukiezalako.

Baina beste garai batzuetara edota beste kultura-giro batzuetara jo ezkero, harrigarria bada be, gure herri eta hirietako neska-mutilek egin izan dabezan olgeten antz handiko beste batzuk agertzen dira, euren bariante eta aldaketakaz. Eta beharbada gure artean bertokoentzat ditugun horreek dira izan be unibersalenak.

Hau beste arlo batzuetan be gertatzen da, adibidez nekazaritza-kultura guztietan agertzen da goldea edo buztarria. Baina golde edo buztarri hori kultura bakotxean desbardina da, bakotxak beraren ikutuak edo ezaugarriak emoten deutsazalako. Ba bardin-bardin gertatzen da jokoekaz be.

Joko zaharrenak izaten dira gehienetan hedadura zabalena daukienak: Adibidez tabak edo sakak, azurrak, puxtarriak, kalokak, tortoloxak... gaur egun ume-jokoa da eta batez be neskatilena. Baina joko hori kultura desbardinetan agertzen da antxina-antxinatik. Antxinako Grezian, esaterako, tabak etorkizuna asmatzeko erabilten ziran, eta apostuak egiteko gaur eguneko dadoen funtzinoa beteten eben, Homeroren Odisea obran aipatzen dira. Europan erromatarrek zabaldu ebela esaten da, baina Europatik kanpo be aurkitu daikegu jolas hori, Polinesian, Groenlandian... eta herrialde horreek ez dabe erromatarrekin hartu-emonik izan.

Beste hainbeste esan daiteke kanikei buruz, halangoak be mundu osoan ezagutzen dira eta Antxinako Egipton be aurkitu izan dira joko honen aztarnak. Beste kasu bitxi bat kumak deritxon jokoarena da, firu eta eskuekaz figura geometrikoak egitea. Hau be sano zaharra da, eta mundu osoan ezaguna. Ikertzaileentzako, joko hau enigmatikoa da, ze ezin da ulertu euren artean harremanik izan ez daben herriak, eta gainera bata bestearengandik hain urrin dagozan herriak, esaterako Zeelanda Barriko maoriak edo Artikoko eskimalak, edo Afrikako tribu askotan, danak hariekin itxura bardineko forma geometrikoak egitea.

Tronpan, txirringolan, txinboan kulunkatzea, asto-astoka eta itsu-itsuka, ostonduten, kaniketan, ogibideen itxurak egiten, txorro-morrora... Europan be antxina-antxinatik egin izan da. Parisen 1657an argitaratutako joko-bilduman agertzen dira, eta 1560. urteko koadro baten be azaltzen dira.

Beraz esan geinke ume-joko tradizionaletako ezaugarri bat arkaismoa dala, eta ikusten da euretako askoren jatorria antxina-antxinakoa dala, eta gainera beste kutsu batzuk be badaukiezala. Adibidez Bizkaian batu dan aukeraketa formula hau:

Txirristi mirristi
aurrena plata,
orio-zopa,
kiliki-saltsa,
urrun, perro, klik
ikimilikiliklik.

Honek sorginen kontra erabilten ziran formulak dakarkuz gogora. Edo gaur egun trukeme izeneko jokoak, antxinako laberintoei buruzko mitoak gogorarazoten deuskuz, gero kristautasunagaz arimak lurretik zerura egiten dauen bidaia irudikatzeko be erabili izan da.

Esatekoak 0
Ikusita: 1310
2013.04.05

Umeen jokoak VII: Jokoan hasteko egiten diranak

Gehienetan talde-buruek erabagiten dabe zertan jolastu. Norgehiagokan parte hartuko daben taldeak eginda badagoz, jokoa zeinek hasiko dauan erabagi behar da, bestela lehenengo taldeak egin behar dira.

Taldekideak hautatzeko bide bat, Euskal Herri osoan oso zabalduta dagoana, hanketara egitea da. Azkenengo pausuaz aurkariaren oina zapaltzea lortzen dauanak irabazten dau eta bera izaten da jokoari hasiera emon edo taldekideak aukeratzen hasten dana. Gero txandaka banan-banan euren eretxian onenak direnak hautatuz osatzen dira talde biak.

Guztiek parte hartuko dabe eta inor ez da baztertuko jokoan, baina hierarkia zuzen jagonda. Indarrik gitxienekoak, gazteenak, edo joko horretan sekula ibili bakoak beti izango dabez garrantzi gitxiko ardurak.

Badira taldekideak hautatzeko beste era batzuk, adibidez formulen bidez (rifak). Formula honeek, euskeraz zein erderaz, zentzun eta orden handi bako hitz eta esaldiak izaten dira gehienetan. Hitz edo silaba bakotxeko atzamarraz mutiko edo neskato bat seinalatzen da, ordena jarraituz. Eta formularen azkenengo hitza tokaten jakon mutiko edo neskatoa jokorako izendatu edo baztertu egingo da.

Erabilten diren formulak:

Atxea-motxea, kolori pan                      Don don beleron

neure semie errotan                                belerongo elixan

errotatxurik errotatxure                          zazpi gizon dantzan

nenbillela                                                zu mozkorra

topau neban erbi bet                               ni mozkorra

jeurti neutsen harri bet                           ahal dabena

atara neutsen begi bet                            kanpora.

ipini neutsen barri bet                             (Abadiño).

zelemiñe kanpo

zelemiñe kanpo                                      Dona dona katona

gari buru                                                 sutondoan aitona

gari buru                                                 lepotik behera kutuna

zipizt.                                                     atera kanpora neska tuntuna.

(Gorozika)                                              (Beasain).

 

Baga, biga, iga

laga, boga, sega

zai, zoi, bele

arma, tiro, pun.

(Lekuonak bildutakoa).

 

Hautaketa egiteko beste modu batzuk, idor ala busti (cara o cruz). Zotzetara, palu laburrena edo luzeena ateratea, "a pares o nones"...

Jokoan nor hasiko dan erabagiteko, jokoaren saiakerak egiten dira, adibidez kaniketan marra batera parajetutea...

Esatekoak 0
Ikusita: 1225