kontaktua
2013.05.24

Estilo-oharrak II: <em>Datorren</em> asteko <em>hurrengo</em> egunetan <em>datozen</em> arazoak

Gaur egungo hedabideetan bolo-bolo dabilz kazetari batzuen aho-lumetan: datozen egunetan / asteetan / hilabeteetan / urteetan… eta antzeko denpora formulak, eta huts egin barik beti datozen aurrean dala. Horraitino neuri belarrira sekula ondo jo ez deustienak. Corpus batzuk ganetik aratu, idazle klasiko zahar eta modernoen testu batzuetan azterka egin, betiko euskal hiztun batzuei, hango eta hemengoei, itaundu, eta eurek duda barik hurrengo esango leukiela horren lekuan. Datozen urteak gogorrak izango dirala krisiagaitik bai, eta gure ganera datozan arazoak latzak izango dirala be bai, bai datorren urtean eta segurutik hurrengo urteetan, baina ez arranoetan be *datozen urteetan.

Aditza singularrez dala, datorren, erabiliko genduke: datorren urtean / udabarrian / hilean / astean / domekan… eta hainbat gehiagotan, baina denpora-izenok pluralez behar dabenean, hurrengo erabiltera joten dogu tximistea baino arinago: hurrengo urteetan, hurrengo hileetan, hurrengo asteetan, hurrengo domeketan.

Baina egun hitzagaz, ‘el día siguiente’ adierazo gura dogunean, hurrengo egunean esango genduke, baina ez *datorren egunean, eta hainbat gitxiago *datozen egunetan. Egitekotan be, hurrengo egunetan. Beste hainbeste goiz, arratsalde, gau legezko egun-zati izenakaz: hurrengo goizean, hurrengo arratsaldean, hurrengo gauean, baina nekez *datorren goizean… Esatekotan be: bihar goizean, bihar arratsaldean edo bihar gauean. Hari honi tira eginez luze joko leuke eta ez da hau ez ordua ez lekua. Bego horrenbestegaz.

Baleiteke honetan ni erratuta egotea, baina senak halan agintzen deust behinik behin.

 

Iturriko

2013-03-26

Esatekoak 0
Ikusita: 1232
2013.05.16

Umeen jokoak XIII: Lehen adinerako jokoak

Era honetakoak imitazino jokoak izaten dira, eta pertsona heldu baten laguntzaz umeak jolas eginez ikasiko dau soinuak esaten, mobiduten, eta bardin oinez ibilten. Gizakiaren lehen aldia, ezinbestez, joko hutsa da, eta helduek haurrarekin daukien lehen hartu-emona jolas-ekintza da.

Haurtxoekin egiten diren lehenengo jokoak, batez be, gorputz atalekaz egiten direnak dira:

- Txalo pintxalo:                      Txalo pintxalo / txalo ta txalo
                                                katutxua mizperu ganian dago.
                                                Badago bego, bego badago
                                                zapatatxu barrien begira dago.

- Din dan, nor hil da:               Din dan, nor hil da
                                                Peru zapataria.
                                                Zer egin dau? Pekatu,
                                                auzoko txakurra urkatu.
                                                Hori ez dala pekatu.
                                                Txiza pozuan beratu,
                                                ta teila ganean sikatu.

- Arrautzatxoarena:                 Honek arrautzatxua ekarri,
                                                honek prijidu,
                                                honek gatza bota,
                                                honek piskat probau,
                                                ta totolo honek dana-dana jan.

- Lehenengotxuori:         Lehenengotxuori,             Bigarrentxuori
                                       punta behatzori,               punta behatzori,
                                       beste guztien artean        beste guztien artean
                                       txikerra dok hori.              nagia dok hori.  

                                       Hirugarrentxuori            Laugarrentxuori
                                       punta behatzori,            punta behatzori,
                                       beste guztien artean     beste guztien artean
                                       luzea dok hori.               bizkorra dok hori.

                                       Bosgarrentxuori
                                       punta behatzori,
                                       beste guztien artean
                                       lodia dok hori.

Esatekoak 0
Ikusita: 818
2013.05.10

Umeen jokoak XII: Umeen ospakizunak herri egutegi zaharrean

Eguen zuri eskea Abadiñon

Gizarte tradizionalean ez da ulertzen benetako herri ospakizunik umeek parte hartu barik; izan be, neskato-mutikoak dira jolaserako berezkoa daukienak. Hori baino gehiago, Euskal Herriko egutegian badira jai-ospakizun batzuk umeen artean bakarrik iraun dabenak.

Neguko zikloaren barruan, Gabon inguruko jaietan, umeen ospakizunak, batez be taldean etxerik etxe sari-eske kantaten ibiltea dira. Ospatzen dan jaiari jagokozan kantuak garrantzi handia daukie ibilaldiotan. Kopletan sarri aitatzen dira lortu nahi liratekeen sariak: gaztainak, intxaurrak, arraultzak, txarrikiak, edo etxeko gauzak, gero azkenean ume guztiek jatalditxoa egiteko.

Labur-labur aitatuko ditugu umeek parte hartze garrantzizkoa izan daben jaietako batzuk: San Nikolas Txikia (abenduaren 6an) umeen zaindaria eta babeslea; kuestazinoa egiten dabe. Gabon-Egubarri, Gabon egunez ume-taldeak herrian zehar gabon-kantuak abestuz. Leku batzuetan adibidez Marijesiak, gero Olentzero zabaldu da Euskal Herri osoan, beste kantu mota batzuk baztertuz. Urte-Barri, egun horretan goizez, umeak euren senide eta auzoen etxeetatik pasaten ziran kantu labur baten bidez agilandoa eskatuten. Errege-eguna edo Apalazio: Tradizinoz hauxe da umeek opari-erregaluak nagusiengandik hartzen dabezan eguna. Egun horretan zapatak ipinten dira balkoi eta leihoetan. Baina oparien ohitura honen aurretik Bizkaiko alde batzuetan umeak etxerik etxe ibilten ziran batzen. "Apalazio zaldune, hiru Erregen egune; Hiru Erregeak bialdu gaituz, limosnatxu bat beogule".

Kandelario egunez (otsailaren 2an). Ume guztiak mezatara, lorez apainduriko kandelak hartuta eta meza ostean bedeinkatutako kandelatxoak piztu eta etxerik etxe joaten ziran eurentzako zeozer eskatuz. "Kandelario lario, atxari ura dario, sagarrari madari, eutsi Peru adarrari".

Santa Ageda, Inauterietan, Erramu-igandez... be beste hainbeste egiten zan.

Herriko jaietan egin diran jokoak: Nagusiek antolatutako jokoak izaten dira, gehienetan indarra eta abilidadea erakustekoak. Ezagunenen artean: zaku-karrerak, binaka hankea bata-besteari amarrata egiten diren lasterketak, koilara ahoan sartuta arrautza eroatea (batzuetan erreleboak be egiten ziran, arrautzea koilaratik koilarara pasauta), ahoan eroaten dan uragaz botilak betetea, eskegita dagozan lurrezko lapikoak apurtutea, soka batetik eskegita dagozan sagarrak jatea, uretan edo urunetan ostuta dagozan txanponak hartzea...

Esatekoak 0
Ikusita: 796
2013.05.02

Umeen jokoak XI: Jokoak eta urtaroak

Eguraldiak eta urtaroak jokoak mugatzen ditue, leku zabaletan edo leku itxietan eginez jokoek egikera desbardinak daukiez. Honegaz lotuta esan behar da neguan umeak gitxi gorabehera kontrolatuta dagozala, etxean edo eskolan. Udan, ostera, ez daukie irakasleen kontrolik eta umeek askatasun eta olgetako denpora gehiago eukiten dabe.

Jokoetariko asko urteko edozein arotan egin daitekez, ha ta guzti be horreetariko batzuk aro bategaz lotura berezia daukie, naturagaz lotuta dagozanak batez be. Jakina danez, animalia, landare eta fruituekaz egiten direnak, euron bizietara moldatu beharra egoan.

Kanpoan egiten ziranak eguraldi onagaz egin behar, baina denpora zakarra egon orduan, umeek eleizpeak, atarteak, portaleak edo beste aterpe batzuk hartzen ebezen jolastoki.

Gizarte tradizionalean, gainera, jokoak aroka agertu izan dira. Bazan tronpakaz olgetako aroa, beste bat botiletako txapakaz, beste bat intxaur eta gaztainekin (udagoienean), sakakaz edo tortoloxakaz (udabarrian)... Neska zein mutiko-taldeek aroan aroko olgetetan jarduten eben.

Gaur egun jokoen arokotasuna ez da hain agirikoa, naturagaz lotutako jokoak ia-ia desagertu egin dira-ta. Halanda be, jokoen arokotasuna zelan edo halan zuzentzen dauen beste gai bat be bada tartean: publizidadearen indarra komunikabideetan. Halangoen bidez umeak jostailu jakin bategaz olgetea lortzen da, eta behin hori zahartuta gelditzen danean, baztertu eta indarrean dagoen besteren bat erabiltzera bideratzen dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 864