kontaktua
2013.06.28

Estilo-oharrak VI: UGARI eta UGARIA zelan erabili

Gure artean asko zabaldu da ugari zenbatzaile-kategoriako hitz legez erabilteko ohitura: jente ugari, diru ugari, lan ugari; hau da, asko, gitxi, hainbat zenbatzaile-determinatzaileak darabilguzan modu-modura.

Baina holan darabilenak ez dira konturatu, nonbait, ugari ez dala berez hitz kategoria horretakoa; dala, edo izenondoa (ugaria) edo aditzondoa (ugari). Eta gure hiztun zeheen artean eta bardin tradizino idatziko testuetan honetara darabilguzala. Aditzondoa danean: Jentea ugari batu da gaur plazara, aditzen emoteko jente asko edo hainbat jente batu dala. Eta izenondoa danean: Urte ugaria izan da aurtengoa: zenbat gura piper eta tomate batu ditugu ortuan, aditzen emoteko gazt. ‘abundante’ adjektiboaz adierazoten dana.

Ugaria, pertsonai buruz gabiltzanean, esan daiteke ‘eskuzabala, emonkorra’ dala esateko, baina baita ‘baliapide edo trebezia askokoa’ dala esateko be. Aita bat ugaria izan daiteke seme-alabakin (emotekoa), edo ume bat ugaria izan daiteke, beragaz sekula gogaitik egiten ez dala, edo andra bat ugaria izan daiteke, edozertarako gaitasun handikoa danean.

Berba baten esanda: ez dogu gomendatzen gizon ugari, andra ugari, ikasle ugari eta halakoak erabiltea, tradizinoagaz eta hiztun erabilera nagusiagaz bat ez datozelako.

 

Iturriko

2013-05-23

Esatekoak 0
Ikusita: 1211
2013.06.21

San Juan haretxa

Sanjuanetan hainbat ohitura egon dira gure artean. Sua egiteaz ganera, inontzatan ortozik edo biluzik ibiltzea eta abar.

Ohituretako bat San Juan haretxa etxe aurrean ipintea da. Hainbat izen hartzen ditu ohitura horrek herritik herrira: leizarra, Doniene karga…

Helburua babesa emotea da edozein kasutan, horregaitik ipinten da etxe aurrean ezeze eguneroko bizimoduan eragina dauken beste leku jakin batzuetan be: iturriak, ermitak, ganadua eta animaliak gordeteko lekuak…

Erramilletearen osagaiak be aldatu egiten dira, baina leizarrak indar handia dauka, nahiko orokorra da. Horrez ganera, ortuariak, etxeko lorak… be ipinten dira. Goizean goiz ibiltzen da jentea, eguna argitu orduko generoa batzen eta prestatzen.

Esatekoak 0
Ikusita: 953
2013.06.14

Estilo-oharrak V: -XE erakusleekin

Atzizki hau, erakusleakaz eta izenordain jakin batzukaz darabilgunean, indargarria da; beste aukera guztien aurrean seinalatzen dan hori markatu nahi da. Balio kontrastiboa dauka funtsean: hauxe, besteen aurrean.

Erakusleakaz: hauxe, horixe, haxe; honeexek, horreexek, hareexek.

Adberbioakaz: hementxe, hortxe, hantxe; oraintxe, orduantxe; hemengoxe, horkoxe, hangoxe; oraingoxe, ordukoxe.

Baita: bertan-txe, bertati-xe, bertako-xe, bertoko-xe.

Baina badira oraintsuko joerak, behar ez dan edo toketan ez dan lekuan, -xe erabiltekoak. Halakoa da, gure ustez, gazt. ‘el siguiente, los siguientes’ esaten den guztietan hauxe, hauexek erabiltzekoa; hau da, adierazpen baten garapena atzean datorrenean, eta erakuslea aurkezle gisa eraibilten dogunean.

Aurkezpen-erakusle hori era neutroan erabiltea gomendatzen da: hau esan eban, honako hau esan eban, eta ez hauxe, idatzi batzuetan automatismo osoz irakurten dan lez.

Erreparatu ondoko paragrafoari:

“Aldikada honetan egiten ziren beste joko batzuk hauexek dira: jendeari irina, ura, arrautzak… botatzea; txakur eta katuen atzetik ibili eta jotzea, edo buztanean poteak-eta lotzea; puxikak erabilita jendea jo eta elkarri jarraika ibiltzea; zarata egiteko tresnak ateratzea, etxeko lapikoak, petardoak edo dena delakoak erabilita.”

Gure ustez holakoetan ez da zertan markatu erakuslea -xe atzizkiaz. Nahikoa eta lar da era neutroa: hau, hauek.

 

Iturriko

2013-03-26

Esatekoak 0
Ikusita: 1196
2013.06.07

Estilo-oharrak IV: Palakada bat lur eta ez *pala bat lur

Neurria, batez be bolumena adierazteko gai diran izen asko, barruan edo gainean onartzen dauen gai edo materiaren neurria adierazteko darabilguzanean, -kada atzizkiaz markatzen ditugu euskerearen eremu askotan.

Ez da bat pala bat euki edo palakada bat (area, zerrin, lur, harri, ikatz) euki edo bota.

Sarri irakurri edo entzuten dira honangoak: baso bat ardo, botila bat txanpan, koilara bat jarabe…. Gure gomendioa da izenok neurri-izen legez darabilguzanean, -kada atzizkiaz markatzea. Honetara: autobuskada jentea (jatsi da), altzokada piperra (batu dau ortuan), karretilakada bedarra (ekarri dau), kamioikada lurra (bota dau baratzean), botilakada ardaoa (edan dabe), zarankada perretxikoa (batu dogu), galdarakada ura (bota deutse lorai), eskukada urrea (irabazi eban), lapikokada indabea (jan eben).

Edozelan be unidadeaz edo bakarraz dihardugunean, hobeto da esatea: platerkada garbantzua, eta ez batzuek derrigorrezkotzat daukien: platerkada bat garbantzu. Okerra litzateke: *plater garbantzua, eta ez dogu gomendatzen: plater bat garbantzu. Egokiagotzat daukagu: autobuskada jentea, beste honen ordez: autobus bat jente.

 

Iturriko

2013-05-16

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1068