kontaktua
2013.07.24

Estilo-oharrak X: Daukanak dauka eta daukalako dauka

Ekialdeko hizkeretan batez be, eta euskera batuan ondorioz, normaltasunez idatzi, irakurri edo entzuten dira, mende-perpausetako aditz trinkoa ba- aurrizkiaz indarturik dabela. Halan: Ez dakit baden nehor hori uste duenik. Edo: Horiek egiazko euskaldunak badirenetz galdegiten dut. Zehar galderazkoetatik erlatibokoetara etorrita, antzera entzun edo irakurten dira: Badena… Badirenak… edo kantu batetik jaso dodan hau: Badago nori emana / badaukanari kenduta.

Ez euskera zaharrean, ez tradizino klasikoan ez dago halakorik. Inoiz bai ekialdeko tradizinoan, baina han be nekez agiri dira horreetarikoak. Erdi eta sartaldeko tradizinoetan ez da agiri holakorik, piloan hartuta behintzat.

Mende-perpausetako aditz trinkoari, -la konpletiboetako atzizkiagaz batera doanean ez bada, ez jako gehitzen, ez gehitu izan, ba- indargarri hori, ez erlatiboko egituretan, ez zehar galderakoetan, ezta gainerako mendekoetan. Baina hau da antxinako edo lehengo mendeetako euskerearen legea bakarrik; gaur egungo hiztun seguruek be euskal eremurik gehienean ez dabe ba- hori erabilten erlatiboko, zehar galderazko, denporazko eta gainerako mende-perpausetan. Bai, ostera, -la atzizkidun konpletiboetan: entzun dogu badatorrela, dinoe badabilela zelan-halan. Baina arauz kontrakoak lirateke konpletiboetan: Jakin dogu *badakiana edo Egia da *badatorrena.

Erlatiboetakoetan arauzkoa da: Daukanari eskatu behar jako, baina badaezpadakoa: *badaukanari… Arteza da: Dakienak erantzungo dau, baina dudazkoa: *badakienak… Zuzena da: Dabilen erroteak eihoten dau artoa, baina zalantzazkoa: *badabilen…. Zuzentzat daukat: Ez zarana ez esan, baina zarana bai, baina nekez: *bazarana. Zuzentzat: Ez daukazuna ez emon; daukazuna emoizu, baina nekez: *badaukazuna... Ez dinot agramatikalak diranik, baina ez dira euskerearen lege zaharraren bidetik eregiak, eta estilo aldetik ez deritxet gomendagarri diranik.

Zehar galderetan antzera: Galde egiozu ea dakien da arauzkoa, eta ez ea *badakien. Edo: Jakin gura dot, ea datorren, eta ez ea *badatorren.

Kausazko mende perpausa aditz trinkoaz eta -lako atzizkiaz eregia danean be, nahikoa dira dalako, daukalako, dakielako, dabilelako, doalako eta taiu horretakoak, indargarritzat alperreko ba- aurrizkia sartzen ibili barik. Dakidalako dinotsut, esango neuke eta ez: *badakidalako

Denporazko mende-perpausak –n atzizkidun aditzaz eregiak diranean be, erlatiboetako antzera:: Doanean egingo deutsagu agur, eta ez *badoanean…. Edo: Dabilen bitartean egongo da pozik, eta ez *Badabilen bitartean…

Sarritan gertatzen da, gaztelaniaz “como sabes”, “por lo que sé” edo antzeko hornigarriak eranstea emongo dan informazinoari. Euskeraz nahikoa da: Dakizunez, datorren astelehenean bilduko gara, alperreko ekinean eragin barik: *badakizunez eta halakoak sakatuta. Dakidanez, bihar eguaztena da esan ohi dogu, eta ez dogu ezertarako behar: *badakidanez… 

Aspaldion orio orbana lez zabaltzen badira be ba- aurrizki indargarridun aditz trinkoak, ez da horren beharrik salbuespen nagusi bi kenduta: aditz nagusia edo –la atzizkidun konpletiboa.

 

Iturriko

2013-07-03

Esatekoak 0
Ikusita: 846
2013.07.19

Estilo-oharrak IX: BAZKALOSTEAN eta ETXE OSTEAN ondo, baina JAN ETA OSTEAN be bai

Orioa lez zabaldu da gure artean, batez be kazetarien artean, aditz partizipioari ostean atzean ipinteko moda barria. Ikusi eta gero edo ikusi ondoren erabilten diran antzera, horreen lekuan, ikusi ostean eta honen sokakoak barra-barra irakurri edo entzuten dira hedabideetan, zelan-halango bizkai usain bat testuari emon gurarik edo, dala batuaz, dala bizkaieraz.

Ostean postposizinoa aditzagaz erabili nahi danean, erdian eta juntagailua ipintea dala zuzenena esango neuke nik, gero postposizinoaz jazoten dan antzera: ikusi eta ostean, ikusi eta gero. Berbaz erabilten dabenen artean hori dala lege nagusia esango neuke; halanda be, bestea txartzat jo barik.

Tradizino idatziak ez deusku, tamalez, asko laguntzen erabilerarik artezena ebazteko orduan. Tradizino laburra eta oraintsukoa baino ez dauka idatziz egitura honek aditzagaz; nekez eta mehatz agiri da, harik eta XX. mendean aurrrera egin arte. Izen, erakusle edo izen sintagma bategaz erabili izan da gehienbat postposizino hau, edo mugagabez, edo -en genitibo atzizkiaz. Aditzizenagaz be bai euskera zaharrean: jatostean eta halakoetan.

Mugagabeko erabilerak dira: On eginaren pagua, ate ostean palua (errefraua). Etxe ostean. Hatx ostean… toki eremuan; edo: Meza ostean, afalostean, denpora esangureaz.

Erabilera mugatuak dira, -en genitibodunak, besteok: denpora zentzuaz: Gure ostean zelan izango ete da zuen bizimodua! Euriaren ostean eguzkia. Tokiarenaz: Baso horren ostean landa eder bat dago.

Aditz partizipioagazko egiturea oraintsuagokoa da berez, eta berbaz hainbat zabalago dabil, idatziz baino; eta bizkaieraren sartaldean gehiago, ekialderantz urriago. Baina berbaz darabilgunon, guztion ez bada gehienon, egiturea honako hau dala esango neuke: Jan eta ostean egingo dogu berba. Etxetik urten eta ostean jakin dot deitu dozula.

Egia osoa esateko, Zamarripa lango idazle seguruek: jan ostean, saldu ostean, jaio ostetxuan eta halakoak darabilez, ostera.

Arazoa agirian ipini dogu, bai, eta bakotxak zuzena deritxon bideari ekin beio.

Iturriko

2013-06-25

Esatekoak 0
Ikusita: 866
2013.07.12

Estilo-oharrak VIII: BERTAN eta BERTON ez dira bat

“Non bizi zara” itaundu eta: “Ni, bertan” erantzuten deuskuenean holan gehiagoko barik, Bizkaiko euskaldun askok ez dakigu garbi zer esan gura dauen: han nonon ala hemen inguruan. Kontestuz ateraten dogu gehienetan, hemen esan gura dauela erantzuleak. Baina, ostera, hemen bertan edo hor bertan egitura bikotxa entzuten dogunean, dudatzaka dakigu, bertan gorabehera, hemen eta hor esan gura dala. Badira, horraitino, hiztun eredugarriak, egitura bikotx horretan be hemen berton, hor berton eta han bertan garbi bereizten dituenak.

Euskerearen sartaldean bertan adizlagunaz, han esan gura da, eta hemen adierazoteko, berton erabilten da. Aurkaritza garbia egiten dabe sartaldeko hiztunek, bizkaierarik gehienean, hurkotasun-urruntasunaren aldetik bata eta besteagaz.

Bertoko janari-edari eta hainbako produkto batzuk labelaz babesteko joera indartu dan aldi honetan, behin baino sarriago irakurri edo entzun dogu publizitate bidez, batean bertako esnea, bestean bertako piperrak... Baina berton-bertan ondo bereizten ditugunoi gogor egiten jaku produktuok hemengotzat sakatu gura deuskuezala eta zabu-zabuka hasten gara, zorioneko esne hori ea Frantziakoa ekarria dan edo piperrak Galiziako bazterretik.

Oraintsuago merkatu-sare ezagun batek honako iragarkia bialdu deusku etxeetara: Bertakoak gara eta bertako jendearekin gaude. Hemen bizi garean askorentzat, Lidl edo Carrefour diran susmoa hartu geinke holan bat-batean hori irakurrita, iragarkian datorren denda-sarearen logotipoari erreparatzen ez badeutsagu.

Egia esateko, ondotxo dakit, nungue zara? eta bertakue erantzuten dauenak hemengoa dala aitzen emon gura deuskula, baina euskaldun askoren mihinean era bien aurkaritza formala bizirik egonik, berton markatu hurbila eta bertan generiko markatubakoa, ez ete da hoba eredu jasoan aurkaritza horri eustea, anaia eta neba, atzamar eta behatz eta beste hainbaten artean egiten dogun antzera? Neuk pentsau ba!

 

Iturriko

2013-06-22

Esatekoak 0
Ikusita: 1033
2013.07.05

Estilo-oharrak VII: DANA eta DALA ez dira bat

Gauza jakina da gaztelaniaz “que es” edo “que son” funtzino eta esangura bi guztiz diferenteetarako erabilten dirala; bata erlatiboa eta bestea konpletiboa. Eta euskeraz be, inguruko erdereari hain makurtuta gagozanez, Mogelen berbaz esateko “tximino eginda” gaztelaniari oker jarraiturik, dala erabilten dogu dana kontestu batzuetan, eta dirala, diranak erabili beharrekoetan. Hau da, erlatiboa toketan dan lekuan konpletiboa; erderaz que es esaten dan guztietan dala edo que son horren ordez beti dirala.

Sarritan entzun ditut irratiz honen taiuko esakerak: Lezaman hainbat biztanle dagoz, ez dirazela hondino trenean ibilten edo: Bilbon jente asko dago, euskera bape ez dakiela. Lehenengoan ez diranak toketan da, eta bigarrenean ez dakiena.

Esaten badot, kasurako: Ezagutzen dot mutil bat, sekula barkuan ibili ez dana, erlatibo egitura baten aurrean gagoz, eta mutil izenari aurretik be eratxiki geinkio: Sekula barkuan ibili ez dan mutil bat ezagutzen dot.

Ibili ez dala esaten badot, kontestu diferente bitan erabili geinke. Konpletiboa danean: Edonork esango leuke barkuan sekula ibili ez dala edo ez dala ibili. Baina erlatiboagazko nahasketa, modu-adberbioen balioaz darabilgunean egiten dogu: Zelan ezagutuko dau mundua horrek, barkuan sekula ibili ez dala. Gaztelaniazko gerundioaren antzeko esangura dauka hor: no habiendo andado nunca en barco.

Belarriz entzun ez eze, idatziz be behin baino sarriago irakurten dira dana, diranak erlatiboen ordez okerreko dala edo dirala adberbialak, batez be ikasle gazteen idatzietan.

Ikasiko ete dogu behingoz: euskeraz dana eta dala guztiz bestelakoak dira, bai funtzinoz, bai esanguraz. Ez daiguzan nahastau, arren eta mesedez.

 

Iturriko

2013-06-03

Esatekoak 0
Ikusita: 752