kontaktua
2013.10.24

Esakerak I: Gure katuak buztana luze, berak legezkoak besteak uste

Mogelek eta Añibarrok jasota dauke esaera hau, Bizkaiko errepertorioan txertatuta.

Esanguraren aldetik, katuak buztana luze daukanez beste guztiek be halan daukela uste dauela dino. Halan izaten da personen beste ezaugarri batzukaz be. Alperra danak beste guztiak alpertzat joten ditu, bardin lapurrak edo beste edozeinek.

Erderaz horren parekoa dogu “Cree el ladrón que todos son de su condición”, eta erderazko hori erabilten dogu euskerazkoaren ordez.

Euskerazkoak beste aldaera bat be badauka: Azeriak buztana luze, berak legezkoak besteak uste.

Errefrauetan ohikoa dan moduan, esaldia trinkoa da, aditz barik eta ideak alkarren ondoan direla, hoskidetasunaren bitartez bardinduta.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 885
2013.10.18

Bizkaiko idazleak: Aita Lino Akesolo (Dima 1911-Bilbo 1991)

Belokeko eleizaren inaugurazinoa, 1975-09-07. Lino Akesolo, Mikel Zarate, Jose Mari Rementeria, Karmelo Etxenagusia, Roger Etchegaray, Mauro Elizondo.

Lino Akesolo Diman, Oban jaio zan, Akesolo deritzan baserrian. Bederatzi urterarte auzoko eskolan ikasi eban; euskeraz ikasi be, irakaslea euskalduna zan eta. 1921ean, 10 urteko zala, Zornotzara, Larrara joan zan ikasten. Humanidadeak lehenengo, horren ostean urtebete Markinan eta beste hiru Gasteizen filosofia ikasten. Ostean, Teologia, Begoñan dagoala. Eta ikasle zala emon eban Meza barria, 1934an. Ikasketak amaituta, Zornotzako ikastetxe barrira joan zan irakasle.

Gerra etorri zan, eta Aita Lino Eusko gudarien Teniente Kapellau ibili zan Itxasalde batalloian, Matxin taldean. Espetxean be egon zan. Hiru urte kartzelan, eta beste hiru baldintzapeko askatasunean, baina Euskal Herritik kanpora. Kantabria aldetik ibili zan batez be aldi horretan.

1948an teologoen irakasle egin eben, lehenengo Gasteizen eta gero Begoñan, hamazortzi urtez.

Lino Akesolok barru-barruan eukan etxeko euskera, eta haren balioa agertuten eta arakatuten emon ebazan hainbeste urte. Kanpoan hizkuntzak ikasten ibili zan aldia onuragarria izan eban euskera bera ikusi eta estimetako.

Irakurle sutsua izan da, beti libururen bat besapean hartuta. Liburutegi eta liburudendetan sagua lez ibiltekoa zan, jakinguraz beteta.

Zeregin asko bete ebazan kultur arloan. Bizkaiko Eleizbarrutiko Liturgi-Batzorderako izentau eben 1964an, eta Eleizbarrutien arteko Liturgi-euskeratzaileen taldekoa 1968an, Bizkaikoen buru.

1963an Euskaltzain Oso egin eben, baina berak uko egin eutsan izendapenari. Dana dala, lagunduteko eta behar egiteko prest agertu zan, eta hainbat batzorde eta beharretan parte hartu eban.

1978an Euskerazaintza sortu barriak taldeko buru egin eban.

Karmeldarren nagusi be izan zan Donostian eta Markinan. Gero Begoñara bialdu eben. Izan be, Diccionario Retana de Autoridades aspalditik hasita egoan, eta horreri ekin eta atzena emoteko asti gehiago euki egian bialdu eben Begoñara. Hiztegi hori lan handia da, eta berez Aita Linoren izena euki behar leuke, bera izan zalako gehien-gehien egin ebana. Azkueren hiztegiaren ostean, hiztegigintzan pausurik handiena hori izan zan duda barik bere garaian. Behar handia, zehatza, gaurko bitarteko barik egindakoa, eta betiko erreferentzia izango dana.

Lino Akesolok asko eta asko idatzi eban, baina batez be artikuluak. Horregaitik, bere lana batean eta bestean zabalduta dago. Karmengo Argia, Karmengo Egutegia, Karmel, Zeruko Argia, Zer, Euskera, Olerti, Egan, RIEV eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu ebazan artikuluak. Eragozpen hori ikusita, Karmel-en arduradunek, artikulu guztiak batu eta ale bitan atara ebezan Idazlan guztiak izenagaz. Euskera eta euskal kulturaren adar guztiak erabili zituan Lino Akesolok bere idazlanetan, beti zorrotz eta artez. Behin baino gehiagotan entzuna “Aita Linok hori badino kontuz, zeozergaitik izango da eta”. Ez zan aiko-maikotan eta koipekerietan ibiltekoa, gauzak berak ikusten zituan moduan esaten zituan, beti zehatz, argi eta zentzun handiz.

Euskal idazle zaharrak ondo aztertuta eukazan, mugaz bestaldekoak zein hemengoak. Euskalki guztiak ondo be ondo menperatuten zituan, eta literaturan be aditua zan guztiz.

Aita Linok itzulpenak be hainbat egin ebazan. Gehienak bere izenik barik dagozanez ezin da jakin zer egin dauan, baina asko eliz-gaiak dira. Esaterako, entzute handikoak dira Iratzederrek euskeratutako Salmoak berak bizkaieraz zelan egokitu zituan, Santa Teresaren idatziak itzuli ebazan, eta beste batzuk.

Horrez ganera latin, frantses, aleman eta inglesetik asko itzuli eban gaztalaniara, aldi baten hemen barriak ziran filosofo eta pentsalarien lanak berak ekarri zituan hona erderatuta.

Hainbeste behar egin eban Aita Linok euskeraren alde, eta hori dala ta, hainbat omenaldi egin eutsezan han-hor-hemen: 1984an Bizkaiko Eleizbarrutiko eleiz-gizonek, 1987an Labayru Ikastegiak, 1989an Bizkaiko Aldundiak, 1989an Dimako herriak, Euskerazaintzak eta Euskerazaleak alkarteak, 1989an Eusko Jaurlaritzak Euskal Letretako Merezimenduko Saria emon eutsan, eta jaioterrian, Diman.

Esatekoak 0
Ikusita: 1097
2013.10.10

Estilo-oharrak XIV: Bizkaitik Bizkaira, ez *Bizkaiatik Bizkaiara

Azkuek harako Vizcaytik Bizkaira bere euskerazko zarzuela bati izena ipini eutsanetik, bertoko euskaldunen artean zalantza gitxi izan da toki-izen honen erroa Bizkai dala, eta Bizkaia, artikulu eta guztiko oguzkera. Lurraldearen izena: Bizkaia. Non bizi: Bizkaian. Nondik nora ibili: Bizkaitik Bizkaira. Bizkaiko zein parte: Bizkai osoa.

Beste hainbeste esan daiteke herri dantza-kopletan Matxalen Busturiko aitatzen danean, *Busturiako esaterik betiko euskaldun dan bati sekula burura be ez jatorkola, belarrian min egin barik behintzat. Mañariko ezizenaz izenpetzen zituan Errose Bustintza mañariar emakume idazleak Euzkadi egunkarira eta beste agerkarietara bialtzen zituan idazlan polit txukunak. Dakigula, *Mañariako legezko goitizenik ez eban erabili. Nahiz eta izen-akaberako -a hori agirian egon, esaterako, honako koplan: Durangon bazkalduta / Mañarian gora / aldats handia dago / San Antoniora.

Alzola Muntxaraz abade olerkariak, XVII. mendean Ondarrabiko urian frantsesen eraso bortitzari eutsi eutsan Domingo Hegiko gudalburuari, Deustuko semea bera, eta beragaitik esan ebanean Jandone Peri Deustuko batizadua zala –gaur errazago ulertuko geunduke Deustuko San Pedro eleizan‑ hak be ez eban *Deustuako ez antzekorik aitatu, Deustuko garbi-garbia baino, eta ordurik ziur dakigu Deustuan jaio zala. Zamarripa idazle sondikoztarrak be sarri idatzi ohi eban, txorierritar peto-petoa izanda, Asuan edo Asuen hau edo bestea jazo zala, baina urlia edo berendia Asukoak zirala.

Gaur egun, ostera, bestelako haize-erauntsiek joten dabe sarritxo, bai hedabideetatik, bai administrazinotik, bai itzultzaileen artetik… gramatika eta irakasle onak aparte itxita be. Batean Getariako txakolina, Getariko eta inguruetako jente askok edaten dauena. Bestean, Zumaiko herriko etxea be aspalditxo Zumaiako Udala izenaz bateatu eben. Eta Bizkai aldean be ez dira ingurugiroaren aldeko iragarki-kanpainak falta, batean Bizkaia bizia, bestean Bizkaia iraunkorra, berez Bizkai bizia edo Bizkai iraunkorra gure belarriek gozoroago entzungo leukienen lekuan. Mallabitik Ermura Trabakutik igarota joan beharrean, badira *Mallabiatik *Ermuara *Trabakutik igaro barik joaten diranak. Danetarik entzun edo irakurten da gaur egun.

Nongoa dan itaundu izan baleutsoe gure aitaginarra zanari, herriz Arratzukoa eta auzoz Barrutikoa erantzungo eukean zuzen, ez *Barrutiakoa zanik edo *Barrutiara edo *Barrutiatik datorrenik, ezetara be. Belarria adi daukanak, erraz aitzeko moduan.

Baina badira bestetara jokatzen daben –ia, -ua, -oa toki-izenak be; hau da, akabuko –a hori euren errokoa dabenak eta berez sekula galdu behar ez dabenak. Halan gogorazoten deusku harako: Donostiako Gaztelupeko sagarduaren goxua kantu-koplak, nahiz eta gaur egun hainbat hiztunek Donostiko Acuariuma ikusten doazela esan. Edo esaten dabenak eurak Errenteriakoak dirala lehen eta orain, lehen Ajangiz barruan eta orain Gernikaren mendean.

Arazorik latzena, azken -a guztiz galdu daben izenekin jazoten da. Zein hautatu: -a duna ala –a bakoa? Ibarrangelua ala Ibarrangelu? Aulestia ala Aulesti? Berriatua ala Berriatu? Ebatzi erabatekoa emoten ez da erraz, baina hiztunen artean era zaharra oraindino bizirik dagoan kasuetan, hari eustea da ziurrena. Asko dira Forun bizi dirala dinoenak, baina badira Foruen (Foruan) bizi diranak oindinokarren. Ba eutsi deiogun Forua izenari, nahiz eta gero Forutik Gernikara edo Gernikatik Forura paseoan ibili.

Halan izan bedi.

Iturriko

2013-10-02

Esatekoak 0
Ikusita: 1439
2013.10.03

Estilo-oharrak XIII: Ardi-txakur, Artzanor eta Artzain-txakur

Herri-kirolak indarrean dagozan aldi honetan, ardi-pastore edo artzainena be ez beste batzuk baino gitxiago. Gure herri telebistan zuzenean ikusteko erea izaten da aspaldiko urteotan aldiro edo eratzen dan bakotxean zorioneko “artzain-txakur lehiaketa”. Idatzizko zein entzunezko hedabideetan be bere oihartzuntxoa dauena.

Pastoreek, artzainek edo ardi-pastoreek beste batzuen esanean, bizimodua ardizainen emon eta bizibidea ardizaintzatik dabenek, ezinbestekoa dabe, lehen zein orain, txakur bat edo biren laguntasuna, hainbeste ardiri jabe egiteko, batez be ardi-errebainu, artalde edo ardi-aldra ugariaren jabe diranek, euren jarduera latza arintzeko.

Ardiak jagoten dituen txakur mota berezi horri ardi-txakurra esaten jako gehienbat sartalde-euskeran; halan deitu izan deutsagu guk be. Esangurea garbia da: ardiak jagotea da txakurron zeregin nagusia.

Badira, dana dala, beste txakur mota batzuk be, euren zeregin edo jarduera berezitik izena hartzen dabenak. Badira: luki-txakurrak, sagu-txakurrak, arratoi-txakurrak... Ezagunagoak dira kaza-txakurrak edo ehiza-txakurrak… Badira eurak dabiltzan lekuetatik (ura, itsasoa) izena hartzen daben txakur antzeko baina txakur ez diran animaliak be: urtxakurra “nutria”, itsastxakurra “foca” edo lur-txakurra “alacrán”, kasurako, baina benetako txakur diranak be bai: kale-txakurrak edo basatxakurrak, otsoari zein azeriari emoten jakola izen hau. Badira beste animalia baten antzeratik izena hartzen daben txakurrak be: zezen-txakurra, gazt. “perro dogo”, berbarako.

Baina ardiak jagoten dituan txakur mueta horri, ardi-txakurraz ganera, beste izen bat emoten jako euskerazko tradizino idatzian itzal handiagoa daukana: artzanora, gaur tamalez indargetuta hiztunen erabileran, baina idatzizkoan ardurea hartzekoa. Halan zinoan Mogelek giputz artzainaren ahoz Peru Abarka-n: "Artzaien txakurrei esaten zaie Artzanora".

Gaur modaratu dan artzain-txakur zorioneko izen horrek ez dauka ibilbide luzerik, eta zaharrik hainbat gitxiago, baina berau zabaldu da orioaren antzera gaurko euskal hedabie guztietan; ha ta guzti be ez nago ziur hiztun naturalen iturriari jaramon handirik egin jakon hautu horretan. Hiztunentzat esangura gehiagokoa da txakurraren jardunbidea, hau da, ardi zaintza, haren jabe dan artzainaren izena baino.

Edozelan be bizkaieraz bat erabiltekotan ardi-txakur hobetsiko genduke, sinonimotzat artzanor zaharra lagun dauela.

 

 

Iturriko

2013-09-20

 

Esatekoak 0
Ikusita: 986