kontaktua
2013.11.29

Esakerak IV: Txakur zaharra ez da engainakorra

Erderaz eta euskeraz irudi bakar bat erabilten da pertsona batek ofizio edo jarduera baten denbora luzea daroala adierazteko: Ha txakur zaharra da.

Txakurrak eskarmentuaren bitartez ikasten dau, hortxe dago metafora eta esakera honen jatorria. Eskarmentua badaukazu, askotan engainatu bazaitue, nekez engainatuko zaitue hurrengoko baten. Horregaitik esaten da txakur zaharrak ez direla errez engainatzen.

 Erderaz antzeko esaera bat darabile: Sabe más el diablo por viejo, que por diablo. Deabrua jakituna da, baina jakituria hori gehienbat eskarmentutik jatorko, adinak eta denborak emondako esperientziatik.

Zeberion esakera honen antzeko aldaera bat aurkitu daiteke: Egur eskarmentatua sugin ona da. Txakurraren irudi berbera da. Egurrak eskarmentua badauka, su egiteko gai izango da, bere helburua ondo beteko dau. Irudi hau personekin lotuz, persona batek eskarmentua badauka, beti aurrera egingo dauela esan geinke.

Esatekoak 0
Ikusita: 733
2013.11.22

Estilo-oharrak XVI: Aste eta astebete ez dira bat. Hile eta hilabete bai?

Aste izen soila da eta gramatikal bihurtzeko mugatzailea behar dau: aste-a. Astebete, ostera, izen gramatikala da: Zenbat denpora da? itaunari erantzunez: Astebete (da), esaten dogu, baina ez *Astebetea. Aste izenari bete erantsita, gramatikal bihurtzen dogu; bete horrek mugatzaile-zenbatzailearen ordezkoak egiten ditu.

Denpora-izen jakin batzukaz daukagu fenomeno bera: ordu > ordubete, aste > astebete, hile > hilabete, urte > urtebete. Baina beste denpora-izen batzukaz ez da erabilten: gau, egun, goiz, arrats, minutu, esaterako. Erreferentziazkoen diran izen jakin horreekaz bakarrik.

Nekez onartuko gendukez: Minutu bete behar izan dot… edo Goiz betean egingo neuke hori edo Gau bete iraun dau erostaka. Denpora-izenok euren iraute-denpora zentzuan ulertzeko oso edo oso bat erabiliko gendukez honeetariko berbakaz: goiz osoa, arratsalde oso bat, gau osoa, iluntze osoa… edota guztia multzokariaz be bai: goiz guztian, arratsalde guztia, gau guztikoa. Denpora laburraren adierazle diran izenakaz, minutu edo segundo, -a edo bat, beste barik: segundoa / segundo bat, minutua / minutu bat; holako izenetan, denporearen iraupenak barik, uneak edo momentuak dauelako leba.

Aste izena ardatz hartuta, nik esan nei: Aste osoa / aste oso bat edo aste bat osoa… behar izan dot lan hori amaitzeko. Zein onura dauka bete erabilteak? Laburbidea: Astebete behar izan dot…, edo denpora-iraupenari enfasia emon gura izan ezkero: Astebete osoa… Baina nekez esango genduke: *Astebete bat behar izan dot…

Honako sintagma biak zuzenak dira berez: hile osoan / hilabete osoan. Baina mezua ez da bera: bigarrena markatuagoa da, gazt. ‘durante todo un mes’ edo halako zerbait.

Barriro gogorarazoko dogu zertan datzan aste eta astebete hitzen arteko diferentzia? Aste hitz lexikala da, eta gramatikala izateko, astea, aste bat, aste osoa edo halakoren bat behar dogu nahi eta ez. Astebete, ostera, hitz lexikala eta gramatikala dogu aldi berean: Astebete da ikusi ez zaitudala. Gramatikaren aldetik bete horrek bat zenbatzailearen ordezkoak egiten ditu. Horregaitik, bada, bat eta bete izen sintagma berean ez dira erabilten eta ez dira erabili behar.

Hile, aste, urte batetik eta hilabete, astebete, urtebete bestetik, eredu bien arteko erabilera kontestuak argitzeko adibide batzuk ekarriko ditugu idatzira:

Ingurune batzuetan bete bako izena erabilten da, baina beste batzuetan ordezkagarri izan daitekez:

Hile erdi da / *hilabete erdi da

Hile eta erdi / hilabete eta erdi

Hilean hilean /*hilabetean hilabetean

Hilean behin /*hilabetean behin

Hilean birritan / *hilabetean birritan

Hiletik hilera / *hilabetetik hilabetera

Hileko gorabeherak / *hilabeteko gorabeherak.

Astero / hilero / urtero / *astebetero / hilabetero? / *urtebetero.

Asteka / hileka / urteka baina ez *astebeteka / * hilabeteka / *urtebeteka.

Ondoko inguruneetan bete ez da txertatzen edo ez da zertan txertatu:

Zein hiletan jaioa zara zu?

Aste gehienetan joan beharra daukat.

Zenbat hile igaro dira azkenengo ikusi ginanetik?

Edozein hiletan ezin da artoa erein.

Hainbeste hilean ez dot ikusi. Ekialdeko sistemaz: hainbeste hiletan, mugagabez. Gaztelaniaz “durante tantos meses” litzateke.

Asteka banatzen da hilea, hileka zatitzen da urtea eta urteka zenbatzen da mendea.

Hilabete, astebete, urtebete honako inguruneetan dator harira:

Hilabete da ikusi ez dodala. Edo: Bost hilabete da…

Bederatzi hilabete edo bederatzi hilabetean egoten dira andrak seindun.

Handik hilabetera / bost hilabetera sartu zan gerrea.

Jose Antonio Uriarte idazle frantziskotar Arrigorriagako semeak XIX. mendearen erdirantz honako izenburua ipini eutsan maiatzeko loren gaineko liburutxo bati: Mariaren illa edo Maijatzeko illa. Hilabete iraun arren Mariaren lorak, ez jakon akordau Mariaren illabetea ez antzekorik liburua bateatzeko.

Jarduera hau ezertarako balioko baledi, hala biz.

Iturriko

2013-11-29

Esatekoak 0
Ikusita: 1065
2013.11.15

Esakerak III: Bahe barriak, uruna zuri

Errota munduko esakera bat da, sasoi bateko gizartean danak ondo ulertzen ebena. Esanahiaren aldetik, zeozertan hasten garenean ahalegin osoa jartzen dogula esan gura dau.

Ume txikiak ginnean, adibidez, ikasturteko lehenengo egunetan letra ona egiten genduan, baina egunak igaro ahala, letra hori gero eta okerrago eta itsusiagoa bihurtuten zan. Edozein lanbide eta jardueratan gertatzen da: hasieran ahalegin handiz ahaleginduten gara, baina apurka-apurka ondo egin gura hori baztertu, ahaztu eta alperkerian jausten gara.

Ezkonbarriei be antzeko zeozer esaten jaken: Ezkonbarritan galbaheagaz ura ekarri; gerora, edarreagaz be ez gura. Galbaheagaz ezin leike urik ekarri, akaso tantaren bat edo; beraz, ezkonbarritan galbaheagaz ura ekarri-k ezkonbarritan ezinezkoa lortzeko be ahal dan guztia egiten dala adierazten dau, zailtasun handienari aurre egiteko prest gagozala. Bigarren zatiak, ostera, denbora igaroten dan heinean gogo hori eta prestutasun hori itzaltzen doazela dinosku.

Esatekoak 0
Ikusita: 662
2013.11.08

Esakerak II: Ondo eginaren pagua, ate osteko palua

Esker ona esker txarragaz ordaintzen dogula esateko edo egiten deuskuezan mesedeak ondo eskertzen ez doguzela esateko erabilten da.

Palua inguruko euskeran nekez entzun daikegun arren (makila edo agea esaten da gehienbat), berba indartsua da, makilakada esan gura dauelako. Gainera, “ate ostekoa” izateak indar gehiago emoten deutso, ikusten ez dan makilkada, asmo txarrez emondako makilkada dala adieraziz. Beraz, esakera honek gizakion izakeraren alderik gordinena erakusten dauela esan geinke.

Ahozko hizkuntzan bizi-bizirik dago eta hedadura handikoa da erabileran.

Esatekoak 0
Ikusita: 758