kontaktua
2013.12.19

Esakerak VII: Han ere txakurrak dira

Añibarrok eta Mogelek batutako esakera hau ez da hitzez hitz ulertu behar. Hitzok irakurrita leku guztietan txakurrak ortozik ibilten direla ulertu behar dogu; Ameriketan, adibidez, txakurrak ez direla lukainkagaz loturik joaten; leku guztietan gertatzen dan antzera, han be txakurrak sokeagaz lotuta joaten direla. Esakera honek leku guztietan egoera bardintsuak gertatzen direla dinosku; hau da, leku guztietan gorabeherak dagozala, ez dagoala paradisurik.

Horren antzekoa dogu erderazko En todas las casas cuecen habas esakera. “Baba” hori eguneroko gauza bat da, tripa betegarri eta asegarri oinarrizkoena, luxu handirik ez daukana. Etxe guztietan jaten dira babak, lantzean behin edo nonoz akaso beste gauza bereziren bat jan leiteke, baina egunerokotasunean eta normalean, mahai gainean babak dira nagusi. Gaztelerazko esakera honek, gainera, buztantxo bat dauka: En todas las casas cuecen habas, y en la mía, a calderadas. Honek norberaren etxean kontuak besteetan baino leunagoak ez dagozala esan gura dau.

Euskeraz be gaztelerako esakera horren parekoa aurkitu daikegu: Mundu handian, kontu handiak; eta gure etxean, handiagoak.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 962
2013.12.11

Esakerak VI: Ardi txikia beti bildots

Abeltzaintzarekin lotura daukan esakera honek andra bat txikia danean beti gazte azaltzen dala dinosku, ez dauzala daukazan urte guztiak agertzen. Horretarako, bildotsaren irudia darabil: ardia txikia bada, ezin da jakin ama edo kumea dan.

Esakera horren parekoa da Behi txikia beti bigantxa esaera. Kontzeptu bardina emoten deusku aditzera. Behiak tamaina txikia badauka, ez da errez igartzen behia ala kumea dan.

Gazte izateak edota gazte agertzeak hainbesteko garrantzia daukan garai honetan, esakera zahar honek gazte agertzeko baldintza edo aholku bat emoten deusku: neurriz txikia izatea.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 907
2013.12.04

Esakerak V: San Bixente hotza, neguaren bihotza

Bizi-bizirik dagoan esakera baten aurrean gagoz. Neguaren erdi-erdian (San Bixente urtarrilaren 22an ospatzen da) gagozala esateko, edo Bixenta Mogelek esaten eban moduan, neguaren erraian gagozala esateko erabilten dogu.

Ohituta gagoz “negu” berbea “neguko hotza” eta “neguko ohiturak” bezelako egitura gramatikaletan erabilten, baina neguaren “bihotzaz” esatean pertsonifikatu egiten dogu eta, horregaitik, -aren posesiboa darabilgu. Horrezaz ganera, esaldiaren erakerari jagokonez, “hotza” eta “bihotza” berbek hoskidetasun osoa egiten dabela esan behar da, lehenengokoa bigarrenaren barruan dagoalako.

Sasoi bateko urteko egutegia santuek markatzen eben, egun-seinaleen (urteko egun bereziak: San Juan –udako solstizioa-, Santa Ageda, Natibitate eguna…) bitartez. San Bixente beste egun-seinale horreetariko bat da, eta hori da esakera honek adierazten deuskuna.

Esatekoak 0
Ikusita: 716