kontaktua
2014.01.24

Genero kontuak giza izenetan

Generoa, ar-eme bereizkuntza, euskal hizkuntzak gramatika bidez ez dauela marketan gauza jakina da, sarritxutan esan eta entzun izan da. Gaztelaniak, berbarako, ar-emeak bereizteko izen askotan eta adjektibo normaletan -o / -a atzizkiak darabilz aurrez aurre, eta artikuluak be diferenteak ditu, el eta la, eta esparru laburragoan lo neutroa be. Aleman hizkuntzak be der, die, das artikuluen bidez bereizten ditu izen maskulino-femenino-neutroak: der Mann, die Frau, das Auto.

Euskereak ez, ostera. Aspaldi idatzi eban Arnaud Oihenart zuberotarrrak Notitia Utriusque Vasconiæ, tum Ibericæ, tum Aquitanicæ... latinez onduriko obra mardulean (1638): “Primò in iis [nominibus] illud singulare est, quod nullum masculini, feminini aut alterius generis discrimen agnoscunt.”

Gizakion arlora mugatzen bagara, jo daigun guraso berbea. Gurasoa, aita zein ama izan daiteke, eta gurasoak, normalean aita eta ama biak. Okerrago dabilz gure gazteen arteko batzuk, erderaz mis aitas edo mis aitites esaten dabenean, eta askoz okerrago euskeraz nire aitak ahotik ateraten dabenean. Handia da, gero! Aitak bat baino gehiago, eta amarik ez! Hurrekoren bati inoiz itaundu deutsat: Zenbat aita daukazak hik ba? Guraso berbea erabilteko ekandurik ez daukienek, aita eta ama esango leukie, eta beste batzuek aita-amak.

Lagun berbea erderazko 'compañero, amigo' edo 'compañera, amiga' bitzuk izan daiteke, genero bietarako da gauza. Adineko jakingura batek gazte bati itanduko baleutso: Zein dozu laguna, ba?, ihesbideko erantzuna emoteko, edozein mutil zein neskaren izena emon, bardin izango leuke. Baina generoa zehaztu gura baleu, mutil-lagun edo neska-lagun berba elkartuak erabiliko leukez, ingelesez boyfriend edo girlfriend egiten diran antzera. Lagun berbea generoz neutroa da; mutil eta neska behar ditu aurretik buztarrian, ar-eme diferentzia argitzeko.

Alarguna, gizonezkoa izaten da batzuetan, andrazkoa sarriago (arrazoi biologikoakaitik, jakina), baina genero bietarako ohi darabilgu. Eta bizi-alarguna be bardin gizonezko zein andrazkoa. Zehaztu gura izan ezkero, gizon alarguna edo andra alarguna esango genduke. Nork ez dau inoiz entzun harako dantza-koplea: Amorebietako / bizi-alarguna,/ bakarrik egon barik / hartuizu laguna.

Otseina, ogiko seina dogu egituraz, eta bardin balio dau mutikoa zein neskatoa izan, ume txikien izenekin jazoten danez. Izan be, seina, umea eta  haurra neutroak dira generoz. Zurtza, edo umezurtza berbea be, zurtz gelditzen dan mutiko zein neskatoarentzako izan leiteke. Sexu bientzako izenak dira, era berean, lagun eta adiskide be; bardin balio dabe gizonezko zein andrazkoentzat.

Ardura, kargu edo lanbide-jarduera bat beteten gizakiei be izen neutroak egozten jakez euskeraz: zuzendari, lehendakari, alkate, mediku, barberu, letratu, fiskal, abokatu, diputatu, okin, erizain... eta atzizkidun beste edozein (idazkari, ekonomialari, sukaldari, osagile, iturgin, gorule, itzultzaile, irakasle), euskal atzizkiak berez genero bakoak diralako. Konposatu batzuetan, gauza bera: mandazainak genero garraian ebiltzanei eritxen, batzuetan gizonak, baina Domingo Agirrek Kresala-n aitatzen dituan Tramana eta Brix mandazainak, edo arrain-saltzen ziharduen astodunak, emakumeak ohi ziran.

Horreetarikoetan generoa bereizteko jaun edo andere/andra alboan ipinita baino beste biderik ez dago. Tradizino zaharrean, eta Iparraldean gaur egun be, kargudun-izenaren aurrean ipini izan da: jaun diputatua / andere diputatua, jaun auzapeza / andere auzapeza, jaun abokatua / andere abokatua. Baina geure tradizinoan be antzera: Maixu Juan eta andra Madalena deritxe Mogelen berba-jardunetako pertsonaia biri. Eta senitarte kontuan halantxe darabilguz hondino be: osaba Peru, izeko Mari, lehengusu Xabier edo arreba Tere.

Baina hegoaldeko erabileran, jaun eta andra/andere atzean ipinteko joerea da nagusi, eta gaur egun halan erabiltea gomendatzen da: alkate jauna/alkate andrea, zuzendari jauna/zuzendari andrea...

Lexikoan finkaturiko konposatu batzuek be ezagun dabe ar-eme generoak bereizteko sistema hau, gizon edo andra berbea atzean dala: plazagizon, legegizon, eleizgizon, olagizon... gizonezkoetarako, eta plazandera, etxandera... emakumeetan. Ez jakuz, ostera, hain hurreko egiten eleizandra, legeandra edo etxegizon, baina hizkuntzak horretarako bidea zabalik dauka. Lanbide edo jarduera jakinetan gizonezko edo andrazkoak egoteak finkatu ditu era horretara berba alkartuok, baina etorkizunean zergaitik ez baliatu egitura hau lanbide modernoetarako. Gaur egun badira zientzia-andrak be, zientzia-gizonak ezeze, andra gidariak, bai taxi, bai bus, baita kamioidunen artean be.

Genero bereizkuntza horretatik bereiz itxi beharra dago giza hitzoina: gizalegeaz, gizabideaz, gizarteaz, gizatasunaz eta batez be gizakiaz dihardugunean, bientzako da.

Gizakietan ar-emeak bereizteko izen banakoetara jo beharra dago: gizon-andra, agure-atso, osaba-izeko, anaia/neba-arreba, seme-alaba, mutil-neska lehengusu-lehengusina, aitajaun-amandre, aitaxe-amaxe, morroi-neskame... edo bide bereko konposatuetara: gizaseme-andrakume, gizonezko-andrazko, gizakume-emazteki, aitabitxi-amabitxi e.a. Eta bereizkuntza beharrik sentitzen ez dogun kasuetan, neutroetara joten dogu: arbaso, asaba, senide, besoetako edo ginarreba. Azken biok aita edo ama hartzen dabe aurretik, bereiztu gura diranean.

Atzizki berezia hartzen dabe errege eta lehengusu berbak femeninoa adierazoteko, erregina eta lehengusina. Sakonean, mailegu bidez. Maileguetara joten dogu baita, gizaki batzuen ardura edo kargu-izenetan. Halangoak dira: kriadu-kriada, maisu-maistra eta antzeko kasuak.

Eta azkenez adjektiboen arloan genero banaketa zelan egiten dan gogorarazo daigun. Izan be, sartaldeko gure euskeran bereizkuntza markatzeko joera zorrotzagoa dago, erdi eta ekialdeko hizkeretan baino eta. Euskal jatorriko izenlagun batzuetan be bai, baina batez be maileguzkoetan, gaztelaniatik harturikoetan. Maileguok, zaharrak izanda be, banaketa formalak dirau, eta eurekazko analogiaz amaiera bikotxa daukie euskal etorkiko beste batzuk be. Adibide batzuk emotearren: gixajoaren lagun gixajea daukagu, eta bide beretik koitadu-koitada, kokolo-kokola, lelo-lela, potolo-potola, mozolo-mozola, txotxolo-txotxola eta errenkada luze bat.

Gradu-atzizki zahar bat be, -to / -(r,l)do femeninora hedatu da sartaldeko hizkeretan, -ta/-da garatuaz. Halan daukaguz bajuto-bajuta, bizardo-bizarda, koipezto-koipezta, ugerdo-ugerda... Danak be kualidade gozagarri bakoak. Bide beretik, urde edo zoro hitzen ondoan, zoranga eta urdanga garatu dira. Eta atzizkia mailegu garbia danean, -eru/-era erromantze-kalko garbia daukagu. Zesteru badaukagu gizonezkoentzako, errekadera andrazkoentzako.

Labur esanda, arau nagusia generoa ez markatzea bada be, intzirrikatuak be izan dira genero-aurkakotasuna morfologia bidez markatzeko, eta salbuetsion barri be emotea izan da gure asmoa.

Iturriko

Esatekoak 0
Ikusita: 1078
2014.01.17

Estilo-oharrak XVIII: NAHI DOGU EGIN ala NAHI DOGU EGITEA?

Sarritan sartzen jaku zalantza, nahi izan/gura izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, hoba izan eta taiu horretako aditz lokuzino jakin batzuen azpian menpeko osagarri bat daukagunean, eta menpe-esaldi horretako aditza jokatu barik darabilgunean, aditz jokatubako hori, partizipio mugagabean itxi ala -tea aditzizenaz markatu behar dogunentz.

Berbarako: Hoba dogu geldi egon ala Hoba dogu geldi egotea, zein erabili edota noiz zein erabili. Araua zehatz emoten ez da beti erraz, baina argibide bat emoten ahaleginduko gara.

Subjektoa bat eta bera danean aditz nagusian eta osogarrian, garbiena mendeko aditza partizipio soilaz markatzea da. Halan:

Hoba dozu isilik egon, barriketa hutsean denporea alperrik galdu baino.

Aditz nagusi eta mendekoaren arteko ordeneagaz estu lotuta dago zalantza eta ezbaia. Arazoa, edo zalantza, aditz nagusia aurretik eta mendekoa atzetik doanean sortzen da ia beti.

Mendeko aditz osogarria aurretik eta nagusia atzetik danean, zalantza gitxiago izaten dogula dirudi. Aditz biak subjekto berak gobernatzen dituanean behintzat. Holan danean, partizipio mugagabea berez legez darabilgu gehienetan.

Joan ez hoba!

Batera eta bestera ibili gurago leuke.

Jatorduetatik kanpora jan, sekula ez zenduke egin behar.

Subjekto bera dogunean aditz nagusian eta osagarrian, garbiena, zuzenena eta laburrena be, aditz partizipioa soilik ixtea da, mugatu barik. Aditz diferenteakaz adibide bana:

Goizean lehenengo-lehenengo egin behar dozu, ohetik jagi eta armozau.

Gurago dot, horreekaz urten baino, etxean gelditu.

Hoba da gauzak sasoiz egin, azkenengo momenturaino itxaroten egon baino.

Ahal baneu euren alde zeozer egin, ardura barik egingo neuke.

Ezin dogu egoera latz honen aurrean isilik egon; jarki beharra dago.

Subjekto diferenteak dituenean aditz nagusiak eta menpekoak, orduan ez da dudarik: -tea aditzizena erabili behar da nahi eta nahi ez:

Nahi dabe ardurea guk hartzea.

Behar dot zeuek be apur bat laguntzea.

Hoba da, etxetik urten aurretik, ezer ahaztuten jakun kontu hartzea.

Aditzik gehienak, ostera, bestetara jokatzen dabe. Beste Aditz nagusiaren subjekto bera dagokionean mendeko osagarriari, mendekoaren aditza -tea aditzizen absolutoaz markatzen da. Halan:

Komeni jatzu isilik egotea edo atzekoz aurrera: Isilik egotea komeni jatzu.

Ondo dator kopautxu bat egitea, baraurik ardaoa edatea baino.

Txarto dago edo Ez dago ondo, jenteari guzurrak esaten ibiltea.

Ez deutso ondo eretxi itxaroten egotea.

Hor zehar entzun eta, batez be, irakurten diran egitura batzuk baztertzea komeni da, edozelan be. Okertzat joko genduke, berbarako: *Egia da danontzako nahi dogula programazio bat egitea, eta zuzentzat beste hau gomendatu: … danontzako nahi dogula programazio bat egin.

Zuzentzat joko genduke: Nahiago dot batzordekide izateari itxi eta ez arrazoi barik arduran segidu. Nahiz eta sarriago agiri dan beste honetara idatzirik: …izateari ixtea eta …arduran segitzea. Zuzen-oker bereizte-lerroa honelako kasu batzuetan lausoa izan daiteke, baina bardinean egitura laburraren alde egin hoba: mendeko aditz osogarria partizipioa mugatubakoaz markatzea.

Iturriko

2014-01-13

Esatekoak 0
Ikusita: 660
2014.01.10

Estilo-oharrak XVII: Gabon eta Gabonzahar

Urte akaberako egun seinaladu horretan iragarki bat begierataratu jatan, Bilboko egunkariren baten orrietan: “Gabon Zaharra” eroian izenburutzat, eta Gabonzahar gau eta Urtebarri goizaldeko tren-metro orduen zehaztasunen gainekoa zan, hatan be. Eta neure artean esan neban: “Hau ez jagok ondo! Holan ez joagu esaten!”

Esan zein idatzi, Gabonzahar –eredu batuaz banan, Gabon Zahar–. Baina euskera etxean ikasi dauen batek nekez esango leuke esango: *Gaur Gabon Zaharra da. Bai, ostera, Urtezaharra, berba hori erabilten dan lekuetan, baina Gabonzaharra ez, arranoetan be.

Egunari berari gagokozanean, Gabonzahar, mugatzaile barik, eta ospakizun-eguna osotasun edo iraute ikuspegiz adierazoten dogunean, eta denporan urruntxoagotik, Gabonzaharrak, mugatzaile pluralaz: Gabonzaharretan norenera zoaze afaritan, gurasoenera ala ginarrebenera?

Gabon eta Gabonzahar berbakaz ez daukagu erdibideko -a mugatzailedun gramatikarik. Eta urteko beste jai-egun askogaz be antzera jokatzen dogu: edo mugagabeaz, marka hutsaz, edo pluralaz markatzen dira egun seinaladuok, izen berezien gramatika zehatzaz. Gramatikaz holan erabilten dira, kasurako: Natibitate, Urtebarri/Urtebarriak, Erregen/Erregenak, Pazko/Pazkoak, Domusantu/Domusantuak, Aratuste/Aratusteak, Basaratoste, Andramari/Andramariak, Eguenzuri, Gorpuzti, Eguenguren, Barikuguren eta beste horreetariko batzuk.

Mugatzaile singularraz markatzen ditugu, ostera, beste egun edo aldi seinaladu batzuk, ostera: Hauts eguna, Garizumea edo Aste santua.

Gabon berbea giltz harturik, eta Gaboneko kanten tradizinoa oparoa dan ezkero, gure literatura idatzi hain apal horren barruan, hor agiri diran era batzuk gogorazo gura neukez, gure hizkuntza senari ondo jatorkozanak: Gabon egin esaten zan lehenago, Gabon eguna zelebratzea adierazoteko; edo Gabonez esaten zan, Gabon egunez adierazoteko. Dakardazan gomutagarri honako ahapaldi txatalok:

“Gaur gabon gabon dogu,/ dirautse alkarri;/ gesi baten ez gara / izango egarri” (1831eko Bilbo Gaboneko kantea). «Dringilin don / gaur Gabon, / sabela betea daukat eta / besteak orkonpon» (Gabon-kantea).

“Poztu, poztu, jentiak, / aurten gabonetan, / inos baino geiago / soinu ederretan” (1813 Bilbo Gaboneko kantea), “Orain gabonetako / bolsa zimendubak / arrotu biarko dabe / sarturik dirubak” (1813 Bilbo Gaboneko kantea)

“Urte guztijetako / Gabongo legia / da soinu eder baten / kantia imintia” (1794 Bilbo Gaboneko kantea).

“Angeru ta arzainak / guztijak batera / eldu dira gabonez / Belengo eskepera” (1815 Bilbo Gaboneko kantea), “Txikitxu politxu / umetxu sotil,/ neguko larrosa ederrori,/ Gabonez mundura etorri zara,/ zeru lur gizonen miragarri” (1817 Bilbo Gaboneko kantea).

“Zuek geienean gabon egiteko aza-buru bat edo bakallao puska batekin askidatu ta konplitu dezue nerekin”, “Onenbesterekin, agur, bada kanpaeak badarauntsa ia, gabon egiteko, gure deiez” (Xabier Maria Munibe Gabon sariak).

Halanda ze: Gabon – Gabonak, Gabonzahar – Gabonzaharrak.

 

Iturriko

 

Esatekoak 0
Ikusita: 614