kontaktua
2014.02.19

BARIK ugaria eta askotarakoa da

Barik postposizinoa, bagarik zaharragoaren era laburtu modernoa, eta erdi eta ekialdeko hizkeretako gabe (bage) atze-hitzaren ordain gardena dogu bizkai euskeran. Beronen esangureak ez dauka ezkuturik: aurretik daroan izen, aditz edo dana dalako hitzaren esangurea ezeztatu egiten dau.

Baina ugaria baizen askotarakoa da. Eremu gitxi batzuk bereizi daiguzan.

Oinarrizko eremua: Barik aurrean izen bat edo izen multzo bat dauela, berari loturik darabilgu sarritan. Aurreko izen hori, ostera, egon daiteke mugatu barik (a), mugagabea dan -ik partitiboaz lagundurik (b), edota mugaturik, singularrez edo pluralez (c): “lagun barik, laguntasun barik”, “lanik barik”, “geure lagunak barik”.

Aurreko izena (edo izen sintagma, gura bada) mugatu barik dala darabilgu gehienetan, baina ez da ahaztu behar aurreko izenori mugaturik egotea be zilegi eta legezko dala. Eta horrexegaitik berorregaitik agertu daiteke izenordain bategaz be: “Nora zoaz gu barik”, “Ezer be barik urten dau”. Zenbatzailedun edo adjektibodun izen baten ondoren be agertu leiteke: “Beharrizan handi barik sekulako kalteak egin ditu”, “Atxakia asko barik beteten ditu bere zereginak”.

Baina gorago esan dan lez, izen sintagma mugatuakaz be berez eta legez erabili daiteke: “Matematikako ikasliburua barik ez da gauza eskolea emoteko”. “Ha ez doa inora bere andrea barik”.

Aurreko izenari -ik partitiboa dautsala erabiltea zilegi da, eta gramatika aldetik zuzena, berez. Hiztun askok halan erabilteko ohiturea dabe. Baina, ha ta guzti be, barik aurreko izenari partitibo-atzizkia txertatzeko derriorrik ez daukagu; ha barik be zuzena da eta esangura aldetik ez dau ezer be galtzen: “Adore barik dago ezer egiteko”, “Indarrik barik nago inora joateko”.

Bigarren erabilera bat, berbaz sarritakoa, agindu-emoteaz zerikusia daukana da; agindua ezezkako emoteko, jakina. Halan, dinogunean: “Zu, etorri ardura barik, ondo hartuko zara eta!” dinogunean: “eta ez arduratu!” esan gura dogu. “Kontuz, jausi barik!” esaten dogunean, “ez zaitez jausi!” esaten gabilz. Eta norbaiti dinotsagunean: “Inori ezer esan barik, gero!”, dinotsaguna da: “ez inori ezer esan, gero!”.

Hirugarren eremua, eta ugaria bera, aditz partizipioaren ondorik darabilgunekoa da. Halan: “Inork ezer esan barik egiten ditu behar guztiak” dinogunean, adierazoten doguna da: “eta inori ez deutso ezer esaten”. “Ikusi be barik daki hemen pasetan dan guztia” dinogunean, “Ikusi ez arren” kontzesibo balioa daukala esan lei. “Ezer esan barik aurrera segidu eban bere bidean” dinogunean, juntadurazko hartuemona daukagu oinarrian: “Ezer be ez eban esan eta …”.

Laugarren eremu bat notatu gura neuke, denporeagaz zerikusia dauena, ordu edo denpora-une jakin baten “aurretik, baino lehen, baino arinago” zeozer jazo dala adierazo gura dogunean, barik ohi darabil hiztun askok zenbaki sintagmaren atzetik: “Nora zoaz ordubatak barik? Hondino goizegi da eta!”. Domingo Agirrek Kresala-n dakarren esaldi hau erakusgarri: “Begiratu eutsien gazteok alkarri, eta Josepak, beste agurrik barik, “Txartela nahi dozu?” itandu eutsan Artoberori.” Hau da, “agur egin orduko”.

Bostgarren eremu bat bereizi geinke: ezezkako esaldiaz baieztapena zorrotzago marketako darabilgunekoa. Ezbai giroan, sarritan: “­Zu lo egon zara! –Ez, ez naz egon. –Ez, zera, egon barik!”, esatea lez: “Bai egon zara! Jakina egon zarana! Seguru egon zarana!”.

Seigarren eremua, arteragoko estilo-ohar baten jorratu genduana da, bizkaiera modernoari guztiz lotua. Ordezko aukerea adierazo gura dogunean, juntagailu aurkari moduan erabilten da sarri atze-marka hau, sinonimotzat dituala “-en ordez, -en lekuan” postposizinoak: “Geldian egon barik, mogidu zaitez!”. Edo: “Amorebietako bizi-alarguna, / bakarrik egon barik, hartuizu laguna” dantza koplakoa. Juntagailutzat darabilguneko kasu honetan, sintaxi berezia gordeten dau: lehenengo juntagaiaren atze-atzean ipinten da eta osagai horretako aditza isildu egiten da, edo osorik, edo adizki jokatua; bigarren osagaian ipinten da agirian aditza. Aho-korapilo antzeko hitz joko ezaguna da harako: “Jan barik joan barik, jaizu jan!”. Beste era honetara berridatzi daiteke: “Jan barik ez zaitez joan, janda baino”.

Zazpigarren eremu bat osotuko leukiee, beronegaz eregitako lokuzinoek: eta beste barik esamoduak balio propio apartekoa gordeten dau egitura batzuetan, horregaitik bakarrik edo nada más, solamente (por) gaztelaniazkoaren hurrekoa. Halan esan geinke: “Beraren gustukoa ez dala-ta beste barik alde batera itxi dau”.

Eta lokuzinotzat edo esamodu finkotzat jotekoak dira adberbio egitura jakin batzuk be, hitz oinaren aurkako balioa adierazotekoak, gazt. in-, des- eta antzeko aurrizkiakaz eregiten diranak, eta euskeraz barik honegaz egituratzen ditugunak; hitz segida eginak dira, esateko moduan: “geratu barik/eten barik/lotu barik”, “kezka barik”, “ardura barik”, “bildur barik”, “gehiagoko barik”, “akordu barik” (ohartzeke) eta beste hainbat.

Gaurkoz asko da.

 

Iturriko

2014-02-06

Esatekoak 0
Ikusita: 875
2014.02.14

Aratuste Inauteri Karnabalak

Inauteri edo Aratuste sasoian sartuak gara eta, gaiori atxakiatzat hartuta, argibide soil batzuk garanduko ditugu, gogoan harturik, bestetik, Labayru Ikastegiak oraintsu argitaratu eta gizarte aurrean iragarri dauela liburuska bat, Aratusteak Bizkaian deritxona, DVD baten osagarriaz lagundurik, berean arloari jagokozan kantu eta irudi bikainak eskeintzen dituana.

Karnabalak esaten jake gehienbat Bizkai eta euskera sartalde osoan Garizuma aurreko egunoi, eta Inauteriak edo Inauteak euskerearen erdi eta ekialdean, edo hitz berorren aldaeraren bat.

Baina euskerearen sartaldean badogu beste izen zahar bat, gaur be indarrean eta berbizturik dabilena: Aratuste edo Aratoste ohi deritxo lekuen arabera, baina badau beste aldaera zahar bat, Aratiste, hondino leku batzuetan ezaguna edo entzuna.

Ospatze-egunok bere osoan hartzen ditugunean, beste jaiegun batzukaz jazoten dan antzean, pluralez adierazoten ditugu: Aratosteak, Karnabalak, Inauteriak, Inauteak. Baina egun jakin bat izentau gura danean, esate baterako Garizuma aurreko martitzena, mugatu barik: Aratoste, Inaute, edota eguna izenaz lagundurik: Aratoste eguna, Inaute eguna, edota egunaren beraren izena gaineratuta: Karnabal martitzena, kasurako.

Aratoste edo Aratuste, holan bakarrean, karnabal martitzenari esaten jako hainbat lekutan, ez ziklo osoari. Gaztelaniazko mailegu-berbeak, Karnabal dalakoak lekua estutuko deutse euskal izen zaharrari; horren ondorenez gero eta mehatzago entzuten da betiko euskaldunen artean Aratuste berbea. Aspaldiko urteotan, Karnabal ospakizunak berbiztu diran neurrian, izen zaharra be berbizten hasia da; gero eta sarriago entzun edo irakurten da.

Inauteri berbea, oinarrian, Inaute + -iri denbora-atzizkiaz egituratua da. Halan bada, egunoi deitzen jake, baita, «Inauteak, Inoteak, Ihauteak, Ihoteak» eta aldaera gehiago. Inaute izen horren atzean -te denbora-atzizkia egon daiteke, «eurite, gerrate, ilunde» hitzetan dagoan antzera, eta aurreko osagaia pertsona-izen bat izan daiteke: Inaut, Enaut edo dalakoa. Zanpantzarrak hitzaren atzean Sant Pansart karnabal pertsonaia dagoan antzera.

Sartaldeko berba zaharraren hiru aldaera nagusion atzean bijilia-barauen gogoramena daukagu. Gaztelaniaz kristinau-eleiz giroan hain aitatua izan dan Carnestolendas zaharraren ordain zuzena. Gaztelaniazko hori be zaharkitu zan, eta euskerazkoa be horretara bidean izan dogu… oraintsu arte: Aratoste, Aratuste eta Aratiste, hirurak dira haragi-iste baten kumeak, harat- lehen osagaitzat eta iste/uzte bigarren osagaitzat dabenak.

Aspaldiren dokumentatua, Aratiste dogu, latineko carnes tollendas esapidearen itzulpenik gardenena. Arabako lautadako euskerazko izkriburik zaharrenetarik dokumentaturik dogu. Landuchiok (1562), gaztelaniako antruejo-ren ordaintzat aratizteak dakar, holantxe -ak mugatzaile pluralaz. Lazarraga poeta ezagun barriak be –Agurain-Salbaterra ondoko Larrea herritxoko jaun-semea berau– bere olerkietariko baten honan dino: “Esan badagie eztaozeela / alegere, baxe sekula triste, / nik diot egun dala aratiste” (Lazarraga). Baina Oinatiko Araotz auzoan be aatistiak batu eban Kandido Izagirrek, Arantzazu-Oinati parajeko bere berbategi ederrean (ASJU, IV, 1970). Azkuek bere hiztegian autor deusku berba hori entzun izan dauela non-edo-non, baina B lurraldeaz kanpora, bizkaiera ez dan lekuren baten. Aratiste eta Basaratiste Pl. Mugicaren hiztegi mardul ugarian be jasorik datoz (DVC 1965, 363), lehenengoa euskalki marka barik eta bigarrena (B) euskalki markeaz. Uribe-kostako herri batzuetan hondino be Basabatiste esaten deutsie Basaratoste egunari; azterka askoren beharrik ez dago, desitxuratze horren atzean Basaratiste zaharra daukagula kargutzeko, Batiste giza-izenagaz gurutzatuta edo.

Aratoste da bizkaieraren lur barruko eskualde eta herrietan nagusi izan dan itxurea, Deba ibarra barru dala. Añibarro arratiarrak bere Voces diferenciales hiztegian aratosteak dakar carnestolendas-en bizkaiera ordaintzat. Eibarren be halantxe jasorik dakarsku Toribio Etxebarriak, hiru eratako sarrerakaz: Aratoste eguna, Aratoste ibili eta Aratostiak, bakotxa esaldi banagaz: “Aratoste eguna danetik, koko jantzi dira gure gazteak”, “Haura urte guztian dabil aratoste” (marrotuta) eta “Aratosteak izaten dira, jendea zoratzeko”. Kirikiño mañariarrak zoragarri kontetan deusku bere herriko mutil sostorrak zelan ospatzen eben bere gaztetxotan Aratoste. Lelengo Abarrak bilduman, atal horren hasieran mutikoek batak besteari dinotse: “– Mutillak, gaur aratoste dok, eta koko jantzita joan behar joagu herrira".

Aratuste, gaur araututzat onartzen dana, itsasaldeko aldaerea da batez be. Egia esan, lehenago Larramendik hiztegian aratuzteak dakar, iñoteriak, zalduniote, igande hiaute, asteleniote, astearteiote gipuzkera eremukoen ondoan. Azkueren hiztegiaren ondorik hartu dau nagusitasuna aratuste ereak.

Karnabalak, egun bakarra barik, egun ilarea hartzen dabe. Hasiera puntua non ipinten dan, astebete hurren edo astebete pasa. Atzera urrun jo barik, Basaratoste dogu aurreko domekan, Basatoste era laburtuan, edo Basaratiste beste leku batzuetan deritxona. Eta Bizkaiko inguru batzuetan: Kanpora-martxo, Baso-martxo eta Sasimartxo be esaten jako. Eta egun horretako sasi-otordua izentzat ipinita, Txitxiburduntzi, Sasikoipatsu eta haetarengoak be bai hainbat lekutan.

Karnabal aurreko eguenari, gaztelaniaz jueves gordo edo jueves lardero deritxan horri, ostegun gizen erdialdean, ortzegun gizen ekialdean eta sartaldean eguen gizen, eguen largero (Arrasaten, esaterako) edo eguen lardero (Araba partean) deitu izan jako. Egun hori eben hauturik eskola-mutilek, eskola-eguna zuri hartuta, etxerik etxe eskean eta kopla-kantetan ibilteko; egun hori zan bardingoen karnabal-egun izentaua. Azkuek Berrizen baturiko kopletariko batek dinoanez: “Eguenzuriko astea, / Jaungoikoak emona guztia, / eskola-mutilak ibilteko / limosna on baten bila”. Gaur be halan kantetan dabe Durangoaldeko hainbat herritan. Lehenago, Oizen beste alderdiko herri eta auzoetan be urteten eben kantetan eskola-mutilek. Munitibarren kantetan eben kopletariko bat hau zan: “Eguen zuri, eguen baltz, / txakurra arrautza ganean datz; / baltz-balztxoa maisuarentzat, / zuri-zuritxoak geuretzat”. Eskola-mutilontzat, beinke be, umore-atseginezkoak ziran kopla-kantuan egiten zituen ibilteok. Hareentzat, benetan, Eguen gizen Eguenzuri bihurtzen zan.

Aratoste edo karnabal domekeari Zaldun-inaute, igande-ihaute erdi-ekialdean eta zaldun-aratuste sartaldeko leku batzuetan. Zaldunen egun izentaua zan, nonbait, karnabal domekea. Aratoste edo karnabal astelehenari, astelehen inaute, inaute bigarren, inaute motz erdi-ekialdean, eta sartaldean, beste izen batzuen artean, aratuste manga, Azkuek Gernikaldekotzat joten dauena. Izen horren ardatzean errefrau bat be matasatu da: Aratuste manga, ardoari dzanga. Eta Aratusteetako hirugarren eta azkenengo eguna, martitzena, izan ohi da egun nagusia, handiroen ospatzen dana lekurik gehienetan. Sartaldean egun horri deitzeko erabilten dabe leku batzuetan Aratoste edo Aratuste, ziklo osoari Karnabalak deritxen bitartean. Eta Nafarroa bietan eta ekialdean orohar, Zanpartzar egun hori izendatzeko erabilten da berariaz; izan be, egun horretan erreten zan sutan Karnabala irudikatzen eben izen bereko pertsonaia barregarria.

Aratusteetako pertsonaiak sasi-soinekoz janzteari be izen diferenteak emon izan jakoz: Koko (jantzi) esaten jako paraje batzuetan –Durangoalde eta Deba ibarreko herri eta urietan, kasurako–, eta karnabalak eurak koko-egunak izenaz be ezagutzen dira.

Marrau edo marro (jantzi) esaten da Bizkai erdialdean, eta halan sasi-soinekoz dabilzanei, pertsonaiei eurei, marroak edo marrauak esaten jake. Halantxe, gaur Mundakan atorrak berbea hainbeste hedatu bada be, oraintsura arte marrauak esaten izan jake. Atorrea andrazkoen alkondara luze zuria da, eta horretatik hartu dau izen barri hori, marrauak atorra zuriakaz soinekotzen izan diralako.

Aurreko izen biakaz bat eginda, kokomarro (jantzi) be hainbat lekutan esaten da.

Errabi jantzita ibilten ei ziran, Mungiako lekuko batzuek dinoskuenez. Txorierrian be erraba (jantzi) galdu barik dagoan berbea da hondino. Judu jatorriko rabbi pertsonaian dauka hitzorrek jatorria, aurreko mendeetan pertsonaia ezaguna Bilboko karnabaletan, eta inguruetan be, itxurea.

Mozorro eta mozorrotu dira gaur hedatuen dabilzan izenak. Erdi eta ekialdetik hedatua da izen hori, eta horren atzean mozorro izena dogu; azken baten mozorroa eta kokoa bat dira. Eta sartaldean koko-egunak esaten izan diran moduan, erdi-ekialdean mozorro-egunak be erabili izan da.

Arpegia estaltzeko modu diferenteak ezagutu dira, eta izenak be batzuk gaztelaniatik datozanak, beste batzuk urrunagoko jatorria dabenak. Maskarea, maskaritea eta karatulea lango izenen ondoan, bitxia eta ez hain ezaguna dan muxarangea be hor dogu, Uribe goienean eta Txorierri aldean behintzat hondino be ezagun samarra dan berbea. Erdarazko jatorria gorabehera, mogiganga, berba horregaz, karatulea ezeze, pertsonaia bera be izentetan da: muxarangak sasi-soinekoz jantzita dabilzanei ohi deritxe, mozorro, marrau eta beste izen gehiagogaz jazoten dan antzera. Mundakako marrauen arpegi-estalkia beste askotatik apartekoa da: almoada-azala, begien aurrean halako laukitxu bat dauela, puntilazko mantenila antzekoaz josia; norberak aurrekoa ikusi, baina aurrekoak norbera ezagutu ez egiteko moduan.

Hau irakurriko dozuenoi, Aratusteak ondo igaro daizuezala opa deutsuegu, eta tostadak jatea ohitura danez, zeuen etxean egiteko modurik edo nork egin ez badaukazue, gozoak egiten dakizan etxekoandra baten ezkaratzera sartu marro jantzita, bera etxetik aldendurik dagoan bitarte baten, dagozan lekutik hartu tostadok, eta lagunarte ederrean jan; hori ba, karatula eta guzti.

 

Iturriko   2014-02-14

Esatekoak 0
Ikusita: 1040
2014.02.06

Sopela da aurrerantzean lehengo Sopelana

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2014 honetako urtarrilaren 29ko Batzarrean onartu eben, aurrerantzean Sopela izango dala izen ofiziala, orain artean Sopelana izan danaren ordez, Uribe Kostako herriarena.

Auzirik eta eztabaidarik ez da falta izan, aspalditxurik barriz, herri horren izena dala eta ez dala. Nork bere argudioak zituan era batari edo besteari eustearen alde. Sopela gura ebenen argudio funtsezkoa, euskaldunek euskeraz, bertako zein ingurukoek, halan esaten deutsiela: Sopelá, azentu eta guzti. Lehengo era ofizialari eustearen alde egozanen arrazoiak bestetarikoak izan dira: izen historikoa, izkribuetan aspaldi-aspaldirik agiri dana, Sopelana dala; holako auzi zalantzakor baten herritarrei eretxia eskatu behar jakela, ebatzia hartu aurretik, inoen beste batzuk. Alderdi abertzaleak izan dira akabuan Sopela aldaeraren alde egin dabenak, euskal hiztunen izendapenari babes ofiziala emonik. Euskaltzaindiaren eretxi-txostena be tartean ebilen, euskerearen ikuspegitik Sopela zala duda barik era zuzena.

Antz-antzeko kasua da behinolako Lejona, gaurko Leioa herriarena, edo lurraldez urrunduta, Aiarako kuadrilan daukagun Quejana / Kexaa izen ofizial bikotxeko herritxoarena: -ana amaiera euskeraz -aa luze bategaz finkatu da, -ona amaierakoak -oa edo batzuetan -o egin diran legetxe: Leioa, Lemoa, Aramaio.

Aiarako Kexaa herritxoak izen ofizial bikotxa dauka onarturik, gaztelaniazkoa eta euskerazkoa, zein bere grafia eta guzti. Uribe Kostakoarenean, ostera, Sopela izango da aurrerantzean izen ofizial bakarra, aitatu ditugun beste herriakaz aspalditxu jazo zan antzera. Horretan dago aldea.

Izen ofizialen kontu horretan bertako gizartearen borondatea eta berbaz darabilen hizkuntza zein dan be pisu handiko arrazoia da. Aiaran bertako euskerea, toponimian azal-azalean badago be –inguru horretako herri-izenak dira Beotegi, Zuatza, Olabezar, Etxegoien, Lexarzu, Menagarai, Agiñaga e.a.–, bertako biztaleen ezpanetatik galdu zala mende eta erdi izango da gitxienez.

Sopelan eta inguru herrietan (Getxo, Berango, Urduliz, Barrika) bertako euskereak badirau hondino gitxi edo asko, eta hainbat herri- edo auzo-izen diferente ebaten ditugu euskeraz: Armintza (Armintze), Plentzia (Plentzi), Lemoiz, Leioa, Jatabe –izen ofiziala Maruri-Jatabe–. Arrazoiak dagoz, beraz, bertako sustraiari sendo eutsi deutsienen erearen alde jokatzeko: gizarte euskaldun bat dago euskeraz halan erabili izan dauena eta hondinogarren darabilena. Herritarren jatorriaz dihardugunean be, halantxe esaten dogu: Sopelakoak sopeloztarrak dirala, Sondikakoak sondikoztarrak, Erandiokoak erandioztarrak, Leioakoak leioztarrak, Getxokoak getxoztarrak eta Berangokoak berangoztarrak diran moduan.

Herri- edo toki-izen batzuk gaztelaniazkoaren era diferentea izatea, kasu batzuetan, antxina-antxinatik datorrena da: hori da bokalarteko -n- galtzearena. Sopela dinogun moduan, euskaldunok aspalditik ahoskatu ditugu Galdakao (lehengo Galdakano), Lazkao (lehengo Lazkano), Labio (Labiano), Aramaio (lehengo Aramaiona).

Zaharrak dira, era berean, -kua amaierako toki-izenak, Mañarikua, Barrainkua, Bereikua lango izenek on egiten dabenez, eta ezin dira ofizialtasunaren izenean holan beste barik -koa bihurtu.

Baina toki-izen askoren erea guztiz itxuraldatzen eta laburtzen da sarritan; izan be, maiztasun handikoak izanik, aldakuntzarako joera bizia izaten dabe, baina aldaketok ez dira, orohar, aintzat hartzen ofizialtasunari begira, lantzean izen batzuetan horretarako tentazinoak be izan dira baina. Berbaz herri-izen ezagunak dira: Ondarru, Lekitto, Bermio, Berrittu, Andxigiz, Artia, Meata, Ie, Ipizter, eta beste hainbat. Baina era arautuan Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Berriatua, Ajangiz, Arteaga, Mendata, Ea eta Izpaster dira.

Herri ez diran nukleo hazitxuen artean aitatu leitekez, Iborri barik Ibarruri edo Larrori barik Larrauri. Euskal izendegi ofizialean ez dira onartzen Gollibar, Izabal, Izubitte, Uxarre eta halakoak, eta bai Bolibar, Idiazabal, Iruzubieta, Urizar erakoak.

Izen batzukaz zabuan ibili ohi gara. Lehenago Zenarruza zana Ziortza ofizialdu da gaurko hiztun euskaldunen erabilera nagusiaren bidetik. Baina hiztun zahar askok hondino be Ziarrotza esaten dabe. Ebatzi bat hartzen ez da beti erraza.

Maila diferenteak dagoz izen ofizial batek euskeraz bete beharreko baldintzetan. Azalekoena da errazena, grafiarena: Bizkaia, Gipuzkoa, Mungia idaztea, lehen v, y, c, gui grafiakaz idazten ziranak. Bigarren jauzia, fonetika mailakoa, handiagoa da, grafia diferentziaren atzean hots diferentzia dagoanekoa, hain zuzen. Arratzu, Larrabetzu, Zorrotza, Zarautz idatzi eta ahoskatzea lehen Arrazua, Larrabezua, Zorroza, Zarauz ziranak; Muxika, Mendexa, lehen Mugica, Mendeja ziranak, Goikoelexea, Elexabeiti lehen Goicolejea, Elejabeitia ziranak.

Herri-izen eta beste toki-izen batzuetan dagoan diferentzia, tradizinoko izenaren eta gaur egungoaren artean, amaierako -A bokalari eutsi ala jausten itxi behar jakon erabagitea ohi da. Berbaz, jakina da, atze-bokal horren galtze-joera guztiz indartsua dana. Herri-administrazinoak kasu batzuetan -A kentzearen alde egin dau era ofiziala finkatzerakoan: Aulesti, Ibarrangelu, Legazpi, Altasu izen ofizialak dira, baina -A eta guztiko besteok be bai: Azpeitia, Azkoitia, Ordizia, Berriatua.

Toki-izen askok idatziz daben -aga amaiereak be bere lorrak emoten ditu. Kontu jakina da, euskera berba egiten dan lekuetan, -aga amaiera guztiak -a laburtzen dirala: Elorriaga > Elorria/Elorridxa, Iturriaga > Iturria, Madariaga > Madaria/Madaridxa, Gatzaga > Gatzaa, Arteaga > Artea / Artia, Urberuaga > Urberua… Salbuespen garrantzitsua dogu lehen Gizaburuaga eta orain Gizaburu dan herri-izenean; hemen guztiz galdu da -aga zaharra, -ua>-u laburtzeraino.

Gorabehera eta auzi-mauziak sortu eta hautsak harrotu dituan beste kasu bat, Bizkaiko uriburuarena izan da: Bilbo ala Bilbao dan finkatu beharrekoa. Biak erabilten dira, bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz. Baina bilbotar asko dagoz, euskaldun asko barru dirala, Bilbao itxureari eustearen alde. Eta askotariko arrazoiak batzen dira Bilbo lako izen itzaltsuen era ofizialaren kontuan. Bilbao da nazinoartean proiekzinoa daukana eta Bilboko Udalak berak mundura begira darabilena, futbol-talde, museo eta gainerako erakunde batzuen izenak barru dirala. Beste alderdi batetik begiratuta, Bilbao euskera garbiko izen zaharra da. Gogoratu harako errefrau zaharra; "Bilbao, han bere dongeak birao". Askao eta Sestao baizen euskalduna da Bilbao, Bizkaiko eta inguru-herrietako berbetan azken mende bien barruan Bilbo laburtu doguna, eta ofizialdu be bai. Ostera, Uribe-kostako euskaldun zaharrek Sesto esaten izan dabena ez da gauza izan Sestao zaharrari lekua kentzeko, Ibaizabalez ezkerraldean euskaldunzaharrik asko egon be ez dago eta!

Auturik asko da gaurkoz arlo honezaz. Izan be, buztan luzea dakarren auzia da herri-izen eta gainerako toki-izenen euskalduntze eta ofizialtze bideko ezbai hau. Halanda ze, gogoak emon ahala, hurrengo baten eragingo deutsagu atzera barriro.

 

Iturriko

2014-02-04

Esatekoak 0
Ikusita: 761