kontaktua
2014.03.28

Juan Bautista Eguzkitza Meabe (Lemoa 1875-1939)

Eguzkitza euskal literaturan arlo askogaitik da ezaguna, baina gehien-gehien Gizarte auzia liburuagaitik. Izenak berak erakusten dauanez, gizarteko gaiak darabilz, ugazaba eta beharginen arteko gorabeherak, eta hori euskeraz erabili eban lehenengo idazlea da.

Juan Bautista Eguzkitza Lemoan jaio zan 1875ean, Tallerretako auzoan egoan errota txiki bateko semea da. Gaztetan hasi zan abaderako ikasketak egiten: Larran latina ikasi eban, Gasteizen Filosofia eta Teologia. Han abadetu zan 1899ko Santo Tomas egunean, eta Gabonetan Lemoan emon eban Meza barria. Gero be Gasteizen jarraitu eban Teologiako Lizentziatura atara arte. Orduan irakasle be bazan, Retorika eta Gramatika erakusten eutsiezan abadegai gazteagoei.

1904an Lekeitiora bialdu eben abade-ikastegi txiki bat eratzeko. Eta behin hara joanda, han egon zan gerrara arte. Lekeition egoala hainbat gauza egiten ebazan: abadegaiei eskolak emoten eutsiezan; herririk herri hizlari ibilten zan; euskaltzaina zan 1919tik, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat dogu; eta aldizkari eta egunkarietarako artikulu asko idatzi ebazan.

Gerra hasi zanean batetik bestera ibili zan, kartzelan be bai. Lemoara bueltau zan gero, baina adore barik eta makalduta. 1939ko abuztuaren 12an hil zan.

Asko idatzi eban Eguzkitzak, bai artikuluetan bai liburuetan. Hona hemen haren lanak: Garbitokiko arimaen illa (Bilbao, 1915) itzulpena. Andra Mariaren loretako illa (Zornotza, 1919), liburu hau asko be asko erabili izan da. Argi donea (Zornotza, 1933), berez Prantzisko Balzolak gipuzkeraz egindakoa zan, eta Eguzkitzak bizkaieraz ipini eban. Gizarte auzia (Zornotza, 1935). Liburu honek 35 atal daukaz, eta argi eta modu didaktikoan azalduten dauz sozialismoa eta komunismoa, gizarte-arazoaren susterra zein dan, Marxen pentsakera, marxismoak eta kristautasunak ezin dabela bat egin, eta orduan pil-pilean egozan beste gai batzuk. Halango gaiak erabilten lehenengoa izateagaitik oso ezaguna egin da.

Eguzkitza Jaungoiko-zale aldizkaria sortu zanetik zuzendarietako bat izan zan. Ekin-en be asko idatzi eban, eta beste aldizkari batzutan be bai: Euskera, RIEV, Yakintza, Euzkadi, Euzkerea. Batzutan gatxizena erabilten eban artikuluak sinatuteko: Lemoatarra, Erri, Errizale.

Sermolari onaren famea euki eban, herri askotatik deitzen eutsien sermoiak egiteko, eta halango asko idatzita itxi ebazan, argitaratu barik bada be. Horreetatik aukera bat egin eta 2013an argitaratu eban Labayru Ikastegiak Andres Urrutiak ondutako edizinoa: Neure entzule maiteak.

Baina euskerearen egoera eta geroagaitik ardura handia erakutsi eban Eguzkitzak. Euskerea aho-minetan bizi da, eta erabili egin behar da hil ez daiten. Ganera, hizkuntza ohiturakaz batera hartu dogu gure aurrekoengandik, eta gauza biak ezin dira banandu, bata besteagaz osotzen da, eta ostantzean galdu egingo dira. Ikusten eban, ostera, euskerea batu beharra, batetik bestera ibili orduan eta idatzikeran danok aitu ahal izateko.

1975ean, jaio zanetik ehungarren urteurrena zala-ta, omenaldia egin eutsien Lemoan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskaltzaindiak, Lemoako udalak eta parrokiak eratuta. Omenaldi haretan oroitarri bat ipini eben eliza ondoan ekintza haren gomutagarri.

Esatekoak 0
Ikusita: 929
2014.03.21

MODUAN eta LEZ postposizinoen sintaxi diferenteak

Moduan eta lez (legez) postposizino kategoriaz darabilguzanean, hau da, izen, izenordain, adberbio edo aditz partizipio baten ondorik, esanguraz antz-antzekoak dira, baina aurreko hitz horregazko loturea egiteko modu diferenteak ditue. Tamalez jazoten dana, analogia okerreko bat erabilten dogula batzuetan eta sintaxi okerrekoaz josten ditugula aurreko hitz horregaz.

Okerreko joskerea gehienbat moduan (edo moduko) atze-hitzagaz jazoten da, honi lez/legez edo bezala atzekarien joskera-arauak aplikatzen deutsaguzalako. Noiz edo noiz bestetara be jazoten da, lez/legez edo bezala atzekariak moduan-en arauaz aurrekoari jostea.

Honetarikoak edo honeen antzekoak behin eta barriro irakurri edo entzuten dira: *Zuk esan moduan (tal y como has dicho), *Bilbo moduko urietan eta beste hainbat.

Lez (legez) eta moduan (edo moduko) atzekarien artean oinarrian dagoan diferentzia hau da. Lez (legez) eta bezala edozein erlazio-hizkigaz erabilgarri dirala. Arazo barik esan geinke: Gizonak lez. Guk lez. Edonori lez. Lagunakaz lez. Etxean lez. Txantxetan lez. Mendira lez. Barrutik lez.

Bezala atzekariak malgutasun handiagoa dauka hondino: Erran bezala. Atzo ikusi bezala… aditz partizipio soilakaz be bardin josten da, lez sartaldekoak kasu horretan -ko genitiboa eskatzen dauen bitartean: Pentsautako lez. Esandako lez.

Moduan postposizinoak izen arrunt baten joskerea dauka aurreko berbeagazko: -en edo -ko genitibo-hizkiak eskatzen ditu derriorrez aurrekoaz lotzeko. Halan:

(a)    Gure moduan. Gizon baten moduan.

(b)   Etxeko moduan. Ameriketako moduan. Hango moduan.

Adberbioakaz be bide banak hartzen ditue. Zuzen eta taiuz esanda dagoz: egunero bezala edo egunero legez, baina araua ez dogu beteko, badinogu: *egunero moduan.

Izen bereziakaz, bardin da giza-izenakaz, zein toki-izenakaz, diferente jokatzen dabe batak eta besteak. Zuzen esanak dira, kasurako:

(a)    Adolfo lez. Igone bezala.

(b)   Bilbo lez. Donostia bezala.

Baina ezinezkoak dira:

(c) *Peruk moduan edo *Peruk modukoa.

(d) * “Pentsau genduan irrati libre baten sugarra mantendu egin behar zala Bilbo moduko eremu zabal batean”.

Izenordainakaz be bide bereziak hartzen ditue: Guk legez. Zuen moduan.

Toki-denpora kasuakaz alkartzeko moduan atzekariak -ko/-etako toki-genitiboa behar dau. Akatsa izaten da, jatorrizko kasua erabiltea, toki-genitibo barik. Halan:

“Urteko beste garai *batzuetan moduan, gazteek etxeetatik gurdiak hartu eta zuhaitz batetik zintzilik ipinten zituen” (…garai batzuetako moduan).

Aditz partizipio bategaz lotu gura badogu be, -iko edo -tako lotura-atzizkiak behar ditugu moduan zuzen lotzeko: Zuk esandako moduan, lehen ebatziriko moduan, aurretik pentsatutako moduan. Gramatikaren aurkakotzat joko dira honetarikoak:

* lehen ebatzi moduan

* aurretik pentsatu moduan

* Zuk esan moduan jasota dago hori aktan.

* Internetean sartuko da dokumentua, berak eskatuta moduan.

Izena edo adjektiboa mugagabez dagoanean, orduan ez dago arazorik lez edo moduan erabilteko: bata zein bestea bardin josten dira; ezer be barik.

Lagun lez. Gazte lez. Zuzendari lez.

Gizon moduan. Andra moduan. Zuzendari moduan.

Baina ondo gogoan izan: izen bereziakaz edo izenordainakaz ezin dala ezetara be arau hori aplikau moduan-en kasuan. *Zu moduan edo *Peru moduan egitura okerrak izango dira.

Aditz jokaturi lotzeko –n atzizkia darabile batak eta besteak: Ondo dakizun moduan… Dinozun lez… Dioten bezala… Baina aditzaren elipsia gerta baledi, genitibo atzizkia beharko genduke aurrekoari lotzeko: -en edutezkoa edo -ko tokizkoa: Zuk daukazun moduan > zure moduan. Peruk daukan moduko autoa > Peruren moduko autoa. Mendian dagoan moduko arnasa garbia > Mendiko moduko arnasa garbia.

Ezezka emonik datorrenean mende perpaus modal hori, ezinezkoa izaten da aditza galtzea. Halan:

Guk ez daukagun moduan, beste askok ere ez dauka.

*Guk ez moduan, beste askok ere ez dauka.

Bardin:

* Beste batzuk ez moduan, NORI kasuak aditzarekin komunztadura dauka.

 

Iturriko

2014-03-07

Esatekoak 0
Ikusita: 1453
2014.03.13

-LA konpletibodun perpausak zein ordenaz emon, dau erako aditz nagusiaz

Perpaus bati bere aditz jokatuan -la atzizkia eransten deutsagunean, beraren bidez emoten jakun mezua zeharbidez emoten dogu; izan be, beraren gainetik aditz bat eta esaldi nagusi bat ipinten dogu: esan, pentsau, sinestu edo dana dalakoa.

Mezua zuzen emoteko, esaldi nagusia erabilten dogu, jakina: Bihar euria egingo dau mezu zuzena, esaldi nagusi batez adierazoa. Eta zeharkako bihurtuko dogu, aditzari -la atzizkia txertatuaz, horretara aditz nagusiagazko lokarri bihurtzen dala: Bihar euria egingo dauela iragarri dau Euskalmet-ek.

Perpaus bien ordena eta joskerea dala-ta, goiko esaldi horretan, mezua -la atzizkidun aditza daroan perpausaz adierazoten dana, aurrean ipini dogu eta perpaus nagusia eta beronen aditza atzean.

Bide batez gogorarazo daigun, mezua zeharka emoteko beste era bat be badala: aditz jokatuari ei hizkia aurrean ipintea. Horretara, mezu hori beste norbaitegandik jasoa edo iturri ziur bakoa dala erakusten dogu, edozelan be hiztunak bere bermea ez deutsala emoten mezu horri. Halan esan geinke: Bihar euria egingo ei dau. (Hori dino behintzat Euskalmet-ek. Sinestu edo ez).

Ordena arlora bihurtuta, bada bigarren ordena bat –eta berau da ugariena, tradizinoan eta hiztunen ezpanetan– eta inguru hizkuntza guztietan ia orokorra dana. Bigarren ordena honen arabera, aditz eta esaldi nagusia ipinten dogu aurretik eta –la atzizkidun aditza eta honen esaldia ostean. Horretara, adierazo gura dan mezu nagusi hori iragarpenaren atzean agertuko da. Aurrean nork dinoan eta atzean zer dinoan: Euskalmet-ek esan dau, bihar euria egingo dauela.

Gure artean auzia izaten da, zein hobetsi, edo noiz bata eta noiz bestea erabili. Konpletibo bidez adierazo gura dogun mezua laburra danean, aurrean ipinteko arrazoiak sendoagoak izaten dira hiztunontzat. Halan erabilten ditugu: Datorrela esaiozu. Joango dala pentsetan dot. Ondo dakiala esango neuke. Analogiaz erabilten dogu ordena hori. Esaten dogun moduan: Nik hori pentsetan dot, ordena bera apliketan dogu dinogunean: Nik holan dala pentsetan dot. Baina aurre posizinoko ordena hau arrazoi pragmatikoek lagundurik erabilten dogu; horreetariko bat da, luzeegia ez izatea.

Baina mendeko konpletiboaz adierazo beharreko mezua edo azalpena konplexua edo luzea danean, edo esaldi konpletibo bat baino gehiago kateaturik dagozanean, erosoagoa, malguagoa eta, beraz, gomendagarriagoa jazoten da atzean ipintea. Halan, esaterako: Lehendakariak argiro aitzen emon eban, tamalez neurri zorrotzak hartu beharko zirala krisiari aurre egin gura bazan, eta, halan eta guzti be, neurri horreen emaitzak ez zirala behingoan igarriko, bi-hiru urteren buruan baino.

Mendeko konpletiboa aurrean eta aditz nagusia atzean ipinten ditugunean, aditz nagusi honen subjektoa be atzean ipintea da garbiena, eta ez esaldiaren buruan, nahiz hau be zilegi izan. Argitasunaren mesedetan emoten dogu gomendio hau. Ondoko ordenen artean (a) edo (b) gomendatzen ditugu, baina (c) ordenea, zuzena izanda be, ilun eta nahasiagoa gertatzen da:

(a)     Bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala adierazo eben bitartekariek.

(b)   Bitartekariek adierazo eben, eurak bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala.

(c)    Bitartekariek, eurak bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala adierazo eben.

Aditz nagusiaren edo perpaus nagusiaren inguruan dagoanean fokua edo galdegaia, -la atzizkidun mendekoa atzean kokatzea da onena, normala danez. Halan:

(d)   Zenbatek daki mundu zabalean, Euskal Herria badala?

(e)    Zelan pentsau zeinke, entrenamentu barik partidu bat irabazi leitekela?

(f)    Ondo esan dau, ahalegin barik ez dagoala etekin onik.

(g)    Arrazoia emoten deutsut, idazle onen bitartez irabaziko dauela euskereak ospe literarioa.

Baina ondorio okerrik ez daigun horretatik atera. Esaldiaren galdegaia edo fokua –la mendeko konpletiboan egonda be, horrek ez dau esan gura aditz nagusiaren aurrean ipini behar dogula gura nahi gura ez mendekoa. Arrazoi pragmatikoak, ulergarritasunaz, malgutasunaz eta erraztasunaz zerikusia dabenak egoten dira, batzuetan edo sarritan mendekoa aditz nagusiaren ostean ipintea eskatzen dabenak.

Esaldien arteko ordenea librea da berez eta ezin da arau zorrotzik emon –eta ez da komeni be halan egitea–, beti ordena bakar bategaz jokatzeko. Idazleen edo hizlarien esku dagoan eskubidea da hori gehienetan, eta honek kontestuagaz zerikusia daben arrazoiak eukiten ditu gehienetan, mendeko konpletiboa, batean aurreko lekuan eta bestean atzeko lekuan ipinteko. Hizkuntzaren erabiltzailearen esku dago hori gehienbat.

 

Iturriko

2014-03-05

Esatekoak 0
Ikusita: 1418
2014.03.07

Genero kontuak abere izenetan

Abere, patari eta piztietan generoa bereizteko dogun baliabide orokorrena euskeraz, ar eta eme hitzak dira, edo bakarrean erabilita edota bata edo bestea, edo biak, abere-izenari atzetik dautsela. Txahal bat, ahume bat edo bildotsa jaioten danean, dakienak behingoan esaten dau: arra da edo emea da.

Ar eta eme bigarren osagaitzat erabilita hitz alkartu libreak eregiten dira edozein abere-izen edo pizti-izenegaz. Baina abere-izen jakin batzukaz, etxe-abereenakaz, beti ez dogu modu automatikoz ar edo eme izena atzetik eransten. Abere batzuen kasuan, batari bai eta besteari ez, edota batari sarritan eta besteari gitxitan eranstea gertatzen da. Zergaitik hori? Gehienean abere emearen izena generikotzat erabilten dalako, ar-eme guztientzat. Markatubakoak izaten dira izenok; halanda ze, holakoetan markatu gura danean bakarrik eransten dogu -ar (edo -eme) atzetik. Oiloarena da dinogunaren adibide en. Oilatoki baten oiloak izaten dira ugarienak, eta oilarrak bat edo gehienez be bi egoten dira. Oiloa ez da markatzen, baina bai oilarra: oilo arra.

Astoetan, batak zein besteak onartzen dabe alkarketa. Arra danean, astar edo astoarra esaten da, baina sarritan gizakien ganean dihardugunean. Eta emea danean, asteme edo aldaerak. Asteme, astoeme edo astaeme aldaerak antxinagotik eta ugariago dokumentaturik daukaguz. Larramendik hiztegian honetara dino romohitzean: "Zaldi ta astaemeagandik jaiorikako mandoa". Beste adibide batzuk: "Asteme bat loturik eta beragaz bere astakumia.” (P. Astarloa UD I app.XXVI). “Astaemeak pisu geiegi / eroian bizkar ganean.” (J.M. Zabala Fab.).

Katuetan be antzera. Berbaz biak entzuten dira: katar eta kateme, zein bere aldaerakaz: katu ar batetik, eta kataeme, katueme e.a. bestetik.

Txakurretan be generoa ar-eme izenen bidez bereizten da, ez da beste modurik: txakur arra eta txakur emea, baina lexikalizazio maila ahula agiri dau hitz segida honek.

Txarria be izen generikoa dogu, eta izen banakoak diran arren ar-emeak bereizteko, eme lagun dala sarri entzun eta erabilten da: txarri emea lehian dago ahardi eta makera lako izen bakunakaz esangura eremu beretsurako.

Basapiztietan be erizpide bardina segiduko da: otsemea (/ otsoemea), hartzemea, azeri- edo lukiemea, oreinemea, lehoiemea, trigemea eta holan.

Satar hitza be erabilia da leku batzuetan, sagu arra adierazoteko, satabia sagu habia adierazoteko erabilten dan antzera.

Baina generoa bereizteko beste baliabidea, genero bakotxarentzat hitz diferentea erabiltea da. Gizakietan jazoten dan antzera jokatzen da abere mota batzuetan be, batez be etxe abereakaz. Goazen banan-banan:

Behi eta idi genero bereizgarriak dira, baina generiko lez ugariena erabilten da, behia. Idia, irenduta dagoanarentzat darabilgu orohar, eta behia zekortu edo idiskotutzeko, zekor edo idisko darabilguz, eta ekialdean aratxe (aretze), idi gazteentzako izendapenak, azken baten. Zezen be ar-izen orokorra da, jakina. Eme gaztea izentetako, bigantxa edo bigai (biga) ditugu. Txahal, kumeentzako darabilgu, ar zein emea izan.

Zaldi eta behor garbi bereizten dira, baina generiko legez gizarte batzuetan zaldi izena erabilten da, beste batzuetan behor izena. Ganadu aldrea daukanak behor ohi darabil gehiago: Behorretara noa. Behorrak basoan dira. Eta onomastikak be on egiten dau joera hori: Behorlegi, Beotibar, Behorreta... Bakarka izendatzen diranean eta abelzaintza mota horretatik kanpo zaldi entzuten da sarriago, eta konposatuetan be zaldi-karrera, zaldi-proba eta beste. Generikoa dogu moxala. Eta kumeak hitz alkartu bidez be izentetan dira: zaldikume, behorkume.

Ahuntz eta aker izenekin bereizten ditugu ar-emeak, eta generikotzat bat erabiltekotan, ahuntza egin ohi da. Giberri edo giberrito, urtebetetik gorako ahuntz gaztea izentetako erabilten da hainbat lekutan, batez be emea danean. Aketo, ostera, aker irendua izentetako erabilten da, -to atzizkiak balio hanpatzailea dauela eta ez txikitzailea, giberrito hitzean lez.

Kumeak genero bakoak dira orohar: ahume sartalderengotik hasi, antxume erdiragokotik igaro eta bitina/pitina ekialdekora arte, berbarako.

Ardi eta ahari be ar-emeak bereizteko izen banakoak ditugu, Ekialdean zikiro arrarentzat dogula, baina ardi orokorrean darabilgu sarritan, guztientzako. Sexu bereizkuntza, gazteagoetan be egiten da, batez be arren artean. Ahariaren ondoan aharitoa daukagu ahari gaztearentzat –Bizkai sartaldeko partean, ahari berbea galdu dan eremuan, aharito erabilten da aharia orokorrean izentetako; hegaztietan oilasko izenak oilar galdu dan lekuetan honen esangura eremua beregandu dauen legetxe–. Emeetan, ardi gaztearentzat badaukagu arkazte be, Hego Uribe aldean hondino be bizi-bizi dagoana. Kumeetan ez ohi da generorik bereizten: arkume/artxo txikienetatik hasi eta bildots/azuri hazitxoagoetara; ar-emeentzako zein berariaz emeentzako eurok izenok erabilten dira.

Eskualde batzuetan, sexuaren araberako oposizioak ere markatzen dira, hala ere: axuri-ahariko (/axuri), barro (/artxo), bildots-ahari (/bildots), primal (/beinardi), ahariko (/arkume), e.a.

Txarri edo urde izen generikoak dira, beste sinonimo batzuk diran moduan: lauoineko, belarluze e.a. Arrak izentetako izen diferenteak dira: apo (apote), ordots edo aketz, ezagunenak. Eta emeentzako, urruza (urrixa), ahardi, eta kumedun emeentzat makera edo txarriama (txerrama). Hor dogu urdanga be, berez urde emea adierazoten dauena, baina hedakuntza figuratiboz sarriago emakume bizimodu txarrekoentzako ohi darabilguna. Kumeentzat, txarrikume darabilgu gehien, baina ezagunenak dira: amabargo, eta Ekialderago bargo, bargasta, urdeto, zerrinko eta beste batzuk.

Oilo hegazti emeentzat ezeze, piloan eta orokorrean korraleko hegaztiak izentetako be badarabilgu. Bereiz marketan dana arra da, oilarra, Bizkaiko leku askotan oilasko hitzaz estaltzen da dana. Biak, edozelan be, arrak. Oilanda, -nda atzizkiduna, eme gazteentzako darabilgu.

Txorietan sexua bereizteko ar/eme hitzez ostean ez daukagu izen bereizgarri propiorik. Baina berariaz aitatzekoa da amea izena, kumeak hazten dagoan txori emea izentetako. Oiloetan, eremu semantiko hori adierazoteko, txitak hazten dagoan oiloa izentetako, oilalokea darabilgu.

Kumeak, gizakietan dala, abere-piztietan dala, generikoak dira guztiz, ez dago ar-eme bereizkuntzarik. Bardin da: txahal, bildots, giberri, astakume edo txita esan.

Basapiztietan ez daukagu izen bereizkuntza apartekorik. Eguneroko bizimodutik eta bizibidetik urrunago sentitzen ditu gizakiak –zoologikoetan ez bada–, eta ar-eme kontua lebabakoa ohi da gehienetan. Halanda ze, izen orokorraz aitatzen dira: azeri, basurde, otso, orein, basakatu, arratoi, hartz edo beste edozein izen generikoa dabe, eta sexuz seinalatzekotan, ar/eme izenakaz alkarkuntza eginaz markatuko da aurkaritza.

Dana dala, ar/eme sexu-bereizle diran izen orokorren ondoan, erdi sinonimotzat erabilten dira, abere bat baino gehiagorentzat, beste batzuk be, seguruenik analogia bidez. Halan urruzea, txarri emeari ezeze, beste etxe-abere batzuei esateko be erabilten da. Moxal urruzea esaten jako behorto umeari, adibidez, arrari moxal zaldia esaten jakon legetxe. Ordotsa txarri arrari esaten jako komunzki, baina hedapenez eremu zabalagoan be ezaguna da batzuetan.

 

Iturriko

2014-01-15

Esatekoak 0
Ikusita: 1644