kontaktua
2014.04.11

Estilo-oharrak XIX: EI DATOR nahikoa da, ez da behar BA EI DATOR

Ei bizkaieraz eta omen gaineko euskalkietan, esaldian emoten jakun informazinoa zeharka jasoa dala adierazoteko txertatzen da aditzean, aditz jokatuaren aurretxoan. Ei edo omen hizkien bidez esatariak aitzen emon gura dauena da, informazino hori ez dala zuzena, hiztuna bera ez dala informazino horren iturria, beste norbait baino. Zeharkako informazinoaren iturri dan beste norbait hori ezaguna edo anonimoa izan daiteke. Ezaguna da ondoko honetan: Irratiak dinoanez, bihar eguraldi txarra eukiko ei dogu. Ezezaguna, anonimoa da beste honetan: Lapurretan harrapau ei eben. Nork harrapau eban, edo ez dakigu, edo ez deusku leba.

Ei honen erabileraz hiru zertzelada emongo ditut: lehenengoa, -la mende perpaus osagarrietan oker erabiltea; bigarrena, -la mende perpaus osagarrien ordezko lez ei erabiltea; eta hirugarrena, foku diran aditz trinkoetan ei darabilgunean ba- ez erabiltea.

Lehenengoa. Aspaldion ohiturea zabaldu da, ei edo omen zorioneko hori mende perpaus konpletiboaren barruko aditzean txertatzeko. Esateko modu zuzena izango litzateke: Ikusten egozanak dinoe uretara jausi eta bertan ito zala. Ikusten egozanak dira informazinoaren iturri. Kasu horretan ez daukagu ei-omen horren beharrik. Ez daukagu zertan esan: Ikusten egozanak dinoe uretara jausi eta bertan ito *ei zala. Hainbat okerragoa da beste batzuetan entzun edo irakurten dan beste desbide hau: aditz nagusiari zuzen eranstea ei hori. Honetara: Ikusten egozanak *ei dinoe uretara… Esaldi horretan ei sartzeko bide zuzen bakarra, informazinoa dakarren esaldia nagusi bihurtzea, eta iturria adierazoten dauen aditza mendeko bihurtzea da. Honetara: Ikusten egozanak dinoenez, uretara jausi eta bertan hil ei zan. Hirugarren honetan bai, zuzen eta erara sartuta dago hizkia.

Zenbat okerbide hartu ohi diran gaur egun gure ikus-entzunezko hedabideetan, begi-belarrietan latz joten dabenak. Ondoko honeenak neu testigu: Egunkariak dino bere burua urkatu *ei ebala. Esan dute ez* omen dela horrela.

Bigarrena. Ei eta -la konpletiboko atzizkia dala-ta, bada estrategia polit bat, berbaz sarri entzuten dana, endemas jente edadekoari. Mende perpaus konpletiboaz emoten dan informazinoa –la atzizkiagaz menderatu beharrean, ei hizkiagaz egitea, perpaus horrek nagusi irauten dauela. Tradizinoz arauturiko eredua honetara litzateke: Amak esan dau, berak ez dauela ezer jakin. Hiztunak, bizitasuna, arintasuna eta zuzentasuna emon nahirik, batzuetan honetara josten ditu perpausok: Amak esan dau, berak ez ei dau ezer jakin.

Antzeko kidetasuna genduke beste bion artean: Elik telefonoz deitu deust, oraingo barikuan ezin egingo dala afaria. Bigarren partearen beste alternatibak: ...oraingo barikuan ezin egingo ei da afaria edo ezin egin izango ei da afaria.

Hirugarrena. Aditz trinkoa galdegai danean eta aditz horrek ba- aurrizkia eskatzen dauenean, ei edo omen sartu ezkero, hizki honek ordezko lanak egiten ditu eta ez da berez ba- aurrizki hori zertan txertatu aditz jokatuari. Tradizino adibide bi ekarri ditut horren erakusgarri: “Omen dira sei ilabeteko lau, sei edo geiago onza prestatu dituenak, erdia geiago biurtzeko kargarekin, lau onzakogatik sei. Irabazi ugaria sei illabetean ateratzeko. Omen dira erriai premi estuetan dirua eman diezanak, euneko sei edo zorzian.” (Agirre Asteasu II 188) Agirre Asteasuk ez darabilz ba omen dira... erako egitura astunak, gaur egun barra-barra entzun edo irakurten diran moduan.

Kirikiñoren ondoko adibideok be argiro erakusten dabe, gipuzkeraz legez, bizkaieraz be gramatika arau bardina izan dogula puntu honetan:  “Gizaburuagan ei egoan mutil bat, gorputz handi ta jasekoa, begirakuna bizi-bizia ebana” (Bigarrengo Abarrak 61), “Behin baten, honetariko mutil aldratxo bat, lau edo bost, ei egoan Urkiolako benta zaharrean” (ibid. 165), “Len aitatu dodan gabean ei egozan Urkiolako ostatuko suetean lau-bosten bat mutil gazte harrokeria erioela” (ibid. 10)

Herri ipuinen hasieretako formulak be, alegiazko denporetara garoiezanak, alemanez: Es war einmal… edo gaztelaniaz: Érase una vez… hasten diranak, Bizkai eremuan gaur be honetara entzuten dira sarri zaharren ezpanetatik: Ei egoan behin... edo Egon ei zan behin... aditz perifrastikoaz. Baina nekez entzuten da: Ba ei egoan behin edo antzekorik.

Ez dogu zorrotz epaituko, ba ei zan edo ba ei ebilen txartzat edo okertzat joaz, baina bai gogorarazo, gure tradizinoan eta ahozko usu seguruan, ba horren beharrik ez dabela euki hiztunek, ei edo omen txertatu ondoren.

Asko da gaurkoz.

Iturriko

2014-04-07

Esatekoak 0
Ikusita: 725
2014.04.04

Kukuen kantatzean euri eta eguzki

Kukua guztiontzako ezaguna dan txoria da. Ikusi nekez egiten da, baina entzun bai. Baso inguruetan entzuten da errazago, bardin deutso pinudi, haresti edo pagadiak diran.

Euskeraz kukua esaten deutsagu, dantzugunean, txori horrek kuku egiten dauenean egiten dauen hots errepikatuari antza hartuz. Hotsitza dala esaten dogu, gaztelaniaz, frantsesez eta zaharragoko latinean (cuculus) dan antzera.

Kukua txori ibiltari horreetarikoa dogu. Gure parajeetara marti akabuan agertzen da eta udatean alde egiten dau.

Gure esaera-errefrau eta sineskeretan kukua lehenengoz entzutea da sarri aitatzen dan leloa. Bizkai inguruan zabal dabilen siniskerea da, kukua joten lehenengoz entzuten danean, faltrikeran (partikeran) dirua edo txanponen batzuk eukitea subertau ezkero, urte horretan dirua franku eukiko dalakoa edo diru faltarik ez behinik behin.

Gitxiago entzun izanagaitik, beste sineskera hau be bada, kukuaren soinua zori edo adu onaren iragarle modura: kukua joten lehenengoz neska-mutil bik, alkar laztan dabenak, entzuten dabenean, eztegua hurrean ei dago.

Kukuaren etorrerea Andra Mari Martikogaz lotzen daben esaerak ugariak dira euskal eremu guztietan. Andra Mari Martiko hilearen 25ean izaten da. “Kukuak esan ei eban, Andra Mari Martikoz ez baetorren, bere ondrak egiteko” (Azkue EY 518). Edo: “Ama Birjina Martxoko egunez kukuak Erromako zubian jotzen du” (Garate, Atsotitzak 666). Erromako zubia edo ostarkua euri eta eguzki batera datozanean sortzen dan fenomenoa da. Ertz berekoa dogu harako beste errefrau zaharra be: “Kukuen kantatzean, euri ta eguzki” (RS 70). Udabarriko eguraldiaren espilu gardena: euria lehengo, eguzkia gero, haziak erne, bedarrak hazi eta arbolak loratu eta gero potindu daitezan.

Bada beste errefrau bat, kukuaren soinu aldia edo kantu denporaldia seinalatzen dauena: “Kukuak egiten du maiatzean kuku, garagarrilean gelditzen da mutu” (Azkue EY, 517). Bestetara esanda: “Erramuetan kuku, San Pedroetan mutu” (G. Garate 11812). Lau bat hilabete egiten ditu kukuak gure artean, esaereak dinoen moduan: “Kukuaren lau hilabeteak, hotzak eta goseak” (Garate  8554). Horretan kukuaren soinua adu txarragaz loturik dakusku. Izan be, kukua datorrenean lurrak hondino nekez ezer emoten dau, hotzegi dago, baina joan doanerako lurrak eta fruta-arbolek uzta ona emoten hasiak dira, ortuari genero batzuetan behintzat. Horregaitik esan ohi da: ”Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan”, edota Garizuma aldia be barruan dala: “Garizuma berandu, udaberria berandu; kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan” (Azkue EY, 1686).

Arinegi etortea, edozelan be, ez ei da ona. Martia igaroxe dala hoba, goizegi baino. Esaereak gogorazoten deuskun lez: “Martian kukuak jo baino, otsoa ardi artean ikusi hoba da” (Garate 9520).

Eta urtez urteko zikloari darraionez kukuaren soinua, hurrengo kukuaren soinua bizi-muga bihurtzen da esamodu batzuetan. Halan esaten da zahar-zaharra dan edota gaixo txarrak jota dagoan bategaitik: “Hurrengo kukua ez dau horrek entzungo”. Heriotzea hur dagoan seinale.

Kukuaren soinu guztiak be ez dira beti bat. Ba ei dira soinu onak eta soinu txarrak, onerakoak eta txarrerakoak. Horregaitik esaten da batzuetan “kukuak oker jo” dauela, zoritxarren bat ganera jatorkunean. Eta era berean, “beste kuku batek joko leuke”, hau da, zorioneko egoeran gengokez, baldin egoerea edo baldintzak beste era batekoak izan balira.

Kukua, entzun bai, baina ikusi nekez egiten dala esan dogu. Eta izan be, halantxe da. Bere ezkutalekutik dana dakus, zuhur eta adi. Handikxe jagoten ditu txindorraren edo txepetxaren sasiarteko edo horma untzorrituetako habiak be. Behin habiea eginda dagoanean eta ameak arrautzak habian ezarri dituanean, ha kanpotik dan artean, haren arrautza txikiak bere erpetzarrakaz kanpora jaurtigi eta bere arrautza motroa bertan ipinten dau, arrautzatoa, esango genduke. Eta txepetxori edo txindorrori konturatu ez edo, berea dalakoan, ha berotzen hartzen dituan neke-lorrak, eta behin txorikumea jaiotakoan, hari pikura jatekoa emoten egun osoan, geratu be egin barik; bera baino handiagoa dan txorikumeari… berarena dalakoan. Ez da errez jakiten zergaitik jazoten dan holan hori, naturearen patua izango da kontizu, baina halan jazoten da, egia bedeinkatua. Kukua be, gizaki batzuen antzera, inoren lepotik bizi da, kumetan behintzat. Hori adierazotera datoz ondoko esakerok: “Kukuak besteren ohantzean arroltzeak egiten” (Garate Atsotitzak 8557), “Kukuak txantxangorria inude” (Garate Atsotitzak 8550).

Kukuak ikastun txarraren entzutea be badauka. Beraren soinua beti da bat, txiruliruri bakoa, soila eta errepika egiturakoa. Hagaitik dino gure artean ondo entzuna dan esaera batek: “Kukuak zazpi urte egin zituan eskolan eta bakarrik ikasi eban kuku egiten” (Garate 8552).

Kukuaren antzera, gizaki batzuk be “kukuka” egoten dira inor jagoten, inori sorotsiten: “kuku egiten” edo “kukuka” esaten jako horri. Eguzkia be laino artean urtengo ez urtengo erdi agiri danean, kukuka dagoala esan ohi da. “Eguzki-kukua” erdizka agiri dan eguzkia da, “lo-kukua”, erdizka egiten dan bekanekoa edo lo-kuluxka dan moduan. Eta “bentana-kukua”, saetera antzeko leiho txiki estuari esaten jako.

Eguraldia dala-ta be “kuku-negua” esaten jako udabarrian aldi laburrez negu-eguraldia egiten dauen unadeari.

Kukuaren izena daroan basalora batzuk be badira, “kuku-frakak” esaten jakenak, azpikoz gora dagozan fraken edo edalontzi baten antzera petalo ederrak dituen lorak. Horretatik honako esamodua be: “Kukuari prakak egitea” (Garate 8555), alperreko beharra egiteagaitik.

Amaitzeko, gogora daiguzan XX. mendean ezaguna egin dan kantu honen hitzak, kukua eta amilotxa protagonista dabezanak.

 

“Horra hor goiko harestitxu baten
kukuak umiak egin jozak aurten.
Kukuak egin, amilotxak jan,
haxe bere kukuaren zoritxarra zan.

Amilotx horri kukuak dirautso:
‑Ezteuat itxiko gaur hazur bat oso.
Ume-jaleak erantzumentzat
dino: ‑Hire ardurarik etxaukat.

Aupa mutilak gogor jantza egin,
mahai honen gainean izterrai eragin,
bihotz alaia beti geuria
zirkin eta zirkin jardun atseden baga.”

 

Iturriko

2014-03-31

Esatekoak 0
Ikusita: 1590