kontaktua
2014.05.23

Izen eta adjektibo mugatubakoaren zurkulu batzuk

Aditzaren inguruan agiri diran izen eta adjektibo batzuk, predikatu sintagma deritxon funtzinoa beteten dabenak, -a mugatzaile barik marketako tradizinoa edo ohiturea dogu gure euskeran. Eta predikatu sintagma hori izena danean, adjektiboa danean baino agiriago ikusten da sarritan, mugatzaile barik erabili behar dala derriorrez eta mugatzailea sartzea okerreko bidea dala.

Orain belaunaldi bira arte normala zan gure herrietan entzutea (urietan be bai), urlia mutil fraile sartu dala, urlia neska monja doala edo hain familiatako semea abade egin dala. Horreetan hiru kasuotan, frailea, monjea eta abadea esan edo idatziko bagendu, belarriak berehala minberatuko litxakiguz.

Izan be, egoera, status edo aldi baterako ofizio edo jardunbide bat danean, ez dogu beste biderik mugatu barik ipintea baino, eta aditzak be holakoxeak izaten dira: egon, ibili, egin, joan, jarri, ipini, izendatu, bihurtu eta giro horretakoak. Horregaitik dino kopla zaharrak: “Errementari baino hoba da zesteru”. Edo: “Horren lagun izatea ez da erraza”. Eta badaezpadakotzat joko gendukez honetarikoak: “Lagun txarrakaz ibilita, azkenean bera be *lapurra bihurtu zan”, eta beste hau hobetsi: lapur bihurtu.

Gaztelaniaz mintzo garanean, de, como, en eta ereduko preposizinoak sartzen ditugu horreetariko askotan: Fue de maestro a Carranza edo Trabaja como carpintero en la construcción edo convirtió el agua en vino. Zenbat bider entzun edo irakurri ez ditugu honeen antzekoak; funtsean gaztelaniaren kalko garbiak, baina guztiz okerrak kasu honetan: Jesusek ura ardaoan bihurtu eban. Arotz lez edo arotz moduan dabil eraikuntzan. Maisu lez joan zan Karrantzara. Mugagabetasunak eskeintzen dituan espresino bideak ugariak eta zabalak dira. Ezinbestean esan behar dogu: Ura ardao bihurtu eban. Arotz dabil eraikuntzan. Maisu joan zan Karrantzara.

Lez/ legez edo bezala orio orbanaren antzera hedatzen doaz gure artean, bereak ez diran eremuetan, eta horri munarria ezarri behar jako: “Aratusteetan gizonak andra jantzita eta andrak obispo marrotuta ibili ziran kalean atxina” esatea joera zaharra eta ondo sustraitua da, eta gizon lez edo andra lez, moda barrikoak; badaezpadakoak, esan leiteke.

Erreibindikatu beharrekoa da -tzat atzizkiaren papera be, gaur erdi euskaldun askori buruan sartzen gatx egiten jakena. Atzizki horren atzean badira balio jakin batzuk, gogoan izan beharrekak. Tontotzat hartu esan gura dau: tontoa dala uste izan. Ustekizun bat datza hor azpian eta, gaztelaniaz por tonto, como tonto entzuten dala-ta, ezin da beste barik esan: tonto lez hartu, ez da komeni behintzat. Edo neure herrira banoa jazkera baragarriren bategaz eta inork ezagutu ez: me han tomado por/como foráneo euskeraz adierazoteko: kanpotartzat hartu nabe zuzenagotzat daukagu gure tradizinoan, kanpotar lez baino.

Egia da, dana dala, ekialdeko hizkeretan sarritan mugatzailerik ez erabilita marketan dabela balio hau, sartaldean –tzat horregaz egiten doguna. Halan: “Gerraren kontrako protesta egin zuten gazteak errugabe jo dituzte” kazeta informazino burua sartaldean erosoago berridatziko geunke: errubakotzat jo ditue. Ekialdean ez da mira egitekoa ondoko erabilera hori: “Berdintasuna edozein uztartze politikatarako oinarri jo dute”. Baina sartaldean, eta erdialdean be, erosoago erabiliko genduke: oinarritzat jo dabe.

 

Hurrengoan gehiago eta hobeto.

Iturriko

2014-05-23.

Esatekoak 0
Ikusita: 786
2014.05.13

Giza izenen gramatika

Ze izen dozu?

Norbaiten izenagaitik itaun egiteko, zenbat biderrez gaur ez dogu entzuten: Nola deitzen zara? edo antzekoren bat, gaztelaniazko “cómo te llamas?” esamoduaren kalko ordaina, baina euskaldun zaharren ezpanetan nekez entzuten dana. Errazago entzungo ditugu honen ahoz, edo Zelan dozu izena? edo Zelan daukazu izena? edo Zelan jatzu izena? Bizkai itsasertzeko leku batzuetan hirugarren hau (Lekeitio).

Eretxi aditza erabilten zan lehenago sarri esangura horregaz, gaur klasiko sundea dauena, baina ha ta guzti be ondo aitzen dana batez be deritxo eta eritxon hirugarren pertsonakoak. Peru Abarka elabarrian Peru pertsonaiak bere burua Maisu Juani aurkeztu orduan, honetara agertzen deutso bere izena: Niri derist Peru Landetako, eta aurreratxuago barberu soineko apaindunari berarena itauntzen deutso, jakingureak edo kortesiak eraginda: Jakin gura neuke zelan deritxun. Eta biok bazkaltzen dagozan ardanetxe edo bentako neskamearen izena jakin gurarik, Peruren itauna: Ze izen dau? Eta Peruren erantzuna: Praiska deritxo. Barberuak atzera barriro Fraiska honi itauntzen deutso ugazabandrearen izena: ze izen dau? Eta neskatilearen erantzuna: Andra Madalena deritxo. Eta bada hirugarren aditz bat be, esan, horretarako erabilten dana. Obra bereko pasarte honetan birritan darabil idazleak, ez itauntzerakoan, ezpada erantzuterakoan: Niri esaten deuste Don Juan Jauna, erantzuten dau behin barberuak, eta Peruk be era beretsuan hari: Niri esaten deuste Peru batzuk, besteak Periko.

 

Peru eta Mari, Perua eta Maria

Pertsona bat, gizaki bat, izen berezi batez identifikatzen dogu euskeraz zein beste edozein hizkuntzatan, toki-izenak egiten ditugun legetxe. Izen berezia edo “propioa” izateak esan gura dau, izen hori gizaki bakarra izentetako erabilten dogula. Hori dala-ta mugatzailerik ez dau behar giza izenak, ez dau eskatzen –a mugatzailerik, izen arruntak lez: Peru badau izena gure lehengusuak, Peru deitzen deutsagu, baina beragazko senidetasuna adierazoten dauen izena erabilten badogu, lehengusua deitzen deutsagu, hau da, lehengusu + -a. Nor da hor datorrena? itaunari erantzun geinkio, edo Peru, bere ponte-izenaz edo lehengusua, senidetasun izen arruntaz.

 

Kontu jakina da berez, badirala izen arrunt batzuk be mugatzaile barik izentetan ditugunak, batez be senidetasun hurrekoak eta norbera baino zaharrago edo goragoko mailakoak: aita, ama, aitita, amuma, aitabitxi, amabitxi, sarritan baita osaba eta izeko be… eta lehenagoan holan erabilten ziran errege, erregina eta halangoren batzuk be. Mugatzaile barik erabilten ditugu hondino: ugazaba (ez ugazabea), aita ginarreba eta ama ginarreba eta hatariko gitxi batzuk. Baina mugatzaileaz ahoskatzen ditugu gehien-gehineak, ostera: aitaxea eta amaxea, anaiea, nebea eta arrebea, suina eta errana, senarra eta emaztea edota andrea eta gizona, koinatua eta koinatea, lehengusua eta lehengusinea –hau bestetara be bai: lehengusina‑ eta horreen harikoak.

 

Persona-izen bereziak be erregistro arruntean batzuetan mugatzaileaz erabilteko ekandu zaharra ez da galdu. Durangoaldean herri-ipuineko pertsonaia ezagunak dira hondino Perue eta Maridxe, gaztelaniaz “el Pedro y la Maria” liratekeenak. Gernikaldean herri-mailan izen ezagunak dira Pedroa, Pabloa, Karmentoa edo Pilartxea, gaztelaniaz “el Pedro, el Pablo, Carmen la grandota, la Pilarcita” liratekeenak.

 

Matxalen Busturiko

Ponte-izenaren ondoan “abizena”, “deitura”, “izelonbrea” edo goitizena dogu guztiok. Abizen hitza aba-izen bikotxaren konposatu gisa sortu eban Sabino Aranak eta arrakasta handiz iraun dau gaur arte, deitura izena lekua kentzen bajoako be. Abizen edo aba-izen horrek persona bat bere aurretikoakaz, asabakaz dauen lokarria gogorazi gura dau, funtsean, urliaren seme edo jatorrikoa dala. Halan Ortiz, Ortiren semea litzateke, latineko genitibo-atzizkiaren bidez. Perez, gaztelaniaz Pereren semea dan legetxe. Edo Danielson edo -sen, Danielen semea hizkuntza anglogermaniarretan. Honetariko izen-deiturei deritxe patronimikoak, aitaren jatorria izentetan dabelako.

Euskeraz horretariko abizenak be badira, baina indar handiagoa hartu dau luzarora nongo semea erispideak, noren semea dalakoak baino. Eta nongo izate horretan etxea, auzoa, herria edo dana dalako toki-izena aitatzen da; bestela esanda, toki-izena bihurtzen da deitura edo abizen. Eta eremu batzuetan, batez be Araba partean, bitariko abizenak gorde dira: patronimikoak eta toponimikoak. Eta abizen konposatu honeei de preposizinoa erantsi izan jake: Diez de Txintxetru, Martinez de Albizua edo Lopez de Gereñu, esaterako.

Beste euskal lurraldeetan be baziran antxina eredu horretako abizenak, baina luzarora toponimoa nagusitu izan da, ez aita-izena.

Izen toponimiko hori ponte-izenagaz alkartzeko, gaztelaniazko administrazinoak de preposizinoa erabili izan dau tradizinoz, alemanez von edo holanderaz van egiten zan antzera. Gaur egungo deitura batzuetan badirau de horrek, baina gehienetan galtzera egin dau, traba astunegia zalako.

Euskaldunen artean –ko erabili izan da, administrazinoa gorabehera, deitura toponimikoen atzizkitzat: Erridrogitxu Baltzategiko, Peru Abendañoko, Errodrigo Zarateko, Inazio Loiolako, Andra Mari Begoñako. Agiri zaharretan gitxitan baino ez dira gorde horretarikoak, letraduek gaztelaniara bihurtu barik geratu diran bakanak. Nafarroako dokumentazino zaharrean eredurik gehienak. Halakoak dira: Santxo Dorreko, Lope Gorteko, Nuño Miotako, Pero Iturrietako eta beste batzuk.

Norbait identifikatzeko, administrazino mailan abizena darabilgun moduan, herri ohituran hondino be nor nongoa dan esanaz errazago banakatzen dogu pertsona bat. Abizena alde batera itxi eta izenaren ondorik nor hori bizi den edo jatorri dauen herri, auzo edo etxearen izena emon. Halan sortuak dira, kasurako, herri-kopla zahar edo aspaldikoetan aitatzen diran andra-pertsonaia bi: Matxalen Busturiko eta Tretatxu Atxuriko.

Bide beretik sortuak dira erlijino munduan be: Andra Mari Martiko edo Kristo Andako.

 

Etxea izan da, funtsean, euskal deituretan emankortasunik gehien erakutsi dauena. Etxea, etxe tipo berezi bat, eraikuntza bat... Zenbat abizen dira etxe izena ointzat dabenak: Etxebarria, Etxezarra, Hormaetxe, Bazterretxe, Bengoetxea, Iturrikoetxea. Eleizea erreferentziatzat dabenak: Eleizburu, Elizondo, Elizegi, Elexalde, Elexabarri. Edo torre dabenak: Torre, Torrontegi, Torrealdai...

 

Martikorena

Halakoren edo urliaren etxea aitatzen daben abizenak be ez dira gitxi, batez be euskerearen ekialdean, ipar zein hego. Abizenon amaierak -ena eta –enea izan ohi dira. Pertsona-izen edo ofizio-izen baten gainean eregiten da –en edute-genitiboko atzizkia, mugatzaile eta guzti. Persona-izenen gainean eregiak dira sarri: Perurena, Errandonea. Ofizio-izen baten gainean eraikiak be badira: Arginarena, Marinelarena.

 

Deitura zahar-zaharrak

Agiri zaharretan ugari samarrak, baina XVI. mendetik honanzko deituretan bakanagoak, badira goitizenetatik datozan abizenak be.

Baltza lango kualidade adjektiboak. Norbaiten ezaugarri fisikoren bat jatorritzat daben goitizen batetik datozanak, adjektiboa izen bihurtuta. Batzuetan kolorea (baltza, gorria, begiurdina, zuria), besteetan neurria (handia, txipia, gutia) edo gorputzezko kualidaderen bat (ezkerra, sendoa, gogorra) edo izaerazkoa (latza, leuna). Holako deiturak ugariak dira berariaz Erdi Aroko dokumentazinoan.

Etxajauna, umea edo seina lango giza-izena edo otsoa edo erlea lango abere-izena jatorrian dabenak. Gorputz atalak be bai: buztaina, sabela eta halangoak. Nafarroako Erreinuko lehen buruzagi ezagunak, Eneko Aritzak, zugatz-izena eban goitizentzat, berbarako.

Abizenen gai honek hari luzea dauka. Harilaren zati bat baino ez dogu askatu oraingoan.

 

Iturriko

2014-05-12

Esatekoak 0
Ikusita: 1631