kontaktua
2014.06.27

Doniane eta Doniane: Sanjuanak gurean

San juan eguna, Doniane eguna, Sanjuanak, Donianeak. Horreexek dira bagilaren 24ko eguna eta bezpera iluntzeko errituai esateko darabilguzan izenak.

Mogel idazle handiak aitamen bi itxi deuskuz gitxienez, nik dakidala, jai egun hau dala-ta. Batetik Peru Abarka berba-jardunetan: Izen ederra dozu –dirautso Maisu Juani‑. Done Joan edo San Juan gauza bat dira. Donianeak esaten jake Sanjuanetako egunai. Beraz zuk bere Doniane barri batzuk ekarriko dituzu, suak egin, donianbedarrak erre eta egun gozatsu bat igaro eragiteko.

Doniane esaten dogu sartaldean, ekialdean Donibane deritxonari.Onomastikara jota,ezagunak jakuz Iparraldeko uri hazi bi, Donibane Lohitzune Lapurdin eta txikiagoa dan Donibane Garazi Nafarroa Beherean, Gipuzkoako Pasaian portu inguruko auzo ezaguna, Pasai Donibane, ahaz tubarik. Ezagunak Bizkai alderdian be maila apalagoko izen batzuk. Morgako Ganbe auzoan bada ermita bat –bazan, hobeto esanda, eta ondo ermita ederra barritz‑, San Juan izenekoa, eta beronen ondoan baserri bat, Dxanduniz esaten geuntsana, Zabale eta Fikara bidean. Dxanduniz hori ez da besterik, Jandone Joaniz izen zaharraren era laburtua baino.

Doniane izen zaharrak kantatu, errezitadu eta errefrau zaharretan dirau gaur be bizirik. Nork ez dau kantau, edo kantetan entzun behintzat, San Juan bezpera gabeko suen gainetik saltu egikeran, errezitau ezagun hau edo honen aldaeraren bat: Doniene eta Doniene. Gaur dala, bihar dala Doniene. Etzi San Juan biharamone…

Errefrau batzuetan be gorde da izen zaharra. Halan: Artoa, Donienetan zozo; San Pedroetan bela. (A.Zavala I, 252).

Doniane izena, hitz alkarketan donian bihurturik, hainbat berbatan gorde da gure lexikoan, era batera edo bestera bagilaren 24 horregaz edo eguzkiaren bira une horregaz zerikusia dabenak. Halango batzuk, hona:

- Donian-bedarrak badira, gaztelaniaz “hierba de San Juan” deitua, Mogelek beren-beregi aitatzen dituanak. Donianlorak esaten jake lora mueta batzuei. (Aurreko berberak ez ete dira, gero!).

- Donian-sagarrak goizetiko sagar mueta batzuei deritxe –Sanjuan sagar esaten deutsegu beste herri batzuetan‑.

- Donian madariak be ezagunak dira, honeek be goizetikoak. Eusebio Maria Azkue poetak bere bertsoetariko batzuetan berbara dakarskuz: “ta donian-madariak / gozoak baina txikiak” (PB287).

- Donian-irak, ira edo garo mueta batzuk dira, trumon-bedar izenaz be ezagutuak. Udako ekatxak oinaztuz, tximistaz eta trumoi-hotsez datozanean, etxea babesteko berebizikoak ei dira. Donian-bedar, donian-lora eta donian-ira izenok zerikusi estua izango dabe, kontizu, San Juan egunez eleizara bedeinkatzera eroaten izan diran landara generoakaz.

- Doniankargea edo kargagilea (kargilea) izen ezaguna emoten jako, egun horretan eleizan bedeinkatzeko atontzen zan erramoileteari. Ibarrangeluko oihuturea honetara kontetan deusku Domingo Zuluagak: “Egun honetan etxe bakotxekoak etxe aurrean ida-ezpatak zabaltzen ebezan. Eleizara lora-txortak eroaten ziran bedeinkatzeko. Txorta bakotxean, gitxi gorabehera, lora edo landara honeexek eroaten ziran: klabelinea, larrosea, maiorana, osasunbedarra, trumo-bedarra, artoa eta garia, ortuariren bat, kuku-prakak, menda, andragin…”.

- Donian suak izen zaharra be ezaguna da hondino Sanjuan suak zabalagoaren ondoan.

Eleizan bedeinkatutako erramoilete hori, leizar adar baten (beste leku batzuetan beste arbola tipo baten) inguruan loturik ipinten zan (eta da) etxe portalean edo atarteko zutabean, edo balkoiko hagan, eta han eukiten zan luzaroan, harik eta igartu arte eta gero be. Horreri izen diferenteak emoten jakoz lekuan lekuan, besteak beste San Juan kargilea. Eta kargagile hori ez zan lehenago sastegira berehala bota egiten, ezpada gorde egiten zan harik eta hurrengo urtera arte, hurrengo urteko donian bezperako su artera botateko.

Donian suaren indarra eta esangurea biziak eta sakonak dira antxina zaharretik lehengo jentearen buruan. Sua da parte txarreko guztiak erreta galduko dituana: sugeak eta sapoak, sorgintxuak, lapurrak izentetan dira erre beharrekotzat. Lurraren uzta gozoak, aldiz, gordeteko dira: arto-garitxuak edo artoa eta garia izango dira urte osoan janaria emongo deuskuenak. Horreek kaxan gorde edo ondo gorde, errezitaduak gogorazoten deuskun lez.

Erre beharrekoen artean, aurreko urtean bedeinkatutako lora, ortuari eta frutuak be badira: kipulea, berakatza, porrua, larrosak, babalorak... Suari emoten jakoz aurreko urteko uztako soberakinak, sasi, ota eta bedar zaharrakaz batera, edo etxeko mantar, sorki zahar eta enparaduakaz batera.

Suaren akordua errefrau zahar batzuek be garbiro dakarskue. Bat: San Juan su, bazter guztiak mamitsu. (A.Zavala, Esaera zaarrak II, 2579). Beste bat: Sua! Gabonetan txapan eta San Juanetan plazan. (A.Zavala, ibid. II,2675).

Su ganetik sailtu egitean honelako errezitaduak edo antzekoak kantetan ziran gure herrietan. Gaur dala, bihar dala Doniane, / etzi San Juan biharamone, / gure soloan lapurrik ez, / badagoz bere, erre beitez. (Azkue,EY, IV, 327. Zornotzako Bernagoitin batua).Bertsino diferenteak dira, jakina, erre beharrekoen eta gorde beharrekoen artean: ….sapoak eta sugeak erre, erre, / artoak eta gariak kaxan gorde.

Gazteak su gainetik sailtu egite hori ospakizun edo dantza antzeko zerbait dala esan daiteke. D. Intzak Nafarroan errezitadu bertsino polita batu euskun, ia errefrau bihurturik: San Juan bezpera, sarna a fuera. Ogi eta ardoa etxera. Atso zarra ganbelpera. Neskatx(a) gaztiak txokolate hartzera.” Eta biltzaileak berak gaineratu eban:San Juan suaren gainean jauzi egitean farrez esaten zen hori. (D.Intza, 997 znb.)

Doniane bezperako suok dirala eta ez dirala, abadeen arteko liskarrak be aitatzen jakuz herri kantu baten, sustraiak ilun samar dituana. Ibarrangelun Domingo Zuluagak honetara batu eban: Doniene moniene / bezpera gabien, / abadiek hasarratu zirien, / ez eben besterik egiten, / alkarreri musturrek hausiten. / Eta Doniene eta Doniene.

Munitibarren Erramun Gerrikagoitia euskaltzaleak 2012ko zemendian Manuel Gallastegi 82 urteko gizonari, Lekeition bizi izan arren, umetan Totorika auzoan ikasi eban bertsino antz-antzekoa jaso eutsan, baina bigarren partea diferentea dauena: Doniane, Doniane / bezperan gabien / abadiak hasarratu zirien, / ez eben besterik egiten / alkarreri musturrek hausiten. Eta aurrekoon segidako bertsoak be Donian suetako ohitura zaharraren lekukotza damaigue: aurreko uztako ortuari hondakinen bila ortura, hareek suari emoteko; Juanita laztanaren ortura, hatan be: Juanitan ortura sobretan, / sobrien onduan patana, / hazan nire laztana. Errezitaduaren amaierako berbak be berezi samarrak: Sorgiñek erre, / lapurrek ostu / organarun santu / San Juan.

Donianera peregrinazinoan. Itsasalde edo itsas hurreko gure uri eta herri batzuetan egun seinaladua da Doniane, eta egun horretan San Juan ermitara egiten dan erromesaldia. Ezagunenetarikoa dogu San Juan Gaztelugatxekora Bermeo, Mundaka, Bakio, Busturia eta inguruetatik egiten dan ibilbidea. Han mezea entzun eta eguna alegrantzi ederrean igaro.

Otxolua idazle mundakarrak (Bernardo Garro bere benetako izen-abizenez) badauka argitaraturik ipuin labur bat izenburu berorregaz: Bihar Donianera (Bijar Donianera, berak idatzi eban lez), 1929an liburuska modura argitaratu zana eta Doniane egunez San Juani erregu eta mesede eske egiten jakon ibilaldia –lehenago letaniak‑ gogorazoten deuskuna.

Doniane eguneko ibilaldi hori gogorazotera dator herri kantu bat be, hondino be edadeko jenteak akorduan daukana. Bertsino batek halan dakar: San Juan de la Portaletaña, / zapatu arratsaldian, / hiru atso trompeta joten / motroilu baten gañian. / Urra, urra, urra San Juanetan, / dantzan egingo’gu ipar haizetan. / U uu… San Juanera goaz gu.

Jai giroko egunak edozelan be bagilaren amaiera eta garagarrilaren hasierakoak: San Juan eta San Pedro, astero balego! Ta Ama Birjiña urriko? Inoiz ez ahal duk etorriko! Pesta-zale zikoitzak esana. (D.Intza, 2244)

Errefrau gitxi batzukaz amaiera emon gura geunskio San Juanetako erretolika honi.

Badira batzuk Doniane denporatik aurrerako uztea gogorazoten deuskuenak. Aurreko errezitaduan agiri diran arto-garitxuak aitatzen jakuz behin baino sarriago. Bata, Baztangoa: San Juan, artoa ta ogia kanpoan.(AzkueEY III, 74). Bigarrena, Segurakoa: San Juan euli gabe, urtea ogi gabe. (Azkue EY III, 77). Aurrekoaren aldaera, beste hau:San Juan euri gabea, urtea ogi gabea. (A.Zavala II, 2577). Erronkariko ertzean be batu eban Azkuek Donianegaz loturiko atsotitz bat: San Juanetako euriak kenten dei ogi eta ez dei emoiten ardau. (EY III, 78).

Artoak noraino hazita egon behar dauen ohartzera datoz beste errefrau batzuk. San Juan eta San Pedro astebeteren aldeaz badatoz be, aldi bitarte hori ei da artoak proba egiteko unerik mesedetuena: Arto landareak San Juanetan zozua eta San Pedruetan oilua estaltzen badauz, artxua izango da.” (A.Zavala I, 256). Nafar erara: Artoak San Juanetarako zozoa estali behar du eta San Pedrotarako belea. (Intza, 254).

Sagar eta fruta potinduak Donianeetan ze tamainu euki behar daben aitatzen deuskue beste atsotitz batzuk:San Juan egunean arbola azpian lau sagar, gainean ondo dan sinalea. (San Juanetarako sagarra helduta dagoenean, seinale ona) (Mokoroa, Ortik eta emendik, 61694). Antzera beste honek: San Juanetan artoak belea tapatzen badu eta sagarrari hiru ale ikusten bazaizkio, urte hartan naiko arto (ta) sagar izango da. (A.Zavala II, 2574)

Egunen luze-laburra darabile hautugai beste errefrau batzuk: San Juan egunik luzeena, Santa Luzia, laburrena. Halan:San Juan eguna, urtian den egunik luzeena. (D.Intza, 82. Arbizu). Egunik luzeena, San Juanena; gaurik luzeena, Santa Luziena. (A.Zavala I, 817). Uda betearen aldia be Sanjuanetatik Sanpedroetarakoa ei da: Hemengo udara, San Juanetik San Pedrotara. (A.Zavala I, 902). Eguzkiaren ederra be egun horreexetakoa: Eguzkiak San Juanetan dantza. (A.Zavala I, 831).

Donianegaz sartzaiera daben uda-egun ederrak, negu gorritik nekez ailegau diranak, bizkor aldentzen ei dira, kukuaren kantua legetxe: Kukua, San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu. (A.Zavala II, 1845). Edo beste modu batera esanda: San Juan, San Juan, nekez etorri eta bizkor juan. (Mokoroa, 61797).

Doniane goizean, eguzkiak urten baino lehen, norbere oinentzat eta azalerako ona ei da landamin berdean, goizeko inontzetan ortozik ibiltea. Harek osatzen ei ditu aurrez ostean etorri leitekezan gatx eta gaixo guztiak.

 

On deizuela.

 

Iturriko

2014-06-23

Esatekoak 0
Ikusita: 757
2014.06.19

Sanjuanak

San Juan bagilaren 24an ospatzen dogu. Orduan da udako solstizioa, egunik luzeena eta gaurik laburrena. Sasoi honek, neguan Gabonakaz bat eginda pasetan dan moduan, hainbat siniskera eta ohitura ditu inguruan. Ha ta guzti be gehien-gehien suagaz lotzen dogu jai hori.

Sua bezpera iluntzean egiten da, etxeko landan, edo auzuneko soloetan, edo herrian gaur egun. Gero ta leku gehiagotan egiten dala esan lei, baina lehen soloakaz lotutako siniskeretan oinarrituta egoan. Suaren ganean salto egiteko ohitura egon da, zuziak hartuta soloetan kantuak edo esakera batzuk esatea be bai. Batzuk konjuro modukoak dira, soloak lapur, zapo eta sugeetatik libre egon daitezan.

Atari honetan bertan dagoan Herri ondarearen katalogoan, han hor hemen herriz herri batutako batzuk ekarriko ditugu hona

Busturian batutakoak:

“Doniene ta Doniene
gaur dala, bihar dala Doniene,
etzi San Juan bihamone,
gure soloan sorginik ez,
badago bere erre beitez”.

“San Juan de la porta latina
larunbat arratsaldean,
hamalau atso tronpeta joten
motroillu baten ganean.
Urra, urra, urra sanjuanetan,
jantzan egin behar dogu ifar haizetan,
ujuju, San Juanera goaz gu.
Ujuju, zantzotxu bat bota behar dogu”.

Beste hau Berrizen batukoa da:

“San Juan, San Juan,
arrautza bi kolkoan,
beste bi altzoan,
sorginak eta lapurrak erre, erre,
artoak eta gariak gorde, gorde.
Biba San Juan!

San Juan, San Juan
nik ez dot besterik gogoan,
gure soloan lapurrik be ez,
sorginik be ez,
badagoz, badagoz, erre beitez.
Biba San Juan!”

Maruru-Jatabekoa da hurrengoa:

“San Juan Bagileko,
zapoak eta sugeak erreteko,
artoak eta gariak gordeteko,
San Juan Bagileko.”

Zamudion be antzera:

“San Juan bagilean, denpora ederrean,
artoak eta gariak gorde, sugeak eta zapoak erre.
Biba San Juan, etxean eta kanpoan!
Gaur dala, bihar dala Doniane Kruz, etzi San Juan biharamona.
Gure soloan sorginik ez, badago be erreko dira.”

Esatekoak 0
Ikusita: 1824
2014.06.13

San Antonio Urkiolakoa

Bagilaren 13an San Antonio eguna ospatzen dogu, herri eta auzo askotako zaindari eta jaieguna. Bizkaian seinaladuenetako bat Urkiolakoa da, hara joateko ohitura zabala izan da hainbat herritatik.

Urkiolako erromeria jai handitzat gogoratzen dabe hainbat jentek, gaztetan oinez joandakoek, bazkaria zapata-kaja baten eroanda.

Errogatiba eguna izaten da San Antonio egunaren inguruan eskualdeen arabera, baita gaur egun be.

Eta erromeria eta jai horren indarraren erakusle dira gure herri tradizinoan zabal-zabal dabizan kopla batzuk, guztiz ezagunak herri kantutegian.

Kopla-errepertorioak batzen ibilitako ikertzaileen artean Jabier Kalzakorta dogu emaitzarik oparoenetako bat emondakoa. 2007an Dantza-kopla zaharrak izeneko liburua argitaratu eban Labayru Ikastegian. Han batu zituan han hor hemen erdi galduta egon diran hainbat kopla-sorta, berak kopladi izena emoten deutsena. Hainbat lekutako eta barri-emoileren koplak batu ditu, zein baino zein zoragarriagoak.

Koplak euren artean ez dabe loturarik eukiten; horregaitik, Urkiolako San Antoniorenak beste batzuen artean txertatuta agertzen dira.

Markinako kopladia atalean topau doguz hona ekarri ditugunak, Markinan batutakoak lehengo mendeko 80ko hamarkadan.

Egunari bere izentazinoa emon guran, hona kopla polit batzuk:

 

Antonio

Urkiolakua,

hamaika neska-mutil

buztartutakua.

 

Askok egiten deutso

san Antoniori,

egun batian juan

da bestian etorri.

 

Urkiolara juenda

zapatak apurtu,

aite san Antoniok

barrixak eingo’ittu.

 

Durangon bazkalduta

Mañarixen gora,

aldats aundixe dago

san Antoniora.

 

Durangon bazkalduta

Txakurzulon gora,

abarka sopitxia

ipurdixen gora.

Esatekoak 0
Ikusita: 784