kontaktua
2014.07.24

Jaime Kerexeta 1918-1998

San Inazio egunekoa zan Jaime Kerexeta, Elorrion 1918an jaioa eta bertan 1998an hila. Abadetzarako ikasketak ezeze musikakoak be egin ebazan. Abesbatzen zuzendari eta organojolea izan zan. Baina euskera eta euskal kultura bete-betean landu zituan. Gazterik zaletu zan euskereaz eta hareri lotuta egin eban bizimodua, alderdi ezbardinetatik ganera. Lan oparoa egin eban, hirurogei bat liburu itxi zituan.

Olerki egilea dogu, alde batetik. Orbelak (1958) eta Bitargi (1960) liburuak argitaratu zituan.

Eleiz-liburuen itzultzaile dogu beste alde batetik. Jesukristo gure Jaunaren Barri Ona (1960) eta Eguneroko meza eleiztarren eskura ipini ebazan euskeraz (1962). Horren ostean Bibliako zatirik garrantzitsuenak euskeratu ebazan, Alkartasun Barria eta; eta azkenean Euskal Biblia (bizkaieraz) osorik (1976). Beste hainbat lan be egin ebazan berak bakarrik. Gero, Kontzilioak eleizkizunak lekuan lekuko hizkuntzan egiteko bidea zabaldu ebanean, liturgia batzordean parte hartu eban, euskera egiten dan beste lurraldeetako abadeakaz batera testuak bateratzeko.

Heraldika, fogerazinoak eta genealogia gaiak asko ikertu ebazan, eta hainbat argitalpen itxi zituan horretan be.

Hizkuntza gaietan, gramatika eta hiztegiak egin ebazan. Eta literaturan Bizkaiko zenbait idazleren lanak batu eta argitaratzea bideratu eban.

Hainbeste behar egin ostean, aitorpenak be hartu zituan. Euskaltzaindiak, Euskal Itzultzaileen Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak omenaldiak egin eta agiriak emon eutsiezan.

Esatekoak 0
Ikusita: 948
2014.07.11

Geuria da ta, geuria…

Aldi baten gaur baino sarriago entzuten zan kantu aberkoi hau, behin txistu soinuan kalerik kale edo tabernarik tabera jaietan, edo bazkaloste baten lagunarte umoretsuaren kantu jarioan. Ez daukat ahaztuta, neure gaztetxotan behin, Geuria da-ta... txistuaz joten eta kuadrila ugaria kantetan taberna batera sartzen goazela, atean egoan gizon heldu batek erantzun eustala: Zer da zuena ba? Euskal Herria danona da, ez zuena bakarrik, esan gura eban karlatar zahar harek.

Euskera zuzenean egozan, bai kantuaren hitzetan, bai erantzulearen ahoz, erabilitako izenordain edutezko biak: geurea eta zuena. Geurea, bihurkari edo indartua (intentsiboa) deritxona, eta zuena, neutroa, markatubagea.

Kantuak argiro markatu gura eban geurea da Euskal Herria baieztapen horri jarkiteko, kontrako eretxidunak bere itaun erretorikoa beste era honetara be egin zeikean: zuena zer da ba?. Era markatubagea erabilte horren arrazoia, mintzagaia dala hor izenordain hori, eta ez galdegaia. Eta edozein kasutan be, esaldi horretan beste berba bat da galdegaia: Zer galdetzailea, beti markatua ohi dana.

Baina aspaldion ugaritu dira gure artean euskaltzale batzuk sasiko euskerea haizeratzen hasi diranak, inoizko abertzaletasunik gorienaz itxura baten, behar ez dan lekuan edo toketan ez dan lekuan geurea eta geurea aupadaka dabilzanak.

Moda barri horren lekuko diran slogan bi, paper inprimatuetan neuk neure begiz ikusiak, eta lapitz zorrotzaz berehala kuadernoratuak. Bata, Gernikakoa. Karteleko slogana: Geurea Ikurrina. 2013ko abuztuaren 18an, Gernikako jai barruan, Sanroketxu egunean ikurrinari omenaldia egiteko atonduriko esaldia. Bigarrena, oraintsukoa. Errege-erregina barriek, Pelipe eta Letiziak, kargua hartu eta lasterrekoa edo alditsukoa. Bilboko Areatzan zubiaren aurrez aurreko etxe ederrenetariko bateko balkoian letra handiz idatzita egoan slogan bat: Geurea Euskal Errepublika. (2014-06-29).

Berehala emon eustan gogoak. Slogan bi honeek gaztelaniaz pentsauta dagoz eta gero euskeratuta. Eta slogan sortzaileon buruan egozan esaldiak honakoak izan behar dabe: Lo nuestro, la ikurrina lehenengoa, eta Lo nuestro, la república vasca bigarrena. Gramatika begiz epaituta, esaldi biotan geurea dalako biok mintzagaiak dira, baina ez dabe adierazo gura geurea dala zeozer, ezpada gureak edo ikurrina edo euskal errepublikea dirala. Fokuaren indarra atzeko izen bietan dago, ez aurrekoan.

Gauza jakina da joera diferenteak daukaguzala gure/geure, zure/zeure era neutro eta markatuak erabilteko orduan euskerearen erdian eta sartaldeetan, batetik, eta ekialdean (Iparraldean eta Nafarroan) bestetik. Zenbat eta sartalderago etorri, neure-geure-zeure sailekoen esparrua, erabilgunea, ugaritu egiten da, eta ekialdean, aldiz, erabilgune mugatua izan dau, denporea igaro ahala galbidean egoteraino.

Geure, zeure, bere…. bihurkariak dira berez: aditz jokoan pertsona hori agiri danean, edutezkoak era markatua hartzen dau: Nik neure etxean be ez dot agintzen edo Gu pozik gagoz geure bizimoduagaz esan lei bat edo batek, eta zuzen ibiliko da nik eta gu neutroak batetik, eta neure eta geure bestetik. Eta azkenengo bion era markatuak, bihurkariak diralako da, galdegaiak izan barik bata ez bestea. Mogelek idatzi eban errefrau batek dino: Bakotxa bere zoroak bizi dau. Eta horren esangurea zehaztu gurrarik, Peruren ahoz honan dirautso Maisu Juan solaskideari: Ha bizi dau bere zoroak, eta zu [bizi zaitu] zeureak.

Hemen garandutakoez ostean, hainbat kontestu dira gure euskeran geure ereduko edutezko markatuak erabilten ditugunak. Batzuetan aurkakotasuna adierazoteko izan ohi da. Halan, esaten badot: Arkondara hau neurea ez da behintzat!, aitzen emoten doguna da, gurea barik, beste norbaitena dala.

Eta akabukoz, deikietako erabilera aitatuko neuke. Egia esan, deiki edo bokatiboetan, era neutroak dira berezkoak, ene eta guzti lehenengo pertsona singularrean: Ene alabatxi, ene laztana, ene amatxua… Baina markatuak be ohi darabilguz kontestu batzuetan. Bai, ama neurea! errrepikatzen da behin eta barriro Frantzie-kortekoa baladan. Eta norbaitegazko senidetasuna edo hurkotasuna adierazo gura danean, bokatibo izan barik be, era indartuaz markatzen dogu adierazkortasuna: Ama zeuriak neuri, / parian pasata,/ ez deust agurrik egin, / burua jirauta. // Ama zeuriak neuri / agur ez eiteko, / ze palazio dauko / zeuri emoteko. Horra, zabal dabilen herri kantuaren sartalde honetako bertsino ezaguna.

 

Iturriko

2014-07-11

 

Esatekoak 0
Ikusita: 983
2014.07.04

Iragan sanferminetan

Udearen sarrerako loraldian gagoz, euriteak gorabehera. Hogeta bostean Doniane. Astebete garrenera Doneperi, edo Jandone Peri, eta harik astebetera San Fermin, garagarrilaren 7an.

San Fermin, Nafarroako Erreinu zaharreko patroia dogu, Done Frantzizko Xabierregaz batera. Eta ez Iruñekoa, askok uste izaten dauen lez. Iruñeko patroia San Zernin dogu, San Saturnino gaztelaniaz, Tolosako (Frantzia) apezpiku izan zana. Zemendiaren 29an zelebretan dan ospakizun horrek ez dauka gora ez ospe handirik Iruñean, dana dala. Usainik be ez, Sanferminen aldean.

Gaur egun uda hasieran ospatzen bada be, XVI. mende akabura arte (1591) udagoien hotzean ospatzen zan egun handi hori, urriaren 10ean hatan be. Baina hile horretako eguraldi eskasa eta hotzak arrazoitzat ipinita, Iruñeko Udalak urte horretan baimena eskatu eutsan apezpikuari, garagarrilaren 7ra ekarteko. Edozelan be, San Ferminen ohorezko eleizkizunak zaharrak be zaharrak dira Iruñean. Agirietatik dakigunez, XII. mendearen aurretik dogu euron lekukotasuna.

Ospakizunaren eguna aldatzeko eskabide horren atzean uritarren merkataritza arrazoiak be izango ziran, kontizu. Eguraldi onak erbeste jentea be errazago erakarten dau. Eta uztaileko egun horretan, gitxienez XIV. mendetik, beste ospakuntza bi egiten ziran Iruñean. Batetik feria nagusiak, ganadu eta bestelako. Bestetik, zezenketak. Halanda ze, XVI. mende amaieratik hiru ospakuntza diferente egun berean eta aste berean batzen dira: zezenak, feria nagusiak eta San Ferminen eleizkizuna.

Sanferminetan badira errito eta kantu batzuk, gaur sakon sustraiturik dagozanak, baina berez hain antxinakoak ez diranak. “Uno de enero, dos de febrero…” hasten dan Sanferminetako kanturik ezagunena, Leitzako seme euskaldun batena da. Ignacio Baleztena Azkarate (1887-1972). Abogadua, idazle eta poeta, folklorezale errimea eta politiko karlista ezaguna bere sasoian.

Nondik hartu eban “Uno de enero…” horren doinua ez dago gatx asmatzen. Guztion ezaguna da gabon aldian gaur sano zabal dabilen Olentzeroren kantua:

“Olentzero, buru handia, / entendimentuz jantzia,
bart arratsian edan omen du / bost arroako zagia. /
Oi urde tripandia, / tragatu baitu, / tragatu baitu, /
Oi urde tripandia, / tragatu baitu zahagia.

Bigarren partearen erritmo-doinuetan oinarritua da harako: “A Pamplona hemos de ir, con una media y un calcetín”. Umoretsua, benetan, Baleztena leitzarra.

Zezenketen aurrerapen gisa goizean goiz Estafeta kalean zehar eta zezenplazara arte egiten dan zezen aurreko arineketa horren aurretik San Fermini egiten jakon kantuak be badauka bere sustrai sendoa: “A San Fermin pedimos, por ser nuestro patrón..:”. Kontua da, euskerea be bidea urratzen doala San Fermin eta zezenketa giroan be. Euskerazko bertsinoa dauka gaztelaniazko horrek, 2009tik korrikalariek kantetan dabena: “Entzun, arren, San Fermin, zu zaitugu patroi, zuzendu gure oinak entzierro hontan otoi. ¡Viva San Fermín! ¡Viva!, Gora San Fermin! Gora!

Baleztena jauna izan zan Sanfermin inguruko errituala ugaritzen eta aberasten ahalegindu zan puntarengoetarikoa. Eta euskerazko hainbat berba txertatzen ditu, batzuk bereak, beste batzuk tradizinotik jasoak, Iruñerriko giroan euskereak hondino bizirik dauen sustraiak gogoan izatera datozanak.

Badira pertsonai batzuk kilikiak deritxenak. Buruhandi eta erraldoien eta eurakaz batera iruindarren dantza eta festa giroa honelako koplakaz irudi egiten dau. Kopla baten hitzak, ondokoak: Los irunsemes arrapazales con los gigantes; / van por las calles, / brinca que brinca, / danza que danza / por Urraninda y Arriasoranza. / Y cuando llegan a San Martín, / ¡plim!, / fuerte le atizan al chacolín, /¡grau! / ¡cataplau!

Beste kopla batenak: Del cuello del gigantón / que iba danzando el primero, / zinzilicaba un cordero, / denominado toisón, / en la ciencia del blasón. Euskerazko zintzilikatu nafar gaztelanian txertatu deusku: zinzilicar.

Gure errefrautegian San Ferminen inguruko atsotitz askorik ez dogu topatuko, baina bat edo beste bai. Halan bizkaierazko bat, Azkuek jaso ebana: Txirrin txanketan, min dot hanketan, ezkonduko naz San Ferminetan (EY, 915 zb.)

Eta amaitzeko, Sanferminetako ganadu feria gogora dakarskun bertso famatu batzuk badira, Jean Battit Oxalde bertsogileak onduak, eta doinu diferenteekin hondino be kantatu eta interpretatzen diranak. Aspaldikoa da Xalbador bertsolariaren ahoz eta doinu patxadatsu batez ezagutu genduan bertsinoa. Oraintsuagokoa da Erramun Martikorenak doinu biziaz eta instrumentalizazinoz lagunduta, plazaratu euskun bertsinoa. Bertso ahapaldiak, betikoak:

1. Iruñeko ferietan. Iragan San Ferminetan, / Ehun zaldi arribatu Andaluziatik tropan, / Merkhatu eder bat zauntan, zaudelarik bi lerrotan.

2. Bat zen pikarta-xuria; hartan bota dut begia. / Andaluzak egin zautan bi untza urrhe galdia. / Eskain orduko erdia, harzak, hire duk zaldia.

3. Han nintzen arrapatua, aginduaz dolutua. / Urruntzeko izan banu hirur arditen lekhua, / Gizonez inguratua, iduri preso hartua.

4. Zeruko Jainko Jaun ona! Zerk ekharri nu ni huna? / Andaluz bat zazpi urthez presondegian egona; / Laburzki mintzo zautana; konda niri hitzemana.

5. ‑Jauna, nahi dut pagatu, bainan lehenik miratu. / ‑Zaldiaren miratzeko denborarikan ez duzu. / Orai soma kondazazu, gero miratuko duzu.

6. Han nintzan plaza bethean, jende hainitzen artean. / Gogoeta hau egin nuen orduko estremitatean. / Bertze nunbait pasa niro jaun hori puñal batean.

7. Eman orduko khondua, eztitzen hasi mundua. / Garistutik hartu nuen delako behor mainkua. / Emanik behar dirua, hustu bainuen lekhua.

8. Utzirik bide ederra, hartu dut oihan bazterra. / Zaldia nuen desferra, begi batetik okherra. / Usu soinatzen kitarra, eztularekin uzkerra.

9. Belategiko bentetan pasatu nintzan andetan. / Ahal bezala arribatu Urdazubiko errekan,. / Zaldia sarthu partetan, athera nuen khordetan.

10.  Nunbaitik argi aldera, arribatzen niz etxera. / Nere andrea ethorri zaut argiarekin athera. / Jarri behorrari beha, ez baitzen kontent sobera.

11.  ‑Horixe da behor txarra, eta bertzalde xaharra. / Hortan gastatu dautazu familiako beharra? / Bi sosetan sal nintzazke zaldia eta senharra.

12.  ‑Ixilik zaude, andrea; joan ez dakidan zaldia! / Bele eta arranoak borthatik daude gardia. / Othoi hil-zazu argia, hunat ez diten abia.

13.  Ixilik zaude zu ere, gezurrik khondatu gabe. / Bele eta arranorik borthan ez baita batere. / Eginak gira gu ere estofa on baten jabe.

14.  Plazan zutenean ikhusi, nahi zautaten erosi. / Tratuan bainitzen hasi, ez zuten emaiten aski.. / Ez nuen eskutik utzi, ume bat behar du hazi.

15.  Jinen den ume berria, behor edo zamaria, / eginen baitut guardia, denez ama iduria. / Heldu bada handia, oi zer primako zaldia.

 

Iturriko

2014-07-04

Esatekoak 0
Ikusita: 1061