kontaktua
2015.04.22

Hiztegia 6: Lo ederra, osasun ederra

Gaztetan gau osoan parrandan ibili eta ostean, biharamonean amaren erretolika luuuzeari amaierea emoten eutsan “gauean parrandan, goizean logura, ez zara zu, maitea, osasun gura” esakerea entzunda daukagu, segurutik, gutariko askok eta askok. Errazoi eban amak, “lo ederra, osasun ederra”.

Eta, ba, lo berbearen atxakian gogoetan hasita, esamodu-txorta polita akordura etorri jaku. Entzun, entzun ondo, euskaldunok lo zelan egiten dogun...

Lehentxoago gaztetako parrandak aitatu doguz. Gaueko parranda horreek loa galtzea dakarre eta horretarako botikarik onena lo aspertu bat egitea dogu, hau da, zenbat-gura lo egitea.

Gaztetako kontua be bada, edo sasoi horretakoa batez be, gau luzeak estudietan emotea, esku artean liburua dala. Orduantxe, bai, begi-zulo galantak eta lo-zorrak daukaguzanak! Baina oraingoan be, zorrok kitutu gura badira, loak egin behar, ez lo bakarra, loak baino.

Umeen zereginen gainean jarduten dogunean be, lorik egin daben ala ez izaten da, ba, sarritako berbea. Loak erreta egoten ei dira ume koitaduok… Eta lo gitxi egin eta ostean izartu ezkero, batzuk-batzuk lo-haserrea be eukiten dabe.

Umeetatik zahartxuagoetara etorrita, nori ez jako etorri lo-zorroa bazkari ederra egin eta gero? Beste batzuk lo-sua edo lo-korromorroa be esaten deutsie, tripea bete-bete eginda etorten jakun logura astun horri.

Holakoetan lo-kukua egitea ez da nahiko, kukuak kantu laburra dauka eta!

Makina bat desbardintasunen artean, lo klasea dogu andrak eta gizonak moltso bitan ipinteko era bat. Gehienean andrak lo arinak ohi dira, eta gizonak, barriz, lo astunak. Hortixek, ba, gizon askoren lo-arrantzak! Eta gizonak, hari horretatik helduta, “astoagaz” lotu badoguz, andrak, ostera, “katuagaz” edo “erbiagaz” egin beharko doguz: lo arinari, katu-loa eta erbi-loa be esaten deutsagu eta.

Eta amaierea helduta, esanguratsutzat joten dogun azkeneko ezaugarri bat berbara ekarri gura dogu: tradizinoan loari emoten izan jakon bizi-zentzuna, loa personatzat hartzea, hatan be. Bizkaieraz, kasurako, Maria Bekaineko izena ezaguna dogu loari esateko. Eta daukan bizi-zentzun hori hain da sakona ze, lo egin orduan, loa bera da hartzen gaituana, loak hartu gaituala esaten dogu, edota, logurearen logureaz zutunik be egon ezinik gabilzanean, loak garoazala esango dogu.

Ea, entzule, lo barik, lo-izarrik entzun badozu gaurko berbalditxu hau, konforme naz. Eta ez daigun ahaztu: "lo ederra, osasun ederra".

Esatekoak 0
Ikusita: 613
2015.04.16

Hiztegia 5: Kukua

Esakerea da, kukua joten lehenengoz entzuten danean, faltrikeretan dirua euki ezkero, urte aberatsa izango dala harentzat.

Hainbat esaera ditugu kukuaren inguruan, urteko sasoi edo hile jakin baten iragarle diranak edota sasoi horretako eguraldiagaz loturea dabenak. Neguteari azken agurra emotea iragarten deusku hurrengo honek: Etorri da kukua, joan da negua. Udabarriagaz bateratsu agertzen da kukua: Kukuak esan ei eban, Andra Mari Martikoz ez baetorren, bere ondrak egiteko. Martiaren 25a da Andra Mariaren iragarkunde eguna.

Dana dala, kukua noiz etorriko zain ez ei da egon behar, norbere zereginei heltzeko: Zeri begira dago beharrean hasteko? Kukuak etorri arte? Zozoak kantetan hasi daitezan? idatzi eban behinola gure Azkue handiak.

Kukuaren joakerea gogorazoten deuskue beste esaera batzuek. Hor San Pedro inguruan, San Pedroetan isiltzen dira kukuak da esakerea. Eta kukuaren kantu denpora osoa iragarten deusku beste honek: Kukuak egiten dau maiatzean kuku, garagarrilean gelditzen da mutu.

Kukuaren kantua aitatzen dogu batzuetan, gauzak txarto urten dabela adierazoteko. Kukuak oker jo deutso baten bategaitik dinogunean, zeozerk berak pentsau moduan ez deutsala urten esan gura dogu, zeozerk edo nonork huts egin deutsala. Kukuak makur jo digu esaten dabe Iparraldean. Ildo beretik esaten dogu: Beste kuku batek joko eban, gaizto portau beharrean, ondo portau bazan, beste era batera, gauzak hobeto urtengo eutselakoan.

Kuku-frakak deritxegu titara itxurako loradun bedar mota bati. Eta izen horretatik dator kukuari frakak egitea esakunea, alperreko beharrak, ezertarako ez diran lanak egitea adierazoteko: Zertako habil horretan? itaunari erraz erantzun leio: Kukuari frakak egiteko.

Kukua, entzun bai, baina nekeza da ikusten basoko pinudi barru ilunetan. Horregaitik esaten da kukutu, ostendu edo ezkutau esangureaz. Kukubildu edo kukubilkatu egiten gara, kukurio edo kukulumuxu batu-batu eginda paretan garanean.

Nonor ezkutu-lekutik beste batzuk jagoten edo begira dagoanean, inork norbera ikusi barik, kukuka dagoala edo kukuka dabilela esaten da, eta noiz edo behin danean, kuku egin dauela. Umeak be olgetan dabilzanean, osten-ostenka edo ezkutuka, kukuka dabilzala esaten da.

Lehenagoko leiho estuei be leku batzuetan kuku-bentanak esaten jake. Eta udabarrian batzuetan subertetan dan negu-denpora laburrari be kuku-negua. Loa arina eta laburra danean be kuku-loa izaten da, bazkalosteko bekanekoa edo siestatxua, esaterako; ez gaueko lozorroa edo lo sakona.

Hondino kukurik ez da agiri. Baina ez beitez izan, esanak gorabehera, Kukuaren hiru hilabeteak, hotzak eta goseak egotekoak, ez bedi urrialdirik edo ezaldirik egon. Kukuaren kantuak lurra emonkor egin deigula: Kukuen kantatzean, euri eta eguzki.

Esatekoak 0
Ikusita: 704
2015.04.10

Hiztegia 4: Odola

Odola botaten hasten danean bat, odoletan dagoala, edota odola dariola dagoala esaten dogu.

Zauri edo kolpe bat dala-ta odolez beteten jakunean arpegia edo gorputza, arpegia odoldu jakula edo berna odoldua daukagula esaten dogu. Eta odol-jarioa mozten ez bada, odolutsitu edo odolustu egin daiteke personea eta bertan hil.

Behinolako barberu, edo erdi-medikuai, odol-ateratzaileak deitzen eutsen Mogel idazleak; gaisoak osasunera ekarteko erremedioetariko bat, sangria edo odol-ateratea zalako. Gaur egun odola ateraten deuskue eta gero analisia egiten, zelan daukagun jakiteko.

Emakumeen hilerokoa dala-ta be, batzuek esaten dabe itzelezko odoltzak eukiten dituela eta beste batzuek, ostera, apenas odolik. Behin 50-60 urtera ezkero, odolen joakerea dala-ta, arnasestu eta larritasunak igaroten dituela, eta beste batzuek, zeinda ezer ez balitz lez, ostera.

Izakerea dala-ta be sarritan joten dogu odolera. Jenio bizia daukanagaitik esaten da odolbizia dala, edota odolberoa. Personak ezeze, abereak be izaten dira odolbiziak; zezena edo zaldia, esaterako. Izakera errea eta irritua daukan bategaitik esaten dogu odol txarrekoa edota odolgaiztoa dala be. Ostera, ketoa, patxada handikoa, tenplaua edota gibelandia dan bategaitik honakoa esan ohi da: Horrek ez dauka odolik edo Odolbakoa da.

Persona ankerra danari eta indarkeriaz jokatzen dauenari odolzalea edo odolgiroa dala esaten jako. Eta gerra bat zein burruka gogor bat odoltsua gerta leiteke.

Esaera zahar batek dino: odolak su baga diraki. Izan be, norbaitek biziro haserratzen gaituanean, odolak irakiten ipinten deuskuz edo egoera haserregarri baten aurrean odolak irakiten paretan jakuz.

Norbait ia eromenera heltzen danean egoera lazgarri batek eraginda, odolak burura igoteko puntura heldu leiteke. Edo etsipen puntura ailegau danean, disgustu handiren bategaitik, odolak ur egin edo bihurtu jakozala esaten da, eta horretatik hil be bai bat baino gehiago.

Senidetasuna agertzeko be sarri aitatzen dogu odola. Odolekoak gara, hurragoko edo urrunagoko senideagaitik be esaten da. Horregaitik esaten da odolak tiratu egiten dauela, edota odolak ezarri egiten dauela, Gipuzkoa aldean. Errefrau batek be gogorazoten deusku odolekoen arteko lotura hori, odolkideen zoritxarrak geuri be eragiten deuskula: Surrean zauria egin ezkero, odola ezpanera.

Odol garbikoenontzat be, gaurkoz asko da odolik.

Esatekoak 0
Ikusita: 935
2015.04.03

Hiztegia 3: Akordua

Erderan dauka zuzterra akordu berbeak, bai izenak, bai akordau aditzak.

Baina euskeraz bere bidea egin dau, edo bideak, hobeto esanda.

Akordu batera heldu edo akordu bat egin dinogunean, akordioa adierazoten dogu. Beste era batera esanda, ituna, egiunea, tratu, alkar-konponketa edo gaur sarri irakurten dan zorioneko hitzarmena.

Baina akordu hitzak hainbat lekutan gordeten dau hondino kordea, juizioa, adimena, zentzuna esangura zaharra be. Ez dago bere akordu onean, zentzuna galduta dagoala esateko. Axular zaharrak honango itaunak egiten zituan bere sasoian: Zer da haur? Non da zentzua? Non da akordua? Zer egin da adimendua? Gure Lazarraga arabarrak be behinola idatzi eban, Silbero amorantea  hain akordu gutxigaz egoala ze, Silbiak, bere amoreak, uste ebala eskuartean hilgo litzakola.

Gernika aldean hondino be bizirik da berba honen esangura bitxi bat: nonor akorde dagoala esaten da, izarrik dagoala adierazoteko, edo goizean goizetik akordau dala, goizegi izartu dala esateko.

Baina akordua, gomuteaz eta oroimenaz lotuta dago sarri. Horren akordurik ez daukat dinoanak, esan gura dau, zerbait hori ahaztuta daukala, horren gomutarik ez daukala.

Berbarako, gerra denporako akordua, daukienak hondino asko dira; gerrateko kontuakaz oroitzen diranak.

Edo seme edo alaba bati zeozer ondo gogoan edo kontuan euki daiala zorrotz eta garratz dinotsagunean: Akorduan euki, gero, zer esan deutsudan! Ahaztu barik euki, gero!

Beste norbaitek guri orain dala aspaldi okerreriaren bat edo behar ez danen bat egin deuskunean, urteak garrenera be akorduan eukiten dogu hori, ahaztu barik. Hondino akorduan daukazu ordukoa? Behinolako kontu zaharrok ahaztu eizuz, mesedez eta arren!

Bide horretatik esan edo entzuten dogu baten bategaitik: Horrek inoren akordurik ez dauka edo Horrek gure akordu gitxi dauka, aitzen emoteko bere buruaren ardurea baino ez daukala, ez besteena, ez eta gurea be.

Amaitzeko, laugarren akordu bat be bada: burutazinoa, burutasuna, burutaldia edo ateraldia aitzen emoteko. Hori dala-ta itauntzen dogu batzuetan: Akorduak zelan emon leio holako gauza bat? Edo zorakeriatzat edo desegokitzat daukagun zeozer proposatzen deuskunean lagunak, behingoan erantzuten deutsagu: Badaukazu akordu bakotxik! Burura etortea be ez da gitxi!. Edo erantzuten deutsagu: Ez daukak akordu makala,  horretan lagundu nik hiri!

Akorduak beti akorduan eukiko bagenduz, beste txori batek kantauko leuke.

Esatekoak 0
Ikusita: 877