kontaktua
2015.05.29

Hiztegia 11: Nagia

Euskera egiten dan eremu osoan esaten da nagia. Nagiak, personak izaten dira batez be, eta sarritan, berez nagia izatea barik nagi egotea suertetan da. Gorputzaren egoera bat da nagitasuna, batez be gorputzari berez ixten deutsana egoten da nagi; ostera, bizitzeak estutzen dauen personea fin ibilten da zetan edo hatan, bizimodua zeozelan aterateko.

Beste era batzuetara be izentetan da nagia: alperra. Nagia dana beharrean zuria izaten da, edo atzerea, edo ardurabakoa, edo jareina, edo itxia. Bere lekutik zirkinik egin barik dagoanari, mukurra be esaten jako.

Personak ez diranak be izan leitekez nagiak noizik behinean. Nagi-iturria esaten deutse Deba goienean, urak noizik noizera baino urteten ez dauen iturbegi edo manantialari.

Hatz nagia edo beste barik nagia esaten deutse hainbat lekutan erdiko atzamar luzeari be.

Nagitasunean be mailak egoten dira, graduak. Nagi handia danari leku batzutan esaten jako nagitoa edo nagitotzarra dala be. Alper eta nagi berbak batera dirala, norbait alper-nagia dala, edo Iparraldeko erara, nagi-alferra.

Nagia danak beti dauka atxakiaren bat, ezer egin barik egoteko; sarri, beste zereginen baten akiakulea ipinita. Hori dinoskue behintzat esaera zahar batzuk: Nagia beti lantsu dinoe Iparraldean; Nagia beti nekatua, Nafarroa aldean, edo Nagiaren besoak beti antxumatuak, Gipuzkoa aldean. Edo nagiak, beti atxakiak.

Beharrari atzea emon gorabehera, sabelari ez deutso bakerik emongo nagiak. “Nagiak ondasunak jan” gogorazoten deusku beste esaera batek.

Errefraua aitatu dogun ezkero, ezer ez egitetik kalte handiagoetara be berez doa nagia: etxe-kalte edo herri-kalte izatera. Halan dino esaera batek: Gizon beti nagia, etxe galtzaigarria. Behin zeozertan hasi eta beratan guztien kalterako: Jagi zan nagia, erre eban uria, dino esaera zahar batek. Eta oraintsuagoko beste batek: Nagiagaitik herri zan uria.

Baina nagi berbea, nagitasuna adierazoteko be erabilten dogu. Euria edo hotza dan egunetan, kasurako, nagia emon leio bateri etxetik urteteak; etxe barruan epel-epeletan gozoago egoten dalako. Beharren bat aurrera atera behar bada, nagiak kendu eta zuzen heldu behar jako.

Izaten dira batzuk, nagiarren edo euren nagi handiz, jatekoa prestetako be ardurarik hartzen ez dabenak; ia goseak lehenago hilko leukezala.

Nagitasuna, kortan tenplau etxunda dagoan ganaduaren irudiz be azaltzen da inoiz: “Nagitasuna sartu zan korta ilun baten ta han geratu zan etxunda, lurrera begira” dino sermoilari zahar batek.

Nagikerian ibiltea be ez ei da ona bizimodua aurrera aterateko.

Urak ibai zabaletik itsasorantz joaten diran moduan, gu be nagiro goaz, geldiro-geldiro, geure saio honen akaburantz. Nagiak hartu barik, bizkor eta fin ekin deiogun aurrera.

Esatekoak 0
Ikusita: 841
2015.05.21

Hiztegia 10: Jo eta su

Su berbearen gainean jardungo dogu gaur. Berba labur-laburra bada be, hara laburtasun horren luzerea norainokoa dan...

Goazen antxinako sueteetara; handixik hasiko gara, suari begira gagozala, suak emon leiguzan berbarik edota esamodurik bitxienak pilotzen.

Suetea berbeak berak suari erreferentzia egiten deutso; baita gaur egunean erabiliagoa dan sukalde berbeak be. Etxe-barruan dagoan lebarik handieneko lekua suetea edo sukaldea dogu. Lehen-lehen, bertan, sua izetu egiten zan, hiru edo lau zozpal batuta; horreri beheko sua esaten jakon, edo supazterra. Haren bueltan jesarrita, eta laratzua testigu zala, etxeko guztien kontuak garandu egiten ziran, txarrak zein onak... Txarrak garbitu eta onak jagon egiten ei ebazan suak.

Lehentxoago laratzua aitatu dogu; baina berorretatik lapikoa eskegitea ahaztu jaku... Ederragoa irudia, supazter horrek lapiko bete indaba pol-pol-pol baleuka! Lapikoa surtan ipini orduko, jakin behar dogu, baina, badirala batetik su alperra edo su geldoa, eta bestetik, su goria edo su gorria, haren kontrakoak diranak. Indabak, su gorri edo goria barik, alperra gurago...

Suaren arlo fisikoa albora eginda, euskaldunontzat suak daukan balio sinbolikoa aintzat hartu daigun orain.

Sua dogu gogo edo ahalegin handien iturria. Zenbat biderrez ez dogu esan, edo entzun, jo eta su segidu behar dala zeozetan, edota su eta gar eutsi behar deutsagula geroari, esate baterako?

Haserrea edo amorrua erakusteko be suaren irudiaz balietan gara euskeraz. Lehengo indaba gozoak, ez al dira erreko eta gu haserretu, ez dago-ta  suak hartuko ez dauenik? Sutan eta garretan paretan da norbera holakoen aurrean! Odolak, ostera, su barik be irakiten dau.

Errefrauen arloa be ugaria da “su” berbearen agerpenaren aldetik, asko eta asko diralako suaren aitamena egiten dabenak. Danen artetik bat apartau dogu, zaharra dana, 1596ko Refranes y Sentencias esakera-bilduman agiri danau: “su bako etxea, gorputz odolbagea” dino.

Agiri-agirikoa da horretan, intera baten, bizimodu tradizionalean, suak eukan garrantzia; gaur egunean gurean teknologiak daukan bestekoa, segurutik...

Esatekoak 0
Ikusita: 680
2015.05.14

Hiztegia 9: Hordia

Gaur bakan eta mehatz entzuten da, norbait hordia dala edota hordirik dagoala. Baina hondino zahar askoren gomutan bizi dan berbea da, mozkortia dan persona bati edo mozkortuta dagoanari esateko. Galzorian dagozan berba askogaz jazoten dan antzera, edadeko jenteari entzuten jakoz lantzean behin, baina jente gazteak, eta ez hain gazteak, zer esan gura daben be ez daki.

Badauka, horraitino, bere balioa eta meritua hordi berbeak; euskerea egiten dan eremu osoan erabili izan dala gitxi edo asko. Baita ahultasun bat be: alderdi guzti-guztietan doala atzeraka, beronen lekuan mozkor edo mozkorti nagusitzen doazala.

Non entzuten diran hordia eta hordirik hondino? Urrunago joan barik, Bermeon. Horko ama batek esan eutsan hondino antxina ez dala, domeka goizaldean etxera berandu baten agertu zan alabeari, arpegia irribarrez eta alegretxu ikusi ebanean: Ze, alabatxi? Gaur be hordirik zatoz?

Txorierriko herrietan (Sondikan), Nerbioi ibarreko herrietan (Zollon edo Zaratamon), lar edanda, katututa dagoanari, gizonezkoa zein andrazkoa izan, hordia esaten deutsie.

Mungian honetara kantetan eutsan ama batek kuman loak hartu ezinik egoan seintxuari, kumea zibi-zabuan erabilen bitartean: “Gure umea negarrez dago. / Ama, emoizu titia. / Aita hordia tabernan dago, / pikaro jokolaria”.

Mozkortu edo mozkorra hartu esateko lehenago horditu esaten zan. Edaririk inoiz hartu ez dauenak ardura barik esan lei: Ni ez naz sekula horditu. Frai Bartolome sermoilari etxebarritarrak idatzita itxi eban: Horditutea bake txar gina dala.

Mogelek bere Peru Abarkan kontetan dau, Peru eta Maixu Juan ostatuan kopau bat jaten egozala, gizon bat entzun ebela bertsotan, eta itandu eutsala barberuak Peruri: “Nungoa da agure hordi kantore hori?” Eta behin ezagutu eta gero, honetara epaituko dau: “Badakit orain nor dan agure kantore hau. Da ordi puxiga, etxe guztia ondatu dauena”. Baina horditurik egonda be, bertsotan ederto dakiala ikusirik, eta berak ezin, eretxi honegaz amaitzen dau: “Ordi sats eginak bere ateraten jitubek bertsoak”. Izan be, mozkor-mozkor egoteari hordi-sats eginda esaten deutso Markinako idazle handiak.

Frai Bartolome sermoilari zaharragaz esango dogu: “Beti lehenian: hordia hordi, jokolaria jokolari, alperra alper.”

Esatekoak 0
Ikusita: 730
2015.05.05

Hiztegia 8: Bide batez

Behin baten, Gernikara trenez ninoiala, hirurogeta hamar urtetik gorako andra apain baten alboan jesartea subertau jatan. Hasierako agurra egin ostean, beste kontu batzuk be etorri ziran; laster konturatu nintzan gustuko berbalaguna izango nebala andratxu ha. Txitean-pitean “bai, bai, gizona, berbabidean zagoz” esaten eustan, neure berbakaz bat etorrela erakutsi guran. Orduantxe ikasi neban esamodu hori, eta gaur egunean erabilten dodan bakotxean, andra haren ahotik egin nebala akordura etorten jat beti.

Aspaldiko kontu hori autura ekarriaz “bide batez”, euskeraz BIDE berbeak daukazan esangura sinboliko bi jorratuko doguz gaurkoan, ondo ugariak diralako gure hizkuntzan: bata da “errazoia” esangurea daukana (harako egunean entzuniko berbabidean egon esakunean agiri dana, hatan be), eta bestea, “bitartea” adierazoten dauena.

Batean zein bestean, usua da “bide” berbea konposizinoan etortea, hau da, beste berba bategaz bat eginik azaltzea.

Hasierako adierakoak doguz: okerbidea, aurrerabidea, auzibidea, haserrebidea, eta berbabidea bera be..., esate baterako.

Hagaitik ba, beti matrakan dabilenagaitik, kasurako, haserrebidea nondik ekarriko dabil hori beti esaten dogu, haserrerako errazoi bila dabilelako. Edo, ezer aitatzen ez badeutsu, zeuk be ez aurrerabiderik emon esaten badeuskue, badakigu hareri aurrera egiteko motiborik ez emoteko eskatu jakuna.

Bigarren moltso baten dagoz: bizibidea, ogibidea, eskubidea, konponbidea, ezaupidea... lako berbak. Horreetan “bide” berbearen esangurea bitartearena da.

Gure aitita-amamak labrantzea eben bizibidea (edo ogibidea) esango dogu, baserritik bizi ziralako; esan gura da, baserria ebela bizimodua aurrera aterateko bitartekoa. Edo, familia horregaz ezaupide handia daukagu esaten badogu, badakigu familia bien arteko hartu-emonak estuak handiak dirana. Edota, zetarako edo hatarako eskubidea emon jakula esaten badeuskue, ulertuko doguna da geure eskuan dagoala hori aurrera eroatea.

Eta bidean-bidean joanda, amaierara heldu gara gaurkoan be.

Esatekoak 0
Ikusita: 571