kontaktua
2015.07.29

Hiztegia 19: Sukaldariak eta gatzemaileak

Gastronomia eta sukaldaritza hain modara dabilen egunotan, uraren gaineko bitsean esango genduke, Donostiako Basque Culinary Center Ikasgoa aitzindari dala, eta Euskal Herria gastronomi turismoaren erdigune ipinteko ahaleginetan gabiltzan aldi honetan, zilegi bekit esparru horretako euskal berba batzuei dantzan eragitea.

Gaur egungo jateko-maneatze guzti horretan sukaldariak dira protagonista, herri-berbetan kozineru berbeaz ezagunagoak, edo orain dala aspaldi Mendiburu oiartzuarrak txito egoki barazkalginak eritxenak. Sukaldari berbea bera be lehenengoz idazle horrexen idatzietan irakurri geinke. Ez da dudarik, berba eratorri horren oinarrian sukalde hitza dagoala, jatekoa atondu ohi dan etxeko gune nagusia, bizkai euskeran ezkaratza edo suetea esaten doguna, edo sutondoa esangura estuagoan, edo ekialdean supazterra.

Halan bada, sukalde berbatik eratorria dogu sukaldari, jatekoa gertau, prestau edo atontzeko ardurea dauen pertsonea izentetako, horretara kozineru erderatikoari bidea zarraturik. Hurrengo pausua sukaldaritza eregitea izan da, lanbidea izen abstraktu batez adierazoteko, gaztelaniaz “cocina” edo “gastronomía” darabilguzanen lekurako. Gerraosteko berbea da, edozelan be, zorioneko sukaldaritza, baina harrezkero ospe handia irabazi dauena.

Bada, horraitino, aspalditik datoren beste izen jatorrik be, guztiz aintzat hartzekoa dana. Mogel markinarrak Peru Abarka-n gatzamailea esaten deutso sukaldariari. Lehenagoko ola zaharretan burdinea egiten eben olagizon sufriduen artean izentetan dau gatzamailea. “Gatzamaille gaixoak daroa nekerik gogor eta gogaitgarriena eta irabazterik laburrena” dirausku idazleak. Ola baten, beronen zeregina izaten zan lapikokoa zaintzea eta aldi berean urtzaileari laguntzea. Gatza emon jatekoari, hortik jatorko gatzemailearen izena. Mogelen berbaz: “Izentetan da gatzamailea, honek jagon edo zaindu behar dauelako lapikoa eta honi gatza ezarri edo emon”. Baina ez hori bakarrik: “Hau da beste hiruren (olagizonen) morroi edo otseina lez, aginduten jakon guztia egiteko”. Gatzemaile berbeak ez dau, zoritxarrez, biderik edegi gaur egungo berbeta modernoan, baina berba zaharra eta herritarren ezpanetan sortua da, lehen ofizio horretakoak izentetako erabilten zana. Ez da asmakuntza txar bat, berba jatorra baino. Nahiz eta gaur osagileek  jente askori gomendatu jatekoari gatzik ez egiteko, zoritxarreko tentsinoa dala eta ez dala.

Eta lanbidetik jarduerara bagoaz, zelan adierazo aditz bakarraz jatekoa prestau esangurea? Sukalde-lanean jardun edo kozinan ibili esateko, gaztelaniaz “cocinar” dagoan moduan, euskereak berezko berbarik ez ete dauka ba? Betiko euskaldunon artean entzunenak, beharbada, jatekoa egin eta jatekoa gertau, eta erdialdean janaria prestatu. Ezagunak dira, horraitino, beste izen-aditz buztardura batzuk be: jatekoa manejau, jatekoa atondu eta holakoak. Baina aditz multzook gaztelaniazko “preparar la comida” horren ordainak dira gehiago, “cocinar” aditz soilarenak baino. Berba bakarraz hutsune hori beteteko, aspaldiko urteetan lehian sartu dan aditz eratorri barriago bat daukagu, sukaldatu, gastronomia modernoan indarrean dabilena, barriz.

Gatzemaile eta sukaldariak lagun, osteratxoa egin dogu euskerazko sukaldaritzan zehar.

Lagunok, osasuna, bakea eta lapiko ondo betea!

Esatekoak 0
Ikusita: 705
2015.07.23

Hiztegia 18: Larakoa eta Ziria

Larakoa, berbaz laakoa edo laakue be esaten jakona, izen eta gauza ezaguna da lehengo baserritarren artean. Gurdiaren pertikeak edo burteunak puntan zulo batzuk eukiten ditu, bi edo hiru, ganaduari lotuta dagoan buztarria handik sartzeko, eta honi zotz bat aurrean eta beste bat atzean ipinita, gurdia buztarriari sendo lotuta gelditzen da, gurtedean tinko. Gurdi-pertikearen zulo bietatik zeharka, trabes sartzen diran zotz horreei larakoa esaten jake hainbat lekutan. Zurezkoak izaten dira normalean, zur gogorrekoak, gorosti edo artezkoak.

Beste izen batzuk be emoten jakoz hor-hemen: kabilla, kokaila Ipar eta Nafarroa aldean. Gure artean ziria be bai, eta leku askotan, zotza, beste barik. Eta larakoa sartzen dan zuloari, larako-zuloa, kabila-tokia edo ziritegia.

Behargintza horretatik sortu da esaera zahar bat: Zulo bakotxari, bere larakoa. Zera esan gura dau: bakotxari toketan jakona edo ondo jatorkona; bere neurrikoa, bere mailakoa. Baina esaera hau esangura berezi bategaz be erabilten da. Norbaitek, edozeren gainean berba egiten dala, beti erantzunen bat daukanean, halakoagaitik esaten da: Horrek bai horrek zulo bakotxeko larakoa.

Bizkaieraren sortaldean batez be, larakoa sartu erabilten da, beste leku batzuetan ziria sartu esaten dana adierazoteko: norbait guzurraz engainau. Halan esan eutsan Bergarako batek beste bati: “Datorren illian ezkondu bia dala? Neri fraille zoiala esan jostan ba. Horrek sartu jostan neri larakua!”. Arrese-Beitia poeta otxandioarrak be holan inoan bere bertsoetako baten:  “Azeri zolia zan larakoa sartzen”. Zeozer erosten danean diru faltsoa emonda be sartu leio erostunak saltzaileari larakoa.

Ziria eta larakoa ez dira beti bat. Ziria, erderazko “cuña” esateko be erabilten da. Eta zirien kontura, ziri hori zein egurregaz eginda dagoan izaten da kontua. Esaerea da gaztelaniaz: “No hay peor cuña que la de la misma madera”. Euskeraz be antxina-antxinako esaerak daukaguz, zentzun bera aitzen emoteko: “Ezkur berereango ziria. Del mismo árbol la cuña” da bat. Eta bestea: “Ziria da gextoa, zur berereangoa. Mala clavija es la del mismo madero”.

Esatekoak 0
Ikusita: 858
2015.07.16

Andra Mari Begoñako eta San Antonio Urkiolakoa

Gramatika joera zorrotzegien mende jausi gara aspaldion, edo horretan nago behintzat hizkuntzaren berezko senak edo hiztunen sintaxi eta jario naturalari jaramon gitxi eginda.

Nor nongoa dan adierazoteko, Begoñako Andra Mari ereduko sintaxietara joten dogu gero eta gehiago, pentsaurik euskal gramatika garbiari joakon ordena hori dala, edo hori bakarrik dala. Eta nongoa adierazoten dauen izen genitiboduna atzean ipintea erdal sintaxiaren eraginez dala. Halan baztertzera joten dira Ama Birjina Karmengoa, Birjina Arantzazukoa eta eredu horretako guztiak.

Deustuko eleizeari kanpo alderdian, eta agiri-agirian ikusteko moduan, Deustuko Pedro Deuna edo horretariko errotuloren bat ipini eutsien aspalditxu, eta ez ziran ahalegindu jakiten, behinola, Deustu euskaldun hutsa zan nekazari-herria zan denpora zaharreetan, eleiza horri berorri Doneperi Deustuko eritxola.

Antzeko sintaxi aldaketa ete dagoan nago harako donostiarren kantu ezagunean. Bertsino bataren hasiera: Hiru damatxo Donostiako, eta bestearena: Donostiako hiru damatxo.

Oinarrian dagoan diferentzia sintaxi ordena arruntetik harago doa. Sintaxi neutroaren arabera, -ko atzizkidun izena aurrean kokatzen da, izenlagunaren ordez: baso-ko piztiak edo herri-ko semea. Sintaxi horren atzean, norbait edo zerbait non dagoan adierazoten dogu.

Baina Mari Anbotoko dinogunean, emoten dogun informazinoa bestelakoa da: nor zein dan adierazoten dogu atzean erantsitako toki-izen genitibodunaren bidez. Bigarren honetan Anbotoko, zein Mari dan espezifikatzeko darabilgu.

Bestetik, -ko atzizkidun adjektiboak be ugariak dirala gogoratu behar da; hau da, -ko adjektiboak sorrerazoteko darabilgula. Nork ez dau entzun esaten: abrigu pielezkoa, gona sedazkoa edo piper latakoa? Holakoetan lexikalizino garbi bat sortzen da –ko atzizki eratorlearen bidez.

Baina gatozan atzera goiko kasura. Herri literaturan ez dira gitxi egitura honen lekukotasunak. Bat ezaguna: Aita San Migel Iurretako, zeru altuko loria. Edo dantza kopletan aitatzen dan San Pedro Mendexakua. Dan-danak ipini behar ahal ditugu itzulitara, -ko genitiboaren aurre kolokatzearen izenean?

Arantzazu aldean Ama Birjinea agertu jako Errodrigo artzainari Baltzategiko Errodrigo deitu behar ahal deutsagu, erromantze zaharretik gehiago Errodrigotxu Baltzategiko lez ezagutu izan danari?

Andra Mariaren jaiegun batzuk be hilearen arabera izendatu izan dira. Andra Mari martiko, artean urdea tatiko, handik aurrera betiko, dino esaera zahar batek. Jai-izen ezagunak dira: Andra Mari abuztuko edo Andra Maria irailgo bere. Eta Doniane eguna aitatzeko, San Juan bagileko.

Uharkan behera berez eta jarioan doan urari ez deiogun presa alperrekorik egin.

 

 

Iturriko

2015-07-14

Esatekoak 0
Ikusita: 667
2015.07.10

Hiztegia 17: Pozik, alegere eta alai

Pozik egon esatea, alegre edo alegere egon baino euskaldunagoa dala usteko dau batek baino gehiagok. Egia da, erderaz zabal dabilen berbea dala, baina ezin ukatu euskeraz be bide luzea eginak dirala alegere, alegeratu, alegeretasuna, alegrantzia eta ildo horretako beste gehiago, sustrai zaharrekoak eta ugariak dirala euskaldunon artean be.

Beste jatorri batekoa da alai berbea. Gaur egun alai egon, alaitasuna, alaitu zabal dabilz gure artean, batez be XX. mendeko garbizale haizeen indarrez orioa lez zabaldu ziranetik, alegre eta holakoai bidea zarratzeko. Alai berbea mundu zabaleko euskal frontoien izenetik egin da batez be ezagun. Nork ez ditu ezagutzen Ameriketan, Filipinetan eta beste hainbat uri nagusitan diran Jai Alai izeneko pelotalekuak? Gure zestalariek hainbat joko eta kirol ahalegin egin dabezan frontoiok?

Gaur egun, alegere edo alegre erderatikoak dirala-ta, alai entzuten da hareen ordez sarri. Baina denporan atzera joten badogu, alegere eta alegeratu irakurriko dogu beti, eta gaur egun be jente euskalduna berbetan dantzugunean, alegre, alegretxu, alegrantzia eta horretarikoak entzungo doguz horreen ahotik.

Gabon gaueko afari ugari gozoa honetara kantetan eban Barrutia Mondragoeko eskribauak: “Liau lau bere, liau lau bere, gabaren alegerea! / Liau lau bere, gauza ona dok buzkantz ondo betea. / Liau lau bere, ementxe datoz amar libra okela. / Liau lau bere, birao gura eztala ene sabela”.

Gauaren alegerea! Bardin esaten da: Jo zortziko alegerea edo arpegi alegerea euki edo udabarri alegerea. Oñatiko San Juanetako herri-bertso baten berbak dira ondokoak: “San Juan, San Juan berde,/ badator berriz ere,/ baita San Pedruak ere,/ pobre ta alegere.”

Behar dan baino gehitxoago edanda txolindu edo katututen dana be, alegere edo alegretxu ikusten da, bai arpegiz, bai berbaz. Lehen be batzuk autortu egiten eben edanak kalte egin eutsela: “Berotutxe nintzan, alegeratuxe ginan, behar baino gehiago edan nuan”. Beste batzuk ukatu, ostera, ezegaitik be autortu gura ez, begien bistakoa izanda be: “ondotxu edan eta alegretxu ifini bai, baina horditu inoz bere ez”, inoan horreetariko batek.

Gogoa triste dagoanean, ardao bitsdunak mesede egin leio bati bihotza alegretako. Edo musika melodikoak, edo bazkari on batek, edo lagunarte atsegin batek alegrau leio barrua, jausita, goibel edo gogo hilaz dagoan bati.

Amodio galdua honetara kantetan eban Lazarraga poeta arabarrak: “Neuregaz neben libertadea / eroan zidan berekin. / Ni aren minez ilte’ninzan da / a beti alegererik”. Amodioan galtzaile dana triste eta irabazle urteten dauena alegerarik.

Persona batzuk be alegreak izaten dira, biziak, poz-irribarrea arpegian darienak. Kantu eta dantza mota batzuk be alegreak izaten dira, ez ilun eta itunak. Jente gaiztoagaitik dino gure idazle zahar batek, “guzurrez eta azalez dira alegreak, eta egiaz tristeak”, eta jente onagaitik dino, ostera: “egiaz dira alegreak, pozak, eta guzurrez tristeak”.

Gaur alegrau edo alegratu esaten dana, behinola alegeratu esaten zan. Amodio eske dagoan amorantearen penak honelan kantetan zituan Arabako poeta gazteak: “Katea gehiagogaz ez ni lotu, / neure bihotzau libre ifindazu; / bihurtu libertadea egidazu, / alegeratu dedin ene gogoa”. Asko alegretan naz zu hemen ikustea, esango genduke gaur.

Alegrantzia, umore ona adierazoteko esaten da batzuetan:  Alegrantzian igaro genduan eztegu bazkaria. Baina alegrantzia, poztasuna da berez: Itzelezko alegrantzia emon deust zu etorteak. Tamalez, erdera usaina hartu deutsagulako, gitxiegi erabilten dogu berba eder hau, batez be idatziz. Baina Iparraldeko tradizinoan guztiz ugari erabili izan da beti. Guk baino bildur gitxiago euki dabe, zorionez, inguruko hizkuntzetako berbak nahastau edo kutsatu gaiezan.

Durangoko zilarginen kantua ez ahal dot lorrinduko nire ahots kaxkarragaz:

“Ez diamante, ez perla, ta ez urregorririk. Alegrantzia baino ez dago hoberik”.

Esatekoak 0
Ikusita: 827
2015.07.02

Hiztegia 16: Merkea eta ona?

Karu eta merke berbak, biak datoz erderatik. Karu esateko, garesti esaten da bizkaieraz kanpoko eremurik gehienetan, eta kario be bai Iparraldean. Baina merke guztiok erabilten dogu bardin.

Karu berbeagaz ez gara gaur luzatuko; hurrengo baterako itxiko dogu eta merke berbeari oratuko deutsagu.

Dana dala, merke eta karu, alkarren kontrakoak izanda, era batera erabilten ditugu sarri esaera batzuetan. Gaztelaniaz be bada esaerea: “lo barato sale caro”. Nafar esaera zahar batek dinoan lez: “Merkeak garestia berekin du”. Edo Bizkai-Gipuzkoa aldean entzuten dan beste hau: “Bergarako narrua, merkea dalakoan karua”.

Saleroste eta tratu kontuan darabilguz berba biok sarri. Negozio ona egiteko, merke erosi eta karu saldu behar dala esaten da. Lehenago-lehenago hori pekatu handitzat joten zan, gure aspaldiko predikari batek gogorazoten deuskunez: “Lege dan baizen merkeago erosi eta gorago saldu dozu ezer?” itauntzen eutsen bere eleiztarrei.

Prezioari barik, ona edo txarra dan ikusi behar dala esateko be, entzuten da: Karu-merkean ez dago kontua, kalidadean baino.

Negozio txarra egitearena bestetara da: karu erosi eta merke saldu. Zeberio aldean entzuten dan lez: Zer egingo joagu ba? Ogi handia egin eta merke saldu?

Negozioan dabilenak ondo daki, batera asko erosi ezkero, merkeago erosten dala. Txorierrin esaten dan moduan: “Handika erosita merkeago urtengo deutsu”.

Persona batek berba eta berba eten barik ekiteak be ez dau esan gura haren jardunak balio gehiago dauena berba gitxi egiten dauenak baino. Berba arraroak edo ezohikoak darabilzanean batek, guztiok darabilguzanak barik, bost hogerlekoko berbak esan ohi da. Berbak engainagarriak izaten dira batzuetan; berba asko egiteak ez dau esan gura berba horrek indar gehiago daukanik, edo egiazkoak diranik. Halako berbak merkeak izaten dira. Berbea merke saltzen dauela esaten da halakoagaitik. Edo eibartarrak esan eban lez: “Guzurra dau horrek, astoak uzkerra baino merkeago”. Edo beste esaera zaharrak dinoan lez: “Hitzak merke eta poltsan diru gutxi”.

Outlet dendetara edo erostun gitxi dagoanean denda askok iragarten dituen merkealdietara jentea ugariago hurreratzen da, merke usainean edo merke-zurrean komeni dana erostera. Halantxe ibilten dira asko: Beti merke-zurrean, zentimo batzuk nondik aurreratuko.

Amodio kontuan be hataraxe izaten dira batzuk, gizonezko zein andrazko, mosumerke eta berbamerke garbiak diranak. Baina mosumerke izateak beste personeari gehiago gura izatea esan gura ete dau?

Amaitzeko: merkezaroan edo merkealdian zer edo ha, behar dantxoa erostea ondo dago. Ez maitasuna, horraitino!

Esatekoak 0
Ikusita: 783