kontaktua
2015.10.08

Bizkaiko euskal idazleak: “Don Grabiel” Manterola (Zeanuri 1890-1977)

Jose Miguel Barandiaran eta Gabirel Manterola. Sara Etxea, Ataun, 1974.

Izenez Gabriel; euskalzaleen artean euskerazkoa, Gabirel; eta herriko jendearentzat Don Grabiel izan zana Zeanurin jaio zan 1890ean, eta 1977an hil.

Aita barik hazi zan, eta Zeanurin lehenengo eskola urteak egin ostean, Galdakaora joan zan osabeagaz biziten. Han egoala hasi zan latin ikasten. Gasteizko Seminariora joan zan gero, Filosofia eta Teologia ikasten (1905-1913), baina abade egiteko gazteegia zanez, urtebete itxaron behar izan eban eta 1914an abadetu zan.

Seminarioko sasoian beste euskalzale ezagun batzuk euki ebazan ikaskide, Jose Miguel Barandiaran eta Manuel Lekuona esaterako.

Abade egin barri Eibarrera bialdu eben, abade laguntzaile eta monja kapelau. Han egon zan 1936ra arte, gerra hasi arte.

Eibarren egoala euskalgintzan asko lagundu eutsien ezaupide barriak egin ebazan, Urroz historiagilea, Ibargutxi eta Polikarpo Larrañaga beste batzuen artean.

Gazte-gazterik irakurle sutsua izan zan Gabirel, kanpoko aldizkari eta literatura asko leiduten eban. Gaztetan literatura katalana asko irakurri eban (Verdaguer eta Torras i Bages), aldizkari frantses, italianoak eta beste batzuk.

Gehien baten Eleizeari buruzko gaiak erabili ebazan, baina barri zabala eukan Europako ganerako herrietako Eleizearen gorabeherak zirala-ta. Astero kronika bat egiten eban halango gaiekaz, kazetaritza saio antzera, prentsa bilduma modura, beste herrietako barri emonaz.

Ibargutxik «Jaungoiko Zale» taldean sartu eban. Talde hori euskaldun abadeen taldea zan, euskaldunei Eleizako gauzak euskeraz erakusteko sortua. Talde horrek berorrek izen bereko aldizkari bat atara eban eta hor asko idatzi eban Manterolak. Zenbaki bakotxean bi-hiru artikulu argitaratuten ebazan, hainbat izenorde erabilita: “Mitarga”, “Urigoitia”, “Gabirel”, “G.”..., eta izen barik be asko.

Errepublika garaian hileroko Jaungoiko Zale asteroko Ekin bihurtu zan, eta hor be lehen beste kolaborazino egin eban. Baita beste aldizkari batzutan be: Euzkadi, Zeruko Argia, Yakintza, Argia, Karmel, Olerti, Redención, Agur.

Euskal munduko persona handiekaz hartuemona eukan. 1921ean esaterako, Durangon “Euskal Egunak” egin ebezan, gaurko aste kulturalaren antzekoak, dana euskeraz. Eta hor emon eban hitzaldia Manterolak, Barandiaran, Ormaetxea «Orixe», Eguzkitza eta beste batzukaz batera. Aitzolegaz be euki eban hartuemona.

Idazle ugaria izan da, asko eta era askotako gauzak idatzi dauz: artikuluak, itzulpenak, antzerkia, poesia. Asko argitaratu barik dagoz. Hona bere idazlan batzuk:

Santuen bizitza laburrak (1925), Ipuintxoak (1929) Schmid-en ipuinak euskeratuta; Goi-izpiak (1921) olerki sorta; Jesukristoren Nekaldia itzulpena; Gabonetako antzerki jaunkoia itzulpena. Azkenengo biok Bilboko Coliseo Albian antzeztu ziran.

Gabirel Manterolaren bizitzan, garai haretako beste euskalzale guztienean moduan, gerra etena izan zan. 1936an Inglaterrara joan zan hemengo ume talde bat jagoteko ardureagaz. Han egon zan 1948ra arte, gorriak pasetan eta miserian biziten. Itzulpen asko egin ebazan sasoi horretan, eta gauza asko leiduteko aukera euki eban, Euskal Herrian egoan zensuraren aldean. Hil arteko urteak Zeanurin emon ebazan.

Esatekoak 0
Ikusita: 834
2015.10.01

Kontu-kontetan ala buru-nekatzen?

Zertan zabilz? Zertan diharduzu? Zertan daragoiozu? Zer egiten zagoz? Halako itaunen aurrean, erantzuna emon orduan, darabilgun jarduereagaz erantzun behar jako. Lehenagoko lanbide edo jarduera bat bada, egurrak txikitzea esaterako, modu bitara erantzun geinke gitxienez. Era laburrean, hitz alkarketa bidez: Egur-txikitzen edo egur-txikietan, erregistroen arabera. Edo era osoan, gramatika-marka guztiak agirian dirala: Egurrak txikitzen. Alkarketa bidezko laburbide hori dogu gogoetagai oraingoan.

Egitura horren bidez izendatu izan ditue gure baserritarrek euren betiko hainbat langintza eta zeregin. Gizonezkoa joango zan landara bedar-ebaten edo andra-gizonak solora indaba-batzen edo patata-batzen, edo andrea joango zan asteroko plazara bendeja-saltzen. Izan be, nekazari gizartean jarduera jakinak izan dira ereitea (patata-, gari- zein baba-ereiten), lurrak emondako jeneroa batzea (gaztaina-, intxaur-, piper-batzen), ebatea (bedar siku batzen), jorratzea (artajorran), saltzea (bendeja-saltzen). Ez ahal ditugu gogoan behinolako arta-zuritzeak, arto-garantzeak eta neska-mutilek lantzean etxe baten iluntzetan egiten ebezanak, orduko gau-bigiretan gure fraile sermoilariei hainbeste buruhauste emoten eutsenak?

Nekazari gizartean egun, erritu edo ohitura seinaladuak izan dira egitura horregaz adierazo diranak. Halangoa zan neguan txarri-hiltea egiten zan eguna. Umeak be ez ziran eskolara joaten egun horretan. Uzta sasoian egun seinaladua zan gari-jotea egiten zan eguna, Mogelen berbaz era zaharrera esanda, galjaiteak.

Egun seinaladuak izan dira bizitzako erritu batzuetakoak. Halangoa izan da, lehenago, neska-mutilak ezkontzeko asmoak hartuta egozanean, euretariko bata bestearen etxera aurkeztu edo joaten zanekoa, etxe-ikustea edo arpegi-ikustea egiten zana. Andra sein egin barrien kontura, egun seinaladua izan da andra-ikustea be: auzoko edo hurreko andrak, emakume sein egin barriari, seingintzatik hamabost egun barruan egin ohi eutsen ikustaldia, opari eta guzti. Emazte erdituen gorabehereaz jarraiturik, eleiz-sartzea edo eleiz-sartzatea deritxona be aitatu behar, gaur usadioz kanpo egonagaitik. Seingintza ostean andrea, sein eta guzti sarritan, eleizara lehenengoz joaten zaneko garbitze-erritua. Bizitzaren zikloari jarraiturik, heriotzeagaz edo, zehatzago esanda, gorpu-emote eta hileta erritugaz loturik dago ogi-hastea esaten jakon ohiturea. Aulesti aldean holan deritxo, hileta osteko lehenengo domekan egiten dan olata-meza osteko otordutxoari.

Herri-jokoetan be ezagunak dira txinga-eroatea, harri-jasotzea edo bizkai erara harri-altzetea, beste askoren artean.

Sarritan jazoten ziran zoritxarreko etxe-aldatzeak be, ugazabari errentea ordaindu ez jakolako edo ugazabak etxe hari beste usu bat emon gura eutsalako. Etxeko tresneria, ohe eta inguru guztiak gurdian ipini eta beste lekuren batera etxe bila joan beharra. Gaur egun be, bankuen mailegu ziriz beteei erantzun ezinda, hamaikatxu familiari gertatu jako etxe-egozte mingarria.

Lantzean behin gizon-hilteak be gertatzen ziran, gaur hedabideetan sarriegi irakurri edo entzuten diran andra-hilteen modukoak; giza-hilteak litzateke genero bientzako esan leitekena.

Jarduera batzuk lehen zein gaurkoak dira: lehen neska-laguntzen egiten bazan erromeria ostean, gaur be antzera, neska- zein mutil-laguntzen, neskatilea ausartagoa izan ezkero. Gure artean egunerokoa da soineko-aldatzea, edota gizonezkoetan eguneroko ardurea da bizar-kentzea, edota komunera goazenean praka-eranzten eta praka-janzten ibili beharra.

Saltzaileak be askotariko jeneroenak izan ohi dira. Batzuk pentzu-saltzen ohi dabiltza, beste batzuk ardao-saltzen, arrain-saltzen edo ogi-saltzen. Lehengo zein gaurko jarduerak dira ur-ekarteak, bide-barritzeak eta holakoak.

Badira aditz batzuk beste batzuk baino sarriago agiri diranak holako konposatuetan. Emon aditzaz eregiak ez dira urrienak: barri-emotea, berba- edo hitz-emotea, kontu-emotea, esker-emotea, laztan-emotea eta soka horretakoak.

Eta amaitzeko, gure itauna. Hitz-alkarketa tipo hau ez ete da lanbide, zeregin edo jarduera barri eta modernoetarako be erabilgarri, artean erabili bako hitz-bikoteen bidez jarduera barrutiko kontzeptu barriak edo modernoak adierazoteko? Terminologia barria sortu orduan, ezin ahal dogu zahar-barritze prozesu bat abian ipini eredu honezaz baliaturik? Beti -pen, -keta, -kuntza, -gintza eta beste eratorkuntza konplexuetara joten ibili barik, ez ete da hainbat kasutan garbiagoa, zuzenagoa eta errazagoa bide-konpontze erakoak erabiltea, derriorrean konponketa bila joaten ibili barik?

Galtze oinarritzat hartuta, ez ahal dira bideragarri kontrol-galtzea, erritmo-galtzea edo diru-galtzea? Edo irabazte abiapuntutzat hartua, merkatu-irabaztea, kuota-irabaztea edo gudu-irabaztea? Edota plan izenetik abiatuta, plan-prestatzea edo plan-bideratzea?

Guk halan deritxagu behintzat, irakurlea.

 

Iturriko

2015-09-18

 

Esatekoak 0
Ikusita: 824