kontaktua
2015.11.20

Zemendia errefrau bidez

Zemendia, azaroa, hazila, ereitea akordauazoten deuskuen izenak dira hirurak, gari-ereitea batez be nekezal tradizinoan. Sartaldeko euskeran dirauen zemendi berbeak latinetiko sementia baten mailegua dirudi. Arabako erromantzean bada semencia berbea, gazt. sementera adierakoa. Hile honi deitzeko beste izen batzuk neguaren sarreran edo ateetan gagozala gogorazoten deuskue: lehen abendu (AN) edo lehenbiziko abendu (BN) izenek; udabarriak udearen sarrera iragarten dauen antzera.

Errefrauetan badira azaroko egunen laburra eta gauen luzea aitatzen dabenak. Ildo horretan, Azkuek (EY, 1664) honeek dakaz: Azaroko eguna, argiko iluna edo Azaroko eguna, argitu orduko iluna. Gernika aldean honetara entzuten da: Bostak eta iluna, txarria hilteko eguna, ordubeteren atzerapenaz, beste aldaera hau dauela: Seirak eta iluna... Behin azarora ezkero, neguaren ateetan gagozala iragartera datoz beste errefrau batzuk. Batek San Martin ingurua, azaroaren hamaika bueltea, ipinten dau negu gordinaren hurreratze alditzat: San Martin, elurra gertu din (A. Zavala Esaerak 2589). Beste batek, San Klemente bueltea, azaroaren 23a: San Klemente papa, elurra tipi-tapa. (D. Inza, 81).

Txarri-hiltea aitatzen da Seirak eta iluna... dalako horretan. San Martin inguruaz, edo behinik behin zemendiaz lotuta dagoan ospakizuna. Urte osorako, eta batez be negu eta udabarri inguru luzea igaro ahal izateko etxerako janaria, txarriki estimadua, egin eta gordeteko aldia.

Eguraldia dala-ta, zemendiko eguraldia ei da ondoko hileetan izango danaren iragarle. Horretarantz joten dabe honako errefrauok: Azaroan ortzia, urte onaren mentura (A. Zavala Esaerak 396) edo: Hazila hotz, negua motz; hazila bero, negua gero (Azkue EY, 1665), edo hirugarren hau: Jondoni Martinez iguzki, kasu gero otsailari (A. Zavala Esaerak 1649). Ekialdeko errefrauak, hirurak.

Durangoko zidarginen bertso-kopletan be egiten da zemendiko ereite-jardunen aitamena: gal-ereitearena, hatan be: Zemendija amaika, garijak ereiten dinoenean. Iparraldeko beste errefrau batzuk be gari-ereite aroa dala dakarskue gomutara: Jondoni Martine eder, ogia bota lurrer (A. Zavala Esaerak 1648).

Berakatza noiz erein be San Martin ingurua aitatzen deusku Azkuek baturiko dialogo-esaera batek (EY 11841): ‑Zegaitik geratu haz horren ziztrin ‑itandu eutsen berakatzari behin. ‑San Martin aurretik enenduelako erein ‑erantzun eban berakatzak. (Azkue EY 11841).

Eta edurra ona ei da gero uzta ona izateko, errefrau batzuk dinoenez. Halan dino Mokoroaren bildumako honek (57.142 znb.): Elur eroraldi bakotxak balio du ogi-urte. Eta behin abenduan sartu ezkero, edurra franku: Abendoan elurra burdinez, urtharrilan elurra altzaizuz, otsailan elurra zurez, martxoan elurra urez, Mokoroak bere bilduman dakarren arauera (57.142 znb.).

 

Iturriko

2013-11-18

Esatekoak 0
Ikusita: 835
2015.11.12

San Martin eta txarri-beharrak

San Martin zemendiaren 11an ospatzen da. Egun hori lotzen dogu txarri-hilteakaz; izan be, gitxi gora behera hortik hasita otsailera bitartean izaten da etxean txarria hilteko sasoia.

Txarria hiltea gauza handia izan da etxerako, gaur beste jateko ez egoanean batez be. Baina horrek behar asko Dakar. Holan azalduta dagoz beharrok Bedia. Bizimodua eta ohiturak (Labayru Ikastegia-Bediako Udala, 2013) liburuan.

“Txarria hilteko jente taldea batzen zan etxean, eta gehienetan auzokoren bat izaten zan matarifea. Txarria hil, odolustu, erre, garbitu eta zabaldu egiten zan. Mantilea eta gibela ateraten jakon lehenengo-lehenengo, eta gero tripak. Gibelori beharren ibilitako gizonek jaten eben prijiduta, andrek errekan hesteak garbitzen ebezan bitartean. Txarri-beharrak ondo bereiztuta egozan eta hesteak garbitu, eta mortzilak eta txorizoak egitea andren zeregina zan. Hesteak mortzilak egiteko aprobetxetan ziran.

Mortzilak txarria hilten dan egun berean egiten dira. Bai orduan eta bai gaur egun modu berean egiten dira. Horretarako bezperatik hasten da jeneroa prestetan: arroza, porrua eta kinpulea egosi lehenengo. Hareri piper baltza, gindillea eta perexila egin, eta txarriaren koipea txikituta nahastau. Ordurako txarriaren odola hotzituta dagoanez, odola bota maseari eta horregaz hesteak betetan hasi.

Lehenengo aiteternoa betetan da, hau da, hestearen amaiera, aho bakarra daukana. Gero heste lodiak eta azkenengo meheak. Txarri-afarirako be estimaduena aiteternoa da, eta gero heste lodiakaz egindakoak.

Hesteak bete enbudo txiki bategaz egiten dira, eta zatian-zatian kordelagaz lotu baina beti erredondoan, hiru-laugaz txortak eginda. Egin ahala galdarostu egin behar dira, hau da, uretan egosi, ur horretan porrua botata. Egosteko, denporea behar da; meheak ordu erdi inguru, lodiak hiru ordu lauren edo, eta aiteternoa buelta bian egosten euki behar da. Bitartean orratzagaz pintxau egin behar dira, hesteak errementau ez daian. Eta pintxau orduan odolik ez urteteak, eginda dagoala esan gura dau.

Mortzilak jateko prest dagoz holan, eta hurrengo egunean auzokoei banatuten jakez, gihar zati bategaz batera hurrekoenentzat. Auzoen artean mortzila truke hori egiteak, denpora baten, jatekoa luzatzeko modua emoten eban, baina alkarren artean konparazinoak egiteko be bai, zeinenak gozoago egozan. Orduan ohiturea herriko handikiei be mortzilak eroatea zan: medikuari eta maisuari kasurako.

Txarria hil eta hurrengo egunean, lehenengo erdibitu eta gero txikitu egiten da. Solomoa, saiheskiak eta pernilak apartauta, ganerako giharrea eta okelea xehetu eta horregaz txorizoak egiten dira. Okela kiloko 26 gramo gatz bota, piper txorizerua eta berakatza nahastau eta masa hori hesteetan sartuta egiten dira txorizoak. Etxean batzen diran piperrak txorizoetarako gordeten dira, txarria hil orduan eukiteko. Osterantzean erosi egiten dira.

Txorizoak luzean lotzen dira, arra baten luzeran gitxi gorabehera, eta tira osoa eskegiten da sikatu daitezan. Suetea izaten da horretarako lekurik onena, lehenago behintzat halan zan, beheko sua egoten zanean. Hamabost bat egun behar izaten dira gitxienez sikatzeko, baina eguraldiaren arabera gehiago be izan daiteke. Gero, konserbetako, txarriaren koipea urtu eta koipe horretan gordeten ebezan lehen, berenberegi horretarako egozan tinakoetan. Oraintsuago, koipearen ordez orioa erabilten hasi ziran. Luzarorako barik, egun batzuetarako baino ez zanean, txorizoak gari edo arto artean sartzen ebezan.

Garaitiko txarrikiak: urdaia, saiheskiak, hazurrak, belarriak eta patak… gatzetan gordeten ebezan, gazun-askan, urte guztian irauteko.

Pernila sikatzeko ixten zan. Gatzetan euki hile pare baten, gero uretan gatza kendu, piper maminagaz ondo igurdi, botikea ipini hazur ondoan eulirik joan ez eikion, eta azkenik eskegi egiten zan kamaran. Halanda be, askotan umedadea sartzen jakon eta kokoak urteten eutsan. Horregaitik, etxe batzuetan azkenean pernila be txorizotarako txikituten dabe.

Txarri-hankak, tripak, belarriak eta musturrak (morroak) karnabaletarako preparetako ohiturea egon da.”

Esatekoak 0
Ikusita: 700