kontaktua
2016.04.28

GARREN atzizkiaren aniztasuna

Garren hitza atzizkien artean sailkatzen dogu orohar gramatikan, hurrentasuna adierazoten dabenen artean, gaztelaniaz “ordinal” deituriko zenbakien ordain gisa. Halan da berez: zenbatzaile bati –bi, lau, hamar­– atzizki modura erantsi ezkero, zerrenda numeratu baten, hurrentasuna adierazoten dau: zenbatgarrena dan, hain zuzen.

Halan darabilguz euskeraz, zenbatgarrena itaunari erantzunez: bigarrena, hamargarrena, hogeigarrena edo ehungarrena. Kopuru nagusiekin mehatsago erabilten ditugu: milagarrena eta handik gorakoak.

Zenbaki soilei eransten deutsegu: hiru-garren. Baina miloia edo milioi bat determinatzaileaz darabilguzanez, ha eta guzti: milioiagarrena edo milioi batgarrena.

Zenbaki-ordenan alfa eta omega diran zenbaki-hitzek, bat unidadea eta azkena, atzerengo unidade zehaztugabea era ordinalez adierazo behar diranean, ez dabe garren atzizkirik beregantzen. Lehen zenbakiari, gure kontadurian unidadea egiten dauenari, lehena edo lehenengoa deritxo –edo sinonimoak erabili ezkero, lelengoa, lehenbizikoa edo aurrena, nai bada–. Batgarren ezaguna eta erabilia dogu, baina zenbaki konposatuetan bakarrik: hogeta batgarren, berrogeta batgarren, ehun eta batgarren, mila eta batgarren.

Zenbaki-hurrenkeraren atze-atzeko zenbakia -en atzizkiaz markatzen da: azkena edo atzena, eta -ko genitiboaz indartu ezkero, azkenekoa, azkenengoa edo atzenekoa.

Sartalde-euskeran behin eta barriro entzungo ditugu –garrengo eta –engo, hau da, -ko genitibo-atzizkiduna: lehenengo, azkenengo, laugarrengo, ehungarrengo. Berez ez dago horren beharrik, baina analogia bidez garatu eta hedatu da sartalde-euskeran. Kirikiñoren Abarrak bilduma liburu biak bereizteko, lelengo eta bigarrengo abarrak lez bereizi ziran. Bada fraileen ordena bat, gazt. terciaria deritxana, frantziskotarrena, euskeraz honelan be idatzi izan dana: Hirugarrengo frantziskotarrak.

Zenbatzaile ez diran izenak be moldatu ditu euskereak, berariaz denpora eremura, batzuetan. Jesusgarrengo esaten dabe leku batzuetan ‘berehala, behingoan’ aitzen emoteko, edo Jesus amengarrengo beste batzuetan.

Sintaxi-ordenaren aldetik, -garren markadun zenbatzaileak aurretik eransten jakoz izenari: bostgarren agindua. Baina atzetik be behin baino sarriago ikusiko ditugu, batez be pertsona-izenen aposizioan: Felipe bostgarrena. Baina ez holako kasuetan bakarrik. Baita adjektibo modura izenagaz atzetik alkarturik be. Bizkai sartaldeko hainbat lekutan, sasoi bateko jenteak

lelengo eta bigarren hurrenkera-zenbatzaileak urri izenari atzetik gehituta, irail eta urri hileak izendatzen ditu: halan deritxo urri lelengoa, irailari eta urri bigarrena, urriko hileari.

Testuinguru batzuetan guztiz erabiliak dira garren atzizkidun zenbatzaileak. Gitxi batzuk gogoratzeko:

a) Osoak parte batzuk dituanean –liburu baten kasuan lau atal, berbarako–, atal bakotxa izendatzeko: lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena.

b) Zerrenda mugatu baten –aginduak, gomendioak, oharrak– bakotxaren hurrenkera zehazteko. Gure tradizino idatzian ezagunenetarikoak dira kristinau dotrinako hainbat irakatsi: Jainkoaren hamar aginduetariko bakotxa edo zazpi pekatu kapitaletako bakotxa, adibidez.

c) Hileko eguna seinaletako ugaria da, ondoko bertso zaharrean lez: “Aprila laugarrena / gariak jorratu”.

d) Zenbatgarren aldiz gertatu dan zerbait adierazoteko be –garrenez atzizki instrumentalaz balietan gara sarri. Lehenengoz eta akabukoz edo akaburengoz esaten dan lez, bigarrenez, bostgarrenez edo hamaseigarrenez, Andu Lertxundiren elabarri baten izenburuak darabilenez.

Garren-dun izenak –txu atzizkiaz be sarri agiri ohi dira. Ume-errezitadu ezagun bat jatort gogora, seintxuei eskuko bost atzamarrak kontetan eta izentetan irakasteko gurasoek kantau ohi dabena. Bertsino ezagun bat honakoa dogu:

Lelengotxuori, punta behatzori, beste guztien artean, txikerra dok hori.

Bigarrentxuori, punta behatzori, beste guztien artean, nagia dok hori.

Hirugarrentxuori, punta behatzori, beste guztien artean, luzea dok hori.

Laugarrentxuori, punta behatzori, beste guztien artean, bizkorra dok hori.

Bostgarrentxuori, punta behatzori, beste guztien artean, trokotza dok hori.

Frantzie-korteko balalako ahapaldietariko baten be, Frantziako andereari heriotzea emon ondoren izareaz batzen dabenean gorpua, egitura beretsua dogu: Zazpi izara doaz, odolez beterik, zortzigarrentxo horrek, naroa mundutik.

 

Baina garren hitzak, atzizki baino gehiago postposizino dala, badau bigarren esangura bat, bestea baino oraintsuragokoa, dirudienez, eta lur eremuz be mugatuagoa. Sartaldeko euskeran eta erdialdeko gipuzkeran be neurri baten, garren toki-denpora kasuetariko baten eta izen sintagma bati dautsala darabilgu, denpora eremuko beste esangura honegaz: denpora-erreferentzia puntu bat hartu eta handik hainbat denporara edo handik aldi batera zerbait jazoten dala adierazoteko.

Norbaitek dinoskunean hiru aste garrenera etorriko dala, berba egiten dauen momentutik hiru astera adierazo gura dau. Hiztunik gehienentzat, handik hiru astera da esapidea, baina sartaldeko askorentzat garrenera horregaz adierazoten da denpora-erreferentzia hori.

Zenbatzailedun denpora-izenakaz, honetarikoak esaten dira: Astebete garrenera agertu zan. Bi hilabete garrenera jakin genduan. Ordubete garrenera atzera etorri da. Azterketa hasi eta orduerdi garrenean urten dau, erdi egin barik.

Oinatiko Araotz aldean baturiko errefrau batek hau dino: “Pitxilipeta orixa, hiru egun garrengo eurixa”. Tximeleta horia eguraldi txarraren iragarle agiri da esaera horretan: hiru egun garrenerako, hiru egunen barruan, euria.

Gauza kuriosoa da garrengo edo garreneko hau, era arautuan garrenerako berridatziko gendukena. Klasikoetatik gehiago agiri da marka hori gure artean. “Hamabost egun garreneko ikasiko leuke edozein andrak” (J.A.Mogel), “Nahibageak ordubete garreneko hilda” (Frai Bartolome), “

Baina -a/-ak mugatzaileez markaturiko izen sintagmei darraiela be bardin darabilgu. Halan: Urtea garreneko mezea esaten deutse Arratian, kasurako, urteurreneko mezeari. Pluraleko sintagmakaz sarriago: Egunak garrenera, asteak garrenera, hileak garrenera, urteak garrenera sarri-sarri darabilguz geure eguneroko berbetan. Eta bardintsu esaten dogu: Handik denporak garrenera jakin zan egia.

Beren-beregi azpimarratu nahi izan dogu garren hitzaren bigarren balio hau, ze sarritan beren-beregi baztertu izan dabe gramatika batek baino gehiagok, usteaz, edo sasiusteaz, okerreko edo badaezpadako egituraren bat dala.

 

Iturriko

2016-04-28

Esatekoak 0
Ikusita: 496
2016.04.21

Hotzitu dau. Ilundu dau. Euria egin dau

Euskeraz entzuten ditugunean: Freskotu dau. Epeldu dau. Argitu dau… edo taiu horretako aditz-esaldiak, gehiagoko kontestu barik izanda be, geure euskal senak berehala agintzen deusku eguraldiaz mintzo dala solaskidea, edo eguraldiaren ingurukoak diran fenomenoez: eguna, gaua, euria, edurra, denporalea edo antzekoren bat.

Aditzak eurak ohikoak dira berez, baina laguntzaileak salatzen dau eguraldi ingurukoa izatea. Berotu da edo hotzitu da ura edo esnea be izan daiteke, baina hotzitu dau edo berotu dau esaten dogunean, nork ez dakigula ez ardura ez deuskula, eguraldiaz gabiz.

Eguraldi-aditzak edo atmosferikoak deritxegu aditzei, esangura-esparru horretan darabilguzanean. Baina ez daigun pentsau, eguraldi-aditzek erregimen horregaz jokatzen dabela beti eta leku guztietan. Euskerearen Pirinioz beheitiko lurraldean agiriago, Iparraldean baino. Eta ahozko hizkeran, mintzairan, sendo eta trinkoago, tradizino idatzian baino. Eguraldiaz dihardugula be, Iparraldeko tradizinoan normalak dira: Argitu zenean erakoak be.

Eguraldi aditzak edo aditz-egitura batzuk ezagunagoak eta sarriagokoak dira beste batzuk baino.

Eguna dala-ta, ohiko esakuneak dira: Igarri barik eguna luzatu dau. Orduaren kanbioagaz eguna asko laburtzen dau. Beste batzuetan, egunik aitatu barik: Argitu dau eta jagiteko ordua da! edo Seiretarako iluntzen dau oin edo Gautu dau daborduko edo Neguan, orduaren kanboioagaz gainera, arinegi gautzen dau.

Eguraldia hotza edo beroa izatea, edo hotzetik berora edo berotik hotzera aldatzea dala-ta be honetariko esakerak ohi darabilguz: Hotz egiten dau edo bero egiten dau. Edo: Freskotu egin dau polito. Edo: Harean epeldu dauela esan lei. Edo: Eguerdian berotzen dau gehien.

Euria egitea edo egiteari ixtea adierazoteko be, nork ez daki honetarikoak esaten? Euria egingo dau. Euria dakar. Ez dau behingoan atertuko. Eta edurra edo txingorra dala-ta be, Edurra egin dau. Inetasia hasi dau.

Trumoia edo hodeia dala-ta be, Hodeia jo dau edo Trumoia jo dau esaten da. Eta eguraldiaz orokorrean dinogunean, denpora ona edo denpora txarra dakarrela esan ohi dogu.

Eguraldi-aditz transitiboen artean egin eta ekarri dira ugarienak, kontestu diferenterik gehienez agiri diranak. Baina bata eta bestea aspektu diferenteakaz. Egin aditza aspektu burutuaz erabilten dogu, fenomeno bati buruz: euria, leia, edurra, txingorra… Honako aditz perifrasi ereduetan dogu: euria egin dau, leia egin eban, edurra egingo dau, euri apur bat egingo baleu… Baina fenomeno hori egiten ari dala adierazo gura dogunean, beste bide bat edo batzuk hartzen ditugu. Euria da, edurra da, inetasia da. Erdialdean: Euria ari du, elurra ari du, txingorra ari du.

Eguraldi-hitzak, hotz, bero, fresko, epel erako adjektiboak diranean, momentuko sentsazinoa  adierazoteko, egon aditzaz jokatzen dogu batzuetan: Hotz dago, bero dago. Fresko egoan. Edo egin aditzaz beste batzuetan: Fresko egiten dau, bero egiten dau.

Ekarri, eguraldi-aditz lez era trinkoan erabilten dogu gehien, beti be gerokotasun edo etorkizun aspektuagaz. Hotza dakar. Denporearen kanbioa dakar. Denpora txarra dakar. Edurra dakarrela esan lei.

Eguraldi-aditzen eta eurei dautsezan eguraldi-izen eta adjektiboen txorta honi akabua emoteko, bestelako erregimena daben bi aitatuko ditugu: izan, egon eta ari izan. Prozesua jardunean edo ibilian dagoanean darabilguz berariaz hirurok.

Izan aditz trinko lez: Euria da edo Edurra zan tipoko esaldietan. Egon, eguraldi-egoera adierazoteko kontestuetan: Hotz dago, Bero dago edo Fresko dago lango esaldietan. Eta ari izan aditza erdialdetik ekialderantz: Elurra ari du, euria ari du edota modu figuratiboaz, antxina ez dala argitaratu dan liburu baten izenburuan legetxe: Gezurra ari du.

Iturriko

2016-04-21

 

Esatekoak 0
Ikusita: 565
2016.04.14

-TO atzizkia, tipitzaile zein hanpatzaile

‑Hara gure umetxua! Ikusten dozu ze polita! Besartean eukan ume mardo guria erakutsi eutsanean ama gazteak herriko andra ezagun edadekoari, eta honek, ikusi eta batera: ‑UmeTXUa dinozu? UmeTOA da hori, umetxua barik, umeTOa!

Bizkaiko parte baten, sartalderengo euskeran, -to atzizkia eransten jake izen batzuei, handitu edo hanpatu gura ditugunean. Gazte jenteak gitxiago beharbada, baina behin edade bateko jente euskaldunak berez-berez erabilten ditu horretarikoak.

Gogora jatort, P. Zamarripa idazleak, Txorierriko semea zanak, Kili-kili izeneko liburuaren sarreran, idazten dabilen berbaurrearen kontura, berba-joko umorezkoa egin guran edo, honakoa dinotsala irakurleari: “berbaurretxu hau lar luze edo, lar luze barik, luzeegi agertu egin ez dakigun ze, osterantzean, irakurlea, (…) berbaurretxua deituko zer hau berbaurretoa litzake; ta holan, gauza bat agindu ta beste bat ikusiko zeunke”. Berbaurretoa, berbaurre luzea aitzen emoteko.

Izen batzukaz ugariago darabilgu -to hanpatzaile hori beste batzukaz baino; giza-izenakaz batez be. Neskatoa dinogu Bizkai partean “chicarrona”ren ordainetan. Eta urriago erabiliak izan arren, ezagunak besteok be: gizatoa edota gizontoa. Arratiako Arantzazuko seme batek honako oharra egin eustan Lezamako semea genduan idazle ezagunaren gainean: Gizontoa zoan Mikel Zarate. Edo Zeanurin entzuniko beste hau: Gizonto guztiak hemen gaiagozak. Gaztelaniaz “hombreton, hombrón” esango bagendu lez. Bide beretik esaten dira andratoa, umetoa eta beste giza-izen gehiago. Zelango andratoa egin dan, gero, zuen alabea! Hau be entzuna.

Baina osterantzeko berba arruntakaz be erabilia da: errapetoa, errape handia esateko.

Urdaibai aldean Karmen eritxon andratona bati Karmentoa esaten eutsen; ez beharbada berari zuzenean, baina bai beragaitik osterandian.

Gure herri kantutegian bada kopla ezagun bat, ironia puntua dariona, eta Arratia aldean behintzat behin edo behin hondino entzun daitekena: “Ikazginaren lapikoTOA handia baina harrua, / abadearen lapikoTXEa, txikina baina gozua”. Lauko horrek sukaldaritza mundura garoaz, lapikoa eta lapikokoa ditu mintzagai. Barruko janaria guztiz edo ez hainbestean gozoa izatea, lapikoaren neurriaz, lapikoaren handi-txikiaz lotzen ditu kopla horrek. Ikazgin koitadu izerdituaren janariari lapikoTOa deritxo, eta abadearenari lapikoTXEa. Lehenengoa hanpatzailea, bigarrena tipitzailea.

 

Añibarro eta batez be Juan Mateo Zabala idazleek -to eta -tzar atzizkiak biak batera darabilez behin baino sarriago, bai izenakaz, bai adjektiboakaz. Atzizki bikotx horrek, -totzar, handitasunaz batera gaitzespen sundea be ezkutetan dau. Edozelan be, neurriaren edo kualidadearen handiari intentsidade berezia eransten deutso. Atzizki bikotx horregaz darabilzan izen batzuk honakoak dira: lapurtotzar, gizatotzar, guzurtotzar. “Nondik uste dozue hasi direala lapurtotzar handiak galduten?” dino behin Zabalak. Eta: “ikusten dituz lapurretak, besteai erneriko guzurtotzarrak” beste behin. Eta Añibarrok: “Azotadu ebeen borreruak izan zirean sei gizatotzar”.

 

Baina bizkaiera alderdiko aurkaritza hori kenduta, gainerako euskal eremu osoan eta bizkaieran bertan be etorki zaharreko hitzetan, -to atzizkia tipitzailea izan da. Txikigarri izatea dau bere balio zaharra, gaur egun -txo atzizkiak dauen balio berbera. Ondo ezagunak dira gure herri ipuinetan, alegietan, Lukito eta Otsoko abere-pertsonaien izenak. Ezagunak, baita, gure izendegi zaharrean agiri diran honako giza-izenak: Nunuto, Lopeto, Urrato edo Domekato. Nafarroako Etxalekun bada torretxe eder bat, dorre izanikoa, Dorretoa deritxona. -to atzizkiaz markatu izan danean izen bat, euskera zaharrean berariaz, neurriz txikiagoa dala adierazoteko, edo afektibidade edo kutuntasun ikutua emoteko egin izan da.

Izen arrunten artean be gitxi-asko ezagunak dira guretzat zakutoa, zorrotoa edo zarandoa (zaran txikia) hitzak. Eta baserri munduan ezagunak dira mukitoa eta taukitoa, jesarteko erabilten diran mukur motroak. Ganadu lanadunen artean, artzaintzatik bizi izan diranen artean, izen ezagunak dira aketoa (aker gaztea) eta giberritoa (giberri edo ahuntz gaztea) be.

Baina goiko izenotan -to horrek atzizki graduatzaile tipitzaile bizia izateari antxina itxi eutsan; aurreko hitzari guztiz erantsia eta lexikalizatua da. Eta haren txandea, diminutibo lez, -txo edo -txu atzizkiek hartu eben aspaldi Pirinioz beheitiko lurralde euskaldunik gehienean, -to zaharkiturik gelditzen zala.

Baina zer jazo zan Bizkai aldeko euskeran? –To atzizki zaharra bizibarritu egin zala momentu batetik aurrera, izen-adjektiboen txikitasuna barik, justu kontrako gradua eransteko; izaki edo kualidade bat handitzeko edo hanpatzeko. Harrezkerokoak ditugu, bada, neskatoa, andratoa, gizatoa eta enparauak.

 

Eta adjektiboetan be antzera jazo da. Euren kualidadea handiagotzeko berezitasuna beregandu dau -to horrek euskeraren sartalderengo alderdian.

Burutoa deitzea buruhandia dan bati, Mungialdean behintzat ezaguna da. Epertoa esatea ipurtandi bati, Arratia aldean bardin. Naustoa esaten deutsie Arratiako Zeanurin neurriz eskergea danari. Txarritoa deitzea zikin, basazto edo ugerdo bati be, Bizkai sartaldeko herrietan guztiz ohikoa da. Berez mailegu-hitza dan baju adjektiboari -to gehiturik garatu da bajutoa, eta andrazkoai genero-marka aplikaturik, bajutea, behetik gorakoan laburra edo motz antzekoa danagaitik esateko. Beste hainbeste esan daiteke norbait loditoa dala dinogunean, gaztelaniaz ‘regordete, rechoncho’ esango bagendu lez.

Gaur bakanago entzun dira, lehenago idatzietan irakurten diran lapurtoa eta nagitoa, baina ulertu edozeinek euren esangurea eta intentzino zorrotza: lapurtoa, lapur handiagaitik esateko, eta nagitoa, nagitzar gogaitu bategaitik esateko.

Kontsonante batzuez (-r, -l, -n) amaituriko adjektiboakaz -do aldaerako eratorriak ditugu. Halangoak dira: alperdo, bizardo, ugerdo, zabardo edo saskeldo.

Eta amaitzeko, deitura lez iraun dauen Gorordo izena be, oinarrian ez da besterik, gogordo adjektibo mozorrotua baino, behinola goitizen izatetik gerora deitura-izen izatera heldu zana.

 

Iturriko

2016-04-14

Esatekoak 0
Ikusita: 599
2016.04.07

BERTON eta BERTOKOAK be zergaitik ez?

“Berton bertokoa eta sasoikoa” # “Bertakoak diralako”.

 

Eslogan edo goiburu biren ereduak dira hor goiko biak.

Berton bertokoa eta sasoikoa”, Durangaldeko eskola-ikastetxeetako jantokietan hurreko edo geure parajeko produktuak erabiltearen alde 2015-16 ikasturte honetan eratu daben kanpainea bultzatzeko.

Bertakoak direlako”, gure artean ezaguna dan supermerkatu kate batek bere saltokietan ipini dauen iragarkia, bertoko haragiaren alde zabaldu dauen kanpaina baten barruan, orain dala denpora gitxi.

Super-, hiper- eta beste hainbat merkatu eta dendatan indarrez sartu da hurreko produktuen aldeko joera eta moda hori; mundu zabaleko hamaikatxu produktu eskeintzen diran tegi hedatsuetan, baztertxu baten geure inguru hurreko jeneroa opestea: okelea, gaztaia, esnea edo eztia dala. Eta behin eta barriro, zorioneko bertako produktuak gora eta behera.

Bertakoak direlako, iragarki honek, Bizkaiaren bihotz-bihotzean, atzera iratzarri deust, jaio eta bizi nazan parajeko euskalduna nazalako seguruen, neure subkonszientea, eta neure buruari egin deutsat: Nongoak dira ba haragiok? Argentinatik ekarriak ete dira, ba?

Ez daukat inork gogorarazo beharrik, bertan eta bertakoa tradizinoz han zein hemen, hangoa zein hemengoa esateko erabili izan dirala eta erabili daitekezala. Eta lehen zaharrean halan zala euskera osoan. Baina hizkuntzak, euskerea barru dala, ez dagoz sekula geldi. Ibili-ibili aldatu eta barritu egiten dira. Eta hara non, bertan bakarra geunkan esangura-eremurako era barri bat sortu zan orain dala aspaldi: berton, hurrekoari aditzeko, eta bertako bakarra geunkanaren aldamenean bertoko, geure hurrekoari jaramoteko.

Lehen-lehenean be gehienetan bereizi egiten ziran urrun-hurrekoak. Bertan, hutsean erabilita, han esateko, eta hemen bertan egitura bikotxa hurrekoarentzat. Lehengo testuetara adituta, bertan eta bertako gehien-gehienetan urruntasun eremuan erabili izan dira. Ez beti, jakina. Bertan eta bertakoa, gaur egun be, berton eta bertoko esaten ez dan lekuan, han zein hemen, hangoa zein hemengoa dira.

Mogelek Peru Abarka-n, ardaoa eta txakolina dala eta, Peru Landetakoren ahoz honako argibidea emoten deutso Maisu Juan osagileari: Leen ozta ezagututen zan matsardaua. Sagasti asko zirian, ta erriko ardao edo sagardauaz igaroten zirian bizkaitar ta beste euskaldunak. Diruba geratuten zan bertan. “Bertan” horregaz “hemen Bizkaian” adierazo gura eban. Mogelentzat, orduko markinarrentzat lez, bertan = hemen zan.

Baina euskerearen sartaldean berton eta bertoko hurbilak sortu edo garatu izan badira, hiztunen berezko senak agindutako arrazoiren bategaitik izan da. Hiztunek arrazoizko edo beharrezko sentidu izan dabelako urrun-hurrekoak bereiztea. Eta horretarako tresna egoki bat eukan euskereak, urregorri preziatua lez gehien sartaldean jagon eta gorde izan dana: -o mugatzaile hurbila. Eta inesibo kasuan be ezaguna dan –on atzizki hurbila. Iparraldean, gaurko hizkeran, oixtion (arestion) esaten da hainbat lekutan. Eta Axularrek bardintsu: “Eta orai bereon, presenteon hasten naiz”, XVII. mende zaharrean.

Sartaldeko euskeran, gure jente edadekoak normal esaten daki: goizeon, goiz honetan, gabeon, gau honetan, iluntzeon, iluntze honetan, hemen etxeon, etxe honetan, edo dagoan hotzeon, orain egiten dauen hotzaz, adierazoteko.

Bide horrexetatik garatu dira azken mendeotan berton edo hemen bereon legezko egiturak. Eta nik dinot: ez al dira alagalako egiturak, euskerazko adierazpide adiutu baterako, berton eta bertoko hitzak, bertan eta bertako-ren ondoan? Berba bakarraz ez al ditue zehatzago adierazoten gugandik urrunagoko eta hurragoko espazioak? Labur eta zehatz, berba bakarraz: -a- neutroa edo urrunagokoa adierazoteko eta -o- markatua edo hurragokoa, geure ingurukoa, adierazoteko. Horretan nago ni. Eta ez al daukie hitz bikoiztuok, bizkaierarako ezeze, euskera baturako be balio erantsia? Horretan gagoz gu, behinik behin.

–Non bizi zara? itaunari, –Berton erantzuten dauenak, “hemen” esan gura dau. Baina erantzuna bada: –Hemen bertan, hor hurrekotasuna hemen adberbioak markatzen dau, bertan neutroa dala. Hiztunak hurrekotasuna behin bakarrik markatzen dau normalean, ez birritan. Leku gitxiagotan esaten da hemen berton, hemen bertan baino.

Bego horretan auzia eta bakotxak bere senean erabili bei egokien dakusana.

 

Iturriko

2016-04-07

Esatekoak 0
Ikusita: 609