kontaktua
2016.05.26

EtxeGINEN edo MesedeGINEN

Badogu euskeraz aspaldiko hitz bat, ginen, guk atzizkitzat joko doguna, -ginen, eta izen mugagabeari loturik idatziko doguna, baina gure tradizino idatzian sarriago banan idatzirik agertu izan dana (ginen edo ginan modura), hau da, postposizino kategoriako hitz lez.

Bertsoginen, gerraginen edo egurginen lango berbak adberbioak dira, aditzondoak, eta euren esparru semantikoa zertan, zer egiten itaunen ingurukoa da: bertsoak egiten edo kantetan, gerra egiten edo egurra egiten edo txikitzen.

Jardunbide, langintza edo ofizio esanguraz darabilgunean, badauka antz-antzeko beste atzizki bat, hau erabilten ez dan lekuan, honen ordezkoak egiten dituana: -gintzan. Halan, etxeginen esaten ez dauenak, etxegintzan esango leuke. Honan batu eutsan gure Juan Manuel Etxebarria etnografoak Arratiako gizon bati: Ni hargina izan naz eta asko ibili naz etxeginen handik hortik hemetik, eta han Undurran etxeginen ibili ginanean be barruntetan genduan kiratsa hantxe Albitzuko kurtzeroan.

Eta -gintzan atzizkia be ez badarabil, egiten gehituko deutso izenari. Andreak lagunetan deutso gaztaiginen, beste hiru eratara esan daiteke gitxienez: gaztaiak egiten, gaztai-egiten edota gaztaigintzan.

Atzizki hau sarriago entzuten da (edo irakurten), tradizinoz ezagunak diran edo aspalditik datozan lanbide, jardunbide edo ofizioen izenakaz, gaur egungo modernoakaz baino. Nekezago entzungo ditugu autoginen, kableginen edo igogailuginen, nahiz guztiz erabilgarriak izan. Hainbat ugariagoa da lehenagoko lanbide, zeregin edo jardunbide-izenakaz. Halan, labasuginen: labasua egiten. L. Akesoloren lumaz: Ilbiztui da Oba-ganeko hatx-tontorrik gorenetako bat, eta lainoz estaltzen hasten danean, Ilbiztuiko atsoa labasuginen hasi dala esaten eben lenago. (Atxostetik Atxostera).

Emakumeen lehenagoko jardunbideen artean ezagunak dira batzuk, sarritan gure sermoietan agiri diranak, jai-domeketan behar-moduoi heltzea galerazota egozala abertentzia egiteko. Halan: bogadaginen (bogadea egiten), puntuginen (puntua egiten), edo galtzerdiginen (galtzerdiak egiten) edota, larri-larri, txorizoginen edo ogiginen jardutea, asti luzea eskatzen eben zereginak, astuntzat egozanak, ziralako. Baina egunerako jatordua atontzeko beharrezkoa bazan taloginen egitea, hoben astuntzat ez zan epaituko. Armozutan edo afaritan nork ez zituan jaten ba taloa eta esnea edo taloagaz koipetsua? Harrikoginen jardutea be derriorra izango zan, ze, jatorduko tresnak ondo irukutzi barik ixten baziran, harria eta ezkaratz guztia txarrituta geratuko ziran.

Emakumeak dira, sasoia datorrenean umeginen hasten diranak be. Behinolatsu, Markinako andra batek, hondino gazte eta gordin egoala, bere hamazazpi urteko alabeagaitik esan ebana letxe: Hau da itzela! Umeak umeginen, hondino hamazazpi urtegaz!

Aldi baten, hor XIX. mende inguruan, gure artean ez egoan ondo ikusita emakumeak idazteari ekitea. Bizenta Mogel izan zan, Juan Antonio abadearen lobea, aurrerenetarikoa euskeraz idatzi eta liburu bat ateraten. Ipui Onak deritxo 1804an atera eban alegi-bildumari, eta badaezpadan, inoren eskandalugarri gerta ez zedin, irakurleari honako oharra egiten deutso: Badakit, entzunaz beste gabe neskatx gazte baten izena dagoala itsatsirik liburutxo honen aurrean, jardungo dutela sinuka ez gutxik, diotela beren artean, inoren lumaz jantzi nahi duela bela-txikiak; hau da, besteren beharrak hartu nahi ditudala neretzat; ez dagokiola neskatxa bati bururik hausitzea liburuginen: asko duela gorua, nahiz jostorratza zuzen erabiltzea.

Gizonezkoen jardunbide torpe-astunak be -ginen atzizki honegaz adierazo izan dira. Basoan egurragaz ikatza egin behar zan denporan, gizonezkoak ibili ohi ziran ikazginen edo txondorginen, txondorra egiten. Edo karea egin behar bazan, horma barrenak edo fruta-arbolen trunguak zuriz pintetako, kareginen ekin beharko jakon lehenago. Edo zubi bat egitea premina zanean, deabru txikiek edo prakagorriek behar hori egin ez edo amaitu barik itxi ebelako, gizonezkoek ekin beharko eutsen zubiginen. Edo negu partean, eguraldi txarrak emonda inora urten ezin zanean, atartean edo korta bazterrean etxeko jaunak edo aitita zaharrak jardun beharko eban zaranginen edo zestoginen.

Ezkontzea zelan atondu, eta batez be zeinegaz ezkondu, ardura handiko kontua izan da, batez be gurasoentzat. Izan dira ezkontzagin profesionalak be lehenago, mandatu bidez bidea errazteko. Baina neska-mutilak eurak be bai sarri euren kontura, gurasoen isilik. Ezkontza-arazo hori honetara aurkezten deusku Juan Jose Mogel abadeak, aita-semeen arteko alkarrizketa bat medio dala. Aitak dinotse bere semeai: Nik ez deutsuet lotuko borondatea, baina ez litzate errazoia zuek gurasoen barri baga ezkontzaginen ibiltia, eta gitxiago berbarik emotea. Baita agudo erantzun semeetariko batak, gurasoaren bildurrak uxatzeko: Ez daukazu zetan bildur izan, aita, gu ibili gareala, eta ez ibiliko gareala ezkontzaginen geurez.

Eleizgizonen arduretan nagusienetarikoak izan dira mezaginen edo sermoiginen egitea, batzuetan luze, beste batzuetan labur.

Oiloa be egun argiz habiara doanean eta etxuten, arrautzaginen dagoalako izaten da seguruena.

Baina -ginen honen esangurea ez dagokio beti zeozer egiten egoteari, zeozertan jardutea modu generikoagoz adierazoteko be balio izan deutse gure hiztunei. Kartaginen dabiltzanak karta-jokoan dabilz. Edo laratzaren aurrean kontuginen dabilzanak, kontu-kontetan ibili ohi dira.

Atzizki honen bizitasuna eta malgutasuna ondo frogatzen dau, erderatiko mailegu-izenakaz euki dauen emonkortasunak. Obraginen egiten da eraikuntzan. Promesginen ibiltea, agindu-promesak eurrez egitea esan gura dau. Edo testamentuginen abiatzen da, ondasunen oinordetza bere ondorengoei ondo lotuta itxi gura dituana.

Zertara joan adierazoteko be erabili izan da –gin atzizkiaren era adlatiboa, -ginera. Halan jaso eban K. Izagirrek Oñati aldean: “Bidegiñe(r)a fan, a hacer el camino". Nekez aurkituko dogu holakorik euskal idatzietan, eta entzun be bakan, Oñatikoa lango berbeta bana-banakoetan ez bada. Baina literaturara eroateko moduko egitura bardinbagea: Bideginera edo etxeginera joan.

Autu honi amaiera emoteko, gazte-denporan Arratiatik Otxandiora erromeriara joan ziran arratiar batzuen pasadizua. Hau be Juan Manu Etxebarriak jaso eta trasnkribatua da. Neskazale amorratua zan bategatik beste lagun batek kontetan ebana: Baltseoa ailegetan zanean, orduan aprobetxetan eban arrimada batzuk egiteko eta, neskaren bat deskuidetan zanean, sast! eskua botaten eutsan gonapera eta zirriginen hasi. Ene!, orduan, hango nesken grillistu eta aparejua!”.

Gaurko gazte-bardingo askorentzat bitxi gertatu arren, zergaitik erabili ez aurrerantzean be jatekoginen edo eskolaginen edo eredu horretakoak?

 

Iturriko

2016-05-26

Esatekoak 0
Ikusita: 625
2016.05.20

NoizKO, ZerTAKO eta NoRAKO

Adlatibo destinatiboa deritxagu deklinabideko kasu honi, atzizkitzat -rako bikotxa (-ra + -ko) daukanari. Xedezkoa edo helburuzkoa be deitzen deutsie batzuk.

Kontua da –rako atzizkiagaz batera, -ko atzizki soilak be beteten dauela hitz kategoria batzukaz eta esparru semantiko batzuetan adlatibo destinatiboaren funtzinoa.

Itaun egiterakoan, noRAKO esaten dogu batetik, baina noizKO bestetik. Eta zer izenordainaz egiten dogunean, batera zein bestera: zerTAKO (zetako) zein zerTARAKO.

Baina orokorrean gure artean zabalen dabilen eretxia da -ko genitiboa dala beti edo ia beti, leku-genitiboa: etxe-KO atea. Baina egia dana da, balio gramatikalik agiriena hori izan arren, funtzino aldetik askotarakoa dala berez.

Jabetasun esangurako izenlagun-atzizkia da batzuetan, -dun atzizkiaren baliokidea: atze bi-KO txahala.

Adjektibo kategoriaren sortzaile be bai sarri: lagun bihotz-eKOA, ama dolore-ETAKOA.

Adizlagun banatzailea, partitiboa, be izan daiteke: lagun bakotx-eKO zenbat liburu toketan dira?

Baina hemen jardungai dogun balioa “destinatiboa” deritxagun adizlagun-kasuarena da, -rako atzizkiaren balio berekoa danekoa. Izan be, sarri, gramatiketan -rako aurkezten deuskue kasu honetako ereduzko atzizkitzat, eta –ko hori erdi-estalian geratzen da. Baina, esanak esan edo ekinak ekin, hiztunok -ko hutsagaz adierazoten dogu izen edo adjektibo ez diran kategoriakaz funtzino eta balio hau. Halan esaten dogu:

BetiKO haserratu naz zugaz.

Etorri da trena daborduKO? Ez neban hain arin itxaroten, ba!

BiharKO ekarriko deutsudaz kereizak.

Orain jan platerekoa. Eta itxi gozokiak geroKO.

Ez ahal dozue entzun behin be harako amodio kantu negarbera bat, Adios ene maitia, adios sekulaKO hasiera dauena?

Zein da kontua? Adberbio kategoriako hitz askogaz, endemas denpora eremukoak badira, -ko soilagaz nahikoa eta lar dala kasu hori marketako. Itauna bera be zelan egiten dogu ba! NoizKO zatoz? Jaten hasi ordubietan eta noizKO amaitu!

Horrexetara eregiak dira eredu bereko besteok be:

Autoa derrior behar dot lanerako. BiharKO ez bada, sikeran etziKO prest balego!.

OrainGO (oinGO) ailegauko zan, bostak dira eta.

GaurKO amaitu ahal dozuna ez hurrengorako itxi.

Lan hori aurtenGO amaituta egon beharrekoa da, datorren urterako atzeratu barik.

Autoaz ezbehar txar bat euki eban eta sekulaKO elbarritu zan.

Badira beste adberbio batzuk ur bitara jokatzen dabenak, -ko zein –rako. Horreetarikoak dira: AtzoKO zein atzoRAKO. EtziKO zein etziRAKO. GeroKO zein geroRAKO. LuzaroKO zein luzaroRAKO: Holan segiduten badau, ez da luzaroko izango.

Eta badira -rako darabilenak beti edo ia beti. Honeek, adberbio baino adizlagun dirala esango genduke. Holan esaterako: HurrengoRAKO. SegiduRAKO.

Badira hitz batzuk, funtzino batzuetarako -ko eta beste batzuetarako -rako darabilenak. Halan orduKO izen sintagma edo aditz baten postposizio danean eta orduRAKO aditzondo apartekoa danean. Postposizinoa dogu ondoko bietan: Bostak orduKO zatoz. Zu etorri orduKO goizaldea be ailegauko da. Eta aditzondoa dala esan geinke: OrduRAKO ez bazatoz, amak aterako deutsu zuri lexibea! (“para entonces” edo “para la hora”, esangura bietan).

Sarrien ikusten dogun okerbide bat, zorioneko ultrakorrezinoa da, sasizuzenketa, analogia faltsoak horretara eraginda. Betirako, oraingorako, noizkorako eta halangoak.

 

Baina denpora eremuan be, gehien-gehienak –rako atzizkiaz markatzen dira. Adizlaguntzat joten ditugu gehiago, adberbio finkotzat baino. Izan be, adizlagun edo adberbiotzako horreek izen gardenetatik datozala agirian dagoalako: goizerako, arratsalderako, iluntzerako, gauerako, ordurako, hurrengorako, datorren urterako, lehengo asterako, hurrengo eguenerako.

 

Jatordu izenakaz be, -ko horren forma mugagabea, -tako, sarri entzungo dogu. Kasu honetan jardueraren eremura garoaz eremu semantikoak. Itaun be holan egiten dogu euskaldun zahar askok: Zertako? edo zetako? esaten dogu, beste batzuk zertarako darabilen lekuan. Jatordu-izenakazko erabilerak dira: Zer dago armozuTAKO? BazkariTAKO zer ipini dozu? AfariTAKO porrusaldea. MeriendaTAKO ogia eta txokolatea.

 

Zein ordutarako zerbait egin behar dan jakin gura dogunean be, hiztun askok nahiko dogu -etako erabiltea, -etarako erregularraren ordez. Orduen eremuan darabilgu hiztun askok berariaz -etako atzizki plurala, -etarako erabili ordez. Ordu jakin bategaitik itaun egiten dogunean be, halan esan daroagu: Ze ordutako egon behar da hemen? Erantzunak aukeran: ordubatetako, ordubietako, lauretako, seiretako, zortziretako, hamarretako edo hamabietako. Eta orduetan puntuetan barik, ordu erdi atzerago zehazten dogunean be hataraxe: hiru t’erdietako, bost eta erdietako, zazpi t’erdietako esan daroagun lez, bardin: laurak eta laurenetako edo hamaikak eta laurenetako. Eta orduan puntuan barik, ordu lauren lehenago edo geroago adierazo gura dogunean be, bardintsu: hirurak lauren gitxiagotako edo zazpirak eta laurenetako.

Aditzizen kategoriko hitzakaz be -ko soilaz markatzen da adlatibo destinatiboa. Honeetarikoak be ekintza esparrukoak dira azken baten. Itaun egiten dogunean zetako edo zertako darabilguzan moduan, erantzuna aditzizenaz eregia danean bardintsu: jateko, ikusteko edo emoteko.

Ezagunak dira berez ikusterako, joaterako edo emoterako, baina euron balioa bestelakoa da, gaztelaniaz “para cuando” konjunzinoez adierazoten danaren ordainak edo.

 

Idazle klasikoen artera bagoaz, horra Mogelek idatzitako esaldi hau eredutzat, zenbatgarren egunerako itaunaren inguruan: “Odola ateratea, eskutur ikarabagea eta begi zoliak dituenentzat ez da horren gauza gatxa. Hamabost egun garreneko ikasiko leuke edozein andrak, eta zuk baizen ondo edo obeto iminiko litukie txaplatatxuak eta eratsi zauritxuan lokarriak, askatuko ez diran gisan inoren esku baga” (PAb).

Zenbat denporarako itauna esateko beste modu zahar bat, zenbat denporako itauna dogu. Halan darabil Mateo Zabalak bere sermoietariko baten: “diruak korrian honenbeste denporako emoten dituezan askok”.

Aspaldikoagoa da gure errefrautegi zaharretariko baten idoro dogun testigantza hau, denpora zentzua dauena. Harean egokiturik: “Nor bere tenporako, arbia abenduko”, gaztelaniaz honako ordaina dauena: “Cada cosa para su tiempo, el nabo para adviento” (Isasti 64).

Espazio edo leku zentzuaz bakan erabilia dala esan dogu goian, baina zenbat eta aldi zaharragoetara goazen, -ko destinatiboaren lekukotasunak ez dira falta leku zentzuaz be. Refranes bildumako errefrauetariko batek holan dino: “Gibeleko on dana, bareko gaixo. Lo que es bueno para el hígado, dañoso para el bazo” (RS 141).

Eta ildo beretik, J. Belaren errefrau bildumako baten be -ko atzizkiaz markatua dogu destinatiboa: “Emazte ederra Bordeleko, gizon ederra urkabeko”, euron esangura garbia dala: Bordelerako eta urkaberako.

Eta ohar honi akabera emoteko, zilegi bekit gogorazotea zelan bildurrez ikara ipini zituan aspaldiko gure sermoilari batek eleiztar koitaduak, pekatuaren ondorio txarrak akordauazoteko, Jainkoa bitarteko ipinirik: “ta orregatik Jainkoak sekulako ondatu zituan Infernuko su-leizean.” (Ubillos 8).

 

Iturriko

2016-05-19

Esatekoak 0
Ikusita: 612
2016.05.12

AspaldiON eta GaueON

Aurreko idazki baten (apirilaren 7koan), berton eta bertoko pronominal hurbilen gaineko gogoeta labur bat argitara genduan, eta zeharka aitatzen genduzan akabuan, hemen autugai dogun -on inesibo hurbilaz eregiriko goizeon lango adizlagunak. Funtsean, batzuk eta besteak taiu berekoak zirala gogorazoteko, mekanismo beragaz garatutako funtzio-markak, hatan be.

Zein zaharrago dan, -an ala -on, gitxi ardura deuskun auzia da. Ez da dudarik lehenengoa dala aspaldikoena, balioz generikoa eta neutroa izateaz ostean. Baina gure hizkuntzaren uneren baten -on be garatu zan, eta hau be aspaldi zaharreko atzizkia dogu. Kontua da -an orokorra dala, guztiok darabilguna, eta –on, ostera, hedaduraz laburragoa, gitxiago hedatu izan dana. Baina sortu bazan, eta hiztunak goizeon, arratseon eta halakoak erabilten hasi baziran, premina batek edo arrazoi praktiko batek horretara bultzatu zituala pentsau behar da. Goizeon edo gaueon erabilita, laburrago adierazoten dogu gaurko zerbait seinalatzen dogula, honetan erakuslearen premina barik.

Aspaldikoa dala esan dogu, eta halan da. XV. mendeko oinaztar-ganboarren arteko gudu odoltsuetan Arrasateko uriari su emon eutseneko jazoeraren gaineko kanta zahar ezagunak ahapaldietariko baten, holan dino: “Erre dezagun Mondragoe. / Lasterreon sar gaitezan / kantoeko sartzaikeran”. Askoz oraintsuago, karlisten lehen gerrate aurretxoan, gure frantziskotar misiolari eta idazle ezagun batek, Mateo Zabalak, hau idatzi eban sermoi baten: “eta geure eskuan balego, orain bereon zeuek besondotik hartuta, guztiak eurrez, garaurik bere itxi bagarik, zeruan sartuko zindukeeguz”.

Iparraldeko literatura klasikoan be sustrai sendoak ditu -on inesibo hurbil horrek, batez be denpora zentzuzko esamoduetan. Axularrek idatziak dira taiu honetako esaldi laburrok: a) “orain bereon, presenteon hasten naiz”; b) “haur beror egin behar dugu guk ere orai arratsaldeon, zahartzeon, geure egunon akabatzeon”; c) “eta gero, orai arratsaldeon, atrapatu zareneon, gehiago ezin daidizunean, nahi duzu baketu eta adiskidetu?”; d) “Orai lege berrion (…) usatzen da giristinoen artean bertze kofesatze molde bat, aphezaren aitzinean egiten dena.”

Iparraldean gaur ia galdutzat jo daiteke atzizki hau, baina lexikalizaturik iraun dau aditzondo banaka batzuetan: oixtion (arestion) eta ordion (orduan) ditugu horren frogagarri.

Baina non dirau bizirik gaur egun -on horrek? Inesibo hurbila markatzeko funtzio-atzizki gisa, esan gura dogu. Pirinioz behetian, bizkaieraren eremuan bizi dala gehienbat esan daiteke, baina hor be ez hizkera guztietan.

-on inesibo hurbil hori lehenengo graduari dagokiola esan daigun lehenengorik: honetan erakuslearen kidea dala.

Zertan gogoratu ez da, denpora eremuko izenakaz darabilgula biziroen. Izen batzukaz ugariago eta zabalago darabilgu, beste batzukaz baino. Guztiontzat ezagunak dira, kasurako, honetarikoak:

Aspaldion zure barri barik egon naz. Ondo bizi zara?

Goizeon ez zaitut iratzartu gura izan, lo gogorrean zengozan eta.

Asteon nori toketan jako tresnak garbitzea?

Beste izen batzukaz ez darabilgu hainbeste. Baina, besteen xuxuan, edonork ulertuko leukez euron esangurak. Kasurako:

Hileon zenbat bider joan zara Madrilera?

Gaueon (gabeon) bi bider jagi naz ohetik, lorik egin ezinda.

Eta soka berekoak gendukez: arratseon, goizaldeon, iluntzeon, eguerdion edo arratsaldeon.

Sarriago edo errazago erabilten ditugu, adizlagunari aurretik hurrekotasuna adierazoten dauen aditzondo bat datorrenean: gaur arratsaldeon, oin momentuon eta halako esamoduetan.

Nekez erabiliko gendukena da urte izenaren inesiboa, *urteon. Izan be, horretarako beren-beregi daukagu aurten aditzondoa, leku batzuetan analogiaz atzizki hurbilaz esaten dana: aurton. Hau be zuzentzat jotekoa berez, baina aurten eukita, ez beharrezkoa.

Denpora-izenak dira berez aste-izenak, hile-izenak edo urtaro-izenak be. Baina izenokaz nekez agiri da, berbaz zein idatziz, -on atzizkia. Mehats entzuten dira: neguon eta udeon, maiatzeon edo bagileon. Baina horrek ez kentzen, erabili ezin leitekezanik. Neguon inoiz baino edur gehiago bota dau, edo Udeon sekulako beroak egin ditu esaldien modukoak entzungo bagenduz, ez lirateke hain arrotz izango gure belarrientzat. Zuzentzat joko gendukez, geuk erabili ezta be, horrelako adizlagunak.

Arraroago begitanduko litzakigu, beharbada, aste-izen bategaz ikustea edo entzutea. Neuk ez ditut entzun, behintzat, zapatuon, barikuon, eguazteneon eta horretarikoak, baina txartzat joten be, neu ez neinteke ausartu behintzat.

Leku edo espazio arlora bagatoz, denpora-izenakaz baino urriago izan arren, erabilia da gitxi asko esparru honetan be -on atzizkia. Gaur egungo hiztunei entzunak dira ondoko esaldiok. Bata: Hemen etxeon behar dan guztia daukagu (hemen etxion), etxe honetan esateko. Bestea: Hori bizi zan hementxe kaleon (kalion). Arratzun eta Aulestian entzunak. Zamarripari irakurria deutsat ondoko esaldi hau: “Dubarik egiteko, nahikoa barrerik egin dozu, aurki, nire ta honen gauzakaz... ta beronen etxeon.”.

Eguraldi-izenakaz be entzuna dogu atzizki hau: Nora zoaz jake barik dagoan hotzeon? (hotzion).

Amaitu daidan idatzi hau, amaitzeari luze-eretxita, neure buruari emon deutsadan aholku honegaz: “Gaur goizeon amaitu ez dodana, arratsaldeon edo gaueon amaituko ete dot, sikeran!”.

 

Iturriko

2016-05-13

Esatekoak 0
Ikusita: 701
2016.05.05

MesedeARREN. KonpromezuARREN. Jainkoaren amoreARREN

Txikitan sarritan entzun eta berbaz erabili ditugunak dira Jainkoaren amorearren, pozarren eta halakoak, gaur nekez entzun eta askok aitu be nekez egiten dituen berbakerak.

-arren atzizkia, aditza ez dan hitz bati dautsala, sarrien entzun dodan esamodua Jainko edo amore berbakaz izan dalakoa daukat. Harridura edo exortatibo erako esaldietan ia beti: Jainkoaren amorearren ez eizu holakorik esan! Edo” … holako beharrik egin! Zergaitik diran hain erabiliak? Gaztelaniaz “por amor de Dios” edo “por Dios” diran arrazoi berberagaitik.

Izen edo adjektibo gitxi batzukaz be sarri: pozarren, edo behin baino sarriago: lotsarren edo bildurrarren, kasurako.

Sarritan kausa edo arrazoi-emote zentzuna dauka: lotsarren edo lotsearren, lotseagaitik da, lotsearen lotsaz, “por vergüenza”. Beste batzuetan, zelakotasuna, modukotasuna adierazo gura dauela edo. “Pozarren nago” dinogunean, pozez beterik esan gura dogu. Baina zelakotasun hanpatuaz: pozaren pozez, pozez ganezka esatea lez. Pozarren horregaz lokuzino indartsuago bat be egin daroagu: pozarren ozta.

Leku batetik bestera ibili ezkero, izen edo adjektibo gehiagogaz be entzungo dogu, batean berba batzukaz, bestean beste batzukaz. Azkue handia da, bere hiztegian eta bere morfologia liburuan, berba diferenteakazko erabilerarik gehien antzean batu izan dituana. Eta gaur egun be, Bizkaieraren eremuan batez be –bizkaieraren zabalera osoan esango neuke–, ez Arratiako edo Butroiko bazterretan bakarrik. Markinaldean be bardin, eta asago be bai, azterka hasi ezkero.

Kontua hori da: entzun egiten dala gehiago, idazten dan baino. Eta idazten ez dana ez da irakurten, eta idazteko ekandutik be aldendu egiten da. Ez dauka, hurrean, hainbesteko erluzik atzizki honek gaur egungo idazleentzat.

Izan be, aldamenean dauka antz-antzeko balioa dauen beste atzizki bat, -gaitik (-gatik), ia esparru semantiko bera beteten. Eta jakina, oilar bik oilotoki berean alkarri ez deutsie mesederik egiten. Baina halan irudi arren, ez datoz bat esanguran oso-osoan, ez dabe eremu bera hartzen, ez guztiz behintzat, izen-adjektiboekin doazanean. Pozarren darabilgun lekuan ezin dogu pozagaitik esan; bildurrarren darabilgun lekuan, ordezkorik hurbilena bildurrez genduke.

Atzizki zahar hau berez –rren da, gerora -a artikulua harturik, -arren bihurtu dana eta halan lexikalizatu. Gure euskera klasikoan zerren (zer + -rren) aurre-hitzaz markatu izan dira mende-perpaus kausalak, euskeraren ekialdean zeren (zer + -en) aurre-hitzaz egin diran letxe. Edo zerren erabili izan da “zertan” edo “zergaitik” balioaz be. Baterren eta besterren esaten zan antxina, “batagaitik” eta “besteagaitik” esangurarako. Lazarragak bere amodio-poemetariko baten, amodiozko poemetan topiko dan motibo bat harturik, honakoa dino: “Ama libreaganik jaio nintzan, / ditxarik ez neben hau, alabea. / Dirurren saldu nintzan, esklabea”. “Diru truke, dirutan, diruakaitik” esangureaz.

Gure euskera klasikoan aditzizenaz eregiten ziran helburuzko (eta batzuetan kausazko) mende-perpausak, lehenengo egiterren, ikusterren egiten ziranak, gerora -a eta guzti, egitearren, ikustearren bihurtu ziran. “Ondo dot hoera afaltzaga, jagiterren zor baga” gogorazoten deusku errefrau zahar batek (RS 430).

Baina izen eta adjektiboakaz be -arren atzizkia da gerora nagusitu dan bakarra; -a horren artikulu balioa galdurik.

Atzizki honen bizitasuna, mailegu-izenakaz dauen erabileran da ezagun. Adibide batzukaz on egin daidan dinodana: “Konpromisoarren esan dot baietz” (konpromezuz). “Inuzentearren pasau jatzu hori” (inuzentea izateagaitik). “Zu komenientziarren zagoz negarrez” (zeuri komeni jatzunaren alde). “Zeure mejorarren esan deutsut hori” (zeure onerako). “Joan beharko da funeralera, itxurarren bada be” (itxurea jagoteko). “Eskola bat mesedearren be emoten da, baina asko badira ez” (mesede egiteko). “Nik egin dot behar hori zeure ederrarren” (zeuri eder egiteko). “Bere finarren telefonoa jo eustan” (fina baino finagoa izateagaitik).

Balio modalaz be hainbat kasutan darabilgu, kausazkoetan ez eze. Halan jaso eban Domingo Zuluagak Ibarrangelun: “Estimaduarren dauko bere eraztuna”.

 

Tradizino idatzira bagoaz, aditz ez diran beste hitz gehiagogaz be irakurriko dogu –arren, berbaz nekez entzunak izanagaitik; gehienetan izenak, batzuetan adjektiboak, eta noiz edo noiz zenbatzaileak.

Alperrarren, alperraren alperrez, irakurten da Otxandioko eskuizkribua deritxonean: “Alperrarren mezea huts egin”. Nagiarren be behin baino sarriago, esangura beretsuaz.

Haserrearren, haserrearen haserrez: “Kastigadu begiez behar danean gurasoak euren umeak, jo begiez, hezi begiez, baia ez harako haserrearren zer egiten dabeen bere ez dakienean” idazten dau J.M. Zabalak.

Lotsarren, lotsearen lotseaz, idazle berorrek: “eta ez hor lotsaarren ezkondu, eta gero beti damuz beteta bizi”.

Hatsarren, hatsaren hatsaz: “Kanpotik sartuten direnak ezin egon dira hatsaarren” gogorazoten deusku Frai Bartolomek, agolinean dagoanaren logeleagaitik.

Gitxiarren, gitxigaitik, darabil Mogelek bere alegietan: “Gitxiarren hartu ta hil ez eban giltzereak”.

Minarren, minarez minez: “esku, oin eta beste alderik minarren baterik bestera eroan, ez mobidu ezin dabela” dino idatziz Zabalak.

Sentimentuarren, sentimentuaren handiz, mailegu-hitzaz darabil idazle berorrek: “Amak, hau ikusita, sentimentuarren bere burua urkatu eban”.

Eta gaur egungo erabilera urrira gatoz atzera. Arrazoi dala, helburu dala edo zelakotasuna dala, indar berezia, adierazkortasun handiagoa emoteko bana-banako atzizkia izanik berau, zer dala-ta ez darabilgu modu libreagoan honetariko izen-adjektiboakaz? Damuarren, harroarren, larriarren, nagiarren, ederrarren, politarren, inuzentearren, finarren eta hatarikoak?

Polit eta motz adjektiboei erantsita aspalditxu Jatabeko emakume bati entzun neutsazan esaldi polit bi ekarri gura dodaz hona, alkarren kontrakoak itxura baten, baina adierazte-indar handikoak. Neskatila baten polit edo motz atxakiatzat hartuta, esan eban ze: “Motzarren jabilkoz mutil guztiak ingurutik eskapetan”. Eta: “Bai, politarren emongo deutsue zeuri urregorrizko eraztuna bape kobrau barik!”, beste behin.

Arren eta mesedearren, baliatu eizuez sarritxuago atzizki honegazko eratorriak. Euskerearen amorearren!

 

Iturriko

2016-05-06

Esatekoak 0
Ikusita: 639