kontaktua
2016.06.27

NAHIKOA da. ASKO da

Neurriaz, zenbatekoaz edo kopuruaz dihardugunean, ez zenbaki zehatzakaz, ezpada gitxi gorabeherakoakaz, erdi tamainuko neurritik goranzkoan, asko daukagu, ainitz Ipar eta ekialdean, eta gitxi beheranzkoan, gutxi batuaz, guti Iparraldean. “Zenbatzaile” mota honeek graduatu egiten ditugu, gainera; horretan dira apartekoak. Gehiago, gehien eta gehiegi goranzkoan –sartaldean lar eta larregi be bai–, eta gitxiago, gitxien eta gitxiegi beheranzkoan.

Eta erdibideko neurri-eretxia emoteko nahikoa darabilgu euskerearen erdi eta sartaldean askok, eta aski erdialdetik ekialderantz. Baina badira beste gehiago be. Adinon dogu horreetariko bat, gaur “kili-kolo, justu antzean, halan-holan” esangureaz Arratia aldean entzuten dana, baina lehenago-lehenago “nahikoa, behar dan beste” esangureaz erabili ohi zana. Ez ahal dozue akorduan harako errefrau zaharra, famili baten tamainua, seme-alaba kopuru adiutua aholkatzen ebana? Adinon da bost ume, alaba bi ta hiru seme (RS 108).

Asko bera be “nahikoa” esangureaz bizi da hondino gure artean, leku batzuetan behintzat. Asko da… ezaguna da hainbat herritan “nahikoa da” adierazoteko. Atxondoko testigantza bat: Asko da zeuk esatea, guk hori sinesteko. Edo Goierriko Zegamako beste hau: Hi, asko dek gaurkoz! Utzidak pakean!”. Asko izan aditz lokuzinoa da, “nahikoa izan” esangura garbiaz, egitura zaharra da euskeran. Eta gaur diran baino entzunagoak ziran lehenago, -ik partitibodun izen bategaz hornidurik erabiltea asko da aditz lokuzinoa. Harridura balioaz, hatan be. Mogelen adibide pare bat erakusgarri: Asko da lorik! Asko da goizerako zereginik!

Baina gure artean, geldi-geldi, nahikoa joan da nagusitzen “bastante” esangura horretarako, eta asko eta gainerako zenbatzaileak baztertzen edo esanguraz murrizten. “¡Basta ya!” euskeraz: Nahikoa da! esan daroagu gehienok erdi eta sartaldean; aski da! ekialdean. Lehenago esaten zan Asko da! esapideari, nahikoa da! nagusitu jako. Bide beretik, nahikoa da erregurik! goitu jako, asko da erregurik! zaharrari. Edo: nahikoa da berbarik!, lehengo asko da berbarik! zaharrari. Halan da guzti be, harridura kontestuan balio hanpatzaileaz darabilguzan izen partitibodunok, lorik, berbarik, beharrik…, atzeraka doaz lekurik gehienetan; endemas edade batetik beherakoen artean.

 

Nahikoa izen bati loturik dagoanean izen bat edo izen multzo bat, ardaoa kasurako, ze sintaxi diferente ditugu biak alkartzeko? Bat baino gehiago, edozelan be.

Berbaz zabal dabilen bat, eta sustrai sendoko egiturea berau, nahikoa zenbatzailea izen mugatuaren aposizino lez ipintea da: Piperra nahikoa dago gurean aurten. Izen mugatzaileduna aurretik, piperra, eta zenbatzailea atzetik: nahikoa. Peñafloridako konteak Gabon Sariak aspaldiko bertsoetan (1762) darabilen erara: Emango digu lurrak, / garia ta artoa, / gaztaina, sagardoa / ta ardoa nahikoa. Berez-berez jalgiten jakez gure hiztunei honetarikoak: Dirua nahikoa dauka harek. Beharra nahikoa eginda gatoz etxera. Ardurea nahikoa darabilgu, behintzat!. Egitura horreen ostean dagoan esangurea ez da “bastante, suficiente”, hortik goranzko neurria baino: zenbat gura, nahi adina dalakoen kidekoa.

 

Bigarren sintaxi bat nahikoa edo naiko izenaren aurretik ipintea da, izenori beste mugatzaile barik agiri dala. Halan esan leiz gutariko edozeinek honelako esakerak: Nahiko burukomin emoten deusku umeorrek! Nahikoa zeregin badaukagu lehendik, zuk hondino barriak ekarteko! Nahikoa behar eginak gara gu geure gazte denporan!

 

Baina bada beste sintaxi bat, gure eretxian muna bazterrean lagatea hobe gendukena, baina tamalez orio-orbanaren antzera gero da zabalago dabilena idatziz zein hizlarien artean: izen mugagabearen ondorik ipintea naiko(a). Halan: Ez daukagu diru nahiko(?). Ez dago baliabide nahikoa(?) e.a. Egia da izan, Orixek, Txillardegik eta beste gehiagok aspalditxo bedeinkaturiko egitura modua dala berau, baina analogia bidez berandu baten sortua, tradizinoaren lur mamintsurik ez daukana. Gure aholkua: nahikoa izen sintagma barruan txertatu nahi bada, aurrean txertatu bedi, ez atzean. Eta atzean ipintekotan, aposizino egituraz hoba: ura nahikoa, indabea nahikoa edo frutea nahikoa.

Aurrekoa baino hainbat okerragotzat daukagu nahikoa horri –ik atzizki partitiboa txertatzeko batzuek daben lehia eta afana, pentsaurik hizkera jatorragoa lantzen dabelakoa edo. Aspalditxu aldizkari digital batetik jasorik dodan esaldi hau, dinogunaren lekuko: Bi mila eta berrogeta zortzirako beharbada ez da arrantza-erreserba nahikorik izango mundu mailan. Partitibo-atzizki hori alperrik dago hor; idazleak behar ez dala kolkotik atera dauen kalko oker bat baino besterik ez da. Atzizki partitiboa, erabiltekotan be, gorago aitatu dogun harridurazko egitura barruan: Nahikoa burukominik daukagu zugaz, umea! Lehengoa etxerik nahikoa, etxe barriak erosten hasi barik!

 

Nahikoa, nahikoak, singularrez zein pluralez, adjektibo kategoriaz be badarabilgu batzuetan. Nahikoa egin edo nahikoak egin, ase-ase egin, asebete egin esateko darabilgu batzuetan. Baina jan-edanaz ostean, beste gai batzuez be bardin: Nahikoak egin arte ibili ziren olgetan.

Gehitu daigun, sintagma bakarrik osotzen ezeze, izen bati laguntzen be erabili leitekela. J. Mateo Zabala idazle bardinbakoak honetara epaitzen dau Ebangelioko aberatsaren alagalako bizimodua: “batu zituzan ondasun guztiz handiak, egin zituzan etxe zabal ederrak, eukazan janari ta edari gozo nahikoak, etxakozan falta gogoak emoten eutsazan gustu ta atsegingarri guztiak”.

 

Morfologiaren aldetik, nahikoa zenbatzailearen oinarrian nahi hitz modala dago, mugatzaileaz nahia. Eta nahikoa ezeze, nahia bere sarri entzuten da hondino, baina esangura diferenteaz; neurriz goranzko zenbatekoa adierazoteko: zenbat gura zenbatzailearen sinonimo lez. Izen mugatu baten aposizinoan erabili ohi dabe hiztunek: Sagarra nahia egon da aurten. Bakailao errea nahia jan genduan. Kereizak nahia batu ditugu etxatzeko arbolan.

 

Nahiko(a) zenbatzaileaz eraikiriko konposatu bitxi bat be bada euskeran, hondino guztiz galdu ez dana: nahiko beste determinatzailea, batzuetan adberbio bihurturik nahiko bestean be erabilten dana. Nahiko + beste zenbatzaile konposatua bizkaierazko idazle eta testu klasiko batzuen artean agiri da. Esanguraz, “nahi beste, nahigura, gura dana” zenbatzaileen baliokidea. Nahiko beste horren baliokidetzat “naroro, ugari” eskeintzen deuskuz Pedro Astarloak: “Jan eben guztiak naroro edo nahiko beste”. Izen bati laguntzen agiri danean, haren aurrean ipinirik beti. J. Mateo Zabalaren lumaz adierazota: “Daukaz beste batek gurasoak itxiriko ondasun eta azienda handiak, etxe miragarriak, janari gozoak, ohe bigunak, nahiko beste kriadu eta, berba baten esateko, dauko gizon batek gura ahal leikean guztia”.

Ez da zertan gogoratu, nahiko beste zenbatzaile konposatu hori gaur egun apenas entzuten dala gure artean. Halanda be, guztiz galdu ez dana badakit. Zeanuriko adiskide on batek esanda dakit, berak etxean ezaguna dauela, zeaniztarren berbetan erabilia dala.

 

Nahiko guztia egitura be ezaguna dogu. Pedro Astarloaren lumaz: “gose edo egarriak kadendurik bazaukaz, jan eta edan egizu nahiko guztiak altarako mahaian”.

 

Beste esapide batzuk be badira nahikoa horren inguruan eihoak. Horreetariko bat aitatzearren: nahikoa eta lar. Nahikoa eta lar dakizu zuk, inork esan beharrik euki barik be.

 

Soka luzea dauka gai honek. Baina gaurkoz asko da. Oraingoz nahikoa da.

 

Iturriko

2016-06-24

Esatekoak 0
Ikusita: 483
2016.06.17

Emoten dau, dirudi, esan lei ze, daukat eretxia...

Asko ugaritu dira gure artean esaldi modu batzuk, emoten dau aditzaz hasten diranak, gaztelaniazko “parece que” hasiera dabenen ordainez, eta osagarri konpletibo bategaz osotzen diranak, menderatu horren aditz-atzizkia –la dabela.

Bai irratiz, bai telebistaz, bai hedabide idatzietan zabal dabiltza egitura honen, ematen du …-la egiturearen jarraibideko esaldiak. Bat, esaterako: Emoten dau Atlhetic-eko jokalariak nekatuta dagozala. Emoten dau gatx dagoala gaurko partidua irabazten.

Eta soka berari tira eginez, izen sintagma mugatuak predikatzeko be erabilten dabela ikusten dogu. Holan mozorrotuta andrea emoten dozu. Hain suabe egiten dau berba ze, abogadua emoten dau.

Gaztelaniaz “parece (que)” hasiera daben esaldi guztietarako euskal erremedioa emoten dau/ematen du bihurtu dala dirudi. Galdu ziran betiko beste esapide guztiak. Handia da, gero! Lehen entzun be ez zan egiten betiko euskaldunen artean holakorik  –kontestu horreetan behintzat– eta orain ia besterik ez darie esatari eta kazetarien hitz-iturriei.

Nora dira harako beste egiturok, gure belarriak entzutera ekanduta egon diranak? Dirudi…, Esan lei (ze)…, Pentsa lei… inpertsonalak, edo nordunak, eretxiduna zein dan adierazoten daben besteok: Deritxat…, Erixten jat…, Begitantzen jat…, Pentsetan dot…, Eretxia daukat…, Ustea daukat… eta honetarikoak?

 

Emoten dau edo ematen du lehenago be erabili izan dira dirudi esangureaz, baina ingurune guztiz jakinetan, mugatuetan. Labur esanda: lagun dauen sintagma, predikatzen dauena, modu-adberbioa danean berez lez egokitzen da aditz hori: ondo, hobeto, ederto, polito, txarto, txarrago… edo adberbio modura darabilguzan adjektibo mugagabeakaz: motz, gazte, zahar…. Euskera naturala dabenentzat berez-berezkoak dira honetariko berbakerak: Polito emoten deutsu gona gorri horrek. Motz emoten dau neskatila baten ahoan holako berba zikinak! Urteak euki arren, gazte emoten dau.

Adjektiboa predikatua funtzinoan agiri danean be erara sartzen da. Andra horrek dan baino gazteagoa emoten dau.

Baina emoten dau horri laguntzen mende-perpaus osagarri bat ipini gura badeutsagu, -la atzizkidun aditzagaz, esaldi modu horrek ez dau entzukeran ondo joten, belarrietan be girrintza egiten dau esaldi horren soinuak. “Parece que va a llover” mezua bada euskeraz adierazo gura doguna, ezin da esan: *Euria egingo dauela emoten dau. Beste aditz nagusiren bat behar dogu horretarako, beste adierazpide aukera bat bilatu behar dogu. Kasurako: Euria egingo dauela esan lei. Euria egingo dauen antza dago.

 

Dirudi aditz trinkoa, esangura horretarako daukagun zahar eta hedatuenetarikoa dogu. Ordena bikotxaz erabili geinke berau esaldian; okerrik egin barik batera zein bestera. Aditza atzean dala: Euria egingo dauela dirudi. Edo aurrean dala: Dirudi ez dakiala ondo zer esan nahi dauen. Galdegaiaren kontua konpontzeko, idazle askoren artean joerea dago aditz nagusi horri ba- aurrizkiaz indartzea, horretara aditz markatua, fokua, balitz lez. Badirudi… aditzaz hasi esaldia, eta baztertu: Dirudi…, susmagarria dalakoan edo. Nire eretxia guztiz bestelakoa da. Hor toketan dana beti da: Dirudi… aditz soilaz esaldia abiatzea. Ze semantikoki ezin da izan galdegai dirudi. Ez dauka zentzunik badirudi esateak. Bardin-bardin jazoten da dino aditzaz. Gure parajean, betiko euskaldunak honetara berba egiten dau: Dino berak ez dauela ezer jakin gura kontu horregaz. Atzekoz aurrera be erabili ginei: dino atzean dala. Baina inork ez leuke esango: Badino berak ez dauela… Dirudi aditza inoiz ez dogu indartzen; indartzen dana aditz horren osagarria da, benetako mezua. Sarritan jazoten da osagarri hori adjektibo-sintagma bat izatea: Egia dirudi. Guzurra dirudi. Edo izen sintagma bat: Aita Santua dirudi. Lehendakaria dirudi. Eta sintagma laburra dan ezkero, aditza atze partean ipinten dogu.

 

Aditz nagusiagaz adierazo nahi dogun irudipena pertsonalizatu nahi dogunean, gaztelaniazko “me parece” dalakoaren parean, badira beste aukera batzuk. Begitandu aditza dogu horreetariko bat, gaur egun Lea ibarretik ekialderantz ezaguna dana eta zabal dabilena, baina beti nori aditz jokoaren barruan dala: begitantzen jat, begitanduko jako, begitandu jatzu. Halan: Begitandu jako beste guztiak erratuta egozala eta berak eukala errazoia.

Bizkaieraren erdialdean pentsau aditzak hartzen dau gaur sarri horren lekua: pentsetan dot, pentsetan dau, pentsauko dozu…

Eta bizkaieraren sartalderengo ibarretan, Arratia, Nerbioi eta beste alderdi batzuetan eretxia euki aditz multzoaz balietan dira sarri.  Daukat eretxia egia ez deuskula esan; guzur hutsean dabilela.

Baina eretxi aditzaren jokoa be emoitsua da hondino eskualde askotan “(me) parece que” gaztelaniazkoaren ordezkoak egiteko. Aditz trinkoaz batzuetan: Deritxat, deritxazu, deritxagu… Halan esan daroagu: Ez deritxat txarto. Ondo deritxat.

Baina eretxi aditza egitura perifrastikoaz darabilgunean, hainbat lekutan zer-nori jokoaz darabilgu: Erixten jat… Halan esan daroe euskaldun zahar askok hainbat lekutan: Dinozuna ez jat ondo erixten. Eretxi jat jenero hobea zala denda horretakoa. Baina hiztunik gehienek, behar bada, nork-zeri egiturako laguntzaileaz jokatzen dabe: Nik erixten deutsat larregia dala eskatzen dabena.

Atera beharreko irakatsia: emoten dau/ematen du horri neurria hartu, tradizinoz erabili dan testuinguruetara mugatu berorren erabilera, eta beste guztietarako beste aukerak baliatu.

 

Iturriko

2016-06-16

Esatekoak 0
Ikusita: 585
2016.06.09

Goitian San Bernabe, beitian Gordobil

Goitia eta beheitia –tradizinoz beitia gure artean– deitura-izenak edo toki-izenak dira gehiago gaur egungo euskaldunontzat, euskal hizkuntzaren berba arruntak baino. Iparraldean bai ezagunak eta biziak dira hondino, eta Nafarroa goialdean be, berba normal lez: aldapa goiti, mendi goiti eta hatarikoak. Pirinioz behekoentzat ez hainbeste, endemas erdi eta sartaldekoentzat.

Onomastikako izen izoztuak dira gehiago guretzat. Etxe-, auzo- edo herri-izenetan, edo horreetarik datozan deitura-izenetan agiri dira sarrien, banan edo alkarturik, eta horregaitik egiten jakuz ezagun gehienbat. Goitia, edo mugagabez Goiti, eta Beitia, mugagabez Beiti. Hitz konposatu barruan agertzea ez da mira egitekoa: Agirregoitia edo Agirrebeitia, Larragoiti(a) edo Larrabeiti(a) erako izenetan, erreferentziazko izen baten goienean edo barrenean dagoala adierazoteko mendez mende erabili izan dira eta toponimian finkatu. Nori ez jakoz ezagun egiten Azpeitia eta Azkoitia lako sona handiko uriak, esaterako.

Badira beste izen batzuk -ti atzizkiaz eregiak, edo –ndi honen aldaereagaz. Izen arrunten artean guztiz ezaguna dogu barrutia, ‘landa zarratua edo fradua’: behiak barrutira atera. Lehenago izen arrunt ziranen, baina gaur toponimo –edo hortik gero deitura-izen– bihurtu diranen artean ezagunak jakuz: Urrutia, Arandia (handiko aldea), Onandia (hemendiko aldea), Barrundia (barruko edo barruango aldea).

Honetariko leku-izen batzuk -z atzizki instrumentalaz aurreko izenen bategaz alkarturik erabili izan dira maiztasunez. Guztiz ezaguna dogu Bilbon Urazurrutia, gaur San Antongo zubiaren beste aldean dagoan kalearen izena, baina lehenago uraz handiko alderdiari, ibaiaz beste alde osoari deitzeko erabilten zana. Gorlizen Urazarantze izena jakon auzoaren antzera.

Instrumental-atzizki horrexegaz finkaturik geratu zan, XIII. mendeko agiri zahar baten aitatzen dan pertsona baten izena be: Peita de Arriazkoiti. Era gardenagoan idatzita: harriaz goiti.

 

Baina mehats eta bakan irakurri edo entzungo ditugu Bizkai edo Gipuzkoako idatzietan edo mintzamenezko testuetan goitia edo beheitia, holan izen modura. Lekukotasun bitxienetako bat, W. Rollo eskoziarraren The Basque Dialect of Marquina (1925) iker liburuaren atzeko etnotestuetan –orduan Barinagako abade zan Juan Barkin dalako batek harentzat batuak, hurrean–. Laminak zer eta zelakoak diran honetara azaltzen da Lamiñek izeneko testuaren hasieran (gaurko euskeran emonda): Antxina errekondoko etxeak eta etxe-errotak laminaz ingurauta egoten ei ziran. Euren eginez inor be ezin bizi; hain ziran gogaigarriak, txarrak eta zikinak laminak! Eurek gerriz goitia andrazko ederrak lakoxea eben eta gerriz behetia arrain buztan bakoa. Ez ete da buztana lakoa?

Gerriz goitia eta gerriz beheitia, garriz gorakoa eta garriz beherakoa esateko, esamodu zaharrak dira, gaur nekez entzungo gendukezanak. Baina oraintsukoak gure hiztunen ezpanetan, halanda be, hor agiri danez.

Beste testigantza polit, dantza- edo trikiti-kopla ezagun baten daukagu. Kopla horren aldaera zahar batek honan dino: “Goitian San Bernabe, / beheitian Gordobil, / Otxandioko plazan / tanbolina dabil”. Ezagunagoa dogu gaur beste aldaera hau: “Altuan San Bernabe, / bajuan Gordobil, / Otxandioko plazan / tanbolina dabil”. Gauza jakina da, herri-literaturako errefrau, erromantze eta hareetako bertso-ahapaldietan gorde izan dirala askoz hobeto, gure eguneroko berbetan baino, euskera zaharraren hondarkinak. Eta horreetarikotzat joten ditugu, hor agiri diran biak: goitian, goiko aldean, eta beheitian, beheko partean.

Izan be, goiti eta beheiti izenok leku-denpora kasuetan erabili eta gorde izan dira gehien eta luzaroen euskal hizkera guztietan. Edota goian aitatu dogun postposizio kategorian, -z goitia, -z beheitia ereduko egituretan.

 

Bizkai-Gipuzkoetan ahaztuxe edo galduxe dagozan hitzok Iparralde eta Nafarroako hizkeretan, ostera, biziago iraun izan dabe lehen zein gaur. Añibarrok bere Voces hiztegian euskalkien arabera banantzen ditu goia, goian (bizkaiera-gipuzkera) eta goitia, goitian (nafarrera). “ARRIBA: b.g. goia; n. goitia. Quando es estar: goian, goitian egon”.

Baina lehenago normalagoak ziran erdi- eta sartaldeko hizkeretan be goitia eta beheitia. XVII. mendekoak diran Bertso bizkaitarrak ziri-bertsoetako ahapaldi batek hau dino: “Zeruti gaitean hasi. / Luzbelegan zan ekusi. / Azartu zan esatera: / izango naz goiti. / Barriz Guipuzkoari / enzun deutsagu sarri, / gareala beiti.” (Bertso Bizkaitarrak). Goiti eta beheiti horreen esangurea ez da besterik goian, gainean eta behean, azpian baino.

Araba aldeko berbakeretan be, oraindino galdu barik egozan aldietan, beitiko, beitiagoko eta horretarikoak guztiz ezagunak ziran. J.Bautista Gamiz Sabandoko semeari ezagutzen jakozan euskerazko bertso apurretan –XVIII. Mendea–, honakoa dakar: “Ene gorainziak emozute / ene adiskide gustiai, / beitiko etxeko jenteai / ta beitiagoko arreba biai”.

Eta denporan atzerago jota, Lazarragaren bertsoen artean, beste hau dator: “Goitixeago ekusi neben, / beste alderutz eginik, / donzeilla flordelisarik asko, / guztiak gorriz janzirik.”

 

Jardun honi atzena emoteko, goiti eta beheiti batera alkarturik dirala sorturiko goiti-beheiti postposizinoa aitatu nahi neuke beren-beregi, gaur ezagunagoa dogun gorabehera dalakoaren esangura berekoa. Orozko, Zeberio eta Nerbioi aldeko euskaldunen artean behin baino sarriago entzuten dira: gu goiti-beheiti, zuk pentsetan dozuna goiti-beheiti eta horretarikoak. J.Manuel Etxebarria adiskideak baturiko etnotestoetan agiri dira erabilera batzuk. Hara bi: “–Bai, hara, –erantzun ei eutsan–; personea hil baten baino ez dok egiten bai, eta, ni neu goiti-beheiti ez daiala euki beste mundurako bidean enbarazurik.” (Gorbeie I, 1.10). “Hator, etorri hadi gauez, miau-gedarroi itxita, eta hau txakurrau goiti-beheiti izango haz, ze zahartzaroan norbere buruaren jaube izatea be ez dok gitxi, eta etxoat pentsetan pleitu-intzigurik eukiko dozuenik” (Gorbeie I, 1.14)

Eta postposizino horren inguruan eihoa da gitxi goiti-beheiti esapide bitxia be, gitxi gorabehera ezagunagoaren anaia bikia. Eta esamodu hori darabilen idazle bana-banakoen artekoa dogu J. Mateo Zabala bilbotarra. Gaurko grafiaz: “Eta halan balitz bere, zer daukagu horregaz? Ikaratuko ete gintekez horregaiti? Baia gitxi goiti-beheti (gora beheran) erraz da igarten zeuk daukazuna”. “Tintago egin direanean, eztira hain erraz zuzenduten; eta ezin esan badira hain zuzen-zuzen, esan zeinbat izango zirean gitxi goiti-beheti.” (Sermoiak II)

Urteetan larogeiaz goiti dagoanen batentzat baleiteke ezagun egitea honeek berba biok, edo euron entzutea izatea behinik behin. Ez hain erraz, ostera, berrogeiaz beheiti dagozanentzat, ez hurrago bere. Baina oraindino gorpu ez dagozan ezkero guztiz hitz biok, euskerearen gorputz eta haragi bizi lez jagon daiguzan.

 

Iturriko

2016-06-09

 

Esatekoak 0
Ikusita: 490