kontaktua
2016.07.28

EGIN USAIN, mesedez! USAINDU, mesedez?

“Ea, usaindu, mesedez!” esan eustan gaztetxo batek lehengo egunean, esku gaineko kolonia gustukoa neban ala ez neure eretxia jakitearren. “Egin usain! esaten da” urten eustan barrutik, ia pentsau be barik. Ofizioaren traizinoak!

Bai, egia da usaindu be euskera dala, eta ia guztiok darabilgula, baina, horkoaz barik, beste esangura bat edo batzukaz, orohar. Bata, ‘sundea hartu, usain txarra hartu zerbaitek’. “Arrain hori usainduta dago” edo “Okelea luzaroegi egon da hozkailuan eta jatea akordau jakunerako usaindu egin da”. Usaindu, usaina hartu, jeneralean usain txarra da, edo “sundea” esan daroaguna. Bestea, zentzun figuraduan: zeozeri usaina hartu, barruntau: “Arriskua dagoana usaindu dauenean, agudo alde egin dau leku haretatik”.

Aditz bikote honen moduko edo antzeko asko ditugu euskeraz, bata esangura bategaz eta bestea beste bategaz. Usain egin tipokoei aditz multzoak deritxegu, eta usaindu ereduko aditz eratorriei, aditzak soil-soilik.

Huts egin leike pelotari batek pelotea jokeran edo futbolari batek penalti bat jaurtikeran. Eta botila bat ardao hustu edo hutsitu geinke jatordu baten. Zauritxuan pu-pu daukala eta negarrez dagoan umetxuari, putz egin daiala esan geinkeo, baina despuztuta daukan globoa puztu edo putzitu geinke, putz asko eginaz. Baina behin be ez geunskio esango ume horri, ezpan-musturrak basurdearen gisan ipinita *puztu daiala, putz egin daiala baino; ez genduke esango, ezta, jokalari batek futbol-zelaian ,ate-ateetan *hustu dauela baloia jaurtikeran, huts egin dauela baino.

Aditz sorkuntzan euskeran bide bikotx hau ugaria eta zabal dabilena da: behar egin, lan egin, hauts egin, sats egin, dei egin, laban egin, min egin, laztan egin edo bat egin ildo batetik, eta behartu, landu, haustu, sastu edo satsitu, deitu, labandu, mindu, laztandu edo batu bestetik. Euron esangurak banangoak dira gehientsuenetan, baina noiz edo noiz, gitxi batzuetan, ia beretsuak edo hurrekoak be bai. Lagun egin eta lagundu aditzek esangura hurrekoak gordeten ditue. Eta horrelakoetan jazo ohi danez, bata bestea baino indartsuagoa izaten da; kasu honetan lehenengoak erabilera laburragoa dauka bigarrenak baino. “Ogia erosi behar dot eta lagun eidazu” esan daiteke eta ondo esanda, baina zazpi bider gehiago entzungo dozu: “lagundu eidazu”.

Baina aditz asko dira /izen + egin/ edo /adjektibo + egin/ morfologia bakarra dabenak, aditz multzoa aditz kategoriaren tipologia bakarra dabenak; hau da, -tu atzizkiaz baliatzen ez diranak orokorrean. Negar egin, barre egin edo hots egin ditugu eredu garbiak. Euskereari ez jako ezagutzen *negartu, *barretu, *hostu ereduko aditz eratorririk. Ugariak dira, edozelan be, eredu honetako aditz konposatuak ‘hots, zarata’ esparruan: arrantza egin (astoak), irrintzi egin (zaldiak), ahausi egin (txakurrak), morrosa egin edo orroa egin (ganaduak), urruma egin (pertsoneak zein piztiak), gizakionak diran hainbategaz batera: haserre egin erakoak.

Badira, bestetik, aditz tipologia bikotx hori beste era batera eregiten dabenak: aldarri egin entzuten da sarri Bermeo eta beste itsasertzeko herrietan, ‘hots egin, deadar egin’ edo ‘zarata egin, agiraka egin’ esangurakaz, eta bestetik aldarrikatu zabaldu eta nagusitu da XX. mendean, aldarrika aditzondoaren gainean. Deika, deadarka edo hoska aditzondoekin garatu ez dana gertatu da aldarrika aditzondoaz, aldarrikatu izatera itxuraldatzea. Zotz egin konposatuaren alboan be zozkatu garatu da, zozka aditzondoa ointzat harturik. Mosu egin lokuzinoaren aldamenean mosukatu garatu da; beharbada, norbait mosuka jatearen irudia egongo zan bitartean. Miazka egin multzoaren gainean eregia da miazkatu aditza be.

Egia esan, aditzondoen gainean eregitako aditz multzoak be asko dira; -ka atzizkiaren gainean, urrunago joan barik, agiraka egin, atzaparka egin, erpeka egin, haginka egin, harika egin, hazka egin, horzka egin, atximurka egin eta beste hainbatxu.

Beste aditzondo edo adizlagun tipo batzuk be ezagunak ditugu aditz lokuzinoak sortzeko. Gainez egin edo gainezka egin (urak, esaterako), behera edo gora egin (zerbaiten prezioak), eredu bi aitatzearren.

Errepika-egituren gainean eregiriko aditz multzoen aitamentxua, amaitzeko. Koloreakaz sarri entzuten ditugu: gorri-gorri egin da (gorritu egin da), zuri-zuri egin edo parau, baltz-baltz egin edo jarri. Izen edo adjektibo errepikatuaz eregitako aditz multzoak, uste baino ugariagoak dira, eta eurotariko gehienak errepika egituraz baino ez darabilguz. “Txiki-txiki egingo zaitut!” mehatxua nork ez dau entzun? “Fin-fin egin ezkero, bizitzarik erdia konponduta dago”. “Euritan ibilita busti-busti egin da”, edo “Lupetzartean basa-basa egin da”.

Udea ondo eta gozatsu igaro daizuela, irakurleak. Inguruan ditudan apunte-papertxu guztiak tximur-tximur egin eta paper-zarandora bota behar ditut behingoan, eta noan neu be asaskaldi bat hartzera.

 

Iturriko

2016-07-28

 

Esatekoak 0
Ikusita: 480
2016.07.22

-TU atzizki aditz sortzailea: moroTU zein morenoTU

Euskeran aspaldi-aspaldi sartu zan, aditz kategoriako hitzak sortzeko -tu atzizkiaz baliatzeko jokabidea, eta gure hizkuntzak bide hori hartu ebanik gora, gainerako aditz-atzizki zaharrak indargeturik geratu ziran aditz-eratorkuntzarako. Indarbarritzeko era barik geratu dira taiu edo morfologia zaharreko aditz-atzizkiok, corpus mugatu eta labur samarrera murrizturik: -i eta –n atzizkiak, berariaz: haz-I, irabaz-I, egos-I tipokoak batetik eta iza-N, eda-N, esa-N tipokoak bestetik. Badira -o amaierako batzuk be, sarri –n atzizkiaz alternantzian: igo/igan, igaro/iragan, eho (hil), eta osterantzeko beste tipologia bateko banakak be.

Aditz-atzizki zahar horrek, -i atzizkiak, bere eratorkuntza indarra galdu ahala, beste hitz kategoria baten aurkitu dau babesa, batez be adjektiboetan. Adjektibo asko ditugu euskeraz, jatorriz eta lehenago aditz izanak: zoli, agiri, aterri edo bizi lekuko. Eta horreetariko askok, aditz izatea berreskuratzeko, -tu atzizkia hartu dabe –i horren gainera. Hainbat aditz ditugu, batez be euskeraren sartaldean, -itu amaiera dabenak: hutsitu, putzitu, satsitu, hatsitu, baltzitu, hotzitu, motzitu, gazitu, latzitu eta hainbat gehiago.

Beste aditz batzuk morfologia bikotxaz iraun dabe, leku batzuetan batera, beste leku batzuetan bestera. Sartaldean ahaztu (lehenago ahanztu) esaten dana, ekialdean ahantzi da, eta Lazarraga arabarrak antzitu (ahantzitu) idazten eban XVI. mendean. Sartaldean estaldu, bereiztu dana estali, bereizi da ekialdean. Lapurretan egin esateko ostu (onstu lehen) dana sartaldean, ohoini zan ekialdean, edo aberastu darabilguna ia guztiok aberatsi zan ekialdean, Oihenartek dakarrenez.

Esangura banangoak daukiez forma batak eta besteak lekuen arabera. Egosi ‘cocer’ eta egostu ‘escocer’. Zauri bat zoldu egiten da eta pertsonak zein landarak zolitu egiten dira.

Bizi adjektiboaren (behinolako aditzaren) gainean biztu eta bizitu garatu dira, zein esangura banatakoak.

Berba baten, -tu atzizkia geratu da aditz sorkuntzarako atzizkietan jaun eta jaube. Edozein hiztegik jaso leikezan guztiak baino hainbat gehiago ditugu hiztunen ezpanetan, nahinon dala be, eta hiztunen ezpanetan erabiliak diran guztiak hiztegi-corpusean baturik balegoz be, hiztunok aditz eratorri barriak sortzeko ahalmena daukagun aldetik, hainbat eta hainbat barri sortuko gendukez beharrizanen arabera.

Halan, goiz hitza ointzat harturik, goiztu sortu dabe hiztunek, zeozertarako hitzordua goizago ipintea adierazoteko, kasurako: Beharra goiztu deuskue; lehen zortziretan sartzen ginan eta orain zazpiretan, ostera. Eta ilun hartzen badogu, ilundu sortzen dogu, bagil akabuan beranduago iluntzen dauela esateko, eta bardin gautu, gau izenetik.

Izen kategoriak aditz bihurtzen ditugunean, izena zenbat eta kualidade-adirazleago izan, hainbat eta erraztasun gehiago. Giza kualidade ezezkorrak adierazoteko be sarri joten dogu abere edo piztia izenetara: norbait zapoa dala esatetik, zapotu egin dala esatera jo geinke, edo satorra dala esatetik satortu, edo azeria edo lukia dala esatetik azeritu edo lukitu egin dala. Hainbat ezagunagoak dira gure artean, astotu, txakurtu edo txarritu aditzak. Kualidade bat prozesu bihurtzeko bide laburra: adjektiboa aditz bihurtzea, -tu atzizkia tarteko.

Atzizki honen bizitasuna eta indarra ondo garbi erakusten dau mailegu-berbakaz daukan eta aspaldirik euki dauen erabilera malgu aberatsak. Suabe adjektibotik suabetu: edadeagaz suabetu leike batek bere izaerea. Moreno adjketibotik morenotu, eguzkitan egonda, esaterako. Eta emakumea izan ezkero, morenatu be bardin. Mantso berbatik mantsotu, edo brabo berbatik brabotu. Turko berbea, adjektibo modura, balio gaitzesgarriaz erabili izan dogu. Norbaitegatik esatea turko hutsa dala, malmutza edo antzekoa dalakoa esateko. Eta halantxe esan ginei norbaitegaitik, turkotu egin dala denpora batetik hona.

Adjektiboak –tu atzizkiaz adizteko joerea da indartsuena. Gehienetan esangurea zaindurik: eder > edertu, gaizto > gaiztotu, ugari > ugaritu, baina beste askotan aditz eratorriak esangura propioak garatzen ditu: txikia izatetik egurrak txikitzera aldea dago, edo mutiko bat okerra izatetik gauzak okertu egitera, bardin.

Adjektibo gaitzesgarrien aditzerako joera be igarria da: tontoa tontotu edo tontoagotu edo tontoegitu egin daiteke. Tentela, tenteldu. Kokoloa, kokolotu. Memeloa, memelotu. Papaoa, papaotu edo papamoskea, papamoskatu.

Izenetara bihurtuz, patata azaletik gai bat bere konplexutasunean azaltzera esangurak guztiz urrunduta dagoz. Edo beharra egitetik norbait zerbait egitera behartzera, beste hainbeste. Harria edo zura materia edo materialen adierazpenetik norbait zerbaitegaitik harritu edo zurtu egitera be alde handia dago. Bizidun baten narrua zer dan jakitetik, bizidun hori narrutzera, hari narrua kentzera be diferentzia agiria dago.

Zenbatzaileakaz be eratorkuntza irregularrak agiri dira: asko zenbatzailetik, aditz sortze zuzena askotu izan arren, gehitu da ohikoena, baina, ostera, gitxi zenbatzailearena gitxitu da, nahikoa-rena nahikotu edo zenbat-ena zenbatu.

Deklinabide atzizkiz markaturiko izen-adjektiboen gainean be erraz sortzen ditugu aditzak, batez be -ko leku-genitiboaren, -z instrumentalaren edo –ra adlatiboaren gainean. Ezagunak dira edonorentzat etxekotu edo bertakotu aditzak, baina berez-berez eta arazo barik erabili geinkez hangotu edo hemengotu, edo herrikotu, auzokotu zein kalekotu, edo burura jatorkun besteren bat, hiztegietan erregistrorik euki eza gorabehera. Adlatibo-atzizkidunakaz beste hainbeste jazo ohi jaku. Ezagunak dira guztiz etxeratu, bideratu, hurreratu edo alboratu, baina ardura barik erabili geinkez uriratu, bilboratu zein mendiratu.

Aitatzea merezi daben beste batzuk –ka atzizkidun aditzondoetatik eratorriak dira. Gaztainak altzikatu, kalea zeharkatu, pertsona bat zirikatu, irabaziak biderkatu edo usoak tirokatu, esaterako.

Eta jardunari atzena emoteko, dakardan amore berba zaharra gogora. Gure aurretikoek amore berbea erabilten eben, maitemina adierazoteko zein maitemindua izendatzeko. Eta gaur egun, dana maitemina eta maitemintzea dan egunotan, zergaitik ez haizeratu kaxa zaharren gordairutik amoretu aditza, ekialdeko hizkeretan erabili izan dan amoratu aditzaren kidea?

 

Iturriko

2016-07-22

Esatekoak 0
Ikusita: 377
2016.07.15

IZANGO EZ DA BA! Ezezka baietza indartzeko jita

Edozein hizkuntzatan, eta gurean be bai, adierazo gura dogun zerbait baiezteko modu bat izaten da kontrakoa ukatzea.

Gaztelaniaz nork ez ditu entzun honetarikoak: No es para menos; no está mal; ¡no me digas! ¿no será verdad? edo horren idekoak. Baina euskaldun garbia dan jente zehea erderaz berbaz dabilenean, hondino sarriago entzun dira eredu horretarikoak, jatorrizko erdaldun batek nekez esango leukezanak: ¿No sabes o que? :::

Eta gramatikaz edo hizkuntza estiloaz arduratzen direnak sarri gogorarazoten dabe euskal hiztunok berezko jita lez daukagula ezezkako egitura batez baliatzea kontrako informazinoa aupatzeko, hanpatzeko edo indartzeko.

Estilo kontua da gehiago, gramatika kontua baino. Berbazko kontua, idatzizkoa baino gehiago. Estilo biziari lotua dago gehiago, hizkera edo idazkera neutroari baino.

 

Aditz jokatu bat osagai bikoa danean, perifrastikoa deritxona, ezeztapena adierazoteko osagaien ordena atzekoz aurrera egiten dogu: etorri da > ez da etorri, joango gara > ez gara joango. Baina hiztunok, sartaldekook berariaz, ordena zaharrari eusten deutsagu batzuetan, berebiziko esangureaz, eta hain zuzen aditzaren ekintzak gertakizuna, geroa, markatzen dauenean: joango ez gara. Zein kontestutan hori? Harridurazko perpausan, balio esklamatiboaz, eta hain justu, ezeztapenaren mozorropean, baiezkoa indartu edo azpimarratu nahi dogunean: jakina baietz, bai horixe, halan da.

‑Bazatoz? –Joango ez naz ba! –Ez dakizu ala? –Jakingo ez dot ba! –Dinozuna ez da egia. ‑Izango ez da egia ba! –Hondino bizi da ala? Hil zalako entzutea euki dot nik. –Biziko ez da ba? Geure auzoa da eta!

 

Itaun erretorikoak ezezka egiten ditugu batzuetan, baiezkoa adierazoteko. “Ez dauela irabaziko dinozu? Ez gero? Nik baietz egingo neuke.” “Jakin ez horrek? Bai, zera! Jakin barik!

Gure tradizino klasikoan be, batez be oratoria generoan, gure idazle eta sermoilariek sarritan jo izan dabe itaun erretorikoetara, Zelan, zergaitik, nork… galdetzailearen ondorik aditza ezezka datorrela, eta sarritan ordena neutroaz: Zelan egongo ez gara nerbioak hartuta, goizaldeko orduetan alabea etxera hondino agertu barik? Mogelen adibide bategaz argitzeko: “Txakurrari dagoka zaunka egitea eta etxe hur ta inguruan ibiltea. Ogi puska bategaiti zelango oniritxi eta askogurea artuten ez deutsa bere ugazabari?”

 

Itaun garbiak be ez markaz egiten dira batzuetan, harrituarena egiteko berariaz, bai diralakoa indartzeko. Batek badinotso hurko lagunari ez dakit zenbat miloi irabazi dituala loterian, beste horrek, pozez edo harriturik erantzun leio: Ez da izango? Egia ez da izango? edo antzeko urtenaldiren bategaz.

 

Izan be, zer edo ha baiezteko, kontrakoa ukatzea da gure hizkuntzan, edo hobeto esanda, hiztunen artean, sarri dagoan estilo joera adierazkorra.

Adjektiboen kategorian ezaguna da makal berbea. Kasu honetan ez, norbait makal edo makalik dagoala esateko. Horrezaz aparte, hainbat lekutan makal adjektiboa, norbait balio handikoa edo zerbait meritu handikoa dala adierazoteko erabilten da ezezka: “Azken azterketa guztiak gaindu baditu, ez da makala mutilori!”. Edo Gernikaldean entzuten dan modura: “Ez daukazu makala, gure kontura biziteko ustea badaukazu”.

Adjektiboei ildoei jarraiturik, ardao bat ona edo gozoa dala esateko erabili geinke modu hau: “Taberna horretan atera badeutsue, ez da txarra izango. Horreek adituak dira ardao kontuan”. Norbait zuhurra eta argia dala esateko be: “Tontoa ez da. Beretzako beste badaki”.

Aditzondo edo adberbioakaz beste horrenbeste. Norbaiti, darabilen arrazoibidean zuzen dagoala honetara esan gineio: “Txarto ez zabilz” edo “Oker ez zabilz”. Etxean arazo handiak emoten dituan senide bategaitik, urrun batera, Ameriketara edo, joan dalako poza honetara erakutsi ginei: “Bertan gelditzen bada, asko txarrago ez! Mesedea galanta guretzat!”, gaztelaniaz “mucho mejor” esan leiteken antzera.

Asko eta gitxi zenbatzaileakaz be sarri ez markaz lagundurik jokatzen dogu, justu kontrakoa hanpatzeko. “Everest puntaraino igo badau, ez da gitxi!”. “Seme-alabai lagundu gura ezik badabil, asko ez deutse ardura!”.

Eta beste hainbat egituratan be antzera: “Lotan ez dago behintzat”, norbait zuhur eta adi dagoala esateko. “Berak dinoana egingo dogula pentsetan badau, akordu txarra ez dauka!”, amesetan edo dabilela adierazoteko.

 

Barik postposizino adberbialaz be sarri balietan gara. Norbaiti zerbait komunikatu izan jakola honetara ziurtetan dabe hiztun zahar batzuek: “Hor konpon! Esan barik ez dagoz eta egin daiela gura dabena!”, adierazoteko argi eta garbi esan izan jakela dalako mezu hori.

 

Balentin Berrio-Otxoa donearen eguna igaro barri dan honetan –garagarrilaren 4an, hatan be– haren euskerazko gutunak gogoan eta ziotzat harturik, haren pasarte bigaz on egin daigun gure herri euskeraren bitxitasunaren eta bizitasunaren ezaugarri garden dan ezezkako baieztapena adierazoteko egitura hau:

“Da zer egin biar eztogu bada zerua irabaztiagaitik?” dino gutun batean.

“Mariya Birjiñiaren arpegi ederra zeruan ikustiagaitik, zer pena eta zer trabaju pozik eramango eztitugu?” dino bestean.

 

Iturriko

2016-07-15

Esatekoak 0
Ikusita: 372
2016.07.07

HemEN, etxeAN

Non, noiz edo zertan izen bategaz adierazoten dogunean -an atzizkiaz markatzen dogu izenori: mendiAN, bagileAN, ekineAN. Bardin adjektiboak, zein beste kategoria batzuk: ederreAN, zabaleAN, gorriAN, gureAN.

Baina badira kategoria jakin batzuk -(e)n inesibo soilaz darabilguzanak, bokalez amaituriko hitzekin -e- bokala tartean dala. Marka horri, -a- tarte bokala ez daukanari, inesibo zaharra deritxagu gramatikan; edo arkaikoa deritxoe beste batzuk. EguN da Santi Mamiña kopla ezagunean, “gaur” esangurako adberbio horretan, azken -n hori inesibo zaharraren aztarrena da.

Denpora eremutik urten barik, ezaguna eta zabal dabilena dogu aurteN adberbioa, “urte honetan” esanguraduna.

Leku-izen eremuko aditzondoen artean –antxinago adizlagun ziranen artean– ezaguna da urruN, “urruti”. Errefrau zaharrak dinoanez: “Urrungo intsaurra burua laso” (RS 344). Leku-eremuko aditzondoen artean, garden eta hurragokoak ditugu: hemeN eta haN aditzondo arruntak.

Leku-izen berezietan be -(e)N hori dogu arauzkoa euskal gramatikan, eta ez izen arruntetako –an dalakoa. Halan esan daroagu: BilboN, MadrileN zein ErrigoitiN.

 

Aditz-izenak erdal gerundioren kidekoa dan aspektu bururagabea adierazoten dauenean be -te-N dogu marka nagusia: jateN, edateN. Aditz-jokoan darabilgun berbera: ikusteN zaitut. Aditz-izenekin ezaguna dogu -an inesiboko atzizki orokorra be, baina bestelako balio bategaz darabilgu: HilteAN hil nintzan eta ahaztu nintzan, errefrau zaharrak dakarren horretan, hiltean “hil orduan, hil nintzanean” esangurako adizlaguna dogu.

Aspektu bururagabeko aditz-izenotan dogun -te-n horrek esangura aldetik be berebiziko garrantzia dauka, ze esangura esparru jakin bat estaltzen dau berariaz: zertan, zer egiten esparrua, hatan be, osteragoko adibide batzuetan ikusiko dogunez.

 

Bat zenbatzailea dogu, sartaldeko euskeran behinik behin, atzizki horren erabilgune zabalduenetariko bat: bateN esan doa gure artean, erdialdetik ekialderantz bateAN esan ohi danerako: herri bateN, egun bateN, ondo bateN, ederto bateN. Baina gainerako zenbatzaile mugagabeekin ez da egokitzen: biTAN, birriTAN, hiruTAN, bosteTAN… baina bateN (iparraldean bada bateTAN aldaerea be). Gure herri-ipuinak be sarri honetaraxe kontetan hasi izan dira: Behin baten izan zan…, noizko ez nongo zehaztasunik emoten ez dala.

 

Bizkaieran badau -(e)n inesibo atzizki honek izen arrunt batzuekazko erabilera be, berari-berariaz ekintza edo jarduera esangurako izen jakin batzukaz; jardunbide zahar, ekanduzko edo tradizionalak adierazotekoak diranakaz, hatan be. Hareetarikoa dogu atxurreN, erdi-ekialderantz aitzurreAN, gazt. “cavando”. Arratia aldean bizi-bizi darabile hondino beharreN, gehienok beharreAN edo laneAN dinogunaren lekuan. LapurreN egin be Arratia aldean entzuten da, beste askok lapurreTAN esango leukienaren lekuan. Behinola hortiko bati kontetan entzun geuntsana jatort gogora, ez dakit nongo urlia bategaitik edo urlia familiagaitik: Aitak lapurren irakatsi eutsen, semeek lapurren egin eben, eta honeen seme-alabak hareek lapurren irabazitakotik bizi ziran.

Lanbide edo jarduera kontuan, eta batez be tradizinoko girokoetan agiri dala esan dogu. Nekazaritzan ezagunak dira batzuk: itaurreN, berbarako. Itaurren etxeko mutikoak edo morroiak egiten eban lehenago, idi-buztarriagaz edo behi-buztarriagaz eta goldeagaz –edo makinegaz– soloa goldatzen –makinatuten– zanean, atzetik akulu-ganagaz etxeko gizona –edo alagorekoa– joiala ganadua arteztuten. Idi-buztarriaren aurrean azatzean joian laguntzailea –edo mutikotxoa– erakusten dau bide zuzena, lur-zotalak artez-artez egin daitezan.

Ereitea be saileN, edo saileN-saileN egin behar izaten zan, lerroan edo ilaran, edozelan barik.

Zein lanabes darabilgun lanerako, hainbat jarduera izentetan dira. JorraN edo artajorraN esaten danean, jorraia dogu lanabesa. AtxurreN dinogunean, atxurra. NabaseN egin esaten danean, nabasagaz (golde edo are mota bat) lurra goldatu edo areatzea. Frai Bartolomeren lumaz: “Domeketan ta jaiegunetan dantzan egitea pekatu andiagoa dala, soloan nabasen edo etxean goruetan egitea baino”

Zaldia lauoinka, lauhazka edo lauketan doala esateko, lauoineN entzuten da Urdaibai aldean.

Ardi-zaineN, ardiak jagoten esateko, Markinaldean ezaguna da. Mito-ipuin zahar baten hasierea: «Behin gizon erbesteko batek Zekendioko menditik joiala aurkitu eban Alarabea ardi-zainen».

Gure euskera zaharrean be badira honetariko era bitxi batzuk. Jarduera eremuan: orbiden, ibilten, oinez ibilten adierazoteko: “Behor zaharrari orbideN, neke da irakasten”. Denpora eremuan, zahartza gatxeN, zahartza txarrean: “Txoria, gaztetegian ez badagik habia, zahartza gatxen heldu dok hire bizia”. Esangura garbia: zahartzaro txarrera ailegau dok hire bizia.

 

Iparraldeko tradizinoa be aberatsa da -n zahar horren eraikuntzetan. Halan erabili izan dira: ihiziN (ehizan), irauldeN (lurra iraultzen, goldaketan), garraioN (garraioan), haintzurreN (aitzurrean), Lafittek bere gramatikan dakarzan adibide batzuk baino ez aitatzearren.

 

Aldendu eta ostendu aditzen lehen oinak be inesibo zahardunak ditugu: aldeN (aldean) eta osteN (ostean).

 

Peñafloridak konteak El borracho burlado antzerkian ardaoari edo mama goxoari eskeinitako kopla bategaz akabua emon deiogun inesibo zahar honi, inor gogaitu baino lehen:

“Jarro honetan hi ekustean,

poz hartzen det bihotzean.

Hemen begiraturik,

banaukak txoraturik.

Zer egingo ez dek barrunen?

Sar hakit bada, arren, lehen bait lehen”.

 

Iturriko

2016-07-07

Esatekoak 0
Ikusita: 365